Euskal antzerti eta zinea/Ekoizleak
EKOIZLEAREN IRUDIA, sarritan ikus entzunezko negozioan soilik diru kontuei lotua ikusten da, Espainiako zinemaren kasuan ahalmen sortzaile izugarria duen gizon batek definizio berria eman eta duindu egin zuen: Elias Kerexeta. Ekoizpenaren maisu honen urratsei jarraiki heldu dira beste hainbat profesional, azken hamarkadetako euskal zinemaren euskarri izan direnak: Angel Amigo, Luis Goia, José Mª Lara, Iñaki Núñez, Iñigo Silva.
Elias Kerexeta
aldatuEspainiako zinemak izan duen ekoizle garrantzitsuena Hernanin jaio zen, 1934ko urriaren 26an. Gaztaroko grinak kirol jarduerara bideratu zuen, eta hainbesteko arrakasta izan zuen non 18 urterekin Lehen mailan jokatzen hasi zen, Real Sociedad futbol-taldearekin; sei urte geroago jokatzeari utzi zion, “aspertu” egiten omen zelako. Zuzenbide ikasketak egiten ari zela Antton Ezeiza ezagutu, eta zinemaren abenturari batera ekin zioten, hasieran San Sebastián eta Cantábrico zineklubetan animatzaile moduan, Zinemaldiaren munduan sartu nahirik, eta, jada Madrilen, 1960az geroztik biek elkarrekin gidoiak idatzi eta zuzenduz, Errealeko zenbait jokalarik jarritako diruaz sorturiko Laponia Films bere lehen ekoizpen etxea bitarteko.
Bikotearen filmografia abian jarri zen A través de San Sebastián film laburrarekin, eta 1963an lehenengo film luzea filmatu zuten, El próximo otoño, Kerexeta ekoizle eta Ezeiza zuzendari zirela.
Elias Kerexeta P.C. 1964an jaio zen, hau da, geroztik berrogeita hamar film baino gehiago ekoitzi duen ekoizpen etxea. Elias Kerexetak berrogei urte hauetan kontatu dituen istorioak formalki kalitate handia eta gure garaiko errealitatean sakontzeko kezka etiko bera dituzte bereizgarri.
Carlos Saura, Jaime Chávarri, Biktor Erice edo Montxo Armendarizen filmografiek oinarrizkoa dute ekoizle saritu hau, berak adierazten baitu ez dela film horien egilea, baina bai beroriek gauzatzearen arduraduna “obra zuzendariarena da, baina produktua ekoizlearena”, esan zuen hernaniarrak laburbilduz.
Angel Amigo
aldatuErrenterian 1952an jaiotako ekoizle honen curriculumean denetarik dago: fikziozko filmak, dokumentalak, ikus entzunezko kazetaritza-lanak eta telesailak. Halabeharrez hasi zen, Imanol Uribek Operación Apache bere liburu autobiografikoa gidoi bihur zezan eskatu zionean, finean Segoviako ihesa deritzona. Garai hartan Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zituen zinemarako lehen ditu-laguntzak, eta laguntza horiekin egin ahal izan zen film hura.
Ondoren etorri ziren Albaniako konkista, Lauaxeta eta Ander eta Yul –Ana Díezek zuzendua, 1990ean Zuzendari Berri Onenaren Goya saria irabazi zuena–, El sol del membrillo, Maité….
Telebistan, Igeldo Komunikazioa ekoizpen-etxea lan arrakastatsuen arduraduna izan da, besteak beste, Bi eta Bat edo Jaun eta Jabe.
Azken urteotan Kuba, Mexiko, Kolonbia, Portugal, Frantzia eta beste herrialde batzuetako enpresekin zenbait film koproduzitu ditu.
San Antonio de los Bañosko (Kuba) Zinema Eskolan dokumental ekoizpeneko irakaslea da 1998az geroztik Amigo, nahiz eta, aitortzen duen moduan, “ni ez naiz edozein eskolara joan eta, egia esateko, ez dut uste honetarako eskolarik dagoenik. Askotan ofizio hau kazetariarenarekin alderatzen dut, bai, eskolak eta unibertsitateak badira, baina egiaz lanean ikasten da, gauzak nola eta noiz egin behar diren konturatzen zarenean”.
Amigoren hitzetan, istorio bat, eta ez beste edozein, kontatzera eramaten zaituena jakin mina da. Bere film guztiak dira “helarazi nahi ditudan istorioak, nire iritziz interesgarriak direlako”.
Iñaki Nuñez
aldatu1953an Gasteizen jaioa, Iñaki Núñezek arkitektura utzi eta zinema hartu zuen. Ikasketak Madrilen egin eta haurrentzat filmak egin ondoren, 1976an Araba Films ekoizpen- eta banaketa-etxea sortu zuen.
Jarraian, 1977an Estado de excepción estreinatu zuen, film ahaztezina, bere zinema aldetiko balioagatik baino –baliorik baduen arren–, filmaketa eta emanaldiaren inguruan bildu zuen ororengatik. Terrorismoaren apologia egiteagatik eta agintaritza iraintzeagatik zenbait aste kartzelan eman ondoren, filmak Oberhaussengo Jaialdian, Alemanian, Kritikaren Saria lortu zuen. Jose Maria Unsainek El cine y los vascos liburuan adierazten duen moduan, “Estado de excepciónek demokrazia aurreko aldian Espainiako zentsuraren mugak agertzearen bertutea izan zuen, eta Iñaki Núñez euskal zuzendaririk ospetsuena bihurtu zuen”.
Film laburren zuzendaria izateaz batera, Núñezek zuzendarien lanak ekoitzi zituen, esaterako, López Arroyabe eta Francisco Avinza-renak.
Laurogeiko hamarkadan zinema-banaketaren aldera egin zuen, zinema aretoen sare bat sortuta: Mikeldi zinemak Gasteiz eta Bilbon, eta Conde Duque zinemak Madrilen.
Hamabost urtez lantegi horretatik urrun egon ostean, ostera ekoizpenari ekin zion 1998an, La novena puerta lanarekin, Roman Polanskik zuzendutako koekoizpen handinahia, Arturo Pérez Reverteren El Club Dumas nobelan oinarriturikoa, eta segidan Richard Dreyfuss protagonista zuen El viejo que leía novelas de amor eta Ibarretxe anaien Sabotage! burugabea etorri ziren.
Edourd, Bernard, François eta Michel Harispuru
aldatuFrantziako zineman, Harispurutarrek ekoizle-familia ospetsu bat dira, 1890ean Iparraldean jaiotako Edouard aitagandik hasita. Hura 1919az geroztik ikus entzunezko industrian sartu zen eta 1936 eta 1956 bitartean ekoizle-ibilbide bikaina moldatu zuen.
Sacha Guitry apartarentzat Le Destin fabuleux de Desiré Clery ekoitzi zuen 1941ean, eta hurrengo hamarkadan Luis Marianok pantaila handian lortutako arrakasta handietan parte hartu zuen, Andalusie eta La belle de Cadix lanetan.
Bernard, Michel eta Francois Harispuru aitarekin hasi ziren. Azken hau 1951an Max Ophülsen Le Plaisir maisulanaren ekoizlea izan zen, sketch tankerako antologia zoragarria, Jean Gabin eta Frantziako zinemaren orduko izar guztiak bildu zituena.
Iñigo Silva
aldatuHirurogeita hamarreko hamarkada hasieran, Iñigo Silvak (Gasteiz, 1951), zinema munduan Iruñeko Louis Lumiére Zineklubaren animatzaile ezagunak, Emergencia P.C. ekoizpen etxea sortu zuen, dokumental laburretan espezializaturik: Tabú, Sanfermines, Teatro en la calle, El poblado de Santa Lucía eta Irrintzi. Azken hori Mirentxu Loiartek zuzendu, Xabier Agirresarobek fotografiak egin eta Fernando Larruquertek muntatutako intentsitate handiko obra da.
Montxo Armendariz izeneko hasiberri baten lehen esperientziak bultzatu zituen, 1979 eta 1980ean, Barregarriaren Dantza eta Ikusmena.
Iñigo Silva ekoizle ausart agertu zen 1992ra arte, film labur esperimentaletan Gerardo Armestoren Kubo batentzako maskarak eta Zurubiaren kontzertua lanekin eta dokumentaletan Orreaga, Oinkadak denboran II, biak berak zuzenduak.
Aipatu urtetik aurrera heldu zion animazioari, Episa ekoizpen-etxearen bidez. Aurrena Ipar haizearen erronka filmarekin eta bigarren Ipar haizearen itzulerarekin, nazioarteko eta estatu mailako sari ugari lortu ditu, 1995eko Animazioko Film Onenaren Goya saria barne, 1998an Qué vecinos tan animalesekin ostera irabaziko zuena.
Gaur egun, egoitza Extremaduran duen Extra ekoizpen-etxearen buru den Silva berriro ere 2002ko Goya sarien finalera heldu da, bere azken ekoizpenarekin: La leyenda del unicornio.
Jose Maria Lara
aldatu“Jose Maria Lara (Madril, 1948) Nafarroako Foru Erkidegoan, ekoizpenaren alorrean zinema-sorkuntzako bultzatzaile nagusi bihurtu da”, bere herrikide Carlos Roldán historialariaren esanetan.
Borroka politikoari hainbat urte eman ondoren, Alemania Josemari Lara argazki-injinerutzan lizentziatu zen. Laurogeiko hamarkadaren erdialdeaz geroztik zineman jardun da, fotografia, kamera eta argazki finkoko laguntzaile, zuzendari askorekin lan eginez, hala nola Imanol Uribe, Alfonso Ungría, Xabier Agirre, Ernesto del Río, José Antonio Zorrilla, Ana Díez, Jose Mª Tuduri eta Biktor Erice).
zinemagile hasiberrien film laburrak ekoizteari ekin zion 1987an, eta geroago egin zuen jauzia film luzera. Iruñeko Jose Maria Lara P.C. ekoizpen-etxeak Helena Taberna, Arantxa Lazkano, Ramon Barea, Daniel Kalparsoro edo La Cuadrillaren lanak finantzatu ditu.
Luis Goya
aldatuJaizkibel ekoizpen-etxeko buru, Luis Goia (Lezo, 1951) Euskal Herrian animazioko filmen ekoizpenean aitzindari da.
Fernando Amezketarra eta Kukubiltxo lanekin hasi zen 1981ean, eta Kalabaza Tripontzia filmaz film luzera aldatu; hiru filmon zuzendaria Juanba Berasategi izan zen. Aipatu azken lanak lortu zuen 1985eko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Ohorezko Aipamena, eta Kultura Ministerioak “Especial Calidad, Especial Interés Cinematográfico y Especial para la Infancia” izendatu zuen.
Animazioarekin jarraituz, 1987an, Astakiloen abenturak eta kalenturak saila egin zuen.
Bi urte geroago, Trenbideko Filmeak etxearekin ekoitzi zuen Antton Ezeizaren Ke arteko egunak/ Días de humo film luzea, Donostiako Zinemaldian Donostia Saria irabazi zuena.
Euskal zineman ekoitzi dituen azken lanak izan dira Koldo Izagirreren Off-eko maitasuna/Amor en off eta Joseba Salegiren Ione, sube al cielo.