Euskal antzerti eta zinea/Sariak
SARIAK. Ez dago zinema nazional aipagarririk, urtero lan nagusiak, talentu handieneko zuzendariak eta gehien nabarmendutako antzezleak sarituko ez dituenik. Euskal zinema ez da salbuespena. Euskal Herrian edo kanpoan ehunka profesionalek lan egiten dute denboraldi bakoitzean ikusleoi filmen labealdi berri bat eskaintzeko. Horien guztien artean gailentzen direnek ikusleen, adituen eta lankideen aitorpena jasotzen dute.
El Mundo sariak euskal zinemari
aldatuEl Mundo del País Vasco egunkariak 1992an lehenengo zinema sariak eman zituen, eta urte gutxitan sona handia lortu zuten, sariak ematerakoan zorrotz jokatzen dutelako eta zeremoniak egoki antolatzen direlako.
Hautaketa-sistemak oinarri nahikoa zabala hartzen du. Izan ere, Euskadin urtean zehar egindako lanak nahiz euskal zinemagile nagusiek kanpoaldean eginikoak kontuan hartzen dira. Hau da, hemen “euskal zinema” kontzeptuak non eta nork galderi erantzuten die. Kasu bietan, gainera, eskuzabaltasun handiz. Euskal Herriko erkidetako 40 adituk hautagai zerrenda luzeen artetik botoa ematen dute –2002an bozketa ikusleetara hedatu zen, Internet medio.
Honako sari hauek ematen dira: Film onena, Zuzendari onena, Gizonezko antzezle onena, Emakumezko antzezle onena, Bigarren mailako antzezpen onena, Film labur onena eta Opera prima onena. Seigarren ekitaldira arte zuzendaritza artistikoa, fotografia, musika eta jantziak ere saritu ohi ziren.
Saria emate jaia udaberrian ospatzen da, Bilboko Arriaga Antzokian. Glamour distirarik ez da falta, antzezle, zuzendari eta gainerako pertsonaia ezagunen eskutik, eta Euskal Herriko kultur, politika eta gizarte alorreko ordezkari ugari izaten da beti. Zeremonia musika emankizunek, umoristek eta magoek girotzen dute, kartazal itxien errituaren eta Juan Etxegoienek diseinatutako estatuatxoen desfilearen artean ikuskizuna eskainiz.
Lehen ekitaldian, urteko film onenaren saria El rey pasmado lanari eman zioten, eta zuzendari onenaren saria Julio Medemek irabazi zuen, Vacas filmarengatik. Donostiarra El Mundo Sarietako klasikoa bilakatu da, Arriagako gau ekitaldietan bere film bakoitzak sari bat edo bat baino gehiago eskuratu baititu: film onena eta zuzendari onena La ardilla roja (1993) eta Tierra (1997) filmekin; zuzendari onena Los amantes del Círculo Polar' (1999) lanarekin, eta ikusleen film onenaren saria Lucía y el sexorekin.
Apaletan sari ugari pilatu duen beste zinemagile bat Alex de la Iglesia da: 1995ean El día de la bestia lanak film onenaren saria irabazi zuen, eta 2001ean La comunidad hirukotearen irabazle suertatu zen: filmarena, zuzendariarena eta gidoiarena, Ane Gabaraini emandako antzezle onenaren sari txikia barne.
Madrilen bizi diren arren, Kerexetarrak –Elias eta Gracia– bertakotzat hartuak dira hemen. Horrek azaltzen du Fernando León de Aranoaren Barrio lanak 1999ko film onenaren saria irabazi izana.
Cuando vuelvas a mi lado lanarekin ere sari bikoitza eskuratu dute, film eta gidoi onenari emanak, eta Eliasek gidoi onenaren saria eskuratu zuen El último viaje de Robert Rylands filmarekin.
Azkenik, Montxo Armendarizen Secretos del corazón 1998ko euskal film arrakastatsuena izan zen, bost sari irabazita, eta, besteak beste, Airbag eta Perdita Durango lanak estalirik. Zuzendari hori bera, gainera, X. ekitaldiko palmaresean nagusi gertatu zen, 2002an, Silencio roto filmarekin –filma, gidoia, zuzendaria eta bigarren mailako antzezle onena Joseba Apaolazari.
Euskal Aktoreen Batasunaren sariak
aldatuEuskal Herri osoko antzezpenaren profesionalak biltzen dituen Euskal Aktoreen Batasunak lehen ekitaldiak 1991 eta 1993 urteetan antolatu zituen, Antzerkiaren Mundu mailako Egunarekin batera (martxoan).
Gertakariari bizitasuna ematearren, lankideen iritziz gehien nabarmendu ziren antzezleak saritzeari ekin zion programak 1995ean: antzerkian, Aitor Mazo; zineman Karra Elejalde, eta telebistan Kontxu Odriozola.
Orduan sortu zen, halaber, Besarkada Saria, ibilbide bereziko antzezleei omenaldia eskaintzen zaienekoa: lehen saritua Txema Blasco beteranoa izan zen.
Aurrerago Errebelazio Saria gehitu zen. Ordutik hona, Euskal Aktoreen Batasunaren sariak urtero ematen dira, ekainean eta egoitza ezberdinetan.
Zinemari dagokionez, hemen mintzagai dugun auzia hori baita, lankideen omenaldia jaso duten antzezleak hauek dira: Alex Angulo eta Maribi Bilbao (1996), Ramon Barea (1998), Ane Gabarain (1999), Ramon Ibarra eta Elena Irureta (2000), Karra Elejalde eta Pilar Rodríguez (2001).