Euskal antzerti eta zinea/Zinema dramatikoa
GENERO DRAMATIKOA gatazkan oinarritzen da: pertsonaia batek edo batzuek beren nahiak lortzea eragozten dien erresistentzia bat (barrukoa edo kanpokoa) menderatu behar dute. Euskaldunek ekoitzitako filmetan drama sozialak, drama poetikoak, generoko dramak, komedia dramatikoak... aurkituko ditugu. Gure hurbileko errealitateari lotutako pertsonaiek irudikatutako tentsio dramatikoaren adabegiak.
Fuego eterno (1984). 95’
aldatuProd.: Aiete Films, Azkubia Films, José Esteban Alenda. Zuz. eta Gid.: José Angel Rebolledo. Antzez.: Angela Molina, Imanol Arias, François-Eric Gendron, Ovidi Montllor, Myriam Maeztu.
Aiete Films ekoizpen-etxearen bigarren filma lehenengoa (Mikelen heriotza) baino asmo handiagokoa zen, baina emaitza ez zen inola ere hain errentagarria gertatu.
Fuego eterno euskal tradizioetan errotutako maitasun eta heriotzaren kondaira modura aurkezten da. Rebolledoren gidoiak eta zuzendaritzak funtsa badute, antzezleak eraginkorrak dira eta eszenaratzeak maila handiko uneak eskaintzen ditu –batik bat Agirresaroberen argazki-lan bikainari esker–, baina osotasunean porrot egin zuzen erabat. Filmari ausardia falta zaio, eta nabarmentzeko gogo sobratzen.
Otra Vuelta de Tuerca (1985). 113’
aldatuProd.: Gaurko Filmeak. Zuz.: Eloy de la Iglesia. Gid.: Gonzalo Goikoetxea, Eloy de la Iglesia, Angel Sastre, Henry Jamesen izen bereko nobelan oinarritua. Antzez.: Pedro Mª Sánchez, Queta Claver, Asier Hernández, Cristina Reparaz.
Zinemagile ausarten herrian, Eloy de la Iglesia errege litzateke, begirune osoz esanda. El picoren bi zatiekin 1985ean irabazitako diruaz, zarauztarrak bere ibilbidean norabidea aldatu eta proiektu klasiko bati heldu zion, beldurrezko generoan: Otra vuelta de tuerca.
Jamesen istorioa euskal handikien giroan egoki txertatu zuen, baina zuzendariak, flematiko agertu beharraren beharraz, filma askotan arnasarik gabe uzten du.
Otra vuelta de tuerca eta Amenabarren Los otros konparatzea halabeharrezkoa da kasik, antzekotasun garbiak baitituzte.
Adiós, pequeña (1986). 86’
aldatuProd.: Travelling Films. Zuz.: Imanol Uribe. Gid.: Imanol Uribe, Ricardo Franco. Antzez.: Ana Belén, Fabio Testi, Marcel Bozzuffi, José Manuel Cervino, Nacho Martínez.
Imanol Uribek genero beltzean –jarraian zetozen urteetan bikain moldatu zen– egin zuen lehenengo saioa Bilboko itsasadarraren bi ertzetan gertatzen zen istorio bat da: elkarri buru ematen dioten bi munduren sinbolo gisa jokatzen duten bi geografia.
Uribek badaki pertsonaiak mugitzen eta eszenak egoki taxutzen ditu, baina gidoiaren argaltasunek ahalegina zapuztu zioten. Ana Belén eta Fabio Testi kontratua konplitzea beste xederik gabe, filma funtsik gabe ebatzia gertatu zen. Nolanahi ere, aitortu beharra dago generoa Bilboko paisaia industrial dekadenteetan txertatzeko ahalegina baliokoa dela.
Las cartas de Alou (1990). 92’
aldatuProd.: Elias Kerexeta. Zuz. eta Gid.: Montxo Armendariz. Antzez.: Mulie Jarju, Eulalia Ramón, Ahmed El-Maaroufi, Akonio Dolo, Albert Vidal.
