Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Uzkuitiko gandorra, Muitzeko haranetik

Arritzagako haran aldera eskegita dagoen mendi gandorra talaia paregabea da Aralarko gailur, larre, magal eta basoen ikuspegiaz gozatzeko. [1]

Uzkuitiko gandorra, Muitzeko haranetik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Ezezaguna
Lekuak Larraitz, Muitze saroia, Etzitegi saroia, Uzkuiti, Egurral lepoa,
Distantzia 13 km. 4 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Arritzagako haran aldera eskegita dagoen mendi gandorra talaia paregabea da Aralarko gailur, larre, magal eta basoen ikuspegiaz gozatzeko.
Abiapuntua Larraitz (Abaltzisketa)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Jaiegunetan jende andana biltzen da Larraizko inguruetan. Gehienek Txindokiko gailurrera iritsi nahi dute, eta gutxi batzuk Aralarko erraietan murgiltzen dira, Alotzako larreetan barrena. Bi gauzak egiteko, baina, bide bera erabiltzen dute normalean, eta horrek sekulako jende ilarak sortzen ditu. Guk ezezagun samarra den Uzkuiti mendia aukeratu dugu: Muitzeko haran eder eta basatitik igoko gara, eta, jaitsi ere, bide beretik.

Muitze

aldatu

Oso goiz, egunsentiaren lehen argia profitatuz jarri gara martxan; aparkalekua hutsik dago oraindik. Haren amaieran dagoen metalezko langa pasatu bezain fite, alanbrezko hesi bat gainditu, eta Urtzabalgo zelaietatik igo gara goiko pistara. Bide zuzena hartu dugu, baina, lasaiago egin nahi duenak, langa pasatu, eta hartxintxarrezko pista zabalari jarraitu behar dio; uraska baten ondotik pasatu, eta egurrez egindako bidezidor baten hasiera ikusiko du; han, egurrezko hesola bat dago ——Txindoki jartzen du ——, eta bide horretan abiatu beharko du. Txindokira igotzeko ohiko bidea da, baina laster hori utzi eta ezkerrera ateratzen den bide zabal eta lauari heldu behar zaio antenaren txabolara heldu arte. Puntu honetan igoerako bidea bakarra da.

Muitzetik gorantz doan bideak xarma berezia dauka, Txindokiko alderik basatiena baita: izen bera duen errekak zizelkatu duen haran eder eta paregabea da. Aldapa oso pikoa da, eta horrek erritmoa moteldu eta egokitzera behartu gaitu. Inguru bakartia da; mendizale gutxi ikusten da hemen; nonbait, bidearen gogortasunak jendea uxatzen du. Amezketako gazte baten oroimenez jarritako gurutzetxoa aurkitu dugu. Muitzeko ur-jauziaren ondotik pasatu, eta, sigi-saga, erraz egin dugu gora. Berehala iritsi gara Muitzeko saroira, eta haren ondotik jarraitu diogu errekaren paralelo doan bidezidorrari, eskuinetara utzita Egurraleko lepora doana. Hirurehun bat metro egin, eta, bide jakinik gabe, errekaren beste aldeko belardian gora jo dugu. Aldapa motz baina gogorrak Etzitegiko saroira eraman gaitu. Leku polita da.

Uzkuiti

aldatu

Izerdi tantak lehortzeko, atseden txiki bat egitea erabaki dugu; bidea ez dago agerian, eta, bordaren ondoan hamaiketakoa egiten dugun bitartean, nondik igo erabakitzen geratu gara. Lehenengo aldia da mendi honetara igotzen garena, eta, indarrak alferrik galdu aurretik, hobe ingurua aztertzea. Aurrean dugun muinora zuzen igotzea pentsatu dugu. Poliki-poliki lortu dugu gainera iristea, eta bidea leundu egin zaigu ehun metroko desnibela gainditu ostean. Gandorrari jarraituz, erraz iritsi gara Uzkuitiko tontorrera. Balkoi baten modura, Arritzagako haranera begira dago eskegita, eta, handik, ederki ikusi ditugu Balerdi, Artubi, Astunaldeko lepoa eta Oako Harria. Beste aldetik, Aralarko larre zabalak hedatzen dira Ganbo mendiaren magaleraino. Tontor horrek, Aoki mendiarekin batera, Muitzeko zirkua mugatzen du, baina oso alde desberdinak ditu: iparraldean eta ekialdean malda belartsu eta pikoak ditu; hego eta mendebaldean, aldiz, oso altuera txikia du, eta tarte belartsu eta lauak nagusitzen dira.

Aoki mendia inguratu, eta Egurral lepo aldera abiatu gara, magal belartsuetan marrazten diren bidexka nabarmenei segituz. Txindokira igotzeko azken aldapa hasten den lekura iristean, jende mordoa ikusi dugu belarretan etzanda, atseden hartzen. Hasieran, Txindokira igotzea pentsatu dugu, baina, hango panorama ikusita, bertan behera utzi dugu asmoa. Larraitzera lehenbailehen itzultzea erabaki dugu, baina, ohiko bidetik jaitsi beharrean, berriro abiatu gara Muitze aldetik. Igotako bide beretik jaisten hasi gara; Muitzeko erreka ondora iristean, belarretan etzan, eta Txindokiri so geratu gatzaizkio. Atsedenak sortutako nagiak astindu, eta beherantz jo dugu, Larraitzera iristeko.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua