Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Xoldoko Gainako aintzira, musuka

Paradisu galdua topatuko dugu Ibardingo lepotik hurbil. Baso trinkoz inguraturik, Xoldoko Gainako aintzirari dotoretasuna dario. Karpa maitagarrien erreinura bilduko gara itzuli ederra osatuta. [1]

Xoldoko Gainako aintzira, musuka
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Erraza
Lekuak Ibardin, Mandale, Osinkozelaia, Xoldoko Gaina, Xoldoko Gainako aintzira
Distantzia 6,3 km. 2 ordu.
Ingurunea Paradisu galdua topatuko dugu Ibardingo lepotik hurbil. Baso trinkoz inguraturik, Xoldoko Gainako aintzirari dotoretasuna dario. Karpa maitagarrien erreinura bilduko gara itzuli ederra osatuta.
Abiapuntua Ibardin (Urruña, Bera)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea aldatu

Bidasoa ibaiaz bestaldean, mendi eta tontor ugari gailentzen dira. Tontortxo gehienek hamaika bisitari hartu ohi dituzte, mila motibo baitira ondare naturalarekin nahiz historikoarekin bat egiteko. Txoko horietako bat Xoldoko Gaina da. Bidasoa ibaiaren gain-gainean altxatzen da, ibar bera korritzen duen bidegorriaren parean. Mendizaleak Biriatutik abian jarri ohi dira tontor zapalaz eta ohorezko ikuspegiaz gozatzeko. Lerrootako proposamenak, aldiz, mendiaren ekialdera bideratuko gaitu; Ibardingo lepora, hain justu ere. Bera eta Urruña lotzen dituen mendate bitxia da Ibardin, zinez. Aurrenekoz hurbilduta, ezusteko galanta jasoko du bisitariak benta kopurua ikustean. Aduanen sareak XX. mende bukaera arte hertsiki iraun bazuen ere, Ibardingoak ez omen zuen lortu herrien arteko hartu-emana etetea. Bistan da. Lehen benta 1956an altxatu zuten; egun, ordea, bata bestearen ondoan makina bat daude, den-denak hiri xume baten antzera jarrita.

Familiak goizetik iristen dira erosketak egiteko. Eguerdian, inguruko bazterrak ezagutzera abiatzen dira euren maskotek lagunduta. Asko eta asko joango dira 1992az geroztik monumentu historikoa izendatua den Erbesteratuen Gotorlekura; abenturak gustuko dutenak, Herbururako mandabide bila. Baina arreta handiena erakartzen duen bazterra Xoldoko Gainako aintzira da.

Aintzira dela eta aldatu

Xoldoko Gainako gailurra zapaldu gabe, guk ere aintzirarako bidea hartuko dugu, baina itzuli bikaina harilkatuz. Arrola izeneko ibarrean eraikita dago aintzira eta, hezegune paregabea izanagatik ere, haren jatorria ulertzeko XX. menderaino eraman beharra dago gure begirada. Urruñako herrigunea urez hornitzeko proiektua gauzatu zuten XX. mende hasieran. Izan ere, turismoak eragindako egoerari erantzuteko beharra zegoen. Egoera konprenitzeko, ezinbestekoa da, besteak beste, Pierre Laborde adituak Histoire de Tourisme sur la côte basque 1830-1930 liburuan euskal kostaldeari buruzko ekarpena: «XIX. mende erdian Atturritik Bidasoarainoko kostalde tarteak benetako iraultza ezagutu zuen. Kontuan izan mende bakar batean turismoa indartzeak eraldaketa ekonomikoak eta sozialak ekarri zituela».

Xoldoko Gainako lanak 1928an hasi zituzten Munoa eta Oneaga tontortxoen arteko zabalgunean. Lanak Chabal eta Cie izeneko enpresak bideratu zituen eta, orotara, 360.000 metro kubiko ur bildu zituzten ordoki azidora. Urruñako Turismo Bulegoko arduradunaren esanetan, «urtegiak 1955era arte bederen, Urruñako, Hendaiako eta Donibane Lohizuneko herriguneak elikatu zituen. Baina, urte hartako lehortea izan zela eta, uren aprobetxamendua murriztu behar izan zen». XX. mende hasierako urtegia txiki geratu zen 58 paseo eta ibilaldi. Errobitik itsas hegiraino ibilbide gidan azaltzen dutenez: «Arazoak tarteko, 1991n handitzeko lanak abiatu zituzten eta urte bat geroago 32 metroko altuerako presa bukatu zuten».

Ur kalitatea bermatzeko eta ingurumena zaintzeko ahaleginak egiten ari dira aspalditik. Hori dela eta, hesi batek inguratzen du aintzira osoa. Uretan sartzea, piraguismoa egitea eta, oro har, uren kalitatea arriskuan jarri ditzaketen ur-kirol ekintzak debekatuta daude.

Aintzirako bira aldatu

Ibardingo lepoan jarriko gara ibilian (Nafarroa). Benta Gorrian goiko bentetara doan errepidetxoari segituta, aparkaleku egokituan utziko dugu autoa. Maldan gora jarraitu eta, Gora benta aurrean delarik, eskuinetik joko dugu. Ibardingo ibilbideen xehetasunak irakurtzeko aukera emango digu basabide ondoko argibide taulak. Aurrerago, behera jotzen duen bideari muzin eginda, ezkerrera jo eta goratasuna hartuko dugu. Bentetatik datorren GR-10 zidorreko marka zuri-gorriak batuko zaizkigu laster. Pinudirantz bideratuko ditugu gure pausoak. Ahaleginak arintze aldera, kostaldera luzatuko dugu soa; izan ere, Urruñatik Landetarainoko tarteaz gozatzeak merezitako sosegua helaraziko digu. Pinudia erabat inguratuta, lepo estrategiko batera iritsiko gara. Erne ibili behar dugu han bide okerra ez hartzeko. Tinda horiko seinaleek maldan behera egiteko gonbita egingo digute. Aintzirara iristeko bide lasterra bada ere, aldapa pikoa bazter egin eta zuzen jarraituko dugu.

Mandaleko magalak burutik buru zeharkatu ostean, bidexkak eskuinera egiten lagunduko digu. Zidorrari segika, Bizkartzuko lepora iritsiko gara. Pagoz osatutako txapela ederra duen tontortxo bat ikusiko dugu gain-gainean. GR-10 bera jarraituz, Osinkozelai azpiko lepora iritsiko gara. Bat egin dugu mendi bizikletaz egiteko hainbat bide seinalerekin. GR zidorra uzteko unea da. Eskuinetik doan bide zabala hartuko dugu, betiere aintzirara hurbiltzearen karietara. Leun-leun hiru minutu aritu ostean, basabidea utzi eta ezkerraldetik irteten den zidorrari men egingo diogu. Bertako landaretzaz gozatzeko aukera dugu jaitsieran: gorostiak, haltzak, elorri zuriak, haritzak…

Uste baino arinago aintzira inguratzen duen basabidera iritsiko gara. Ezkerretik jarraituta, etxola baten ondotik igaro eta presara iritsiko gara. Hormatik igarotzean, erne, aintzirako jabeak begira-begira izango dira eta. Karpez beterik dago urtegia eta aho zabalik geratuko dira gure presentzia nabaritzean. Ezpain haragitsuak bistan, musuka agurtuko gaituzte arrain jostariek.

Presa zeharkatu eta eskuinera egingo dugu hartxintxarrezko basabidean, eta bide nagusiari men eginez, Ibardingo lepora iritsiko gara.

Erreferentziak aldatu

  1. Berriatik hartua