Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Zelten bizilekutik Bakoren erreinura

'[1]

Zelten bizilekutik Bakoren erreinura
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Navaridas, Castejon, Lagunilla, Cayalobos, Eltziego
Distantzia 12 km. 3 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Igandean mahats bilketaren jaia ospatuko da Eltziegon. Navaridastik oinez joanda, Castejongo aztarnategia ezagutzeko aukera izango dugu.
Abiapuntua NavaridasNAvaaridas
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Eltziego herriak (Arabako Errioxa) XXII. mahats bilketaren jaia ospatuko du igandean. Ekitaldi jendetsua izaten da berez, Euskal Herrian ardogintzaren kultura erabat sustraitua dago eta. Oinez joango gara Eltziegora, eta, horregatik, autoa Navaridas herrian utziko dugu. Ibilbidean zehar, besteak beste, Navaridasko ondare arkitektonikoa —XV. mendeko Iturri Zaharra eta XVIII. mendeko Sodupetarren jauregia, esaterako— eta Castejon gaineko aztarnategi oparoa ezagutzeko parada izango dugu.

Eltziegok bigarrenez hartuko du aurten eskualdeko nekazaritzaren garapenerako produktu nagusia ezagutarazteko lekukoa. 1999ko ekitaldiko antolatzaileek Juanito Oiarzabal mendizalea aukeratu zuten pregoilari lana egin zezan. Ardoa eta musika uztartzeko xedez, Kepa Junkera musikaria aukeratu dute aurten.

Baina enologiaz blaitzeko ez ezik, herriotako historian murgiltzeko ere baliatuko dugu gure ibilbidea. Izan ere, Brontze garaiaren amaierako Castejon herrixka bisitatuko dugu ibilian hastearekin batera. Aztarnategia Navaridastik hurbil dago, eta, bide seinaleei jaramon eginda, tontor panoramikoa erraz zapalduko dugu. Zelten bizileku estrategikoa izan zen hura, eta defentsarako sistema eta hirigintza apartak zituen, adituek ezagutzera eman dutenez. Denboran atzera eta aurrera ibiliko gara, beraz, eta zelten talaiatik Bako jainkoaren erreinura bidaia zirraragarria egingo dugu.

aldatu

Navaridasen hasiko da ibilbidea. Eskualdean oraintsu diseinatutako ibilbide bat hautatuko dugu San Juan Ortega baseliza ttipiaren ondoan jarritako mapa handian. Aukera guztietatik H kodea daraman zidorra baliatuko dugu Mañueta eta Eskuernaga herriekiko mugetara iristeko. Guardiara doan errepidea bazter eginda, beraz, Diputazio kalean aurrera egingo dugu Navaridasen. Sodupetarren jauregiaren parean, Castejon gainari buruzko xehetasunak irakurtzeko parada izango dugu. Udaletxera iristean, eskuinera jo eta kalean behera egingo dugu. Bihurgunean XV. mendeko Iturri Zaharra ikusiko dugu. Ttipia delarik ere, iturri monumentala da. Aurrerago, Mayor erreka gurutzatu eta, errepide nagusira irten gabe, ezkerretik abiatzen den partzelariatik jarraituko dugu. Baratze emankorrak bidaide, hegoalderantz bideratuko ditugu gure pausoak. Aurrez aurre, Castejongo gaina gailentzen da. Tontorra bisitatzeko asmoz, bidetik irtengo gara hormigoizko etxola karratu baten ondora iristean. Joan-etorriko bidea egingo dugu gailurreraino, bertaratzeko aski dela zutoin txikiei jaramon egitea.

Bide nagusira berriz itzulita, hegoalderantz jarraituko dugu. Urrutian Demanda mendilerroari dagokion San Lorenzo tontor nagusia ikusiko dugu. Hurrengo bidegurutzean, eskuinera hartu eta errepidera irtengo gara. Asfaltoa gurutzatu eta nekazari bidetik jarraituko dugu. E eta H zidorrek agindu bezala, eskuin aldera arku zabala egiten hasiko gara. Castejon muinora begira jarriko gara laster, baita Toloño mendilerro malkartsura ere. Herritik datorren bidearekin topo egingo dugu aurrerago. Orduan, ezkerrera okertu eta hego-mendebalderantz abiatuko gara. Eltziego herria begi bistan dugu orain, hurbil samar. Gezi beltz bat marrazturik duen ureztatzeko arketa edo hidrantea ikustean, eskuineko bidea hartu —ezkerrekotik itzuliko gara— eta, H zidorrari men eginez, Eltziegoko errepidera iritsiko gara. Asfaltoa gurutzatuko dugu han, eta partzelariatik jarraituko.

Bartolome ibarrean aurrera egitearen karietara, mahastiek hartutako erliebe leuneko paisaian murgilduko gara. Ibartxoa mugatzen duen ezpondara bideratuko gaituzte bide seinaleek. Sigi-sagaka maldan gora, beraz, Eskuernagako lur eremuan sartu eta Lagunilla tontorra zapalduko dugu. Gainaldetik Toloño eta Kodes aldera bista ederrak daude. Baita Samaniego, Navaridas, Guardia eta Eltziego hiribilduen aldera ere. Erpin geodesikoa iparraldean altxatzen da, bost minutura.

Tontorreko pistan ezkerrera jo eta Mañuetatik datorren bidearekin bat egingo dugu berehala. Ezkerrera hartuta bidegurutzean, Eltziegora iritsiko gara.

Cayalobos bidea

aldatu

Mahats bilketaren jaiaz ongi gozatu ostean, Navaridasera bueltatzeko unea da. Cayalobos bidea baliatuko dugu. Eltziegoko plazan abiatuta, Iparreko kaletik aurrera egin eta, turismo bulegotik igaro eta berehala, Samaniego, Mañueta eta Eskuernagara doan errepidea jarraituko dugu. Antion upategiaren aurrean, ordea, asfaltoa utziko dugu eskuinetik doan bideari ekiteko xedez —ez dago bide seinalerik—. Castejon gainak eta Toloño mendilerroak gidatuta, bidebanatze batera helduko gara berehalakoan. Argindar habe txiki baten ondotik igaroko gara, burdinazko dorre garaia bazter eginik. Goxo-goxo jarraituko dugu, mahastiak gogaide. Cayalobos bideari men eginez, lehen ikusitako arketara iritsiko gara. Gero, Castejon gaina igo gabe, muinoa ezkerraldetik inguratu eta Navaridasera iritsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua