Euskal antzerti eta zinea/Komedia
EUSKALDUNOK UMORERAKO BEREZKO DOHAINIK BA DUGU? Hona hemen gure izaerari buruzko topiko erabilienetako bat. Zinemari begira, esan beharra dago komediak urteak behar izan dituela pantailetan leku bat hartzeko. Laurogeiko hamarkadaren amaiera arte ez ziren azkenik betiko lelo hura desegingo zuten obra arin edo kitzikari eta entretenigarriak estreinatu.
Tu Novia está loca (1987). 80’
aldatuProd.: Creativídeo. Zuz.: Enrique Urbizu. Gid.: Luis Marías. Antzez.: Antonio Resines, Ana Gracia, Santiago Ramos, Guillermo Montesinos, Gran Wyoming.
Euskal Herrian umore falta larria zegoela sinetsita, Urbizu-Marías-Trincado hirukoteak –Ministerioarena beste laguntza ofizialik gabe–, lehen euskal komedia ekoitzi zuen: Tu novia está loca. Hogeita hamarreko hamarkadan komedia jasoaren ildotik, bilbea antzezle multzo eraginkor batean oinarritu zen, eta generoaren baliabide guztiak maisuki erabili zituen.
Mugak eta akats teknikoak alde batera utzita, filma pipertsua eta lotsagabea da. Eta ia beti serio agertzen den euskal zinemara ozartasuna ekarri zuen.
Todo por la pasta (1991). 94’
aldatuProd.: Creativídeo. Zuz.: Enrique Urbizu. Gid.: Luis Marías. Antzez.: María Barranco, Kiti Manver, Antonio Resines, Pepo Oliva, José Amezola.
Laurogeiko hamarkadan, komedia ia jorratu gabeko generoa zen, euskal egoera soziopolitikoari buruzko kezka zuhurrek bertako produkzioa kasik erabat hartu zutelarik; baina laurogeita hamarreko hamarkadan ugaritzen joan zen, batik bat Bilboko Creativídeo ekoizpen etxearen bultzadari esker.
Tu novia está locan agertutako bertuteak komedia hutsa zine beltzeko argumentu batean txertatzen duen Todo por la pasta filmean berretsi eta areagotu egin ziren.
Como levantar 1.000 kilos (1991). 93’
aldatuProd.: Story Board. Zuz.: Antonio Hernández. Gid.: Mario Onaindia, Mercedes Fonseca, Jorge Martínez Reverte, Jorge M. Reverteren Gálvez en Euskadi nobelan oinarritua. Antzez.: Antonio Valero, Ana Duato, Charo López, Patrick Bauchau, Mathieu Carrière.
Mario Onaindía eta Jorge Martínez Reverte zinemako gidoiaren bi teorialariek beste guztietatik ezberdina zen film bat egitea deliberatu zuten. Okerrena da film honekin egiazko “euskal komedia” jaio zela iragartzeko ausardia izan zutela. Eta dena jomuga itxura batean barreragileen jomuga terrorismoa, polizia eta dirua zirelako.
Produktua hain da penagarria ezen euskaldunok umorea egiteko ezgauza ote garen pentsatzera bultzatzen duen. Como levantar 1.000 kilos filmak kilo bat bera ere ez zuen bildu txartel lehiatiletan.
Acción mutante (1993). 89’
aldatuProd.: El Deseo SA, Civy 2000. Zuz.: Alex de la Iglesia. Gid.: Jorge Gerrikaetxebarria, Alex de la Iglesia. Antzez.: Antonio Resines, Alex Angulo, Frederique Feder, Juan Viadas, Karra Elejalde.
Arrakasta handiko film labur baten egile –Mirindas asesinas–, telebistako dekoratzaile eta zuzendari artistikoa, Alex de la Iglesiak, Gerrikaetxebarria kide bereiztezinarekin batera, gidoi labur bat idatzi zuen, Piratas del espacio izenekoa, eta Pedro Almodóvarri bidali zion. Honek gidoia film luze bihurtzeko konbentzitu zuen, eta horrela jaio zen Acción mutante.
Berariaz luzatutako istorio bat delarik, garapena harrigarria da, protagonista guztiak filmaren lehenengo orduan hiltzen dira. Baina filmaren ozartasunak eta zuzendaritza -an trebeak hutsegiteak soberan berdintzen dituzte.
