Euskal antzerti eta zinea/Aitzindariak

EUSKAL ZINEMAREN AITZINDARIAK. Gutxieneko euskarri ekonomikorik gabe eta ekoizpen eta banaketa egitura are urriago batez, hogeiko hamarkadako euskal zinema zenbait pertsona ekintzaile eta burugabe samarren eta sen handiko film zale grinatsu batzuen abentura izan zen, eta, talenturik falta ez zuten arren, azkenean beren abenturan porrot egin zuten.

Hasieran

aldatu

Lehenengo emanaldiak

aldatu

Haur Errugabeen Egunean, 1895ean, Parisko Boulevard des Capucines-ko Grand Café an eskaini zen zinematografoaren lehenengo emanaldi publikoa. Zazpi hilabeteren buruan, Lumière anaien asmakizuna Euskal Herrira heldu zen.

Frantzia eta Europako goiko klaseak udaldia igarotzeko begiko lekua zuen Biarritz hiri fin eta kosmopolitan, 1896ko abuztuaren 1ean, Lumière bildumako zenbait film ikusi ahal izan ziren, eta tartean euskal paisaiak, hala nola Le rocher de la Vièrge filman jasotako Lapurdiko herri horretakoak eta errege-erreginaren familia udaldia igarotzera heldu zenean Donostian filmatutakoak. Hurrengo asteetan zinematografoak harri eta zur utzi zituen ikusleak Donostian (abuztuak 6an), Bilbon (abuztuak 8an), Iruñean (urriak 24an) eta Gasteizen (azaroak 1ean).

Lehenengo filmak

aldatu

Azken ikerketa historikoen arabera, euskal zinearen erabateko aitzindariak Antonio Salinas argazkilari gasteiztarra eta haren kide Eduardo de Lucas izan ziren. Pertsona horiek beren aurrezki guztiak Lumière kamera bat erosten xahutu zituzten, eta kamera horrekin 1897an Gasteizko Plaza Zaharraren bistak hartu zituzten –gaur egungo Andre Maria Zuriaren Plazan. Irudi haiek ekainaren hasierako hamabi egunen barruan hartu baziren eta, itxura guztien arabera, hala izan zen, estatuko zinemagintzako zaharrenak lirateke, zeren eta “Salida de Misa de 12 en el Pilar de Zaragoza” mitikoa 1897ko urriaren 12an filmatu baitzen, eta Coruñan filmatutako “El Entierro del General Sanchez Bregua”, berriz, ekainaren 20koa da.

Tamalez, hasierako bulkada horrek –euskaldunek zinematografoaren asmatzailearekin zuten harreman hertsiaren ondorioa– ez zuen nahi adinako jarraipena izan, eta zinema mutuak Euskal Herrian ekarpen urri eta kalitate eskasekoa utzi zuen. Izan ere, gure herrian ez zegoen ekoizle garrantzitsurik, gertakari benetan penagarria, kontuan izanik garai hartan industria loraldi betean zegoela, batez ere Bizkaian, eta inbertsio berrietarako ez zela dirurik falta. Zinematografia euskal lurraldean errotzea eragotzi zuen bigarren faktorea entretenimendu mota horren eskari handia eragiteko populazio handiko hiririk ez edukitzea izan zen, J.M. Unsain historialariaren esanetan.

Lehenengo filmak

aldatu

Horren ondorioz, sortzaile atzerritarrek egin zituzten gure herriari buruzko lehenengo filmak, 1913ko Louis Feuilladeren Un drame au Pays Basque kasu, eta zinema mutuan ospetsu bihurtu ziren profesionalak hiriburuetan jardun zuten, horren adibide direlarik Harry D’Abbadie Chaplinen zuzendari-laguntzaile eta, Fritz Langen hitzetan, “zinemaren historia osoko film xoragarrienetako batzuen egilea”, edo Henry Roussell zuzendari eta antzezle baionarra, gerra arteko Frantziako zinemaren izarra.

Eroak eta dirudunak

aldatu

Gutxieneko euskarri ekonomikorik gabe eta ekoizpen- eta banaketa-egitura are urriago batez, hogeiko hamarkadako euskal zinema, zenbait pertsona ekintzaile burugabe samarren eta sen handiko zine-zale grinatsu batzuen abentura izan zen, eta, talenturik falta ez zuten arren, finean beren abenturan porrot egin zuten.

