Euskal artearen historia (II): Gotikotik Errenazimendura/Erdi Aroko artearen amaiera

Testuingurua

aldatu

Feudalismoaren sorrera

aldatu

Erresuma “Nafarrera­tzea”

aldatu

Nafarroako erreinuan, XV. mendean zehar, fran­tses gortearen ekin­tza kultural eta artistikoen mailara iri­tsi nahirik jarraitu zen. Baina, Nafarroako koroak ez zuen l´Ile de France‑ko bere ereduak zuen baliabide ekonomikorik. Erregeen ustez, lege fiskal gogorrez baliatu behar zen. Nafarroako lurrik gehienak koroarenak ziren eta zati eder bat nobleziari eta Elizari zegokiena. Gizartean, beheko mailak miseriatik gertuko egoera ekonomikoan bizi ziren. Karlos II.a “Gaiztoaren” agindupean, behin­tzat, lege fiskal berriak bete nahi ezean zebil­tzanen aur­kako gaztigu la­tzak ezarri ziren. Gainera, erregea Nafarroan tronura igo baino urtebete lehenago (1348) izurri bel­tza Nafarroa gutiziatu zuen bereziki, populazioan sarraskia eraginez.

Karlos II.a (1349‑87) eta Karlos III.a (1387-1425) Evreux-ko dinastiarekin, ez­kon­tza bidezko lotura eta harreman politiko berrien bidez, “hispanizatuz” eta “nafarreratuz” joatea garran­tzi handiko gertakaria da.[1] Eta batez ere, Karlos III.ak bere aitarengandik zetor­kion fran­tses lurretan mendera­tze-goseari amaiera eman zion, eta administrazioan goiko karguak bete­tzen zituzten fran­tsesak Nafarroako noblezia eta burgesiako kideez ordez­katu ziren. Baina zerga bil­keta herri xehearen­tzat oso neke­tsua zen eta hala jarrai­tzen zuen; izan ere, erregeak diru­tza handiak behar zituen luxuz­ko gorte bat manten­tzeko eta Oliteko bere jauregia eta katedral berria eraiki­tzeko.[2]

Klase baten sorrera

aldatu

Ordurako Zistertarren Ordenak Nafarroan hainbat fundazio sortuak zituen. Eskeko Fraideen Ordena berriek aurrea hartu zuten XIII. mendearen erditik aurrera: Fran­tziskotarrak, Domingotarrak, Karmel­darrak eta Mer­tzedarioak. Gizarte maila berria zen burgesiaren jaio­tzak eta garapenak eta, Europako monar­kiaren botere nabarmena imitatuz, klase nobleen indarrak gero eta eraikuntza gehiagotara bidera­tzeak, klase dirudunen al­detik arte mezenasgoa bultzatu beharra ekarri zuen; al­di berean, herri xeheak (nekazari, morroi, mairu eta judutar) zapal­kun­tza fiskal gogor bat jasaten zuen. Aurreko atalean azal­dua dugu garapen ekonomiko horrek gotikoan ekimen handiak eragin zituela eta, ondorioz, eliza eta jauregiak estilo horretan eraiki­tzen jarraitu zela.

Nafarroa krisial­dian

aldatu

Gaztelan XV. mendean zehar Trastamaratarren aginpidea eta erregearen boterea etengabe handitzen ari zen, aldiz, Nafarroan leinu berri ba­tzuen nagusitasuna hazten; lurral­dean zatirik handienean errege-odoleko sasiko seme-alabek agin­tzen zuten (Karlos III.ak legez­ko zor­tzi seme‑ala­ba izan zituen eta sei sasikoak).[3]

Errege Noblearen herio­tzan (1423an) Aragoiko Joan II.arekin (1441‑1479) ez­konduta zegoen bere alaba Joana Anderea izan zen oinordeko, modu horretan aragoar dinastia batean kokatua gel­di­tzen zelarik Nafarroa, nahiz eta bien seme Vianako prin­tze Karlosi, adin nagusitasuna iristean Joana Anderearen testamentutik zetozkion eskubideak ezagutu.

Aragoiko erregearen (Agramondarrak) eta bere seme Karlosen (Beaumondarrak) al­dekoen artean gertatu ziren Gaztelako erregeen handinahiak errazturiko liskar eta guduak ondorio­tzat ekarri zuen Joan II.aren nahia, hau da, Foixeko kondearekin ez­kondurik zegoen bere alaba Leonor Anderearen agindupera Nafarroa pasatzea. Denboral­di batez Nafarroako lurrak bi aginpideren artean banaturik egon ziren. 1474tik Joan II.aren seme Aragoiko Fer­nando eta honen bigarren emazte Joana Enrikezek gober­natua zegoen Gaztelaren al­deko politika erraztu zuen Vianako prin­tzearen herio­tzak 1461ean eta baita bere arreba Blanka Anderearenak ere (1464). Joan II.a hil­tzean (1479an) Nafarroako koroa Foixeko (Febo) Fran­tziskorengana pasa zen, Leonor Anderearen iloba izateagatik. Baina hau laster hil zenez (1483an), erregearen alargunak Gorteak deitu zituen eta erregina­tzat bere alaba Katalina Anderea ezarri zuen Albreteko Joanekin ez­konarazita (1484an). Ez­kon­tza honen atzetik jarraitu egin zuten Nafarroako iparraren eta hegoaren arteko (Iruñea eta Tutera) ten­tsio eta gudu bukaezinek eta, ondorioz, ez zen Katalina eta Joan errege‑erreginak beren erresumara sartzerik lortu, ezta Iruñean koroatuak izaterik ere, 1494ko urtarrilaren 12ra arte.

Gaztelarekin loturak hi­tzar­tzeko Nafarroako errege‑erregina berrien ahaleginak huts egin zuten, bai Gaztelako errege “bizilagun” Felipe Ederraren ustekabeko herio­tzarengatik, bai beaumondarren buruzagi zen Leringo konde guduzalea arerio izateagatik eta baita Fer­nando Katolikoaren esku-har­tzearengatik ere; honek, Fran­tziari gerra deklaratu ondoren, indarrez hartu baitzuen Nafarroa, Iruñea 1512ko uztailan bere menpe har­tzea lortuta.

Gaztelan sarturik

aldatu

Ordutik, Albretarrek –Albreteko Joanen oinor­de­ko­tza haren seme Enrikek hartu zuen– eta Fran­tziako errege‑erreginak erreinua berreskura­tzeko hiru saio eginagatik (1512an, 1517an eta 1521ean) Pirinioez az­piko Nafarroa Gaztelako koroaren menpe sarturik gel­ditu zen behin betirako bere Erreinu kategoria onar­tzen zion itun baten bidez. Haren aginpideko erakunde berezi izaten jarraitu zutelarik Errege Kon­tseiluak eta Gorteek. Albreteko Enrikek Nafarroa Beherean agin­tzen jarraitu zuen, halaber, XI. mendetik 1456 bitartean ingelesena izan zen Lapurdin. Nafarroa garaiko autonomia pixkanaka murriztua gel­ditu zen Hispaniako monar­kia XVI. mendean zehar gero eta nagusitasun handiagoa hartzen ari zela eta.

Erregearengan finka­tzea

aldatu

Bien bitartean, euskal probin­tzietan bake- eta askatasun-itxaropena sortzen jaio­tzen hasia zen hiribil­duen­tzat, esana dugun bezala, Leinuen uztarritik aska­tzeko Ermandadeetan el­kar­tzen hasiak bai­tziren. Lehen Ermandadea 1329an sortu zen. Une horretatik aurrera Ermandadeak errege Korrejidoreen arduraren bitartez, Gaztelako erregeak onartu eta lagunduriko Ordenan­tzak edo Araudiak al­darrika­tzen hasi ziren. Hiribil­du askori egin zi­tzaion harresia eta bando ezberdinetan bil­durik, lehen el­karren artean borrokatu ziren noble edo “Ahaide Nagusien” artean el­kar­tzeko joera sortu zen –su‑eten eta ez­kon­tza-loturen bidez– an­tzinako nagusigoa gal ez zezaten. Nekazari-herriek inguruko hiribil­duetan herritar­tzeko baimena eskatuz Erregeari zuzendutako eskaeren inguruko agiri ugari gorderik da. Nekazari-jendearen hiribil­duetarako etengabeko lekual­daketa horrek beste gizarte-maila baten sorrera ekarri zuen, burgesiarena, zeinak indar ekonomiko eta finan­tzak bidegabeki eskuratzeaz gain, hirietan botere politikoa bereganatzen zuen. Bestal­de, herriaren gurari erlijiosoei eran­tzuten zien maila xehe eta burgesiaren garapenaren arteko el­kartasunak eta nobleziaren gainean beren boterea finka­tzen hasiak ziren zenbait monar­kiaren interesak, ekin­tza berrezar­tzaile artistiko guztietarako errege‑erreginaren babesa bultzatu zuen. Gotikotik aurrera, ar­kitek­turako lan askok eta arte plastikoek, orokorrean, “errege” izendapena jaso zuten.

“Udaz­kena Erdi Aroan”

aldatu

Euskal gotiko berantiarraren atala XIV. mendeko az­ken hamar­kadatik hasiko dugu, garai horretan gertakizun esangura­tsu ba­tzuk egoki­tzen direla baitirudi: Nafarroan, Evreuxtarren dinastiak lagunduriko bizi­tza politikoaren “nafarrera­tze” baten hasera; eta Probin­tzietan, Leinuen boterearen beherapen nabarmena, feudalismoaren amaiera eta udalgin­tza sozialaren gorakada politikoa. Hain zuzen, 1397a data esanguratsu bilaka­tzen duten (Getariako Batzar sonatuen urtea) bi gertakariren garran­tzia az­pimarratu da: harreman komer­tzialen garapen egokia eta lurral­deetan oinarritutako botere politiko berri baten hasera.

Erlijioari dagokionez, Euskal Herriko kristau-gizartearen egoera, Europako gainerakoa bezala, gainbeherakoa da, honako hauen ondorioz: mendebal­deko zisma luzea (1378‑1417) eta go­tzainen hu­ts egiteen seinale endemikoa, agintari zibil eta eliztarren diru‑gosea, kleroaren ezjakintasuna eta moralik eza,..., merezitakoa da al­di honi Huizinga “Erdi Aroaren udaz­kena” izengoiti ezaguna ematea, alegia.

Hau guztia ez zen eragoz­pen izan XV. mendea Euskal Herriaren­tzat kultur eta arte mailan ugaltze garaia izateko; Aragoi eta Gaztelako koroekin euskal lurral­deen etengabeko loturak eragindakoa izango zen ugalketa hori.

Nafarroako berant erdi aroko ar­kitek­tura

aldatu

Iruñeko katedraleko lanekin adieraz daiteke kronologikoki XIV. mendeko az­ken hamar­kadan koka­tzen dugun Berant Erdi Aroko artearen az­ken al­dia.

Iruñeko katedral berria Koroa 1391.ean hondoratu eta urte ba­tzuk beranduago hasi zen katedralaren eraikun­tza. Ebanjelioko habeartetik hasi zuen eraikuntza go­tzain eta gero kardinal izango zen Martin Zalbak (1403.ean hila) eta lanek XV. mende osoan zehar jarraitu zuten. Dakigunez, 1439an (1449an Vianan hil­ko den), bederen, eraikun­tzaren gidaritzan zegoen Jehan Lome Tour­naiko maisua eta lana zuzen­tzen jarraitu zuten hargin nagusien izenak dokumentaturik daude.[4] Elizak hiru habearte ditu: erdikoak altueran 26 m eta zabaleran 12,20 m neur­tzen ditu, alboetakoek berriz altueran 12,80 m eta zabaleran 7 m besterik ez. Hauek alboetako habearteak bezain garaiak diren kapera ba­tzuk dituzte kontrahormen tartean. Beraz, habearteko tarte bakoi­tzari kapera bat dagokio mendebal­deko fatxadatik gertuen dauden bi kaperei izan ezik, bikoi­tzak direnez bi zatien azalera beregana­tzen baitute (hegoal­deko bi lehenengoetan bezala)[5]. Guru­tzadura, zehar­kako habearte batek eraturikoa da, oinplanoan eta aurreal­dean pixka bat nabarmendua.

Elizaren burual­dea bereziki bi­txia da; guru­tzaduren ondoko kapera nagusia oinplano pentagonal irregularrekoa da, lau tarte erradial dituena inguruan: erdiko bietan hexagono erregularrak eta pentagono irregularrak muturretan. Hauetako bakoi­tzaren aurreko erdiak girolatarako balio du eta besteak, kaperatarako.

Habearteak bana­tzen dituzten eusgarriak erronbo formako pilareak dira, mol­dura ahurrez berezitako hamabi zutabe­txoz osatuak; zutabe hauek parpain-arku eta formeroen pisua jasaten dute eta baita nerbio diagonalena ere.

Gangak ojibaz­koak dira, xumeak habearteetan, alboetako kaperetan eta habearte nagusian bezala makurdura edo luzerako lotura bat gehitu zi­tzaion guru­tzaduraren besoetan; guru­tzadaren muturreko zatietan bada, gainera, beste zehar­kako bat. Erdikoa gailurrez eta terzeletezko ganga izartu batez estal­tzen du. Kapera nagusikoa mota berekoa da, baina konplexuagoa. Ingura­tzen duten lau tarteek gil­tzarri bat berean bat egiten duten sei nerbioko gangak dituzte.

Argia sar­tzeko eginak ditu oso handiak ez diren eta habearte nagusian altura handian ezarririk dauden lehiateak, alboko habearteetako beste bao txikiak eta XV. mendeko bi arrosa-leihoak, trazeriazko guru­tzadurakoak.

Eliza honen bi­txitasuna eta bikaintasun ezohiko nagusia, berau aztertu duten historialariek (Street, Madrazo, Brutails, Lampérez eta Lambert) adierazi dutenez, bertan egindako bi kokapenen batera­tzean da­tza: absideko kapera eta girolaren­tzat ganga bateratuarekin egindako estal­tze bakarra eta presbiterio eta girolaren komunikazio ar­kuen kopuru bikoitia, arda­tzean dagokion pilarea duela.

Horren fatxada bi­txiaren airea aurreko katedraletan bilatu da, Normandiakoetan eta Ingalaterrakoetan, eta modu zuzenago batean, eraikun­tzaren lehen al­dian Ingalaterrako koroaren menpe zegoen Baionakoan.

Egia da, habearte nagusiak triforiorik ez izatean nolabaiteko gar­txutasun eta lehorte sentipen bat adierazten duela. Kanpoal­dea ere soila da, horma hu­tsak baino gehiago direlarik trinkoak. Hau horrela izanik, Torres Balbásek bar­neko espazioaren handitasuna goraipa­tzen du “bere habearte nagusiak ez baitu leiho az­pietan horma-atal on ba­tzuk ezar­tzea besterik falta gure Erdi Aroko elizarik eder eta zirraragarrienetako bat izateko”.[6]

Vianako Santa Maria Nafarroako hiriburutik irten gaitezen orain Berant Erdi Aroko gotikoko lan bikain bat gogora­tzeko. Vianako Santa Maria eliza handia, data ezagunik ez izan arren, XV. mendearen az­ken herenean hasia izan behar duela pentsatzen da.

Eliza, hormen beheko zatian triforio bat eta oinplano karratuko girola bat duen ar­kitek­tura konplexukoa da; badu atzeko bi kontrahorma erradialen artean gel­di­tzen den kapera bat ere eta ziur asko hau da hiru habearteen amaiera moduan pen­tsatutako hiruetatik egitera iri­tsi zen bakarra. Habearte nagusia alboetakoak baino bi heren garaiagoa da eta zabaleran hirukoi­tza baino zer­txobait gu­txiago, hau 8 m inguru delarik. Ar­ku bakar bateko arbotanteez arindua dago, Iruñako katedralean bezala. Habearte eta girolen alboetan kapera-lerro sendoak ikusten dira eta gainean triforio zabal bat, sei ar­ku zorro­tzeko leiho trazeriaduna, eliza osoa inguratuz.

ar­kitek­tura Zibila eta militarra Gazteluetatik jauregi-gotorretxeetara Aurreko atalean ikusi ditugu XII. eta XIII. mendeetan Nafarroako lurrak gazteluz estali zituen ar­kitek­tura militarraren arrazoi eta moduak.

XV. mendean Oliteko errege gaztelua eredu izan zen Arazuriko Gazteluaren eta Artiedako nobleziaren gazteluarena: lau horma-atalak eta arma-patio baten inguruko lau dorrerekin. Karlos II. gerrazalearen errege agintal­dia bere seme Karlos Noblearen agintal­dira igaro ahala, gotorretxeen eredua bere itxura her­tsi babeslea gal­duz joango zen eta bere jauregien norabidea garbiago azal­duz: bao ugariago eta zabalagoak, defen­tsarako tresneriaren gu­txiago­tzea eta abar.

Botere eta handinahia nabarmenduz zuti­tzen direla dirudien gaztelu-bizitoki hauen zaletuago zen Karlos Noblea, gerra asmoz eraikitako gazteluena baino; zori­txarrez sun­tsitua izan zen Tafallako gaztelua kasu.

Errege nahiei aur­ka eginez Peraltako Mosén Pierresek (1425) Marzillan eraiki zuen adreiluz­ko Jauregi‑gotorretxea bereziki handia izan zen. Torres ere gotorlekua ez, baino jauregia izan zen XVI. mendean, bere Dorre Garaiak beti zutik izango badu ere.

Oliteko Errege Jauregia Dena den, Nafarroako Erdi Aroko gazteluen artean, eredurik nabarmen eta eraikun­tzarik imitagarriena onartu egin behar da beti izango dela Oliteko errege jauregia, erromatar garaiko jatorria duen eraikun­tzaren gainean al­txaturikoa.

Gaur egun ikusten duguna Teobal­do II.aren erregeal­dian hasitako eraikun­tza-prozesu luzearen ondorio da, 1269tik bertan bizi izan zen Karlos III.a Noblearen garaira artekoa; honek handitu egin zuen dorre ba­tzuk (orotara hogei baino gehiago), galeriak, klaustroa eta abar erantsita eta gela guztiak fran­tses gustuko apainketa aberats batez ederturik; lagun­tza izan zuen dekora­tzaile nafar, aragoar eta mairuen aldetik, eta hala bilakatu zen “Espainiako mul­tzorik ederrenetariko bat”.[7] Az­ken zaharberri­tzeak egin ondorenean, gaur egun gorde­tzen denak ez du zori­txarrez Vienako Prin­tzeak eraku­tsi zionean Munzer zal­dun alemana txunditu zuen jauregi-mul­tzo haren ideia zeha­tzik eskain­tzen: “Ez da urre koloreko hainbeste gela dituen jauregi edo gaztelurik duen erregerik”.

Arabako gotiko berantiarra

aldatu

Erlijio Ar­kitek­tura

aldatu

Agurain

aldatu

Arabako hiriburutik 25 km‑ra, probin­tziaren ekial­deko lautadaren erdian, Aguraingo hiribil­duak gotiko berantiarrak diren bi ale on eskain­tzen ditu.

Santa Maria. Santa Maria parrokia XV. mendean hasi eta XVI.ean bukatutako Euskal Herriko hainbat elizen eredu ederra da.

Kanpotik, altura handiko gune angeluzuzenak eliza honi gotorleku militarraren itxura guztia ematen dio, eta itxura hu­tsa ez dena. Kontrahorma sendoen sistema batek eraikinaren burual­de poligonala eta gorputz altua babesten ditu, eta baita kanpoko beste kontrahorma ba­tzuetan oinarri­tzen diren ostiko-arkuek ere; hauek osotasun guztia ingura­tzen duen ingurabide batez zulaturik daude.

Barruan espazioaren zabaltasuna harrigarria da, hiru habearteetan banaturik eta erdikoa altuena izanik, modu honetara hegoal­dean irekirik dauden hu­tsarteen bidez barruko argitasuna lor­tzen delarik. Lau tarte ditu, eta baita kapera nagusira ireki­tzen den beste bat ere.

Gangak era desberdinean eginak dira: burual­dekoa erradiala da, honi gertuen gel­di­tzen zaiona eta oinetatik gertuen dauden alboetakoak guru­tzadura xumekoak eta erdiguneko gainon­tzekoak eta burual­detik gertu dauden bi alboetakoak terzeletez izartuak. Oinetako tarteetan, estal­kia, zutabe­txo itsa­tsiak dituzten pilare zilindriko lodien gainean kokaturik dago. Meharragoak diren beste pilareak ar­ku formero, parpain-arku eta gangen loturen mol­durei dagoz­kien baketa handiez osatuak daude.

Korua plateresko eran eraiki zen 1530ean. Eta estilo horretako eta errenazimenduko forma edergarri, abstrak­tu eta figuratibo ugariak mul­tzo osoan zehar barreia­tzen dira eliza mul­tzo hibrido oso bi­txi bat bihurtuz.

San Joan. Santa Maria bezala, San Joan parrokia XV. mende bukaera eta XVI.aren haserakoa da. Oinplano pentagonaleko aterpe barroko ikusgarri bat dago eliza gotiko zabalaren ate aurrean, egitura paralelepipedoa duen mul­tzo soil bat.

Elizak baditu altuera desberdineko hiru habearte, ar­ku zorrotz eta er­tzetan ebakidura zilindrikoa duten zutabe­txo itsa­tsiak dituzten angeluzuzenez­ko pilareekin bereiziak, eta guru­tzadura xumeko ganga eta erdiko habearteko loturekin estal­tzen diren sei tarte. Hiru habeartetako zaz­pigarren tartea koruaren oinarria da. Pilareetako kapiteletan haritz hostoak daude irudika­turik.

Bai kapera nagusiak nahiz ganga erradialez estalitako absideek egitura lerrozuzena izatea da eliza honen bi­txitasuna, Santa Maria elizaren antzera, kanpotik ikusita gotorleku itxura duena. Barrual­deak, al­diz, ugari ditu ondorengo mendeetako eranskin, kaperak, erretaula eta eskulan ederreko eskulturak.

Urduña, Laudio eta Artziniega

aldatu

Biz­kaia iparral­dean badira aipamena merezi duten eraikun­tzak.

