Euskal literatura/50 autore garrantzitsu
Ohar hauek helburu bakarra dute, gaztelaniaz idatzitako euskal literaturaren ganbara aireztatzea, generoak jendeari erakutsiz; izan ere, jendeak ez ditu asko ezagutzen, edo benetan uste du autore gutxi direla, eta gehienetan gainera arrotz samarrak direla. Alabaina, penintsula osoan oso komunitate gutxi dira, gaztelaniazko literaturaren ibaiari hainbesteko izen zein obra errepertorioa eskaini diotenak.
Hitzaurre gisa
aldatuDenboran zehar oso topiko gutxi izan da, orain aipatuko duguna bezain iraunkorrak. Euskalduna adierazpen idatziaren etsai amorratua omen da. Baserritar prestu eta agrafoaren irudiak bide luzea egin du eta, oraindik ere, euskalduna, beste ezer baino lehen, hitzeko gizontzat hartzen da, bere hitz gutxi, zehatz eta baliozko horiek kontu handiz banatzen omen ditu-eta. Are gehiago, dirudienez euskaldunoi, sarritan, ez zaigu oso gaizki iruditzen eman diguten paper hori, aitzitik, Literaturaren Feriaren esparruan bizkarreratu diguten topikoa atseginez hartzen dugula dirudi.
Hitz gutxiko jendea gara, eta hau serio eta lotsati bitarteko keinu batez esaten dugu. Gutxi idatzi dugu, badakigu, baina Tirso de Molinak bizkaitar burdinari buruz esandakoaren berri ere badugu: laburra hitzez; luzea, berriz, egintzez. Ez da kontsolamendu makala.
Topikoaren sustraiak kontzientzia kolektiboaren hondoan daude. Eta adimenaren nagikeriak egin du beste guztia. Toki komunak hotel merke eta erosoak izanik, nor abiatuko da kalera irtenda, lojamendu duinagoa bilatzeko edo, besterik gabe, eguzkipean dagokiguna topatzera?
Ohar hauek helburu bakarra dute, gaztelaniaz idatzitako euskal literaturaren ganbara aireztatzea, generoak jendeari erakutsiz; izan ere, jendeak ez ditu asko ezagutzen, edo benetan uste du autore gutxi direla, eta gehienetan gainera arrotz samarrak direla. Alabaina, penintsula osoan oso komunitate gutxi dira, hainbesteko izen zein obra errepertorioa eskaini diotenak gaztelaniazko literaturaren ibaiari. Beraz, Tirsok esaten zuen bezain motzak hitzez, inondik inora ere ez.
Euskal poesia ondradua aipatzen zuenak, Marcelino Menendez Pelayo erretxinak, Truebari buruz ari zenean, sakrifiziourezko errekasto aldrebes samar horrek, ikus ezazue, bertso gogoangarriak eskaini zitue, Aiarako Kantzelariarenak esaterako, Jorge Manriqueren parean jar baitezakegu, Miguel Unamunoren soneto agoniazkoak, Blas de Oteroren poesia existentziala, edo Juan Larrearen protosurrealismoa.
Euskal osagai funtsezkoa dute XX. mendeko literatur mugimendu handiek. Unamuno, Ramiro Maeztu eta Pio Baroja izan ez balira, zertan ote 98ko Belaunaldia? Gerraosteko espainiar poesia, garcilaosismoaren nahasmendutik ateratzea lortu zuena, ez genuke ezagutu ere egingo Gabriel Celaya, Blas de Otero eta Angela Figueraren ahotsa eta bertsoak ez bagenitu. Eleberrian, Ignacio Aldecoa eta Luis Martín Santos –Larachen jaiotako donostiarra berau–, bi funtsezko mugarri dira bide honetan. Literatur eskasia bitxia inondik ere, aipatu hauek bezalako idazleak sortzen dituen herrialde batena.
Eta ez dugu Amerikako euskaldunei buruz hitz egingo, zeren eta, ohar hauen muga estuek ez digute aukerarik uzten. Alonso de Ercillak ez zuen izena ematen dion Bermeoko dorrea bertatik ezagutu, hori egia da, baina bere izena euskalduna da, eta bere leinu oso eta benetakoa ere bai goitik behera. La Araucana poema epikoa denona da, eta inorena ez, literatura unibertsalarena baita dagoeneko, sor Juana Ines Gurutzekoaren bertso gogoangarriak bezalaxe. Barrokoaren maila gorena eskaini zigun honek ere, Mexikon jaio bazen ere, bere sustraietako batzuk euskal lurraldean zituen barreneraino sartuta.
Nork esan zuen euskaldunak eta idatzi inprimatuak gauza bateraezinak direla? Tirso de Molinak goraipatutako burdina bizkaitarra aspaldi agortu zitzaigun. Labe Garaietan duela urte asko itxi zituzten tximinia altuak, eta suzko barrena ere itzali zieten, baina Blas de Oteroren eta gure arteko beste poeta askoren bertsoek bizirik diraute. Euskaldunek idatzitako hitzen oihartzuna entzuten da oraindik ere, eta beste euskaldun batzuek jarraitzen dute amaigabeko solasean, Jorge Luis Borgesek dioen moduan, literatura horixe baita, etenik gabeko solasa. Ez eremu, ez errekasto: amildegi honetatik itsasora bota ditugu hitzezko botila asko, eta horretan dihardugu egun ere.
Idazle bizkaitarrak
aldatuLope Garcia de Salazar Bandokidea
aldatuLope Garcia de Salazar, Somorrostro haraneko Muñatonesko gazteluko jauna, 1399an jaio zen, eta, adituen ustez, bera da Bizkaiko kronikagile zaharrena. Baina bandokide kementsu hau, Jaurerri zaharra urtetan zehar hondamenera eraman zuten oinaztar eta ganboatarren arteko borroka odoltsuetan bete-betean sartua bera, bizkaitar literaturaren aitzindaria da nolabait. Zeren eta kontakizun historiko zehatzaz gain, Garcia de Salazarrek historiak kontatu ditu, bikain –Jaun Zuriarena, esaterako–, eta Erdi Aroko kazetari moduko bat da, hau da, bere bizimoduko gorabeherak lehen pertsonan kontatu dizkiguna. Beraz, inork ezin dio ukatu idazle estatutua gerraren jaun honi, 1476an bere semeak erail zuen arte Belaskotarren blasoia defendatuz ibilera etengabean jardundako honi. Hain zuzen, bere obra nagusiaren titulua Bienandanzas e fortunas da, Justo Garatek dioenaren arabera, Malandanzas y desgracias behar zuen arren.
Enkartazioetakoa Antonio Trueba
aldatuFermin Herranek Bilboko El Sitio Elkartean 1891n eskainitako hitzaldi batean, esan zuen Antonio Trueba zela espainiar literaturaren orrialdeetan bere izena jarri duen XIX. mendeko euskal idazle bakarra. Urtebete lehenago, Delmasek artikulu batean adierazia zuen Enkarterrietako idazlea “Bizkaiak une honetara arte emandako lehen literatoa, eta handiena” zela. Baieztapen hauek biak neurrizkoak dira, bere testuinguruan ikusita bederen.
Antonio Trueba 1819an jaio zen Montellanon, Galdamestik oso hurbil, Bizkaiko Enkarterrien bihotzbihotzean. Oso paraje zoragarria da, eta Antonioren haurtzaroan eta literaturan nabarmen antzematen da horren eragina. Trueba kostunbrista da, bihotz apal eta arima eskuzabalekoa. Paisaia da bere egiazko aberria, Ramuz poeta suitzarraren kasuan bezalaxe. Hamabost urte zituela bere herrialde bukolikoa utzi, eta Madrilera joan zen senide batzuen burdin dendan lan egitera. Han hasi zen egunkarietan idazten, eta hantxe eskuratu zituen lehen arrakastak idazle gisa. Bidea erraztuko diote bere literaturaren osagaiek. Truebak jende guztiarentzat idazten du, asmo onez betetako kontakizunak beti, eta pertsonaia arketipikoak hurbilago daude Andersenen ipuinetakoengandik, bere garaiko narratzaile errealistenengandik baino.
El libro de los cantares argitaratu zuen 1852an, eta obra honekin ospea eta izena lortu zituen, eta ordutik “Antón el de los Cantares” esango zioten. Inprimategira eraman zituen, 1853 eta 1866 bitartean, bere Cuentos populares, Cuentos de color de rosa, Cuentos campesinos eta Cuentos de vivos y muertos.