“Ideia ugari zegoen, baina jendeak ero ameslaritzat hartzen gintuen eta, hortaz, falta zitzaiguna babes ekonomikoa zen. Zinemara iraultza ekar genezakeen” esan zuen, hainbat urte geroago, Teófilo Mingueza arabarrak, Josetxu amaitu gabearen egileak, txirrindularitzako izar, argazkilari, irratiko telegrafista zenak. Gasteizko zinema batean operadore izan zen nobelako pertsonaia, zeinak bi objektiboko kamera batez hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran erliebeko zine-sistema bat asmatzeaz gain, bista panoramiko ikusgarriak hartzeko angelu handiko kamera bat ere bazuen.

Ez da harritzekoa, beraz, filmak alaitsu eta arin egiteari ekin zion lehenengo pertsona “ero ameslari” bat ez izatea, baizik eta diru arazorik ez zuen pertsonaia bat: Manuel Intxausti kultur mezenasa. Zinemak herrien oroimenaren artxibo moduan eskaintzen zituen aukerez jabeturik, 1923 eta 1928 bitartean zenbait dokumental antropologiko filmatu zituen, Eusko Ikusgayak izenpean, gure herriko folklorearen eta usadioen alderdi nagusiak jasoz. Horrenbestez, Intxaustik ordura arte Estatuan ezezaguna zen genero bat estreinatu zuen: zinema etnografikoa.

Hispania Film (1923-1925)

aldatu

Intxaustiren ekimen pertsonalaz landa, Euskal Herrian helburu komertzialez ezarritako filmen lehenengo ekoizpen-enpresa izan zen Hispania Film, 1923an Bilbon bizialdi laburreko zinema-akademia baten errautsetatik sortua. Enpresa Alejandro Olabarria erlojugileak eta Aureliano González argazki-enpresariak, dramarako zuen zaletasunagatik Shylock esaten zitzaionak (Shakespeareren pertsonaia ospetsua, Veneziako merkataria antzezlaneko judu aberatsa), jarri zuten martxan.

Hispania Film ek 1923 eta 1925 bitartean lau film ekoitzi zituen, Un drama de Bilbao izeneko metraje ertaineko filmarekin hasita. Filmaren gaiak ekintza eta melodrama uztartzen zituen: Ricardo izeneko gazte dirudun batek bere ama larri dagoela jakin zuen eta ziztu bizian beragana jo zuen; ez zekien Malaentraña bidelapurrak prestatutako amarru bat zela. Honek Kastrejanako gainean gaztea tirokatu zuen, gaizkideak txoferra erasotzen duen bitartean. Txoferrak ihes egitea lortu eta poliziarengana jo zuen eta honek Malaentraña agudo atxilotu eta gaizkidea hesitu zuen, eta azken hau Nerbioi ibaian itota hil zen. Ricardo ere hil egin zen, bere maitearen besoetan.

Hispania Film-en bigarren filma, 1924ko Lolita la huérfana, itxura batean Shylockek baino ez zuen egin, Olabarria bere kide ohiaren gidoiaz. Aita amatzakoek gaizki tratatutako neska-umezurtz behartsu bat Bilboko kaian atrakatutako merkantzia-ontzi batean gorde zen; alabaina, ezkutuko bidaiaria aurkitu egin zuten, kapitaina neskatoaz gupidatu eta bere istorio tristea konta diezaiola erregutzen dio. Flash backaren amaieran, marinelak, hunkituta, zorigaiztoko Lolitari etorkizun oparoa segurtatu zion.

Euskal zinemaren historiako lehen film luzea, Edurne, modista bilbaína, 1924ko abenduaren 29an estreinatu zen, Bilboko Olimpia zineman. Hispania Film en hirugarren ekoizpen horretarako, Aurelianok bazkidetzat hartu zuen Telesforo Gil del Espinar, La Gaceta del Norte egunkariko zinema kronikak argitaratzen zituen posta-funtzionarioa. Honek gidoia idatzi eta filma zuzendu zuen, Aureliano gerente lanetan aritu zelarik. Helburua zen filmean “Euskal Herriko eraikin bikain, fabrika, meatze eta abar guztiak” agertzea, berori herrialde orotara hedatzeko estrategia gisa, aurreko ekoizpenak ez baitziren Bilbotik kanpo erakutsi.

Istorioa lañoa bazen ere, eta eszenaratzea apala, Edurneren ekarpenik handiena orduan nagusi zen zinemaren aurrean –ijito eta sastaden “españoladak”–, eta tokiko nazionalismoaren aldean, bestelako bide bat agertzea izan zen, arazo sozial ugariko Euskal Herri hiritar eta industrial bat islatuz.