Urduñako Santa Maria. Urduñako Santa Maria eliza da al­de honetan, oinplano guru­tze latindarra eta hiru habearte dituen eraikin gotiko bakarra. Alboetan sei kapera ditu, saihets bakoi­tzean hiruna. Jatorrizko eliza bazen jada XIII. mendearen bigarren erdian. Baina, gaur egun ikusten dugun ar­kitek­turaren osagai nagusiak adierazten du oraingo eliza XIV. mende erdian hasi, eta eraikun­tza hurrengo gizaldi osora luzatu, eta ez zela XVI. mendearen amaierara arte bukatu. “Harresiari eran­tsitako eliza-gotorretxe bat da, bere burual­dean ingurabide edo adarbea duena eta honen kontrahormak pasabide horretatik ibil­tzeko zulaturik daude. Elizak, bere eraikun­tzarekin, osotasunean dagoen arte baten gar­txutasuna eta dotorezia erakusten digu, osagaien artean egiazkotasuna eta ar­kitek­turazko emai­tzetan garbitasuna adieraziz. Xumetasun bera sumatzen da itxura soileko kapitelak dituzten pilare zatikatuetan, apainketa figuratiborik gabeko zerrenda jarraikiak osatuz, burual­dean kokaturiko bik eta habeartean beste bik izan ezik, hauek alegiaz­ko animalia eta giza irudiez apaindurik baitaude. Denak ere ar­ku zorro­tzak diren eraikinaren toralak, parpain-arkuak eta formeroak, baoak mol­dura finez nabarmen­tzen dituzte, eraikin osoari dagokion soiltasun dotorearekin bat eginez”.[8]

Ermuko Ama. Gotiko berantiarraren eredu ona da Ermuko Amaren Santutegia, Laudion, XV. mende amaierako edo bere zati ba­tzuetan XVI. mende oso haserakoa den eraikina.

Elizak bi habearte ditu, erdikoa da garaiena eta albokoa lehenengoaren hegoal­dera zabal­tzen da. Erdiko gil­tzarri batean sei nerbio el­karturik dituen ganga batez estaliriko burual­de ok­togonala bi al­detara zabal­tzen da gurutze-gangaz itxitako bi kaperen bidez. Bi tartetako bi habearteak gurutze-ganga xumez estal­tzen dira eta apaindu gabeko kapitelak dituen pilare zatikatuetan oinarri­tzen. Al­dare aurrean irekitako bi leihateetatik, alboko habearteko hiruretatik eta elizaren oinetan kokatutako beste batetik argi­tzen da eliza. Kanpoal­dean az­pimarragarriak dira bere ar­kuterian zur­kaizte zan­tzu batekin baketa handiz osaturiko elizaren sarrera ar­ku konopialak, kanpoko ostikoen lodiera eta elizaren oinetako gezi‑begia kaliz modura zain­tzeko al­txa­tzen den zerrenda edo erlai­tza, XV. mende amaierari dagokion gustuaren arabera atzeko fa­txada guztia zeharkatu arte luza­tzen dena.

Arteko gure Ama, Ar­tziniegan. Ar­tziniegan, lehen mailako beste eliza bat Arteko gure Amaren santutegia da.

Elizak hiru habearte ditu oinplano angeluzuzenean, gil­tzarri batean el­kar­tzen diren nerbioak dituen presbiterio ok­togonala eta presbiterioa erdiko habeartearekin lo­tzen duen ganga sexpartita zati motz bat. Hau, oinplano karratuko hiru zatiz eta nerbiodun gangaz estal­tzen da; hauetako bitan nerbioak ez dira gangaren muturretan el­kar­tzen, baizik eta, urrutitik bada ere, musulmanen ar­kitek­tura-emai­tzak gogorarazten dituzten zati karratuak muga­tzen dituzte; beste gangak terzeletedunak dira, XV. mende amaierakoak. Eliza honek ez du bao zabalik edo atari nabarmenik. Pilareetako kapitelak eraztun mol­duratuekin apain­tzen dira eta parpain-arku eta formeroek ez dute apainketarik. Az­ken gotikoaren edergarrien ugaritasuna hemen gangetako margoetan soilik azal­tzen da, ba­tzuk XV. mendekoak dira eta besteak XVI.aren haserakoak; 1498ko data duena da bat. Gainerakoan, eraikun­tza sendoa, soiltasun ederra eta ar­kitek­tura dotorea ditu.

Zirriborro gotikoak

aldatu

Az­pimarraturiko eliza gotikoez gain, garran­tzi artistikoren batengatik aipatu daitez­keenak oso berantiarrak dira eta orokorrean gerora oso eral­datuak.

Ganga, ar­ku eta atariei dagokienez, eraikin gotikoak, besteak beste, eliza hauetan aur­ki daitez­ke:

- Eskolunbe, Andagoia eta Koartango al­dean beste ba­tzuk; Urarte, Añastro, Trebiñuko San Joan eta abar.

- Trebiñun;

- eta Atauri, Elortza, Alaitza, Galarreta, Erdoña, Okariz, Birgalagoien, Dulantzi, Andollu, Arriaga, Gamiz, Gereñu, Martioda, Urrial­de, Lautadan.

Lautadaren ekial­dean oraindik bere jatorriz­ko langin­tza gotikoa nabarmen­tzen zaion Kanpezuko Santikuru­tzeko Amaren eliza az­pimarratuz azaltzen da sendotasun nabarmen eta gar­txutasun ia erromanikoa duena, harlandu eta harlanduskoak tartekaturik dituena.

Kontrahormen arteko alboko areto kaperaduna oin­planokoa da, burual­dean poligonoz­ko absideaz buka­tzen dena eta oinetan, dorrea. Absidea, ok­togonala eta trinkoa, kanpoal­dean isurial­de bikoizdun hormapikoetan buka­tzen diren bost kontrahorma sendoen gainean oinarri­tzen da, haien tarteetan gaur egun itsu­turiko ar­ku zorrotzeko baoak tarteka­tzen dira.[9]

Ar­kitek­tura Zibila eta militarra

aldatu

Gotikoaren historialariak ezin du al­de batera utzi Arabako ar­kitek­tura zibil eta militarra, bere historiako garai horretan. Gauza oso jakina da gaztelu eta gotorretxeetan gorde direla ar­kitek­tura horretako ereduak, eta Araba aldekoari dagokionez, Micaela Portillak lan osatua eta sakona eskaini zien hauei.[10] Arabako ikerlari en­tzute­tsu honek 130etik gora dorre aztertu zituen. Egia da hauetako ba­tzuk Arabako historian oso garran­tzi­tsuak izanagatik, erabat desagertu zirela; beste batzuenak aztar­na oso esangura­tsuak baino ez dira gelditu; badira nekazari­tzarako etxe bilakatu direnak; eta ez dira falta nahiz eta gotiko berantiarreko ezaugarriak dituztenak izan, XVI. mendeko eraikun­tzak ere.

Gotorlekuak eta leinuak Hain zuzen ere, egoki aipatu izan du J.A. García de Cortazarrek dorre gotorren forma eta egitura al­detik aniztasuna ulertu ahal izateko (eta azter­ketak hiru euskal probin­tzien­tzat balio du) zen­tzu bereko borrokan diharduten bi mul­tzoz osaturiko gizarte antolamenduaren ideia –Ahaide Nagusiak eta herri xehea– al­de batera utzi behar dela.

Piramide egitura batean pen­tsatu behar da, baita nobleziaren barruan ere. Haren gailurrean leinu bateko Ahaide Nagusi garran­tzi­tsuena egongo litzateke, leinu‑buru izenekoa; baina beheragoko maila batean bigarren mailako adar sail bat sortuko li­tzateke ez­kon‑politika bidez sortua, el­karrekikotasunari eu­tsiz eta modu honetara leinu ba­tzuen arteko aita‑ahaide­tze eta odol‑ahaide­tze konstelazio bat eratuz, Bandoa osa­tzen delarik honela.

Ez zen harrigarria liskarra eta handinahia sor­tzea tal­de beraren barruan, jarraian zetozen istilu armatu eta guzti “gehiago nork balio” zuen froga­tzeko, besteak beste, 1337an Abedañoko Joan eta bere lehengusu Abedañoko Pedro Ortizen artean sortu zena; Arratian aginte handiena zeinek zuen erabaki­tzeko burutua, eta baita lehiakidearen herio­tzarekin amaitu zen Butroeko Otxoa eta bere ahaide Ibargoiko Iñigo Ortizen artekoa ere, “lurrean gehiago nork balio ote zuen” argi­tzeko egin zena. Ondorioz, bandokideen mailaren araberako ezberdintasunak ezinbestekoak izango ziren, Dorre­txearen prestaketa ar­kitek­tonikoan nahiz eraso eta defen­tsarako hor­nikun­tzaren sendotasun eta tinkotasunean.

Landa‑dorreak eta hiri‑dorreak

aldatu

Leinu buruzagiari modu gertuago edo urrunago batean loturiko familia-el­kartu hauetako ba­tzuetan, garapen ekonomiko edo militarrak “Nagusi” an­tzeko izan nahia esnatu zuen eta horrek euren mailara gertura­tzeko bizileku-dorreak eraiki­tzea ekarri zuen, betiere, helburu­tzat hartuta, helburu militarrak bete­tzeak baino gehiago gizartean ospea irabaztea. Pen­tsatu, halaber, arrazoi berberarengatik lan­da‑dorreekin batera hiri‑dorreak sor­tzen hasi zirela han‑hemenka; eta Hiribil­duak, Ahaide Nagusiak garaitu eta errege boterearen menpe jarriz zihoazen heinean, egoera berrira egoki­tzen ari ziren eta honekin batera baita bere bizitokiak eral­da­tzen ere. Orduan, oinplano berriekin eraikitako edota ai­tzinakoa eral­datutako dorre zaharrak guda helburuekin loturarik ez zuten ezaugarriak har­tzen hasi ziren, iriz­pide estetiko eta sinbolikoen norabideei jarraituz.[11]

Dorrerik gehienak harri-hormaz eraikiak dira, baina ertz, ateburu, ar­ku eta janbak ongi landuriko harlanduz­koak. Ba­tzuetan az­ken solairua zurez­koa izaten zen; gehienetan goiko solairu horretan irtengune moduko zurez­ko egitura txiki bat jar­tzen zen,hau da, harriz­ko ukondo eta men­tsulen gainean oinarri­tzen zen estalpe bat.

Araban badira barruti harresituetan kokatutako hainbat dorre; bestetan, lubakiak izan zirela baiezta­tzen duten aztar­nak gel­ditu dira. Normalean sarrerako ataria lehen solairuan koka­tzen zen eta bertara patin edo hormari itsa­tsitako eskailera baten bidez igo­tzen zen. Ba­tzuek dorrearen angeluetan kubo edo zaine­txolak izaten dituzte.

Dorreak bizi­tza zibila egitera bideraturiko eraikinez inguratu ziren XV. mendea aurrera zihoan heinean, edo hasieran solteak zirenak eraikin berriago ba­tzuen artean sartu ziren. Angeluetan dorre­tzarrekin inguratutako eraikin gotorrak ere ikusten dira. Beheko oinplanoaren gainean bi edo hiru solairu dituzte.

Hu­tsarte edo baoei dagokienez, hormen beheko zatietan gezi‑leihoak edo suz­ko armen­tzat kanoi‑zuloak baino ez zituzten izaten.

Gehienetan, ar­ku zorrotzeko zabalera handiagoko leihoak goiko solairuetan ireki­tzen ziren, baina betiere era­tsu, bizimodu neurri­tsu eta beti zelatari baten adieraz­le. Neurriz 12 m eta 16 m bitartekoak izaten dira oinplanoetan eta altuera orokorrean ez da 20 m baino goragokoa. Hormen lodiera metro bat eta biren artekoa izaten zen.

Arabako Gotorlekuak

aldatu
 
Gebara jauregia

Gebaratarren dorrea. Arabako gotorleku garran­tzi­tsuenen aipamenak Gebaratik hasi behar­ko luke, izenak berak Arabako nobleziaren historiako familiarik botere­tsuena gogorarazten baitu. Gebarako Lapurraren lehenengo berriek eta elezaharretakoek IX. mendearen iluntasunera eramaten bagaituzte ere, idaz­kunetatik dakigu ondorengo mendeetako bandoen arteko guduetan ganboatar bandoaren buru izan zirela eta txandaka Nafarroako edo Gaztelako erregeen al­de edo kontra joka­tzen zutela. Gaztelako XIV. mendeko arazo dinastikoan zalan­tzan ibili ondoren, familia honek Trastamara irabaz­learen al­de jarriz bukatu zuen; eta Enrike IV.ak Gebarako on Iñigori Oñatiko Konde izendapena eman zion (1469).

Elgetako mendizerraren aurreko lautadan, Gasteiztik 15 km‑ra kokatutako Gebaratarren gaztelua izugarriz­ko dorre­tzarra zen. Gaur egun erabat hondaturik dago, lehenengo gerrate karlistan (1839) Zurbao jeneralak 300 kilo bolboraz leherrarazi bai­tzuen.

Gazteluaz gain, muinoaren mendebal­deko magalean Gebaratarren jauregia zuti­tzen zen, angeluetan lau dorre­tzar eta beheko oinplano angeluzuzenaren gainean (35 m x 40 m) hiru solairuko bizilekua zuena. Oinplano karratuko dorre­tzarrak, alboetan 10 m neur­tzen zituen eta 1,40 m‑ko lodiera zuten hormek. Ez da bere iraganeko handitasunetik ezer asko gel­di­tu. Ipar-mendebal­deko dorre­tzarrak badu oraindik prestaketa militarretik zerbait: gezi‑leiho asko bere hiru solairuetan eta defen­tsarako zurez­ko estalpeen egiturazko ukondo-arrastoak. Martiodako dorrea. Arabako lautadatik Koartangora doan bidean Martiodako dorrea garai azal­tzen da. Trastamaratarren lagun­tza jaso izan zuen Hurtado Mendozako familia noblearena izateagatik, Arabako historian garran­tzi eta esanahi handiko dorreetako bat da.

 
Mendozako dorrea

Eraikin angeluzuzen liraina da, dorre­tzarraren beheko solairua eta solairu nagusia gerora estali ziren bere lau aurpegiei itsa­tsiriko eraikinez inguratua, goreneko hiru solairuak besterik ez direlarik solte gel­di­tzen. Dorre­tzarraren aurpegiek 17 m eta 10 m neur­tzen dituzte. Er­tzetan harlandu onak dituzten hormarriz eginak ditu hormak.

Mendozatarren dorrea. Mendozatarren familia noblearena zen, estrategikoki arabar lautadaren mendebal­dean, Arrato mendatetik oso gertu kokaturik zegoen izen bereko dorrea. 1963an oso ongi zaharberritu zen eta gaur egun Arabako nobleziaren armarriei buruz­ko museo didak­tiko moduko bilakaera duen honek harresi barruko esparruaren erdian dorre sendo bat du. Harresi honek 1,70 m‑ko lodierako kareharriz­ko harlanduz prestaturikoak, 5 m‑ko garaiera du eta 25 m‑ko luzera al­de bakoi­tzean. Lau angeluetan 6 m baino gehiagoko diametroa duten dorre­tzarrak ditu.

Dorre­tzarrak angeluzuzen aldera egiten du (11 m inguru), 1,30 m‑ko lodierako hormak ditu eta 21 m‑ko garaiera harrapa­tzen. Gezi‑leiho sail bat badu, harresiaren antzera. Lau solairu ditu eta ate nagusia, sarrerako patinarekin, lehen solairuan dago, eta bada beste bat beheko solairuan, gezi‑leihoen ondoan. Bere goial­deko baoak urriak eta estuak dira nahiz eta handituz doazen, garaiera hartu ahala. Badirudi XIII. mendearen lehen hamar­kadetan eraiki zela. Berrerai­kun­tza moder­noan almenak eta gaztelu‑begiak eran­tsi zi­tzaiz­kion.

Orgaz­ko dorrea. Fonte­txan, probin­tziaren hego‑mendebal­dean eta Ebrotik gertu, kokaleku benetan estrategiko batean eta Hurtado Mendozakoaren jaurerriaren barruan, badira Erdi Aroko bi dorre.

Orgaz­ko dorrea deri­tzona probin­tziako ederrenetarikoa da gaur egun, jauregia eta dorrea bereizteko patio bat duena.

Dorreak XIV. mende bukaeran edo XV.aren hasieran eraikia izan behar du. Honen oinplano angeluzuzenak 17,20 m x 13,50 m neur­tzen ditu eta bere garaiera handiak (25 m) nortasuna har­tzen du mul­tzo guztia orube al­dapa­tsuan zutitua dagoelako. Hormak bi metroko lodierakoak dira. Leiho bikoiztuen al­de banatan gezi‑leiho handiak ditu.

Bat egiten zaion jauregia ere angeluzuzena da, 27,30 m‑ko bi aurpegi dituena eta alboetan 13,50 m‑ko birekin. Bi solairu zituen, baina gaur egun bere barrual­dean aurria baino ez daude. Lehenengo solairuan lau gezi‑leiho ditu eta bost bigarrenean.

Kondestablearen dorrea. Fonte­txako beste dorrea, Kondestable izena duena, hiribil­duaren ipar‑mendebal­dean dago, hirigunetik ez oso urrun. Belaskotarrekin (Kondestablearen Gaztelako familiarekin) ahaidetasuna izan zuen Solorzanotarren familiarena, agidanean. Oinplano ia karratua du: 12,50 m x 11,20 m. Altuera 20 m-koa da, almenez burutua dago eta angeluetan ukondoen gaineko zaine­txol txikiak ditu eta defen­tsarako gaztelu‑begiren bat ere bai. Az­pimarra­tzeko moduko beste osagai ba­tzuk dira gezi‑leihoak, eta bere leihate bikoiztuak ar­ku zorrotz eta armarriekin. Gaur egun ez du estal­kirik, baina badira besoen bidez hormetan oinarri­tzen zen ostikoz bere egitura ziurta­tzen zueneko arrastoak. Defen­tsarako itxura latz hori izanagatik badirudi bere eraikun­tza, Orgaz­ko dorrearena bezala, ezin dela XIV. mendearen az­ken herenera baino gehiago atzeratu.

Murga dorrea. Aiarako ibarrean kokaturik, lubaki natural bat eskain­tzen duen ibaiaren er­tzean, Murga dorreak baditu artearen historialari baten­tzat garran­tzi­tsu bilakatzen duten ezaugarri ba­tzuk: ondoren zetozen mendeetako defen­tsarako elementurik gabe (gezi‑leihoak eta abar) utziak izan ziren eta bere hiru al­detan jauregi dotore batez inguratuak aur­kitu ziren dorre solte eta defen­tsarako dorreak. Dorrea Aialatarren leinuko Joan San­txezek eraiki zuen XIII. mendean.

Haserako eraikun­tza hormarriz­koa da, er­tzetan harlanduskoak dituelarik. Gaur egun behe­ko solairua eta beste lau solairu ditu, baina XVI. mendeko berrerabilpenean eraikia izan behar du laugarren solairuak, adreiluz­ko prestaeraz, angeluetan zain‑etxola an­tzeko kuboak eta loggia edo barru-bide bat kanpoal­derantz dituena. Behe­ko solairuan goiko solairuak eusten dituzten bi oin zuzen daude. Sabaia hormetan horizontal­ki oinarri­tzen diren habeetan eutsirikoa da.

Kexaako dorrea. Baliteke Kexaako dorrea izatea Arabako txundigarriena. Domingotar monjeen San Joan Bataia­tzailearen monasterioa han­txe bertan eraiki ondoren, klaustroko bakardadera erretiratu zen Aialako Fer­nan Perez jaunak eraikia da XIV. mendeko lehen herenean. Aialatarren sehaska izandako jauregia eta gotorlekua, 1737.eko [12] berrikun­tzekin oso eral­datua izan zen. Oinplano angeluzuzena eta bi solairu ditu, eraikun­tza indar­tsu, latz eta dotore honek, men­tsula berdineko erlaitz baten gaineko almenekin eta lau isurial­deko teilatu batez estalirik. Bere sorreran, kanpoko saihe­tsetako lau muturretan hiru solairutako dorreak zituen; hauetatik bakarra gel­ditu da zutik.

Esparruaren barruan patio ireki bat du, klaustro moduan jarririk ar­kuteria eder baten jabe zen eta solairu nagusiko gelen barru-bideari eusten zion. Barruan Aialatarren hilobi‑kapera du.

 
Villanañeko dorrea eta jauregia

Villanañeko dorrea eta Jauregia. Arabako dorre askoren arteko aukeraketa hau Varonatarren familiako Villanañeko dorrea eta jauregia aipatuz bukatuko dugu, probin­tzian ongien iraun duen gotorleku mul­tzoa baita; lehenengo jabeen ondorengoak gaur egun arte bertan bizi izan dira.

Mul­tzoa solairu bikoi­tzeko jauregi gotorleku bat da aurrean urez­ko lubaki bat eta almenatuzko adarbe bat duelarik eta dorre­tzar bati itsa­tsia iparral­detik eta mendebal­detik. Dorrea ia karratua da (10 m x 9 m) eta arau arruntaren arabera, harlanduz­ko er­tzak dituen harlangaitzez egina dago, eta lau isurial­deko teilatuz estalirik. Gaur egun itsuturik dauden almenak izan zituen. Ziur asko XIV. mendean eraikia izango zen.

Az­ken gotikoa Biz­kaian

aldatu

Erlijio Ar­kitek­tura

aldatu

Begoñako Ama

aldatu

Bilboko hiri‑gutunean, 1300.ean, Begoñako eliza aipa­tzen da. Baina gaur egungo Begoñako Amaren basilika 1511.ean hasi zen eraiki­tzen. Hiru habearte ditu eta erdikoa da altuena; hiru abside ditu, erdikoa poligonala eta alboetakoak burual­de laua dutenak. Zutabe­txo itsa­tsiak dituzten baketa handiz­ko pilareek denak izartuak diren gangei eusten diete. Ez du triforiorik.

Portugaleteko Santa Maria

aldatu

Hau, XVI. mendearen lehen erdiko erai­kin izugarria da, nahiz eta badakigun, hiribil­duaren foruetan aipa­tzen delako (1322), XIV. mendean bazela lehenagoko beste eliza bat orube berean. Hiribil­duko udalak eta baita kaperen kargu egin ziren per­tsona pribatuek lagundurik eginiko eliza berezi honen eraikun­tza oso luzea izan zen –XVI. mende osokoa, esaterako. Badakigu, 1541tik 49ra artean, behin­tzat, eraikun­tzaren arduraduna Juan Garita maisua izan zela; bere izena Ebanjelio al­deko atarian azal­tzen baita.

Tenplu hau hiru habearte eta lau tartetakoa da, kontrahormen artean kaperak dituelarik; ez du guru­tzadurarik eta hiru horma-atal dituen abside ok­togonal bakarra du beste biak baino altuagoa den erdiko habeartean.

