Euskal literatura/80ko hamarkada

Poesia 80ko hamarkadan

aldatu

Nahiko interesgarria da 1978 eta 1995 bitartean egindako poesia, gure garaia islatzeaz gain adierazpide oparoa, estetika ezberdinak eta mundu anitzak agertzen baititu. Paisaia anitza, gauzei buruzko ikuspegi ezberdin eta bereiziak aurkezten dira, baita politikari eta alderdi moralari dagokienak ere.

Poesia interesgarri baterako arrazoiak. 1978 eta 1995 bitartean egindako poesia nahiko interesgarria da, gure garaia islatzeaz gain adierazpide oparoa, estetika ezberdinak eta mundu anitzak agertzen baititu. Paisaia anitza, gauzei buruzko ikuspegi ezberdin eta bereiziak aurkeztuko dira, baita politikari eta alderdi moralari dagokienak ere.

80ko hamarkadako poesia aldakorra dela esan liteke, osagai ugari ditu, idazle berri eta baliotsuak agertzen dira, eta estatistika hutsak ere urte horien garrantziaren berri emango du.

Poesiaren zenbakiak. 1980an 11 poema-bilduma argitaratu ziren; 1981ean, 1 eta 1982an 1; hortik aurrera zenbakiek gora egin zutelarik; 1983an 8 argitaratu ziren; 1984an 12 liburu; 1985ean, berriz, 18, eta, gorakada bermatuz, 1986an 20, eta 1987an 16.

Hortik aurrera kopuruak egonkortu egin ziren: 1988an 11, eta 16, 1989 eta 1990ean. 1991az geroztik, ordea, beheranzko joera nabaria da. Baliteke arrazoia urte horretan Mendebaldean ematen den eta Espainiak 1992 arte nozitu ez zuen krisi ekonomikoa izatea, eta baliteke Alemaniaren batasunak nahiz Golkoko Gerrak krisi ekonomiko zikliko horretan zerikusia izatea.

Gertuago begira, Eusko Jaurlaritzak edizioari emandako laguntzak murriztu zituen, Bilbon Guggenheim Museoaren filial bat eraikitzeko erabakiaren ondorioz. Literatur argitalpenen beherakada ezin da, hala ere, arrazoi horrekin soilik azaldu.

Ikasketa-planen aldaketak argitaletxeak eskolaliburu berriak egitera behartu zituen. Bestalde, argitaletxeek beren produktuetan gero eta kalitate handiagoa bilatzen zuten. Aldi berean, liburu bakoitzeko argitara emandako ale kopurua murriztu egin zen, euskal irakurleriak egiaz onar dezakeen liburu kopurura egokituz.

Literatur sistema. 80ko hamarkadan literatur sistemak eta erakundeen laguntzak euskarazko argitalpenen garapena bultzatu zuten. Autonomiaren eta konpromiso deitu ohi den horren arteko eztabaidak –konpromiso hitza onartu egingo dugu, nahiz badakigun atzean zehaztugabetasuna edo, hobeto, definizio ezberdin ugari gordetzen dela– hainbat estetika eman zituen, elkarri gailentzeko borrokan. Besteei nagusituko zaien estetika baten agerpena gurean behin eta berriro errepikatu zen joera bat da.

Luma eta lurra. Lan honi «Luma eta lurra» izena eman diogu. Izan ere, bi osagai horiek sinbolikoki euskal poesiak zeharkatuko dituen funtsezko alorrak ordezkatzen dituzte, izenburuak azken mezua gehitxo sinplifikatu dezakeen arren.

Luma literaturaren autonomia eta esparru estetiko berrien bilaketa da.

Lurrak bertakoarekiko atxikimendua agertzen du. Atxikimendu horrek batzuetan ez du kanpoko munduarekiko harremana bazter uzten, baina, batez ere, bertakoa eta berezkoa dena sistemaren aurkako borrokaren baitan txertatzea du xede.

Garai horretako poesiak ez dio nagusigoa lortzeko borrokari muzin egingo. Hasieran poesia sozialarekiko hausturak abangoardian errotutako literatura autonomo bat, geroago esperientziala izango dena, sustatu bazuen ere, urteen joanarekin eta Joseba Sarrionandiaren obra eta teoriaren eraginez proposatu zen Sartreren itzalpeko marxismoaren artelanari buruzko teorien gertuko poesia bat, aldi berean nazionalismo erradikalaren ideiak islatuko zituena.

Bitxia bada ere, eztabaida horretan lirikaren argitasunaren inguruan jarrera ezberdinak agertu ziren, eta hizkera hermetikoaren nahiz eguneroko hizkeraren auzia aztertu da, egoera aski paradoxikoak emanez.