Bizkaiko Foru Aldundiak Jaurerriko artxibozain kargua eskaini zion 1862an. Hartzenbushen gomendioei muzin eginez, honen ustez Madril uztea literatur karrera pikutara bidaltzea baitzen, Truebak eskaintza onartu zuen. Haurtzaroko paisaiak indar handia zuen artean Truebarengan. Honen obrak berrargitalpen asko izan zituen, eta Frantziako literatur hiztegiek ere aipatzen zuten. Truebaren obrak eragin handia izan zuen hainbatengan, esaterako Rosalia de Castro, Ricardo Palma edo Peredarengan. Diotenez, bere herrikide Miguel Unamunok ezin zituen Truebaren lanak irakurri, malkoei ihes egiten utzi barik. Trueba 1889an hil zen.
Kostunbrista bilbotarrak
aldatu“Iaia salbuespenik gabe”, idatzi zuen Jon Juaristik bere El chimbo expiatorio saiakeran, “Bilbon 1890 eta gerra zibila bitartean idatzitako literatura konpromiso politikoaren zamaz jaio zen. Honen joera oparoen eta indartsuenak, kostunbrismoak alegia, modu distortsionatu eta amorruz betean islatu zituen garai hartako gatazkak”. Truebak eragin handia izan zuen idazle kostunbristengan, zalantzarik gabe, eta hauen artean sartu behar lehen Unamuno bera ere, baina Bizkaiko ibar gozoek eta Anton el de los Cantaresen belardi berde virgilioarrek protagonismoa utzi zioten beste paisaia fisiko eta politiko bati, lehen etorkin oldeek ordezkatutako giza geografia kezkagarri bati. Inozentziaren garaiaren amaiera heldua zen.
Korronte horren ordezkari ospetsuena Emiliano Arriaga da. 1896an argitaratu zuen bere libururik ezagunena, Lexicón etimológico, naturalista y popular del bilbaino neto. Juan Crisostomo Arriaga musikariaren iloba, Sozietate Filarmonikoaren fundatzaile eta presidente izan zen Emiliano, canovisten aldetik alkateorde, eta euskal abertzaletasun piztu berriaren jarraitzaile. Burges patriarkalaren irudia erakusten digu, irudi erabat bukatua gainera, eta Alfredo Echavek zioen moduan (hau ere idazle kostunbrista zen) “Zabalgune beldurgarria, marrazteko luma zoritxarreko baten obra hura ezagutu gabe hiltzeko gustu ona izan zuten” jaun zorioneko haietako bat izan zen. Arriaga bezalako kostunbristek, bere liburuetan “hizkera bilbotarra” erabiltzen zutenek –Lexicónek sistematizatu nahi duen gaztelania garbia, baina euskaraz bizkaieraren hainbat ukitu dituena– oso arrisku handian ikusten dute bere mundu txikia. Kanpoko mehatxua maketoaren irudiak adierazten du ongien.
Manuel Aranaz. Kostunbrismo liberala ere kontuan hartzeko modukoa da, inondik ere. Honen ordezkari nagusia Manuel Aranaz Castellanos da, besteak beste Calabazatorre, Trenzas de oro edo El sanatorio eleberriak idatzi zituena. Aranaz, txirrindulari lasterketen eta beste zenbait kirol jardueren antolatzaile langile-multzo berriaren baitan, El liberal egunkariaren zuzendaria izan zen, eta Ateneoaren presidente. Idazlea, gainera, burtsako agente ere bazen, eta Crédito de la Unión Minera haren porrot famatuan sartuta ibili zen. 1925eko inauteri astelehenean bere buruaz beste egin zuen, burura tiro eginez.
Tomas Meabe sozialista
aldatuSozialista. Bilboko literatura kostunbrista euskal abertzaletasun sortu berriari loturik agertzen bada ere –Manuel Aranaz Castellanos eta beste batzuk salbuespena diren arren–, sozialismoak ere bere aztarna utzi zuen hiriburuan eta inguruan garatutako literaturaren zati handi batean. Korronte honetako irudi nagusia, zalantzarik gabe, Tomas Meabe da. Juventudes Socialistasen fundatzailea izan zen, eta La lucha de clases astekariaren zuzendari.
Idazlea. Bere dimentsio politikoaz gain, Meabe idazle bikain gisa nabarmendu zen. Literatur itzultzailea ere izan zen –Parisko erbestealdian itzulpen-lana egin zuen Garnier editorialarentzat–, eta Fábulas del errabundo idatzi zuen; horietan industrializazioak dakartzan gatazkak islatzen ditu, eta honekin baterako bidegabekeria sozial beldurgarriak. Tomas Meabe 1915ean hil zen Madrilen, tuberkulosiak jota.
Unamuno, agitatzaile handia
aldatuKanpoko esker ona. Günter Grass eleberrigile alemaniarrak esan zuen, Literaturako Nobel saria jaso eta gutxira, XXI. mendeko Europak Miguel Unamunoren mailako pentsalarien premia izugarria zuela.
Bilbo, bere sorburua. Pentsalari, poeta, eleberrigile –edo hobeto esanda nivolista–, dramaturgo, egunkariidazle eta espainiar bizitza kultural eta politikoko agitatzaile betierekoa Bilbon jaio zen 1864ko irailaren 29an. Bizkaiko hiriburuan –“nire benetako mundua, nire enbrioiespirituaren plazenta”– 27 urte egin arte bizi izan zen, orduan lortu baitzuen grekozko katedra Salamancako Unibertsitatean, hauxe baitzen bere arimako beste hiria; Concha Lizarragarekin ezkondu zen. Lehenago Filosofia eta Letren karrera ikasia zuen Madrilen, baina erresumako hiriburua ez zen sekula bere oso gustukoa izan. Gaztelako paisaiak, berriz, izugarrizko eragina izango zuen bere obran –98ko belaunaldiko beste kideei gertatu zitzaien moduan– eta munduaz zuen ikuspegian.
Ibilbide intelektual kontsekuentea. Alderdi Sozialistan afiliatu zen, 1894an, baina alderdi-kideen arteko harremanak berehala sartu ziren krisian, idazlea ez baitzen alderdidiziplinaren mendean geratzearen oso aldeko. Urtebete geroago En torno al casticismo argitaratu zuen; saiakera horretan sortu zuen intrahistoria kontzeptua. Era berean, Espainia europartzearen alde jo zuen saiakeran.
Bigarren erlijio-krisia –garrantzitsuena, bide batez– jasan zuen,1897an; arrazoiaren eta fedearen arteko borrokan larritasunez beterik murgildu zen. Urte horretan bertan argitaratu zen bere Paz en la guerra eleberria, Bilboko setio karlistan, bere haurtzaroan, izandako esperientzia gogorarazten zuen eleberria.
Unamunok 36 urte zituela, 1900ean, Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten. Mende berrira sarturik argitaratu zituen, besteak beste, Amor y pedagogía eta Tres ensayos. Ortega y Gassetek dioenez, idazle gutxi iritsi da mende berrira bilbotar honen jakinduriaz, “unibertsal egin baitu espainiar kulturaren etorkizuna”.
Vida de Don Quijote y Sancho argitaratu zuen, 1905ean. Poesías agertu zen, 1906an eta 1912an, kritiko askoren iritziz, bere obra nagusia: Del sentimiento trágico de la vida. Lehen kapituluan bertan ohar bat egiten digu On Migelek, egiazko gizakiari zuzentzen zaiola, hauxe baita, azken batean, filosofia ororen objektu: hilezkortasuna etsietsian behar duen gizakia. “Nik neure arimaren hilezkortasuna behar dut” idatzi zuen, “hura gabe, hartan federik izan gabe, ezin naiz bizi”. Unamunok ezin zuen betiko ez izatea jasan.
Datoren presidentziapeko gobernuarekin izandako arazoek eta lehen mundu gerran zehar germaniarren aurka erakutsitako jarrerak galarazi zioten Salamancako Unibertsitateko errektore kargua, 1914an. Denbora horretan Niebla eleberria argitaratu zuen eta El Cristo de Velázquez poema idatzi. La tía Tula agertu zen, 1921ean, eta Salamancako klaustrora itzuli zen, erretoreorde gisa.
Primo de Riveraren diktadura heldu zenean, ordea, dagoeneko hirurogeitaka urte zituen Unamunok “gurutzada” intelektual eta etiko berri bati ekin zion, eta honen ondorioz erbestera jo behar izan zuen. Direktorio militarraren aurka agertu zelarik, eta Alfontso XIII.ari izugarrizko kritikak egin zizkiolako –“azpildura eta maltzurkeriazko munstro”– enplegua eta soldata kendu zizkioten, eta Fuerteventura irlara bidali zuten. Handik Parisera egin zuen ihes eta, azkenean, Hendaian finkatu zen.