Alboetako habeartetako gangak lau tartetakoak dira, erdikoa ter­tzeleteduna, absidea sei puntaz izartua eta kaperetakoak korapila­tsuagoak, biz­kardunak. Gangak zutabe­txo itsa­tsiak dituzten pilare zilindrikoetan oinarri­tzen dira eta kapitelen ordez harroinak eta landare apaindura duten mol­durak dituzte. Ar­kuak zorro­tzak dira, baketa handiz mol­duratuak. Eraikin honen fatxada ar­ku konopialetan buru­tzen diren baoak dituen triforioagatik bereizten da. Goiko al­dean, absidean jarraipena duten hu­tsarte bikoiztu eta zorro­tzak ditu eta barrura nahikoa argi gu­txi sartzen uzten dute. Erdiko habeartearen oinetan kokaturiko korua neo‑gotikoan, 1894an, zabalagotu egin zen zabalera osoa hartuz (Julio Sarazíbarren eskutik).

Kanpoan, al­de bakoi­tzean kokaturiko lau arbotanteen bidez, estal­kiak kontrahorma sendoen gainean oinarri­tzen dira. Dorrea eta sakristia gotikoa baino beranduagokoak dira. Elizak baditu lehen apainketaren zati handi bat gal­du duten erdi-puntuko bi atari.

Zabaleragatik eta formen laztasunagatik monumentu honek Errenazimentuko airea ar­nasten duela esan daiteke eta gero aipatuko ditugun “eliza kolumnarioek” sistematikoki eskainiko dutenaren aurrerapena da.

Bermeoko Santa Eufemia

aldatu

Bermeon ikusgarria da Santa Eufemiaren zin‑eliza, mende ba­tzuetan eginiko berreraiketak, konponketak eta al­daketak jasan dituzten eraikun­tzen lekuko on bat da; izan ere, oraindik gorde­tzen baititu absidearen kontrahormen arteko harburu­txo erromanikoak, XIII. mendea adierazten duten baketa handi eta nerbioz osatutako gurutzeriak eta XV. mendeko ganga eta leihoetan esku har­tze argia duen habearte bat.

Bermeoko San Fran­tziskoren klaustroa

aldatu

Gur­tza lekuez kanpo, Biz­kaiko gotiko berantiarraren al­diaren barruan Bermeoko San Fran­tziskoren klaustroak aipamen bat merezi du. Guganaino mirariz iritsi da, agidanean eman zaion erabilera dela-eta –udal alondegi eta hor­niduren mer­katu izandakoa–, elizak jasan zituen fun­tsez­ko al­daketen ondoren eta 1811.ean fran­tsesek sute batekin monasterioaren barrunbeak hondatu ondoren eta jazarpen erlijiosoen ondorengo hamar­kadetan jasandako jabe­tza-ken­tzeen ondoren, gel­ditu zaigun monasterioaren jatorrizko aztar­na bakarra da. Bermeoko San Fran­tziskoren klaustroa al­de bakoitzeko 19 m dituen laukia da, 3,85 m-ko sakontasuna duten eta zutabe­txo itsa­tsiak dituen gune karratu batez osaturiko pilareen gainean mol­duratutako ar­ku zorrotzeko patio batera ireki­tzen diren ingurabidez inguratua. Harroin eta kapitelen diseinua, estilo gotiko berantiar baten barruan, ezin xumeagoa da. Euskal Herrian gorde­tzen diren apurren artetik zaharrena izateagatik, gorde ahal izateko zainketa berezi bat eska­tzen ari den klaustro honen estal­garriaren inguruan ez dago ziurtasunik.

Balmasedako San Seberino

aldatu
 
Jasokundeko Andre Mariaren ataria, Lekeition

Biz­kaiko eliza gotiko nagusien aipamena ez li­tzateke osoa izango, bere zabaltasunarengatik bederen, Balmasedako San Seberino eliza aipatuko ez balitz. Beroni buruz gaur egun ikusten duguna baino ezin esango dugu, ez baitugu eraikun­tza honi buruz­ko dokumenturik. Eliza, hiru habeartetako eraikun­tza da, lau tartetakoa hauetariko bakoi­tza, erdikoa alboetakoak baino garaiagoa izanik eta zaz­pi horma-ataletako abside ok­togonal batean amai­tzen dena. Transeptuak alboetakoak garaieran eta zabaleran ere gaindi­tzen ditu. Oinplanoaren banaketak XIV. mendeko eliza gotikoen an­tzeko antolaketa bat adierazten duela dirudi, baina eraikun­tza ondorengoa izan daiteke eta horrek guztiak adierazten du aldi luzeko eraikun­tza izan zela eta haserako antolaketari al­daketak egin behar izan zitzaizkiola, hala argi­tzen delarik tarteen formatu ezberdintasuna.

Euskarriak, ar­ku formero, guru­tzadura eta arku perpiañoei eran­tzuten dien zutabe­txo itsa­tsiak dituzten gune zilindrikoak dira, nahiz eta hemen ere al­daketak izan ziren; zeren eta toki ba­tzuetan ar­ku diagonalei zegoz­kien zutabe­txoak falta direla ohar­tzen gara. An­tzeko al­daketa bat suma­tzen da kapiteletan, ba­tzuk figuratiboak dira, aldiz, besteak kardabera itxura hu­tsera edo zerrenda mol­duratura muga­tzen baitira.

Kanpoan, barruko euskarri bakoi­tzari dagozkion kontrahorma prismatikoak daude. Bao guztiak zorro­tzak dira; bost leihate handik bete­tzen dute argiz burual­dea eta alboetako buru‑horma bakoi­tza hauetako batek argi­tzen du. Elizako sarreran bi atari dira: bata mendebal­dean, bost ar­kibolta xume dituena eta bestea hegoal­dean, nagusia, lau ar­kibolta dituena. Apainketan nahiz bere tinpanoan ez dugu artistikoki az­pimarragarria den ezer aur­ki­tzen. San Seberino elizaren eraikun­tza XVI. mendearen hasieran bukatu zela uste da.

Apaingarri flamigeroak Eranskin ba­tzuk. Eraikun­tza gotiko berantiar hauen zerrendari aurreko gotiko eraikinen edergarrietarako bilatu ziren elementu flamigeroen aipamen bat eran­tsi behar­ko li­tzaioke.

Eranskin hauek badira, adibidez, XV. mendean klaustro bat gehitu zi­tzaion Santiagoko katedralean. Bertan, leihateetako trazeriek ertz flamigeroetako egitura luzatuak dituzte.

Era berean gogora ditzakegu hemen, Bilboko San Antonen eraikun­tza berantiarra, bere zatikaturiko euskarriak, bere mol­durazio fina, bere kanpoal­deko leiho eta erlai­tz boladunak.

Lekeitioko Jasokundea, ziur asko XIV. mendean egituratua izan bazen ere, hurrengo mendean eraikiz joan zen eta mendeetan zehar eral­daketa handiak jasan ditu; bere fatxada zizelaturiko irudiz apaindutako zerrenda bat eta trazeria flamigeroz­ko leihate handi bat duena da.

* * *

Hemen etengo dugu eliza biz­kaitar gotikoaren gure izendapena, XVI. mendean eraikitako eliza gotikoen sail jakin moduan izendatu badaiteke ere, besteak beste, Ger­nika, Zamudio, Arteagako Gautegiz eta Guenesko Santa Maria; ohartaraziz Lopez de Valladok “bigarren gotiko” izenez adierazten duen eta beste zenbaitek “euskal gotikoa” deritzona nahiago dugula Errenazimentuari dagokion atalean kokatu; zeren eta, gure iri­tziz, hori baita ar­nasten duten espiritua.

An­tzeko zerbait esan daiteke Durangoko Ulibarriko Santa Maria elizaz, aztar­na errenazimentu‑gotikoak dituenaz; baina Barrokoari dagokion atalean gogoratu behar­ko dugu.

Ar­kitek­tura Zibila eta militarra

aldatu

Berant Erdi Aroan mende hauetako ar­kitek­tura zibil eta militarraren atal honek, Ibarra eta Garmendiaren Katalogoan errol­daturikoak, besterik ezean axaleko berri emateak ere badu arriskua, XIV. eta XVI. mende artean eraiki ziren Biz­kaiko 166 dorreren –gehienak Enkarterrietan daudenak dira– zerrenda luze eta aspergarri samarra izatekoa. Labur­ki bederen eredu adierazgarrienetako ba­tzuk azal­duko ditugu.

Muñatones Gaztelua

aldatu

Lope Gar­tzia Salazarrek bere Zoriontasun eta Halabeharrak banderizoez gaur egun dakigun guztiaren iturburu nagusia Muñato­nes gazteluan ida­tzia izateak nahikoa izan behar­ko luke edozein historialari gaur egung­o Muskiz udalerrian dagoen Muñatoneseko San Martin Gaztelu mukulu hau gogora­tzen hastera bultzatzeko. Banderizen borroken arteko berriemaile sonatua izan behar zuenak 1450‑1460 bitartean burututako berreraiketa bat da. Zalan­tzarik gabe, berreraikuntza jatorriz­ko eraikinari leialagoa zi­tzaion, XX. mendean egin ziren gainerako biz­kaitar gazteluenak baino, esaterako Butroe eta Arteagakoenak baino.[13]

Muñatones gazteluak goitik behera erai­tsia izateko agindua jaso zuen Enrike IV.aren aldetik eta ondoren Errege Katolikoen (1498) aginduaren ondorioak, gotor-etxeak eraiki­tzea debeka­tzen zuena, alegia. Eraikin erral­doi hau gerora utzikeria-egoerara kondenatu izan bazen ere, zutik gorde denaren azter­ketak erakusten du Euskal Herrian ezagunak direnei eta Arabako dorreei buruz aipatu ditugun landa-gaztelu motakoa dela Muñatones dorrea. Bi al­diz hesitua den esparru lau angeluko baten erdian, bi adarbeen artean lau saihe­tsetatik doan lubakiz inguraturiko kuboa bertikalean ahal­tsu igo­tzen da, bere jatorrian jada almenaduna, her­tsia beheko solairuetan, 30 bat eskailera maila zituen patin batetik lehen oinplanorako sarbidea zuena. Lehen adarbea almenaduna da eta bazituen hainbat dorre; bigarrena, kanpokoa baino garaiago eta lodiagoa denak, baditu lodieran 2,80 m eta bataz besteko garaiera 7,50 m-koa da; bere kanpoko perimetroak 49 m x 39 m-ko angeluzuzen bat deskriba­tzen du.

Dorre­tzarra 15 x 13,30, eta 30 x 25 m-ko angeluzuzeneko oinarria duen paralelepipedo bat da, bere neurriengatik eta ia hiru metroko zabalera duten hormengatik ikusgarria dena. Banderizen arteko borrokaldi larrietako euskal dorre ahal­tsuenak –leinu buruzagienak– izango zirenen adibide on bat da. Beheko solairua ia guztiz itsua da; dobela handietako ar­ku zorrotzaren az­pian sarrera duena, bigarren solairua eta hirugarrena bera ere, oso her­tsiak dira, eta maila bakoi­tzean, bere horma-atalak erdi-puntuko ar­ku ala ar­ku zorro­tzeko bat edo bi hu­tsarte bikiez alai­tzen dira. Laugarren solairua izango zen gela nagusia. Barruko esparruen banaketari buruz­ko ezer ez dakigu, halakoa baita haren egoera galgarria. Hormetan habe‑zulo ba­tzuk baino ageri ez diren habe-sostenguak ikusten dira, baina ezin jakin dugu egitura osoari eusteko erdiko zutaberik bazen.

Arangurengo dorre­txea (Oroz­ko)

aldatu

Gorbeiako mendi bularrean, Ibarra eta Urigoititik oso hurbil dagoen Oroz­kon Arangurengo dorre‑etxea, bigarren mailako leinuen landa‑dorreak izan zitez­keenen eraikinen multzokoa izan daiteke.

Oinplanoz 13 m-ko al­dea duen karratu bat da. Beheko bi solairu ditu, hormarri edo harlangatzez­koak; haietan simetriarik gabe eta irregularki jarririko gezi‑leiho ba­tzuez gainera, baditu handi samarrak diren leiho ba­tzuk, eta ar­ku konopialaren az­pian bakarren bat, inola ere, XV. mendearen bukaeran burututako eral­daketan eginikoa.

Fatxada nagusian, al­de batean eta simetriarik gabe kokaturik zoruaren mailan dago hareharriz­ko dobela izugarrien az­pian erdi-puntuko ar­kua duen ate handi bat; bere gil­tzarrian familiako armarria dago grabaturik. Goiko al­dean bada jatorrian nagusia izango zen beste ate bat, bertara igo­tzeko patin txiki bat zuena. Goieneko solairua, bere fatxada nagusian eta atzeal­dekoan hegal­kin bat eginez atera­tzen da, eta garapen irregularreko zurez­ko bilbaduretan, adreiluz­ko ilaraz prestaturik dago. Egitura osoa hormetan eta solairuetako habeei eusten dien barruko zutoinetan sostenga­tzen da, eta lau isurial­de dituen piramidez­ko estal­ki batek babesten du. Dorre honetan badira tradizio herrikoiari leialtasuna adierazten dien hainbat osagai, euskal ar­kitek­tura herrikoian gordeko direnak. Prestaketa kokapenean bertan nabarmen­tzen diren irregulartasun eta simetria faltan edo baoen banaketan ez da halakoxe edertasun eta lilurarik falta. Biz­kaiko beste landa dorreetan behin eta berriz ematen dena da, adibidez: Mun­txaraz dorrean.

Mun­txaraz

aldatu
 
Muntxaraz dorrea Abadiñon

Abadiñoko Mun­txarazi dagokionez, dorreaz ez baino jauregiaz hitz egin genezake. Hasieran Enrike IV.aren aginduz moztu zi­tzaion dorre bat bazuen, gerora beranduko berreraiki­tze batean, XVI. mendean, al­di historiko horretan ohikoa zen an­tzinako Dorre ala gotor‑etxeak landa-jauregi bihurtu zireneko unean.

Labore-soroen erdian egonik, duen kokapenagatik zirraragarria da 17,78 m x 15,85 m x 15 m-ko kubo hau, xigor margoko harearri landuz jan­tzirikoa, harlangaitzezko eta adreiluz­ko zenbait eran­sgarri dituelarik, zurez­ko bost solairu izan eta lau isurial­deko teilatuz estalia dagoen jauregi hau.

Une bakoi­tzaren egokitasunaren arabera, zalan­tzarik gabe al­datuko ziren barrunbeko esparruen banaketari buruzko daturik ez da gaur egun ezagu­tzen ahal. Behereneko solairua ia itsua dela begirada hu­tsez ager­tzen da; berak eta hurrengo beste biak lodiera izugarria dutela: 2,45 m; hirugarren eta laugarren solairuan gelak izango ziren.

Laugarrenari dagokionez, eraikinari izaera ematen dion loggia edo bar­rubidea hasten da, dorreari italiar errenazimentu ku­tsua ematen diolarik, beste ba­tzuetan –Oxirandoko Gordexoelan (Biz­kaia), Araban Murgan– ikusiko denaren ai­tzindari­tzat har daitekeena eta XVI. mendean bereziki emango diren dorre‑jauregi mota berri bat osa­tzen dute.

Az­ken solairua ere, oin zuzenen gainean aire libreko galeria bat da, bere ia zabalera osoan bilbatutako baranda eta jabal­koiak dituena eta ziur asko hau guztia aleak gordetzeko erabiliko zen.

Bigarren solairura iristean hormen erabateko lodiera al­daketak, ar­kitek­tura honen historiak beti igor­tzen digun al­daketa historiko eta soziopolitikoaren adierazgarria da. Zen­tzu honetan Mun­txaraz al­daketa honen paradigma izango li­tzateke, bal­din eta, ba­tzuek uste duten bezala, bere goial­de guztia XVI. mendearen lehen hamar­kadetan hasi eta 1595ean –a­tzuek eraikuntza-lanetan grabaturik ikusi zuten eraikun­tza-data– bukatu zena izango balitz.[14]

Berriatuko Aranzibia

aldatu

Ikuspegi estetikoa historikoarekin el­kartuz, zori­txarreko historia duten beste dorre ba­tzuk gustu handiz aipa­tzera iri­tsiko ginateke, esaterako, Ondarroan Berriatukoako Aranzibia, adibidez, Dorre honen sun­tsiketaren zorigaiztoko berria utzi digu Lope Gar­tzia Salazarrek. Gaur egun miraz eta ia atseginez begira­tzen dugu muino txiki baten gainean berreraiki zen dorrea: badu kanpoal­dean eskailera, ajimezatuak dira baoak eta oso zaindutako harlangaitzez egina du paramentua; an­tzinako zurez­ko estalpea sostenga­tzen zuten harburu txiki ilara bat bada oraindik goial­deko zatian. Hegoal­dean baditu hiru leiho biki, gezi‑lei­ho bat eta, lehen solairuaren parean ojibaz­ko atea, sei metroko garaiera duen patin txiki batetik igo­ta.[15]

Gipuz­koako az­ken gotikoa

aldatu

Erlijio ar­kitek­tura

aldatu

Donostiako San Bizente

aldatu

Jakina den bezala, Donostiako hiria ez zen historiako agirietan oso berandu arte sartu. Antso Jakituna, nafar erregeak mer­katari­tza-bideak itsasora ireki­tzea erraztu nahirik, inola ere, foru bat eman zion; hirigune bat Antiguon gel­ditu zen San Sebastian martiriari eskainitako monasterio txiki baten ondoan. Antso Azkarraren garaian hesitu egin zen eta hormen barruan eraiki, Santa Maria eta San Bizenteri eskainitako beste bi eliza.

Lehenengo eraikin haietako bat berak ere ez du zutik iraun. Haien ordez eraiki zirenetik eta gaur egun zutik dirautenetan San Bizente da zaharrenetarikoa. Dokumentuetik dakigun gauza da 1314ko sutean desegin zen beste erromaniko baten ordez­koa dela. Lanen hasiera 1507an[16] izan bazen ere, izugarri luzatu ziren. Absidea bukatu nahian ziren 1574ean. Elizako arkupeak 1619ra arte zain egon behar izan zuen, sakristiak berriz 1666.a arte, handik aurrerako mendeetan zaharberri­tze eta eraberri­tze ugari izan zituen.

Eliza. San Bizente elizak hiru habearte ditu, erdikoa alboetakoak baino garaiagoa. Albokoetatik guru­tzadura ez da gailen­tzen, barrual­dean baino ez da suma­tzen, bere garaieragatik. Guru­tzeria soilez estal­tzen dira habearteak, kapera nagusia izan ezik, hau XVIII. mendean berreraikia izan bai­tzen. Oktognala da absidea eta horma‑bular handiak ditu. Habearteen eusgarriak zilindrikoak dira zutabe­txoak itsa­tsian dituztela eta estilizatutako hosto soilak kapiteletan. Gotiko oso berantiarrean ohikoak ziren baoak ditu.

Lau arrosa-leiho handi ireki ziren 1929an; bi handienak alboetako hormetan. Hareharri urdinez landuak daude. Barroko al­dian eginak dira arkupea eta beheko koruko ganga.

Kanpotik begiratuta, elizaren hegoal­dean itsa­tsita, defen­tsarako asmotan eraikitako zain‑etxola­tzarrak begirada erakar­tzen du, eraikinaren lehen garaitik gorde diren xurrutarri eta zirrikitu ba­tzuk ere ikus baitaitez­ke. Kanpoko lanketaren osagai ugarien eta barruko harmonia eta koheren­tzia plastikoaren arteko nolabaiteko kontrastean dago guztia, az­ken zaharberri­tzean balioa handituz (1998).

Oñatiko San Migel

aldatu

Gotiko prestaketa nabarmena duen beste eliza bat da Oñatiko San Migel, gaur egun gipuz­koarra bada ere, hiribil­du hau konderri askea izan zen garaian sortutakoa da. Bazen XII. mendean jada han “monasterioren bat” (garai hartako familiako eliza laiko horietakoren bat) Gebara eta Oñati etxeetako Jaunaren mende zegoena. Eliza erromaniko baten hondarrak gorde dira (XII. eta XIII. mendeak), XV. mendean eraiki­tzen hasi zen beste ordezkatuarena.

Eliza. Garaiera desberdineko hiru habearte ditu, kanpoko arbotanteen gainean sostenga­tzen den erdikoa nabarmentzen delarik. Epistola al­dean itsa­tsitako aterpea, XVI. mendean laugarren habeartea bihurtu zen, klaustroa egin zenean. Eusgarri zilindriko sendoek bereizten dituzte habearteak eta berauetan sar­tzen dira kapitelik ez duten gangetako ar­ku eta nerbioak. Habearteak guru­tze-ganga soilez estaliak daude; eta gil­tzarrietan sor­tzaileen armarriak ikus daitez­ke: an­tzinako habearteetan Gebarako kondearenak eta Mer­kado Zuazolako on Rodrigorena XVI. mendean eraiki zenean. Hiru habearteak absidean dute bukaera; poligonoz­koa denak erdial­dekoan eta Epistola al­dekoan, eta Ebanjelioarenean laua dena. Garaiera ederrean dago al­dare aurrea, zeren eta 1612 urtean Oñatiko Kondeak bere hilobia kriptan eraiki nahi izan zuen, al­dare nagusiaren az­pian. Erdiko habeartearen goieneko al­dean irekitako idi‑begi handien bidez argizta­tzen da barrunbe osoa. Kanpotik begiratuz ­gero elizak ez du batasun trinko bat adierazten, izan ere, al­di desberdinetan burututako lanen emai­tza da, bere ataria bereziki.

Klaustroa. Badu klaustro bat San Migel elizak, harlanduz prestatua kanpotik eta hormarriz barruan, Mer­kado Zuazolakoak ordaindu zuena, 1526an Pedro Lizarazu maisuarekin sinatu kontratua zela bitarteko. Gotiko lore­tsu estiloan, XVI. mendeko bigarren herena bitartean eraikia izan zen, eta bere oinetatik igaro­tzen den Ubao ibaiko uretan begira­tzen diren gailur zuzenak, janba, armarri eta filigranaz­ko mul­tzo eder bat da.

Beste eliza ba­tzuk

aldatu
 
San Pedro, Zumaia

Arrasateko San Joan Bataia­tzailea eliza. Ez da gorde 1355a baino lehenagoko dokumenturik, Uribarri, Udala, Garagaltza eta Gesalibar­ko Santa Ageda eliz aurreak el­kartu zireneko data honen aurrekorik. Ezer baino lehen eliza eraiki­tzea pen­tsatua izango zuten.

Harlanduz eraikia da, hiru habearte eta hiru abside ditu. Gotorleku ku­tsua duen dorre bat eraiki zen 1520ean. Orain berriki, 1653ko absideko erretaula kendu egin zen eta argi gehiago izan zezan leihate gotiko bikoi­tzak urratu ziren.

Askizuko San Martin ermita. Gainerakoan, beste gotikoren bat ahaztu gabe, besteak beste, Askizuko San Martin elizaek bisitaren bat ongi merezia du, inola ere Donejakue al­derako Kantauri al­deko gal­tzadan gel­dial­dirako tokia izango zen. Gipuz­koako herri asko dira gotiko soil estiloko parrokia-eliza izan zutenak, bakoi­tzak bere berezitasun eta guzti. Adibide modura aipatuko ditugu:

Zumaiako San Pedro eliza. Gotorleku baten gainean dago eraikia, itsas gaineko tontor batean eta hiribil­duaren gune guztia mendera­tzen duela. Dorre soil bat badu, oinarri ia karratua duena eta lau tartetakoa; gorpu­tza garaia da eta mainelez bereizitako leiho­ak; hala ere, denak dorre erromaniko baten an­tza du. Eliza, berriz, habearte bakarrekoa izateaz gainera zor­tzial­deko abside poligonalean bil­tzen den dituen lau tarte dituena da, neurriz 30 m x 14 m ditu. Oso nerbio nabarmenak eta hareharriz­ko gil­tzarri zin­tzilikariak dituen ter­zeletez­ko guru­tze-gangaz estalirik dago.

Zumaiako San Pedron prestaketa gabeak badira ere, badira habearte bakarreko beste eliza asko XVI. mendean bukatuak ala berreraikiak izanagatik, aurreko eraikin gotikoen arrasto nabariak gorde dituztenak, esaterako, Aizar­nan, Anoetan, Arroan, Al­kizan, Adunan, Sorabillan, Berastegin, Aian, Amasan, Asteasun, Usurbilen, Ormaiztegin, El­duan eta abarretan.

Ar­kitek­tura Zibila eta militarra: gotor‑etxeak

aldatu
 
Balda dorretxea, Azkoitian

Mende honek berea duen ar­kitek­tura zibil eta militarrean Gipuz­koan Dorre ala gotor‑etxeen gaira itzuli behar dugu; izan ere, probin­tzia honetan agian beste ezer baino gehiago Herriaren historiako gai protagonistak dira, hiru mendeetan zehar. Beroiek dira garai horretako gizarte antolaketaren osagairik bistakoen eta enblematikoenak eta beroien garapen ar­kitek­tonikoaren –defen­tsarako dorreetatik hasi eta jauregi bizitokietara bitartekoak– Gipuz­koan XIV. mendetik XVI.era gertatutako al­daketa sozial eta politikoaren adieraz­le.

Defen­tsarako ezaugarriak eta bizitokikoak Ahaide Nagusien dorre ala gotor-etxeetan pausatuko dugu begirada; baina berriro banderizen gaian gelditu gabe eta gure oharrak Oinaztarren eta Ganboatarren borrokarako etxe dotore haietako bakoi­tzaren berezitasunetan erreparatu gabe, ohiko dorreen diseinu ba­tzuk aipa­tzera muga gaitezen, asko eta asko al­de batera utzita, dorreak baino gehiago “baserri noble” gisa hartu behar baitira.

Hasiera batean dorreak harlangai­tza eta zura nahastuz eraiki behar­ko ziren. Ezinbestean, borrokarako helburuek beharturik, baino ez zen beharrez­ko izango harria.

Hiribil­duek eragindako banderizen dorreak erre ondoren eta, Enrike IV.ak agindutako moz­ketak zirela-eta (1456), dorr ba­tzuen goiko solairuak adreiluz eraikiak izan ziren berriro eta erasorako nahiz defen­tsarako beharrezko tresneriaz erro‑errotik gabetuak izan ziren, esaterako, Az­peitiko Bal­dakoa edo Az­peitiko Loiola; beste noble ba­tzuei, Berastegi edo Amez­ketakoei adibidez, utzi zi­tzaien harriz eraiki­tzen baina altueraz baxuagoak izatekotan.

Besteak beste, Oñatiko Gebara eta Az­koitiko Isasagatarrei baino ez zi­tzaien utzi kanpoko itxura bikaineko etxeei eusten, betiere, gertakizun bereziengatik.

Hauetan guztietan egitarauaren al­daketa (gaur egun programa esango genuke) kanpoko egituretan nabarmen­tzen da: gezi-leiho, leiho, gaztelu‑begi, almena, zaine­txol handi eta abarretan, nahiz eta osagai hauetako ba­tzuk, angeluko zaine­txol handiak batez ere, Az­peitiko Enparan eta Loiolan estetika eta apainketa modura gorde diren eta ez benetan egitekoren bat izateagatik.

Garai gataz­ka­tsuen ezaugarri diren beste osagai ba­tzuk kendu egin dira, baina aztarna garbiak utzi dituzte: gaztelu‑begietan koka­tzen ziren men­tsulak, adibidez. Horrela gerta­tzen da esate baterako, Mutrikuko Berriatuko dorrean, garai bateko egurrez­ko estalpearen ukondoz­ko erlaitza gorde baitu, edo baita Zumarragako Legaz­pi dorrean, zeren eta honen atarian oraindik ere ikusten baitira altuera desberdinetan dauden hiru men­tsula. Legaz­pi edo Jauregiko (horrela ere esaten bai­tzaio) dorre honek bazuen gainera adarbe edo horma‑aurreko bat (gaur egun kendua dena) fatxada aurrean, orain ojibaz­ko ate gil­tzarriduna ikusten den tokian, gainean eraiki zen bizitokia duela.

Erdi Aroko itxura baino errenazimentu garaiko itxura handiagoa hartu dutenez, XVI. mendean oraindik dorreren ba­tzuk eraiki­tzeak ere garbiago adierazten du jauregi-bizi­tegiak izatea bilatzen zela, Loiolako Inazioren iloba, Beltran Lopez Gallastegi jaunak Bergarako Ozaeta hegoal­deko orubean 1550ean eraiki zuen dorrean egin zuen, adibidez.

Gainerako lurral­deetako dorre­tzarrekin al­deratuz Gipuz­koa al­deko dorreetan egitura isolatu ala solteak gehiago ematen dira. Bizi­tzarako eraikinak oso gu­txitan itsasten zaiz­kio dorreari, Araban sarritan gertatu ohi den gisan. Era berean, ez da ohikoa Araban Fonte­txa, Gebara edo Kexaakoak edo Biz­kaian, Salzedo de la Cuadra (Guenes), Muñatonesekoa eta Butroekoa (bere XIX.go zaharberri­tzea baino lehenago) bezain dorre trinkoak Gipuz­koan ikustea.

Neurrietan zuhurtasuna adierazten badute ere, adibide modura, Oñatikoak, Zestoako Lilikoak ala Berastegikoak, sarritan baserri giroko bakartasunean eta hondoan hosto­tza edo zelaietako berdeen gainean dauden Gipuz­koako dorre horiekin begiz topo egiteak sor­tzen duen zen­tzuen eta emozioen tal­ka estetikoa ahaztu ezina da.

Egitura barrukoa: Gipuz­koako dorreen barruko egitura ez zen Arabako dorreen aldean oso desberdina izan. Erdiko oin zuzen baten gaineko zutoi handi batek (zenbaitetan bi izan ohi dira Loiola ala Zarauzko Dorre Luzean, adibidez) lodiera nabarmena duten hormetan (metro bat edo metro eta erdi artean) sostenga­tzen diren habeen bilbadura guztiari eusteko balio dute eta solairuen sendotasuna ziurta­tzen dute. Gainerakoan, baoak, gezi‑leihoak, itsu‑leihoak, goiko solairuetako leihoak, patin batetik lehenengo solairura sar­tzeko ateak eta abar ez dira bereizten Euskal Herriko eredu orokorretik. Patin zoragarri bat da beste dorre ba­tzuen edertasunaren adierazgarri, besteak beste, Ereñozukoa edo Zarau­zkoa.

Zarauz­ko Dorre Luzea. Ikuspegi estetikotik oso erakargarria da. Hareharriz­ko harlandu onekoa, bere 16 mailatako kanpoko eskailera, ajimezaturiko baoak, eta bere fatxada nagusian aurrera egiten duten bi harriz­ko ostiko –egurrez­ko estalpea sendoago­tzekoak, inola ere– dituela, Dorre luzea da zalan­tzarik gabe Gipuz­koako hiri-dorreetan ederrena; horretan bere dorrearen itxura trinkoa eta bere liraintasunaren arteko kontrastea lagungarri duelarik, beheak borrokarako duen her­tsitasunak eta goiak solairuetako leiho biki simetrikoen diseinu finaren artean.

Garai moder­noetara egokitutako dorreen hainbat osagaietan an­tzinako gauzen al­derako halakoxe zaletasun bat suma daiteke, hala nola, ate eta leihoetako erdi-puntuko ar­kuetan esate baterako. An­tzinako gipuz­koar dorreetan leinu armarriak dorrearen sarrerako ate gainean itsastea oso gauza bi­txia da (badira salbuespenak ere, Loiolakoa, kasu), baina Errenazimentu eta Barroko al­dian ohitura orokorra bihurtu zen burges jatorriko per­tsonaiak nobleekin el­kar­tu zirenean.

Eskultura Monumental gotiko berantiarra

aldatu

Aurreko atalean az­pimarratu dugun bezala, Erdi Aro berantiarrean elizak erliebez eta eskulturez edertu ondoren, bereziki monumen­tuz­koa den plastikan ez zen oso abera­tsa izan XV. mendean. Horretaz jarungo dugu Euskal Herrian orokorrean nabarmenena dena adierazteko.

Olite, Nafarroa

aldatu

Hirutasunaren erliebea. Oliteko San Pedro elizaren zutarripeko baten gainean erakusten da Hirutasunari eskainitako erliebe bi­txi bat, 1432ko data duena eta bere eragilea izan zen Eneko Pinel notarioak izenpeturikoa. Horretaz gainera, Hirutasunaren az­pian, emailea, bere emaztea eta beren lau kimu txikiak azal­tzen dira irudietan, San Pedro esku zain­tzailepean babesturik notarioa eta bere emaztea berriz Santa Katalinarenean. Batasun trinkoan adierazitako hiru jainkoz­ko per­tsonaien eszena ikusgarria da, hirurak ere giza aurpegiak dituzte, baina Hi­tza eta Espiritua, Aitaren goitik beherako mantu atzean batasunean ia desagertuak eta erdi ez­kutatuak daude.

Bi estatua. Az­ken eskultura gotikoak dituen Olite utzi dezagun, baina, bere jauregitik datozen neurri naturala baino handiagoak diren bi estatua bikain Nafarroako Museoan badirela gogoratuz.[17]

Buruak falta zaiz­kie; errege Noblearen eta bere emazte Leonorren argaz­kiak izan daitezkeelako susmoa hartzen zaie. Burua moztua izanagatik, suma­tzen da eskulturagileak hel­dutasun gotikoa iri­tsi duela, gorputz atalak ez nabaritzea lortuz, oihalen modelatu bikainarekin, jan­tziei dotorezia ematen izan zuen arteagatik Reimseko eskulturagile handiak gogora ekartzea baino ez digu egiten, klasizismo modu bat delarik. Aurreko al­di bateko gotiko lehorrago eta errealistago baten aurrean, kontrasteak ezin gaitu denboran atzerago eraman (hiru mende, hain justu), gorpu­tzen egitura anatomikoei nabarmentze ikusgarria ematen saia­tzen ziren gainerako ertilari garaikideak zituzten zalan­tzen aurrean –esaterako Duquesnoy– benetako hiz­kera adieraz­kor eta plastikoa –Bertiniren janz­keretakoa– aur­ki­tzen bazekitenen al­dietara, alegia.[18] Jan­tzietako tolesduren dotoreziak eta irudien okerdura arinek XIV. mendeko lehen urteetan data­tzera bul­tza­tzen gaituzte.

* * *

Iruñeko katedralean eta klaustroaren inguruan burututako hainbeste eta hain kalitate oneko lanak ikustean, ezaugarri estilistikoetan batasuna zutelako, erreinuaren hiriburuan lantegi bat baino gehiago bazenaren ziurtasuna ematen du, batez ere Evreux dinastiaren erregeal­dietan hel­du eta loratu zen Iruñeko Eskola batez hitz egitekoa.

Araba. Guardiako ataria

aldatu

Gotiko berantiar al­di honetako eskultura-lanik deigarriena Guardian gorde da, Erregeen Santa Maria izeneko parrokia-elizaren atari zoragarrian. Hasiera batetik eraiki zen bai aurretik eta bai saihe­tsetatik kanpoal­dera irekitako arkupe baten zatia osatuz, baina ez zen zeharo itxi kapera bihurtu zen arte, XVI. mendean aurrera samar joan baino lehen.

Eliza ataria mul­tzo bikain gisa azal­tzen zaigu, bost ar­kibolta eta mainela dituen atari txaranbeldu handi bat du, saihe­tsetan janbak dituela.

Janbak. Ohikoa denez, janbetan hamabi apostoluen irudiak azal­tzen dira, al­de bakoitzean seina, hainbat gai figuratiboz landuak dira idul­ki garaien oinarri gainean al­txa­tzen diren horma‑hobietan kokaturik.

Erakargarria da naturala baino egitura handiagoko apostoluen irudietan tailaren errealismo garbia eta, oso nabaria den liraintasunarekin bat eginda, gorpu­tzen edertasuna baino gehiago adieraz­kortasunaren bila dabilen ertilaria sala­tzen du. Bestal­de, nabari da gorpu­tz-jarreretan lortutako ugaritasuna, ia denek baitute halakoxe mugimendu-arrasto bat eta bereizgarriren bat aurpegitan, keinuetan, soingainekoen tolesduretan eta agerian dituzten enblemetan. Beraz, Euskal Herriko eskultura-mul­tzo gotiko paregabe baten aurrean aurki­tzen gara.

Apostoluen irudiak estal­tzen dituzten droselen gainetik abia­tzen dira ar­kiboltak, irudiz eta landarez txandaka­tzen direnak. Tinpanoa. Tradizio gotikoko eskemaren arabera, hiru erregistroz osaturiko tinpanoa, Maria Birjinaren historia kanoniko eta legendazkoari eskainia dago.

Lehenengo mailan Deikundea, Ikustal­dia eta Erregeen Gur­tza konta­tzen da. Bigarrenean Birjinaren Igaroal­dia, Apostoluen mirariz­ko etorrera eta bere Amaren arima daraman Kristo; erdiko zatian Maria Birjinaren zerura Jaso­tzearen irudia, legendazko Tomas apostolua berandu iri­tsi eta, kon­tsolamendu gisa, Birjinaren gerrikoa jaso­tzen dueneko aipamena eginaz. Hirugarren erregistroak eskuin al­dean eserita dagoen bere Ama koroa­tzen duen Jesusen adieraz­pena dago, biak ere saihe­tsetan aingeru musikariak dituztela. Mainelean, ar­ku eskar­tzano eta trilobulatuetako bi ateren erdian Maria Birjinaren irudi eder batek, irain eta apur bat makurturik agertzen denak, adierazten du errenazimentua al­darrika­tzen duen gotiko osatu baten gailurra.

Idul­kietan Nafarroako armarriak erakusten dituen eta orain berriki koloreani­tzez apainduriko atari bikain honen dokumenturik ez daukagu. Baina, XIV. mendearen az­ken al­diako ala XV. hasierako data izan dezake; nolanahi ere, 1461a baino lehenagokoa, Guardiak Nafarroakoa izateari utzi zioneko data baino lehenagokoa.[19]

Biz­kaia eta Gipuz­koa

aldatu

Gipuz­koan eta Biz­kaian, eskultura gotiko monumen­taletan benetan balio­tsua denik oso gu­txi ager­tzen dira, betiere hitz honi hemen ematen ari ga­tzaiz­kion zen­tzu mugatuan jaso­tzen bada; apaingarritako eginkizuna ukatu gabe, beste eginkizun didak­tiko eta liturgi­koa bete­tzen duen eskultura figuratiboa, alegia. Ikonografietan halako urritasun hau, euskal hiribil­duen lehen garai hartako baliabide ekonomiko mugatu baten ondorio gisa hartu behar­ko da eta baita an­tzinako saltus vasconumean bizi zen euskal­dunak ia berez­koa zuen ezaugarri gisa ere agian; izan ere, euskalduna ez da azal­tzen, eguneroko bizi­tzako edertasun figuratiboz apaindu eta ingura­tzeko gai horri dagokionez, ikonoetako naturalismo horren oso zaletua.

Zen­tzu horretan, bi probin­tzia horietako eskultura gotikoak ez du jasaten Nafarroa eta Arabako estatuekin al­dera­tzerik.

Biz­kaiko atariak. Biz­kaiko XV. mendeko eliz atarien artean, muga gaitezen agian guztietan ederrena dena aipa­tzera:

- Guenesko Santa Marian elizako eguz­kiaren ataria da agian denetan ederrena, isabel­dar gotiko estilo al­dera ematen duelarik; hemen, konopialez­ko beste batean buka­tzen duen ar­ku zorrotz baten eta erroleoz apainduriko tinpano baten pean ar­ku karpanelez­ko bi sarbide ireki­tzen dira, mainelez bereiziak. Horien gainean sostenga­tzen da Haurra duen Birjinaren harriz­ko irudia, filigranaz­ko droselete gotikoaren az­pian, bi aingeru saihe­tsetan dituela.

- Lekeitioko ataria: badu an­tzik Gueneskoarekin, bedera­tzi ar­kibolta eta triforioaren trazeria jarrai­tzen duen tinpano az­pian Haurra duen Birjinaren irudiaren mainela duela;

- Ger­nikako ataria, Antso Enparanek 1449an da­ta jarri eta sinaturikoa.

- Aingeruaren ataria, Bilboko katedralekoa;

- San Anton elizaren arkupekoa,

- eta Axpeko Santa Mariaren bi atariak, beren ar­ku konopial, orratz eta domina­tzarrekin, oso bistakoa den bezala, isabel­dar estiloaren ahaide direnak.

- Balmasedako San Seberino elizako guru­tzadurako ataria ere hemen garran­tzikotzat har dezakegu, oso apaindutako tinpano babesten duten lau ar­kibolta, bere janba hu­tsetako horma-hobiak eta bi ateak zati­tzen dituen mainelean zutik Salbatoreren irudiarengatik.

Askizuko Kalbarioa. Gipuz­koari dagokionez, Askizuko San Martin elizako absidean buru den Kalbarioa aipa dezakegu. Eliza berean hegoal­deko horman ikusten den Santa Magdalenaren eskultura gotikoa, horman zegoen hu­tsunea bete­tzeko beste nonbaitetik ekarritako eskultura solte bat da.


Irudi solteak eta erretaulagin­tza

aldatu

Erretaulak

aldatu

Erretaulak jatorriz an­tzinakoak dira eta martirien erlikiak gur­tzearen historiarekin loturik daude nolabait ere. Al­dareari zor zi­tzaion lehentasuna eta kristau liturgian honek zuen fun­tsez­ko esanahiaz aparte, gur­tza hau ugal­du zenean, XI. mendean, Kristoren, Birjinaren, Santuen eta Martiri zaindarien irudikapenak zituzten predela eta al­dare atzeko taulak (retro‑tabulum edo taulak margotuak) azal­du ziren.[20] Baina, erretaulak gotikoa aurreratua zegoen garaian hasi ziren arte historialariari axola zaion garapena izaten. Margoturiko erretaulei buruz gero hitz egingo dugu.

Orain aipa di­tzagun Euskal herrian tailatu edo landutako erretaula ospe­tsuenez edo bertara gotiko al­dian ekarritakoez. Aro Moder­nora ingura­tzean, hain zuzen ere, XVI. mendearen lehen hiru hamar­kadatara hurbil­tzean, Baskonia kinka larrian bizi zen eta tradizioa gotikoa errenazimentuaren haize boladaz bul­tzatua senti­tzen zen, birpizten ari den Italiatik baino gogorrago ufa­tzen zuelarik Europa iparral­detik.

Iurreko Santiago. Iurren zorionez­ko paradoxa hau aur­ki­tzen dugu: halako herri txikia eta berant Erdi Aroko halako artelan bikaina. Iurreko Santiago parrokian, erretaula nagusi barrokoaz aparte, guru­tzaduraren eskuineko kaperan triptiko moduko erretaula txiki bat (1,90 m x 2,05 m) aur­ki­tzen da, itxi ahal izateko bisagra eta guzti.

Hiru atal ditu –erdikoa eta bi atetila– eta, hirurak ere, hiru solairutan banatuak. erdikoak du Eseritako Birjinaren irudia, bakarrik eta egonean dagoena, hasiera batean beregan izango zuen elizari izena eman zion Haurrarengana luzatuz besoak. Solairuak, ar­ku trilobulatuez uztaituriko zatietan bana­tzen dira. Bertan babesten dira ezagunak ditugun Haur­tzaroko eszenak, Deikundetik hasi eta Elizan Sar­tzerainokoak adieraztea helburua duten irudiak. Eman zaion data XVI. mendekoa da.

Irudien taila oso oinarriz­koa eta trake­tsa da, baina oso atsegina da duen xalotasuna. Eman zaion data XIV. mendea da, eta Euskal Herrikoetan zaharrenetariko­tzat jo­tzen da.

Aspuru. Iurrekoa baino pa­txada eta neurri handiagokoa den Aspuruko erretaulak (Barrundiako ibarrean) beste harri txiki baten adibidea ematen digu, hainbat balio ikonografiko eta artistiko duen lana azal­tzen baitu. Oinarriak eta sagrarioa erromanista estilokoak dira eta apur bat lehenagokoa aul­kia, baina hemen ardura zaigun erretaulan gotikoari XVI. mendean eran­tsitako zatiak dira, eta berriki zaharberritu direnak.

Erretaula hiru kaletakoa da, eta alboetakoek hiru solairu dituzte, pilastra gotiko txikiez bereiziak, drozeleteen az­piko pinakulu irudidunetan bukatuak, eta apaingarriz­ko zerrenda bikaina duen hauts‑babesaz bil­duak. Predelan Hilobira­tze Santua eszenera­tzen da per­tsonaia ugari dituelarik; erretaularen buruan zaindariaren eskultura soltea dago, San Joan Bataia­tzailea: irudi zurrun samarra da eta zimurtutako tolesduretan eror­tzen den mantuz jan­tzirik dago, eskuineko eskuaz ez­kerreko eskuan duen Bil­do­tsa erakusten duela. Ni­txo nagusiaren gainean Kristoren Bataioa adierazten da; eta alboetako bi kaleetan Ai­tzindariaren bizi­tzako eszenak dituen sei erliebe heda­tzen dira.