Gure ikerketaren eremua'. Atal honek aztergai ditu 1978. urtearen inguruan –Bernardo Atxagaren Etiopia argitaratu zeneko urtea–, lanak argitaratzen hasi ziren egileak, beren lehen lanak 800ko hamarkadan argitaratu zituztenak nahiz 1995 arte argitaratzen jarraitu duten egileak, zikloa Joseba Sarrionandiaren “Hnuy illa nyha majah yahoo” poemarekin 19851995 ixten delarik. Espazio arazoak medio, 90ko hamarkadan argitaratzen hasi diren egileak ez dira jaso, ikerketan zehar horiei buruzko iruzkin solteren bat ager badaiteke ere.

Mapa bat eginez

aldatu

Franco Jeneralaren heriotzaz geroztik, euskal poesia bakoitza bere bidetik baina euskal lirikan barrena aldi berean garatuko diren bost multzo handiren inguruan bil daiteke.

Poesia soziala. 1975era arte, gutxi gorabehera, poesia sozialak, Gabriel Arestiren eraginpean, estetika nagusi bat ezarri zuen. Poesia deskribatzailea zen, salaketazkoa, erroak Blas de Otero eta Celayaren errealismo sozialean zituena. Sarritan gertatu ohi denez, Arestiren lanei darien ironia, bere obraren dohain nagusietakoa, haren jarraitzaileengan panfleto tankerako poesia bihurtu zen.

Poesia sozialarekiko lotura etetean poesia berritu egingo dela esan daiteke, hurrengo urteetan eten hori leunagoa izango zen arren, Gabriel Arestiri eta abangoardien sarrerari esker.

1976 eta 1978 bitartean iraganarekiko haustura islatu zuten hiru poema liburu argitaratu ziren.

1976an Koldo Izagirrek Itsaso ahantzia argitaratu zuen, 1977an Manu Ertzillak Hitzik anitz idatzi dut, eta 1978an Bernardo Atxagak euskal poesiaren ondorengo bilakaera ulertzeko ezinbestekoa gertatzen den liburua: Etiopia.

Hiru idazle horiengan oinarrizko hiru ezaugarri nabari dira:

  • jada aipatu dugun poesia sozialarekiko haustura;
  • abangoardiarako hurbilketa, kreazionismora Koldo Izagirreren kasuan, eta dadaismo, espresionismo eta surrealismora Atxagarenean, eta
  • Euskal Herrian isiltasunaren poetika izena zuena, eta gazteleraz esanahi ezberdina. Haun Beckettengandik datorren –gordean, beste hainbestetan bezala, Jorge Luis Borges akaso?- korronte bat izendatzen du. Hitz poetikoak ezin baitu errealitatea adierazi, dena esanda dagoelako, eta, horren ondorioz, isiltasunak sortzen duen izua adierazi besterik ez dezake egin.

Ustela aldizkaria. Literatur lanak ere hiru idazleok batu zituen. Izagirrek eta Atxagak Ustela aldizkarian elkarrekin lan egin zuten, Bernardo Atxaga Bilbora joan eta Pott aldizkaria sortu zuen arte; Manu Ertzilla zen haiekin aritu zen hirugarrena.

Ikusiko dugunez, Koldo Izagirrek poesian egin zuen ibilbidea aldakorra da. Bernardo Atxaga bere idazle ofizioari lotu zitzaion, hizkuntzaren mugetatik haratago,i euskal literaturaren erreferentzia bihurtzeraino.

Pott taldea Bilbon gutxi gorabehera modu egonkorrean mantendu zen bitartean, bere kideek antzeko literatura egin zuten, baina taldea laster sakabanatu zen, eta kide bakoitzak literatur abentura ezberdin bat garatu zuen.

Pott taldea

aldatu

Pott taldea 1977an sortu zen, Bilbon. Aztergai dugun aldian euskal poesiako talde dinamiko eta garrantzitsuenetako bat izan da. Pott banda da aipatu ditugun talde estetikoen arteko lehena. Kideak Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla, bere burua nobelagile gisa agertuko duen Jose Mari Iturralde, Ruper Ordorika musikari garrantzitsua eta Jon Juaristi, gaztelaniaz idatziko duen poeta.

Poesian, taldekideek egindako liburu nagusiak, aipatu Manu Ertzillaren Hitzik anitz idatzi dut lanaz gain, Etiopia (1978) eta Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena (1981) dira.

Atxaga

aldatu

Etiopia liburuak, bederatzi zirkuluko segida batean, Danteren infernua irudikatzen du. Etiopia Utopiaren alderanzketa da, utopia ezinezkoa balitz bezala eta poema-bildumaren barruan bizi den esperantzarik gabeko gizonak «etiopia», gosea, miseria, baino eskuratu ahal izango ez balu bezala. Izenburuak Rimbaud abangoardiako poesiaren aita omentzen du, eta horrela, irrazionalismoa eta abangoardia lagun, sortu zen poema-bilduma hau. Azkenik, «etiopiak» T.S. Elioten Lur antzua, Pott talde osoarentzat ezinbesteko erreferentzia, poema-bilduma gogorarazten du.

