Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Xaretako haitzuloak

'[1]

Xaretako haitzuloak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Sara, Sarako leizeak, Axko leizea, Zugarramurdiko haitzuloak, Zugarramurdi, Ikaburuko haitzuloak, Urdazubi
Distantzia 6 km. Ordu 1 eta 35 mn.
Ingurunea Naturak paisaia bereziak modelatu ditu lur azpian. Xareta eskualdean, Sarako, Zugarramurdiko eta Urdazubiko leizeak sona handikoak dira, eta makina bat bisitari sorgintzen dituzte.
Abiapuntua Sara
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Euskal kostaldetik distantzia txikira, Xareta eskualdea dago, eta lau herri biltzen ditu bere barnean: Sara, Ainhoa, Urdazubi eta Zugarramurdi. Lehen biak Lapurdin daude; beste biak, Nafarroan. Muga politikoak, ordea, bazter egitekoak dira hartu-emana sekula eten ez duen eskualde aparta horretan. Itsasoa eta mendia uztartzen dira paraje gorabeheratsu horretan, barrualdeko hosto erorkorreko basoekin Kantauritik etorritako kresalak bat egin nahi izan balu bezala.

Ibiltariok bazter magikoez gozatzeko asmoz, herri xume horietako bakoitzak gorde ohi duen onena jaso dute Gauaz Lanaren Bidexka izeneko ibilbidearen harira. Tipi-tapa, natur ondarea ez ezik, historiaurretik hasita gaur egun arte dirauen harremana bertatik bertara ezagutzeko tresna ezin aberasgarriagoa da. Haren zati bat baino ez dakargu orriotara, akaso ikusgarriena. Harlauza bertikalak zein horizontalak ikusiko ditugu ibilbidean barrena, baita ikurtzat hartu den pottoka urdin txikia, hots, ibilbidea ez galtzeko alboan eramango dugun marrazki sinpatikoa.

Saratik Zugarramurdira

aldatu

Sarako leizean (Lapurdi) emango diogu hasiera ibilbideari, eta, lur azpiko tunel erraldoi baten antzera, haitzuloz haitzulo ibiliko gara, Urdazubira (Nafarroa) iritsi arte. Sara herrian ikusiko ditugun seinaleei jarraituta, harpe aurreko aparkalekura iritsiko gara. Sarako kobazuloa primeran dago prestatuta bisitaldiak hartzeko. Punta-puntako teknologia darabilen sistema bat dela eta, argi eta soinu ederreko ikuskizunaren lekukoa izango da bisitaria. Izan ere, lur azpian sortutako atmosfera apartari esker, bisitariak bapo gozatuko du Dama Lezearen eskutik geologiari, mitologiari eta euskal kulturaren sorrerari buruzko aipamenekin. «Dama Lezea dut izena, eta 90 milioi urte baino gehiago ditut. Haitzulo honetan elezaharrak eta kontakizunak uztartzen dira historian zehar».

Baina Sarako leizeetan emeki-emeki barneratzeak Barandiaran antropologo ataundarra ezagutzea dakar; derrigor. Izan ere, On Jose Migel 36ko gerraren garaian Sarara erbesteratu zen, eta, han, hamahiru urtez jarraitu zituen buru-belarri historiaurre eta etnografia lanak. Euskal herritarren oroimenaren alde egindako lan eskerga dela eta, leizean eginiko bisita hari eskainia da.