Pateren krisiari eta immigrazio legearen inguruko eztabaidari aurreratu zitzaien, giza komunikazioa eta elkartasunaren aldarrikapen ederra den filmarekin. Elkarrizketa batzuk ia ulertezinak badira ere, pertsonaiak gardenak dira, eta errealitatea ulergarria erabat egiten zaigu.
Gidoiaren amarru zoli bati esker, izenburuak aipatzen dituen Alouren gutunak ikusleak berak idazten ditu bere buruan. Armendarizek Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra Coen anaien Heriotza lore artean filmaren kaltetan irabazi izanaren penitentzia pairatu behar izan zuen.
Alas de mariposa (1991). 108’
aldatuProd.: Gasteizko Zinema. Zuz.: Juanma Bajo Ulloa. Gid.: Juanma Bajo Ulloa, Eduardo Bajo Ulloa. Antzez.: Silvia Munt, Fernando Valverde, Susana García, Laura Vaquero, Txema Blasco.
Juanma Bajo Ulloa metraje luzeko filmen zuzendari sarituaren (Akixo, El reino de Víctor) lehenengo film luzea ipuin poetiko, magiko eta limurtzaile bat, bere ikusmen nahiz eszenaratzeko baliabide ugariak agertzen zituena zen.
Enfant terrible gasteiztarraren zinemak planoen sintaxia, irudiaren ehundura eta kameraren mugimendua ditu bereizgarri nagusi, gidoian eta pertsonaien deskribapenean agertzen diren hutsuneak kalitate handiko uneekin ahaztaraziz.
Alas de mariposa filmak Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra irabazi zuen 1991an.
Vacas (1992). 91’
aldatuProd.: Sogetel. Zuz.: Julio Medem. Gid.: Julio Medem, Mitxel Gaztanbide. Antzez.: Emma Suárez, Carmelo Gómez, Ana Torrent, Karra Elejalde, Klara Badiola.
Euskal zinema kultur tradizioez elikatzen eta herriaren ikurretan oinarritzen dena bada, Julio Medemen opera primak mugarri bat ezarri zuen. Zeren eta Vacas film bikaina da, baina zerbait gehiago ere bai: topiko eta arketipoen aurkako adierazpen bat da, egitura narratibo bizi eta lirikoa; lan horrekin gure zinema heldutasuna eraman du.
Hala ere, behiaren “juzkurik gabeko begia” gurearen antzekoa ez denez, proiektuak tamalez ez zuen bertan babesik izan, eta Madrilen finantzatu zen, Medem bere jaioterritik urrundu duen ibilbide batean abiaraziz.
La madre muerta (1993). 106’
aldatuProd.: Gasteizko Zinema. Zuz.: Juanma Bajo Ulloa. Gid.: Juanma Bajo Ulloa, Eduardo Bajo Ulloa. Antzez.: Karra Elejalde, Ana Alvarez, Lio, Silvia Marsó, Elena Irureta.
Beste behin, Bajo Ulloak amesgaiztozko edo eromenaren amildegi ertzeko fantasia anker batean sartzeko gonbitea luzatu zigun. Beste behin, etxetzar islatsuak, hospizioa eta bertako biolentzia sorra, oroimen hautsia, erakarpen halabeharrezkoak, dena Bingen Mendizabalen musikaren urrumaz eta zabunkatu eta itotzen gaituen kamera dantza batez. Egia, kontakizunaren pasarte askotan ikusezina, obsesiboki xehea den narratzaile batek ematen du, antzezle multzo bikain baten laguntzaz.
1993an Montrealgo Jaialdiak Bajo Ulloari zuzendari onenaren saria eman zion.
La ardilla roja (1993). 110’
aldatuProd.: Sogetel. Zuz. eta Gid.: Julio Medem. Antzez.: Emma Suárez, Nancho Novo, Carmelo Gómez, María Barranco, Karra Elejalde.
