Euskal Herriko itsas espazioko historia/Benjamin Tuterakoa

«Libro de Viajes de Benjamín de Tudela» lanetik hartua Riopiedras Argitalpenak. Bartzelona

Gaztelaniazko bertsioa, hitzaurrea eta oharrak: José Ramón Magdalena Nom de Deu

Bidaztia eta bere kontakizuna

aldatu

Datu biografikoak eta nortasuna

aldatu

Benjamin Tuterakoak bere esperientzia biziak biltzen dituen erreportaje interesgarri bat utzi digu, zuzeneko esperientziak dira gehienetan, ikusi zuena ez ezik, esan ziotena ere bere bidaia-oharretan dotore irudikatu zuen dokumental mamitsua. Hark idatzi zuen Bidaia-liburua (hebreeraz: Séfer-Masacot) da haren bizitzari eta nortasunari buruzko zenbait argi printza ematen dizkigun iturri dokumentatu bakarra. Ez dakigu noiz jaio zen zehazki (1130 aldera, agian), baina oso nabarian agertzen da Séfer-Masacot liburuaren hitzaurre anonimoan, jatorriz nafarra eta Tutera hiriko rabbi Jonasen semea zela.

Dagoeneko baztertu beharrekoa da toledoarra zela diotenen uste okerra, Tutera hitzaren azken bi kontsonanteen metatesia izan daitekeela argudiatzen dutenena; eta are gehiago gaztelaua zela ziotenena, kontuan hartzen bada honako esamoldea: Gaztelako lurretara itzuli zenean (hitzaurrekoa hau ere). Azken horrek agian erresuma hartatik igaro zela pentsatzeko bidea eman diezaguke, baina gehienez ere, Tutera bere jaioterrirantz itzulerako bidaian (eta abiatzerakoan) zihoala.

Bere Bidaia-liburuaren hitzaurregile ezezagunaren testigantzari jarraituz, Benjamin Tuterakoa gizon azkarra eta ilustratua zen, Torá eta Halajá liburuetan aditua (gai biblikoetan eta tamudikoetan, alegia), eta horrez gain, bazuen rabbi edo maisu titulua ere. Gai horietan zuen prestakuntza, testu sagaratuei buruzko aipuez josia, Bidaia-liburuan soberan islatzen da.

Eleaniztun bikaina zen, haren eskualdeko jendeak hitz egiten zuen erromantzeez gain, judu jantziak bereganatuak zituen hizkuntzak, hebreera eta arameera, guztiz menderatzen zituen; arabiera ulertzen zuen eta greziera eta latina ere bai agian, hebreerazko Séfer-Masacot testuan sartutako aljamitutako pasarte batek edo bestek adierazten duen bezala.

Historia klasikoaz eta Erdi Arokoaz zituen ezaupideen arrastoak kontakizunean zehar ere azaltzen zaizkigu, zenbait erromatar enperadoreren aipuetan —Tiberio, Neron, Vespasiano, Tito— eta Alexandro Handia, Seleuko, Aristoteles filosofoa, Pepin Laburra (Karlomagnoren aita)...

Oso ikasia zen eta ulertzen zuen artisautzaz, langintzez eta negozioez. Eta harribitxiez, koralaz, perlez, oihalez eta tindatze-lanez, beirez, espezieez eta perfumeez egin zituen oharrek susmarazi izan dute agian merkataritza-misio bat izan zela haren bidaia luzearen arrazoi nagusia, hain ibilbide zabal zein garestia finantzatu ahal izateko lain irabazi eta onura eman ziona.

Iritsiera-data ere agertzen zaigu hitzaurrean: hebrearren egutegiko 4933 urtean izan zen —zenbaketa kristau-gregoriarraren arabera, 1172-1173 urteei dagokien urtean—, lehen ere esan dugun bezala, Gaztelako lurretara itzuli zenean. Beharbada heriotzak ustekabean harrapatu zuen; 1175ean beranduenik ere.

Itzulpenak

aldatu

Espainiar Benito Arias Montano humanista eta hebreeran aditu sonatuari egokitu zitzaion ohorea, Séfer-Masacot-en lehen bertsioa latinez hastekoa eta bukatzekoa.

Bigarren latinezko bertsioa Konstantino Oppick-ko Enperadorea, Leiden-eko Unibertsitateko Teologian doktore eta hebreeraren irakasle zenarena da.

Egin gabe zegoen gaztelaniazko bertsioa, baina 1918an argitaratu zituen Madrileko argitaldari eta inprimatzaileen Sanz Callejaren lantegiak: Viajes de Benjamín de Tudela. 1160-1173. Lehenengo aldiz gaztelaniara itzulitakoak, Ignacio González Lluberak egindako hitzaurrea, aparatu kritikoa eta oharrak zituen.

Deskribapenean murritza eta zehatza, kontakizun bizia eta laua, zuzena eta lagunartekoa da ia, xede estetiko handirik gabea, diskurtsoak behar besteko tonu arin eta atsegina du, eta erreportaje entziklopediko honen emari aberatsak eta informazio ugariak irakurlea berehalakoan interesatzen du —harritzen eta liluratzen ez duenean—.

Ibilbide baten itxuran, Benjamin Tuterakoak hiru funtsezko alderdi ikuskatzen ditu Séfer-Masacot osoan zehar: I) juduak eta haien egoera sozio-ekonomikoa, politikoa eta erlijiozkoa; II) politikaren lerro nagusiak, mendebaldeko kristau-munduko nazioen eta ekialdeko islam-alorrekoen artekoa, eta III) bi munduen arteko merkataritza- eta artisau-guneak zein elkarrekin lotzen zituen edo lot zitzaketen merkataritza-bideak.