Diktadura erori zelarik, 1930ean itzuli zen Unamuno Espainiara, eta urte horretan bertan argitaratu zuen San Manuel Bueno, mártir eleberria, bere narrazio-testuetan onenetako lan bat dena.
Bigarren Espainiar Errepublika aldarrikatu zuen, 1931ko apirilaren 30ean, Salamancako Unibertsitateko balkoitik. Biziarteko errektore izendatu zuten, 1934an, baina bere kemen errepublikazalea ahulduz joan zen, erregimen berria etsietsian ari zelarik egonkortasun bila, alde guztietako mehatxuen artean. Azaña izango zen On Migelen hurrengo pizti beltza.
Hil artean, 1936ko San Silvestre gauean hain justu, gerra zibila hasi eta bost hilabetera, pentsalari eta poeta bilbotarrak ez zion utzi irizten zion guztiaren aurka hitz egiteari. Bere azkeneko liskarra Millán Astray jeneralarekin izan zuen; honi, “gora heriotza eta behera adimena” esan zuelarik, “irabaziko duzue, ez ordea konbentzitu” ospetsua ihardetsi zion. Unamunoren ahotsak bizirik dirau bere orri guzti-guztietan.
Ramon Basterra eta Hermes aldizkaria
aldatuBilbon, 1917 eta 1922 bitartean, Hermes aldizkaria atera zuten. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian inoiz argitaratutako kultur aldizkaririk garrantzitsuena zen. Aldizkaria Jesus Sarriak zuzentzen zuen, eta Ramon de la Sota abertzale moderatuak finantzatzen; “elkarbizitza errespetutsu eta maitetsuaren tribuna” bihurtu nahi zuen. Aldizkariaren laguntzaileen artean izen oso ezagunak zeuden, esaterako, Unamuno, Ortega, Ramiro Maeztu, Sanchez Mazas eta Ramon Basterra. Esan dezagun, hauxe izango zen bere poeta ofiziala. Hauekin batera, aldizkariko orrialdeetan nazioarteko hainbat figura aurki zitekeen, esaterako Ezra Pound, T.S. Eliot. Chesterton edo Tagore.
Ramon Basterra, esan dugun moduan, Hermes aldizkariaren poeta ofiziala da nolabait. Bilbon jaio zen 1988an, Zuzenbide ikasketak egin, eta gorputz diplomatikoan sartu zen. Aldizkari bilbotarrean argitaratu zuen, 1917an zehar, bere Paseos romanos lana. Rafael Sanchez Mazasekin batera Hermesen sendotuz joan zen ildo klasizistaren inspiratzailea izan zen, eta azkenean Escuela Romana del Pirineo deitu hura itxuratu zen, kultura arloko hainbat kritikoren ustez espainiar faxismoaren aitzindari izandakoa, hain justu. Basterrak saiakerak eta poemak argitaratu zituen, Erroman, Errumanian eta Venezuelan diplomatiko eginkizunetan eginikoen ildotik. Hasiera batean bere herrikide Miguel Unamunoren zordun bazen ere, geroago Eugenio D’Orsen eraginpean geratu zen. Basterrak, 1928an hil baino lehen –adimengaixotasun larri batek jota hil zen, eta gaixotasun honek bere bizitza eta obra osoa markatu zuen–, italiar literatura futuristarekiko interesa erakutsi zuen. Duela gutxi Banco Central Hispano Fundazioak Basterraren obra poetiko osoa argitaratu du, Jose Carlos Maineren edizioan.
Juan Larrea, surrealismoaren aita ezezaguna
aldatuVitorio Bodoni kritiko italiarrak “espainiar surrealismoaren aita ezezagunaren” titulua eman zion bilbotar Juan Larreari. Izan ere, denbora luzean zehar pentsatu izan zen Larrea, egiaz, Gerardo Diegoren heteronimo bat zela. Eta ez zen horrelakorik, ezta urrik eman ere. Larrea 1895ean jaio zen Bizkaiko hiriburuan, Filosofia eta Letrak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, gero Madrilgo Artxibo Historiko Nazionalean lan egin zuen, eta 1923an Parisa jo zuen; han harremanetan sartu zen dadaistekin eta, Cesar Vallejo perutarrarekin batera, FavorablesParisPoema aldizkaria sortu zuen. Honen obra poetikoa, neurri handi batean frantsesez idatzia, lehen aldiz Torinon argitaratu zuen 1969an, Versión celeste izenburupean. Cordoban hil zen (Argentina), 1980ko uztailaren 9an.
Blas de Otero, zeharo poeta gizatiarra
aldatuSustrai existentziala. Blas de Otero (Bilbo, 1916) dagoeneko klasiko bat da gaztelaniaz idatzitako poesian. Erlijio-mailako kezka sakoneko poesiatik abiatuta, deserriaren poetikarantz jo zuen –Damaso Alonsok berrogeita hamarreko hamarkadan zehar argitaratutako artikulu batean adierazi zuen moduan– sustrai existentzial sakonez, betiere.
Bere argitalpenak Cántico espiritualekin abiatu ziren (1942). Angel fieramente humano argitaratu zuen, 1950ean, eta urtebete geroago Redoble de conciencia. Pido la paz y la palabra agertu zen,1955ean, eta 1958an ikusi zuen argia Anciak, Angel fieramente humano haren eta Redoble de concienciaren arteko lan bateratuak. Fedea bazterturik, Alderdi Komunistari lotu zitzaion. SESBera (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera) joan zen, Txinako Errepublika Popularrera, eta Kubara; azkeneko honetan hainbat urte eman zituen, Castroren iraultzaren erabateko garapenaren garaian.
Poeta soziala. Parisko Ruedo Ibérico argitaletxean Que trata de España argitaratu zuen, 1964an. Poeta poesia sozialaren sinbolo bihurtu zen –berak nahiago du “historiko” esatea, bereziki gizakiarekin konprometituta baitago.
Alabaina, korronte eta joerak alde batera utzirik, existentziala, historikoa edo abangoardista izanik bere azken urteetan zehar, Oteroren idazkera poetikoa eta bere Historias fingidas y verdaderas laneko prosa paregabea kalitate izugarriagatik nabarmentzen da, akasgabeki menderaturiko teknika eta tradizio klasikoa izugarri barneratuarekin batera.
1970ean bere azken liburua agertu zen, Mientras izenekoa. Madrilen hil zen 1979ko ekainaren 29an.
Poeta bat eta hiru narratzaile
aldatuAngela Figuera Aymerich. Bilbon jaioa 1902an, kronologikoki 27ko belaunaldikoa da, baina bere obra poetikoa Espainiako gerra zibilaren ostean garatu zen. Mujer de barro izeneko lehen poemasorta 46 urte zituela argitaratu zuen, baina 50eko hamarkadan zehar eman zuen bere obraren zati gorena. Ifach Saria eskuratu zuen El grito inútil liburuarekin, 1952an, eta Belleza cruel bertsoak eman zizkion inprentari, 1958an. Hauek León Feliperen mirespena eragin zuten. Madrilen hil zen 1984an.
- * *
Gerraosteko bilbotar hiru eleberrigile handiak, nahiz eta horietako bat askoz lehenago hasi zen idazten, Juan Antonio Zunzunegi, Luis Castresana eta Ramiro Pinilla izan ziren. Hirurek bat egin zuten hainbat urtetan zehar idazte lanetan, baina bakoitzak bere estiloa eskaini zuen gerraoste luzean; beste era batera esanda, bakoitzak erregimen frankistaren etapa bat adierazten du.
Juan Antonio Zunzunegi
aldatuPortugaleten jaio zen 1901ean, eta Madrilen hil, 1982an. Euskal eleberrigile nagusia, inolako zalantzarik gabe, 40ko eta 50eko hamarkadetan zehar. Zunzunegiren lana oparoa da, eta errealista, eta egileak berak ontzidi batekin alderatzen du, tona eta zingo desberdinekoak baitira. El barco de la muerte (1945), La úlcera (1948) edo Las ratas del barco (1950) haren narratibaren erakusle garbigarbiak dira.
Luis Castresana
aldatuBizkaiko Enkartazioetan jaio zen 1925ean. 60ko hamarkadako literatur arrakastarik handienetako baten egilea da. El otro árbol de Guernica nobelak, 1967an, Literatur Sari Nazionala eskuratu zuen, eta idazlea bere garaiko narratzailerik handienen artean jarri zuen.
Castresana jaio zen herrian bertan hil zen 1986an, bere eleberri ospetsuaren arrakasta errepikatzea lortu gabe. Izan ere, beharbada arrakasta haren eragina, epe luzera, kaltegarria izan zen.
Ramiro Pinilla
aldatu(Bilbo, 1923). Nadal Saria lortu zuen 1960an, Las ciegas hormigas eleberriarekin. Baina batez ere 60ko hamarkadaren bigarren erdialdean eta 70eko hamarkadan garatu zuen Pinillak bere narrazio potentziala –eta potentzial hau, zorionez, garatzen segitzen du bere Getxoko erretiroan.
Seno eleberria agertu zen, 1971n. Planeta Sarian finalista izan zen. Eta Verdes valles, colinas rojas ikusi genuen, 1986an. Etorki faulknertarreko eleberrigilea izanik, Pinillak aitortzen du bere helburua “gauzak kontatzea” dela, “ahalik eta hitz gutxien erabiliz horretarako”.
Azken promozio literarioak
aldatuAditu eta kritiko askoren iritziz, literatura bizkaitarra bere unerik gozoenetako batean dago gaur egun. Alde batetik, Jon Juaristi edo Pablo Gonzalez de Langarika idazleak, hauek “gerraosteko bigarren belaunaldikotzat” har genitzakeelarik, beren sormenaren heldutasunera iritsiak dira eta, beste aldetik, hirurogeiko hamarkadan jaiotako hainbat idazle, hala nola Pedro Ugarte, Maria Maizkurrena edo Amalia Iglesias, pixkanaka interes handiko literatur obrak itxuratzen ari dira.
Jon Juaristi (Bilbo, 1951), saiakeragile polemiko eta garrantzi handiko intelektuala izateaz gain –1998an Saiakera Sari Nazionala eman zioten El bucle melancólico lanagatik–, poeta bikaina ere bada. Honen eragina nabarmen ikusi dugu gure herrialdearen barnean zein kanpoan idatzitako azken poesian. Juaristiren alderdi lirikoa ongi erakusten diguten liburuak ditugu, esaterako, Diario del poeta recién cansado edo Arte de marear.
Pablo González de Langarika (Bilbo, 1948) Zurgai poesiaaldizkariaren zuzendaria da, duela hogei urte baino gehiagotik. Aipatu aldizkaria dugu, gainera, euskal literatur publikazioen artean zaharrena. Gonzalez de Langarikak eskuzabaltasunez dihardu, gartsu eta ezkutuan iaia, poesiaren aldeko lanean, merkantilismoarekin eta medioetako distirarekin bat ez datorren genero baten balioa beti aitortzen ez dakien gizarte batean asko eta askoren aurka.
Langarika, bitartean, obra poetiko bat itxuratuz joan da (lehen unean Blas de Oteroren existentzialismo kristauaren zordun zen), Los ojos de la iguana y otros poemas edo Cálices de octubre bezalako lanen bidez; hauetan, sonetogile bikain baten lana ikusten dugu.
Hirurogeiko hamarkadan Amalia Iglesias (poesiako Adonais Saria) eta Maria Maizkurrena (Antonio Machado Saria) Baezan jaio ziren; penintsulako panorama lirikoan ahots poetiko interesgarrienak biak.
Hamarkada horretan bertan jaio zen, haiek antzera poeta eta, bereziki, narratzailea den Pedro Ugarte. Herralde sarian finalista izan zen, Los cuerpos de las nadadoras eleberriarekin, eta kontakizun laburretan izugarrizko artelanak biribiltzen ditu.
Espido Freire gazteak, hogei urte pasatxo besterik ez zuela, Planeta Sari ospetsua eskuratu zuen, eta salmentetan fenomeno izugarria izan zen.
Idazle arabarrak
aldatuAiarako Kantzelaria
aldatuEuropar ahotsa XV. mendean. Ez da erraza Petri II.a Lopez Araiakoaren figura eta obra laburtzea. Gasteizen jaio zen 1332an eta Calahorran zendu, 1407an. Kantzelaria, gaztelaniazko figura literario gogoangarrienetako bat da, Antonio Ortiz de Urbinak idatzi duen bezala “XV. mendeko europar ahotsa” izana, kasu bitxia da: idazlea eta ekintza-gizona, humanista eta politikaria, historialari aditua eta elegiazko poemen egilea eta pertsona eszeptikoa bat-berean aurkitzen ditugun horietakoa, alegia.
Enrike III.ak izendatu zuen Gaztelako kantzelari 1398an; izan ere, haren erregeren kontseiluko kide izan zen arabar idazlea. On Petrik, dialektikaren eta ezpataren artean, bere esperientziaren azalpenak eta nondik norakoak emango zizkigun, eta bere jakinduria zabala eskaini, kalitate literario gorenean kokatzeko moduko obraren bidez.
Bere garaiko jaunen dibertsio eta aisialdia maisuki adierazita daude Libro de cetrería o de las aves de caza lanean.
Baina bere Crónicas –Pedro I.a, Enrike II.a eta Enrike III.aren erregealdiak jasotzen dituena– da bere lan nagusia, prosaz idatzitakoen artean. Bizkaitar Lope Gartzea Salazarren kasuan bezala, on Petrik kronika batzuk kontatzen dizkigu, behin baino gehiagotan bera ere sartuta egondako hainbat gauzaren berri emanez. Kontatzeko modua akasgabea da, errealista eta baita gordina ere zenbaitetan. Obra hau, kritiko askoren iritziz, Tito Livio eta Boccacciok zabaldu ildotik doa.
Oraindik ere kantzelariak, hainbeste politika eta gerra asalduraren ondotik, protagonista edo aparteko lekuko gisa bizi izandakoaren hainbeste kronikaren ondoren, berekin du behar adina kemen eta indar, Rimado de Palacio laneko bertso gogoangarriak izkiriatzeko. Hau benetako bitxia dugu “klerezi poesia” deituaren baitan. Bertso hauek ezagut ditzanak, ez du, ez horixe, ustekabeko txarrik topatuko. On Pedrok bere bizitzaren hondarrean idatzi zituen, bidearen azkeneko bihurgunean, esan dezagun; Barojaren antzera, eta bertsootan testamentu eta aitorpen hunkigarri bezain zirraragarria eskaintzen digu. Kantzelariak kartak erakutsi zituen:
«Maté e enfamé e dexé al fanbriento peresçer».
«Enbidioso e malo e de mal coraçon
fui yo siempre, Señor, en toda sazón:
busqué mal a mi hermano sin ninguna razón
plógome de su daño e de su perdición».
Baina poeta bere buruarekin ezin zorrotzagoa den arren, era berean bere garaiko bizio eta lakra guztien aurkako borrokalari sutsuena izan zen. On Pedrok, idazle handi guztiek bezalaxe, ezin dio hain ongi eta sakon ezagutu zuen giza izaerarekiko bere eszeptizismoa bridatu.
Frantzisko Vitoria
aldatuOhar hauek ezinbestean motz egin beharrak ekarri du, idazteko lanari jarduera funtsean artistikotzat, hots, literariotzat ekin ez zioten idazleak alde batera –ez ordea baztertuta– uztea. Historialari kanonikoak eta antzekoak, legelariak, botanikan adituak eta abar, hauek guztiak orrialde hauetatik kanpo geratu dira. Baina, Frantzisko Vitoriari buruz hitz egitea, idazle huts izan ez bazen ere, ezin baztertuzko kontua da.
Gasteizen jaio zen, 1486an, eta Salamancan hil, 1546an, domingotar Arabako hau ikusiko genuen, protagonista, Errenazimenduko abenturarik garrantzitsuenetako batean, hots, Nazioarteko Zuzenbidearen sorreran. Alde batetik, fede gizon baten aurrean gaude, baina, beste aldetik, prezio berean inondik ere, zientzia gizon baten aurrean; hala ere, batez ere fenomeno etiko eta moral bat dugu parean. Relectiones theologicae idatzi zituen, baina oso gutxi eman zuen argitara.
Mirestekoa da hainbat gairen inguruan hartu zuen jarrera, esaterako, kontzientzia askatasunari edo herri indigenen eskubideei buruz. Atahualparen exekuzioa, diosku, erailketa zentzugabe bat izan zen, inolako arrazoi zein eskubideren euskarririk gabea. Vitoria teologoa ahanztea euskaldunok gaur egun hainbeste behar dugun horri, hau da, jende eta herrien arteko elkarbizitza zuzen eta zibilizatuari eginiko ekarpenik garrantzitsuenetako bat ahaztea izango litzateke.
Egunkarietako idazle batzuk
aldatuLiteratura onenaren zati handihandi bat kazetaritzan sortua da. Inork ez du horretan zalantza izpirik. Araban egunkari eta argitalpen mundu bizibizi baten irakite etengabearen garaia izan zen, XIX. mendea, batez ere, bere bigarren erdialdea. Gasteiz txiki eta lebitaz josi hura zenbait optimista gogotsuk “Iparreko Atenas” deitu duten hori bihurtu zen –Bilborekin lehian du, dena den, aipatu titulu handi hori.