Julio Medemek Vacasen iradoki zuen oro La Ardilla Roja filmean berretsi zuen.
Bikoteen arteko gezur eta alegien, botere eta menderatze istorioa da, udara bero batean Donostiako kanpinean girotua.
Medemen zinemaren bereizgarria da nolabaiteko itxurakeria, alderdi original eta poetikoak bortxatzea, naturaltasuna behartuz; baliteke denen gustuko ez izatea. Baina bere istorioei aurre egiteko agertzen duen zintzotasunak bestela lotsagarri gerta litekeena erakargarri egiten du.
Historias del Kronen (1995). 90’
aldatuProd.: Elias Kerexeta, Claudine Ossard Productions. Zuzd.: Montxo Armendariz. Gid.: Montxo Armendariz, José Angel Mañas, J.A. Mañasen izen bereko nobelan oinarritua. Antzez.: Juan Diego Botto, Jordi Mollá, Nuria Prims, Aitor Merino, Armando del Río.
Armendarizek gizartearen gune ospeletan ezarritako gizabanako eta taldeen bizimodua ikerketa koadernoetan jasotzen duen antropologoaren begirada du.
Jarrera horrekin aztertzen du txondorraren oinean dagoen ikazkina Tasion, eta bizimodu hobe baten bila Itsasartea zeharkatzen duen emigrantea Las cartas de Aloun. Era bertsuan, Historias del Kronen filmean asfaltoa zapaltzen du, nihilismo suntsitzaile batek gidatutako hiriko gazte mota jakin bat aztertzeko. Gozogarririk gabeko filma da, eztarrian korapiloa jartzen duen horietakoa, aurkikuntza bisualez betea.
Bwana (1996). 81’
aldatuProd.: Aurum, Cartel, Origen. Zuz.: Imanol Uribe. Gid.: Imanol Uribe, Juan Potau, Paco Pino, Ignacio del Moralen La mirada del hombre oscuro lanean oinarritua. Antzez.: Andrés Pajares, María Barranco, Emilio Buale, Alejandro Martínez, Andrea Granero.
Días Contados egin eta bi urtera, Imanol Uribek berriro Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra irabazi zuen, Bwana filmarekin. Armendarizek Las cartas de Aloun bezala, Uribek arrazakeria erabatekoena jorratzen du, baina irizpide ezberdinez: nafarrak fintasuna baliatzen duen bitartean, Uribek umore eta biolentziazko kolpeak erabiltzen ditu, Andrés Pajares eta María Barranco bikote protagonista lagun. Bwana atseginez ikusi eta laster ahazten diren film horietako bat da.
Todo está oscuro (1997). 95’
aldatuProd.: Igeldo Komunikazioa, Euskal Media, Teleset, MGN. Zuz.: Ana Díez. Gid.: Ana Díez, Carlos P. Merinero, Bernardo Belzunegi, Angel Amigo. Antzez.: Silvia Munt, Klara Badiola, Diego Achury, Valeria Santa, Robinson Díaz.
Bederatzi urteren ostean, Ana Díez film luzeak egitera itzuli zen Todo está oscuro filmarekin. Marta (Silvia Munt) Kolonbiara doa zendutako anaiaren (Kike Díaz de Rada) gorpuzkiak jasotzera. Bidaia iniziatiko baten hasiera izango da, bere ilusioak zapuztuko diren bidaia, infernuaren atea dirudien gizarte batean bizirauten ikasiko duelarik.
Ander eta Yul filmean bezala, tuterarraren kezka nagusien artean biolentzia dago, eta oraingoan haren bidegabekerian sakontzeko emakume baten begirada hartzen du.
Asfalto (1999). 92’
aldatuProd.: José María Lara, Sur Films, Albares Productions. Zuz.: Daniel Kalparsoro. Gid.: Daniel Kalparsoro, Santiago Tabernero, Frank Palacios. Antzez.: Najwa Nimri, Juan Diego Botto, Gustavo Salmerón, Alfredo Villa, Antonia San Juan.
