Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urko, mendi enblematikoa
'[1]
Urko, mendi enblematikoa | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Ermua, Elorreta, Urko, Mundio, Asuntza |
Distantzia | 10 km.2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Lea-Artibai eta Ego ibarrak banatzen ditu Kalamua-Urko mendilerroak, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru lurraldeen muga naturala da. Urkoren gailurretik ikusmira ederra dago bi aldeetara. |
Abiapuntua | Ermua |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuUrko mendia (795 m) Kalamua-Urko mendilerroaren gorengo gailurra da, hego-mendebaldeko muturrean, Bizkaiko Ermua eta Gipuzkoako Eibar herrien mugan kokaturik. Lerro zuzeneko gandor ia bertikalak euskarri, Ego ibarreko biztanleentzat mendi enblematikoa da Urko. Horregatik, mendizale askoren ihesbide eta topaleku bihurtzen da astebururo Urko mendia.
Ermuaren hirigune historikoan hasi behar da ibilaldia, oinezkoentzako Zubiaurre kalean, hain zuzen. Orbe Kardinalaren plaza zeharkatu behar da, Goienkalera igotzeko eta ondoren Santa Ana goreneko auzora. Anbulategiaren ondotik pasatu, eta asfaltuzko pistari jarraitu behar zaio malda pikoan gora. Minutu gutxitan, Ermua herria gure azpian geratuko da. Bideak hego mendebalderantz jotzen du hasieran, aldatzari atsedena emanez. Laster bihurgune hertsi batek iparralderantz bideratuko gaitu, baita aldaparen sufrimendura ere. Urko mendia oso garaia ez den arren, gainditu behar diren aldapak ez dira txantxetakoak: desnibela %25-30 da igoeraren gune askotan, eta zenbait gunetan hori ere gainditzen da. Hortaz, igoera luzea ez den arren, lasai hartzekoa da; «bistari bistari» nepaldarrek agintzen duten moduan, altueraren gaitza ekiditeko.
Elorreta
aldatuPistari jarraituz Elorreta baserrira heltzen da, Eibarko Amaña auzotik datorren pistarekin bat egin eta berehala. Igoeraren zati horrek Bizkaia eta Gipuzkoa banatzen dituen gandorrarekin bat egiten du, eta horrexegatik mugaren adierazle gisa mugarriak aurkituko ditugu behin eta berriz. Bizkaiko biraren GR-123arekin ere bat egin du, beraz marka gorri eta zuriek gailurreraino lagun izango ditugu. Elorreta goikoa baserrian asfaltuzko pista bukatzen da eta baso-bidea hasten da. Bitxikeria gisa, atentzioa jar ezazue bidexkaren erdi-erdian kokaturik dagoen mugarrian: horren ezkerretik doazenak Bizkaia zapaltzen ari dira; eskuinetik doazenak, berriz, Gipuzkoako lurraldea.
Sigi-saga baten ondoren, mugarri baten alboan, bide nagusia utzi, eta ezkerraldeko bidexka hartu pinu basoan barrena. Hortik aurrera eta gailurrera bitartean, aldapak %40ko desnibela hartzen du. Orduan bai, erritmoa moteldu beharko dugu, izterretako mina eta arnasestua arintzeko.
Gailurraren pozak aurreko zailtasunak ahantzarazten ditu. Horrelakoak dira gure garunak sartzen dizkigun ziriak. Baina saria ukaezina da. Ikusmira bi isurialdetara hedatzen da: hegoaldera Eibar eta Ermua, herri moltsotuak, eta iparraldera Artibai ibarreko pasaia naturala eta lasaia. Asago, Arno (IIE), Andutz (IE), Erlo (E), Hernio (EHE), Aralar (HE), Aizkorri (HHE), Udalatx (H), Anboto (HHM), Mugara (HM), Oiz (M), Sollube (IM), eta abar.
Mendebaldeko bidea finkatu behar da gora, gailurreriari eta muga-lerroari jarraituz. Zenbait zatitan, iparraldeko mazela horren da bertikala, zeharkaldia zarradagarri bihurtzen du. Laster Urko eta Mundio edo Hirumugarre (723 m) tontorren arteko lepora heltzen da. Bigarren gailur horretan, hitzak adierazten duenez, hiru herrien mugek topo egiten duten tokia finkatzen du, Mallabikoa, Eibarkoa eta Ermukoa. Gailurra saihesten duen saihesbidea ere bada, hegoaldeko isurialdean.
Gailurrerian, beheraka hasi eta gutxira, bidegurutzeko zedarri baten esanari jarraituz, jira egin behar da ezkerrera, aldapa pikoan behera, beste bidegurutze batera heldu arte. Gero, eskuinera okertu behar da Asuntzako txabolen pistara iritsi arte.
Berano
aldatuHortik, Ermura arteko jaitsiera bide erraza da, baserriko pista asfaltatuari jarraitu behar zaio. Mallabiko Berano nekazaritza auzoan barrena pasatu eta Berano errekaraino jaitsi behar da. Ibilaldiaren bukaeran ezusteko galanta hartuko du ibiltariak Berano-Errekalde aisiagunean bainua hartzeko presa ikustean. Baina ez pentsa edonolakoa denik: aldagelak, dutxak, eskailerak... behar bezalako igerileku gisa egokitua dago. Ibilaldiagatik berotasuna freskatzeko eta ondoren ogitartekoa bapo jateko leku aproposa da. Beraz, ez ahaztu bainujantzia motxilan sartzea.
Ibilaldia bukatzeko, errekatxo ezezagun horrek badu oraindik sorpresatxoa ibiltariarentzat Ermuko hirigunean sartu aurretik.