Euskal antzerti eta zinea/XIX. mendea

ZUBEROAKO HERRI ANTZERKIA. ANTZERKI BERRIA. LAPURDIKO ESKOLA. DONOSTIAKO ESKOLA: Marcelino Soroa, Serafin Baroja, Viktoriano Iraola, Pepe Artola. BIZKAIKO ESKOLA: Resurreción Maria Azkue, Alfredo Etxabe...

Zuberoako herri antzerkia

aldatu

Antzerki mota honi buruz aurrerago ere luze jardun garenez, kapitulu honetan antzerki ikuskizunari dagokion zatiaz baino ez gara arituko, hau da, xaribari fartsaren edo pastoralaren antzezpen daten eta lekuen zerrendak, izenburua, obraren egilea edo errejenta –zuzendaria–, eta libretoak agertzen direneko testu edo eskuizkribuen argitalpen urteaz eta lekuaz (2. taula).

Hérellek adierazi zuenez, urtero gutxi gorabehera bi fartsa edo tobera, edo gehiago, burutzen baziren, garaiko obren artetik oso gutxi heldu bide zaizkigu. Obra horiek aurkitu ez izana logikoa da, antzezpen horiek ondorio larri eta zenbaitetan odoltsu eta tragikoak ekar zitzaketela kontuan izanda. Pastoralen kasua, ordea, ezberdina da, eta, horregatik, lan horiei buruz daukagun informazioa askoz ugariagoa da eta, segidako koadroan ikusiko dugunez, lan baten errepikapenak ez ditugu sartuko, (3. taula).

Izenburuetan (36 ezberdin) egiazta daitekeenez, Historia Sakratuarekin zerikusia dute gehienek, Frantziako Historiaren edo zalduntza nobelen gaiak, XVI. mendean geroztik kordel literaturan edo «Bibliothèque bleue» delakoan hain ohiko ere badiren arren.

Antzerki berria

aldatu
 
"Txanton Piperri", 1899

Ez dirudi antzerkia zuberotarren edo Azkoitiko zalduntxoen barruti esklusiboa zenik, hedatuago zegoela baitirudi. Horren froga dira Antonio Martinez eta Manuel Fornells enpresariak, XVIII. mendearen amaieran horiek neke handiz korritzen baitzituzten beren konpartsa komikoekin Bizkaia, Gaztela eta Nafarroa, batik bat lizentziak lortzeko garaian.

Iruñean, 1754an, «Antzinarotik Koliseo edo Antzoki bat baitago», egiaz 1666an eraikia, «31 opera komedia» antzeztu ziren; 1775ean, Bilbon, Rafael Uraldek[1] adierazi bezala, Joseph Bichi eta Thomas Settarok opera denboraldi baterako lizentzia eskuratu zuten, eta 1798an antzerki bat eraikitzeari ekin zitzaion «Jendeari atsegin emateko dagoen premiagatik, entretenimendu publiko, behar bezala antolatuen bitartez»; Donostian, 1802an, antzokia eraikitzeko izapideak egiteari ekin zitzaion, eta jakin badakigu 1619an Goizueta Borda berreraiki zela, bertan antzezpenak egiteko. Gertakari horiek guztiek eta beste zenbaitek adierazten digute, zalantzarik gabe, Euskal Herrian antzerkia osasuntsu zegoela.

Nolanahi ere, euskal antzerki berria ez zen dezente berandura arte agertu, bigarren karlistadaren amaieran, Berrezarpen garaian.

Lapurdiko Eskola

aldatu

Jean Duvoisinek testu bat jaso zuen, Donibane Lohitzuneko andre zahar baten eskutik, eta hark gogoratzen zuen 1780 inguruan eman bide zen Genobeba Oratorioan izeneko antzezpen bat, guk berriki argitaratu duguna[2]; Bartolomé Madariaga karmeldarrak zioen, antzerkiaren aurkako beste hainbat predikarik bezala, zenbait komediak ikusten entretenitzen zela, zezenketetan adina, eta haiek, dantzak bezala, debekatu egin behar zirela, haragikeriaren iturburu zirelako, eta antzezleena «ofizio lotsagarri eta bekataria»[3] zela. Lekukotasun horiek garbiro erakusten dute antzerkia bizirik zegoela, egoera eskasean bada ere.

