EGILEEK EUSKAL ANTZERKIAN DUTEN LEKUA antzerkiak berak azken hamarkadetan eman dien garrantziaren araberakoa da. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, eta laurogeiko hamarkadaren zati handi batean, halaber, egiten ziren muntaketek joera handiagoa agertzen zuten taldeko sorkuntzarako, edo egilea bere borondatez geratzen zen itzalean, taldeko lanari lehentasuna emanda, estatuan gertatu ohi zen bezala.

Eskarmentu handikoak aldatu

Alabaina, hori gertatu aurretik bazen jada egile garrantzitsurik, Jose Maria Bellido (1922-1992) kasu, berrogeiko hamarkadaz geroztik umorea eta tragedia uztartzen asmatu zuen egilea, besteak beste, El hombre que se fue (1949), El Baile (1951) edo Fútbol (1963) lanetan. Azkenaldian antzerki komertzialago bat idatzi zuen, Milagro en Londres (1972) arrakastarik handieneko antzezlanekin.

Gabriel Celaya (1911-1991) poetak antzerkigintza ere jorratu zuen, ikuspegi poetiko batez beti. El relevo, bere lanik ezagunena, euskal antzerkiarentzat kasik oharkabean eta itzalean egon zen, harik eta laurogeiko hamarkadan Bederen 1 konpainia gipuzkoarrak bikain eszenaratu zuen arte.

Rafael Mendizabal (1940) eta Juan Jose Artetxe Donostian jaio eta Madrilen bizi diren eskarmentu handiko bi antzerkigile dira. Antzerki komertzial eta formalki konbentzional samarra egiten dute. Artetxek, halaber, Londres, Paris edo New Yorkeko eszenatokietan arrakasta izan ostean hemen erakarmen-indar handiko antzezleekin, besteak beste, Pedro Osinaga edo Arturo Fernándezekin taularatzen diren komedia ugari itzuli eta moldatu ditu.

Helduak aldatu

Gaztelaniaz idatzitako euskal antzerkigintzan bada 40ko eta 50eko hamarkadetan jaiotako egile-belaunaldi bat, Ignacio Amestoi (1947) buru duena, lan gehien estreinatu eta bere testuen moldaketetan zorte handienetakoa. Adibidez, Geroa eta Teatro Gasteiz taldeek eszenaratu dituzte bere Gernika, un grito, 1937; Pasionaria, no pasarán; Betizu, toro rojo; edo Doña Elvira, imagínate Euskadi. Egile honen antzerkian kezka etengabea da Euskadiko egoera sozial eta politikoa, beste hainbatek saihestu ohi duena.

Fernando Savater (1947), aldiz, ez da antzerkigileen artean hain ezaguna. Diskurtso-tonu literario batez idatzi eta estreinatu ditu zenbait antzezlan, hala nola Juliano de Eleusis (1981), Vente a Sinapia (1983), El último desembarco (1987), Catón, un republicano contra César (1997) eta Guerreo en casa (1992).

David Barbero eta Francisco Xabier Diez Gil Conde Euskal Herritik kanpo, hurrenez hurren Gaztelan eta Galizian, jaiotako bi egile dira. Alabaina, Euskadin urte asko eman ondoren zalantzarik gabe euskal antzerkigintzaren baitakoak dira.

Aipatu lehen egileak, ofizioz kazetaria denak, estreinaldiak baino gehiago du testuak eta sariak. Honen lan batzuk dira Un hombre muy enamorado, La vida imposible de Marilyn edo Gambito de dama.

Xabier Gil (1953) institutuko irakasleak ere lan dezente egin du, berak komedia ankerra deitzen duen genero berriaren barruan. Esaterako, Rosa del jardín prohibido, Sueños de identidad edo La tierra movida bajo los pies testuen bereizgarrietako batzuk dira ironia, surrealismoa eta beti amildegiaren ertzean dauden pertsonaiak edukitzea.

Gazteak aldatu

Egile gazteenen artean nabarmendu behar da Xabi Puerta (1959), antzezlanekin batera zine eta telebistarako gidoiak egiten baititu. Geroa, Eolo eta beste taldeetan aritu eta beraientzat zenbait lan sortu ondoren, adibidez Dulce puta edo La piel prestada, azkenaldian Perros de la lluvia eta Gilen Tellen mitoaren ikuskera berezi bat idatzi ditu.

Ortiz de Gondra (1965) gehientsuen antzeztu eta saritutako egile bat da. Madrilen lan egin izan du, eta euskal antzerki-sorkuntzarekin harreman eskasa izan du. Dedos, Centro Dramático Nacional delakoan estreinatua, Espainian eta kanpoan gehien antzeztutako funtzioetako bat da.

Bestalde, Roberto Herrero (1960) kazetari eta antzerki kritikariak bi testu eder argitaratu zituen: Los abrazos perdidos eta Como todos los martes. Lehenengoan, Eolok 1997an estreinatuak, ETAren existentzia eta honek euskal gizartean eragiten duen nonahiko indarkeria zuzenean jorratzen ditu.

Emakumeek egindako antzerkia apurra izan da duela gutxi arte, hala ere, indarra hartzen ari da Garbiñe Losada eta zenbait egilerekin. Honek, Ados Teatroan zenbait lan estreinatu ditu bere taldearekin, Desperrados eta El amigo de John Wayne kasu.

Maite Agirre (1955) antzezle eta zuzendari da La baladilla de San Sebastián, Bilbao, Lauaxeta, tiros y besos, Y María, tres veces amapola, María –Maria de la O Lejarraga errepublikarra, antzerkigile eta feministari buruzkoa– antzezlanen egilea.

Teresa Calo (1955) antzezleak idatziz zituen Mentiras eta Entre líneas lanak.

Zerrenda labur hau ez dugu itxiko Edurne Rodríguez (1964) aipatu gabe, tamalez jada zendua. Legaleón konpainiako kide izan zen, eta bertan antzezle lanak egiteaz gain, taldeak ekoitzi zituen antzezlanetako batzuk idatzi zituen, hala nola Mujeres al rojo vivo.