Sálvate si puedes (1994). 90’
aldatuProd.: Atrium Producciones, Creativídeo. Zuz.: Joaquín Trincado. Gid.: Luis Marías. Antzez.: Imanol Arias, María Barranco, Fernando Guillén, Pilar Bardem, Ramon Barea.
Enrike Urbizu zuzendariaren komedien produktore Joaquín Trincado eta honen ohiko gidoilari Luis Marías, hain fruitu onak eman zizkien generotik irten gabe, gaurkotasun beteko gai bati, ustelkeriari, buruzko film bat egiteko elkartu ziren.
Bilbeak komedia jasoaren osagaiak ditu, maisu handien ildotik, eta Madrilgo antzezle talde on bat duela; besteen artetik Pilar Bardem garratz bat gailentzen da.
Alabaina, tonua, oro har, faltsu samarra da, eta finean “Hawks moldeko” zine ariketa huts bat baino ez da.
Maité (1994). 90’
aldatuProd.: Igeldo Komunikazioak, Euskal Media, ICAIC. Zuz.: Eneko Olasagasti, Karlos Zabala. Gid.: Senel Paz, Karlos Zabala, Eneko Olasagasti. Antzez.: Jose Ramon Soroiz, Ileana Wilson, Nadia Moreira, Mikel Garmendia, Cary Rosa Llinas.
Adibide bat da asmo apaleko film hau, gogo handiz eta zinemarako sen agerikoaz egina, ahotik ahorakoa medio arrakastatsu bihurtzearena.
Olasagasti eta Zabala, pantaila handirako filmatzen hasi aurretik telebistan eskarmentu handia izandakoak, gidoilari bikain batekin elkartu ziren beren lehen gidoia egiteko, eta Kubara abiatu, konfiantzazko zenbait antzezle lagunekin. Han komedia bero eta maitagarri hau filmatu zuten, eta Habanako Jaialdiaren ikusleen saria irabazi eta bizialdi komertzial luzea izan zuen.
Justino, un asesino de la tercera edad (1995). 92’
aldatuProd.: José Mª Lara. Zuz. eta Gid.: La Cuadrilla. Antzez.: Saturnino García, Carlos Lucas, Carmen Segarra, Francisco Maestre, Concha Salinas.
Ez dago gutxiagorekin gehiago lortzerik. La Cuadrilla izenaren atzean gordetako hirukoteak zuri beltzean egindako hau film luze bat egiten ari balitz bezala moldatu zuen, ilusio eta baliabide eskasia berberaz. Baina, filma dohainez beterik agertzen da (Biaffran girotua, Saturnino García hautatzea edo metraje osoa zeharkatzen duen ironia fina) Justino urte horretako film arrakastatsuena bihurtzeraino.
Trilogiaren beste bi emanaldietan –Matías juez de línea eta Atilano, presidente–, La Cuadrillak modu penagarrian huts egin zuen, bere sinesgarritasuna xahutuz.
El día de la bestia (1995). 100’
aldatuProd.: Sogetel Iberoamericana, M.G. Zuz.: Alex de la Iglesia. Gid.: Alex de la Iglesia, Jorge Gerrikaetxebarria. Antzez.: Alex Angulo, Armando de Razza, Santiago Segura, Terele Pávez, Nathalie Seseña.
Alex de la Iglesiaren bigarren film luzean zuzendari bilbotarraren gaitasunak Acción mutante irregularrean baino modu garbi eta adierazgarriagoan islatzen dira.
Ikusizko irudi indartsuez eta umore garratzaz, El día de la bestia filmak komikiaren estetikatik eta telebistaren kulturatik edaten du, eta, fantasiazko fikzioaren arauetatik irten gabe, ekizpen esportagarriak egiteko gai den zinemagile original bat agertzen du. Sei Goya irabazi zituen eta El Mundoren euskal zinemarako sarietan oroz gain gailendu zen.
Sólo se muere dos veces (1996). 89’
aldatuProd.: Sogetel, Lola Films. Zuz.: Esteban Ibarretxe. Gid.: José Miguel Ibarretxe, Esteban Ibarretxe. Antzez.: Juan Inciarte, Alex Angulo, Rosana Pastor, Angel de Andrés, Álvaro Ordóñez.
Laurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdialdean Alex de la Iglesiaren zinemak jarraitzaile ugari erakarri zuen. Horren adierazgarri garbi da Ibarretxetarren lehenengo film luzea, Acción mutante eta El día de la bestia berriagoaren oinordeko. Esan dezagun, egiaren alde, bikote bilbotarrak beste iturrietatik ere edaten duela, hala nola Monty Phytonen zinema eta komedia beltz tradizionaletik. Sólo se muere dos veces filmak hil ostean zombie itxuraz lanean jarraitzen duen antzezle baten istorioa kontatzen du.
Calor... y celos (1996). 82’
aldatuProd.: Lan Zinema, Sendeja Films. Zuz.: Xabier Rebollo. Gid.: María Eugenia Salaberri, Xabier Rebollo. Antzez.: Fernando Guillén Cuervo, Elvira Mínguez, Leire Berrocal, Luis Alberto García, Héctor Etxemendia.
Laurogeita hamarreko hamarkada sukar tropikal batek hartu zuen. Zineman Fresa y chocolate, Guantanamera eta Maité izeneko filmek arrakasta handia eskuratu zuten.
Rebollok, Calor… y celos filmarekin, ez zuen hainbesteko zorterik izan –25 milioi pezeta bildu zituen. Eta hori filmari umorea falta ez zaionik, eta ezta antzezpen onik ere, emazte senar maitale hirukote klasikoaren eskutik (Fernando Guillén, Elvira Mínguez, Leire Berrocal). Hiruek Habanako ospitale batean topo egin zuten, eta hortik aurrera egoki jositako hainbat gertakari dibertigarri bizi zituzten.
Airbag (1997). 127’
aldatuProd.: Asegarce Zinema, Marea Films. Zuz.: Juanma Bajo Ulloa. Gid.: Karra Elejalde, Juanma Bajo Ulloa, Fernando Guillén Cuervo. Antzez.: Karra Elejalde, Fernando Guillén Cuervo, Alberto San Juan, María de Madeiros, Karlos Argiñano.
Guztiok harritu gintuen Bajo Ulloa, irizpide estetiko irmoak dituen zuzendaria, komedia eroa egitera lerratu izanak. Apustua, guztiz komertziala, ezin hobeto joan zitzaion: mila milioi bilduta Espainiako zinemaren historiako filmik arrakastatsuena bilakatu zen, nahiz eta hurrengo urtean Torrente, el brazo tonto de la ley filmak lekua kendu zion.
Zinemaren ikuspegitik, Airbag grazia eskasa eta amaiezineko film ziztrin eta lotsagabea da.
Perdita Durango (1997). 123’
aldatuProd.: Sogetel, Lola Films, Mirador. Zuz.: Alex de la Iglesia. Gid.: Barry Gifford, Jorge Gerrikaetxebarria, David Trueba, Alex de la Iglesia, Barry Gifforden 59 gradu eta euritan nobelan oinarritua. Antzez.: Rosie Pérez, Xabier Bardem, Harley Cross, Aimee Graham, Santiago Segura.
Bere garaian zinema espainiarreko filmik garestienak (1.100 milioi pezeta) Alex de la Iglesiaren ibilbidean aurrerapauso bat beharko zukeen: gidoilari bikaina, mundu mailako antzezleak, filmaketa Amerikan…
Alabaina, atzerapauso bat izan zen, hala ekonomikoki –inbertitutakoaren heren bat baino gehixeago bildu zuen– nola artistikoki. Xabier Bardemen antzezpen bikaina, Romeo Dolorosaren rolean, edo eszena bortitzak ebazterakoan De la Iglesiaren abilezia ez ziren filma hutsalkeriaren putzutik ateratzeko nahikoa izan.
Pecata minuta (1999). 92’
aldatuProd.: José María Lara, Alokatu. Zuz.: Ramon Barea. Gid.: Ramon Barea eta Felipe Loza, Ramon Barearen izen bereko komedian oinarritua. Antzez.: Elena Irureta, Loli Astoreka, Ane Gabarain, Aitzpea Goenaga, Maruchi Fresno.
Ramon Barearen lanak harrera nahikoa ona izan zuen Euskal Herriko eszenatokietan. Komediak jendaurrean ongi funtzionatzen zuela egiaztatuta, bazirudien Pecata Minutaren pantailarako jauzia nolabaiteko bermerik bazuela. Zinemak berezko legeak ditu ordea, eta horiek askotan ez datoz Talia antzerki-jainkosaren deseinuekin bat. Bere lehenengo film laburrean Bareak, eszena zuzendari zorrotz eta trebea eta bi film labur dotoreren egile izanagatik, ez zuen kamera erabiltzen asmatu eta film bigun, erritmo eta indarrik gabeko bat atera zitzaion.