Aipatu Duvoisin bada drama historiko baten egile eta aurkitzaile ere, Maria Nafarroakoa izenekoarena, X. mendeko euskal kristauen eta mairu mahometarren arteko gatazkei buruzkoa; antzezlana 1841 inguruan idatzi zen, eta Michelek[4] zati bat jaso du.

Jean Martin Hiribarren (1810-1866) poetak antzeko gai bati buruzko beste drama historiko bat idatzi zuen, 891an Eskaldunak gerlan. Ezezagun mantendu zen 859 lerroko testu hau, Xipri Arbelbidek[5] argitaratu zuen arte.

Drama historikoak bere goren unea izan zuen XIX. mendearen lehen erdian, eta baita bigarren erdian ere, jakin badakigularik 1861ean, Donostian, El Capitán Carrillo antzeztu zela, gaztelaniaz jakina.[6]

Webster[7] Saran kokatutako ingelesak esango digu Luhusoko gazteek, Lapurdin, 1867 inguruan, lan barregarri bat antzeztu zutela, adiskide batzuk Hego Ameriketatik itzuli izana ospatzeko.

Lapurdin bada emakumezko ikasleentzat idatzitako lan bat, Joanes Etxeberri Uztaritzeko Gurutzearen alaben kalonjeak idatzia. Lanaren izenburua Arraultze Ohoina zen, eta Sarako eskolako emakumezko ikasleek antzeztu zuten, 1884an.[8]

Piarres Harispe (1854-1925), Euskal Herriari buruz frantsesez idatzitako hainbat lanen egile ez ezik, neurtitzetan jarritako drama historiko baten egile ere bada, Karmela izenekoa, lehenik Euskal Erria (1886) aldizkarian argitaratu zena, eta berriki Euskal Klasikoak bilduman.[9]

Badakigu, halaber, 1890 inguruan Donibane Lohitzunen konpainia ibiltari batek lan txiki bat antzeztu zuela euskaraz. Elémir Bourgesek (1852 1925) antzezlana frantsesera itzuli zuen, eta Variotek jaso, bere Théâtre de Tradition populaire lanean, nondik Lafittek ostera euskarara itzuli baitzuen, Gonzalve edo ostatu betea izenburuaz. Espainian, gerra napoleonikoen garaian girotutako entremes bat da.[10]

Donostiako Eskola

aldatu

Marcelino Soroa (Donostia, 1848 1902), Euskal Antzerki Berriaren aitatzat hartua, Valladoliden legeak ikasi eta bere jaioterrira itzuli ondoren, garaiko prentsan gehien agertzen zen pertsonaietako bat izan zen. Andia kaleko zirkuan parte hartzen zuen, 1868az geroztik, Peña, Alberto, Prol, Arcelus eta beste donostiar gazte batzuekin, eta egiten zituen itzulipurdiak ospetsu bihurtu ziren.

Amadeo erregeren aurkako bertso batzuk argitaratu ostean erbestera abiatu beharrean izango da, eta Ziburun (Lapurdi) biltzen zen beste zenbait erbesteraturekin, Agorret kaleko El Trueno izeneko lokal batean; han antolatzen zituzten jaiak, antzezpenak, zezenketak... 1876an burutu zen antzezpen horietako baten testua Soroaren Iriyarena lantxoa zen, erbestetik bueltan, 1878ko maiatzaren 12 eta 19an, arrakasta handiz berriro antzeztu zena, Donostiako Antzoki Nagusian.

Usadioa da irutxuloen agerraldi bat –irutxulo izena ematen zitzaien Donostiako Alde Zaharreko Abuztuaren 31 kaleko biztanleei–, euskaraz eta gaztelaniaz jarritako lantxo elebidun bat, zarzuelatxo bat, pertsonaia estereotipatuak agertzen dituena –gauzainak, ikasleak, zezen-zainak...–, eta antzezpenean habanerak kantatzen dira eta eszenatokian sokamuturra –idia lotuta doaneko soka– korritzen da.

Lantxo horren arrakastaren ondotik, Soroak beste antzezlan bat idatzi eta antzeztu zuen, euskara hutsean, Gabon izenekoa (1880). Eta antzezpenetan ikusleen txalo ugariez gainera, lana argitaratu ostean Federico Mistral eta Victor Hugoren laudorioak jaso ondoren, Jose Manterolak 1880an sortutako Euskal Erria aldizkariak hainbat literatur lehiaketa antolatzeari ekin zion eta garrantzi handia izan zuen, horien artean, antzerki-lehiaketak, bertsolari, musikari, pintore eta ipuinlarien lehiaketekin batera.

