Euskal antzerti eta zinea/Zuzendariak

Zinemagilea mugitzen ari diren irudiak baliatzen dituen istorioen kontalaria da, laburbilduz. Beraren baitan biltzen dira idazlea, fotografoa, artista plastikoa, eszenaratzailea, erritmoen konpositorea.... Teknika eta ahalmen sortzailea, gurean iragan apala, orainaldi ona eta geroaldi oparoa dituen arte totalaren aldaera batean. Hori egiaztatzea dagokigu, segidan datozen 26 zuzendarien biografiak medio.

Harry D’Abbadie D’Arrast (Buenos Aires, 1897-Montercarlo 1968)

aldatu

Oinetxea Iparraldean zuen euskal aristokraziaren familia bateko seme, Harry Buenos Airesen jaio zen, baina gaztetan Parisa joan zen, arkitektura ikastera. I. Mundu Gerran borrokatu ostean, Hollywood aldera abiatu zen, eta han ezagutu zuen Charles Chaplin, Parisko emakume bat (1923) maisulanaren eta Urre kimera filmean laguntzaile tekniko gisa kontratatu zuena.

Adolphe Menjou-k harremanetan jarri zuen Paramount ekoizpen‑etxeko zuzendariekin, eta han 1927 eta 1933 bitartean zenbait komedia sofistikatu, Lubistchen iritziz “zinemaren historiako xoragarrienetakoak”, zuzendu zituen. Sucedió en España (La traviesa molinera) II. Errepublika garaiko film nagusietakotzat hartzen da.

Nemesio Manuel Sobrevila (Bilbo, 1889‑Donostia, 1969)

aldatu

Gerra aurreko abangoardiako zinemaren ordezkaririk behinena dugu. Bartzelonan eta Parisen arkitektura ikasketak egin zituen, eta espazioari buruzko ezagutzak bere zinema lanetan erabili zituen: El sexto sentido (1926) eta Lo más español o Al Hollywood madrileño (1928).

Primo de Riveraren gobernuak debekatu zuen mirariak egiten zituen mediku donostiar bati buruzko Las maravillosas cura del doctor Asuero satira, estreinatu aurretik.

La hija de Juan Simón filmatzeari ekin zion, 1935ean, Luis Buñuel ekoizle zuela, baina Calandako jeinuarekiko ezadostasunek proiektua zapuztu zuten. Erbestean Espainiako Gerra Zibilari buruzko Guernika dokumentala egin zuen, eta filmagatik erregimen frankistak heriotza zigorra ezarri zion, Frantziatik alde egin behar izan zuelarik.

Mauro Azkona (Fitero, 1903‑Mosku, 1982)

aldatu

Euskal zinemaren aitzindarietako bat izateagatik amultsuki “Barakaldoko Griffith” deritzana, 1925ean Maurok, anaia Victor lagun zuela, Estudios Azcona sortu zuen, eta ekoizpen‑etxe horrekin bi anaiok hogeiko hamarkadako Bizkaiari buruzko dokumental ugari egin zituzten.

Haiei zor dizkiegu Espainiako zinemagintzaren lehenengo metraje laburreko film publizitarioak: Los apuros de Octavio (1926) eta Jipi y Tilín (1927).

El mayorazgo de Basterretxe film luzea filmatu zuten, 1928an, euskal zine mutuko obrarik garrantzitsuena.

Gerraostean, Mauro Sobiet Batasunera joan zen, eta han ere zinemarekin harremanetan jarraitu zuen.

Xabier Agirre (Donostia, 1935)

aldatu

Zinemako Ikerketa eta Esperientzien Institutuan zuzendaritza ikasi ondoren, bere ibilbide profesionalari ekin zion, 1958an, zuzendari laguntzaile gisa. Lan erabat “elikagarriek” hartutako filmografia nahikoa ugari baten aldean, donostiarrak jarduera esperimental interesgarri bat garatu zuen: bere anti‑zinearen teoria, 1971an argitaratutako izen bereko liburuan jaso zuena.

Bere metraje laburreko filmak sarituak izan dira, besteak beste, Venezia, Donostia, Valladolid, Bilbo edo Estrasburgoko jaialdietan.

Vida perra zuzendu zuen, 1981ean, film laburren egile gisako bere esperientzien oinordekoa den bakarrizketa zinematografikoa.

Antonio Mertzero (Lasarte, 1936)

aldatu

Espainiako telebistaren sortzaile handien artean onartua da, Antonio Mertzero, gainera, zinema-ibilbide ez oso oparo baina nahikoa interesgarri baten egilea da.

La oveja negra bere lehen metraje laburreko filma filmatu zuen, 1960an.

Zinemako Eskola Ofizialean titulatua 1962an, Donostiako Zinemaldian film labur onenaren Urrezko Maskorra eta Kantauri Itsasoko Perla Saria jaso zituen urte horretan bertan Lección de Arte filmarekin.

Se necesita chico bere lehen film luzea zuzendu zuen 1963an.

Bere ibilbidean dokumentalak, NO‑DOrako bi erreportaje, metraje laburreko filmak, metraje ertaineko filmak eta telebistako lan ugari egin zituen, azken horien artean badirelarik gogoangarriak ere, hala nola La cabina, Verano Azul eta Farmacia de Guardia.

Artisautza hutseko lanak eman zituzten bere noizean behingo zinema-esperientziek (Tobi, La guerra de papá, Buenas noches, señor monstruo), baina baita lan pertsonalagoak ere, Mertzerok bere talentu handia sentsibilitate fineko istorio zoliak kontatzeko agertu baitzuen: Las delicias de los verdes años, Espérame en el cielo, La hora de los valientes.

Pedro Olea (Bilbo, 1938)

aldatu

Zinemako Eskola Ofizialean ikasi zuen, 1964ra arte eta bere prestaketa praktikoa TVEn osatu zuen, metraje ertaineko dokumentalak eta fikziozkoak eginez. Días de viejo color bere lehen filmak Zinemako Idazleen Zirkuluaren saria jaso zuen. Segidan egin zituen, besteak beste, El bosque del lobo, No es bueno que el hombre esté solo eta Tormento.

Jaioterrira itzuli zen 1984an Akelarre filmatzera, eta 1986an Bandera Negra zuzendu zuen.

El maestro de esgrima lanarekin moldatutako gidoi onenaren Goya saria irabazi zuen, 1992an.

Antxon Ezeiza (Donostia, 1935)

aldatu

Zuzenbidean lizentziatua eta Donostiako zinekluben sustatzailea, 1958an Madril aldera abiatu zen Antxon Ezeiza, Zinemako Ikerketa eta Esperientzien Institutuan ikasketak egitera.

Elias Kerexeta bere adiskidearekin bikotea osatuz bi dokumental filmatu zituen eta publizitate-zineman lan egin zuen.

De cuerpo presente, Ultimo encuentro eta Las secretas intenciones moduko filmez hirurogeiko hamarkadako “Espainiako zinema berria” izenekoaren ordezkaririk nagusienetako bat bilakatu zen.

Atzerrian bizitu zen 1973tik 1978ra bitartean. Bertan Filmeak ekoizpen‑etxea sortu zuen, eta Ikuska saila sustatu.

Ke arteko egunak/Días de humo filmatu zuen 1989an, eta Felicidades, tovarich, 1995an.

Victor Erice (Karrantza, 1940)

aldatu

Víctor Erice Zientzia Politikoetan lizentziatua, eta 1963an Zinemako Eskola Ofizialean diplomatua zen, eta hainbat aldizkari espezializatuetan ohiko kolaboratzailea.

