Euskal antzerti eta zinea/Zinema dokumentala

DOKUMENTALAREN GENEROA umotze prozesu betean zegoen eta etorkizun itxaropentsua agertzen zuen, Gerra Zibilak zuzendari gazteen ibilbideak eten zituenean. “Ikuska” izenekoa izan zen, 1983an Euskal Telebista sortu bitartean, Euskal Herriari buruzko ikus-entzunezko fondo bat sortzeko ahaleginik garrantzitsuena. Trantsizio-garaiko euskal zinema dokumentala bi joera nahikoa zehatzen artean ibili zen: salaketa politikoa eta ahaleginaren epika.

Telebista publikoaren jaiotzarekin pantaila handiko zinema dokumentalarekiko interesa hoztu egin zen. Alabaina, generoak susperraldia bizi du azken urteotan.

Esperientzia berritzaileak aldatu

Lehen kapituluan ikusi zen bezala, dokumentalaren alorreko esperientzia berritzaileenetako batzuk euskal zinemagileek burutu zituzten. Horrela, Espainiako zinema etnografikoa Eusko Ikusgayak (1923 1928) seriearen egile Manuel de Intxaustirekin jaio zen; propaganda politikoko lehen filma, Euzkadi, Teodoro Ernandorenak egin zuen, 1933an; eta Nemesio Sobrevila bilbotarrari Gerra Zibilari buruzko dokumentu zirraragarrienetako bat zor diogu, Guernika (1937), zeinaren fotogramak beste film eta dokumental askoren oinarri izan baitira.

Tafallan 1904an jaiotako Migel Mezkiriz, ekoizle eta banatzaile gisa, hogeiko hamarkadaren hasieran trebatu zen, Mexikon. Bilbon kokatu zen, 1928an. Bere Pathé kameraz, Mezkiriz gaurkotasuneko gertakariak filmatzen hasi zen, gero hiriko zinemetan erakusten zirenak. “Reportajes Mezquiriz de última hora” izenekoa erreportari nafar honek II. Errepublikako Bilbo hirian zuzendutako zinema kazetaritzako enpresa aitzindaria izan zen.

Erbestea eta urte ilunak aldatu

Dokumentalaren generoa umotze prozesu betean zegoen eta etorkizun itxaropentsua zuen Gerra Zibilak zuzendari gazteen ibilbideak eten zituenean. Hogei urteko isiltasunaren ondotik, hirurogeiko hamarkadatik aurrera egokitu zaion garaiarekin engaiatuta, kamera herriaren errealitatea agertzeko hartuko duen belaunaldi berri baten sorkuntza-grina ernetzen hasi zen, lantegia aurrera eramateko eragozpen itzelak gainditu behar izan zituen arren. Hori dela eta, kalitate eta zehaztasun maila egoki bat agertzen zuten lehen dokumentalak erbesteratuek eginak izan ziren (Venezuelako euskal nazionalistek sustatutako Los hijos de Gernika, kasu), edo Frantzian bizi zirenek (hala nola Gotzon Elorza, 1960 eta 1964 bitartean bizkaieraz emandako lau dokumental laburren egile).

Dokumentalista moduan Mexikon trebatua, Pio Caro Barojak, Zalakain el aventureroren egilearen ilobak, Documentales Artísticos ekoizpen etxea sortu zuen, Madrilen. Euskal kulturaren alderdi ezberdinei buruzko zenbait lan labur burutu ostean, Príncipe de Viana Erakubdeak erresuma zaharreko bizimodu tradizionalari buruzko hiru dokumental eskatu zizkion. Julio anaia gidoilari duela, Navarra, las cuatro estaciones egin zuen, 35 mm-ko filma, etnografiaren berreskurapenari begira lan baliotsua eta zinemaren ikuspegitik estimagarria eskainiz. Hamarkada horren amaieran esperientzia errepikatu zuen, Gipuzkoa lanarekin.

Jesus Almendros ausart eta esperimentalago agertu zen. Donostian kokatutako gijondar honek, hiriari buruzko zenbait metraje laburreko filma zuzendu ondoren, 1969an Miradas filmatu zuen, Vicente Ameztoy pintorearen obra eta mundu barnekoiari buruzko dokumentala, estetika psikodeliko, surrealista eta asaldaria baliatzen zuena.

