Euskal Herriko historia/Aro garaikidea

Aro Garaikidea

aldatu

Historian zehar ur-indarraren erabilpenak ugaritzen joan dira. Garai batean alea ehotzeko zena, azkar hedatu zen zerrategi, kordobana edo burdinoletara. Aro Garaikidearen hasierarako ola zaharrez josita zeuden gure erreka guztiak. Argazkian, ur-indarrez funtzionatzen duen zerrategia. (A. Elosegi).

Industri Iraultzak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian. Alde batetik, ola zaharrak eta errota gehienak aurreko mendearen amaieran eta honen hasieran ixten joan ziren, baina zentral elektrikoek haien lekua hartu zuten erreka malkarrenetan (Pirinioetako bi aldeetan eta Gipuzkoan). Argindarra sortzeko jauzi handia behar denez, kanal luzeek ubidetik urik gehiena desbideratu egiten dute eta erreka askotako tarte luzeak ia erabat idor uzten dira. Bestalde, industriak hazkunde izugarria ekarri zuen, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian. Papergintzak eta altzairugintzak uholde-lautada gehienak lantegiz bete zituzten eta espantsio ekonomikoaren alaitasunaz, munduan ezagutzen ez ziren poluzio-mailaz zikindu zituzten lurraldeotako erreka gehienak. Arrainez gain, beste bizidun gehienak ere errekotatik aienatu ziren, ustez betirako.

Nekazaritza-lurren premiak eta nabigazioaren beharrak bultzatuta, Euskal Herriko ibai nagusien ubidea aspaldi zuzendu eta kanalizatu zen. Argazkian ageri den Aturri ibaiaren bokalea 1578. urtean desbideratu zen. (A. Elosegi) Hazkunde industrialak, hala ere, ondorio gehiago ekarri zituen. Bizkaia eta Gipuzkoako herri handietan biztanle-kopurua asko emendatzen zen bitartean, baserriak hustu egin ziren, eta garai bateko ixtorleku eta larreetan pinua aldatu zen. Horren eraginez, Euskal Herrian azken 4.000 urteotan ikusi den baso-azalerarik handiena dugu gaur. Baso hauek askotan oso modu kaskarrean kudeatzen dira: pista gehiegi eta txarregiak eraikitzen dira, matarrasa handiak egiten dira leku malkarretan, eta batzuetan hurrengo landaketaren aurretik lurra irauli egiten da; horrek guztiak higadura handia eragin du hainbat lekutan. Euskal Herriko ibai askotako hondoa begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko, buztina baita askotan sedimentu nagusia.

Baserria abandonatzearen ondorioz, Bizkaia eta Gipuzkoan pinuak landatu dira garai bateko larreetan. Hauen kudeaketa ez da askotan oso egokia izaten. Matarrasen ondorioz sortutako higadurak arrainen errulekuak hondatzen ditu eta animalia askoren desagerpena dakar. (A. Elosegi).

Mende honen erdialdera Lapurdi, Nafarroa eta Arabako lautadetan industrializazioak laborantzaren iraultza ekarri zuen, makina, ongarri kimiko, pestizida eta teknika berriei esker. Nekazaritza modernoaren ondorio nabarmenetako bat lursail-kontzentrazioa izan da, baina baita gehiegizko ongarriztapenak eta pestizidek ibaietan sorturiko poluzioa ere. Ongarria behin uretara iritsita, algak asko ugaritzen dira, uraren kalitatea murriztuz eta hainbat animaliari eragozpenak sortuz. Poluzio difuso honi ezin zaio araztegien bidez aurre egin; aitzitik, ezagutzen diren irtenbide hoberenak ibaiaren jatorrizko egiturari loturikoak dira: ibaiertzeko baso eta hezeguneek, ubide bihurri eta dibertsoek eta ferra lakuek sekulako autodepurazio-gaitasuna ematen diete ibaiei. Behin hauek desagertuta, ordea, oso zaila da nekazaritzaren poluzioa ekiditea.

Joan den mendearen amaieran eta mende honen hasieran ola zahar gehienak itxi eta zentral hidroelektrikoek hartu zuten haien lekua. Ur-jauzi handia behar dutenez, kanal luzea izan ohi dute eta tarte handietan uzten dute errekaren ubidea ia guztiz idor. (A. Elosegi).