Poema liburua bi ipuinek irekitzen dute, eta horietako batek Rimbauden historia aipatzen du. Gero liburuaren zatirik handiena hartuko duten hareazko bederatzi zirkuluak garatzen dira, eta liburua adierazpenaren eta hitz poetikoaren eraginkortasun eza agertzen duen ipuin batek ixten du.

Tonu poetikoak hastapenetako Sarrionandia, abangoardia europarrak eta dadaismoa ekartzen ditu gogora, eta eguneroko bizitzako hizkera eta adierazpide higatua –publizitatea, zinemako hizkuntza, massmedien presentzia– baliatzen ditu, hizkera estetizista baztertzeko modu ironiko gisa. Metaforak eta esanahiak liburuaren eta bere egituraren arteko harremanaren erdigunea hartu zuten.

Bernardo Atxagaren liburuak literaturaren eremuan lurrikara bat eragin zuen, bere formagatik nahiz hizkera poetikoari heltzeko moduagatik. Planteamenduen berritasunak eta kontzientzia poetikoaren sakontasunak Euskal Herrian poesia egiteko modua eraberritu zuten. Unitatearen kontzeptua galdua deneko kontzientzia –liburuko lehenengo poemak «Hautsi da anfora» dio, Pessoak bezala– abiapuntu harturik, egia kontzeptuaren galeraz oharturik, erlatibismotik, sentimentalismoaren ukazioa proposatzen zuen liburuak –«Sentimentalismoa sentimenduaren porrota da», Wallace Stevensek adierazi zuenez–, poesia sozialaren baikortasunaren aurrean nolabait frakasatuaren tonua erabiliz: «Hemen utopiak hain zitalak izango ez balira» –esango du Atxagak.

Literatur ibilbidea. Geroago, fantasiazko literaturaren oinarriei jarraiki, Bernardo Atxagak nobelak eta kontakizunak argitaratu zituen. Etiopiaren ondoren, bere adierazpide poetikoa makaldu egin zen, eta aldizkarietan poema solte gogoangarri batzuk baino ez ditu argitaratu. Nolanahi ere, 1990ean Atxagak abangoardiako poesia gaitzetsi egin zuen, irakurtzeko zaila delakoan, eta lehen irakurraldian ulertzeko moduko poesia argi eta zuzenago bat egin nahi izan du.

Poesia primitiboaren eraginez, errepikapenean oinarritzen den erritmoaz, Atxagak jada musikaren eta disko konpaktuen bidez zabaldu diren testuak argitaratu ditu, «Trikuarena», kasu. Beste norabide aldaketa batek errealismora eraman zuen, haren nobelagintzan bezala, eta nazionalismoa zein Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa kritikatu zituen, horrek bere obrak izan duen harreran eragin duelarik.

Isiltasunaren poetika, guk ematen diogun adieran, mundua gabe «horror vacui» delakoa adierazten duen poetikak Atxaga zuzenean nihilismorako bidean jarri zuen. Gure iritziz, proposatzen den isiltasunak, Rella filosofo italiarrak esan bezala, modernitatearen aurrean erreakzionatzera eta berori birplanteatzera eramaten du, atzera Walter Benjaminen irizpideetara, isiltasunak inposatzen duen paralisia hausteko formula gisa.

Sarrionandia

aldatu

Izuen gordelekuetan barrena. 1981ean hamarkadako beste liburu enblematiko bat argitaratu zen. Joseba Sarrionandiak, 1980an zehar, idatzi zuen Izuen gordelekuetan barrena liburua –izenburuak biziki gogorarazten du Elías Canetti.

Nobisimoen kulturalismoak arrasto sakona utzi zion. Ez da harritzekoa. Idazlea urte haietan burutzen ari zen irakurketa-abenturaren fruitua da liburua. Eragin agerikoenen artean Gimferrer, José María Alvarez, Irlandako poesia primitiboa eta beste hainbat izen eta zantzu aipa daitezke, eta ororen gaindi, jakina, Pessoa eta Eliot.

Irudimenezko bidaia. Liburua funtsean Europan eta europarren poesian zehar eginiko ibilbide bat da, haurtzaroko aberritik hasi eta erbeste pertsonalera. Egileak Europako paisaiak eta literatur pasarteak kurritzen ditu, aldi berean bere idazle maiteenen eta poetak frankismo garaiko giro itogarritik ihesbidean gordelekutzat hartu zituen hirien omenaldia den bidaia batean.

Liburuak irudimenezko liburu bat jasotzen du, poetaren jaiolekutik hasi eta Paris, Grezia, Lisboa, Irlanda, Praga eta erbestean barrena gauzaturikoa. Liburua zazpi zirkulutan banatzen da, Etiopia liburuaren antolamendua gogoraziz. Liburuaren zirkulu-formako antolaera, etxera itzuli, hura ezagutu ez eta atzera alde egiten duen pertsonaia erakusten duen esperantzarik gabeko denbora zirkulu bat agertzen du.

Estiloa sortzeko nahia. Liburuaren alderdi azpimarragarri bat egileak duen estiloa sortzeko nahia da. Sarrionandiaren estiloa nahikoa estetizista da, Jon Mirande idazlearen kontinente aldeko eraginpean, iparraldeko euskalkietan lexiko biltegi bat bilatzen duelarik, hau da, sentsibilitatea eta lirika herrikoi ederzalearen tradizioa uztartzen diren biltegia.

Sarrionandia bidaien eta abenturen inguruan sinbologia propio bat sortzeko gai izan zen. Erreferente garbiak ditu –Coleridge, eromantizismo abenturazalea, Melville eta Conraden bidaiak–, baina azpian datzan anarkismo pertsonalaz etengabe erbestean dagoenaren irudia sortu zuen, bere buruaren analogia, errotiko inkonformismo baten oinarri.

Liburuak Borges, Pessoa eta Elioti asko zor die eta, idazle horietan bezala, zatikatzearen gaia funtsezkoa izango da, aro garaikidearen bihozminaren adierazpen gisa. Nolanahi ere, modernitatearen paradoxek –Pessoak aipu honetan hain egoki deskribatuak: «Argonauten abenturaformula modu samingarrian errepikatzen genuen: nabigatzea beharrezkoa da, bizitzea ez»–, bizi eta bidaiatzearen arteko kontraesanek liburuari tragediaren baitan babesgabetasuna eta kontraesanean bizitzearen sentimendu bizia eman zioten, geroago Sarrionandiaren poesian garbi islatua.

Liburua 1980an idatzia izan zen, eta urte horretan atxilotu eta espetxeratua izan zen Sarrionandia, ETAko kidea izateagatik. 1989an ihes egin zuen, eta erbestera abiatu zen. Liburuaren hitzaurrean gorabehera horien eragina garbi ikus daiteke. Hitzaurre horretan, egileak aitortzen du liburuaren estetika ez datorrela bat ez bere bizitzarekin ez bere poesia-ikuskerarekin.

1981etik aurrera eta 1987 bitartean Sarrionandiak kontakizunak argitaratu zituen, azken urte horretan Marinel zaharrak agertuko delarik. Liburua literaturatik bizitzarako itzulera mingarri gisa interpretatu izan da. Lan hori egileak ordura arte idatzitakoaren, argitaratutako bere liburuaren eta testu argitaragabeen, antologia bat da, eta bere geroko lanen norabidea markatu zuten. Kronologiari begira alderantziz antolatua, berriena hasieran agertzen delarik, hiru zatiek proiektu bakar bat osatu zuten, Tren ilun eta bustiak izenekotik hasi eta azken liburura, Poemak. (19851995), hemen laburki aipatuko duguna.

Gartzelako poemak izen bereko Gartzelako poemak (1992) liburua eman zuen, hirugarren zatian egilearen lehenengo liburuaren antologia txiki bat jasotzen zuena, aldaketa nabarmenekin bada ere.

Kartzelako poemen zikloan gai hauek jorratzen dira, besteak beste, justiziaren salaketa, torturaren arbuioa zein suntsidura eta etsipenezko mundu propio baten sorrera. Edonola ere, Sarrionandiaren poetika alderdi bat baino gehiago ikusteko gai da, gauzen inguruan ikuspegi anitzak agertzen baititu. Hala, aurretik aipatu dugun indibidualismoari esker, poetak poema gogoangarrietan, dogmatismoa saihesten zuen, nahiz eta, beste askotan ideologia bulkada poetikoari gailentzen zitzaion.

Bere estilo poetikoak, ordea, panfletoak egitetik aldentzen du, eta zenbaitetan sentimenduen doitasunaz eta niaren azterketaz sentimentalismoa eta bakardadea estetikoki agertzea lortu zuen.

Poemak. Egileak argitaratutako azken liburuak, Poemak (1985-1995), bere obran hain funtsezkoa den aipatu liburuan jada argitaratutako zenbait lan biltzen ditu. Egileak liburuaren atal bati «Tren ilun eta bustiak» izena jarriko dio.

Alabaina, gaiaren aldetik testuak berrikuntzak agertzen ditu. Ardatz nagusia ibilbide geldo bat da, oroitzapenetik etorkizunera, iraganetik heriotzara doana. Poetak mito eta arketipo ezagunak baliatzen ditu: marinel zaharra, galdutako bizitza baten irudi, baina oraindik ere duintasunez borrokatzen dena, urrunduz doazen tren ilunak, bi bihotzak, nahiarena eta errealitatearena; heroiaren irudia moldatzerakoan kartzelaren esperientzia eta torturari buruzko hausnarketa jaso ditu. Heroi hori ikuspegi intimista eta gizatiar batetik aurkezten digu, indarkeriazko zurrunbilo baten barruan bada ere:

«Zer esan itsasoak
munduaren azalean zabaldu zirenetik
irlak itsasoaren azalean lekutu zirenetik
bakerik gabe, treguarik gabe,
ia etenik gabe
dirauten gerlei buruz»

Poeten bigarren multzo bat

aldatu

Poeten bigarren multzo batek poesia figuratiboa, esperientziaren poesia baten ingurukoa jorratu du. Erroak hizkera sinbolista eta estetizistan dituen estetika batetik abiatuta, Felipe Juaristi (1957) eta Juan Kruz Igerabideren (1956), nagusiki, eta Amaia Iturbide (1961), Joan Ramon Madariaga (1962) eta Mari Jose Kerexetaren (1961) obra poetikoen ekarpen nagusia beste leku batzuetan baliatutako hizkera poetikoaren antzeko bat lantzean datza.

Jaiotza eta liburuen argitaratze datei begira, mugimenduan bi poeta multzo bereiz litezke.

Helduak

aldatu

Helduak 80ko hamarkadaren erdialdean hasi ziren argitaratzen, eta gazteenak hamarkada horren amaieran. Mugimenduak, gainera, 90ko hamarkadaren hasierako urteetan argitaratu duten hainbat poetarengan eragin izan du.

Felipe Juaristi. Felipe Juaristiren liburuek bilakaera propioa izan dute. Denbora, nostalgia 1985; Hiriaren melankolia (1987) hasierako bi liburuen hizkera sinbolistaz eta sentsibilitateaz egileak tonu poetiko berezi bat sortu zuen, eta horrek irakurleen onarpena ekarri zion. Esperientziaren poesiatik gertuko, egilearen poesiak tonu zolia agertzen zuen, poesia pedagogiko eta militantetik urrun. Juaristik beti bere inguruko gizarteari buruzko ikuspegi moral bat landu du. Garai horretako bere poesiaren oinarriak dira gaiekiko hurbiltasun sentsazioa eta elaborazio sinbolikoa.

Abentura eta erotismoa. Poetak eskuarki bi gai pertsonal jorratuko ditu: bere bizitzearen eguneroko abentura eta emakume maitatuaren erotismoa. Poemak lehenengo pertsonan idatziak dira, eta horrek batzuetan egilearen esperientzia dramatizatzen du, eta beste batzuetan poetaren bizitzari buruzko ikuspegia mozorrorik gabe aurkezten du. Egilearen mundu pertsonala bere poesigintzaren funtsezko osagaia da. Halaber, bere literatur jaidura nagusietakoa liburu itxi bat moldatzea da.

Erreferentziak. Inoiz esan izan da Joseba Sarrionandiaren Izuen... liburua dela Europa kosmopolita batera garamatzan irudimenezko geografia bat sortzeko Juaristik baliatu duen eredua.

Felipe Juaristiren poesian erreferentzia nagusi bat Mikel Lasa 60ko hamarkadaren hasierako poeta sinbolista da, zalantzarik gabe.

Egilearen azken lanean –Laino artean zelatari (1994)– tonua aldatu egin da, poetak hausnarketaren poesia bat landu du. Orain neurtitz luzeak, esaldi itxiak, esaerak, kontzeptuak... dira nagusi. Bizitza eta heriotzari buruz ikuspegi aszetiko eta, zalantzarik gabe, moral batetik hausnartzen duen poesia bat da. Poesia eta metafisikaren artean, Wittgensteinen parodiaren eta Audenen ikuskera poetikoaren artean, Felipe Juaristik testu trinko eta itxi bat osatu du, bizimodu modernoaren kontraesanetatik zehar, hiri anonimoan banatu egiten den nortasunaren barrena eginiko bidaia bat.

Juan Kruz Igerabide, Juan Kruz Igerabideren poesiak aldaketa gehiago jasan ditu.

NotreDameko oihartzunak (1985) liburuaz euskal poesiara budismoaren printzipioak ekarri nahi zituen ibilbide poetiko bati ekin zion. Tonu inpresionistan idatzia, liburuak arketipo eta joko gordeen bidez kontzeptu politikoak jorratzen zituen, eta hilzorian zegoen kultura primitiboarekiko mirespena agertzen zuen.