Hortik aurrera, Soroak etengabe idatzi zuen eta sariak jaso zituen, eta antzezlanak jokatu nahiz zuzendu egiten zituen, bere lan eta datarik esanguratsuenak hauek direlarik: Anton Kaiku (1882), La farce du Maître Pathelin lanaren egokitzapena; Au ostatuba! (1884); Lapurrak, lapurrak (1884); Alkate Berriya (1885); Barrenen Arra (1886); Urrutiko intxaurrak (1887); Abek istillubak! (1894); La Concha, excursión veraniega en un baño y dos olas (ekitaldi bat eta bi eszena) (1894); Ezer ezta festa (1899); Bañan zein naiz ni?; Auxen da eguna; ...

Donostiako Euskal Lore Jokoen Udalbatzako batzordekide izan zen, antzerkigilea zen Victoriano Iraolarekin batera. Udalbatzak urtero literatur lehiaketak antolatzen zituen, eta horiek antzerkiari susperraldi handia ekarri zioten; antzerkiak, euskararekin zerikusirik zuen ororen aurrean egiazko sortasun eta axolagabetasuna agertzen zuen garai hartan, hizkuntza mantendu, hedatu, garatu eta aberasteko baliabide baliotsutzat hartu zen.

Antzezlanak batik bat San Tomas gauean jokatzen ziren, eta haien funtzio nagusia entretenitzea eta atsegina ematea zen. Mitxelenak[11], Soroaren obra iruzkintzean, hauxe adierazi zuen:

Herrikideei barrea eragitea beste asmorik ez zuela, bere ahaleginean ez zuen hutsegin. Eta guretzat, zer dakar Soroak? Euskal antzerkiaren jaiotzarekin, eta Donostiako alde zaharreko hizkera eta usadioekin onbera izatea dagokigu […] eta, gainera, joxemaritarren umore gaskoi tankerakoa utzi zigun”.

Umore horren oinarrian, bada, egoera groteskoak eta hitz-jokoak zeuden, genero txikian ohikoak. Genero horri ez zitzaion literatur balio handirik aitortzen, eta esan ohi zen musikari esker libratzen zela, baina Nietzscheren antzeko pertsonaiek liluratu zituen, zeinak lan horietan ekintzaren soiltasuna goresten baitzuen, Wagnerren obra handiustearen ondoan.

Serafín Baroja (Donostia, 1840 - Bera, 1912) meatze eta mendi injinerua, «Pío Barojaren aita» –semea ospetsu egin zenean inprimatu eta txartel batean jarri zuen– Julio Caroren amaren aldeko aitona ere bada, eta, beste hainbat donostiar trufari legez, liberala eta letren maitale handia, batik bat antzerkiarena.

Madrilgo El Tiempo egunkarian gerra karlistaren kronikari izan zen, anaia Rikardorekin El Urumea, periódico no político (1879) sortu zuen, El Eco de San Sebastián egunkari independentean (1880) eta La Voz de Guipúzcoa egunkari errepublikarrean (1885) idatzi zuen, eta, hori guztia gutxi balitz bezala, bi egunkari elebidun sortu zituen, bata Bai jauna, bai (Iruñea, 1883; Madril, 1904) izenekoa, oso gutxi iraun zuten biak, ezen, Iruñean argitaratutako azken alean (VI) dioenez: Inprimaketa gastuen erdiak ordaintzeko adina harpidedun lortu ez dugularik, astekari elebidun honen argitalpena eten egiten da.[12]

Bere lanen artean aipagarriak dira Los Pillos de la Playa (1865), Noveluchas y cuentos (1865), Entre Madrid y San Sebastián (Amores prosaicos) (1879), De Chamberí a Madrid, 100 metros en 25 días (1895)... nobelak eta narrazioak, Gaci guezac, poesías prosaicas en vascuence y castellano (1875), Malkoak eta itzalak poesia liburuak eta beste zenbait antzezlan.

Bere antzezlanik arrakastatsuena hiru ekitaldiko opera bat da, Pudente izenekoa eta Río Tintoko meatzeetan girotua, Trajanoren garaian. Santesteban (musikaria), Salaberria (eszenografoa), Altzaga (zuzendaria) eta antzezle gogotsuak lagun, 1879an antzeztu zen, Zirku antzokian. Lanak arrakasta berbera izango zuen 1885eko Inauterietako Astelehenean.

