Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Zarpia, ur-jauzi baten harrotasuna
Argindar modernoak lehentasuna hartu zuen Araban XIX. mendearen amaieran. Ordura arte, hiri nagusietako kaleak gas bidez argiztatzen ziren, baina mende berriak argindarra ekoizteko proiektu hidroelektrikoak ekarri zituen apurka-apurka; baita enpresa horiek kudeatzeko lehia bizia ere. Anartean, bestelakoa zen erritmo energetikoa herri txikietan. Lehen hamarkadan saiakera xumeak egin zituzten termodinamikak lagundutako proiektuekin. Tokian tokiko egoerari erantzun beharrak, ordea, berebiziko aldaketa ekarri zuen bat-batean. Garai horretako egitasmoetako bat Aguraingo Elektra izenekoa dugu. Kontrastatik hurbil egokitutako 73 metroko jauzia baliatu zuen enpresa horrek 1913tik aurrera.[1]
Zarpia, ur-jauzi baten harrotasuna | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Zarpiako ur-jauzia |
Distantzia | 7 km. Ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Kontrastako zentrala elikatzen duen ur-jauzi ederra bisitatuko dugu ibilbide honetan, bertatik abiatzen den ubideak primeran lagunduta. |
Abiapuntua | Kontrasta |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuXX. mendearen lehen hamarkadan Kontrastako bazterretan eginiko obrok ezagutarazteko asmoz, Harana ibarrera gerturatuko gara oraingoan. Izan ere, mende bat bete duten ubidea, jauzia, hoditeria eta zentrala abian jarri dituzte oraintsu, 2008an. Iturrialde, Gorrueta eta Tobera errekastoek isuritako urre gardena Kontrastako zentral berrira iristen da orain, gutxika-gutxika. Tamalez, aurtengo denboraleak triskantza handia sortu du ubidean, eta luizi batek harlauza batzuk aurretik eraman ditu.
Zarpiarako bidea
aldatuKontrastako iturri monumentalean (Araba) jarriko gara abian. Hiribilduaren barnera egingo dugu ate zaharretik. Pilotaleku estaliaren eretzetik igarotakoan, San Salvador kaletik jarraitu, eta hilerri parean ikusiko dugun Haraneko Bidea zidorra bazter egingo dugu. Iparraldera egiten duen bidea lehenetsiko dugu han. Ur biltegirako bideari muzin eginda, asfaltoari jarraituko diogu guk, apenas igo gabe. Burdinazko ate bat igaro ostean, hesiari lotuta doan bideari ekingo diogu. Harrizko puska eder batzuen ondotik igaroaraziko gaitu bideak, eta hurritzek osaturiko galerian gaindi jarraituko dugu. Hesia bukatzean, zentral berria ikusiko dugu, beherago. Jaitsi gabe, baina, basoan sartu eta, bidebanatzean, behetik datorren pista gurutzatu eta zuzen jarraituko dugu, pagoen artean. Beherantz abiatuko gara laster, eta pagaditik irtengo gara. Berriz ere hesiaren konpainian jarrita, aterpe txiki bat ikusiko dugu ibaiaren ondoan. Haren atzealdetik jarraituko dugu lasai-lasai. Larrondoa ibaia zeharkatuko dugu zubiak lagunduta. Ondoren, ezkerrera egin eta, ibaia gogaide, Zarpiako iturburura iritsiko gara.
Harlauzaz harlauza
aldatuZarpiako emaria jasotzen duen etxola bat ikusiko dugu ur-jauziaren ondoan. Hormaren oinaldean, berriz, porlanezko ubidea. Ikusten dugun ur-emaria, argindarra ekoizteko ez ezik, Harana eta Ameskoa ibarretako herriak urez hornitzeko ere baliatzen dute.
Kanalari jarraituta osatuko dugu itzulera. Haitzulotik ur gehiegi jausten ez bada, bederen, ur-jauzia saihestu eta, porlanezko harlauzak gogaide, Kontrastarako bideari helduko diogu. Hogeita bost minutu inguru emango ditugu 1.800 metro luze dituen kanalaren gainetik. Ur biltegia eta aspaldiko kuboa ikusiko ditugu amaieran. Zentraletara doan hoditeriaren ondoko bidetik jarraituko dugu, maldan behera. Herriraino lagunduko digun bidearekin elkartuko gara zentraleraino iritsi aurretik.