Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urtsua

Errekaren paraleloan zabaltzen den xendan barrena hamaika espezieren presentziaz gozatuko dugu. [1]

Urtsua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Erraza
Lekuak Urtsua, Iramalda lepoa, Harritxuri, Urkoi,
Distantzia 13 km. 3 ordu eta erdi.
Ingurunea Errekaren paraleloan zabaltzen den xendan barrena hamaika espezieren presentziaz gozatuko dugu.
Abiapuntua Urkoi (Hazparne)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea aldatu

Euskal Pirinioetako mendietatik bereizirik, Urtsua mendia guztiz Lapurdikoa den mendia dugu. Kanbotik gertu dago mendi bakartia da, eta herri txiki eta ederrez inguraturik dago: Urkoi, Zelaia, Itxaso, Makea, Luhuso eta Mendiondo. Mendi borobil eta soil horretara igotzeko, abiapuntu desberdinak daude, eta Makea da mendizalerik gehien biltzen dutena. Gaurko ibilaldia, berriz, mendi honek duen igoerarik ederrenetarikotik egingo dugu, eta, horretarako, Hazparneko Urkoi auzora joango gara.

Herriko kanposantuari bizkarra eman, eta aurrez aurre dugun errepidetik joko dugu. Kilometro erdi pasatxo ibili eta gero, eskuinetik ateratzen den lurrezko pista hartuko dugu. Errekaren paraleloan zabaltzen den xenda horretan, hamaika espezieren presentziaz gozatuko dugu. Gaztainondo, haritz, pago, gorostien presentzia makina bat landare eta lore espezierekin osatzen da. Ingurune hezea, bustia, urtsua... agertoki oihantsua. Ur bilketarako egindako lanek zabaldutako bidetik altuera irabazten jarraituko dugu, eta berehala utziko dugu atzean basoa. Bide nabarmenak Iramaldako lepora eramango gaitu.

Gertu ikusiko dugu Urtsuako tontorra, eta, hara igotzeko, aurrez aurrez dugun pista zabaletik igotzen hasiko gara. Kilometro erdi ibili ondoren, eskuinetik ateratzen den xenda hartuko dugu Olhamendi aldera igotzeko. Berriro pistara aterako gara, baina laster utzi eta eskuinetik zabaltzen den belarrezko aldapa pikoari ekingo diogu. Mendiaren tontor zabalera iristean ikuspegi paregabez gozatzeko beta izango dugu. Euskal kostak Landetatik Matxitxakora marrazten duen lerroaz gain, hamaika mendiren silueta ikusi ahal izango dugu: Mondarrain, Artzamendi, Iparla, Adartza, Hauza, Aiako Harria, Larhun... eta horien guztien magaletan, herri txiki eta baserriak, han-hemen barreiaturik. Tontorra ingurune protohistoriko handi batez inguraturik dago, eta horren arrastoak ikus daitezke azken aldapan. Tontorretik hegoaldera gertu dagoen Mokorreteko Gurutxea izeneko muinoan historiaurreko aztarnak daude. Mendiaren ingurua gneiss arrokaz osaturik dago, eta kalkulatzen da orain 545 milioi urte lurrazaleratu zela. Ordura arte, itsasoak betetzen zuen guztia, eta arrainak ziren biztanle bakarrak. Martxel Aizpurua biologoak dionez, gaur egungo zuhaitzen altuera edukiko zuten garo motak omen ziren hemengo magaletan.

Iramaldako lepoa aldatu

Hamaiketakoa egin, eta abiapuntura itzultzeko tenorean, etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta Iramaldako lepora jaitsiko gara. Bidearen tarte bat ez errepikatzeko, itzuli luzeago bat eman genezake, Itxas Adarrera jaitsi, eta eskuinetik ateratzen den bidetik beherantz egin eta gero, berriro pista zabalarekin bat egin arte. Iramaldako lepora jaistean, pistatik metro batzuk aurrera egin, eta bi borden artean ikusiko dugun bidetik abiatuko gara. Harrichuri muinoaren ondotik pasatu, eta larre ederren artean zabaltzen den bide nabarmenetik aurrera egingo dugu. Bi kilometro pasatxo beharko dugu Xistaberri baserrira heltzeko. Hortik herriguneraino izango dugun bidearen zatirik handiena erabat asfaltatuta dago.

Erreferentziak aldatu

  1. Berriatik hartua