Euskal antzerti eta zinea/Euskara zineman

Hirurogeiko hamarkadaren hasiera arte kasik ez da euskaraz filmatutako lanik izango. Isilaldi luze hori Parisen erbesteratutako bilbotar batek urratu zuen, metraje laburreko zenbait dokumental eginez. Egoera normalduz joan zen 1975etik aurrera. Gaur egun, euskara osasuntsu agertzen da, batik bat haurrentzako animazioari eta istorioak filmatzeko hizkuntza hori hautatzen duen film laburren zenbait egileri esker.

Maurice Champreux eta Jean Faugeres zinemagileek, 1930ean, euskara mintzatua –eta batik bat kantatua– entzun ahal izateko lehen film soinuduna filmatu zuten: Au Pays des Basques.

Hain goiztiarra izanik ere, gure hizkuntza apenas entzun ahal izan zen Gerra Zibilaren aurreko hamarkadan, eta are gutxiago ondorengoetan. Hala, hirurogeiko hamarkadaren hasiera arte kasik ez zen euskaraz filmatutako lanik izan. Isilaldi luze hori Parisen erbesteratutako delineatzaile bilbotar batek, Gotzon Elorzak, urratu zuen, metraje laburreko zenbait dokumental eginez. Ia klandestinoki filmatutako lanak izan ziren, eta haiekin hizkuntza desagertzeko arriskuaren aurrean garrasi egin nahi izan zuen, aldi berean, ikus-entzunezko euskarriak euskararen hedapenerako eskaintzen zituen ahalbideak agertuz.

Frankismoaren gau luzea amaituta, 1975az geroztik egoera pixkanaka normalduz joan zen. Abiapuntua izan zen urte horretan bertan egindako Arrantzale filma, Anton Merikaretxebarriak zuzendutako dokumentala, Bilboko Unibertsitateko Zineklubeko adiskideen laguntzaz: J.M. Ortuoste, F.J. Rebolledo, J.B. Heinink eta abar.

Bi urte geroago, Juan Migel Gutiérrezek euskaraz egindako haurrentzako fikziozko lehen film luzea zuzendu zuen, Balantzatxoa, Paco Sagarzazuren lan batean oinarriturik.

Jose Julian Bakedanok eta Sotak hizkuntzak elkarrizketen egituraketan eskaintzen zituen ahalbideak agertu zituzten 1980ko Sabino Arana lanean, euskararen artikulazio dramatikoa, Bakedanok berak Oraingoz izen gabe (1986) filmean areagotu zuena.

Aldi horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak eta ETBk, Irati ekoizpen-etxea medio, euskal literaturako lanetan oinarritutako metraje ertaineko hiru film sustatu zituzten: Ehun metro, Hamaseigarrenean aidanez, Zergatik panpox.

Lehenengo aldiz, 1989an, Donostiako Zinemaldiak euskaraz filmatutako film luze bat lehiaketara aurkeztu zuen: 1978an Ikuska sail interesgarrian esku hartu zuen Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak.

Gaur egun, euskara osasuntsu agertzen da, batik bat haurrentzako animazioari eta istorioak filmatzeko hizkuntza hori hautatzen duen film laburren zenbait egileri esker.

Eusko Jaurlaritzak urtero bikoizketa eta azpitituluak jartzeko lanetarako diru-laguntzak eskaintzen ditu, zinema-aretoetan film luzeen euskarazko estreinaldi komertzialak sustatzeko, eta DVD zein bideo-euskarrietan euskararen presentzia bermatzeko. Guztira 450.759 euro eman ziren 2002an, eta diru horrekin bikoizketako, azpitituluak jartzeko eta kopiatzeko nahiz euskarazko bertsioak sustatzeko gastuei aurre egiten zaie.

Azkenik, urtean zehar gure herrian berariaz euskarazko zinemara emandako ekitaldiak estimagarriak dira, hala nola Lekeitioko Euskal Zinema edo Iruñeko Udalak Golem Baiona zinemetan antolatzen duen Euskarazko Zinemaren Zikloa.