Hala azaltzen dizkigu bisitatzen zituen hiri edo puntu geografikoen ondoz ondoko distantziak, lehorretik baldin bazen, bai legoak bai egunak erabiliz; itsasoz edo ibaiez baldin bazen, nabigazio-egunez. Portuen abantailak neurtzen ditu, itsaslapurrez jositako itsasoko ibilbideak edo ingurune txar eta bidelapurrak zireneko bide arriskutsuak.

Ibilbide hau komunitate hebrearren segida bat da, salbuespenezko kasu batzuetan izan ezik.

Ibilbidea

aldatu

Tutera jaioterritik abiatu zen Benjamin. Zaragozatik aurrera egin eta Ebro ibaiaren ibilbidea jarraituz, Tortosaraino jaitsita, Tarragonatik barrena iritsi zen Mediterraneora; ondoren Bartzelonara eta Gironara jarraitu zuen, handik Rosello eta Proventzara sartzeko. Marseillan ontziratu zen Genoara joateko eta handik Pisa, Lucca eta Erromara; Salernoko kostaldetik, Italia penintsula zeharkatuta iritsi zen Adriatikoraino eta ontziratu egin zen berriro Otranton, Korfu eta Artaraino joateko.Bizantzioko lurretara iritsita, Konstantinoplara joan zen, Egeoko uharteak bisitatu eta Coricostik barrena sartu zen Asian. Turkia eta Siriako itsasertzak inguratuz Gurutzatuen mende zegoen Lur Santuan lehorreratu zen eta han bisitatu zituen Naplus, Jerusalemeko hiri santua eta beste zenbait leku, errabino ikasi batentzat interesgarriak. Damaskora iritsi eta basamortu siriarrean zehar arku bat deskribatzen du Jama, Alepo eta Raccatik igaroz, eta Mosul-en Tigris ibaiaren ibarrari lotzen zaio Bagdad-erantz jaisteko. Luzez bizitua izango zen hiri horretan bere komunitate hebrear aberatsaren babesean eta halako merkataritza- eta kultura-gune garrantzizko batean lortu zitzakeen irabazi oparoen amuak erakarrita. Bagdad izango zen inguru haietatik, agian, Mesopotamia Behereko Basoraraino egiten zituen bidaia txikiagoen erdigunea.

Merkataritza-guneak eta -bideak

aldatu

Mediterraneoko portuak ziren merkataritza-gunerik nagusienak: Bartzelona, Marseilla, Amalfi, Egrippo, Armiro eta Konstantinopla kristau europarren eremuan; Tiro eta Asquelon Palestinan, eta Alexandria, Egipto fatimiarrean.

Guztiz arrazoizkoa da ibilbide horren eskema orokorra —nahiz eta India, Txina, Arabia eta Europa erdira egin nahi zituen bidaiak bazter utzita ere— Benjamin Tuterakoak, XII. mendeko merkatari ibiltari jantzi eta behatzaile batek, zituen aukera eta anbizioak ikusita.

Séfer-Masacot-eko geografia

aldatu

Tradizionalki Mediterraneo itsasoa (Azken itsasoa) hainbat itsasotan zatiturik zegoen: Egeoa (Espainiako itsasoa), itsaso Jonikoa (Grezia herriko itsasoa), Marmarakoa (zeharbidez Konstantinopla deskribatzerakoan baizik aipatzen ez dena) eta Itsaso Beltza (Errusiako itsasoa). Ur horiek ildaskatu zituen Benjamin Tuterakoak, baina beste batzuk ere aipatzen ditu, hain zuzen ere, Indiakoa eta elezaharretako Txinako itsaso Izoztua, baina ziur asko ez zituen erreferentziez baino ezagutzen.

Lurralde Santuan aintzira txikiak aipatzen ditu, besteak beste, Tiberiades eta Sodoma biblikoak (ur geza duena lehena eta gatz-kontzentrazio handiak dituena bigarrena): Jordan ibaiaren sistema hidrografikoari lotuak eta herri hartan benetako itsasotzat hartzen zirenak.

Markatzen dituen gorabeherak kostako itsasoaren adarrak dira (golkoak eta badiak), baina portuak, itsasoko merkataritza errazten zuten eraikin artifizialak ere begiratzen zituen, asko gainera, batez ere, bi segurtasun-dorre zituen Tirokoa eta, gure bidaztiaren arabera, itsasoan milia bat sartzen zen kai-mutur luzea eta faro zoragarri bat zuen Alexandriakoa.

Izendatzen dituen Mediterraneoko uharteak hauek dira: Sizilia, Korfu, Egeoko Mitilene (Lesbos), Chios, Samos, Rodas, Kreta eta Zipre. Indiako itsasoan Quish, merkataritza-gune handia zuena, eta Berig (Zeilan) latitude ia ekuatorialetan.

Metrologia: distantzia, monetak eta kronologia

aldatu

Geldiak ziren Erdi Aroko bidaiak, segurtasun gutxikoak eta deserosoak: lurreko lokomozio-modu tradizionala mando sufritua izaten zen beti (basamortuan, gamelu ordezkaezina) eta itsasoko nahiz ibaiko ibilbideetan, itsasontziak. Abiadurak, une hartako ahalbide fisiko eta teknikoek mugaturikoak, oso murritzak ziren eta horien eransgarri: itsaslapurren eta bidelapurren erasoak, abagune geopolitiko aldakorrak, eguraldiaren gogortasuna eta bideen egoera kaskarra, zeharbideak egitera behartzen ez zutenean, bidaia bertan behera utzarazten zutenak. Kasurik onenetan eta baldintzak aldekoak zirenetan, bidazti oso bizkor batek lurretik 60 km egin zitzakeen egunean.