Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Ugunako ur-jauzia

'[1]

Ugunako ur-jauzia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Saldropoko hezegunea, Ugunako ur-jauzia
Distantzia 3 km. Ordu 1 eta 30 mn.
Ingurunea Uguna errekak, amildu aurretik, Saldropoko hezeguneari gortea galanki egiten dio. Zoko ezkutu horretan, gozamenerako ikuskizunaren lekuko izango gara.
Abiapuntua Barazar mendatea (Zeanuri)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Gorbeiako natur parkean zohikaztegi ugari daude, hots, sakonera txikiko ur geldi lohitsuak. Natur parkeko bazterrak ezagutzera abiatzea bezalakorik ez da huraxe egiaztatzeko. Zer esanik ez, txangoa azkenaldion gertatutako euri jasen ostean egiten bada. Zeru grisa nagusitu eta euri emari etengabea gertatzen denean, Saldropoko hezegunearen inguruko zirkuitua osa dezakegu. Zorionez, bertako zohikaztegia astiro-astiro ari da lehengoratzen; izan ere, lur bustiak denbora luzez ustiatu eta gero, Saldropokoak onena eman zuen, lur emankorrak agortzeraino.

Itxura guztien kontra, inguru bustien garrantziaz oharturik, berezko paisaia berreskuratzeko plan bat egituratu zen XX. mendearen azken hamarkadan. Harrezkeroztik, ur geldiak ari dira euren betekizunari eusten; astiro-astiro, presarik gabe. Izan ere, gizakiok eragindako hondamendiak maskaratzeko denbora bestela neurtzen du gure natura jakintsuak.

Beste ezusteko bat jasoko dugu Unguna errekari jarraituz gero. Hezegunetik minutu batzuetara, erreka xumea jauzika eta boteka ikusiko dugu. Errekak tupustean amiltzen du bere zama arina, eta ur-jauzi galanta sortzen du. Ikuskizuna, aparta; poza, neurrigabea.

Saldropoko aparkalekua

aldatu

Barazar mendatera (Zeanuri, Bizkaia) joango gara ibilbideari hasiera emateko. Gasolindegiaren parez pare, Saldropoko hezegunerako bidea hartuko dugu, Bengoetxea tabernaren ondotik. Gogoaren arabera, autoz zein oinez abia gaitezke. Hasieran asfaltoa ikusi arren, porlan bidea gogaide izango dugu aparkalekuraino. Edonola ere, erne ibiliko gara bidegurutzeetan noranzko zuzena jarraitzeko. Saldropora doazen seinaleak ugari baitira, erraz zaigu, zidor horietako bati —GR 12 zidorra, GR 282 Artzaintza naturbidea edota parkeko zidorrak— helduz, atsedenlekuak eta informazio guneak dituen paradisu magikora iristea.

Gorbeiako zohikaztegia argibide taulen atzealdeko eremuan dago. Anfibioen, narrastien, anatidoen eta hamaika espezieren topaleku bilakatu da lehengoratzeko lanak bukatu zirenetik. Balio ekologikoa eta biodibertsitatea bermatze aldera, urkiak, haltzak eta, besteak beste, elorriak landatu zituzten ur lamina finaren inguruan.

Ibilbidea ezkerraldetik abiarazten den basabidetik hasiko dugu. Zingiraren nondik norakoa hobeto ulertzeko xedez, argibide gune bat ikusiko dugu, abian jarri eta berehala. Aurreragoko bidebanatzean, eskuinera jo, eta Lawson altzifreak eta pinuak hazten diren lekura joko dugu, zuzen-zuzen.

Bide nagusiari men eginez, samur-samur basoaren babesean jarraituko dugu. Bidebanatzean Errekarteko karobia ikusgai izango dugu. Bisita egin eta gero, eskuinera jo eta, hezeguneko bira ixteko asmoz, gure pausoak aparkalekurantz bideratuko ditugu. Eskuinaldeko zelaian eraikin berezi bat dago: Saldropoko zohikaztegiaren inguruko informazio gune nagusia da. Bisita, beraz, ezinbestekoa.

Ugunako ur-jauzia

aldatu

Aparkalekura iristeko metro batzuk falta direla, ezkerrera jo, eta PR-BI 4 zidorrari jarraituko diogu, Zeanurira. Hartxintxarrezko bidea da, eta altzifreen artean emango ditugu lehen pausoak. Gorbeiako gaina, Aldamineko harresia eta Lekandako hormatzarrak bistan izango ditugu pistan aurrera egiten dugun bitartean. Altzifreak atzean utzi bezain pronto, pistaren alde bietan pinuek eta izeiek hartuko dute tokia. Lepo batera iritsiko gara berehala, pista nagusiak eskuinerako bihurgunea egiten duen unean, hain justu ere. Tenorea da orduan pistatik irteteko, baita ezkerraldetik doan belarrezko zidorretik jarraitzeko ere. Goratasuna galtzen hasiko gara leun-leun. Holaxe, ehunka metro egin ondoren eta bideak behera egiteari eutsita, harlauza moduko batzuk ikusiko ditugu bidearen erdian —harri labainkorrak, bustita egonez gero—.

Ohartu gabe, pagadiarekin bat egingo dugu. Uraren harrabotsa nabarmenduko dugu dagoeneko. Pistak ezkerrera egiten duen momentuan, ordea, zuzen doan bidexkari jarraituko diogu. Xenda utzi gabe, errekaren ondora jaitsiko gara. Ikuskizunaren edertasunak aho bete hortz utziko gaitu. Benetan! Itzulera, bide beretik.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua