Euskal antzerti eta zinea/Euskal Herria pantailan

EUSKAL GIZARTEAREN AZTORAMENA ETA KONTRAESANAK; krisi politiko, sozial eta etikoak; historian zehar, gehiegitan tragediaz zipriztinduriko borroka ideologikoak; kultur gatazkak... Euskal zinemak premia larria du inguruan dugun errealitatea islatzeko, fikzioaren bidez kolektibo moduan gertatzen zaiguna azaltzeko. Filmek pantailan jartzen dute Euskal Herria.

Euskal Herri-musika (1978). 64’

aldatu

Prod.: Lankor Lamia. Zuz.: Fernando Larruquert. Gid.: Fernando Larruquert, José Angel Rebolledo, Xabier Agirresarobe.

Euskal Herri Musika Bizkaiko Bankuak finantzaturiko euskal kulturari buruzko dokumentalen proiektu itzel baten lehen emanaldia izateko diseinatu zen.

Filmak euskal musika herrikoia laburbiltzen du, eta bertako musika egiturekin formalki esperimentatzen. Jorge Oteizak adierazi zuen bezala, film horretan “kamerak euskaraz kantatzen du”.

Larruquert Rebolledo Agirresarobe hirukotearen saio ausartak ez zuen jarraipenik izan, baina testigantza etnografiko eta artistiko baliotsu bat geratu zaigu.

Siete calles (1981). 84’

aldatu

Prod.: Lan Zinema. Zuz. eta Gid.: Juan Ortuoste, Xabier Rebollo. Antzez.: Enrique San Francisco, Antonio Resines, Patricia Adriani, Fernando Vivanco, Maribi Bilbao.

Ortuoste eta Rebolloren lehen filmeko protagonista birmoldaketa aurreko urteetako Bilboko paisaia hiritarra da.

Zazpi egunetan, zazpi pertsonaia Bilboko zazpi kaleetatik gora eta behera dabiltza, bakoitza bere ondasun eta maitasunezko ametsak jazarriz. Filmari akats ugari leporatu bide zaizkio, baina bertute formalak eta, euskal zinema instituzionalaren ernaldi betean, garaiko eredu politiko eta historikoaz bestelako generoko obra bat egiten ausartu ziren egileen kemena ere aitortu behar zaizkio.

El Pico (1983). 104’

aldatu

Prod.: Opalo Films, Gaurko Filmeak. Zuz.: Eloy de la Iglesia. Gid.: Gonzalo Goikoetxea, Eloy de la Iglesia. Antzez.: José Luis Manzano, Xabier García, José Manuel Cervino, Luis Iriondo, Enrique San Francisco.

El pico Eloy de la Iglesia zarauztarraren euskal produkzio bakanetakoa da (Gaurko Filmeak etxearena). Espainiako zinemaren ia kritika eta inteligentsia osoak gaitzetsia, El pico bere garaiko film arrakastatsuenetako bat izan zen. Arrakastaren formula bi korronte poloren arteko lotura bat gisakoa da, hemen euskal gizartean elkarren etsai amorratuenek irudikatuak: segurtasun indarrak eta mugimendu abertzalea. Elkarrekiko herra agerikoa da. Filmaren sakontasun-asmorik ezari ezin konta ahala xehetasun morboso eta orduko gertakarietarako keinu oportunistak gaineratzen zaizkio.

Mikelen heriotza / La muerte de Mikel (1984). 89’

aldatu

Prod.: Aiete Films. Zuz.: Imanol Uribe. Gid.: Imanol Uribe, José Angel Rebolledo. Antzez.: Imanol Arias, Montserrat Salvador, Fama, Amaia Lasa, Ramon Barea.

Uriberen hitzetan, Mikelen heriotza “intolerantziari buruzko film bat da, Euskadin girotua baina beste edonon egin zatekeena”. Egia, baina egia da, halaber, zuzendari euskal amerikarrak eta berarekin gidoilari lanetan aritutako José Angel Rebolledok laurogeiko hamarkadako euskal gizartearen erretratu doia erdietsi zutela. Giro ito eta itogarri bat, non gehiengoaren ereduari jarraiki bizi ez direnentzat apenas lekurik zegoen.

Mikelen heriotza hamarkada horretako euskal zinemako filmik arrakastatsuena izan zen.

Tasio (1984). 96’

aldatu

Prod.: Elias Kerexeta. Zuz. eta Gid.: Montxo Armendariz. Antzez.: Patxi Bisquert, Amaia Lasa, Nacho Martínez, José Mª Asín, Paco Sagarzazu.

Montxo Armendarizen aurreneko film luzea gizon arrunt baten deskribapen xume, sakon eta hunkigarria da. Pertsonaia nagusia da izadiarekin, belaunaldien errutinarekin eta desagertzear dauden bizitzeko moldeekin dituen harremanei eusten dien basoko langilea. Kontakizunarekiko leial, Armendarizek sekuentziak xume baino inozokeriarik gabe lotzen ditu, eta eszenek, apurka garatu ahala, gizabanakoaren bizitzaren handitasun osoa eta ezerez osoa agertzen dute, Urbasako mendilerroaren edertasun sorgorra lekuko dela. Arnas poetiko eta kaligrafia trebeko lana, bi hamarkada geroago bere dohain guztiak mantentzen ditu.

Golfo de Vizcaya (1985). 90’

aldatu

Prod.: Lan Zinema. Zuz.: Xabier Rebollo. Gid.: Joaquín Jorda, Santiago González, Juan Ortuoste, Xabier Rebollo. Antzez.: Omero Antonutti, Silvia Munt, Amaia Lasa, Patxi Bisquert, Mario Pardo.

Laurogeiko hamarkadako egoera soziopolitikotik edanez (ETA eta GAL, poli-milien birgizarteratzea, krisi politikoa, industria-birmoldaketa...) Rebollo-Ortuoste bikoteak zinema beltzaren tradizio barruko film bat egin zuen, Golfo de Vizcaya. Korapiloak alderdi interesagarriak zituen, baina gidoilariek ez zuten osagai guztiak bateratzea lortu, eta, horri antzezleen hautaketan okerra eta eszenaratze eskasa gaineratu zitzaizkiolarik, filmak porrot egin zuen. Bilbo hiriaren lekuko ia arkeologiko gisa, Guggenheim aurreko 12 urtean, bitxia gertatzen da.

27 ordu / 27 horas (1986). 90’

aldatu

Prod.: Elias Kerexeta. Zuz.: Montxo Armendariz. Gid.: Elias Kerexeta, Montxo Armendariz. Antzez.: Martxelo Rubio, Maribel Verdú, Jon Donosti, André Falcon, Antonio Banderas.

Altzairu koloreko zeru baten pean, Agirresarobek Donostia malenkoniatsu eta sarria argazkietara ekarri zuen, non bizitzan kale egitera etsitako gazte talde baten bizialdiko 27 ordu erabakigarrienak igarotzen baitira.

Zenbait kritikarik “drogazaleei buruzko filma” zela zeritzon, Kerexeta eta Armendarizek heroinaz bere burua suntsitzen duen gazteriaren inguruko bilbe bat moldatzeko tresna dramatikoa baino ez zenean; bederatzi urte geroago zuzendari nafarrak gai berari heldu zion, irizpide askoz erradikalagoez).

Filmean Antonio Banderas gazte samar bat eta lehen filma zuen Maribel Verdú agertzen dira, Martxelo Rubio eta Jon Donosti izeneko antzezle ezezagun bikain baten aldamenean.

Kareletik / Por la borda (1987). 90’

aldatu

Prod.: Irati Filmak. Zuz. eta Gid.: Anjel Lertxundi. Antzez.: Patxi Bisquert, Mario Pardo, Luis Iriondo, Felipe Barandiaran, Mikel Garmendia.

Anjel Lertxundi idazlea kameren atzean jarri zen Hamaseigarrenean aidanez bere nobela moldatzeko, eta segidan idatzi zuen itsasoari buruzko gidoi original bat, 1987an zuzendu zuena. Orio bere jaioterrian jazotako egiazko gertakari bat abiapuntu harturik, Lertxundik euskal gizartearen baztertze mekanismoetan eta eguneroko biolentzian sakontzen du, bere lehen filmean ere agertzen ziren osagaietan.

Kareletik-Por la borda filmaren dohainik aipagarrienak antzezleen lana (Mikel Garmendiak, Balantxas ahaztezina, Cartagenako Jaialdian interpretazio saria irabazi zuen) eta marinelen bizimodua deskribatzen da.

Gran Sol (1987). 90’

aldatu

Prod.: Centre Promotor de la Imatge, Irati Filmak, Lauren Films, Mare Nostrum Produccions, Productora Catalana de Televideo. Zuz. eta Gid.: Ferrán Llagostera, Ignacio Aldecoaren izen bereko nobelan oinarritua. Antzez.: Carlos Lucena, Luis Iriondo, Paco Sagarzazu, Agustín González, Patxi Bisquert.

Itsasgizonen bizimodua euskal zinemako zenbait filmen gai nagusia izan da: Bandera negra, Kareletik-Por la borda, Terranova, eta Gran Sol. Ignacio Aldecoaren liburu ederrean oinarritutako azken film honetan, sinesgarritasunez filmaturikoa, ur handitako arrantzontzi bateko zereginak eta eguneroko bizitza bikain islatzen dira.

Antzezpen onak badira, hala nola Luis Iriondorena kapitain moduan eta Carlos Lucenarena arrantzale liskargilearena egiten.

Offeko maitasuna / Amor en off (1992). 81’

aldatu

Prod.: Trenbideko Filmeak. Zuz.: Koldo Izagirre. Gid.: Usoa Urbieta, Koldo Izagirre. Antzez.: Mónica Molina, Patxi Bisquert, Fernando Guillén Cuervo, Klara Badiola, Jose Ramon Soroiz.

Euskal zineak bere bizialdi laburrean jasan duen eztabaida handienetako bat Luis Goyak ekotziriko film horrek sortu zuen, zeren eta preso politiko baten, honen andregaiaren eta ezinbesteko hirugarren baten arteko maitasun triangelua kontatzen baita.

Muturreko zenbait sektore politikok filmak jarrera fundamentalistak –haientzat hain urrunak ez zirenak– salatzen zituela ulertu zuten, eta estreinaldia baino lehenagotik filmaren aurkako kanpaina bat antolatu zuten. Eztabaidak eztabaida, Izagirreren filmak merezi du grinarik gabe berriro ikustea.

Urte ilunak / Los años oscuros (1993). 87’

aldatu

Prod.: José María Lara, Euskal Media. Zuz. eta Gid.: Arantxa Lazkano. Antzez.: Eder Amilibia, Garazi Elorza, Klara Badiola, Carlos Panera, Amaia Basurto.

Arantxa Lazkano zarauztarrak metraje luzeko film bakarra egin du, ikusiak ikusita aukera berri bat mereziko lukeen arren. Urte ilunak film dotorea da, sentikortasunaren hariez ehuna eta iradokizun interesgarriz betea. Lazkanok haurrak zuzentzeko erronka trebe gainditu du, eta gerraosteko urte ilunetan Euskal Herriko herri bateko bizitzaren deskribapen sinesgarri bat eskaini digu.

Días contados (1994). 93’

aldatu

Prod.: Aiete Films, Ariane Films. Zuz. eta Gid.: Imanol Uribe, Juan Madriden izen bereko nobelan oinarritua. Antzez.: Carmelo Gómez, Ruth Gabriel, Candela Peña, Karra Elejalde, Elvira Mínguez.

ETAko kide bat, Madril komando-burua maitemintzen da, berarengan grina oinarrizkoenak pizten dituen neska batez, droga eta prostituzioaren azpimunduan nahasita dagoen neska batez. Militante zailduak krisialdi bat bizitu du, eta akats larriak egiten hasi. Planteamendu interesgarria da, Uribek korapiloa maisutasunez gidatu zuen eta Carmelo Gómez eta Ruth Gabrielek interpretazio onak eskaini dizkigute. Filmak Donostiako Zinemaldiko film onenaren Urrezko Maskorra eta zortzi Goya sari irabazi zituen.

Salto al vacío (1995). 86’

aldatu

Prod.: Yumping Films, Siurell, Fernando Colomo. Zuz. eta Gid.: Daniel Kalparsoro. Antzez.: Najwa Nimri, Roberto Shalu, Alfredo Villa, Ion Gabella, Karra Elejalde.

Daniel Kalparsosoren aurkezpen bikaina. Zuzendaria artistikoki Estatu Batuetan hezitako gipuzkoar da, laurogeita hamarreko hamarkadan, maletan zinemarako ideia eder ugari zekarzkiela etxera itzuli zen bat. Kalparsororen sorkuntzarako grina Iruñeko Najwa Nimri antzezle gaztearekin topo egitean hezurmamitu zen, bost urtetan lau film irregular baina nortasun handikoak eginez. Salto al vacío arreta erakartzen duen zuzendari baten trebeziaren lehen agerraldia da, eta 1995eko Berlingo Jaialdian harridura eragin zuen. Aurrera begira zuzendari honengandik funts gehiagoko lanak espero ditugu.

Secretos del corazón (1997). 104’

aldatu

Prod.: Aiete Films, Ariane Films, Euskal Media. Zuz. eta Gid.: Montxo Armendariz. Antzez.: Andoni Erburu, Alvaro Nagore, Carmelo Gómez, Charo López, Silvia Munt, Vicky Peña.

Jabi bere izebekin hirian bizi den mutiko bat da. Aste Santuko oporrak heltzean bere ama alargunarekin eta aitonarekin bildu zen, herriko etxetzar zaharrean. Egun gutxitan helduen munduarekin topo egin zuen: familiako sekretu gaiztoak, sexua, heriotza, herra higatuak. Pertsonaiek gaztelaniaz hitz egiten dute, baina euskaraz berdin egin zezaketen: Armendarizek kulturalki gertuko dugun komunitate bat deskribatzen du, euskal herriaren bizitzako zati izan diren tradizioak agertuz. Oscar sarien finalera heldu zen 1998an film zoragarri hau.

Lo mejor de cada casa (2000). 85’

aldatu

Prod.: Alfonso Gazón, Pedro L. Lanza, Alfonso Arandia. Zuz. eta Gid.: Toni Abad. Antzez.: Mario Pardo, Aitor Merino, Azucena de la Fuente, Juan Querol, Maitane Sebastián.

Madrilgo TAI delakoan hezitako Toni Abad telebistako gidoilariaren opera prima honek lekuaren unitatea gordetzen du: Bilboko Doña Kasilda parkea. Ia ordu eta erdiz kamerak eserlekuetan jesarri eta bidexketan ibili ohi diren pertsonak filmatu zituen, eta pertsona bakoitzarengan istorio interesgarri bat aurkitu zuen, finean askotariko istorioak bilduz. Emaitza elkarlotutako film laburren segida baten antzekoa da, eta zuzendari hasiberrien ohiko gaitza agertzen zaio: espazio oso laburrean gauza gehiegi erakutsi nahia.