Serafin jaunak beste zenbait antzezlan idatzi eta argitaratu zituen, hala nola Hirni ama alabac (1882); Luchi, hiru ekitaldiko opera (1885, 1904), Amairu Damacho, 13 ekitaldiko zarzuela (1904) ... Obra horiek, ordea, ez zuten lehenengoaren arrakastaren hamarrena ere lortu, besteak beste Iruñean eta Madrilen argitaratu zirelako.

Serafin jaunaz ari delarik, hau dio Julio Caro bere bilobak:

XIX. mendean, nire aitonaren antzera liberalak ziren beste hainbat euskal idazle eta poeta zeuden. Horien artean bere adiskide miretsi Indalezio Bizkarrondo, Bilintx. Jaioterrian euskaltzaletasuna jovialite-aren moduan eramaten zen: alaitsu. Arandia eta pedantekeriarik gabe. Donostiarra pertsona alaia zen. Bilintx, bere patetismoa eta guzti, halakoxea zen. Are gehiago Raimundo Sarriegi, musikari herrena, aitonaren kolaboratzaile anaikorra, Donostiako martxaren musika eta zortziko ederrak konposatu zituena. Alegeragoa zen Serafinekin lan egin zuen beste meatze injineru bat: Mariano Zuaznabar jauna. Denek hiria maite zuten. Poztasunak ororenak ziren, norberak egiten zuenari garrantzi handirik eman gabe, batik bat nire aitonaren kasuan, zeina lan bitxienei ekiteko prest agertzen baitzen, hala nola hamahiru ekitaldiko zarzuela baten libretoa idaztea, edo Río Tintoko Meatzeetan, erromatarren garaian, girotutako opera bat euskaraz, edota nobela bat, hori ere euskaraz, foiletoi tankerakoa eta klabean idatzia”.[13]

Victoriano Iraola (Pasai San Joan, 1841 - Donostia, 1919) Donostiako giroaren eragile nagusietako da, Baroja eta Soroarekin batera. Bere artikulu eta antzezlanak garaiko aldizkarietan barreiaturik daude: Euskelzale, Ibaizabal, Euskal Erria, Euskal Esnalea, Euskalerriaren Alde, Baserritarra eta abar.

Bakarrizketa, komedia eta zarzuelen egile, bere lanak txiste ugari bezain barregarriz beztiturik daude, umore eta kostunbrismo xelebrea agertzen dutelarik. Haren lanen artean aipagarriak dira Bi itsuak (1884), Barbieriren musikaz, Ardita beti Ardit (1884), Petra xardin saltzallia (1888), Sarriegiren musikaz, Pasayan (1888), Sarriegiren musikaz, Leokadia (1891), Luzuriagaren musikaz, Txomin Donostiyan (1892), Luzuriagaren musikaz, eta Onenzaro gaba (1894), Ergobiyan (1902), Karmen gaztain saltzallea eta zeladore baten estuasunak, Joxemaritarrak, Xordo, Pulpuba, Ixkiña Mutrikun, Txokolo, Xardiñak, ... eta abar.

Lantxo horiek guztiak, eta beste hainbat, antzerki-talde batek antzezten zituen, Euskaldun Fedea izenekoak, hain justu. Taldean gizon zein emakumeek parte hartzen zuten, horien izenak, garaiko argazki zahar baten arabera, hauek dira: Rosario Artola, Maria Casal, Pepe Artola, Felipe Casal, Pablo Casal, Arrieta, Larman, Andonegi, Uranga, Ganboa, eta Guelbenzu.

Hortaz, dena lagunartean eta familian egiten zen, talde murritz baten baitan. Izen horien artean Pepe Artola nabarmen daiteke, denetan ezagunena baitzen, bere grazia eta gatzari esker. Udaleko musika bandako kidea zen, eta baita orkestrakoa eta Orfeoi Donostiarrekoa ere. Antzezle gisa bakarrizketak zituen espezialitate: Motxa errian, Xordo, Ixkiña Motrikun... Hiru antzezlan labur ere idatzi zituen:

Bixente, Xabiroya eta Legorreko Arrantzaleak; halaber, Mendi Mendiyan opera ospetsua izango zenaren libretoa itzuli zuen, eta hainbat poema eta ipuin argitaratu.