Antxon Ezeiza eta Manuel Picazorekin gidoilari lanetan aritu ostean, 1968an bere lehenengo zuzendaritza-lana egin zuen, eta ondorengo urtean Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Los desafíos filmaren pasarte bat zuzenduta.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan Espainiako zinema modernoaren funtsezko lan bat egin zuen: El espíritu de la colmena. Zuzendaritzari lotu zitzaion 1983an, El sur filmarekin. Bi lan horiek mundu osoan barrena hainbat sari jasotakoak dira.

Ericeren azken lana El sol del membrillo euskal produkzioa da, eta Antonio Lópezen sorkuntza prozesua aztertzen du.

Iván Zulueta (Donostia, 1943)

aldatu

Espainiako zinema underground-aren apostolu, Iván Zulueta dekoratzaile gisa trebatu zen Madrilen, New Yorken pintura eta publizitate-marrazketako ikasketak egin zituen, eta Madrilera itzultzean Zinemako Eskola Ofizialean sartu zen.

José Luis Borau-k ekoitzi zion 1969an, Un, dos, tres… al escondite inglés, bere lehen filma. Musikal arraro bat da, eta zinemetan porrot egin zuen. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Zulueta ikerketa formaleko lantegian murgildu zen, super 8 euskarrian, metraje laburreko hogei lan inguru filmatuz. Baliabide nahikoa originalak erabili zituen, hala nola berfilmaketa, collagea eta muntaia musikala, etorkizuneko bideoklipen aurrekari interesgarria. Iván Zulueta Arrebato (1980) lanaren egilea da, Espainiako abangoardiako zinema landuko filma.

Eloy de la Iglesia (Zarautz, 1944)

aldatu

Estatuko zinema establishmentarentzat madarikatua eta garai bat (1976tik 1986ra) markatu zuten hainbat istorioren egile Eloy de la Iglesia haurrentzako generoan hasi zen.

Zentsura frankistarekin tirabira ugari izan zituen, honek bere lehen filmak jazarri zituelarik, baina Trantsizio garaian morbo gosea zuen ikuslegoa erakartzea lortu zuen, sexua, droga eta delinkuentzia hizpide zituzten istorioekin: Miedo a salir de noche, Los placeres ocultos, El sacerdote, El diputado, La mujer del ministro, Navajeros

El pico bere arrakastarik handiena filmatu zuen, 1983an, Euskadin. Hamar urte isilik zeramatzala, omenaldi bat eskaini zion Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak.

Imanol Uribe (San Salvador, 1950)

aldatu

Euskal familia bateko semea, El Salvadorren jaio zen. Madrilgo Zinema Eskola Ofizialaren azken promoziokoa zen. Zeppo Films bere ekoizpen-etxearekin zenbait film labur eginak ditu.

Berrogei urtez diktadurapean egondako zinema espainiarraren birsorkuntzan mugarria izango zen El proceso de Burgos filmatu zuen, 1979an. Filma Donostia, Benalmadena eta Kordobako jaialdietan saritua izan da.

Angel Amigoren Operación Poncho liburua moldatu eta Segoviako ihesa egin zuen, 1981an, euskal zinema modernoaren lehen filma, alegia.

Kritika eta ikusle mailako arrakastak bere ibilbidea suspertu zuen, eta segidan kameren atzean jarri eta Mikelen heriotza/La muerte de Mikel zuzendu zuen.

Ondorengo filma 1986ko Adiós pequeña da, porrot egin zuen proiektua, horren ondorioz Uribe euskal zinematik apurka aldentzen hasi zelarik.

Dena den, Aiete Films bere ekoizpen-etxearekin egin zuen El rey pasmado, zinema espainiarrean 1991ko film arrakastatsuena izan dena, euskal erakundeek ekoizpen-lanetan ez sartzea erabaki zuten arren.

Ekoizle gisa, Uribek José Angel Rebolledoren Fuego eterno filmean parte hartu zuen, eta geroago Manuel Gutiérrez Aragónen Visionarios filman, “Ezkioko (Gipuzkoa) agerraldien” kontaketa zimelean.

