Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urkieta eta Museo
Gorriti herritik abiatu, eta ibilaldia egin daiteke Larraun eta Araitz haranak bereizten dituen mendi bizkarrean; gailurretatik Malloetako ikuspegi paregabeaz gozatuko du bisitariak. [1]
Urkieta eta Museo | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Gorriti, Santa Barbara, Artegieta, Pagota, Urkieta, Museo |
Distantzia | 11 km. 3 ordu eta 10 mn. |
Ingurunea | Gorriti herritik abiatu, eta ibilaldia egin daiteke Larraun eta Araitz haranak bereizten dituen mendi bizkarrean; gailurretatik Malloetako ikuspegi paregabeaz gozatuko du bisitariak. |
Abiapuntua | Gorriti |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIbilaldi samur honetan, aukera ederra izango dugu Nafarroako Larraun eta Araitz haranak bereizten dituen mendi gandorrean zehar ibiltzeko. Txango erraza izanik ere, oso mendizale gutxi ibiltzen da paraje hauetan. Urkietako gailurra talaia paregabea da Aralarko Malloetako ikuspegiaz gozatzeko, eta Museokoa, berriz, pagadian galdurik dagoen mendi tontor bitxia da. Biak lotuko ditugu ibilbide zirkularra eginez, eta abiapuntura heldu aurretik, Santa Barbarako baselizara igoko gara, Nafarroako Erresumaren gazteluaren aurrien ondora, hain zuzen ere.
Gorritiko plazan ibilgailua utzi, herria zeharkatu, eta A-15 autobidea gaindituko dugu errepidepeko pasabide batetik. Berehala, bidegurutze batera heltzean, erdikoa aukeratu eta maldan gora abiatuko gara porlanezko bidetik. Denbora gutxi beharko dugu Artegietako Langaren ondora heltzeko. Eskuinerantz zuzentzen den bidea utzi, eta langaren beste aldera pasako gara. PR-NA 306ren seinale zuri eta horiak izango ditugu lagun tarte batez.
Hasieran zelai belartsuetan eta gero basoan barneratzen den bidea oso erosoa da. Basoan sartu aurretik, ezkerrera ateratzen den bide balizatua utzi eta egurrezko seinale batek Urkietako norabidean jarriko gaitu. Lepora heldu orduko, aurrez aurre ikusiko dugun aldapa pikoari ekingo diogu Nafarroako Biraren seinale zurigorri zaharrei segituz —bide hori ez dago homologatuta—. Xenda estuak pagadian murgilduko gaitu, eta ezkerretik Pagotako tontorrera igotzeko azken aldapa utziz —ez du interesik—, horren magaletik marrazten den zidorretik Urkietako azken aldapa laburraren oinera iritsiko gara. Gailurrera heldu aurretik, gandorreko haitz artean emango ditugu hurrengo urratsak, tentu handiz. Merezi du bertan eseri eta aurrez dugun panoramikaz gozatua hartzea, postal ederra osatzen baitu Malloetako zirku ikusgarriaren magal bertikalak Araitz haranean amilduz.
Gorritiko gaztelua
aldatuMartxan jarri, etorritako bidetik azken leporaino jaitsi, eta aurrez aurre izango dugun maldan gora jarriko gara. Metalezko ataka gainditu, pagadian murgildu eta pista belartsutik erraz igoko gara Museoko tontorrera. Bertan hontz baten irudia duen gutunontzi bitxia aurkituko dugu. Xendatik segi eta antzinako GR 9arekin egingo dugu topo (CRP edo Cañada Real de las Provincias). Eskuin aldetik datorren bideari eutsi, eta azkar iritsiko gara Artegietako Langaren ondora.
Ibilaldiari amaiera on bat emateko, Santa Barbarako baselizara igoko gara Artegietako Langaren ondotik ateratzen den zidor ikusgaitz batetik, gero bide nagusiarekin bat eginez. Aldapa labur eta pikoa gainditu eta gero, baselizaren inguruan Gorritiko gazteluaren hondar xume batzuk ikusi ahal izango ditugu. Nafarroako Erresumaren gaztelu hau 824 metroko Santa Barbara mendiaren gailurrean egon zen kokaturik. Izena gotorlekuaren gainean eraikitako baseliza xumeak eman dio. Ekialdetik Gorriti herria bera eta Larraun haran alderako igarobidea menderatzen zen, eta mendebaldetik malkar izugarri batean, Araxes harana.
Gaztelua Beotibarko guduaren lekuko izan zen 1321ean, eta gipuzkoarrek epe labur batez hartu zuten. Diotenez, 1450ean hamar gizonek zaintzen zuten gotorlekua, eta uste da hiru dorre zeuzkala: handia, Sugar Torre izeneko txikiagoa —beharbada Balerdi mendiari begira zegoelako eta bertan, tradizioari jarraiki, Sugar (tximistaren jainkoa) herensuge mitologikoa bizi baitzen—, eta hirugarren dorrea, segur aski sarrerako ataria izanen zen.
Gure historiaren pasarte txiki hori gogora ekarri eta Gorriti aldera jaisten hasiko gara bide nagusitik. Aldaparen erdialdean dagoen Ezurmendiko hilarriari bisita egin, porlanezko pistatik autobidea gainditu, eta azken malda igoko dugu herrira iristeko.