 
Edurne filma

Edurne, modista bilbainak arrakasta itzela izan zuen, gure zinemaren lehen arrakasta, eta hilabete batzuen buruan 7.600 pezetako hasierako inbertsioa bostez biderkatu zen. Horrek ez zuen, ordea, 1925ean Hispania Film desagertzerik eragotzi, Aureliano González fundatzaileak zeluloidearen azken metroak euskal zinemaren lehenengo komedia filmatzen xahutu ondoren: Atanasio en busca de novia, “euskal lurrean egin den film fantasmagoriko eta anarkistena”, A. López Etxebarrietaren hitzetan.

Estudios Azcona (1925-1930)

aldatu

Hispania Film i Barakaldon kokatutako Estudios Azcona ekoizpen-etxea jarraitu zitzaion. Mauro eta Víctor Azkona argazkilariei zor dizkiegu Bizkaiari buruzko dokumental-sorta eder bat eta Espainiako zinemagintzaren lehenengo metraje laburreko publizitate filmak –Los apuros de Octavio (1926) eta Jipi y Tilín (1927), esaterako.

El mayorazgo de Basterretxe filmaz euskal zine mutuak kalitate-mailan goia jo zuen 1928an. Film luzearen bereizgarri nagusia Euskal Herri tradizionala birsortzeko arreta formala da, garaiko publizitateak zioen bezala:

“Joan den mendeko euskal usadio xume eta patriarkalak zehazki deskribatzen dira. Baserriarekiko maitasuna. Itsasoarekiko jaidura. Amodio eztiak. Zekenkeria eta zitalkeriaren aurka”.

Hau industrializazio aurreko mundu ia ametsezko bat da, Josetxu, Mirentxu edo Txomin izeneko baserritar zintzo eta langileek populatua, eta horien aurka azpijokoan aritu ziren, besteak beste, Timoteo Castell, Paquito edo Lagarto burgesak, zoriontasuna zapuzteko ahaleginean, porrot egingo duten saldukeria makurren egile. El mayorazgo de Basterretxe filmak geroko euskal zinema historikoan topiko bihurtuko zen eredu bat taxutu zuen.

Azkona anaien zoritxarrerako, zinema soinuduna heltzearekin zapuztu egin zen filma Madrilen eskaintzeko aukera, eta ezin izan zuten inbertsioa, 40.000 pezeta ingurukoa, osorik berreskuratu.

Hogeita hamarreko hamarkada

aldatu

Hala, 1929ko crackaren ondoriozko krisi ekonomikoak, Errepublika eta Gerra Zibilaren garaiko aztoramen politikoak eta, gainera, zinema soinuduna filmatzeak eskatzen zuen inbertsio handiagoak egoki azaltzen dute, hogeita hamarreko hamarkadan Zazpigarren Arteak gurean izan zuen gainbehera. Lanik onenak gatazka politikoaren zerbitzura egin ziren, itzelezko garapena ezagutu zuen dokumentalen generoan. Espainian ekoitziriko propaganda ideologikoko lehenengo film luzeko dokumentalaren egilea Teodoro Ernandorena izan zen. Filma 1933koa da, eta Euzkadi du izena. 1936ko altxamendua baino apur bat lehenago estreinatutako Trotz Tichahuer alemaniarraren Sinfonía Vasca metraje laburreko filmak joera ideologiko bera agertzen zuen.

Alabaina, hamarkada horretan euskal dokumentalik onena Nemesio Sobrevila arkitekto eta zinegile bilbotarraren Guernika (sic) da. Gerra betean, Sobrevilak –ordurako film esperimentalen egilea– “Espainiako gerra zibilari buruz diren irudi eder eta patetikoenetako batzuk” (J.M. Unsain) filmatu zituen. Artelan hori egiteagatik, erregimen frankistak Sobrevilari heriotza zigorra ezarri zion, eta horregatik Frantziatik egotzia izan zen.

Guernika filmaren ekoizpenean Eusko Jaurlaritzak parte hartu zuelako susmoa dago, nola ez badakigu ere. Euskadiko lehenengo gobernuak zinematografia sailik izan ez zuen arren, jakina da Propaganda Zerbitzuak Gerra Zibil betean dokumentalak ekoitzi zituela: Semana Santa en Bilbao, eta Entierro del benemérito sacerdote vasco Jose Maria Korta Uribarren muerto en el frente de Asturias (1937koak).

Euskal Herrian egindako zinemaren historiaren sarrera honetan gogoratu behar da euskara lehenengoz pantailan 1930eko Au Pays des Basques filmean entzun zela; film hori izan zen, gainera, kanpoan filmatutako Frantziako aurreneko film soinuduna.