Mende honek gure ibaietara ekarritako beste elementu berria urtegi handiak dira (Esa, Añarbe edo Uribarrikoak, esate baterako). Hauek arras aldatzen dute ibaiaren egitura eta ur-erregimena. Ur-hornidurarako erabiltzen direnek oso emari baxu baina konstantea uzten dute ibaian; elektrizitatea ekoizten dutenek, berriz, egunean behin edo bitan emariaren gora-behera bortitzak izateaz gain, gehienetan hondoko ura askatzen dute, hotza eta maiz oxigeno gutxi duena. Honekin sedimentuen garraioa eta uholdeen maiztasuna murriztu egin dira eta horrek uholde-lautadetako lurzoruetan eragin handia izan du. Ebroren delta, esate baterako, azken hamarkadetan desagertzen ari da, urtegi handietan geratzen baitira hura mantentzeko beharrezkoak diren sedimentuak.

Ur-horniduraren eragina beste atal batean ere aztertu ahal da; iturburu guztiak hodiz bete direnez, errekastoek lehen baino askoz ur gutxiago daramate eta baserriek sortzen duten poluzioa diluitzeko edota uretako bizidunei eusteko ia gaitasunik ez dute.

Uholde-lautadak euriteetan eremu arriskutsuak direnez, garai batean ez zen bertan etxerik eraikitzen. Dena den, errotak eta olak ezinbestean ibaiertzean kokatu behar eta pixkanaka eremu hauek ere eraikuntzez bete ziren; azken bi mendeotan ur bazterra izan da lantegiak eta etxeak eraikitzeko leku hautatua.

Mende honen erdialderako industrializazio basatiak Gipuzkoa eta Bizkaiko erreka gehienak poluitu zituen, bertatik bizidun gehienak desagertaraziz. Garai batean arrain haztoki izandakoak estolda kirasdun bilakatu ziren. (J.R. Aihartza) Uholdeen kalteak (ez uholdeen neurria) emendatzean, ibaiak kanalizatu eta dragatu egin dira, funtzionamendu hidrauliko “perfektuaren” bila. Honekin, ordea, haien funtzionamendu biologikoa kaltetu da: ibai eta uholde-lautadaren arteko harremana eten, autodepurazio gaitasuna mugatu eta ibaietako bizidunen babeslekuak ezabatu dira.

Aro Garaikidean gertatutako aldaketen artean poluzio biologikoa ere aipatu behar dugu, arestian esan bezala aspaldiko kontua izan arren, azken mendean asko larritu baita espezie exotikoen eragina, jendeak bultzatuta (lutxoaren eta perka amerikarraren kasua) edota bultzatu gabe (koipua, bisoi amerikarra). Lutxoak eragin handia izan du bertako arrain-populazioetan eta bisoi amerikarrari egotzi izan zaio ur-satorraren gainbehera Penintsulako hainbat lekutan. Arrantzaleen eskariz ere, erreka asko haztegietako arrainez hornitu dira. Batzuetan kanpoko espezieak erabili dira (ortzadar amuarraina gehien bat) eta besteetan kanpoko barietateak. Bizkaian, adibidez, urte askotan askatu dira Norvegiako amuarrainak, erreka desberdinetara moldatuta zeuden bertako genotipoak desagertaraziz.

Ibai bazterrean eraikitzearen ondorioz, uholdeek sortutako kalteak gero eta handiagoak dira. Argazkian Durango. (A. Elosegi) Azken aldian jarduera berriak sortu dira eta ingurunearen erabilpen berriok, nola ez, ibai-paisaien itxuraldaketa ekarri dute. Kaiaka, raftinga, turismo berdea eta gero eta izen xelebreagoak dituzten beste hainbat ekintza modan jarri dira eta ibaialde asko berauetara egokitzen ari da. Aldaketa batzuk mesedegarri ere izan daitezke, noski.

Halaber, gaurko pentsamolde berdearen isla gisa ibaialde batzuk babestu egin dira: Nafarroako zenbait ibaiertzetako basoak edota Leitzaran ibaiaren Gipuzkoako aldea kasu. Oraindik ikusteko dago babes-formula hauen eragina, baina kontuan hartu behar dugu ibaiak osasuntsu mantentzeko ur-emariak aldaketak jasan behar dituela eta hori oso zaila dela gaur egungo aprobetxamendu-moduarekin.