Máma es boba (1999). 89’
aldatuProd.: El Lápiz de la Factoría, Trastorno Films, Velvet Producciones, Cecilio Gerrikabeitia. Zuz. eta Gid.: Santiago Lorenzo. Antzez.: José Luis Lago, Faustina Camacho, Eduardo Antuña, Cristina Marcos, Ginés García Millán.
Santiago Lorenzoren lehen lanak ez zuen banaketarekin zorterik izan. 1997ko Valladolideko Jaialdian aurkeztuta, pantailan egonaldi labur samar bat egiteko bi urtez zain egon behar izan zuen. Pertsonaiak eskematikoak eta umorea inozoa badira ere, Mamá es boba filmak alderdi interesgarriak agertzen ditu. Telebisten negozioari buruzko satirak batzuetan funtzionatu egiten du, eta kritika askotan zuhurra da.
Sí, quiero (1999). 91’
aldatuProd.: Igeldo Komunikazioak. Zuz.: Eneko Olasagasti, Karlos Zabala. Gid.: Eneko Olasagasti, Karlos Zabala, Senel Paz. Antzez.: Joseba Apaolaza, Cayetana Guillén, Marta Belaustegi, Isidoro Fernández, Juan Luis Galiardo.
Olasagasti eta Zabala, beste behin Senel Paz (Fresa y chocolateren gidoilaria) lagun, eta ostera Angel Amigo produkzio lanetan dutela, Sí, quiero filmarekin beren lehenengo film Maité arrakastatsuaren giro tropikala Donostiara aldatzen saiatu ziren, oraingoan umorea egoera jakinetan ipiniz. Telebistarako lan duina zatekeen, baina leihatila eta palomiten alorrerako egindako produktu gisa espero zitekeen mailatik urrun dago.
Muerto de risa (2001). 109’
aldatuProd.: Andrés Vicente Gómez, Lolafilms. Zuz.: Alex de la Iglesia. Gid.: Jorge Gerrikaetxebarria, Alex de la Iglesia. Antzez.: Santiago Segura, Gran Wyoming, Alex Angulo, Alfonso Lussón, Carla Hidalgo.
Perdita Durangoren porrotaz osatzeko, Alex de la Iglesiak eta bere ekoizleak tramankulu komertzial bat diseinatu zuten. Alderdi artistikoa bazter utzita, bi aktore kaskar baina komertzialki erakargarriri, Santiago Segura eta Gran Wyoming-i, rol protagonistak eman zizkieten, eta berorien laguntzaz produktu itxura batean kistch eta izugarri dibertigarri bat bultzatu zuten.
Operazioak arrakasta izan zuen, gehienek desengainua hartu zuten arren. Egiaz, Muertos de risa komedia beltz bat baita, oso beltz eta sarria, irensten zaila eta narratiboki malkartsua.
Sabotage (2000). 105’
aldatuProd.: Ibarretxe & Co., Kino Visión, Cine B., Pathé Image, Spice Factory. Zuz. eta Gid.: Esteban Ibarretxe, José Miguel Ibarretxe. Antzez.: Stephen Fry, David Suchet, Alexandra Vedernoot, Dominique Pinon, Santiago Segura.
Hamar zeroko koprodukzio frantziar ingeles euskalduna; nazioarteko mailako antzezleak (Stephen Fry, David Suchet, Dominique Pinon); gai historiko bat modu irrigarrian aurkeztua (Napoleon eta haren afera beliko eta sexualak). Emaitza: euskal zinemaren historiako –eta atzerriko zati batekoa, halaber– zentzugabekeriarik handiena.
Ibarretxe anaiek, Monty Phyton izan nahirik, barre txiki bat bera ere ez zuten erauzi leihatilatik igaro ziren 50.000 ikusle jasankorrengandik. Baina gure buruetan ezin ebatzizko enigma bat utzi zuten: nola sartu ziren memelokeria horretan hain gaituak diren hainbeste profesional?
La comunidad (2000). 104’
aldatuProd.: Andrés Vicente Gómez, Lolafilms. Zuz.: Alex de la Iglesia. Gid.: Jorge Gerrikaetxebarria, Alex de la Iglesia. Antzez.: Carmen Maura, Eduardo Antuña, María Asquerino, Jesús Bonilla, Emilio Gutiérrez Caba.