Ikonografia mul­tzo gisa lan interesgarria da eta, estilistikoki per­tsonaiek nolabaiteko zurruntasuna eta estereotipoz­ko jarrerak erakusten badituzte ere, bikaina du bai mul­tzoaren eta bai eszena bakoi­tzaren konposaketa zen­tzua. Oso litekeena den bezala, XVI. mendearen hasieran egina da eta gazteleraren esparruko eskultura garaikideekin lotu izan da.[21]

Arteko Andre Mariaren Santutegia. Ar­tziniegako Arteko Birjinaren santutegiko erretaula nagusia, ar­kitek­turaz hitz egin dugunean aipatu duguna, Euskal Herriko mul­tzorik ederrena bezala estimatu behar da. Ziur asko XVI. mendearen hasieran egina izango da.

Erretaula. Hauts‑babes zabala duen hau banku garai batean muntaturik dago, hiru solairu alboetako kaleetan eta bi erdikoan, eta Kalbarioaz koroa­tzen den atiko bat. Al­de bakoi­tzeko hiru etxeak, bost kaletako erretaula dela dirudiela, nahikoa bereizita dauden bi eszenetan zati­tzen da. Eszena guztiak trazeria flamigero garai batez babestuak gel­di­tzen dira.

Neurriengatik ikusten da erdiko eszenari lehentasuna eman nahi izan zaiola: artearen gainean Birjina Azal­tzea eta berari buruz­ko gertakariak eta mirariz­ko gertaera hau ziurta­tzeko eman ziren urra­tsen prozedura. Aul­kian azal­tzen diren eszenak Atzematea eta Zigor­tzea dira, erdian Afaria dutela. Erretaularen gainerakoan osa­tzen da ikonografiaz­ko egitaraua, Birjinaren eta Kristoren Nekal­diaren historiarekin.

Estiloz, irudiak modela­tzeko gaitasunak eta beren keinu eta jarrerek, eta perspek­tibaren hastapen garbiak Errenazimentuko pentsakizuna sor diezaguke, hainbeste gainera, non, tauletako ba­tzuetan Dureroren Birjinaren Bizi­tzako estanpak dauden kopiaturik; baina badira oraindik ezaugarri gotiko ba­tzuk. Erretaula bikain hau Luzia Lahozek Burgosko gunearekin el­kar­tzen du. Dena den, kristau artearen tipologia biz­karkin horren adibide goiztiar bat da, absideak erabat estal­tzeko helburua duena, eginkizun liturgikorik fun­tsez­koena ahaztarazteko. dataz 1515tik 1520ra bitartean koka daiteke.[22]

Biz­kaia

aldatu
 
Arrigorriagako Arteko Andrea Mariaren erretaula nagusia

Urduñako Santa Maria. Biz­kaiko Urduñaz (Gasteiz­ko elizbarrutikoa bada ere) aipatu beharre­koa da Santa Maria parrokian Herrandarren kaperan dagoen erretaula gotikoa. San Pedrori eskainia dago. Errenazimentuko xehetasun ba­tzuk baldin baditu ere, fun­tsean gotiko berantiarrean sail­katu behar­ko li­tzateke, 1520. al­dera zeha­tzago esanda.

Erretaula. Hiru kaleetako gorputz batez osatua dago erdikoa alboetakoak baino garaiagoa delarik eta badu hauts‑babesa ere. Kale bakoi­tzak erliebezko bi etxe ditu. Garaiera handiagoa duen erdiko kaleak leku gehiago izaten uzten du beheko etxean zaindari santuaren gur­tzarako eskainia dagoen eszena nagusia­ren­tzat: San Pedrorentzat. Egonean ager­tzen zaigu, eta bere Aita Santu­tza nagusiaren ezaugarriez jan­tzirik ikusten da, bi aingeru saihe­tsetan dituela.

Goieneko etxean, Guru­tzil­tza­tzearen irudia, Kalbarioaren tradizioa horrela sortuz, ondoren etorriko diren erretaulagin­tzako egitura guztietan atikoarekin koroa­tzeko. Saihe­tsetako goieneko etxeetan Nekal­diko bi eszena agertzen dira: Guru­tzea biz­karrean daramala, eta Jesus zigortua; beherenekoetan, San Pedrori eskainitako bi eszena: elizako itsason­tzia eta San Pedroren martiri­tza. Bankuan, erdiko zatian, San Gregorioren Meza, eta alboetan, lau irudi solte, kale bakoi­tzean bina egoki­tzen direlarik: San Joan Bataia­tzailea, San Andres, San Paulo eta Alexandriako Santa Katalina.

Weisek triptikotzat har­tzen eta azter­tzen duen erretaula osoak gotikotasuna ar­nasten du, eszenen markoetako apainketa ugariengatik: hoz­katuriko ar­kuak, ganga­txo nerbiodunak, tontorrak eta errezelak, baranda kalatuak eta burdin sare txikiak. Bada oraindik nolabaiteko nazioarteko manierismo bat, “hainbat xehetasunetan, besteak beste, guru­tzatutako estoletan, aingeruen manipuluetan eta batez ere beren hego-punta zorrotzetan”.[23]

Larrabe­tzuko erretaula. Egituran Urduñakoaren an­tza apur bat duena da Larrabe­tzuko Goikolexeako zin-elizako San Emeterioren eta San Zeledonioren erretaula.

Bi zaindarien bizi­tza dago irudikaturik lau plafoietan, erdiko al­dea bi zaindarien irudiek okupatzeko, eta goieneko ni­txoa berriz, gotiko berantiarreko trazeriaz apainduriko errezelaren az­pian dagoen eseritako Andra Mariaren­tzat.

Elizbarrutiko Museoa. Bilboko Elizbarrutiko Museoan jasorik dago Gizaburuagako Triptiko ederra, errezel gotikoen az­pian Kristoren Haur­tzaroko eszenen tailak ditu, birjaio­tzen ari den al­diko ezaugarriak dituen trazu oso naturalistak. Eszena, goienean San Martinen irudia buru duela azal­tzen da.

Aretoaren beste muturrean, hormari itsa­tsian, harrian landuriko orra­tzak, errezelak eta tontorrak dituen gotiko loredun estiloko Urduñako erretaula ikus dezakegu.

Lekeitioko erretaula
aldatu
 
Lekeitioko Santa Mariako erretaula

Baina, erretaulagin­tza gotiko-flamenkoan ez da Lekeitioko parrokiako erretaula handiarekin al­deratu daitekeenik Euskal herri osoan. Joan Gar­tzea Crialekin 1508an egindako tratuaren ondorengoa da.

Erretaula. Egitura gotikoak abside osoa estal­tzen du, baditu banku bat eta hiru gor­putz, bost kale, lau kale tarte eta hauts‑babesa. Osotasunean zur polikromoan tailatua da, eta baditu 64 taila konkor, haietan garatzen direlarik filigranaz­ko gotiko aterpe­txoen az­pian kontaketa moduan Birjinaren bizi­tzako al­di jakinak, Kristoren haur­tzaroa eta Kristoren nekal­dia eta kale tarteetan banatuta profeta, ebanjelari eta apostoluen irudiak.

Ale ba­tzuen gainean azal­tzen diren mar­kek gu­txienez zaz­pi egileren eskua erakusten dute, gauza ziurtzat har­tzen delarik ba­tzuk fran­tsesak zirela. Irudigin­tza hau, eginak izan zireneko data gogoan harturik, zahar itxurakoa eta herrikoia da, baina, bere neurria eta konplexutasuna ikusita, euskal gotikoko ale nagusia gisa hartu behar da erretaula hau. Echeverria Goñiren ustez, “Sevilla eta Toledoko katedraletako erretaula handien atzetik dago, leku duin batean”.

Gipuz­koa

aldatu

Gipuz­koan badira gure arreta erakar­tzen duten erretaula ba­tzuk, tradizioa gotiko berantiarrekoak, errenazimentuko hainbat ohar­txorekin joka­tzen ikusten ditugunak.

Koroa­tzearen erretaula. Errenteria. Errenteriako parrokian, Ebanjelio al­deko lehen alboko kaperan jarrita, Koroa­tzearen erretaula gorde­tzen da; hain zuzen ere, horrela deritzo, bere erdiko erliebearen gaia hau delako. Al­de banatan, badira beste bi erliebe Az­ken Afaria eta Mendekosteari eskainiak. Altuera, nolabait ere murriztua duen gorputz batez osatua da, baina badu nahikoa zabalera, eskulturazko erliebe eta gotiko apainketaz betetako hiru kale osa­tzeko.

Esku flamenkoez egina izango da inolako zalan­tzarik gabe, Bruselakoak agian, 1505-1510 inguruan. Hain neurri txikiko irudi eta aurpegien gainean lortutako tailaren fintasuna eta arimaren adieraz­pena neurtu izan dira.

Hala ere, estetikoki miresgarriena mul­tzo osoak konposizioan duen abilezia da. Adierazten diren hiru eszenetako bakoi­tzak fun­tsean banaketa plastiko biribila du antolamenduan. Eskema hau Afariarenean oso nabarmena da eta lehen flamenkoen margolan ba­tzuk ekar­tzen ditu gogora, adibidez, Lovainan dagoen Dirck Bouts‑en Az­ken Afari zoragarria. Az­karateren moduan, G.Weisek triptiko­tzat daukan erretaula hau estilistikoki Urduñako triptikoaren parean jar­tzen du.[24]

Az­peitiko San Martinen Erretaula. Az­peitiko parrokian, Errukiaren kaperan, San Martinen erretaula daukagu, Az­peitian jaio zen on Martin Zurbao, Tuyko go­tzainak sortua. Agirietatik dakigun gauza da, erretaularen tratua Joan Paris eskulturagilearekin eta bere suhi Antonio Pigmelekin egin zela, eta 1521ean ezarri zela. Neurria 3 m x 5 m dituena da.

Erretaula. Banku bat eta beste bi gorpu­tzez osatua dago; goitik beherako zen­tzuan berriz, baditu hiru kale eta hauts‑babesa. Saihe­tsetakoak baino zabalagoa den erdiko ni­txoan San Martinen estatua dago. Bankuan, eskuineko al­dean Bil­do­tsarekin dagoen San Joan Bataia­tzailea ikus daiteke; ez­kerral­dean, berriz, San Joan Ebanjelaria kaliza eta arrano bat dituela. Bi irudiok belauniko daude. Gainerako erliebeetan San Martinen bizi­tzako eszenak eta Nekal­diko hainbat pasarte adierazten dira.

Badirudi ertilaria errealismo adieraz­pide baten bila dabilela, koloreaniztasunaz areagotu nahi duena; baina tradizio gotikoak oraindik ere bere eragina badu eta ez dio osotasun klasikora iristen uzten.

Burdin sarea. Aipamen bat mereziko luke hemen, kapera bereizten duen burdin sare ederrak (5 m zabaleran eta beste hainbeste luzeran), nahiz eta lan osoaren data aurreratua izan (1520), bereak ditu gotiko edergarriak eta gailurreria lerdena. Mª Asunción Arrazolaren ustez, lan horren egilea agirietan azal­tzen da: Elgoibarren bizi zen Marigortako Kristobal.

Zumaiako San Antonen erretaula
aldatu

Historian zehar, estilo batetik batera bat-batean eta errotikako al­daketa ematen duen une eta lekurik ia ez da aur­ki­tzen. Trantsizioan, delako uneetan historialaria harri eta zur gera­tzen da ohiko estilistikaz­ko hi­tzez lan bat sail­katu nahi duenean. Zalan­tza hau, esate baterako, hemen deskribaturiko erretaula ba­tzuen aurrean gerta­tzen da eta berriro ere azal­tzen da Zumaiako parrokiako erretaula eskultorikoaren aurrean.

San Anton izeneko erretaula Zumaiako parrokiako Sasiola kaperan dago. Ebanjelioaren al­dean kokaturik, kapera osoaren altuera guztia bete­tzen du. Erretaula mistoa da, zeren eta erdiko triptikoak bi gorputz edo solairuz eta hiru kalez osaturik dagoenak eskulturak jaso­tzen ditu; ateak, aldiz, barru al­detik koloreani­tzez­ko pinturaz daude apainduak eta grisailaz kanpotik. Albokoen al­detik gorago igo­tzen den erdiko kalearen goieneko solairua bete­tzen du Kalbarioak, behereneko solairua, berriz, errezela aberats kalatu baten az­pian San Antoni eman zitzaion. Santu herrikoi honek, oso irudi adieraz­korra du. Saihe­tsetako kaleetan heda­tzen dira Kristoren Nekal­diaren hainbat pasarteei eskainitako sei erliebe.

Nahita bilatu da errealismoa, apaingarrien bidez nahiz polikromiaren bidez areago­turik. Afaria, Ikuz­keta, Piztuera eta Madalenari egindako Eszena konta­tzen dituzten lau agerral­dien pinturak jada errenazimentukotzat har daitez­ke, Martin Schongauer‑en grabatuetan inspiraturikoak dira, neurri batean bederen. Mazoneria eta erliebeetako ezaugarri gotiko nabarmenengatik erretaula polit hau XVI. mendearen lehen urteetako izan daiteke.

Hilobietako eskultura

aldatu

Eskultura gotikoaren aipamen honetan merezi du bakar­kako atal berezi bat XIII. mendeaz geroztik garran­tzi berezi bat hartzen hasi zen hilobietako eskulturgin­tzak.

Karlos III.aren eta Leonor Anderearen hilobia

aldatu

Iruñeko katedralaren erdiko habeartearen al­dare aurrean kokaturik dagoen hilobi hau goraipatuz hastekoa da, ez inola ere arrazoi kronologikoengatik, baizik eta beronen balio artistiko eta ikonografiko bereziagatik. Zalan­tzarik gabe, Nafarroako hilobi gotikoetan lanik nabarmen eta adieraz­korrenetakoa delako.

Mausoleoa, prisma erregular egitura duen ohe baten gainean bi estatua daude etzanik, kalatuz­ko trazeria fina duten errezela zabalen az­pian.

Claus Sluterren lanean maila gorenean aur­ki daitekeen ikonografia tradizio baten arabera, Champmol‑eko (1404) kartusian, Felipe Ausarta Borgoinako dukearen hilobi ospe­tsuan, ohearen aurreal­dea 28 negar kantariren irudiz apaindua dago. Alabastro finez tailatutako Iruñeko negar‑kantariak ez dira mukulu biribilak, baizik eta, beren biz­kar lauak, berde ilune­koa hondoa duen hareharri lauzari atxiki­tzen zaizkio. Champmol‑en irudietan inspiratuak badira ere, Sluterren negar‑kan­tarien ondoan dituzten desberdintasunak nabariak dira.

Jehan Lome Tournakoa da hain dokumentatua dagoen alabastroz­ko hilobi zoragarri honen egilea. Oso gaztea zelarik errege Noblearen eskutik Nafarroara etorritako Lome deri­tzan hau, erregearen arte ekimenen arduradun egon zen 1411.etik, 1449an Vienan hil zen arte.[25] Hilobiko lanak 1413an hasi ziren. Esku askoren parte-hartzea duen lan horretan, maisu ba­tzuen izenak ezagu­tzen dira (denak arro­tzak), baina Jehan Lome izan zen arduradun nagusia “maestre de fazer las ymagines”.

Errege irudiaren trazuak. Erregina 1415ean hil­tzean, Oliteko jauregian buru­tzen ari ziren lanak biz­kortu egin ziren eta hainbat zati Iruñera eramaten hasi. Karlos errege Noblea deritzonaren irudia bera bizirik zela egina izan zen nonbait, zeren eta, ziurtatuko lukeen dokumenturik ez dagoen arren, estatuaren aurpegian azal­tzen diren giza banakoaren arrastoak ikustea aski da erretratuaren benetakotasuna baiezta­tzeko.

Erregeren trazuak adierazteko iaiotasunari, erabateko aurrez aurreko jarreran kokaturik, bular gainean otoitz jarreran eskuak bil­duta, betazal zabalez estututako begiak irekita, eta betiereko bakea isla­tzen duen itxurarekin, eskulturagileak jakin zuen alabastroaren gaineko argiaren erabilera eta errege mantuaren eta soingainekoaren tolesduretako kontraste ederra el­kar­tzen. Irudi honen edertasunak erreginaren estatuaren irudi zer­txobait zimel­duarekin benetako kontrastea egiten du.[26]

Villaespesa senar‑emazteen hilobia

aldatu

Bestal­de, Tuterako katedralean Epistolaren al­detik, guru­tzadurako kapera baten al­de bateko horma har­tzen duen Villaespesako Mosen Francesen eta Uxueko Isabel bere emaztearen hilobi bikaina Jehan Lomeren lana dela esaten digute dokumentuek.

Errege Nobleak 1397an kan­tzelari izendatu zuen Villaespesa aragoar sendagilea, nafar gortean oso estimatua izan zena. Oliten hil zen 1421ean, bere emaztea baino hiru urte beranduago eta, askoren ustez, kapera eta hilobia 1425etik 1445era bitartean eginak dira; hain zuzen ere, aragoar eskulturagileak, zeha­tzago esanda, Joan de la Huertak, Darokako maisu handiak, Borgoinako gortean bere maisu­tza azal­duz Claus Sluter ordez­katu zuenak zuzenean eginak.

Hilobiaren kanpoko al­dea gotiko flamigeroa da, alderdi batean zor­tzi negar‑kantari txapel­dun ikusten dira, bizardunak ba­tzuk eta gabeak besteak, beren artilez­ko mantuen tolesduren zabaleragatik Borgoina al­deko airea dutenak. Gainean etzandako biak tolesdura ugariko gonak dituzte jan­tzita. Kan­tzelariak dok­toregoko birretaz estalia du burua, esku batez ez­patari hel­tzen dio eta bestean liburu bat dauka.

Lehoi bat da­tza bere oinetan. Emaztearen burua durbante moduko txano batek estal­tzen du eta guru­tzea duen lepoko luze batek ingura­tzen dio lepoa.

Etzanda dauden mailaren gainean, beheko solairuan, lurpera­tzearen liturgia ospakizuna gara­tzen da, hondoa nahiz saihe­tsak predela modura estaliz; zor­tzi tal­deko desfilea, beste hainbeste ar­ku konopial hoz­katuen az­pian: apaizak, eliz mutilak, go­tzainak, abade mitradunak eta monjeak, denak ere erretratu eder bat Bigarren solairuan, Birjina eta San Joanen artean, hilobitik atera­tzen dela dirudien gorputz erdiko hil­dako Jesusen irudia, Nekal­diko hainbat tresnen gainean. Goial­deko zatian kerubinez­ko laino baten az­pian eta bi aingeru in­tzen­tsulari alboetan dituela adierazirik, Hirutasuna.

Saihe­tsetako erliebeek, ez­kerrekoak San Gregorioren meza (elezahar urrikal­tsu honen irudika­tze zaharrenetariko bat) adierazten du al­darearekin eta gainean Kristoren irudia eta guzti; eskuinera, Mosen Frances eta haren emaztea belaunikaturik, atzean beren seme eta ilobak dituztela, haren hiletetara etorriak.

Etzanak dauden bi estatuak eta bai hileta eliz­kizunetan parte har­tzen duten lagunak errealismo izugarria dute. Jakinaren gaineko arreta jarri du ertilariak arimen adieraz­pen-ugaritasuna lortu nahirik: arreta, jaiera, tristezia eta abar, nahiz eta, bestal­de, mul­tzo osoan ohituraz­koagoak diren beste buru ba­tzuk ere ikusten diren; nolanahi ere, lan hau buru­tzen beste esku ba­tzuk ere parte hartu zutela pen­tsa­tzen da.

Jehan Lomerenak izan daitezkeen beste ba­tzuk. Agian, Jehan Lomeren lanen artean kokatu behar­ko da San Joseren atea, zeren eta Iruñeko katedraleko klaustroa kanpoarekin lo­tzen duen ar­ku zorro­tzetako ate xumea da hau, eta bere tinpanoan Espiritu Santuaren usoaren az­pian Mariaren Koroa­tze eszena baitago adierazirik. Harria zahar­kiturik egotea ez da eragozpen soingaineko tolesduren antolaketak duen edertasunean eskulturagilearen iaiotasuna ezagu­tzeko.

Oliten, erreginaren erretratu bat ertilari berak egina dela esaten da, errege Noblearen alabaren irudia da ziur asko; hain juxtu, Blanka Anderearena, Aragoiko Joanekin bigarren ez­kon­tza al­diz ez­kondua, eskulturaren egoera txarra dela eta adierazten zaila den ziurtasuna da, inola ere.

Hilobi ba­tzuk ere harenak direla esten da, besteak beste:

- San Joanen kaperan dagoen San­txez Oteiza go­tzainaren hilobia (1425 erdial­dekoa) katedralean,

- eta ustez­ Nafarroako Lionelenaren hilobia, kareharriz egina da eta oso ongi adierazten da XV. mende horretako urteetan nafar eskulturak egin zuen aurrerapena. Hilobiaren hondoa apain­tzen duten irudien naturaltasunak, beren jan­tzien konposaketa ederrak, aurpegien grazia eta fintasunak –besteak beste, Nekal­diko Birjinarena– hurbileko Errenazimentuaren ingurua al­darrika­tzen ari dira. Ulertu egiten da, lan hau Jehan Lomeren lan gisa hartu nahi izan bada ere, dokumentuek mul­tzo hau maisu flamenko handiaren herio­tza ondorengoa dela ziurta­tzea (1449).

Aialatarren mausoleoa Kexaan

aldatu

Euskal arte historialariaren­tzat garran­tzi berezia duen beste mausoleo bat Aialatarrena da. Izen bereko ibarreko jaunak eta Erdi Aroan politiko sonatuak izan ziren Aialatarren hiru belaunal­diek eginiko hilobiak bil­tzen dituen mul­tzoa da.

Zalan­tzarik gabe tolosar lantegietan alabastroz landutako hilobi an­tzinakoenak, XIV. mendearen bigarren erdiko hileta-eskultura alerik onenen artean aur­ki­tzen dira.

Pedro Lopez Aialakoak, dorrearen sor­tzailearen semea eta Gaztelako Kan­tzelari eta Rimado de Palacio sonatuaren egilea izan zenak, beraren eta Leonor de Guzman bere emaztearen mausoleoa eraiki zuen, Adatsaren Andra Maria deritzonaren erdiko kaperan kokaturik dagoena. Etzanak dauden irudiak dira, beren garaiko gustuz jan­tziak: gizona armaduraz eta lanketa fineko ez­pata eskularruetan eta zorroan; anderea, aldiz, mantu, buruko eta eskularruz, zoragarriro landutako Orduen liburua eskuetan duela. Bi gorpu­tzak, hamabi lehoiez eu­tsitako oinarri artistiko baten gainean har­tzen dute atseden: santu, aingeru, monje, andere eta sol­daduez apaindurikoan.

Kapera bereko hilobian, harriz­ko hilku­txetan daude, al­de batean, kan­tzelariaren aita Aialako Fer­nan Perez, eta, beste al­dean, aldiz, bere emazte Elvira de Ceballos Anderea, kan­tzelariaren ama.

Kexaako komentu beraren San Joan elizako sarreran ar­ku sendoetan kokaturiko on Pedro Kan­tzelariaren seme on Fer­nan Lopez de Guzman eta bere emazte Maria de Sarmiento Anderearen XV. mende erdial­deko harriz­ko hileta mukuluak ere ederrak dira: “Errealismoa, aurpegietako fintasuna, janz­keren berez­ko erabilera. Bukatu da jada aurrekoen estilizazioa. Hemen, al­derdi honetatik gertuen dauden eta garai horretako kanon estilistikoekin adostuago dauden Gaztela al­deko eskolen naturaltasunerako joera da nagusi”.[27]


Margolan gotiko berantiarrak Euskal Herrian

aldatu

Italiar gotiko estiloa

aldatu

Baskonian, italiar gotiko estiloa ez dago Nafarroan besterik. Ez da zalan­tzan jar­tzekoa, XIV. mendearen erdial­de horretan, Nafarroako gortearen eta Avignongo Aita Santu al­deko gortearen artean harreman estuak izan zituztela, hala politikan nola kulturan. Avignongo Aita Santu Klemente V.a eta Joan XXII.ak Iruñeko elizgizon eta elizarekin ezin konta ahala epai eta arazo erabaki behar izan zituzten, XIV. mendearen lehen hiru hamar­kadetan.

Urte horietan zehar, inguru horretan ertilari handi asko mugitu zen, fran­tsesak, katalanak eta italiarrak. Giottok, 1307 eta 1310 bitartean, Klemente V.a Aita Santuaren­tzat pintatu zuen. Giovanneti de Viterbok, 1343.ean, egoi­tza bereko beste Aita Santu ba­tzuen­tzat egin zuen lan. Simone Martini ere hara deitua izan zen Stefaneschi kardinalaren partetik, 1340tik1344ra artean.

Ez da inola ere harri­tzekoa, beraz, Nafarroako erregeek kontrataturiko fran­tses eta aragoar margolariak Giottoren naturalismoarekin liluraturik gel­di­tzea, nahiz eta delako maisu hauek kolpetik ez bazituzten hartu ere, floren­tziar ertilari handiaren berrikun­tza iraul­tzaile ba­tzuk. Irudien modelatuan efek­tu errealista lor­tzeko argi‑ilu­nen erabilera jakin­tsuak artean Giottoren ausardiarik lortu ez zuen arren, nafar gorteko Joan Oliverrengan eta bere ordez­ko besteren ba­tzuengan halakorik suma­tzen da, besteak beste, zori­txarrez ia erabat gal­dua den Iruñeko klaustroaren ekial­deko horman margoturiko Maria Birjinaren Bizi­tzaren egilearengan. Joakin eta Ana, Birjinaren gurasoen “historia apokrifoa” konta­tzen deneko margolan ba­tzuk hobeto zainduak izan balira, ikonografiaz­ko gai berak gara­tzen dituen Giottoren Asis eta Paduako freskoekin al­deraketa bat egitea ahal izan zitekeen.

Ez da harri­tzekoa, halaber, Oliteko bigarren Maisuak margoturiko ebanjelioetako pasarteek Pietro Lorenzettiren lanak gogorarazten, beren hondo ilunengatik eta ia espresionista izena merezi duten keinu eta jarrerekin, beren gainean Ebanjelioetako irudi dramatikoek har­tzen duten garran­tziagatik.

Asiain go­tzainaren kapera

aldatu

Eraginen esparru honetan, margolanen estilistika eta kalitate estetikoaren garapena ulertu egiten da, mendearen hirugarren laurdenean jada, esaterako, Asiain Migel San­txez go­tzainaren hilobi kapera apaindu zutena lanetan (1357-1364), lehenagoko orrial­deetan aipatu dugun bezala. Gaur egun ondoen gorde diren margolanak, ni­txoa (3,99 m x 2,30 m) eta ar­kubar­nera (0,58 m) estal­tzen zutenak, Museora eramanak izan dira eta hilobi monumentuaren erreprodukzio batean daude kokaturik.

Margolanaren konposaketa ni­txoko hormen bi al­detan bana­turik dago. Konposaketaren behe al­deko erdian, ez­kerretara, Mariaren Jaio­tza adierazten da eta eskuinal­dekoan Elizan Sar­tzea.

Goieneko zatia, guztiz gai kristau dogmatikoei lotua dago, gizadiaren Salba­tzailearen bitartekari sagaratuena: ia erdian, Maria, Kristori bera janaritu zuten bularrak eraku­sten,[28] eta eskuinal­dean, Kristo, erosmeneko bere zauriak Aitari eraku­sten, saihe­tsetan diren aingeruek eusten diete Nekal­diko ezaugarriei.

Behereneko mailatan, humanitatearen sinboloz­ko adieraz­pena, zorionekoen eta zoritxarrekoen arteko zatiketarekin. Bada otoiz­lari pare bat ere –go­tzain bat eta noble bat– Maria Birjinaren al­de banatan belaunikaturik.

Ez dugu hilobiaren egilearen aztarnarik, eta margolanen egilea ere ez dugu ezagu­tzen. Baina hainbat xehetasun estilistikorengatik dakigu, adibidez, Elizan Sar­tze eszenako hondoko ar­kitek­turagatik ertilari italiara­tzaileren bat izango zela. Avignongo italiar artea itzuli zuen fran­tses bat izan zitekeela pen­tsatu zuen Emile Bertaux‑ek.

Nazioarteko gotikoa

aldatu

Europako gorteetan, Errenazimentuko aro ain­tza­tsua, Giotto jenioak estreinatu zuena, Masacciorekin ireki behar zuen Italiako arte berriaren eragina suma­tzen hasi zen garaian, Frantziako miniaturen eragina erabakigarria izan zen eskola berri bat sor­tzeko, paraleloki, nolabait ere floren­tziar estiloarekin leian ibiliko zena. Sienako estiloa Fran­tziako gorteetako estiloarekin el­kar­tzea izan zen nolabait. Sienako pinturaren marra uhin­tsuekiko zaletasuna izan zitekeen agian, lerroz­ko gotiko fran­tsesak eragindakoa, XIV. mendearen az­ken al­diko margolari galiarren polikromiarako arreta Sienako Duccio de Buoninsegna eta beste zenbait ertilarirengandik etor zitekeen. Kontua da, el­karrenganako eragin horri esker jaio zela fran­tses gotikoaren Sienako apainketa polikromiaranzko joritasun hor,i eta ertilari flamenkoak Paris eta Borgoinako gorteetan egoteagatik, bere baitan dituen analogiengatik horrela esaten zaion nazioarteko estilo hau, XIV. mendearen bigarren erdian eta XV.aren hasiera bitartean Europako hainbat herrial­deetan: Paris eta Borgoinako gorteetan, Espainia al­deko Levanten, Alemania ipar‑ekial­dean, Bohemian eta Italiako iparral­dean.

Ezaugarriak. Eskual­de guztietan eta ertilari guztiengan maila eta modu berean onartuak ez izatearen salbuespenekin, hauexek ditu ezaugarriak:

- irudiak luza­tzeko joera,

- mugimendu lerromakurren zaletasuna,

- margozta­tze dizdizari eta bikaina,

- gorteetako ku­tsua duen eta gero eta handiagoa den ardura naturalista,

- eguneroko bizi­tzako gai laikoekiko lehen­tasuna eta paisaia-eszena,

- oso paisaia biziak miniaturetan eta lotsa­tiagoa horma-irudietan.

Nazioarteko az­piegitura horretan italiar infiltrazioak direla eta behartuak gaude etengabe “aniztasun linguistikoaz” hitz egitera, hau baita, izan ere, mendearen bukaeran Europa osoko gertakaria.

Nafarroa

aldatu
 
Santa Elenaren erretaula Lizarrako Migel santuaren elizan

Hispaniako erresumen artean, mende horretan Europara irekienak zeudenak Nafarroa eta Aragoi izanik, atzerapen puska batez bazen ere, ezin gera zitez­keen arte berri­tzaile horien ba­tzarretara joan gabe.

Horma-irudiak. Al­di estilistiko horretan sail­ka daitez­keen margolanak ez dira ugari.

Adibide bat izan daitez­ke XV. mendearen hirugarren hamar­kadan Iruñeko katedralean Pere Ar­naut Garroren hilobi ni­txoa apaindu zuten Apostoluen margolanak.

Ohol gaineko margolanak. Nazioarteko estilo honek utzi zituen Nafarroan ohol gaineko margolanetan eredu bikainak, baina ez XV. mendea baino lehen.

Lizarrako erretaulak. Sail­kapen kronologikoak bul­tza gaitzake Lizarrako San Migel elizako bi erretauletatik hastera.

- San Sebastian eta San Nikasiori eskainitakoa da erretaula hauetako bat (Ar­keologiako Museo Nazionalean), bien irudiak, gorputz osoz margoturikoak erretaularen bi kaleetan daude, emaileak oinetan dituztela.

- Guru­tze Santuaren erretaula. Bestea, Guru­tze Santuaren eta Santa Elenaren “asmakizunaren” elezaharra gai duela azal­tzen da, eta berekin duen idaz­kunak adierazten duenez Eulateko Martin Perez eta bere emazte Toda San­txezen aginduz egina da.

Erretaula, predela, hiru solairutako hiru kale eta hauts‑babesa duen konposaketa zabal bat da, dena ere apainketa figuratiboz edertua. Erdiko etxean Santa Elenaren irudi erral­doi bat dago nabarmen, eskuineko eskuan guru­tze bat duela, eta emaileen sendietakoak bere oinetan. Erretaularen zaz­pi etxeetan Urrez­ko Legendaren araberako kontaketa sonatuaren gertakariak gara­tzen dira. Predelako bost ar­ku gingil­dunek Kristoren Nekal­dia, Herio­tza eta Piztueraren eszenak erakusten dituzte.

Batasun estilisti­ko handi bat agertzen du mul­tzoak, hondoetako urreak eta mantu eta soingainekoen gorri eta urdin bizien margo-oreka ederrarekin. Lagunen fintasun eta liraintasunak, indarrean zegoen “nazioarteko gotikoarekiko” joera, hasiera batekoa behin­tzat adierazten du. Erretaula horretan Zaragozako lantegiko Joan Leviren aztar­na sumatu izan dela dirudi; oraindik ere zeha­tzago, Mª Carmen Lacarrak bere lagun­tzaile batena, Pedro Rubertena dela dio.[29]

Tuterako Santa Katalinaren erretaula. Aragoiko ertilarien mul­tzo beraren eta data (XV. mende hasiera) berekoa izan behar du, egitura eta estiloa ezagutu izan bai­tzaio, Tuterako kolegio‑elizan burual­deko kaperan kokaturiko Santa Katalinaren erretaulari.

Baditu, Maria Birjinaren bizi­tzako zaz­pi eszena dituen predela bat eta Alexandriako martiri herrikoia den santaren bibliografiaz­ko gertakariak dituen hiru solairutako bost kale. Aurreko erretaulan bezala, erdiko etxeak santaren irudi erral­doia erakusten du bere martiri­tzaren ezaugarriekin, oinetan emaile apaiza duela.

Oso litekeena da erretaula hau Lizarrakoaren lantegi beretik irtena izatea, hartan ikusten diren urdina eta gorria nagusi­ izateak baiezta­tzen duela baitirudi; baina hemengo honetan margoen ugaritasuna handiagoa da eta nazioarteko estiloaren bereizgarriak areagotu egiten dira: irudiak iharragoak dira eta dotoretasun handiagoz makur­tzen dira.

Tuterako Itxaropenaren Birjinaren erretaula. Bonanat Zahortiga, Tuterako katedraleko Itxaropenaren Birjinaren erretaula bikaina egin zuena ere, zalan­tzarik gabe, Aragoiko eskolakoa izango zen; erretaula hau Villaespesa kan­tzelariaren aginduz egina izan zen, bera Karlos III.aren gortean garran­tzi handiko laguna baitzen, bere hilobiaz hitz egin dugunean ikusi dugun bezala. Hain zuzen ere, hilobi horretan buru izatea zen erretaula honen egitekoa.

Baditu Kristoren Nekal­diko eszenak adierazten dituen zor­tzi tarteko predela, garaiera desberdineko bost kale eta bi kale tarte eta hauts‑babes irudiduna. Beren etxeetan Maria Birjinaren, San Fran­tziskoren eta San Gilen al­diak gara­tzen dira.

Une hartako ohituraren arabera, erdian, Itxaropenaren Birjinak bete­tzen du erdiko etxea, neurri handikoa da, bere magal gainean ez­kerreko eskua duela, laster izango duen erdi­tzearen misterioa iradokiz. Bere oinetan emaileak azal­tzen dira, Villaespesa kan­tzelaria eta Uxueko Isabel Anderea, bere emaztea.

Litekeena da Zahortiga izatea erretaula mul­tzo osoaren egituraketa konplexu eta dinamikoaren arduraduna eta espazioaren ikuspuntu errenazentistago bat adierazten duen zenbait eszenen egile zuzena. Baina, irudi-pilaketa neke­tsu antzeko beste eszena ba­tzuk bere lantegiko lagun­tzaileenak izango ziren.

Miniaturak kodizeetan

aldatu

Nazioarteko estiloak ukitutakoak dira Ingalaterrako Erregeen koroa­tze Zeremonia irudizta­tzen duten miniaturak (Nafarroako Ar­txibategi Nagusia); XIV. mendearen az­ken al­deko kodize zoragarria da, ez dakigun arren Nafarroako Gortera zein unetan eta zein bidetatik iri­tsi zen, errege Noblearen garaikoa izango da, ziur asko.

Garai berekoa da eta agian Karlos III.a erregeari berari zuzendurik iri­tsi zen, Iruñeko Katedraleko Liburutegira, San Agustinen Eremutar Ordenako monje baten Jacobus Magniren Sophilo­gium‑aren ale bat; eskain­tza orria estal­tzen duen miniaturagatik hemen aipa dezakeguna, zeren eta ohiko sare itxurako koloreani­tzen gainean margolariak liburuaren egilea adierazi baitzuen, Maria Birjinaren aurrean belaunikaturik. Irudien polikromia ugariak, per­tsonaien liraintasun politak eta margoen kontraste egoki eta biziak erakusten du miniatuta honek Orduen Liburuko nazioarteko estiloarekin duen ahaidetasuna.

* * *

Nafarroaz gain, Arabako leku oso gu­txitan ikus daitez­keela dirudi nazioarteko gotikoaren eraginak, esaterako, Trebiñun, Koartango San Pedroren erretaula nagusian eta Aranako erretaularen aztarna-zatiren ba­tzuetan.

Hispaniar gotiko flamenkoa

aldatu

Van Eyck‑en espiritu eta materia Tuteran Villaespesa kan­tzelariaren erretaula ederre­tsi izan eta urte ba­tzuk beranduago, 1432.ean Holandako Limburg‑en jaiotako margolari flamenkoa zen Jan van Eyck‑ek, Borgoinako Dukeen zerbi­tzuan egon izan zenak, Jossin Vydt eta bere emaztearen­tzat margotu zuen bere Bil­do­tsaren Gur­tzaren (Ganten, San Bavon elizakoa) poliptikoarekin benetako harridura sortu zuen. Harrezkero, ertilari hau bere lanak izenpe­tzen hasi zen: Rolin kan­tzelariaren Birjina (Lou­vre), Van der Paele Kalonjearena (Brujas), Ar­nolfini senar‑emazteak, eta abar.

Izadia, paisaiak eta eguneroko bizi­tza izugarriz­ko garran­tzia har­tzen duten pintura-mota bat da; espazioaren ikuspegia, zientifikoki zuzena izan gabe ere, zoragarria bihur­tzen da, gizakiaren bizi­tza ingura­tzen duen tresnarik txikienak ere inoiz ikusi gabeko distira har­tzen dute eta ikusleari ikusten den munduarekiko bat-bateko lotuta atsegina adierazten diote. Kristauaren erlijio-espiritua eta ingura­tzen duen mundu naturalaren arteko adiskide­tze baten an­tzekoa da.

Nafarroa

aldatu

Margolan iraul­tzaile honen berri Penin­tsulara iri­tsi eta harridura eta imita­tzeko gogoa sor­tu zituen, baita ikonografia eta estiloan al­daketa bat ere.

Aragoiko errege Alfon­tso V.aren margolaria zen Luis Dalmau-k, Van Eyck‑ek Ganteko bere erretaula handia margo­tzen ari zen egunetan Flandesera bidaiatu zuenak, hura ikertu eta kopiatu egin zuen eta Valen­tziara itzulirik, bere Virgen de los Consellers (1445) lanarekin estilo berria sartu zuen. Bide beretik sartuz, baina nazioarteko estiloa erabat utzi gabe, Jaime Huguet Tarragonatarrak eyckiar estiloa apur bat bereganatu egin zuen.

“Hispaniar‑flamenko” estilo horretan Valen­tzian, Bar­tzelonan eta Zaragozan XV. mendearen erdial­dean lan egiten duten ertilari hauetatik sartu zen Nafarroan eta berrikun­tzak onar­tzen ohiko atzerapenez bada ere, ikusten da erretaulagile ba­tzuk beregana­tzen ari direla.

San Migelen erretaula. Nafarroa hegoal­deko muturrean bada hiribil­du bat Barillas izenekoa eta bertan Sant Migelen parrokiako erretaula, 1470eko data eta erdigunean Goiaingeruari eskainitako irudia oso eder nabarmen­tzen dena, margotua eta urreztatutako hondoaren gainean herensugea ziztatuz eta emaileak bere oinetan belauniko dituela.

Alboetako oholetan Mariaren Bizi­tzako lau gertakari konta­tzen dira; bankuan estigmatizatutako San Fran­tzisko, Piztuera, Mendekoste eta San Sebastianen martiritza daude; hainbat santu hauts‑babesean eta predelan. Lan hau Jaime Hugueten lagun­tzaileena delako iritzia askorena da.

Tuterako kolegio‑elizako erretaula. Nafarroan estilo berriaren ordez­kari nagusia Oviedoko Pedro Diaz da, Zaragoza eta Huescan lan egin zuen maisua, 1487 eta 1494 bitartean Tuterako Kolegio‑elizan erretaula nagusian bere maisulana utzi zuela esan daitekeelarik. Erretaulak baditu az­pialdea, bankua eta hiru solairutako bost kale, mazoneria goti­ko‑fla­migeroko hauts‑babesez inguraturik. Erretaularen az­piko al­dean, behin­tzat, Diego del Aguila, Joan Gasko eta beste ba­tzuk esku hartuko zuten, tratua eginiko ertilariaren lagun­tzaile modura.

Erdiko horma-hobia mende bat beranduago bete egin zen (1606), Joan Baz­kardoren eskultura batekin, Jasokundeko Maria Birjinaren irudia jarririk. Banku az­pian Apostoluen buruak ikus daitez­ke; bankuan Nekal­diko irudiak, hauts‑babesean zor­tzi profeta. Aurreal­deko hamabi tarte handietan, Mariaren irudiaren inguruan, bere bizi­tzako hamabi gertaera daude.

Lan itzel hau, aurreko erretaulen gainetik jar­tzen da bere handitasunagatik, bere polikromia arrandi­tsuagatik, eszenatokien benetakotasunagatik eta espazioko irudien kokapen ugari eta zabalagatik. Oviedoko Diaz gotikoa gaindi­tzen eta Errenazimentuko pinturetatik oso gertu aur­ki­tzen dela esan daiteke, nahiz eta zaharturiko gustuen joerakoak diren, besteak beste, erliebetako nabardura urreztatuak, ikuspegiekiko bere arduragabetasuna eta soingainekoen tolesduretan zurruntasun gehiegiz­koa.

San Mar­kos kaperako erretaula. Diaz Oviedok beste erretaula ba­tzuk ere burutuko zituen Nafarroako hainbat tokitan; besteak beste, bada dokumentaturiko lan bat, Cascanteko Erromeroko Amaren ermitan San Mar­kosen kaperako erretaula. Lau tartetan buru den santuaren bizi­tzari eta beste santu irudi ba­tzuei eskainitako programa ikono­grafiko bat gara­tzen duen XVI. mendeko lan bat da.

Beste erretaulak. Aurreko horretan bezala, Oviedoko Diazen estiloaren arrastoa nabari­tzen deneko beste pintore ezezagunen erretaula mistoak, eskultura eta margolanen nahasteak dira, erdiko tartea bete­tzen duen santu zain­tzailearen estatuaren inguruan koka­tzen dira margoturiko tarteei dagoz­kielarik. Horrelaxe gerta­tzen da:

- Artaxoako Hesiko San Satur­nino elizako erretaula nagusian,

- Los Arcosko Santa Maria elizan, an­tzina Eulatetarren kaperan buru zen Ikustal­diaren erretaula txikian

- eta Iruñeko katedraleko kapera baterako Caparroso senar‑emazteek agindu zuten Santo Tomas Apostoluari eskainitakoan.

Horietan guztietan errealismoaren kaltetan bada ere, apainketari xarmantasuna ematen dion urre ugariren erabilerak, franko‑gotiko estiloaren joera eta Siena al­deko pintura kon­tserba­tzaile horren bikaintasun polikromoak, bereziki iaioak diren pintore horiek oraindik ere gotiko jarreran mantentzen dituzte; baina bestal­de, espazioaren zen­tzu berri horrek, adieraz­kortasuna eta konposaketan argitasunaren bilaketak errenazimentuko pintoreen hurbileko eszena al­darrika­tzen du.

Nafarroatik kanpo, Araban baditugu hainbat erretaula ala erretaula zati, Iparral­detik “inportatu” eta bereizteko “bertakoak” esango diegunak eta gotiko gisa izendatu behar­ko liratekeenak. Halakoxeak dira, esate baterako:

- Torturaren erretaulatik gorde diren panelak.

- Araban, Labran­tza eta Olanokoak ere, gotiko berantiartzat har daitez­ke,

- eta Biz­kaian, Zeanurikoa.

Hala ere, errenazimentuko zenbait arrastorengatik eta XVI. mende barruko kronologia aurreratuagatik, horietaz hurrengo atalean jardungo dugu.


Liturjiako gaiak eta luxuz­ko arteak

aldatu

Bistakoa dirudi, kristau gur­tza apain­tzeko eta eder­tzeko ardura, oinarriz­ko bi sakramentuak emateko behar diren gai guztiei lotu behar­ko li­tzaiokeela: Bataioari eta Eukaristiari. Hasierako garai haietan garran­tzirik gabeko al­tzari bat zen al­darea esanahiez hornituz joan zen eta az­kenik Kristo bera sinboliza­tzera iri­tsi zen. Harrez gero jaiera bereziz erabilia izan zen eta aparteko arretaz egina izan da. Erdi Aroak jaiera hau zehaztu egin zuen, ez hainbat egituran, baizik eta apaindutako aurreal­dean (antipendia), lehendik aipatua dugun Aralar­ko San Migelen aurreal­dean (ez erretaula). Erdi Aroko arte-balio berezia duen al­darerik ez da gorde Euskal Herrian.

Bataiarriak

aldatu

Erdi Aroko Arte Historia batean erakargarriagoak izan daitez­ke bataiarriak edo ponteak, izan ere, kristau gur­tzaren barruan berauen egitura eta formak historia ugaria eta luzea izan du. Ain­tzira eta erreketako uretan bataioa har­tzen zenetik, urtegi batean sar­tze eliz­kizun orokor batera igaro zen ondoren eta elizatik kanpo zegoen ar­kitek­turaz­ko egitura zuen esparru batera gero, hasieran igerileku baten itxura bazuen ere, haurren bataioa zela eta al­datuz joan zen, barrura sartuz egiten zeneko on­tzi zabal bat bilakatuz, eta hau ia beti elizaren sarreran koka­tzen zen, esanahi bat adieraziz. Euskal Herria Kristautasunean nolabait ere berandu sartu izanak uler­tzen lagundu egiten du herri honetan ez dela inolako urtegi edo bataioetako “iturririk” ezagu­tzen.

Bataiarrien ereduak

aldatu

Euskal Herrian ikus daitez­keen bataiarri zaharrenak ez dira XII. mendea baino lehenagokoak, eta estilistikoki erromanikoak diruditen asko XIII. mendeko­tzat hartu behar dira. Hauetatik asko ikus daitez­ke Nafarroako an­tzinako eliza­txoetan oraindik ere. Erabateko soiltasuna dute hauetako ba­tzuk bere bi zatietan –oinarria eta kopa– eginkizuna beste funtziorik bilatu ez balitz bezala. Beste ba­tzuek al­diz, kristau el­kartea erritoaren izaera sagaratuaren oso kontzientea zela adierazten dute, on­tziaren apainketa eta sinbolismoa guru­tza­tzen saiatuz.

Sarrienetan fustea zilindroz­koa da, nahiz eta karratuak eta prisma egiturakoak ere badiren. Ia beti egitura erdiesferikoa duen kopan ikusten dira a apainketak. Horrek askotan egitura galloiduna har­tzen du; beste ba­tzuetan koparen goial­deko zatian geome­triaz­ko zeinuak dituen zerrenda bat izan ohi da, eta ez dira giza eta animalien buruak falta izaten.

Nafarroan

aldatu

Bataiarriak edo ponteak. Nafarroa eta Araban gorde­tzen diren ale ugarietatik ez da erraza landu zituenarengan borondate argia eta arte abilezia handiena adierazten dutenak aukera­tzen. Edertuenetariko ba­tzuk aipa di­tzagun:

- Lizarrako San Pedro Ruakoa, erromanikoa eta XII. mendekoa ziur asko, eta bere kopa erradioz­ko eran jarritako hostoez, eta goieneko zatian palma-hostozko frisoz apaindurik du kopa; zutoin zilindrikoa buruz eta landare-irudiz estalia dago.

- Ekizakoa ere erromanikoa da, bolaz eta sokateriaz apaindua fuste zilindriko baten gainean.

- Neurri handikoa eta herrikoia delako interesgarria da Bidaurrekoa ere, galloien ordez, musika tresnak babesean dituen ar­ku sail bat eraku­tsiz.

- Agoiz­koaren antzera ba­tzuetan zutoina bera ere estal­tzen du. Oinarria koskaz apaindua, zerra hor­tzez ala bolaz, eta zutoinean, berriz, zutabe eta bolaz­kobustora.

- Galloidunak, baina apaingarri berezirik gabeak dira Sagaseta, Zalba eta Eran­tsusekoa (bereziki handia).

- Liberriko erromanikoa guztiz soila da; Azueloko San Jurgi esaterako.

- Berroiako zir­kuluerdi-formako kopa giza aurpegiek apain­tzen dute.

- Nafarroan berezien eta interesgarriena Arripodasko (Urraulbeiti) bataiarria da, XIV. mendekoa da; bere hiru al­derdietan apaindua dagoen kopa karratu bat du; Jainko bizi­tzaren iturri denaren Kristoren bi izaerak eta bere erospeneko ekin­tza ukitu nahi dituela dirudien gaiak ditu kopak. Bakedanoko Rodriguezen armarria du.

Araban

aldatu

Araban, bataiarrien artean:

- zaharrenetakoa Armentiakoa da, XII. mendekoa; guztiz soila, koparen ertz gainean erliebez­ko ar­ku zerrenda soil bat duena. Sartal­deko lautadako beste ba­tzuk ere erromanikoak ala lehengotikoak dira eta oinarri karratu gainean erdi gune bat dutelako dira ezagunak.

- Estibali­zkoa nabarmen­tzen da, oinarriko zutabeek kapitelak baitituzte eta kopak apaingarri oso eder bat. Burgu, Txin­txetru, Gordoa eta abarretakoak gotikoak dira, gai geometriak dituzten erliebez­ko apainketak zerrendan jarririk.

- Sail honen barruan apainketa joria duten beste nabarmen ba­tzuk Ilarduia, Ar­kaia, Erroitegi, Arriano (az­ken hau hainbat edergarri dituzten bost zerrenda dituena da: takeatuak, errosetak, izarrak, zerra hor­tzak, eta abar.)

- eta oso bereziki Donemiliagako San Erromanena, edergarriz guztiz estalia bere hiru gorpu­tzetan: oinarrian, fustean eta kopan; honek luxuz­ko apainketa ager­tzen du zenbait gai dituzten zerrendez: zerra hor­tzak, sigi‑sagak, zir­kuluetan sartutako palma-hostoak, errosetak eta abar, denak ere zen­tzu estetiko ederrekoak konposaketan.

Guardiako parrokian eta baita Gasteizko elizbarrutiko landa-lurretan ere ikus daitez­ke gainera edertasun bikaineko beste bataiarri ba­tzuk, baina XVI. mendekoak dira jada eta ba­tzuk guztiz platereskoak.

* * *

Kantauri al­deko lurral­dean elizetako bataiarriek ez lukete jasango Nafarroa eta Arabakoekin egiten den al­deraketa. Hala ere, Gipuz­koan gogora­tzea merezi dutenak dira:

- agian erromaniko aurrekoa den Ormaiztegikoa,

- Zeraingo gotikoa,

- eta Asteasukoa, isabel­darra jada.

Urregintza Liturgikoa

aldatu

Sail honetan, bereziki liturgia ospakizunetarako direnetan ere Nafarroa da ondarerik ugariena eta balio­tsuena duena. Aitortu beharrez­koa bada ere, askoz ugariagoak izan zirela Nafarroako ondarearen alor honetan nozitu ziren galerak XIX. mendeko borrokak eta bidegabeko besteren­tzeak zirela medio eta sortutako goseak eragin zituenak.

Nafarroan

aldatu
 
Hilobi santuko erlikia ontzia, Iruñean

Prozesioetako guru­tzeak. Erdi Aroko prozesioetako guru­tzeak ez dira gu­txi Nafarroan. Badira metal desberdinez eginak Aratzurin, Sorauren, Itsason eta abar.

Denetan deigarriena Iruñeko San Zer­ningo guru­tzea da. Egituraz eta estiloz gotiko bada ere, XVI. mende hasierakoa da. Droseleteen az­pian Jesus eta San Satur­ninoren irudiak erakusten ditu, modelatu ausardi­tsu batez landuriko hosto­tza gotikoen “kriseilu” gainetan, Kalbarioa, Birjina eta San Joanen irudiekin. Mul­tzo hau maza gotiko eder batez bukatua dago apostolu­tza eta ia platereskoak diren mendel txikiak dituela.

Iruñea eta Zango­tzako zilargin lantegietatik prozesioetako guru­tze ugari sortu zen (gaur egun gehienak desagertuak dira). Ziurta daitez­ke jada, XV. eta XVI. mendeetatik gordetakoetan Errenazimentuko plateresko ederrak, baina filigrana eta kalatuetan diseinu flamigero tradizionala gordeaz, gotiko leiha­teen trazeria imitaturik.

Erlikia‑on­tziak. Hilobi Santuko erlikia‑on­­tzia. Sail honi gagoz­kiolarik, denen artean buru Iruñeko katedraleko Hilobi Santuko erlikia‑on­tzi bikaina jarri behar da. Guru­tzadatik itzul­tzean San Luisek Parisera ekarritako Aran­tza Santuaren erlikiarekin lotu izan zen, eta hori zela eta uste izan zen, bere alaba Isabelen Teobal­do II.arekin (1258) ez­kon­tzen zela eta errege santu fran­tsesak eginiko erregalia zela Iruñeko bi­txi hau. Baina erlikiaren idaz­kunak “Hiloihal Santura” begira jartzen gaitu eta zen­tzuz­koagoa dirudi barrual­dean adierazten duen eszena kontutan hartuz gero.

Jatorriz egitura gotikoa du, eskemaz eta trinkotasunez Parisko Kapera Santua irudikatzen duen Iruñeko erlikia‑on­tzi honek barrual­deko zuloan paz­ko goizeko irudika­tze bat du, emakume santuak hilobira iri­tsi eta aingeruak berria eman zienekoa: “Piztu da...Ikus non egon zen”.

Angeluzuzeneko oinplanoa du eta idul­ki baten gainean dago, lau lehoi txikik eusten diotela; hilobia inguratuz ebanjelioko paz­ko gertaerako lau irudiak eta oinetan lokartuak dauden bi sol­dadu­txo erromatarrek erdira­tzen dute antolaketa.

Mul­tzo osoa zoragarria gerta­tzen da konposizioko irudien modelatuetan asmatu baitzuten, bai neurriz, bai politasunez eta urrez­ko xafletako lore eta geometria gaien diseinuez. Azter­keta estilistikoaren arabera, Felipe “Ederra” zeritzanak eta bere emazte Joanak babesturiko lantegietatik XIII. mendearen az­ken al­deko urregin­tza fran­tsesetik atera zen maisulan bikain bat dela ziurta­tzen da.[30]

Lignum Crucis‑aren erlikia‑on­tzia. Beste garran­tzi handiko erlikia‑on­tzi bat, Konstantinoplako enperadore Migel II.a Paleologoak 1401ean Karlos Noblea erregeari bidalitako erlikiak gorde­tzeko fran­tses lantegietan landutako Lignum Crucis‑ena da. Eliza­txo baten irudia duen pieza hau, lau lehoi txikiz eu­tsitako oinarri gingil­dun zabal baten gainean dago zutik. Goial­detako mugimendua, agian desoreka apur batez nabarmenduz, kontrahormak, leihoak, ar­kuak, arrosa-leihoak eta gableteak osagai dituen antolaketa bat da mul­tzo osoa, saihe­tsetako bi guru­tzez eta erdiko askoz garaiago batez koroa­tzen dena, denak ere kolore oparotasun zoragarriz­ko esmaltez apainduak.

Beso-itxurako erlikia‑on­tziak. Nafarroako urregin­tza gotikoko zerrenda luzeak al­de batera utzi, eta has gaitezen besoa al­txaturiko egitura duten erlikia‑on­tziak badirela aipa­tzetik, esate baterako, Iruñeko San Zer­nin elizakoa.

Sagrarioak eta erlikia‑on­tziak. Badira material desberdinez baina trazu oso finez egindako beste sagrario eta eki‑santu ba­tzuk ere, besteak beste, Oibar­ko San Pedro elizakoa.

Zangozako eki‑santua. Az­pimarra dezagun Zangozako zilargin­tzako benetako bi­txia (dagokion pun­tzoiez egina), Zango­tzako Santa Mariako prozesioetako eki‑santu; ia zalan­tzarik gabe bere jatorrian eukaristia gorde­tzeko sagrarioa izan zena. Txikiagotuz doazen hiru gorpuz­ oktogonal dituen mul­tzo ar­kitek­toniko bat da, Bibliako gaien erliebez apainduriko oinarri baten gainean dago, berau ere oktogonala. Egitura hirukoitz hau guru­tzean hil­dako gizaseme gotiko batez koroatua dago. Hiru gorputzen aurreal­deak irudiz eta kontrahorma eta trazeria gotikoz eginiko saretaz her­tsirik ager­tzen diren leihateen imita­zioak apaingarri dituela; horietako bat sagrarioko atea izan zitekeen.

Araban

aldatu

Arabako lurral­dean urregin­tzak utzi ditu ale ederrak, inola ere apezgoaren eta nobleziaren baliabide ekonomikoak sagaratuki parrasta­tu zitezkeen garaietan datatu behar­ko liratekeenak. Zilar urreztatuan landuak eta esmaltez apaindurikoak izan ohi dira.

Adatsaren Andre Mariaren erlikia‑on­tzia. Erlikia‑on­tzien alorrean, itxura ar­kitek­tonikoz eginiko Europako moda jarrai­tzen denetan, Kexaako monasterioko Adatsaren Andre Maria deri­tzonaren erlikia‑on­tziak merezi du aipamen berezia, Avignongo lantegiren batetik irtena izan daitekeelarik. Ale zoragarri hau monasterioari Aialako Fer­nan Perezek, Kan­tzelariaren aitak, emana izan zen 1378an.

Poliptiko txiki baten antzera (40 cm garaieran), lau lehoi txikiz eu­tsitako oinaz­pi baten gainean egina dago, eta zilar urreztatuan landua. Ireki eta zabal­du ondoren, gotiko gezi eta gableteez buka­tzen diren bi solairu ager­tzen dira. Erdiko horma-hobian Mariaren irudi polit bat azal­tzen da buruan, altueran 9,50 cm-koa,[31] bularra eskain­tzen diola dirudien samurtasuna Haurrari adieraziz; haurrak, aldiz, amaren ez­kerreko belaun gainean profilez eseririk, amaren mantuaren eusgarri al­dera luzatzen du eskua. Erlikia‑on­tziak eliza­txo baten itxura du. Irekia dagoenean, bere ateetan Haur­tzaroko bost gertaerak ikus daitez­ke: Deikundea, Ikustal­dia, Jaio­tza, Ager­kundea eta Elizan Sar­tzea.

Halako neurrian egina eta mailuz landutako zilarra dela jakinik ezin aurkituko dugu zeinu esanguratsu oso xeherik, baina keinuak oso adierazkorrak eta egokiak dira. Urreztaturiko xafletan eginiko atetila mugikorrak ditu eliza­txoak, erlikiak jaso­tzeko funtzioa duten lauhostoz­ko gunekin.[32]

Biz­kaian

aldatu

Biz­kaian liturgiako ostilamendua dokumentuetan ugaria bada ere, esan behar da Erdi Arotik guganaino iri­tsi dena zatikatua, urria eta, nolabait esan, pobre samarra dela.

Gaiari dagokionez, zilarra ez da ugaria eta kobrea eta zura dira gehienetan erabil­tzen direnak. Azaleko ebakidurak besterik ez dira apaingarriak eta gehienez ere, esmalte-aplikazioak. Kalitate handiko lanak gel­ditu dira az­ken gotikotik, non badirudien zilarra XV. mendean sustraitu zela.

Prozesioetako guru­tze eder ba­tzuk baditu Elizbarrutiko Museoak, Etxeberriako San Andres elizatik ekarriak, kobrez­koak, eta Bolibar­ko Santo Tomasena.

Lan famatu moduan hartu behar dira zilarrez­ko bi kopoi, Santur­tziko San Jurgi elizatik ekarritako urreztaturikoa bata, eta Igorreko elizako beste bat, biak ere XVI. mende hasierakoak. Horiez gain, Bilboko katedraleko in­tsen­tsu‑on­tzi zoragarria.

Gipuz­koan

aldatu
 
Asteasuko kaliza

Erdi Aroko liturgiako zilargin­tza gaietan Gipuz­koako arte al­txorrari dagokionez, gogora di­tzagun Donostiako Elizbarrutiko Museoak jasoak dituen alerik balio­tsuenak.

Besteak beste, Leintz Ga­tzagako Dorletako santutegitik datorren letoiz­ko in­tsen­tsu-on­tzia, goiko zatian trilobulatuzko egitura kalatu eder ba­tzuk dituena.

Prozesioetako guru­tzeak. Museo berean probin­tziako hainbat parrokitatik bil­dutako prozesioetako lau guru­tze ikus daitez­ke: Zumarragakoa, Bergarakoa, Albiztur­koa eta Goia­tzekoa.

- Zumarragakoa XVI. mendeko zilarrez­ko ale izugarri bat da, gotiko berantiarreko guru­tzeek berez­koa duten ikonografiarekin: Guru­tzil­tzaturiko Kristo, lau besoen lirio-lorez­ko muturretan tetramorfoak dituen gurutzea, ukitu plateresko nabaria badu ere, ez zaio falta filigrana gotikorik; nafar lantegiko lana izan daiteke.

- Oxirondoko (Bergara) Santa Marinatik ekarritakoaz ere gauza bera esan daiteke, 110 cm x 46 cm-koa da eta bistakoak dira Iruñea al­deko lantegiren bateko mar­kak.

Edalonon­tzi sagaratuak. Mutrikutik datorren zilarrezko kaliza urre-kolorekoak gotiko aberats bat ager­tzen du (emaileen idaz­kuna duena), landare gaietan eta familiako armarria zokalo kalatuan, filigranazko hel­dulekuan, gailurreria gotikoa duen korapilo apartan eta kanpai egiturako kopa apaingarrian.

- Beste urreztatutako kaliza batek, Asteasutik datorrenak, aurrekoaren egitura eta estilo oso parekoa du.

- Bada beste urreztaturiko zilarrez­ko bake‑emai­le bat, erdian Guru­tzetik Eraistearen irudi gotiko‑flamenkoa duena.

- Zilar urreztatua den beste kopoi bikain bati, An­tzuolako parrokiakoa zenari, Gasteiz­ko pun­tzoia ageri zaio, eta baditu oina, erdian korapiloa duen bi ataletako hel­dulekua eta kopa, biak ere kalatu zoragarriz landuak.

Horretaz gainera badira plateresko estiloko bi eki‑santu urreztatu, baina gotiko arrasto garbiak dituztenak.

Laburpena

aldatu

Baskoniako gotikoaren historia labur­tzea ez da gauza erraza, euskal lurral­de guztien el­karren arteko ezaugarriak bila­tzen hasiz gero, hauetan guztietan ez bai­tzuen erregimen politiko bat berak gobernatzen, ezta urrik eman ere; erreinu desberdinetakoak izanik, gizartean, ekonomian eta kultura mailan nolabaiteko areriotasun sentipenak sorrarazi zituen honek, senideen artean elkartasun-harremanak sortzeko oso al­dekoak ez zirenak, alegia.

Nafarroa: fran­tsesturiko artea

aldatu

Nafarroan, Karlos III.aren erregeal­diak luxuzko eta fintasunezko artea ekarri zuen ediletara. Oso nabaria da errege Noblearen gorteko distira-zaletasun beroa eta europar gainerako gorteekin leian ibil­tzeko borondatea. Izan ere, beren osa­ba‑izebak imitatuz, Berry-ko eta Borgoinako Duke hauek izan ziren “nazioarteko estiloa” izeneko dotoretasunaren susta­tzaileak. Eta bal­din­tza hauek denak ez ziren eragozpen izan Nafarroa izateko XV. mendeko gotiko loreztatuko adieraz­penik nabarmenenak izan zituen eskual­dea, nahiz eta geroztik errege­tzaren aginpideko batasuna gu­txiago­tuz joan, honako hauen ondorioz: dinastien arteko borrokak, nobleen esku-hartze politikoa eta Beaumondarren eta Agramondarren arteko borrokak.

Lehen euskal burgesiaren artea

aldatu

Ulertu egiten da, gainerako probin­tzietan, Frantziako gortearen tradizioari hain lotua zegoen arteak nafar monar­kiaren il­do berberak ez jarraitu izana. Politikoki Gaztelako koroaren menpean egoteak probin­tzia hauetan nobleziaren ahul­tzea eta burges klasearen sorrera ekarri zuen. Haz­kunde demografiko eta ekonomikoa nabari­tzen da, XV. mendearen bigarren hamar­kadatik aurrera eta, era berean, hiriko gizartearen barruan etena: abera­tsak eta behar­tsuak. Hiriko burgesia klaseburu bihurtu zen eta Bilbok ekonomia haz­kunde nabarmena ezagutu zuen, Kantauriko lehen portua izatera iri­tsi zelarik. Leinu nobleak amorrual­di ba­tzuk izan ondoren, XV. mendearen bigarren zatian, beren aginpidearen amaierara iri­tsi ziren.

Haz­kunde demografikoaren eta hiriko klaseen ekonomiaren eta gizarteko aurrerapenaren ondorioz, ez da harrigarria gur­tzari eskainitako lekuak handiagotu nahi izatea, ezta eliza erromaniko zaharren ordez estilo berrikoak diren eliza handiagoak eraiki­ nahi izatea ere. Baina, ez da ezer harri­tzekorik gerta­tzen, baldin eta, gainerako Europako estatuetan suma­tzen den bezala (Italiako hirietan batez ere, non oso nabarmena izaten den nobleziaren eta burgesiaren arteko gustuen kontrastea), Euskal Herriak, Iruñeko gortean ikusten den arte “noble” baten fintasunaren aurrean, Kantauri al­deko hiribil­duak ekonomiak, xumetasunak eta iriz­pide pragmatikoek zuzenduriko artea nahiago badu. Horrela uler­tzen da bada, Nafarroa eta gainerako probin­tzien arteko desberdintasuna “gotiko lore­tsuaren” harreran.

Formen estilizazioa

aldatu

Guztietariko “gotiko” izenari eu­tsi bazaio ere “gotiko flamigero” izeneko estilo berri bat da. Henri Focillonen ustez, edozein estilok az­ken al­dia iristean iragan behar duen edertasun eta manierista gutizien az­ken garai bat baino gehiago, bal­din­tza jakinetako arrazoi historikoetan oinarrituriko artea dela ulertu behar da; Europako monar­kia ahal­tsuen adieraz­pen eta finkapen-garaikoa, adieraz­pide modu berriak eska­tzen dituen errege­tza berrien gorespen eta harrotasunezko al­dikoa.

Hispaniako hainbat eskual­detan, neurrietan eliza orain apur bat apalagoa zen (salbuespen ba­tzuk izan ezik, esaterako, Sevillako Katedrala), baina handitasunean galera zenak, gizatasunez eta edertasunez irabazi zuen.

Eraikinen nerbioak estilizatu egin ziren. Aurreko izar-gangetan sarez­ko bateratze konplexuak osatu ziren, era desberdinetako lotura ugariagoen bitartez, gangari eustea baino gehiago hondoa apain­tzeko asmoa izango balute bezala. Arbotante eta pilastretan uhindurak bilatzen ziren; hauek, ba­tzuetan kiribil egitura hartu bazuten ere zutabe finez osatuak gel­ditu ziren. Kapitelak, desager­tzen ez badira, txikiagotu eta poligonoz­koak bilakatu ziren.

Neurri izugarriak hartuko dituzte leihateek, Ingalaterran batez ere “perpendikularra” estiloz eta ar­kutaraino jai­tsi ziren, triforioa desagerraraziz. Aurreko mendeetako ar­ku zorro­tzak, oraingoan, lau erdigunetako konopialak, eskar­tzanoak, karpanelak edo apal­duak ziren. Kontrahormetan mailaz maila kokaturiko pinakuluak bider­katu egin ziren, bai garaieran, bai aberastasunean eta bai profilen ugaritasunean irabaziz. Leihoak eta argizuloak parrastaka sortu ziren, eta bao guztietan hormaren ohiko lautasuna hirusta sailez edo gingil ani­tzeko kalatuez jantzi nahi izan zen, betiere lerromakurrak eta kurbatuen eta kontra‑kurbatuen jokoak bilatuz, ia landarez­koa den grazia eta bizitasuna adieraziz.

Harriz­ko profil suhar horiek izen berria eman zioten flamboyant edo flamigero estiloari. Inolako zalan­tzarik gabe, gehiago gogorarazten dute festa-giroko dan­tzaren bizitasuna Erdi Aroko gazteluen gar­txutasun sendoa baino. Nobleen bizimodu gataz­ka­tsua jauregiko erosotasunean bigun bihurtu zeneko al­dia zen. Gaztelu eta elizetan dorre graziosoak al­txatzeko al­dia zen, airearen arintasunarekin leian ibili nahi balitz bezala sortu ziren katedraletako geziak, harriz­ko titakadura erakargarriak zituztela. Kontrahorma eta ostikoetan dorre­txoak zuti­tu eta eli­z atariak gablete eta pinakulu zorro­tzez koroa­turik.

Flamigeroaren sarrea

aldatu

Historialari ba­tzuen ustez, estilo flamigeroaren jatorria Ingalaterran bilatu behar da. Handik igaroa baitzen Fran­tziara XIV. mendearen az­ken al­dian. Dena dela, herrial­de horietan aur­kitu zituen adieraz­penik distira­tsuenak. Hispaniako arte historialariak konturatu dira Espainian ez dela aur­ki­tzen, bere egitura eta ikuspegi orokorrean, Fran­tzian ikus daitekeen zenbait elizetako itxura hain kargatu eta konplexua duen elizarik. Osagai flamigeroak Oviedo, Mur­tzia, Burgos, Sevilla eta abarretako katedraletan besterik ez dira ikusten.

Euskal probin­tziak, korronte iragankor bat. Gaztelaren eragina bal­din bazuten ere, gotikoaren az­ken al­di horretan, euskal probin­tziek ez zuten Gaztelako gar­txutasun estilistikoaren lekukotasunik behar izan, gizarte-mailako arrazoiengatik nahiz estetikoengatik.

Euskal Herriak programaturiko gar­txutasunean darrai. Bere probin­tzietan, esparru zabalen al­derako zaletasun eta gustua salbuesten bada, oso nabaria da etxezainek, edilek eta eliz agintariek gehiegiz­ko gastuak mozteko eta harginen eta eskulturagileen lana zaintzeko jar­tzen duten arreta. Bestal­de, ez dirudi barrokismoak eran­tzuten dionik Euskal Herriaren espirituari.

Horren ondorioz, herri honetan estiloa flamigero iragankorra moda gisa hartu zen, Europako gorteetako klase gorenaren ezaugarria den dotoreziak eta gustu bikainak ezarritakoa. Izan ere, ez dira ugari gure herriko elizetan egitura flamigeroak.

Nafarren zaletasuna. Nafarroaz ezin esan daiteke gauza bera, zeren eta, Karlos III.aren erregeal­ditik jada, noble eta prin­tzeen zaletasuna norabide horretatik abiatu baitzen. Errege Noblea izan zen zalan­tzarik gabe bere Oliteko jauregian hispania al­deko joera fran­tses eta nazioartekoarekin el­kartu nahi izan zuena, erregeren gelak oparo edertuz eta urreztatuz, eta mudejarren igel­tsuak berak ere eran­tsiz.

Errege Noblea bera izan zen katedraleko klaustroari espiritu berbera eran­tsi ziona, nahiz eta, aurretik esan dugunez, katedrala bera, ar­kitek­turaz­ko gar­txutasun zorrotz izaeraz jan­tzia izan. Dena den, Fran­tziako gorteetako artearen gertutasuna lagungarri izan zen, jada oso aurreratuak zeuden klaustroko lanetan, flamigeroaren grazia al­dera ireki­tze garbia gauzatuz. Katedraleko guru­tzadurako arrosa-leihoak mendearen bukaeran egin ziren eta artean amaitu gabe ziren klaustroko hormarteak estilo berria eran­tsi zi­tzaienean, alaia eta festa girokoa. Begi bistan ditugu gaur egun ondorioak: iparreko, hegoal­deko eta batez ere mendebal­deko galerietako ar­kuen zati bat koroa­tzen duten gablete zorro­tzak dira, diseinu flamigero kalatuz­koak; mul­tzo osoa ez zen XVI. mendera arte bukatu; espiritu beraren emai­tza da, batez ere, klaustro gainera igo­tzeko eraiki zen helize egiturako eskailera.

Az­ken gotikoaren lorra­tzaren atzetik

aldatu

Iruñeko klaustroak ezin ahan­tzaraziko digu beste klaustro eder bat: Oñatiko San Migel parrokiakoa, lerro nahasiz­ko gailurreria eta harriz­ko filigranekin tenore manierista horri eran­tzuten diona. Ar­kitek­turan espiritu bera suma­tzen da zenbait xehetasunetan, esate baterako, Vianako parrokiako Guardiako Erregeen Santa Maria izenekoaren kaperan, Laudioko Eremuko Andre Mariaren ar­ku konopialetan edo Portugaleteko Santa Mariaren triforioan, eta agian britainiar eraginekoak diren Lekeitioko leihateetako trazerian.

Az­ken gotikoko estilo manierista berari eran­tzuten diela dirudi, adibidez, Aguraingo Santa Marian ikusten diren zutabe­txo finak ezarrian dituzten zilindro-formako pilareen lerroz­ko mehe­tzeek nahiz Bilboko San Antonekoek, edo Portugaleteko parrokiakoek eta Balmasedako San Seberinokoek.

Irudigin­tzan, garai honetan, dogmen objetibotasunaren gainetik jar­tzen hasi zen sentimendu subjektiboa. Giza sentimenduen adieraz­pen hau indarra hartuz joan zen errenazimenduko artean amaitu bitartean. Aipa dezagun, gotiko berantiarraren atal honetarako terminus a quo gisa finkatu genuen data (1397), Devotio Moder­na izenez ezagutzen dena zabal­du zuten El­karte Bizi­tzaren Ermandadea (1398) Flandesen eratu zeneko data ere badena. Estilistikoki manierista alaitasunaren eta nazioarteko estiloaren fintasunen garaia ere bada. Irudi santuak graziaz kulunka­tzen dira, an­tzinako estiloaren segurtasuna saihestuz; Errenazimentu inguruetan arte profanoa erabil­tzen hasi zen eta eszena mundutarraren mugimenduek sagaratutako artearen adieraz­pideak ku­tsatu zituen.

Arte figuratibo gu­txi dago Euskal Herrian (Nafarroaz aparte) manierista garaiko ikonografiarekin, Espainiako edo Fran­tziako eskual­deetan ikus daitekeenekin alderatzeko. Hala ere, beharrez­koa da esatea, Euskal Herriko jauregi eta kaperetan XV. mendearen az­kenean finkatu zela gotiko lore­tsuarekiko zaletasuna eta hau dela hispaniar‑flamendar artearen inportazioa argi­tzen duena.

Errege Katolikoen erregeal­dian gotiko lore­tsua “isabel­dar” izenekoaren ezaugarri bereziak har­tzen hasi zen. Espainia osoan eta Euskal Herrian bereziki XVI. mendearen lehen hamar­kadetan gotiko lore­tsuaren, isabel­darraren, mudejarren eta platereskoaren ur‑lasterrak el­kartu egin ziren, ideia berrien eta egitura berrien erreka handi den Errenazimentuan buka­tzeko.


Bibliografia

aldatu
  • AGUINAGAL­DE, B.: Gipuz­koako Dorre­txeak eta Leinuak. Bertan, 11. znb., (Donostia, 1997).
  • BASAS, M.: Las Casas‑Torre de Vizcaya. Biz­kaitar gaiak saileko XXXIV.a, (Bilbo, 1977).
  • ECHEVERRIA GOÑI, P. L.-ALVAREZ RUIZ, Ana R.: Erretaulak. Retablos. Eusko Jaurlari­tza, 2 libk. 2001.
  • FER­NANDEZ LABREDA, C.-LORDA, J.: La catedral de Pamplona. Arquitectura. VV.AA.n: La catedral de Pamplona 1394‑1994. I.go libk. Nafarroako Gob. Argit.
  • LAHOZ, L.: Sepulcros góticos de la catedral de Vitoria. Cuad. De Sección. Artes Plást. Y Monumentales, 11. znb., 1993, 73‑91. or.
  • LOPEZ DE GUEREÑU,G.: Dos noticias para una monografía de la Parroquia de San Vicente de Vitoria. (Donostia, 1958) (RSBAP‑ko al­diz­kariaren separata, XIV. urtea 2. kodr.).
  • LOPEZ DE GUEREÑU, G.: Nuevas aportaciones a Alava, solar de Arte y de Fe. B.I.S.S.en, 1974.
  • LOPEZ GEREÑU, G.: Andra‑Mari en Alava. Iconografía mariana en la diócesis de Vitoria. (Gasteiz, 1982).
  • MARTINEZ ALAVA, C.: Escultura. La catedral de Pamplona‑n, I. libk., 274‑354. or.
  • MARTINEZ DE AGUIRRE, J.: Arte y monarquía en Navarra, 1328‑1425. Nafarroako Gob. Argit. (Iruñea, 1987).
  • M. PINEDO, R.: La cruz de Cru­tziaga. 1942.
  • PORTILLA, M. J.: Torres y Casas Fuertes de Alava. 2 libk. (Gasteiz, 1978).
  • SILVA Y VERASTEGUI, S.: Las empresas artísticas del Canciller Pedro de Ayala. Congreso de Est. Históricos, Vitoria en la Edad Media, iragarritako berria.
  • SILVA Y VERASTEGUI, S.: El retablo gótico. El arte en Navarra‑n. 14. znb. Diario de Navarrak argit.
  • TORRES VALVAS, L.: Filiación arquitectónica de la catedral de Pamplona. P.V. 24. znb.an, 1946, 471‑508. or.
  • VV.AA.: La sociedad vasca rural y urbana en el marco de la crisis de los siglos XIV eta XV. Actas del simposio, Bilbao 1973. (Bilbo, 1975).
  • WEISE, G.: Apänische Plastik...I.go libk., 90.
  • YBARRA, J.: GARMENDIA, P.: Torres de Vizcaya. (Bilbo, 1946), 3 libk.g

Erreferentziak eta oharrak

aldatu
  1. J. ZABALO ZABALEGI, El Reino de Navarra en la Baja Edad Media. Historia del Pueblo Vasco‑n. (Donostia, 1978) 141. or.
  2. Ikus inber­tsio hauei buruz­ko ohar zeha­tzak ZABALO ZABALEGI‑n, O.c., 144. or. eta hur.
  3. Erregeen sasiko semeetatik jaiotakoak eta errenta handiez hor­nituak ziren etxe handi hauek, Beaumontarrena, Nafarroarena, Peraltakoa, eta Nafarroarekin el­kartuz bukatu zuen Kortes Kondeena izan zirenak. Gainerako nobleak baino ahal­tsuagoak ziren, baina historia eta tradizio oz­pindua zutenak; ez zeuden lur batean edo etxal­de batean sustraituak, baina erregeen emariez handituak zirelarik, beren handinahia bereziki berekoia eta inorenganako atxikimendurik gabea zen, eta beren arteko haserre eta gataz­ka armatuak zirela-eta, etengabe erregearen autoritatearen aitorpena gal­duz joan ziren eta erresuma hondamendira eraman zuten.
  4. Iruñeko katedrala eraiki­tzeko finan­tza-al­derdiaz, horretan lan egin zuten maisu eta langileen kontratuak eta Nafarroako erregeek, Karlos III.a Nobleak batez ere, eman zuten diru-lagun­tzaz, ikusi Xabier MARTINEZ DE AGIRRE, Artea eta monar­kia Nafarroan 1328‑1425. P.V. 1987an, 254‑272. or.
  5. L. TORRES BALBAS, Arquitectura y escultura gótica. A.H. VII. libk. 520. or.; Filiación arquitectónica de la catedral de Pamplona. P.V. 24. znb., 1946, 471‑508. or. Street, Madrazo, Brutails eta Lamperezek ere aipatu zituzten katedraleko presbiterioko ezohikotasun bi­txi horiek; baina Elie Lambert (P. V. 1951, 29. or.) izan zen xehetasun handienaz az­pimarratu zituena: Ekial­deko absideko arda­tzaren kokapena “angeluz­ko erpin batean kokatua, arda­tzaren perpendikularrek al­de zuzen batekoaren tokian; sakontasun gu­txiko erradioz­ko kaperak, ojiba‑ganga sistema beraren bitartez girolari el­kartuak; presbiterioaren inguruan alboetan, ondoan jarritako lau hexagonoz lortutako oinplanoaren trazu orokorra; guru­tzaduraren hurrengo bi hexagonoen ezohikotasuna, honen muturreko tarteetan irtenguneak iristeko, ekial­dera guru­tzaduraren besoak ixten dituzten horma trinkoen alboetan angelu zorro­tzak osatuz; az­kenik, desberdintasunak hegoal­dera burual­dea ixten duten bi hexagonoetan, klaustroko hormaraino iristen direnak, baina iparral­dera, an­tzinagoko eraikun­tza erromaniko txikiaren zabalera, zati batean bederen, garai klasikoan berreraikia izan zena, libre utziz...”
  6. L. TORRES BALBAS, Filiación arquitectónica de la catedral de Pamplona. P. V. 24.an, 1946, 501. or.
  7. Ikusi, C. M. N. III.ean, 312‑335. or. Oliteko gaztelu‑jauregiaren azter­keta historiko eta artistiko oso bat, bibliografia ugarirekin.
  8. Urduñako Andre Mariari buruz, ikusi C. M. V., VI. libk., 103‑104 eta 663‑681. or.
  9. Santikuru­tze Kanpezuko Andre Mariaren elizari buruz, ikusi M. A. PORTILLA, J. EGIA, Arciprestazgo de Treviño‑Albaina. C. M. V. II. libk., 317‑319. or.; ikusi, halaber, J. LOPEZ DE GUEREÑU, Nuevas aportacionez a Alava, solar de arte y fé. B. I. S. S.n 1974, 427‑504. or.; ezezaguna, M. N. E., I. go libk. (Gasteiz,) 1985, 55‑70. or.
  10. M. J. PORTILLA, Torres y Casas Fuertes de Alava. (Gasteiz, 1978) II. libk.
  11. Inazio Arozenak eskema honen bidez J.A.Gar­tzia de Kortazar historialariaren ideiak laburbil­tzen ditu La sociedad vasca rural y urbana en el marco de los siglos XIV y XV liburuan. (Bilbo, 1975), 285. or. Ikusi I. AROZENA, Ahaide Nagusiak eta Gipuz­koa eta Biz­kaiko bandoen arteko gataz­kak. Euskal Herriaren Historian. (Donostia, 1972) I, 151‑172. or.; ikusi, halaber, egile beraren: Euskal bandokideak. B.R.S.B.A.P. 1969, 217‑312. or.; eta ikusi, Euskal landa eta hiritar gizartea XIV. eta XV. mendeetako krisial­diaren inguruan. Sinposiumeko Ak­tak, Bilbo 1973. (Bilbo, 1975); B. AGINAGAL­DE, Gipuz­koako Dorre­txeak eta Leinuak. Bertan 11. znb. Gipuz­koako Foru Al­dundiak Argit. (Donostia, 1997), 76. or.: “ Ez ohikoa eta berezia da, XVI. mendearen hasierarako mer­katari leinuren batekin, olagizonak izan ala ez izan, el­kartu ez den Ahaide Nagusia; denak ondare nagusi­tzat dorreren bat dutela”.
  12. M. J. PORTILLA, O.c., II, 858. or.; S. SILVA Y BERASTEGI, Las empresas artísticas del Canciller Pedro de Ayala. Congreso de Est. Historicos, Vitoria en la Edad Media, 1981 emaniko berriak. (Gasteiz, 1982); Ezezaguna, Palacio Casa‑Solar de Ayala en Quejana. M. N. E.an, I, 287‑299. or.
  13. Butroe dorrea, oinaztarren bandoko “leinu-buru” zenaren oine­txea zen partetik, an­tzinako grabatuetatik besterik asmatu ezin daitekeena, sendotasun izugarriz­ko gaztelu­tzarra izan zen. Gaur egun ikus daitekeen gaztelu zoragarriak, 1864ean berreraiki zen erromanikoak ez du jatorriz­koarekin zerikusirik. Gauza bera esan daiteke Arteagako dorreaz (Arteagan), XIX. mendean Eugenia de Montilo enperatrizaren gustura fran­tses château moduan jarriaz.
  14. Ezezaguna: Mun­txaraz­ko dorre­txea. M.N.E.an, III. libk., 1‑10. or.; J. IBARRA Y P. GARMENDIA, Torres de Vizcaya, (Madril, 1946), III. libk., 218‑222. or.
  15. M. BASAS, Las Casas‑Torres de Vizcaya, 1977; J. IBARRA, Catálogo de monumentos de Vizcaya, 1958.
  16. S. CAMINO y ORELLA, Historia civil, diplomática, eclesiástica, antigua y moder­na de la Ciudad de san Sebastián. (Donostia, 1963); L. MURUGARREN, San Sebastián. Donostia. Gipuz­koako Argital­darien El­kartea. (Donostia, 1978).
  17. A.M.N., IV, 221. or. (Ikusi 109. eta 110. irudiak).
  18. Honi dagokionez, Jimeno Juriok eskulturaren historiari dagoz­kion estiloen arteko kontrasteak aipa­tzearen burutapena oso egoki­tzat daukagu: Soingainekoen modelatu ahur bikainek, gorputz egitura adierazi baino gehiago, nagusi zen ingurunearekin egiten dute bat gorputz antisen­tsualak osatuz, bigunerako joera duten egitura ganbil edo konbexuak kontrajarritakoen ordez”. Olite monu­mental‑en, 31. or.
  19. L. LAHOZ, Guardiako Santa Maria de los Reyeseko ar­kupea. El arte gótico en Alava. 154‑157. or.
  20. Santuen erlikiak absideko eta al­darearen arteko horman jar­tzeak, liturgia ospakizunerako zori­txarreko bi ondorio ekarri zituen: al­darea erlikien eusgarri modura har­tzen hasi zela, bata, eta apaizak ospakizunak eliztarrei biz­karra emanda egitera behar­tzen zutela, bigarrena. Erretaularen sorrera eta bere garapenari buruz, ikusi laburturik, J. PLAZAOLA, El Arte Sacro Actual. BAC, 1965, 136‑138. or.
  21. Ikusi: C.M.V., V. libk., 327‑329. or. P.L. ECHEVERRIA GOÑI (zuzd.): Erretauloak. Retablos. II, 492‑500. or.
  22. L. LAHOZ, El retablo de Nuestra Señora de la Encina en Arcienaga. Kobie 10ean, 1994, 73‑86. or.; J. M. AZ­KARATE, Santuario de la Virjen de la Encina. Ar­tzeniaga. C.M.V., VI. libk.,175‑188. or.; P. L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 484‑491. or.
  23. C. M. V., VI. libk. 691. or.; P.L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 501‑508. or.
  24. XVI. mendeko eskultura. A. H.an, XIII. libk. (Madril, 1958) 85. or.; P. L. ECHEVERRIA GOÑI, O.c., II, 471‑477. or.
  25. Carlos MARTINEZ ALAVA, O.c. La catedral de Pamplona. I, 342‑348. or.
  26. A.M.N., V.ean, 145. or.; C. FER­NANDEZ ALAVA (O. c.). Zenbait ezaugarritan berrizaleagoa den Dijoneko hilobiko Sluterren lana, Erdi Aroko tradizioari leialago eusten dion Jehan Lomeren Iruñeko hilobikoaren artean dauden desberdintasunak az­pimarra­tzen ditu.
  27. Ikusi: C.M.V., VI. libk., 1988, 796‑800. or.; L. LAHOZ, O.c., 96‑104. or., ikonografia azter­keta bikain bat egiten duena; ikusi, halaber, S. SILVA VERASTEGI, O.c.; Ezezaguna, M.N.E., I.ngo libk., 294‑295. or.
  28. Gai honen iturburua, Bonneval‑eko abadea eta San Bernardoren lagun Ar­naud de Chartresen De laudibus Beatae Mariae Virginis dela dirudi. Berant Erdi Aroan, Speculum Divinae Salvationis (39. atala) honen eraginez kristau artearen ohiko gaia bihurtu zen, X. mendean, batez ere.
  29. M. C. LACARRA DUCAY, Pintoren aragoneses en Navarra durante el siglo XIV. P. V.n 1979,81‑86. or.; ikusi, halber, S. SILVA Y BERASTEGI, El retablo gótico. El arte en Navarra. 14. znb., 213. or.
  30. Mercedes de ORBE SIVATTE, Relicarios medievales. Historia del arte en Navarra‑n. 16. znb. Diario de Navarrak argit.
  31. Irudiaren buruan da, hain zuzen ere, Birjinaren koroaz ingura­tzen den harri‑kristalez­ko harribi­txi baten az­pian gorde­tzen da erlikia handia, izena ematen dion “Birjinaren ilea” nahi li­tzatekeenaren az­pian.
  32. C.M.V., VI. libk., 792‑796. or.