Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urkate ur-jauzia

Urkate errekastoak ibilbide aparta egiten du Urkilla mendilerroaren hegoaldeko mazelan, eta batzuetan ur-jauzi dotorea sorrarazten du. [1]

Urkate ur-jauzia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Asparrena, Arriola, Arriolate lepoa, Urkate ur-jauzia, Ardatxo etxola
Distantzia 7,5km. 2 ordu.
Ingurunea Urkate errekastoak ibilbide aparta egiten du Urkilla mendilerroaren hegoaldeko mazelan, eta batzuetan ur-jauzi dotorea sorrarazten du.
Abiapuntua Arriola (Asparrena)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Arabako ipar-ekialdeko zoko gordean amiltzen da Urkate izeneko ur-jauzia. Lautadako eskualdean irristatzen da umil eta apal, Asparrena udalerriko Arriola herritik gertu. Urkate, Urkato eta Urkatu toponimoak eman ohi zaizkio arbel haitzezko hegi grisen artean joan ohi den txorrota biziari. Arriolara heldutakoan, ez dugu ezer berezirik sumatuko, Narbaxako eta Gordoako erripez bestaldean harizti trinkoak baino ez baitu garrantzia hartzen. Izan ere, Aizkorri-Aratz natur parkearen atarian dago Arriola herribatzarra, eta hosto zabaleko zuhaiztiak eta paisaia karstikoak dira bisitarien arreta osoa erakartzen duten interesgunerik azpimarragarrienak.

Herritik iparraldera eginez gero, berriz, euri-jasa handiak izaten direnean, erraza da ikusten Urkateko errekastoak modelatutako artelana. Udaberria hurbil dela, basoa ernaltzearekin batera, atsegingarri gertatu ohi da hegaztien kantu alaiak uraren harrabotsarekin uztartuak aditzea.

Urkateko xirripa Malkorra eta Urkitza mendi ezagunen artean jaisten ikusiko dugu garai honetan, jauzika eta boteka hegoalderantz, buztan zuri baten moldean. Ur-emariak malda pikua gainditu behar izaten badu ere goialdean, Urkilla mendilerroaren oinaldeko zuhaiztia otzan-otzan zeharkatzera abiatuko da gero, ezusteko handirik gabe. Urkateko sakonunera iristean, berriz, 60 bat metroko desnibela atzaparkatuko dio mazelari, eta bazterrok magiaz beterik agertuko dira.

Urkateko sakonunea

aldatu

Arriola (Araba) dotorean hasiko dugu ibilbidea. Jasokundeko elizaren inguruan utziko dugu autoa, beheko latsarriaren ondoan. Kalean gora abiatuko gara, herrian barreiaturik dauden artelanez gozatuz. Herritik irteteko zorian gaudela, goiko latsarrira helduko gara. Burdinazko langa zeharkatu, eta ibarrean aurrera egingo dugu. Paseo gozoaren ostean, Arriolateko lepora iritsiko gara. Aratz-Aizkorriko natur parkeaz eta Urkilla-Elgea mendilerro luzeaz gozatzeko balkoi pribilegiatuan izango gara orain. GR-25 zidorraren arrastoek Narbaxa eta Gordoa aldera jotzeko gonbita egingo digute. Tinda gorri-zuriei muzin eginda, ordea, maldan behera jarraituko dugu, Errotarako bideari helduta. Lehen bihurgunea igaro eta metro gutxira, eskuinera joko dugu, eta Isasia errekastoren ondora iritsiko gara. Ur-emari xumea laguntzarik gabe zeharkatuko dugu. Segidan, paseo laburra eginda, Barrundia ibaiaren gaineko zubira iritsiko gara.

Bideak gora egingo du tupustean. Holaxe jarraituko dugu guk ere, aldatsean gora hainbat minutuz. Gorostiak sakabanatzen diren parajera heltzean, ikusiko dugu bidea bitan banatzen dela. Eskuarki, harri pilaketa edo cairn bat izaten da bide nagusiaren ondoan. Ur-jauzira hurbiltzeko, pista nagusia laga, eta ezkerraldetik doan bide harritsuan gora egingo dugu, Urkateko errekastora helduta. Ur-emaria zeharkatuta, ezkerraldera jo, eta etxola bat altxatzen den tokira iritsiko gara. Arriolako ur biltegia ere ikusiko dugu. Hegoaldera metro batzuk eginda, ur-jauziaz gozatzeko tokirik egokienera iritsiko gara.

Arriolara itzuliz

aldatu

Etxolara itzuliko gara behin ikuspegiaz bapo gozatu ostean. Ezkerretik segituko dugu gero, eta, tontorrerantz abiatu gabe, lautada aldera begira jarriko gara, maldan behera abiatzen garen bitartean. Lepo zabal batera iritsiko gara behin aldapa amaituta. Orduan, ezkerrera hartu, eta, segidan, eskuinera egingo dugu Ardatxo etxola muino baten gainean utzirik. Goratasuna galduz jarraituko dugu, mendi bizkarretik aldendu gabe, eta hegoaldera egiteari eutsirik.

Hariztitik irtendakoan, Narroskate baserritik datorren basabidearekin topo egingo dugu. Ezkerrera hartuko dugu; langa metalikoa gurutzatu ostean, Arriolateko lepora igoko gara. Igoeran egindako bide beretik egingo ditugu azken metroak Arriolaraino.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua