Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urdallueko harana
Artikutza inguratzen duten mendien magaletan dauden baso trinko eta sakonetan ezkutatzen dira iraganaren lekuko isilak -Goizuetan dago Artikutza (Nafarroa), baina Donostiako Udalarena da-. Haran estuen bihotzean murgiltzen bagara, egun naturaren altzoan lokarturik dauden historiaren pasarteak irakurri ahal izango ditugu, eta errekastoen urek zizelatu dituzten paraje hauek ezagutuz gero, ohartuko gara mendeetan izan duten garrantzia. Garai bateko jardueren aztarnak aurkituko ditugu bazter guztietan, baita misterioz betetako inguruak ere. Bertako baliabide naturalen ustiapen ugarien eta bizimoduen lekuko izan diren lur hauetan iraganak loak hartu du.[1]
Urdallueko harana | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Artikutza, Pista, Udallue, Lapurzulo |
Distantzia | 6,5 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Artikutza inguratzen duten baso trinkoetan zehar ibilbidea, Enobietako urtegia eta Urdallueko burdinola. |
Abiapuntua | Artikutza (Goizueta) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuArtikutza
Frontoiaren ondotik doan bidea hartu, eta ezkerretik ateratzen den pistatik, Enobietako urtegirako norabidea hartu dugu. Aurrera jarraitu eta bihurgune nabarmen batera heltzean, langa igaro eta eskuinera jo dugu, errekaren ondoan dagoen zubitxora iristeko. Hura pasa eta ezkerrera hartu behar da, eta errekaren ondotik metro batzuk bete. Bide zaharra Otarango pagadian murgiltzen da, sigi-sagan, goraka.
Otaran
Artikutzan, hainbat ekosistema aurki daitezke, baina pagadiak dira urtegiaren inguruko lurrak estaltzen dituzten komunitate handienak. Haien azpian eta haien estaldura dentsoa izaki, lurra biluzik dagoela esan daiteke. Orbela eta goroldioa dira han ugari eta nabarmenenak. Zenbait onddo ere aurki daitezke ingurune hauetan. Baina, agian, beren tamainagatik eta hazteko lekuarengatik (pago enborretan), ardagaiak suertatzen dira ikusgarrienak, enbor zaharren apaingarri gisa. Baina pagadiek mundu oso bat ezkutatzen dute, ekosistema honen oreka mantentzen duten biztanleak ugariak izanik.
Enbor luzeko pago gazte askok osaturiko pagadi ikusgarri bezain eder honetan murgildurik, orbelak lurra erabat estaltzen du eta tarteka bidea ikusgaitza da. Pagaditik ateratzean, Goizarindik Beltzuntzera doan pista batekin egin dugu topo. Metro batzuk aurrerago, berriz, ezkerrera hartu eta Urdallueko pagadian barneratzen den beste xenda bati jarraitu diogu. Pago enborrean marka gorria.
Urdallue
Pagadia zeharkatzen duen bidezidorrari segituz, laster sakanaren hondora iritsi gara. Enborrez eratutako zubitxo bat zeharkatu dugu beste aldera pasatzeko. Urdallueko burdinolarekin eta baserri multzo zaharraren aztarnekin aurrez aurre egin dugu topo. Denboraren poderioz, natura pixkanaka eraikin hauek guztiak estaliz joan da eta egun zail samarra gertatzen da eraikin horien egitura osoa nabarmentzea.
Artikutzan lau dira ezagutzen diren burdinola hidraulikoak: Urdallue, Elama, Goizarin eta Artikutzako parajeetan kokatutakoa. Burdinola hidrauliko baten egituran hiru zati dira bereizgarrienak: uharka, arragoa (mineralen kiskaltze labea) eta lantegia. Azken honek oso egitura konplexua zuen; albo batean gurpil hidraulikoak egoten ziren, ardatzak mugiarazteko, eta gurpil horiek gabia eta hauspoa martxan jartzen zituzten. Haiekin batera, besteak beste, langileen bizitokiak, kiskalitako mineral eta egur-ikatzarentzako biltegiak eta Olaetxea edo burdinolaren arrendatariaren bizilekua eraikitzen zituzten.
Industria metalurgikoarekin guztiz loturik zegoen ikazkintza izan da paisaia eraldatu duten beste jardueretako bat, eta horren lekuko, pagadietan dauden txondor-plaza (txondorrak eraikitzeko plataformak) ugariak. Ekonomia guztia egurraren inguruan oinarrituta zegoenez, jarduera industrial horrek eragin nabarmena izan zuen Artikutzako basoetan. Gaur egun, paraje hauek isiltasunean murgildurik daude, eta naturak galdutako espazioa berreskuratu du.
Ubidea
Baserri multzoa utzi eta sakanaren ezkerraldeko mendialdetik doan bide zabalari jarraitu diogu. Berehala, Lapurzulo esaten zaion meatzaritza ingurura iritsi gara, eta aurrerago, garai batean Ollagarate errekatik Lizarurdiñetako deposituraino ura eramaten zuen ubide bat aurkitu dugu, honek herritik gertu zegoen zentral bat elikatzen baitzuen. Bidea ubidearen ondotik doa depositura iritsi arte. Segidan Lizarurdiñetatik jaisten den pistari segitu diogu eta, seinale zuri eta horiei jarraituz, urtegia inguratzen duen pistara heldu gara. Handik herrira, urtegiaren hormaren ondotik pasatzen den zidorretik jaitsi gara, egurrezko hesolak erakusten duen norabidean.
Jakingarriak
aldatuNola iritsi
Altzibar eta Karrika Oiartzungo auzoak atzean utzi ondoren, Artikutzara igotzen den errepide luzea (13 km) hartuko dugu (GI 3631). Eskaseko atezaindegira iristean, aparkalekua ikusiko dugu, eta langa igaro eta beste zazpi kilometro beteko ditugu auzora heldu aurretik (autoz sartzeko, baimena behar da).
Baimenak
Oinezkoentzat sarrera librea da, baina autoz sartzeko, baimena eskatu behar da Donostiako udaletxean. Baimena lortzeko informazioa nahi izanez gero, 943-48 10 30 telefonora deitu behar da. Bizikletaz sar daiteke, baina soilik pistak edota errepideak erabili behar dira.