Imanol Uribek Donostiako Zinemaldian bi urrezko maskor irabazi ditu, Días contados (1994) eta Bwana (1996) filmekin.

Juan Marino Ortuoste (Bilbo, 1948) eta Francisco Xabier Rebollo (Bilbo, 1950)

aldatu

Rebollo eta Ortuoste elkarrekin sartu ziren zinema-munduan, hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Injineru Eskolan ikasle zirela Bilboko Unibertsitateko Zinekluba sortu zutenean.

Beraien ibilbide oparoan film labur didaktiko eta zientifikoak, turistikoak eta industrialak, dokumentalak eta fikzioak aurki ditzakegu. Zinema barruan ez dago diziplina arrotzik dela zuzendari, gidoilari, ekoizle, muntatzaile edo antzezle, horretan hogei urte daraman bikote honentzat. Lehen film luzea, Siete calles (1981), batera egin zutenetik, zuzendari eta ekoizle lanetan txandakatzeko ohitura dute.

Xabier Rebollok Golfo de Vizcaya, Calor… y celos eta Marujas asesinas zuzendu ditu.

Juanma Ortuoste, berriz, El mar es azul eta Entre todas las mujeres filmen zuzendaria da.

Montxo Armendariz (Olleta, 1949)

aldatu

Iruñean eta Bartzelonan elektronika ikasi zuen, eta Errenteriako Lanbide Heziketako Zentroan irakasgai horretan irakasle aritu zen. Halabeharrez joan zen Euskal Zinemagileen Elkartearen bilera batera, eta han harremanetan jarri zen zineman lehen urratsak emateko bidean jarri zuten alor horretako zenbait pertsonekin.

Bere lehenengo lana Barregarriaren dantza metraje laburreko filma izan zen, Txantreako lankideen elkartean bildutako 40 pertsona inguruk kooperatiba moduan finantzatua.

Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan bi sari irabazi zituen, 1979an, eta Kultura Ministerioaren “Kalitate berezia” saria. Lortutako irabaziekin, Ikusmena filmatu zuen 1980an, aurrekoen kasuan bezala, muntaketan Fernando Larruquert eta fotografian Xabier Agirresarobe zituela. Ikuska sailaren barruan, Armendarizek 11 zenbakidun filma egin zuen, Nafarroako Erriberari buruzkoa.

Urte berean, 1981ean, Príncipe de Viana Erakundeak Nafarrako ikazkinak/Carboneros de Navarra proiektua babestu zion, txondorraren epelean lanbide gogor horretan bizirik dirauten azken pertsonen bizimoduari buruzko dokumental bikaina. Anastasio Otxoa pertsonaia nagusia oinarri hartuta, Montxo Armendarizek bere lehen metraje laburreko filma izango denaren gidoia moldatu zuen: Elias Kerexetak ekoitzitako Tasio.

Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabaz izuen, 1986an, 27 ordu/27 horas filmarekin, drogaren munduan nahasitako gazte-talde baten bizitza medio bideratutako denborari buruzko istorio bat da. Haren ondorengo lanak, Las cartas de Alou, estatu mailan nahiz atzerrian sari ugari jasotakoa, gidoi original onenaren Goya saria eta 1990eko Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra barne.

Gazteen nihilismoari buruzko Historias del Kronen istorio bihozgabeaz Espainiako zinemaren arrakastarik sonatuenetako bat lortu zuen, eta baita kritika eta profesionalen estimazioa ere, gidoilari onenaren Goya saria eman ziotelarik.

Gehien estimatu zaion film luzea, ordea, Secretos del corazón da, 1997ko Berlingo Jaialdian Europako film onenaren saria eskuratzeaz gain, film atzerritar onenaren esparruan Oscar sarien finalean parte harturiko lana.

Oria P.C. bere ekoizpen-etxe berriarekin, 2001ean Montxo Armendarizek Silencio Roto izenburuarekin maki espainiarren istorio bat kontatzen duen film iradokitzailea pantailara zuen.

