Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Uribe Kostako itsaslabarrak

Abra eta Armintzako itsasaldea altxor geologikoa da zientzialarientzat. Ibiltariontzat ere altxorra da itsasoak eta itsaslabarrak osaturiko paisaia multzo hori.[1]

Uribe Kostako itsaslabarrak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Getxo, Aixerrota, Punta Galea, Gorrondatxa, Barinatxa, Atxabiribil, Meñakotz, Barrika, Muriola, Plentzia
Distantzia 16 km. 4 odu eta 30 mn.
Ingurunea Abra eta Armintzako itsaldea altxor geologikoa da zientzialarientzat. Ibiltariontzat ere altxorra da itsasoak eta itsaslabarrak osaturiko paisaia multzo hori.
Abiapuntua Getxo (Aixerrota)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilaldia

aldatu

Ibilaldia Getxoko Aixerrotan hasiko dugu. Hara heltzeko modurik erosoena Bilboko metroaren Bidezabal geltokitik abiatzea da. Mendebalderantz, Bidezabal kalean ibili behar dugu, Angel etorbidearekin bat egin arte. Hari jarraitu behar zaio metro batzuk, Galear errepidea hartu arte. Bidegorria itsaslabarretik doa, Arrigunaga hondartzaren gainetik alegia; beraz, txoriaren ikuspegiaz gozatu ahal izango dugu hasieratik. Oraingoz, Abra osoa ikus dezakegu; hau da, Bilboko superportua eta Serantes eta Luzuero gailurrak.

Galeako gotorleku zaharraren ondotik pasatuko gara, Galeara iritsi aurretik. Hura XVIII. mendean eraiki zen, kortsarioengandik babesteko. Galeatik bertatik itsaso zabala ikus daiteke, eta abenduko edo urtarrileko itsaso zakarrarekin olatu erraldoien surf txapeketak mirets ditzakegu. Ehunka ikusle biltzen dira hemen berebiziko gertaera hori ikusteko. Bestela ere, olatuen etengabeko zurrumurrua entzun daiteke, eta haien gainean dantzan surflariak ikusi ahal izango ditugu ibilaldi osoan zehar. Jarraitu aurretik, kostaldearen profilari so geldituko gara: malkartsua eta egundokoa da.

Bidea itsaslabarraren ertzetik doanez, Tunelbokako eta Gorrondatxako hondartza zementatuak ikus daitezke. Aurrerago, XX. mendeko bunkerra pasatu ondoren, Barinatxa hondartza ikus dezakegu. La Salvaje ere esaten zaiona; Bizkaiko hondartza nudista handiena da. Bideari jarraituz, Arriatara eta Atxabiribil hondartzen aparkalekura helduko gara. Oraingoan, hondartzara jaits gaitezke, oinetakoak kendu eta ur ertzean ibili oinak freskatuz. Itsaslabarrararen estratoak osorik ikus daitezke, bereziki K/T muga. Hori duela 65 miloi urte Kretazeotik Tertziariora igarotzean sortu zen geruza fina da. Meteorito handi batek Yucatan penintsulan talka egin, eta hainbat bizimoduren suntsipen masiboa ekarri zuen gure planeta honetan. Mundu osoan barreiatua dago, eta Euskal Herrian oso adibide onak daude, bai hemen eta bai Deba eta Zumaia artean.

Ibilbide luzeenetakoa

aldatu

Hondartza zeharkatu ondoren, Sopelmar urbanizazioaren ezkerretik xendra estuago batek Barrikaraino eramango gaitu itsaslabarraren gainetik. Paisaia ederragoa eta lasaiagoa da. Itsalabarraren, kalaren eta barnealdeko herrien ikusmiraz goza daiteke. Meñakotz hondartzaren gainetik pasatzean, badugu hara jaisteko aukera ere. Harrizko hondartzaren mendebaldean, kuxin-laba izeneko formazioak ikus daitezke. Itsas azpian eratzen dira, labak lur azalean zirrikitu bat aurkitzen duenean, eta urarekin kontaktuan azkar hoztean. Aparkalekuaren ondoan, silex metaketak ikus daitezke, Kurtziako aztarnategi arkeologikoa osatzen dutenak. Barrikako hondartzara ere jaits daiteke, eta itsaslabarraren estratuak hurbiletik ikusi.

Aurrera egin aurretik, aparkalekuaren ondoan hainbat jatetxe ditugu, gure sabela bete edota eztarria freskatu nahi badugu, itsaso zabalari begira. Gero, itsaslabarrera berriz hurbildu, eta, bideari jarraikiz, Muriolako hondartzara helduko gara. Leku horrek Gorlizko badiaren sekulako ikusmira eskaintzen du. Bidezidor estu batek Muriolako hondartza nudistako aparkalekuraino eramango gaitu, eta, handik, Elexalde auzorantz joko dugu, etxe berrien ondotik, ezkerreko bidetik. Ondoren, pista bati jarraikiz, Barrikabaso zeharkatu, eta Txipioko padurara iritsiko gara. Azkenik, Butroe errekaren ondotik, Calatravaren zubian bukatuko dugu ibilaldia, errekako txalupatxoen kromatismoari so. Bilboko metroaren geltokia ondoan dugu, ibilbidea hasi dugun lekuraino itzuli ahal izateko.

Erreferentziak

aldatu
  1. Asier Aranzabal Berrian