Beste dohain askoren artean, Kalparsororen laugarren filmaren izenburua egokia da, protagonista, funtsean, hiria baita: Madril. Asfalto errearen berotan, Lucía, Chino eta Charlyk ezinezko triangelu bat osatzen dute. Askatasunak etsai gehiegi ditu, hala kanpoan nola norberaren barruan.
Kalparsorok orain arte egindako lan onenak aparteko eszenaratzea erakusten du, fotografiaren tratamendu bikain batek eta castingaren diseinu egoki batek indartua. Hondarribikoarengan ohikoa denez, akzio-eszenek zuzendari gisa duen trebezia agerrarazten dute.
Los amantes del círculo polar (1998). 103’
aldatuProd.: Sogetel. Zuz. eta Gid.: Julio Medem. Zuz.: Najwa Nimri, Fele Martínez, Nancho Novo, Maru Valdivielso, Sara Valiente. Patuaren eta halabeharraren jokoa milaka filmen oinarri izan da. Alor labaina da, eta erraza estropezu egitea. Horrek edozein zinemagile uzkur lezake, baina ez Julio Medem, istorioen garapenean unibertso propio eta originaltasun handiko artista.
Kasualitatea eta kausalitatea paisaia elurtuekiko bi anaia-arrebaorderen arteko amor fou-ko istorio honen ardatzean daude.
Arbitrariotasun eta apainkerian erortzeko zorian, Medemek sinesgarritasun poetiko handiz aurrera egiten du, eta emozio handiko beste obra bat eskainiz.
La novena puerta (1999). 132’
aldatuProd.: Araba Films, Bac Films, Kino Vision. Zuz.: Roman Polanski. Gid.: Enrique Urbizu, John Brownjohn, Roman Polanski, Arturo Pérez Reverteren El club Dumas nobelan oinarritua. Antzez.: Johnny Depp, Frank Langella, Lena Olin, Emmanuelle Seigner.
Iñaki Núñez koprodukzioan dagoela, eta Enrique Urbizuk beste zenbait egilerekin batera idatzirikoa, Roman Polanskiren filma gaizkiaren indarrak nagusi direneko errealitatearen alderdi ilunetan sartzen da. Tentsio narratiboa erabat galdu gabe eta antzezleen lan dotoreekin, istorioak Arturo Pérez Reverteren nobelan txerta litezkeen baina pantailan emaitza onik ematen ez duten baliabideei heldu zien, bukaera eskas batekin proiektuak finean behea jo zuelarik. Nolanahi ere, gorestekoa da Araba Films ekoizpen-etxeak neurri honetako proposamenetan inbertitzean agertu zuen adorea.
Plenienilunio (2000). 118’
aldatuProd.: Sogecine, Aiete/Ariane Films. Zuz.: Imanol Uribe. Gid.: Elvira Lindo, Antonio Muñoz Molinaren izen bereko nobelan oinarritua. Antzez.: Miguel Angel Solá, Adriana Ozores, Juan Diego Botto, Fernando Fernán Gómez, Chete Lera.
Extraños eskasaren ondoren, Uribek polizia-istorio bat moldatu zuen berriro. Plenilunio filmak egiaz paraleloan doazen hiru istorio kontatu zituen, Manuel (Miguel Angel Solá) pertsonaiaren bidez: neskatoen hiltzailearen (Juan Diego Botto) kasua, bere maitasun istorioa andereño batekin (Adriana Ozores) eta Bilbon igarotako urteen oroitzapena, atentatu moduan itzul litezkeenak. Ekintza probintziako hiriburu batean kokatzen delarik, filmak Bardemen Calle Mayor gogorarazten du. Egia da hiru istorioak ez daudela behar bezala elkarloturik, baina emaitza estimagarria da.