Hilzorian dagoen zaharraren eta tradizioaren lekua hartzen duen berri, modernoaren arteko tentsioak ying eta yang, Alfa eta Omega, Aleph eta Tau bikoteez, ekialdeko erlijioek aditzera ematen duten orekaz, leuntzen dira. Hori da liburuaren mezu nagusia, hausnarketa pertsonal gisa hedatua eta liburuan kontatzen den narrazioaz nahiz euskarri dituen mitoez apartekoa: pertsonari gizatasuna kentzen dion sistema industrialaren aurrean mundu orekatu bat eskaintzen du.

Bizitzarekin solasean (1988) bigarren liburuak, ostera, bizitza eta paisaiari, ametsa eta arrastiriari buruzko ikuspegi inpresionista hori agertzen du. Hastapenetako modernismoaren inpresionismoa.

Barojaren moldeko Mari Beltza pertsonaia medio, Igerabidek maitasunik ezaren gaineko alegia bat egin du, horretarako eszenaren estilizazioa, poema laburrak eta metaforan zein musikaren konposaketan oinarritutako hizkera poetiko bat erabiliz. Liburua ahots poetikoarekin bat egiteko bide pertsonal bat da.

Juan Kruz Igerabidek, 1992an, haurrentzako bi poema liburu argitaratu zituen, eta horietan lehena, Begi niniaren poemak, Haur Literaturako Sari Nazionalean finalista suertatu zen eta gaztelerara itzuli dute. Liburu hau azaltzerakoan generoak, haurrentzako poesia, ez gintuzke erratu behar. Liburuaren osagai nagusia haikua, inpresio trinkoa, da, azken muturrera eramana. Nolabait ikaskuntza-liburu bat da, besteak beste, haikuak egiten, funtseko irudia atzematen, poesia herrikoia lantzen, mundu bat sortzen ikastekoa. Jakina da haurrentzat idazterakoan egileak seriotasuna apur bat gal dezakeela, eta bere burua inhibiziorik gabe ager dezakeela.

Askatasun sortzaile hori oraingoz bere azken lanean nabari da: Sarean leiho (1994), haiku eta esaeren bilduma. Testuaren bi euskarriak begirada eta adierazpide laburrak izango dira. Haikuak esanahi, misterio edo interpretazio-izpi bat sortzen duen unean poesia zati bihurtuko da, barruko esperientziaren poesia, xehetasun txikiari erreparatzen diona, isiltasunaren poesiatik hurbil bizitza goresteko kantu bat sortzeko.

Gazteak

aldatu

Amaia Iturbide. Amaia Iturbidek hiru lan argitaratu ditu: Eskaileraren bi aldeetan (1986), Itzulbidea (1992) eta Gelak eta zelaiak (1994).

Iturbideren poesiari «avant toute chose» sentsibilitatea dario. Joan Mari Lekuona bizirik dagoen euskal poeta garrantzitsuenetako baten estetikan hezia, bere adierazpide poetikoaren bereizgarri dira neobarrokismoa, lan fina eta mundu metaforiko eta sinboliko baten sorkuntza, zirrara eta transzendentzia uztartzen dituena.

Lehenengo pertsonan egindako poesia horrek aurkakoen batasun idealista eta esperantzaren aldarrikapena ditu xede, utopia modernoaren molde gisa. Mundua, barnekoa (gelak) eta kanpoaldekoa (zelaiak), poesia sinbolista batean biltzen dira, sentipenen bidez eta klasikoei begira mundu txiki baten ikuskera bilatzen duena, ideala eta erreala, nahia eta egunerokotasuna uztartzen dituen poesia moldatuz. Hortikakoa du Amaia Iturbidek tradizio poetikoari darion irrealtasun eta gardentasun giroa.

Joan Ramon Madariaga, lau poesia libururen egile, bere esperientzia autobiografikoaz –gurasoen heriotza, maitasuna– tonu zuzen, ia egiatiz arituko da, baina elaborazio poetikoa bilatzen du kontinente aldeko Euskal Herriko euskalkietan errotuta zantzu modernista bat uzten duen hiztegi bat landuz.

Poetak behin baino gehiagotan esan duen bezala, bere gaiak poesiak betidanik jorratu dituenak dira: bizitza, maitasuna, heriotza, izadia, bere sorkuntza lanaren idolo bihurtuta. Halaber, Larkin eta Audenek aberastu dute bere esperientzia poetikoa, egitura xume eta hiztegi anitz eta oparokoa.

Mari Jose Kerexetak 1988an Ezezagun baten koadernoa, maitasunezko desengainuaren irudikapen poetikoa, argitaratu du. Egitura itxi bati lotua, edo hobeto esanda, lan narratibo bat osatuz, liburuak maitasunetik desengainurako bilakaera agertzen du, egunkari apokrifo baten bidez.

Liburu honetan bakarrizketa dramatikoak berebiziko indarra du, bukatzen ari den maitasunezko esperientzia bat, geratu ezin den denboraren joanarekin batera, azalduz. Bakarrizketaren teknikek eta eguneroko bizitzako hizkeraren erabilerak liburu hau esperientziaren poesiarako hurbilketaren nahiz «ulertu egiten den» poesiaren eredu bilakatzen dute, zeren eta, itxurazko adierazpide erraz horrekin eguneroko bizitzaren hondamendia eratzen eta komunikatzen baita. Nostalgia ahanztura bihur daiteke.

Poeten hirugarren multzo bat

aldatu

Maiatz aldizkaria. Hirugarren poeta-multzo bat Iparraldeko idazle gazte batzuek 1982an Baionan sortutako Maiatz aldizkariaren inguruan osatu zen. Laster bilakatu zen aldizkaria bere eragin eremuan idazten zen literaturaren bilgune eta bultzatzailea. Ezinbestean lan-mota oro hartzen zuen aldizkari bat zen, prosagileak eta poetak, saiogileak eta kritikoak, gazteak eta beste belaunaldi batzuetako idazleak biltzen zituelarik. Luze gabe liburu-bilduma bat sortu zen, Iparraldeko egileek beren lanak argitaratzen dituztelarik. Hain zuzen, zenbait poeta gaztek beren lanak aldizkarian nahiz bilduman argitaratu zituzten.

Iparraldeko poeten artean hiru nabarmenduko ditugu: Itxaro Borda (1959), aldizkariarekin lotura handiena duen egilea, beste argitaletxe batzuetan ere argitaratu duen arren; Jon Casenave, bere ibilbide poetikoari Maiatz plataformatik kanpo ekin ziona, baina azken aleetan zuzendari gisa jardunez aldizkariarekiko bere atxikimendua agertzen duena; eta Aurelia Arkotxa (1953), behin baino gehiagotan estetikaren ikuspegitik bere burua aldizkaritik urrun sentitzen duela esan duena, bere obra beste argitaletxe batean argitaratu duelarik.

Itxaro Borda Euskal Herri osoan da ezaguna. Bere obrak geografiak –edo politikak– batzuetan ezartzen dituen mugak apurtu ditu. Obra poetikoa –zenbait nobelaren egile ere bada– 1984ko Nola bizitza badoan lana eta 1991ko Bestaldean lana bitartean garatu da, tartean beste hainbat liburu argitaratu dituelarik.

Tonu poetikoak. Bordak tonu poetiko ezberdinak landu ditu. Abangoardia ekarri du baserri-giroan errotuta jarraitzen duen poesiara. Parisko egonaldiak eta bere sen poetikoak askotariko liburuak irakurtzera eraman dute, eta horren fruitu poetika xume bat da: «Bizi naizen moduan idazten dut, idazten dudan moduan bizi naiz».

Poesia herrikoi, paisaien zale eta deskriptibotik literatura militantera –Euskal Herrian duen adieran–, bere obran hainbat tonu poetiko nabari daitezke: abangoardia, ironia, poesia intimoa, betiere gizakiaren dohakabetasunaren ikuspegi larri baten baitan.

Jon Casenave. Bi poema bildumen ondoren, egileak berak inolako kalitaterik ukatzen baitie, 1984an Jon Casenavek Ordu alferren segida liburua, Budaren bizitza jasotzen duena, argitaratu zuen. Liburu trinko bat da, ardatz narratibo baten inguruan egituratua, eta gizartearen nahiz pertsonaren esentziaren gaineko ikuspegi orientalista bat proposatzen du. Paisaia alegoriko ezberdinetan zehar eginiko erromesaldi bat medio, Casenavek patxada, urruntzea, proposatzen ditu gizarteko tentsioari ihes egiteko moduan.

Aurelia Arkotxa. 1993an argitaratutako Atari ahantziak liburuak poeta berezi bat agerrarazi zuen.

Labirinto existentzial bat. Liburuak labirinto bat irudikatzen du, idazlearen bizitzarena. Egileak, oroitzapena eta memoria baliatuz, ibilbide existentzial bat deskribatzen du, hunkipen estilizatua medio. Pintura eta poesiaren, arte eta literaturaren arteko lotura etengabeek testuari esanahi sakona ematen diote, eta estiloaren trebeziak liburuari irakurketa sinboliko bat eransten dio.

Egileak argitzen ez dituen zenbait esperientzien oroitzapenak liburua tonu urrun batez, tonu fin eta sentikor batez, janzten du. Arkotxa idazle heldu gisa agertzen zaigu, esperientziaren eta isiltasunaren poesiatik gertuko, eta Iparraldeko gainerako poesiarekin zerikusi handirik gabea.