Sarrera nagusi aurreko errepidean gora jarraituko dugu, harrobia ezkerraldetik inguratuz. Kamioiak geratzen diren lekuan abiatuko gara xendan barrena. Halty jatetxera doan bidean gaude, seinaleak dioen bezala. Bidea harriztatu egiten da, eta, galtzada baten gisan, Amerikako haritzen eta haltzen artean ibiliko gara. Errepidera irtetean, Anttonen Bentara metro batzuk egin ostean, harlauzetan marraztutako pottokari jarraituko diogu. Errekasto bat gurutzatu eta metro gutxira, geldialditxo bat egiteko abagunea izango dugu; izan ere, basoak arkume errearen usaina hartuko du bat-batean. Ondoko kareharrizko leizeetan mahaiak eta jesarleku ugari ikusiko ditugu. Arrazoia? Bertan zikiro-jate bikainak prestatzen dituzte Halty jatetxekoek. Jai-giro apartan, oturuntza espeleologikoak balira bezala, ehun lagun inguru elkartu ohi dira kandelen epeltasunera. Ulertzekoa, beraz, arkumeei darien tantek sorrarazten duten atmosfera tentagarria.

Lawson nekosta eta izeiak gogaide, hartxintxarrezko bideari jarraitu eta haitzuloa inguratuko dugu. Goratasuna hartuz, kareharriaren ezaugarri geologikoak eta landare ugariren xehetasunak irakurtzeko aukera emango digute xenda bazterreko seinaleek. Pista batera irtetean, ezkerretik jarraituko dugu paseoa. Hala, bihurgunera iristean, asfaltoa utzi, eta, bide seinalatuari jaramon eginez, behera egiten hasiko gara berriz ere. Axko leize txikia agertuko zaigu tupustean, inguru karstiko batean irekia.

Zugarramurdiko haitzuloak zeharkatzen dituen Infernuko errekaren ondora helduko gara laster. Erreka gurutzatu eta ezkerrera eginez, berehala utziko dugu uraren konpainia. Izan ere, larrean gora hasiko gara laster. Lepora iristean, eskuinera hartu eta Zugarramurdira bidea hartuko dugu. Herriko plazara heldu aurretik, haitzuloak bisitatzeko aukera dago. Haizpearen handitasunak bultzatuak eta, ziurrenik, XVII. mendean sorginkeria egotzita auzipetuak izan ziren 300 lagunen afera historikoak erakarriak, itzuli ederra osatuko dugu Zugarramurdiko tunel magikoan.

Zugarramurditik Urdazubira

aldatu

Hirugarren interesgunea Urdazubitik hurbil dauden Ikaburuko haitzuloak dira. Zugarramurdiko eliza aurreko plazatxoan Dantxarinearako bidea bazter egin, eta Herriko Etxea jatetxearen ezkerretik jarraituko dugu. Eskuinera egingo dugu segituan, ibilbide laburrak dioen moduan. Graxiana aterpe sorginduaren ondotik igaro, eta, porlan bideari jarraituta, behera egingo dugu. Errepidera irten gabe, Haritz-Pea baserriaren kantutik segituko dugu. Porlana amaituta, haritzen eta hurritzen eremua hasiko da. Errekasto bateraino lagunduko digu bidexkak; auzo bateraino, segidan. Martikorena (1794) baserri parean, eskuinera hartu, eta Donezteberen kaperara iritsiko gara. Errepidea gurutzatu, eta «Etxelekua ardi gasna» dioen seinaleari men egingo diogu. Dastatze eta erosteko lekuan, ezkerrera egin, eta porlan bidean jarraituko dugu.

Aurrerago, behitegia inguratu ondoren, belarrezko xendari ekin, eta basora zuzenduko gara. Bidexkak banantzen direnean, Urdazubira doan zidorra muzin egin, eta besteari egingo diogu jaramon. Behera egin eta berehala, gora egiten hasiko gara. Bideak sigi-saga egiten baitu, muino karstikoari aurre egiten lagunduko digu. Gainaldetik behera egingo dugu berriz, eta errepidera irtengo gara. «Ikaburua» seinaleari men eginez, ibarrean behera egingo dugu; lehen bihurguneraino. Izan ere, pottoka urdinak xendara bilduta, Leorlas auzoraino gidatuko gaitu poliki-poliki. Haitzuloetaraino, gero. Urtxuma errekasto biziak moldeatutako multzo geologiko ikaragarri hori 1808. urtean aurkitu zuten. Lur azpiko natur parkea, tantaka modelatua.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua