Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Valderejoko haizpitartea

'[1]

Valderejoko haizpitartea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea ArabaBurgos
Zailtasuna Erraza
Lekuak Herran, San Felices eta San Roke, Purongo arroila, Popilo, Puron ibaia
Distantzia 8 km. 3 ordu eta 20 mn.
Ingurunea Egundoko arroila induskatu du Puron ibaiak Valderejoko lurretan. Ur-jauziaz eta ondare arkeologiko oparoaz gozatzeko aukera paregabea dago ibilbide honetan.
Abiapuntua Herran (Burgos)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea aldatu

Herran herri dotorean hasiko dugu ibilbidea (Tobalina harana, Burgos). Puron ibaiak sortu ohi duen ur-jauziraino iritsiko gara xehetasunoi jarraituta. Herrira heldu aurretik utziko dugu autoa, hots, argibide taula batzuk dauden zabalgunean. Ibilian hasi baino lehen, informazio guneari begiradatxo bat botako diogu; izan ere, taula horretan Tobalinako herrietako ondare kulturalaz eta naturalaz gozatzeko bazter ugari erakusten dira.

Soseguz sartu behar dugu Herranen. Izan ere, urteotako hobekuntza lanek bistan utzi dituzte arkitektura dotoreko etxe eta jauregiak. Arcenako dorrera doan kalea bazter utzita, zuzen jarraitu eta ezkerraldeko muinean eliza utziko dugu. Gero, ostatuaren paretik igarota, bat egingo dugu ibilbidean protagonismoa hartuko duen bidaia lagunarekin: Puron ibaiarekin. Valderejoko zirkuan jaiotzen da, eta, eskuarki ur emari xumea daramalarik ere, egundoko arroila hondeatu du kareharrian, denboraren poderioz. Amu bikaina ibiltariak bere magalera erakartzeko!

Valderejo natur parkeari ofizialtasuna eman ziotenean —hogei urte luze joan dira jada!—, abenturazaleei zirrara berezia sorrarazten zien Lalastratik arroila sonatura hurbiltzeak. Orduan, milaka eta milaka oinezko —75.000 bisitari urtean—, den-denak erromesen antzera, Riberarako bidea hartu eta erritmoari eutsita, Santa Ana mendiaren zaintzapeko harbide magikora iristen ziren. Hura poza hura! Ibilbide honek, ordea, Valderejo natur parkeko atzealdeko atetik sartzeko gonbita egingo digu. Hain ezaguna ez den arren, laster batean iritsiko gara haizpitarte ezagunera, baita haren atarian apurka-apurka amiltzen den ur-jauzi ttipira ere.

Ondare arkitektonikoa aldatu

San Roke eta San Felices baselizara joateko agintzen duten seinaleei men egingo diegu Herrango bidegurutzean. Puron ibaia gertu sumatzen dugu. Bidea oztopatzen duten harrizko hormatzarrak igarota, iparraldera egin eta bigarren estugunerantz bideratuko ditugu pausoak. Valderejoko natur parketik hurbil gaude, baina, oraingoz, Burgosko Administraritzari dagokion Obarenes-San Zadornil natur parkean barrena gabiltza. Haizpitartea igaro bezain pronto, San Felices eta San Roke santuen izenak daramatzan ermita ikusiko dugu, dotore-dotore, kareharrizko hormatzarraren babesean. Dokumentazioari jaramon eginez, San Felices tenplu txikia izan zen behiala. Tenplua IX. mendekoa delarik ere, litekeena da lehenagotik ezaguna izatea. Baina San Felices tenplua handitu egin zuten gero, denborak aurrera egitean. Estilo gotikoan altxatu zuten, eta aurreko eraikina zabalagoa egin. San Roke kultu jardueretarako erabilia izan zen XIX. mendera arte.

Ibaia zeharkatu eta Mediterraneo aldeko landaretza lagun, Burgosko natur parketik irtengo gara. Aurrerago, ordea, Valderejora sartzen garen seinalea ikusiko dugu. Bidea estutu, eta maldan gora eramango gaitu mantso-mantso. Zutoinak eta geziak metatzen dira han. Noranzkoak, aukera-maukeran: Purongo haizpitartea, Santa Ana bidea, Artzaintza naturbidea, Riberako bazterrak, Revillallanos… Guk arroilara zuzen-zuzen doan bidexkari eutsiko diogu. Hala, ur-jauzi zaratatsuak atentzioa emango digu berehalakoan: ur emari apalekoa izanagatik ere, ederra bezain umila da. Bidexkatik ikusiko dugu ur-saltoa, baita inguruan nagusitzen den tobarrizko paisaia ere.

Revillallanos aldatu

Arroilako baranda egokitura iristen garenean, itzulera egingo dugu. San Felices ermitaren aurreko atsedenlekuraino itzuliko gara berriro. Ondoren, Puron gaineko zubia gurutzatu barik, ezkerrera egin, eta maldan gora abiatuko gara. Revillallanos mendiko hegoaldeko mazela korritzen ari garela, gorantz egingo dugu. Noranzkoa aldatu gabe, bigarren leporaino jarraituko dugu. Malda amaitu delarik, behera egitea besterik ez da Tobalino haranera jaisteko. Lepotik 30 minutura, basabidea utzi eta, geziek dioten moduan, mendebaldera hartuko dugu. Zehar-zehar hasieran eta, aurrerago, hegoaldera joz, Villanueva del Grillotik datorren errepidera irtengo gara. Ezkerretik segituta, Herranera bidea hartuko dugu. Ibilbidea amaitu aurretik, Popiloko multzo arkeologikoa bisitatzeko aukera dugu.

Erreferentziak aldatu

  1. Berriatik hartua