Bere zinema onenaren oinarriak berreskuratuta –osagai askok El día de la bestia gogorarazten dute–, Alex de la Iglesiak gaurdaino bere filmik onena dena egin zuen, La Comunidad.
Beldurra eta umorea, suspensea eta akzioa, drama eta komedia, bere ibilbide nahikoa bizkorreko –zazpi urtetan bost film– dohain eta hutsegiteetatik ikasi duela dirudien zuzendari batek maisuki nahasiak. Antzezpen zoragarriak eta kameraren erabilera trebea De la Iglesiaren proposamenetan alderdirik ahulena izaten jarraitzen duen gidoiaren oso gainetik daude.
Ione, sube al cielo (2000). 98’
aldatuProd.: Zine Zero. Zuz.: Joseba Salegi. Gid.: Joseba Salegi, José Antonio Vitoria. Antzez.: Martxelo Rubio, Mario Pardo, Kike Díaz de Rada, Klara Badiola, Anabel Arraiza.
Joseba Salegi (Altsasu, 1958) euskal zinemaren kredituetan askotan agertzen den izena da. Zuzendari lanak egin aurretik zuzendaritza eta produkzio laguntzaile gisa hogei film baino gehiagotan esku hartu zuen. AISGEren (antzezleen irudi eskubideak gestionatzen dituen elkartea) bidez lortu zuen antzezle talde bat mojen komunitate batean film bat filmatzeari buruzko filmaren koprodukzio lanetan sartzea. Bildutako 100.000 euroak Ione, sube al cielo filmak merezitakoak baino gutxiago dira.
Carretera y manta (2000). 88’
aldatuProd.: Filmart. Zuz.: Alfonso Arandia. Gid.: Xabier Etxaniz. Antzez.: Eduardo Noriega, Carmen Maura, Natalia Verbeke, Jordi Bosch, Ramon Barea.
Alfonso Arandia, ekoizle eta zuzendari bizkaitarra, 1990eko El anónimo… ¡vaya papelón! komediaren egile, ostera kameren atzean jarri zen road movie baten egitura duen endredo hau filmatzeko; lan honetan krisian dagoen bikote batek autoan bidaia bati ekiten dio, protagonistak sukaldari lapur bat (Carmen Maura) eta ihesean dabilen preso bat (Jordi Bosch) direlarik.
Carretera y manta filman osagai nabarmenak badira, baina oro har trinkotasunik gabea da eta ez du ikuslea atxikitzen. Eduardo Noriegaren presentziak gauzak okerragotzea baino ez du lortzen.
Año Mariano (2000). 118’
aldatuProd.: Asegarce Zinema. Zuz. eta Gid.: Karra Elejalde eta Fernando Guillén Cuervo. Antzez.: Karra Elejalde, Fernando Guillén Cuervo, Manuel Manquiña, Silvia Bel, Pepín Tre.
Airbagen arrakasta berritzeko asmoz, Asegarce Zinema Karlos Argiñanoren ekoizpen etxeak konfiantza Karra Elejalde eta Fernando Guillén Cuervorengan jarri zuen, burua berotu eta beste astakeria jator eta zarpail bat erdi zezaten.
Año Mariano filmak Airbagi on itxura ematen dio. Eta hori komedia haluzinogeno honen planteamendua ona delarik, antzezleek oso ondo pasatzen dutelarik eta umore kolpe eraginkorrak dituelarik. Baina osotasunak oinarririk ez du eta metrajearen ia bi orduak astunak dira, entretenigarriak baino gehiago.
Marujas asesinas (2001). 111’
aldatuProd.: Lan Zinema, Kino Visión. Zuz.: Xabier Rebollo. Gid.: María Eugenia Salaberri, Xabier Rebollo. Antzez.: Neus Asensi, Antonio Resines, Nathalie Seseña, Pere Ponce, Carlos Lozano.
Azucena maruja psikopata bat da, senarra pairatzeaz nazkatuta eta bere maitaleaz erabat maiteminduta deliberatzen du ahalik eta lasterren alarguntzea. Bere plan baldarrak krimenak mendekotasuna eragiten duela erakutsiko dio, eta, ondorioz, senarraren hilketa segida baten lehenengo urratsa baino ez da izango, oztopatzen duen oro desagerrarazi egingo duelarik.
Calor… y celos filmako sorkuntza talde berberaz, Xabier Rebollo komediara itzultzen da, gero eta gusturago lantzen duen generora, istorio zoro eta umore bikainekoak kontatuz.