El porvenir alavés da helburu eta asmo handienak dituen kazetaritza-enpresetako bat. Egunkari “politiko foruzale, zientifiko eta literariotzat” aurkezten du bere burua. Zuzendaria Fermin Herran da, kultur eragile nekaezina eta 73ko tertulia deitu haren arima eta motorra.
Ricardo Becerro Bengoak ere idazten du egunkarietan; orduan publizista esaten zioten jardun horretan aritzen zen, baina bere grina erromantikoaren indarrez berdinberdin ekiten zion hondakinak marrazteari, herriko kondairak biltzeari, edota Romancero alavés oso bat prestatzeari.
Mateo de Moraza patrizioa ere, Ramon Ortiz de Zarate bezalaxe, zutabegile bikaina izan zen.
Laurogeita hemezortzikoa, Ramiro Maeztu
aldatuIsiltasuna zigorra. Eugenio Montesek kontatzen zuenez, 30eko hamarkadan Ramiro Maezturi buruzko iruzkin laudoriozko bat argitaratu zuenean honek erregutu zion berari buruz ondo ez hitz egiteko: «Zu oso gaztea zara eta ez duzu eskubiderik, ni bezala isiltasunak inguraturik bizitzeko. Ni legenduna naiz”. Arabar idazleak ez zuen gehiegikeriaz jardun. Izan ere, Primo de Riveraren diktadurari erakutsitako laguntzaren ondorioz, Maeztu ahanztea kontsigna tazitu bat izan zen, eta urteetan zehar kontsigna hori mantendu egin da, belaunaldiz belaunaldi. Inork ez du Maeztu gogoratu nahi, ez Euskal Herrian bertan ezta kanpoan ere. Alabaina berak fundatu zuen, Baroja eta Azorínekin batera, “Hiruren Taldea” izeneko hura, 98ko belaunaldiaren sorburua. Halaber, badirudi inori ez zaiola gogoratzeko modukotzat iruditzen Ramiro Maeztu izatea, Penty eta Humerekin batera, Erdi Aroko gilde edo ermandateetan inspiratutako gremialismo ingelesaren zutabe intelektualetako bat. A. R. Oragek, gildar sozialismoaren aitzindariak, Maezturen dizipulutzat zuen bere burua.
Ramiro Maeztu Whitney Gasteizen jaio zen 1874an. Familiaren hondamen ekonomikoak behartuta, Kubara joan behar izan zuen, 17 urte besterik ez zuela, han familiak azukre makina edo tramankulu bat zuelako. Bere aita hil zenean, Ramiro Gasteiza itzuli zen familiaren ekonomia bide onean sartu nahiez. Orduan Bilbora jo zuten, eta han hasi zen Maeztutarretako zaharrena egunkarietako kolaborazioak egiten. Hil arte eginkizun horretan segitu zuen.
Ibilaldi intelektuala. Madrilera joan zen 1897an, eta han Baroja, Azorín eta Joaquin Costaren erregenerazionismoaren eragina jasotako beste idazle batzuekin harremanetan jarri zen. Maezturentzat, Friedrich Nietzscheren eragina ere erabakigarria izan zen.
1905eko hasieran Londresa joan zen, eta han 15 urte igaro zituen; korporatibismo anglosaxoniarraren buruzagi bihurtuko zen, eta harremanetan jarri zen oso maila handiko pertsonaiekin, esaterako, Pound, Eliot edo Shawekin. Han, 1916an, Authority, Liberty and Function saiakera argitaratu zuen, gero gaztelaniaz La crisis del humanismo izenburupean itzuli eta argitaratua.
Espainiara itzuli zen 1919an, eta El Sol egunkariaren erredakzioan hasi zen lanean. Espainiar mitoetan zeharreko bisita bat egin zuen atzera, 1926an, Don Quijote, don Juan y la Celestina saiakeran. Maeztu izango da iaia beti tabu den gai bati buruz, hots, diruari buruz, hausnartuko duen hispaniar pentsalari gutxi horietako bat, bakarra ez esatearren. El sentido reverencial del dinero, kritiko batzuen iritziz, Maezturen ukitu anglosaxoniarraren adierazgarri garbigarbia da.
Gero etorriko zen Primo de Riberaren diktadurari emandako laguntza, dagoeneko aipatu duguna, Buenos Airesen enbaxadore lana, eta bere Defensa de la hispanidad gero; honetan, sozialista primitiboa monarkia katolikoaren panegirista bihurtu zen eta, zenbaiten iritziz, angloespainiar faxista-mota bat hurrena.
Epitafioa. Espainiako gerra zibila hasi eta hamahiru egunera, Ramiro Maeztu atxilotu egin zuten Madrilen eta aurretik epaiketarik egin gabe fusilatu zuten. Honen berri izatean, Gerorges Bernanos eleberrigile frantsesak hau idatzi zuen Le Figaron: «Maezturen heriotzak ondratu egiten ditu pentsatzen duten gizaki guztiak, hau da, bere pentsamenduari bere bizitzari baino askoz balio handiagoa aitortzen dioten gizaki guztiak».
27ko belaunaldiko poeta
aldatuErnestina Champourcin. Irakurle askorentzat aurkikuntza berant baina atsegina izan zen: Ameriketako errepublikar erbestaldi luzearen mareak Gasteizko emakumezko poeta baten ahotsa eta irudia itzuli zigun. Ernestina Champourcín zen, J.J. Domenchina poetaren emaztea, eta, aldi berean, 27ko belaunaldiko emakumezko bakarra.
Juan Ramon Jimenezen laguna zen, eta haren irudia gogorazi zuen La ardilla y la rosa saiakeran. Bere lehenbiziko poemasortak hogeiko hamarkadan zehar eman zituen argitara.
Haren La pared transparente memoria liburua 1984an agertu zen, eta 1991n obra lirikoaren mostra zabal bat atera zuten, Poesía a través del tiempo izenburupean.
Aldecoa eta kontatzeko artea
aldatuBizi-bizirik. Ahanztura –Ramiro Maezturen kasuan, ikusi berria dugu eta, beste era batera izan arren, baita Ernestina Champourcín poetarenean ere–, horixe da idazle askoren patua. Ignacio Aldecoaren kasua, zalantzarik gabe, bizibizirik segitzen duen literatura baten kasua da. Aldecoaren obra handituz doa denbora igaro ahala, eta narratzaile belaunaldi bakoitzean sumatzen dugu haren eragina.
Gasteizen, 1925ean jaio eta Madrilen 1969an zendutako idazlearen narrazioko maisutza nabarmen ikusten da. Ipuinlari bikaina da eta, hala, gaztelaniaz genero hau landu duten izen handienen artean dago. Francisco Umbralek dioenez, Aldecoa dugu “Celaren barrokismoen eta Delibesen soiltasunaren artean, idazle justu, jakintsu, europar eta zehatza”.
Idazleak berak adierazi zuen hurrena, 1969an: “Egia esan, nire nerabezaroan ez da estimulu handirik izan letren abenturan murgiltzeko. Nire hirian bizi nintzen, Espainia iparraldean; euri gehiegi egiten zuen, eskola zorigaiztokoa zen, interesen bat zuten filmak zentsuratu egiten zituzten; liburuak bazeuden –askorik ere ez, hala ere–, eta nik banuen halako asaldura-dosi bat zainetan. Hala, ikasketetatik pixka bat urrunduta, idazteari ekin nion: ipuinak, olerkiak, eleberri zatiak”.
Aldecoaren obra. Geroko narratzailea 1947an abiatu zen argitalpen kontuetan, Todavía la vida izeneko olerkiliburu batez. Alabaina, berehala ikusi zuen bere bidea prosaren lurraldean zehar zihoala. El fulgor y la sangre eleberria agertu zen, 1954an; Con el viento solano argitaratu zuten, 1956an, eta Gran Sol, itsasoko lana objektibotasun ikaragarriz deskribatzen duen lana, 1957an; urtebete geroago Kritikaren Saria eman zioten.
Aldecoaren narrazio-liburuen artean azpimarratzekoak dira: Vísperas de silencio (1955), El corazón y otros frutos amargos (1959) edo Los pájaros de BadenBaden (1965).
Literatur jarrera. Aldecoak ez zuen inoiz ukatu idazle errealista zela. Hala ere, bere errealismoak ez du inolako zerikusirik –sarritan objetibista bihurtzen da– ez hemeretzigarreneko narrazioarekin ez “azaren nobela” izenekoaren –ez beti zuzen– sozialerrealismoarekin ere. Beharbada Aldecoaren obra ondoen definitu duen pertsona izan da Jesus Fernandez Santos, idazlearen giza jarrera aipatzen duenean: “Ergelei, zuhurrei eta pedanteei barre egiten zien, espainiar bide tradizionaletan, Espainia grotesko eta anodinoan, porrot hitsen eta loria galkorren Espainian traba egiten baitute”.