Juanba Berasategi (Pasaia, 1951)

aldatu

Euskadiko animazio-zinemaren aitzindari, 1977an bere marrazki bizidunen lehenengo metraje laburreko filma egin zuen: Ekialdeko izarra.

Lan horren ondoren animazioko beste bi film labur zuzendu zituen: Fernando Amezketarra (1981), Bilboko Zinema Labur eta Dokumentalaren XXI. Lehiaketan Euskal Zinemaren Lehen Saria irabazi zuena eta Kukubiltxo (1983), lehiaketa berean Euskal Zinemaren Sari Nagusiaren irabazlea.

Film luze bat 1985ean zuzendu zuen: Kalabaza tripontzia, euskal zinemaren historiako metraje luzeko marrazki bizidunen lehen filma.

Berasategiren eta honen lagunen bigarren esperientzia Bernardo Atxagaren gidoi batean oinarritutako Astakiloen abenturak eta kalenturak / Aventuras y desventuras (1987) izan zen.

Balearenak / Balleneros estreinatu zuen1991an, eta 1997an Ahmed, príncipe de la Alhambra, bigarren zati bat ere baduena.

José Mª Tuduri (Tolosa, 1949)

aldatu

Karlistadak filmatu zituen zinemagileak bi film luze eta dokumentalak bakarrik egin zituen. Baina, Euskal Herriko historiaren gertakari eztabaidatsuei manikeismo ideologikorik eta ordain efektistarik gabe heldu izanaren meritua du.

Tamalez, Tudurik Crónica de la Guerra Carlista filmean azaleratu zituen dohainak ez ziren Santa Cruz, el cura guerrillero lanean berretsi, azken horrek gidoi ilaun baten ondorioak pairatzen dituelarik.

Ana Díez (Tudela, 1955)

aldatu

Medikuntzan lizentziaduna, Mexikora abiatu eta han Centro de Capacitación Cinematográfica delakoan matrikulatu zen, zuzendaritzako ikasketak eginez. Han filmatu zuen hainbat sari jasotako Elvira Luz Cruz: máxima pena dokumentala.

Etxera itzultzean, orotariko zereginak burutuz, zinemaren munduan sartu zen. Irati ekoizpen‑etxearen metraje ertaineko hiru filmetan zuzendari laguntzailea izan zen, eta 27ordu/27 horas, Lauaxeta eta Santa Cruz, el cura guerrillero filmetan antzezle‑zerrenda osatzen jardun zuen.

Angel Amigok bere lehen film luzea, Ander eta Yul 1988an egiteko enkargua eman zion, erakundeek antolatutako lehiaketa batean oinarritutako gidoi batean oinarritua. Zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen.

Zenbait urte geroago Kolonbiara joan zen Todo está oscuro filmatzera. Indarkeriaren ondorioak aztertzen dituen istorio bat da, Silvia Munt protagonista duela. La mafia en La Habana dokumentala 2000koa da.

Azkena egin zuen lana 2001ean amaieran aurkeztu zuen, Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan, izenburu luzea ez ezik nahasgarria, Iruñeko sanferminetako giroan kontatutako bi anaien arteko harreman konplexuei buruzko istorio gazi-gozo baterako.

Julio Medem (Donostia, 1958)

aldatu

Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza eta Kirurgia Orokorrean lizentziatua, lehenik zinema-kritikari zorrotz moduan egin zen ezaguna, La Voz de Euskadi egunkarian. Bere prestaketa teorikoari esperientzia sendoa erantsi zion, urtetan zuzendaritza-laguntzaile, gidoilari, muntatzaile eta zinemarekin zerikusia duen edozein lanetan jardun zuen.

Lehen 35 mm‑ko metraje laburreko filma zuzenduko du 1985ean, Patas en la cabeza; harekin bere burua zinema berriaren egile interesgarri moduan agertu zuen. Bi urte geroago Las seis en punta idatzi, zuzendu eta muntatu zuen.

Laurogeiko hamarkadaren amaierarako bere lehen film luzea, Vacas, idatzia zuen. Eusko Jaurlaritzak gidoia baztertu zion (“egiaz, euskal baserriaren gaia, nire filmaren ikuspegitik ikusia, ez zuen inork ulertu”), eta horrek beste ate batzuetan galdetzera behartu zuen.

Sogetel ekoizpen-etxeak hasiberriaren alde egin zuen, eta ez erratzeko. Vacasek sari ugari irabazi zuen –Torino, Tokio, Alexandria, Londres, zuzendari berri onenaren Goya sariaz gain– eta kritika bikainak jaso zituen, berori garaiko filmik garrantzitsuen artean bermatuz.

Julio Medemen ibilbide gero eta sendoagoak La ardilla roja (1993), Tierra (1996) eta Los amantes del Cículo Polar (1998) eskaini zituen, eta 2001ean, kalitate maila jaitsi gabe, ikusle finentzako egile izateari utzi eta arrakastatsu bihurtu zen, Lucía y el sexo filmarekin.

Ernesto del Río (Bilbo, 1954)

aldatu

Bere lehen film laburrek, Luis Egiraunekin batera zuzendurikoek, espezialitateko saririk garrantzitsuenak pilatu zituzten: Sari Nagusia eta zilarrezko Mikeldi saria 1982ko Bilboko Jaialdian, Octubre 12 lanagatik; zilarrezko Mikeldi saria, Alcalá de Henaresko Jaialdian Lehen Saria eta Melillakoan Urrezko Anfora 1983an, El ojo de la tormenta filmarekin.

Ernesto del Río film luzearen alorrean sartu zen 1986an, El amor de ahora filmarekin. Ortuoste eta Rebolloren ohiko kolaboratzailea, Lan Zinema ekoizpen-etxearen laguntzaz beste bi lan filmatu ahal izan zituen: No me compliques la vida (1987) eta Hotel y domicilio (1995).

Alex de la Iglesia (Bilbo, 1965)

aldatu

Espainiako zinemako sortzaile ganberroena bilbotar bat da, Filosofian lizentziatua baina lantegi horretan sekula aritu gabea, komikien marrazkilaria, nobelagilea (Payasos en la lavadora) eta Euskal Telebistan dekoratzailea, pantaila handirako urratsa eman ahal izan zuen arte.

Bere 1990eko Mirindas asesinas metraje laburreko filmak lehen saria irabazi zuen Alcalá de Henaresko Zinema Jaialdi itzaltsuan. Segidan bigarren metraje laburreko filma egiteari lotu zitzaion, baina Almodóvar anaiek berori luzatzeko konbentzitu zuten: horrela jaio zen Acción Mutante. Filmak hutsune ugari ditu, baina ikusle askoren begikotasuna erakarri zuen, bere ozartasunagatik eta generoari heltzeko moduagatik, kritikariren batek “kutre‑fikzio” etiketa jarri bazion ere.

El día de la bestia lanarekin, De la Iglesiak fantasiazko komedia bikain menderatzen duela erakutsi zuen, eta zuzendaritza onenaren Goya sari bat irabazi. Perdita Durango filma, ostera, atzerapauso bat da, garaiko espainiar film garestienetako bat, Mexiko eta Estatu Batuen artean filmatua, izan arren. Segidan Jorge Gerrikaetxebarria bere betiko gidoilariarekin Muertos de risa sortu zuen, antzezle-talde erratua duen film zolia.

Fu‑Manchuren abentura bat filmatzeko proiektu hainbestetan amestua behin betiko alde batera utzita, Alexek La comunidad egin zuen, bere film dotore eta helduena, 2000n sari ugari irabazi zituena.

De la Iglesiak bere lan berriaren estreinaldia iragarri zuen, Almeriako filmaketen mundu nabarrean girotutako “marmitako western” bat,800 galas, Sancho Gracia, Carmen Maura, Terele Pávez eta Eusebio Poncelarekin.

Juanma Bajo Ulloa (Gasteiz, 1967)

aldatu

Argazkilari baten seme, kamera eta film-argazkiez inguratuta hazi zen, eta artean umegorria zela filmatzen hasi zen. Lau film labur filmatu zituen 1984 eta 1987 bitartean super 8 formatuan, eta ez ziren oharkabean pasa, Cruza la puerta filmak balio espresiboen sari bat jaso baitzuen. Hortik aurrera lan‑abiada bizkor samar bati lotu zitzaion, formatu eta euskarri orotan idazketa, ekoizpen eta zuzendaritza-lanak eginez. Estatuko nahiz nazioarteko zinema jaialdietan hogeita hamar sari inguru irabazia da.

Bajo Ulloak profesional bihurtzeko urrats erabakigarriak eman zituen 16 mm‑an filmatutako Akixo eta 1989an film labur onenaren Goya saria irabazitako 35 mm‑ko El reino de Víctor filmekin.

Alas de mariposa izeneko bere lehen film luzeak, maisutasun harrigarriz –zuzendariak 22 urte zituela kontuan hartuz– egindako ipuin iluna, ikusizkoen alorrean eraginkortasun handikoa, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen.

La madre muerta bere bigarren film luzea ere nazioarteko jaialdietan txalotu eta saritua izan zen. Alabaina, 1997an Bajo Ulloak bere ibilbidearen norabidea zeharo aldatu eta istorio erabat komertziala bat egiteri ekin zion: Airbag. Kritikak filma gupidagabe makilatu arren, filmak ikusleen artean sekulako arrakasta izan zuen eta fenomeno soziologiko bat bihurtu da, Santiago Seguraren Torrente garaikidea beste aurrekari edo lehiakiderik gabe.

Azken urteotan, Juanma Bajo El Capitán Trueno komiki espainiar ezagun baten zinemarako egokitzapen bat egiten setatu da, baina badirudi proiektua behin betiko baztertu dela, finantzaketa ezagatik.

Enrique Urbizu (Bilbo, 1962)

aldatu

EHUko Informazio Zientzietako Fakultatean hezitako publizista, euskal ikus‑entzunezkoaren alorrean oso goiz sartu zen. Joaquín Trincado ekoizlearekin Creativideo enpresan lan egin zuen, publizitateko ekoizpenetan eta fikziozko zenbait film laburretan. Lantalde interesgarria osatu zuen 1987an Luis Marías gidoilariarekin, euskal zinemako lehen endredo komedia filmatzeko: Tu novia está loca. Esperientzia, orduan berria, nahikoa arrakastatsua gertatu zen, eta euskal erakundeek jarraitzen dituzten irizpideei buruzko eztabaida piztu zuen, horiek filmari edozein laguntza ukatu baitzioten, itxura batean bere tonu ozar eta hutsalagatik.

Aldiz, Creativideoko lantaldeaz, 1991an Urbizuk Todo por la pasta proposatu zuen, “laurogeita hamarreko hamarkadako Euskadiko zinemaren ondorengo bilakaerari begira funtsezko filma” eta “aldi berri baten hasiera markatzen duena, aurretik Ama Lur, Segoviako Ihesa, Tasio eta Mikelen heriotza filmek egin bezala”, Carlos Roldán historialariaren hitzetan.

Inspirazio gutxiagoz, Urbizuk Madrilen Cómo ser infeliz y disfrutarlo, Cuernos de mujer, eta askoz interesgarriagoa den Cachito filmatu zituen, berak egokituriko gidoiaz.

Roman Polanskirekin Arturo Pérez Reverteren El Club de Dumas nobela nahikoa arrakastatsuenaren moldaketan parte hartzeko aukera heldu zitzaion, 1997an, Chinatwonen zuzendariak berau pantailaratu zuen arren, emaitza apala lortuz (La novena puerta).