Donostiako mugimendu horren sustatzaile nagusia Jose Manterola Euskal Erria (1880-1918) aldizkariaren eta Euskal Jaien sortzaile eta zuzendari, eta Euskal Kantutegiaren [Cancionero Vasco] egilea izan zen, eta geroago haren zuzendari lanari heldu zioten Antonio Arzak, Francisco López Alén, A. Loiarte eta beste zenbaitek, mugimendu horren eredua Bizkaira hedatu zelarik.

Bizkaiko Eskola

aldatu
 
Mainu eta Kristauen jaia. Bermeo, 1888

Resurreción María Azkue aldizkariaren sortzailea izan zen, eta aldizkari horretan argitaratu zen lehenengo aldiz, hain zuzen ere, Barrutiaren antzezlana. Lan horretaz gain, Emeterio Arrese eta Valerio Mokoroaren beste zenbait argitaratu zituen, eta Azkuek berak zarzuela elebidunak eta eszenarako dibertimenduak idatzi zituen, hala nola Vizcaytik Bizkaira (1895), Colonia Inglesa (1896), Eguzkia nora (1897), Pasa de Chimbos (1898), Sasi Eskola (1898), Aitaren bildur (1917), eta Ortzuri (1911) eta Urlo (1914) operak. Azkue, beraz, Bizkaian mende amaierako euskal munduaren eragile nagusia izan zen. Labaienek hura aipatuz adierazten duenez, horren gainean haren pentsaera hauxe zen:

Herrian euskararekiko gogoa sustatzeko biderik erraz eta azkarrena Antzerkia da. Izan ere, gure herriak oro har gutxi irakurtzen du, eta nagikeria hori Ortuzarrenaren tankerako antzerki herrikoi batek eskaintzen dituen baliabideekin osatu behar da”.[14]

Azkuerekin batera, Bizkaian bizitu zen euskal antzerkiaren pizkunde horretan, euskaraz, bi eletan nahiz gaztelaniaz antzezlanak eginez, parte hartu zuten beste hainbat egilek: Sabino Arana Goiri109 (Libe, 1895, La bandera fenicia, 1895; De fuera vendrá, 1897; ...) , Robustiano Ortuzar (Oroigarriak, 1925), Alfredo Etxabe (Lenago il, 1900; Bide onera, 1905; Lide ta Ixidor, 1910; Mirentxu, 1910; Matilde, 1921; Pedro Mari, 1922,...), Bonifacio Latxa (Todos erribatekos, 1899...) y Nicolas Viar (Alma vasca, 1916...), besteak beste.

Erreferentziak

aldatu
  1. Rafael Uralde: Apuntes para una historia del teatro en Bilbao. Bizkaiko Aurrezki Kutxa. (Bilbo, 1982) 8. or.
  2. Patri Urkizu (argt.): Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak I. Anonimoak. Etor (Donostia, 1991) 88-89. or.
  3. Fray Bartolome, Euscal Errijetaco olgueeta, ta dantzeen neurrizco gatz ozpinduba... (Iruñea, 1816), 149. or.
  4. op. cit. 75-81. or.
  5. . Xipri Arbelbide Drame: 891an euskaldun gerla, Memoriae L. Mitxelena Magistri sacrum, Gipuzkoako Foru Aldundia (Donostia, 1991) 485-505. or.
  6. Archivo Histórico Nacional, (Madril) 11396.
  7. Wenthwort Webster, Les Pastorales Basques, La Tradition au Pays Basque, Saint Jean-de Luz, 1897, Berrargt. Elkar (Donostia, 1982) 244. or.
  8. . Patri Urkizu (argt.): Joanes Etcheberri, Arraultze Ohoina (Sara, 1884), Egan (1986) 3-22. or.
  9. Gurutze Aldabaldetreku & Amaia Boneta (argt.): Jean Pierre Harispe, Karmela. Erein. Euskal klasikoak 60.
  10. Pierre Lafitte (argt.): Gonzalve edo Ostatu betea. Gure Herria (Baiona, 1970).
  11. op. cit., 143. or.
  12. Patri Urkizu (argt.): Serafín Baroja, Bertsoak. Pudente, Tormesko lazarotxoa, kontuak. Julio Caro Barojaren aitzinsolasa. Txertoa (Donostia, 1988) 13. or.
  13. op. cit., 9. or.
  14. Antonio M. Labaien: Teatro éuskaro... op. cit., 64. or.