Egungo idazleak
aldatuGaur egun bere lanbidean Araban ari diren idazleen zerrenda egitea, luze jotzeaz gain, burutu ezina izango litzateke. Zorionez, arabarren artean idazleak etengabe sortu dira. Hau gertatzeko beharrezko giroa sortzen lagundu duen figuretako bat Angel Martinez Salazar da, iraupen laburreko aldizkarien sortzaile, topaketa, omenaldi eta hitzaldi antolatzaile, eta irratsaio zein Papeles de Zabalanda bezalako argitaletxeen eratzaile nekaezina baita.
Ikusager argitaletxeak, bere aldetik, oso lan garrantzitsua bete du komikiaren eta literaturaren baitan.
Gaur egun, Bassarai argitaletxea, Gasteiztik bertatik Kepa Murua poetak gidatua, erreferentzia bazterrezina da gaztelaniaz idatzitako euskal literaturaz hitz egiteko unean. Honen katalogoa da interesgarri, independente eta literarioenetako bat, espainiar argitaletxeen panorama osoan, zalantzarik gabe.
Paloma Díaz Mas, eleberrian Herralde Saria lortu zuena, Antonio Altarriba, La Sonrisa vertical sariko finalista, Arturo Hernández Pérez de Landazabal edo Carlos Pérez Uralde, narratzaile eta zutabegile bikain hauek guztiak ditugu Arabatik idatzitako literaturaren osasun onaren lekuko, beste narratzaile, olerkari eta dramaturgo zenbaitekin batera.
Idazle gipuzkoarrak
aldatuXabier Munibe ilustratua
aldatuArgien mendea Xabier Munibe Idiakezen eskutik sartu zen, Euskal Herrian. Peñafloridako Kondea Azkoitian jaio zen 1723an, eta Bergaran hil, 1785ean.
Narros eta Altunarekin batera fundatu zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, eta Bergarako Seminariotik ongi finkatu zituen hezkuntza tekniko eta zientifiko berri baten oinarriak; hauek, denborak aurrera egin ahala, industri garapenaren ongarririk onena izan ziren.
Azkoitiko zalduntxoak. Azkoitiko “zalduntxoek” ezin argiago erakusten dituzte Ilustrazioaren idealak, hau da, frantses azentuko korronte unibertsal harenak. Korronte honek, SánchezMazasek idatzi zuenez, “zientzia oro esperimental bihurtzen zuen, ekonomia oro zientifiko, politika oro ekonomiko, eta erlijio oro politiko”.
Gipuzkoako gizartean, XVIII. mendeko sotana-jantzien mendean ez zegoen eskola bat sortzearekin antz handia zuen miraririk. Halaz, “zalduntxoak” iaia fenomeno miragarritzat har ditzakegu.
Modernotasuna. Haiek eman zioten tonu egokia, maila politiko, sozial eta ekonomikoan, Karlos III.aren Espainiari. Izan ere, Espainia hura zeharo atzeratuta zegoen gizarte-mailan nahiz kultur mailan, Europa ilustratutik oso urrun inolaz ere. Jovellanosek, Peñafloridako kondea bera baino hogeita bat urte gazteagoa zenak, erabat kezkaturik aldenik alde igaro eta bere Diario lanean espiritu zorrotzez deskribatu zuen Espainia haren egoera.
Xabier Munibek bere ideia zientifiko eta arrazionalistak, Comte eta Maurrásen eraginpekoak, Los aldeanos críticos (1758) lanean azaldu zituen.
Literato alaia. Baina itxura kostunbristako hainbat komedia ere egin zituen. Hauek bere eragina izango zuten gero, ehun urte igarota genero hau landu zuten idazleen artean. Baina, zoritxarrez, XIX. mendea ez zen Munibek eta bere lagunek espero zuten mende tolerante eta ilustratua izan.
Baroja Bidasoaldean
aldatuIdazle hutsa. Pio Baroja zen, nire ustez, bere belaunaldiko idazlerik biziena, historiak kontatzeko lanbide zail eta aldrebesari ekiten diotenen artean estimurik handien eta sendoena lortu eta mantendu duena. Idazle honek ez du iraungitze- datarik, beharbada Pio hain zuzen ere horixe izan zelako, idazlea, beste inolako adjektiborik gabe, idazle hutsa, nahiz bere lanbidea –denbora labur batez izan arren– medikuarena izan, eta okinarena geroago –gustuagoko baduzue, okintzako enpresariarena–, eta bitartean edota geroago espekulatzaile lanetan ere jarduna zen Burtsan, arrakasta handirik gabe ordea; diputatu izateko ahalegin zalantzazko batzuk ere izan ziren hor nonbait. Baina Barojak berehala erabaki zuen bere bizitza eta literatura denbora luzerako ezkonduko zirela, bereizi ezindako moduan ezkondu ere.
Pio Baroja Nessi Donostian jaio zen 1872an, eta Madril, Valentzia, Iruñean ... bizi izan zen. Gogoz kontra mediku izan zen Zestoan eta han, Barojak berak esana da, bere euskal sustraiak topatu zituen atzera. Eta sustrai horiek Beran hartu zuten berriro bizitzeko indar, Itzea etxe sendoan, gaur egun gurtzaleku, barojarraren Meka eta, ziur asko, sinesgabeko askoren Meka ere baden horretan, alegia.
Barojarra. Itzea eta Bidasoaldea idazlearen eta bere munduaren sinbolo bat dira. Baroja ez baita eleberrigile hutsa. Ez da soilik narrazio obra itzel baten eta memoria bikain batzuen sortzailea. Pio Baroja, era berean eta bereziki barojarraren sortzailea da. Hau da, jarrera, estilo, etika eta estetika oso berezi batzuen sortzailea. Barojarekin maitasuna edo gorrotoa sentitu egin daiteke. Beti horrela izan da.
Bizirik dagoena soilik akaba daiteke. Idazleari buruzko azkeneko biografiak, Eduardo Gil Berak egindakoak, diosku Itzeako gizonak pertsonaia bat sortu zuela bere desira eta frustrazioen neurrira. Barojarra, Gil Berarentzat, arrakasta lortu duen iruzur bat da. Era guztietako iritziak daude. Eta honek zera esan nahi du, autore gipuzkoarra –hasieran aipatu bezala– bizibizirik dagoela gaur egun ere.
Memoriaren herrialdea. On Piok gipuzkoartzat jotzen du bere burua, donostiartzat baino gehiago. Bidasoaldea bere obraren zati handi batean islatzen da. Bere herrialde txikia, diosku Miguel SánchezOstizek Derrotero de Pío Baroja saiakeran, “bere orriak zeuden tokian zegoen, geografia zehatz bateko toki batean baino gehiago, memorian hain zuzen”. Edonola ere, bere pertsonaiarik argienak Bidasoaldetik ateratakoak dira, eta grotesko eta zekena, berriz, modu ankerrean islatzen da bere nobela madrildarretan. Gauza egiaztatua da dagoeneko. Arrazen inguruko obsesioa ere egiaztatuta dago, eta misoginia, bere prosa zehatz, sinple, erretorikaren aurkako bikain hura bezalaxe. Prosa barojarraren ustezko deskuidu hori toki komuna da, eta arrunta, inondik ere, barrokorik urreztatuena eta anpulosoena kanona den herrialdean.
Kritika. Baltasar Porcelen iritziz, Baroja “Espainia garaikideko eleberrigile garrantzitsuen eta originalena” da.
Askoz lehenago, Azorínek iragarria zuen euskal idazlearen prosak bere edertasun eta erakar indarra gordeko zuela hurrengo belaunaldientzat ere.
Josep Plaren ustez, on Piok “okerreko generoa aukeratu zuen eleberriak idaztean, zeren eta garai guztietako gaztelar literaturaren memorialista nagusia izan ahal izango baitzen”. Ampurdaneko idazleak, Barojak berak bezalaxe –izan ere hainbat mania, aurreiritzi eta biek jorratutako moldakaiztasun bizkortasunez bete horrek lotu zituen– halako arintasun batez jokatu zuen beste baten literatur lana zorrotzegi juzkatzean. Memorias de un hombre de acción eta Desde la última vuelta del camino nahiko izango lirateke autorea europar memorialismoaren izen handienen artean kokatzeko; talde horretan izango genuke, halaber, Quadern gris lanaren egilea bera.