Zuzendari moduan egin duen azken lana La caja 507 da, 2002an estreinatua, Antonio Resines, José Coronado eta Goya Toledorekin.

Ernesto Tellería (Eibar, 1956)

aldatu

Parisko Unibertsitatean zinema-zuzendaritza ikasi zuen. Bilboko Film laburren Jaialdian Lehen Saria irabazi zuen 1983an Kaiola lanarekin, eta horri Eta kepak ihes egin zuen eta La cita, gaztelaniaz egindako bere aurreneko lana, jarraitu zitzaizkion.

Aurrekari horien guztien bermeaz, 1989an Eskorpion aurkeztu zuen, Rafael Castellanosek idatzitako intolerantziari buruzko film luzea. Beti Ikusmen bere ekoizpen‑etxearekin, geroago Menos que cero (1995) eta Suerte (1997) sortu zituen.

Helena Taberna (Altsasu, 1949)

aldatu

1986 eta 1994 bitartean, Helena Taberna Nafarroako Gobernurako Teknologia Berrien koordinatzaile gisa lanean aritu zen, aldi berean sorkuntza‑bideoak, dokumentalak eta metraje laburreko filmak egin zituelarik.

Dokumentaleko material gisa bere osaba Marino Aierra apaiz eta No me avergonzaré del Evangelio liburuaren egilearen historia hartuta, Helenak 1994an Alsasua 1936 metraje ertaineko filma idatzi eta zuzendu zuen. Lan interesgarri honek zenbait sari jaso zuen.

Lehen film luzea estreinatu zuen 1999an, Yoyes –Dolores González Katarain ETAko militante ospetsuaren biografia– 1987an bere kideek eraila izan zenarena. Filma Municheko Zinema Jaialdian aurkeztu zen.

Daniel Kalparsoro (Hondarribia, 1968)

aldatu

Estatu Batuetara joan zen Arte Ederrak ikastera 1988an, eta, ondoren, 1989an New Yorkeko Tisch School of the Arts Unibertsitatean matrikulatu zen, han zinema ikasketak egin zituelarik. Han filmatu zuen bere lehen metraje laburreko filma: WC. Proiektu pertsonalak prestatzera etxera itzuli zen, 1993an graduaturik.

Salto al vacío izan zen bere lehenengo film luzea, Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiko Panorama Atalean aurkeztua.

Heldutasuna lortuz joan da bere estilo pertsonal, irmo, lehor eta indarkeriarekin, liluratuari leial atxikiz, besteak beste, Pasajes, A ciegas –istorio aldrebes eta hotz samar baina osagai bisual indartsuekin (Atotxako futbol zelaia eraistear zegoela)– eta Asfalto lanekin, denak ere Iruñeko Najwa Nimri protagonista dutela.

Bere azken lana Guerreros da, Eduardo Noriegarekin Jugoslavia ohian dagoen kasko urdin ausartaren rolean.

Eneko Olasagasti (Donostia, 1960) eta Karlos Zabala (Donostia, 1961)

aldatu

Eusko Jaurlaritzaren antzerki eskola dagoeneko desagertuan, Antzertin, heziak, Karlos eta Eneko Euskadi osoko eszenatokietan gora eta behera aritu ziren, telebistan beren programak –Hau da A.O., Bi ta bat, Jaun eta jabe…– zuzentzeko lehenengo aukera izan zuten arte.

Telekomedia arrakastatsuen fabrikatzaile gisa, Igeldo ekoizpenak etxeak haien aldeko apustua egin zuen Maité filmean, Kuban girotu eta komedia atsegin moduan paratutako lana, laurogeita hamarreko hamarkadan euskal zinemako mugarri bilakatu zena.

Sí, quiero lanarekin arrakasta berresten ahalegindu ziren, baina filmak, erabat erratua ez bada ere, antzezle-talde desegoki baten eta ekoizpen-arazo larrien ondorioak agertu zituen.