Ikuska (1978-1984) aldatu

Ikuska izan zen, 1983an Euskal Telebista sortu zen arte, Euskal Herriari buruzko ikus entzunezko fondo bat sortzeko ahalegin garrantzitsuena. Bertan Filmak ekoizpen etxeak, 1978an Antton Ezeizaren gidaritzapean martxan jarriak, “Euskal Zinema Nazional” baterako zimentarri moduan jaio zen proiektua. Zinemagileak berak egun gogoratzen duen bezala, “sail bat izan zen, eta berorrekin ikaskuntzan gutxieneko jarraikitasun bat, egileetan aniztasuna eta planteamenduetan orotarikoa izatea lortu nahi ziren”.

Lantalde tekniko berak sailaren bateratasun estetikoa bermatzen zuen… eta baita ideologikoa ere, lehenengo Ikuskatik hasi eta azkenekora ikuspegia erabat nazionalista baitzen.

Hala egin ziren, 1978 eta 1984 bitartean “gaurkotasun iraunkorreko gaiei buruzko” hogei erreportaje, euskarazko albistegi moduan paratuak, ikastolen, Bilboko hirigintzaren, euskal artearen, Gerra Zibileko oroitzapenen, bertsolaritzaren edo baserri munduaren gainean. Jabier Agirresarobe, Jose Luis Zabala, Luis Iriondo eta Ezeiza “finkoez” gain, Ikuskan beste hainbat egilek esku hartu zuten, hala nola, Imanol Uribe, Montxo Armendariz, Pedro Sota, Jose Julian Bakedano, Juanba Berasategi eta Xabier Elorriaga, besteak beste.

Izadia eta politika aldatu

Trantsizio garaiko euskal zinema dokumentala bi joera nahikoa zehatzen artean ibili zen: salaketa politikoa eta ahaleginaren epika. El Proceso de Burgos (1979) eta Euskadi hors d’Etat (1983) lan bikainak politikoak dira edukiz.

Imanol Uriberen lehen film luzea euskal militanteen aurkako epaiketan auzipetu eta nahastutakoei egindako elkarrizketetan oinarritzen da. Filmak erakutsi ahal izateko arazo dezente gainditu behar izan zituen, diktadurarekiko errotiko aurkakotasuna islatzen baitzuen, baina zailtasunak ikusleen eta kritikaren babesarekin berdindu ziren, eta filma hainbat jaialditan saritua izan zen.

Arthur Mac Caig estatubatuarra, bestalde, euskal labirintuan barrena Gerra Zibilaz geroztiko frankismoaren aurkako erresistentziari buruzko begirada objektibo –objektiboa baina ez hotza–, zorrotz eta interesgarri batez sartu zen. Emaitza Euskadi hors d’Etat izan zen, Angel Amigoren koproduzioa.

Izadiaren aurka borrokatzen den gizakiaren epikak aire ekologiko eta antropologikoa duten dokumentalak eman ditu.

Anton Merikaetxebarriak 1975ean filmatu zuen Arrantzale, Elantxobeko arrantzaleen eguneroko bizitza islatzen zuen film ederra.

Hamar urte geroago Mar adentro estreinatu zen, zinema zientifikoaren alorreko lehen euskal film luzea, dokumentalen generoan eskarmentu handia duten bi zuzendariren eskutik: Francisco Bernabé eta Rafael Treku.

Euskal mendizaleen espedizio bat Everest mendiaren maila gorenera heldu zen, 1974an, baina hain zorte txarraz ezen tontorrera iritsi baino metro batzuk lehenago igoera bertan behera utzi behar izan baitzuen. Horien artean zegoen Fernando Larruquert, Ama Lur filmaren egilekide.

Sei urte geroago, beste espedizio batek Katmandu aldean filmatu zuen, eta bi filmazio horien uztarketak Agur Everest emango du, jomuga orokor bat erdiesteko gizon multzo baten baterako borrokari buruzko dokumental bat.

Azken ordua aldatu

Telebista publikoaren jaiotzarekin pantaila handiko zinema dokumentalarekiko interesa hoztu egin zen. Alabaina, azken urteotan Euskal Herrian fikziozkoa ez den genero honek susperraldia bizi du.

Igeldo Komunikazioa, 1982an jada Crónica del descubrimiento del Viejo Mundo por Kayun Maax ezohikoa ekoitzi zuena, sorkuntzako dokumentalen koprodukzioen aldeko agertu da.

Euskal zinemak gero eta zaletu gehiago dituen genero honi emandako azken lanak izan dira: Maurice Dugowsonen El Che, una leyenda de nuestro siglo, eta Ana Díezen La mafia en La Habana (2000) eta Galíndez (2001).