Obra. Barojak ia ehun liburu argitaratu zituen, 1900 eta 1952 bitartean. Bibliografia honek Vidas sombrías laneko ipuinak ditu abiapuntu (1900) eta hurrenak Silvestre Paradox (1901), El mayorazgo de Labraz (1903) edo La lucha por la vida trilogiako eleberriak (1904) izango ziren; irakurle askoren eta kritiko bat baino gehiagoren iritziz, hauxe da bere obrarik onenetako bat.
El árbol de la ciencia agertu zen 1911n, seguruenik bere eleberririk biribilen eta sakonena, La razaren trilogian sartua.
Barojaren bigarren garaikoak dira Memorias de un hombre de acción izenburupean bildutako eleberri historikoak (19131935). Eugenio Abiranetaren bizitzan oinarriturik daude, urruneko senide baitzuen hura.
Baina, on Piok ez zion idazteari eta kontatzeari utzi. La estrella del capitán Chimista (1930), Locuras de carnaval (1937) eta El puente de las ánimas (1945) bere obrak dira.
Gizatiarraren diagnostikoa. Barojaren juzkuak garratzak izan ziren, eta giza generoari buruz zuen iritzia beti pesimista. “Senez eta eskarmentuz”, idatzi zuen bere memorietan, “uste dut gizakia animalia kaltegarria dela, bekaiztia, ankerra, gaiztoa, nahikunde txarrez betea, batez ere berekoikeriaz eta harropuzkeriaz betea”.
Espainiako gerra zibilaren episodio beldurgarri hark, eleberrigilea alderdi bietan fusilatzeko arriskuan egon baitzen, lagundu egin zuen, zalantzarik gabe, Barojak gizakiari buruz zituen juzku hobbesiarrak sendotzen.
Heriotza. Madrilgo bere etxean, 1956ko urriaren 30ean hil zen. Hemingway egun batzuk lehenago izan zen Baroja gaixoaren ondoan, argazkilari bat aldamenean zuela; hau, askorentzat, bisita zintzoa izan zen, beste batzuentzat berriz nahikoa zalantzazkoa. Madrilgo hilerri zibilean eman zioten lur. Julio Caro Barojak, haren iloba izaki, Bidasoaldeko lur eskutada bat bota zuen hilkutxa gainera.
Grandmontagne, Mourlane, Salaberria
aldatuBitxi ahaztuak. Francisco Grandmontagne, Jose Maria Salaberria eta Pedro Mourlane Mitxelena hiru autore bitxi bihurtu zaizkigu, denborak aurrera egin ahala, bere garaian hainbat irakurle izan bazituzten ere. Salaberriak Alderdi Ederreko lorategietan duen bustoa da ehunka artikulu izenpetu zuen idazle gartsu hau gogoratzeko dugun bakarra. Beste biak are bitxiago gertatzen zaizkigu, haien frantses jatorriko abizenak bezalaxe.
Francisco Grandmontagne, euskal-biarnotarra, Burgosen jaio zen 1866an, Hondarribian hazia, eta Argentinara emigrante gisa joana. Bere obraren zati handi bat egunkarietan idatzi zuen. Argentinako egunkarietan agertu ziren bere artikuluak, La Naciónen esaterako, baita Madrilgo El Solen ere. Ama aldeko osaba zuen Claudio Otaegi, pedagogo, musikari eta euskarazko olerkigilea.
Bertako hizkuntzak eta bertako usadio edo ohiturak oso elementu garrantzitsuak dira Grandmontagneren literatur produkzio oparo eta ahaztuan. Donostian zendu zen 1936an.
Pedro Mourlane Michelenak, Grandmontagnez bestela, ia ez zuen ezer argitaratu egunkarietatik kanpo. El discurso de las armas y las letras lanarekin eman zion hasiera eragin orsiar garbiko “dibagazio saiakera” deituari.
Irunen jaio zen, 1888an eta 1955ean zendu zen. Mourlanek Bilbon findu zituen bere kazetari dohainak, eta El liberal zuzentzera iritsi zen, Indalecio Prietok erosi aurretik; honek, umore handiz, zioen gipuzkoarra gai zela “Ford etxea zortzi egunean hankaz gora jartzeko”. Falangeren sorburuko urratsetan ere partaidetza aktiboa izan zuen, eta erakunde horren himnoko bertso batzuk harenak dira. Mourlaneren prosa, hala ere, bikaina da. Juan Manuel Boneten iritziz, Mourlaneren estiloaren lorratza azken mende erdi honetako prosa onenetako bitan ikus dezakegu, Cunqueirorenean eta Peruchorenean hain zuzen ere.
Jose Maria Salaberria, Mourlane eta Grandmontagne bezala, batez ere egunkariko idazlea izan zen, eleberrigintzan oparo eta gorabehera handiekin aritu bazen ere.
Familia gipuzkoarra zuen, baina Vinarozen etorri zen mundura 1873an, eta Madrilen hil 1940an. Argentinan urte asko eman zituen, eta hainbat lanbidetan aritu eta gero, Iberoamerikako egunkaririk garrantzitsuenetan kolaborazioak idatzi zituen. Honen jarrera ideologikoek hasierako erregenerazionismotik bere azken urteetako kontserbadorismorako bilakaera izan zuten.
Gabriel Celaya, poesia eta bizitza
aldatuBlas de Otero bilbotarrarekin batera, Rafael Mujika (Juan de Leceta ere izan daiteke) poesia soziala deritzonaren –haiei gustuagoko zaie historiko esatea– ordezkaririk garrantzitsuena da; poesia hura, batez ere berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, zuzenean murgildu zen diktadura frankistaren aurkako borrokan.
Bizitza eta literatura. Gabriel Celaya –poetaren bigarren izena eta bigarren abizena, eta bere gerrako izen literarioa edo, nahi izanez gero, literatur gerra eta bakeetako izena– Hernanin jaio zen, 1911n, eta Madrilen hil, 1991n. Karreraz injinerua bazen ere, gizarte posizio sendo eta errespetagarri bati uko egin zion, bere poeta bokazio bizian burubelarri sartzeko.
Berrogeiko hamarkadan, bere emazte Amparo Gastonekin, Cuadernos de Poesía Norte bilduma sortu zuen; honetan argitalpenlan gogoangarria egin zuen. Itxaropena argitaletxe zarauztarrean, 1935ean, poeta gisako lehen pausoa eman zuen, Marea de silencio argitaratuz.
Jarrera. Artean Rafael Mujika gaztea zen, urtebete geroago, 1936ko martxoaren 8an, hain justu, Donostian Federico Garcia Lorca ezagutu zuena. Lorca bezala, Celaya zen poeta herrikoia, bere belaunaldiko irakurrienetko eta kantatuenetako bat eta gero ere hala izango zen. Alabaina, “neutralentzako kultur luxutzat sortutako” poesia madarikatzen duen bera, etorkizunez eta arenga kutsuz blaitutako bere olerkiak jaurtitzen dituen bera, poeta hori bera gai da Gabriel Celaya izaten segitzen duen beste bat bihurtzeko. Zeren eta Celayarengan poeta zuzena eta lagun artekoa bizi baitira, militantea eta errealista, eta poesiaren ikerle sakon eta argitsua, abangoardista, eta bere azken garaiko poeta orfikoa.
Estiloa. Celayagan zaila da, ezinezkoa ez bada, bizitzaren poesiari sasia kentzea. Beregan dituen eta bertso bihurtzen dituen hainbat poeta ez dira soilik literatur teoria –nahiz badiren, eta kalitate handikoak gainera–, baizik eta baita, eta bereziki, bere bizitzaren partea eta artea ere, bere biografia zibil eta poetiko asaldatuaren bizitzaren zati. Bere bertsoetan gorabeherak egon daitezke, baina sekula ez dira ezegiazko edo hutsal.
Obra. Las cosas como son agertu zen, 1949an, Las cartas boca arriba, 1951n eta Cantos iberos, 1955ean; hiru olerki-sorta horietan lehentasuna konpromisoa da. 1957an Kritika Saria lortu zuen, De claro en claro liburuarekin.
Poesía urgente 1960an agertu zen, eta 1971n Campos semánticos esperimentala. Trilogía Vasca, berriz, 1984an eman zuten argitara.
Sari handiak laurogeiko hamarkadan iritsi zitzaizkion, 1986an Hispaniar Letren Saria, eta 1987an Literatur Sari Nazionala. Argitaratutako azken liburua Orígenes/Hastapenak zen –1990, Euskal Herriko Unibertsitatea, Poesía Vasca, hoy.
