Euskal antzerti eta zinea/Zinema esperimentala
ESPERIMENTALISMOA. “Esperimentala” deritzon zinemaren ezaugarri bereizgarri da emozio eta sentipenak adierazteko nahiz hartzeko moduei buruzko ikerketetan jardutea. Artistak ikus entzunezkoaren edo beste generoen mekanismo eta kodeak baliatzen ditu edukien objektibotasunean, euskarri materialen ahalbideetan eta hizkeran sakontzen duten sorkuntza lanak burutzeko.
Euskal zinema esperimentalik ba da? Definizioz, esperimentalismoa banako artisten jarduera da, eskola eta joeren, korronte eta tokiko joeren barruan hezigaitza. Alabaina, ukaezina da sortzaile garaikideek beren esperientziak besteei jakinarazten dizkietela eta artistak elkarrenganako eraginez elikatzen direla, emaitza gisa sarritan antzekoak diren lanak sortuz. Euskal Herrian hori begien bistakoa da: hirurogeiko hamarkadaz geroztik ideia estetiko jakin batzuek (Jorge Oteiza eskultorearenak) eta zenbait prozedura formalek –besteak beste, Xabier Agirre, Jose Antonio Sistiaga edo Basterretxea Larruquert–, pertsonek garatu zituztenak– euskal artisten zinema esperimentala egiteko modu bat ekarri zuten.
Laurogeiko hamarkadatik aurrera, eta batik bat laurogeita hamarreko hamarkadan, esperimentalismoa bideora aldatu zen, abangoardiako sortzaileentzat formatu malgua izateaz gain, ez baitzen hain garestia.
Sobrevila eta beste abangoardista batzuk
aldatuGure zinemako aitzindariei eskainitako kapituluan Nemesio Manuel Sobrevila gogora ekartzen dugu, Guernika lanaren egile moduan, euskal zinemaren haurtzaroan filmatutako dokumentalen arteko harribitxitzat hartzen den Gerra Zibilari buruzko metraje laburreko filma. Bada, zinemagile eta arkitekto bilbotar hau, gainera, gure zinemako lehen egile esperimentala da, bere bi lanek agertzen duten moduan: El sexto sentido, 1926koa, garaiko zineman ziren korronte urratzaileei buruzko ariketa satirikoa, eta 1928ko Lo más español o Al Hollywood madrileño, “zazpi film bakar batean tartekatuta”, zuzendari eta gidoilariak berak definitu zuen moduan, non hainbat estilo nahasten baitzituen, hala nola kubismoa, futurismoa, españolada eta drama kriminala.
Gerra Zibila baino lehenagoko beste obra bitxi bat Sabino Antonio Micónen Historia de un duro (1928) da, eta bost pezetako txanpon baten gorabeherak kontatzen ditu, esku batetik bestera eta patrikatik patrikara dabilen bitartean, jabe ilaunen aurpegiak sekula ez ditugularik ikusten.
Oteizaren inguruan
aldatuRamón de Vargas 50eko hamarkadako pintoreen belaunaldiko getxotarrak 1960an, Parisen ekin zion bere ibilbide artistikoari, gure herrian aurrekaririk ez duen alor batean: ikus entzunezko esperimentazio abstraktuan. Zuzenean zeluloidearen gainean pintatuz, De Vargasek segidako urteetan jarraitzaile bikainak erakarri zituen animazio ez figuratiboaren atea zabaldu zuen.
Xabier Agirrek 1960an, halaber, Tiempo 2 filmatu zuen, joera abangoardistako film laburrren saldo bateko lehena. Xabier Agirre donostiarraren esperientziak, hala nola, filmaren zulaketa fisikoa, musika elektronikoaren eta koloreen uztarketa erritmikoa, hutsaren irudikatzea edo matematika puruko ariketa bat filmaren hizkuntzara aldatzea, eta bere Anti zinemaren teoriak estatu mailan proposamen interesgarrienetakoak dira genero honetan; hala ere, paradoxa bitxi batekin, zeren eta esperimentu horiek posible izan baziren, zuzendariak aldi berean zinema hutsalagoaren alorrean ibilbide paralelo bati ekin ziolako da.
Agirreren filmografiaren zati bat, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten kasuan bezala, Jorge Oteizaren antropologia estetikoaren eraginpean egin zen. Izan ere, eskultore oriotarra Operación H (1963) filmaren bultzatzaile eta, aipatu azken bi egilerekin batera, sortzaile izateaz gain, Quousque tandem! lanaren egilearen teoriak Pelotari (1964) eta Ama Lur mitikoaren oinarrian baitaude (lan horiek berariaz beste kapitulu batean aztertuko ditugu).
Plastika zeluloidearen gainean
aldatuOteizaren beste zaletu militante bat izan zen Jose Antonio Sistiaga, pintore donostiarra eta bere film esperimentalengatik nazioarteko mailan ezaguna, batik bat Ere erera baleibu icik subua aruaren / De la Luna a Euskadi (1968-70) lana medio, “munduan egindako film abstraktu eder eta luzeenetako bat”, Domique Noguez adituaren hitzetan.
Sistiagaren atzetik, belaunaldi bereko beste pintore bat, Rafael Ruiz Balerdi, apur bat beranduago film labur pintatu bat egiten hasi zen, Homenaje a Tarzan (1971), zinearen eta pinturaren sinbiosi harrigarria, Historia del cine de animacion y experimental vasco lanaren egile Begoña Vicarioren iritziz “mundu mailako animazioko zine esperimentalaren oinarrizko obretako bat”.
Zabala, Zulueta eta Etxegaraiko
aldatuJose Maria Zabala argazkilari, musikari, pintore eta ikus entzunezko sortzaile irundarrak 1976ko Donostiako Zinemaldian Axut aurkeztu zuen, “zirku metafisiko” gisa definitu zuen film luzea. Irizpide estetiko esperimentalez, Zabalak euskal egoera aztertu zuen, tradizionala eta modernoa, poesia eta umorea, uztartuz.
Euskal abangoardiaren ordezkari ospetsua eta espainiar zinemako egile madarikatua, Ivan Zuluetari Arrebato (1980) liluragarria zor diogu. Horra iritsi aurretik, Zuluetak super 8 formatuan film labur ugari egin zituen, eta zenbait film luzeren bide urratzaile eta hizkuntza nagusien deskodetzaile izan zen, collage teknika, filmaketen filmaketa eta errebelatu gaineko pintura baliatuz.
Artista esperimentalen zerrenda hau, xehea ez baina erakusgarria izan nahi duena, Etxegaraiko Goti animatzaileak itxiko du. Behar baino lehen zendua, Etxegaraikok lau film utzi zizkigun, araztasuna eta erradikaltasuna uztartzen dituzten filmak, indar bizizale eta gartsukoak, Euskal Herrian egindako zinema konformagaitzenaren historian egilea eskubide osoz txertatzen dutenak.