EUSKAL ANTZERKIAK egun erronka ugari ditu, baina, zalantzarik gabe, duela 20 edo 30 urte baino hobeto prestatutako profesionalak. Urte haiek batik bat borondatezko lan-urteak izan ziren. Neke, grina eta militantzia politikoko garaiak, antzerkia medio bideratuak. Profesionaltasunerako urratsak luze jo zuen, eta bide horretan indar asko xahutu zen. Arazorik larrienetakoak ziren Arte Dramatikoaren eskolarik eza eta aurrekontu publikoekiko mendekotasun gehiegizkoa.

Azken 25 urteetako euskal antzerkiaren gainbegiratu azkar bat kasik ezerezetik sortutako kolektibo baten gainbegiratua ere bada. Ez zegoen antzerki profesionalik, baina talde batzuek xede hori jarria zuten jada, seguruenik han zer zegoen argi jakin gabe.

Urte haiek borondatezko lan-urteak izan ziren batik bat. Neke, grina, militantzia politikoko garaiak, antzerkia medio bideratuak. Garai hartan antzerki munduan zebilen jendeak denetarik egiten zuen, denetan murgiltzen zen: antzezle, teknikari, zuzendari edo egile. Orduko euskal antzerkia antzerki-hezkuntza eskaseko pertsonek osatzen zuten gehienbat, eta gabezia hori bokazioaren indarraz ordezten zuten. Egin ahala ikasten zen.

Profesionaltasunerako urratsak luze jo zuen, eta bide horretan indar ugari eta hainbat izen xahutu zen. Kultur erakunde ezberdinek beren jarrera agertu zuten, ia beti ofizioa gogor kritikatuz. Baina dirua sartu zen, antzokiak pixkanaka eraberritu eta duin bihurtu ziren, sortzaileek esperientzia hartu zuten. Frontoiek euskal antzerkiaren eszenatoki natural izateari utzi zioten, eta apurka-apurka administrazioek babestutako antzerki-zirkuituak egituratuz joan ziren.

Laurogeiko hamarkada heltzean, zenbait konpainiak egitura profesional sendoa zuen jada, eta antzerkiaren erroldan oraindik ere deigarria da, hain txikia den lurralde batean halako izen-zerrenda ikustea. Talde gehienek urtean zehar antzezpen apurrak egiten dituzte, baina batzuk aurrera egiten dute, Euskal Herrian ez ezik, baia Espainia edo Frantziako ikuskizun sailetan ere. Euskal antzerkia indar handiz sartu da antzerki gune nagusietan.

Egoerak egonkortze aldera egin zuela zirudienean, konpainia garrantzitsuenetako batzuk desagertu egin dira, eta beste batzuk, zatitu. Bizkaian egoera bereziki negatiboa da, eta badirudi Gipuzkoan taldeek egoerari hobeto aurre egin diotela.

Bitxia bada ere, Bizkaian agertu dira, XX. mendearen amaierako urte hauetan, handinahia, aldi berean, adierazpide propioak bilatzeko gogoa agertu duten antzerki gazte baten lehen arrastoak.

Gipuzkoan ez da gauza bera gertatzen, ezta Araban edo Nafarroan ere. Ez da erraza beren burua arriskuan jartzeko eta ideia propioak, ez beste inorengandik hartuak, proposatzeko gogoa kanporatzen duten gazteak topatzea. Iparraldean, berriz, mugaz alde honetako antzerkiarekin konparatuz gero, egoera inbidiagarria bizi izan dute beti, bai azpiegiturei dagokienez bai erakundeen babes sendoan oinarritutako konpainia multzo batek agertzen duen egonkortasunari dagokionez.

Euskal antzerkiak egun erronka ugari ditu, baina, zalantzarik gabe, duela 20 edo 30 urte baino hobeto prestatutako profesionalak, halaber. Arazorik larrienetakoak ziren Arte Dramatikoaren eskolarik eza eta aurrekontu publikoekiko mendekotasun gehiegizkoa.


Kapitulu honetan azken hogeita hamar urteotako euskal antzerkiaren historia aztertu nahi izan dugu, hasi sorkuntzan egitura profesionalak moldatzeko lehen ahaleginetatik eta gaurdainokoa (2002ko erdialdea). Hain tarte laburrean ahalik eta ikuspegi zabalena eskaini nahian, herrialde bakoitzean antzerki-munduko talde aktiboenen “biografia” txikiak egitea deliberatu dugu: antzerki independenteko kolektibo historikoak, oraindik indarrean dauden konpainiak eta berriki sortutakoak. Akaso orrialde hauetan agertzea merezi zuen talderik geratu da ahazturik, baina halako argitalpen baten mugaketak behartu gaitu hautespen bat egitera, jakinik aukeratze oro dela labaina eta eztabaidagarria.

Euskal antzerkiaren erradiografia hau osatzeko hainbat alderdi hartu ditugu, hala nola, egile, ikusle, jaialdi eta lehiaketa, sariketa eta lehiaketa, estatistika eta erakundeen ekimenak. Horrekin, irakurleei eta ikasleei sintesi osatu bat aurkezten diegu, euskal antzerkiak hirurogeiko hamarkadaren amaieratik bigarren milurtekoaren hasiera bitartean egin duen ibilbidearen berri izan dezaten.