Testamentua. “Norbera zahartzen joan ahala”, idatzi du poetak, “are garbiago ikusten du aurrerakoitasun arrazionalistaren bide tolesgabean barna ibili ordez, gero eta murgilduago dagoela sorburuen eta mitoen denborarik gabeko denboran, liburu honen sorburuan eskaintzen dudan Cantata de Mnemosinen aipatzen dudan horretan; azken batean, honen helburu bakarra bizipen bat berpizten ahalegintzea da, hau da, egun guztiak munduko lehen eguna eta, horrexegatik hain zuzen, egun oro azkena ere badelako bizipena berpizten ahalegintzea”.
Luis Martín-Santosen abentura
aldatuAbentura plural bat. Luis Martín-Santosen abentura, Larachen jaio eta 1964an Gasteizen bide-istripuz hildako donostiarrarena, espainiar mende erdi hitsaren abentura intelektual handietako bat da. Abentura intelektual, literario eta politikoa inondik ere mediku eta psikiatra geldigaitz honek abiaturikoa.
Idazle gutxi izan dira Luis Martín-Santosen moduan maila zientifiko eta humanistikoko ezaguera zabala izan dutenak, gure artean oso konbinazio arraroa baita. Martín-Santos Donostiako Hospitale Psikiatrikoko zuzendaria izan zen 1951z geroztik. Dilthey, Jaspers y la comprensión del enfermo mental doktoretza-tesia egin zuen –abentura kliniko eta humanoa izan zen– eta P.S.O.E.ren militante nabarmena. Militantzia hau ere abentura bat izan zen, urte horietako idazle konprometituen artean P.C.E.k zuen ospe sendoaren aurrean.
Martín-Santos abenturazalea da, baina abenturazale errealista, oso kalitate-maila altuko lanabes ideologiko, tekniko eta linguistikoz hornitua. Carlos Castilla del Pinorekin batera, lurralde osoko psikiatra gazteen artean etorkizunik oparoena zutenetakoa zen.
Osterantzean, Madrilen unibertsitario gisa eginiko urteetan harremanak izan zituen hainbat intelektual eta idazlerekin, esaterako, Miguel Sánchez Mazas, Juan Benet, Rafael Sánchez Ferlosio edo herrikide zuen Ignacio Aldecoarekin; hau, literaturan, bertso liburu batekin hasi zen, Martín-Santos bezalaxe.
Eleberria. Baina Martín-Santosek literaturari eginiko ekarpen nagusia, inolako zalantzarik gabe, bere Tiempo de silencio eleberria izan da, bizirik zen bitartean argitaratutako bakarra. Eleberri hau 1961ean agertu zenean, gertakizun garrantzitsua izan zen espainiar literaturaren inguruan. Celaren tremendismo gero eta hutsalagoak batetik eta errealismo sozialaren hondarrak zirela bestetik, autore donostiarraren eleberriak beste bide bati hasiera eman zion; honen aurrekaria muga nazionaletatik kanpo bilatu beharko litzateke, Joyceren Ulysses lanean. Baina, Martín-Santos barroko gaztelau bat ere bada –baita alderdirik parodikoenean ere. Kontzientziaren korrontea uhar baten antzekoa da Tiempo de silencio lanean, xehetasunez betetako kontakizun honetan istripu zentzugabe baten ondorioz mediku gazte batek gizarte eta moralaren infernura egiten duen bidaia eskaintzen baitigu.
Kritika. “Azpigarapenaren eleberria, garapenaren balio literarioetatik sortua”, esan zuen Fernando Moránek. José Carlos Mainer kritiko eta saiakeragilearen iritziz, eleberriaren xedea “mito geldiarazleen –edipismoen, erruduntasun konplexuen, tradizioen– suntsipena da, eta bere pertsonaiek –berritsu bezain komunikazio gabeek– galarazita duten elkarbizitzaren berreraikuntza”.
Janet Winecoff hispanistari 1962an eskainitako elkarrizketa batean, Martín-Santosek zioen “Espainian eskola errealista, oinezko samarra eta konprometitua” zegoela, eta honek ematen zuela tonua. “Edukiz eta konplexutasunez irabazi beharko du, errepikapen monotono eta interes gabeari ihes egin nahi badio”. Bere eleberriak sobera lortu zuen helburu hori, eta Tiempo de destrucción (1975) lan amaitu gabean ere helburu bera proiektatu zuen, hil ostean izan arren.
60ko hamarkadako beste autore batzuk eta eskultore baten liburu nagusia
aldatuHirurogeiko hamarkadan beste autore gipuzkoar batzuek bere obrak argitaratu eta sari garrantzitsuak eskuratu zituzten.
Martin Ugalde. 1962an Martin Ugaldek, Andoainen jaioa 1921ean, Sésamo Sari ospetsua lortu zuen. Narratzaile eta saiakeragile ona izateaz gain, Martin Ugalde sei aleko Historia de Euskadi baten autorea da, Frantzian eta Venezuelan erbestea ezagutu zuen autorea.
Santiago Aizarna (Oiartzun, 1928). Humano animal olerkiak argitaratu zituen, 1966an, nahiz eta ordurako argitaratua zuen bere Los pecados de la calle lehen eleberria, hain zuzen, 1956an. Gipuzkoan sortutako kultur enpresa askoren sustatzaile, Aizarnarena izen funtsezkoa da euskal literatur kazetaritzan, euskaraz zein gaztelaniaz, duela hainbat hamarkadatatik hona.
Miguel Pelay Orozko 1913an jaioa zena, hainbat eleberriren egilea da, esaterako Jai Alai en América deritzonarena; Jorge Oteizari buruzko liburu bat du, baita hainbat saiakera ere, hala nola Gran país, difícil país, Diálogos del camino edo La ruta de Baroja.
Jorge Oteiza. Hirurogeiko hamarkadan (1963) testu erabakigarri bat agertu zen herriko kultur historiarako: Jorge Oteizak Quosque tandem...! argitaratu zuen, “azken berrogei urteotan gure herriaan Arte eta Estetikari buruz argitaratu den agiri zorrotz eta polemikoenetako bat”, zioen Francisco Calvo Serrallerek 1985ean.
Alabaina, ez zen izan lehen aldia, Orioko eskultoreak (1908) bere azalpen teoriko eta literarioak idatzitako hitzaren bidez ematen zituena. Androcanto y sigo olerkiak argitaratu zituen 1954an. Duela hainbat hamarkadatik, euskal artista borrokari, jeinu eta gozakaitzak ez dio poesia idazteari eta pentsatzeari utzi. Eta poesia hori idaztean, ezin bestela izan, sintaxi eta kode propioak ditu, argia da batzuetan, eta ulertezina besterik gabe beste batzuetan. Oteizaren lengoaia –bertsoan, burdinan eta zeramikan– zeharo besterenezina eta propioa da. Bere herrikide Miguel Unamunok esan ohi zuen moduan:
“Ni bakarrik naiz”.
Horrela sentitu omen da sarritan euskaldunon herrian, berak esan baitu.
Gipuzkoa, gaur
aldatuUne honetan bertan, Gipuzkoan hainbat idazle-belaunaldi ditugu, zorionez, lanean.
Raul Guerra Garrido (1953), Nadal Saria, Planeta Sarian finalista, eta eleberri produkzio oparo eta bikain baten egilea. Honetan, azpimarratzekoak dira La carta, Lectura insólita de El Capital, Cacereño edo El otoño siempre hiere.
Fernando Aranburu (Donostia, 1960), Cloc talde surrealistaren kidea, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldean, poeta eta izugarrizko kalitateko bi eleberriren egile: Fuegos con limón eta Los ojos vacíos.
Clocen beste kide batek, Alvaro Bermejo donostiarrak, hainbat eleberri argitaratu ditu, eta zenbait sari eskuratu, esaterako Sevillako Ateneo La piedra imán lanarekin. Julia Otxoa obra poetiko bizi eta aukeratu baten egilea da, eta honetan nabarmentzekoak dira Centauro edo La nieve en los manzanos. Narrazio motzean ere lan aipagarria egina du.
Donostiako beste idazle bat Luisa Etxenike da. Duela hainbat urte hasi zen argitaratzen, eta dagoeneko zenbait eleberri ditu kalean, esaterako El mal más grave edo Vino.
Bitartean, Gipuzkoak etengabe eskaintzen ditu herrialdeko kultur garapenarekin konprometitutako pertsonak, besteak beste, Felix Maraña nekaezina –saiakeragile, editore eta literatur jarduera asko eta askoren sustatzaile– edo euskarazko autore eta editore Jorge Jimenez; honen etxea, Alberdania (Irun) izenekoa, ahalegintzen ari da euskara eta gaztelania harmonian bizi daitezen bere katalogoan.