Poeten laugarren multzo bat

aldatu

Laugarren poeta multzo bat Koldo Izagirreren pentsamolde estetikoaren eta honen era askotako kultur eta argitaratze ekimenen inguruan biltzen da. Izagirre ibilbide luzeko poeta da.

Ustela aldizkaria. 70ko hamarkadaren amaieran, Koldo Izagirrek (1953), Bernardo Atxaga eta Ramon Saizarbitoriarekin batera, Ustela aldizkariaren proiektuan ziharduen lanean; abangoardiako literatura egiteko lehenengo saialdia izan zen, eta baita literaturaren autonomia babestekoa ere. Garai hartan, Koldo Izagirrek izen bereko literaturako liburu-bilduma bat sortu zuen. Bilduma horretan argitaratu zuten poetek minimalismoa, poesia pertsonala jorratu zuten, irudietan surrealismo lauso bat agertuz.

Susa bilduma. Geroago, 1983an, idazle gazteen talde batek Susa argitaletxe eta Susa poesia-bilduma sortu zuen. Ustela itxi ondoren, zenbait urtez bakoitzak bere bidea jarraitu eta gero, bi proiektu horiek bat egin zuten.

Urte horretan Susak Xabier Montoiaren lehenengo liburua, Anfetamiña, argitaratu zuen. Asmo urratzaileak zituen liburua zen; lan probokatzailea, rock taldeen asaldura bere egiten zuena.

Koldo Izagirrek, prosari emandako urteetan zehar, bere obra Susan argitaratu zuen, eta geroago, zenbait urteko isilaldiaren ondoren, azken belaunaldiko poetengan, Izagirre maisutzat dutenengan, eragin itzela izan zuen liburu bat argitaratu zuen.

Ardatz ideologikoa. Esan izan ohi da poeta horien poesia «konprometitua», «errealista», «militantea», «erresistentziaren poesia», «beligerantea», «errebindikazio zalea» dela, forma baino gehiago ideologia kontuan hartuta.

Koldo Izagirreren poesian bi aro nahiko bereizi nabari dira. 1976 eta 1978 bitartean hiru poema liburu argitaratu zituen, eta horietan orduan nagusi zen poesia sozialarekin eten eta oroz gain literaturaren autonomia aldarrikatu nahi zuen. Liburu lirikoak dira, irudi surrealistan oinarrituak eta, zenbaitetan, joera kreazionistak erakusten dituztenak. Lanak orduan korronte esperimentala izenez ezagutzen zen horretan sartzen dira.

Guardasol ahantzia bere azken liburuak Itsaso ahantzia lehenengoaren izena gogorarazten du, eta hasierako poema liburu horietako estiloaren parodia egiten du. Harold Bloom donostiar batek satira alderrai bat moldatuko zuen, inoiz agertzen ez zen guardasol baten bila, nolabaiteko zatarkeria xede zuen antipoesia tankerako estiloaz.

Poesia soziala. Bere estiloaren parodia egin eta gero, Koldo Izagirre isilik egon zen, 1989an bere azken lana argitaratu zuen arte: Balizko erroten erresuman. Bien bitartean, bere kontakizun eta nobelek errealismo berri batez euskal gizarteko –instituzionala zeritzona– indarkeriari buruzko ikuspegi bat eskaintzen zuten.

Liburuaren hasieran bere aurreko ikuskera poetikoa kritikatzen da, eta Gabriel Aresti poeta sozial handi eta etengabeko inkonformistaren bideari lotzea proposatzen du, poesia sozialarekiko etena osatu dela agertuz. Izagirrek poesia sozialaren xedeekin bat egiten du, baina poesia mota horri surrealismo klasikotik hartutako adierazpen-indar berria ematen dio. Ondorioz, hizkera abangoardista eta hermetiko bat gizarteari mezu bat zuzentzeko bide bihurtzen da.

Bretonen esaera zaharra «Marxek esan zuen: mundua eralda ezazue; Rimbaudek: bizitza alda ezazue; guretzat bi kontsigna horiek gauza bera dira» sufrimendua islatu eta gizartea eraldatu nahi duen poesiaren oinarri bihurtu zen Koldo Izagirrerengan, poesian kalitate formala eta indar adierazkorra bereizten dituenarengan.

Izagirrek euskaraz argitaratu dituen SalvatPapasseit eta Maiakovskiren itzulpenak bere obra ulertzeko baliagarriak gerta daitezke. Izagirreren poesiak “gizartea eraldatzea” du xede, Maiakovskiren ereduari jarraiki –iraultza defenda daiteke, alderdia defendatu gabe–, baliabide nagusia hiperbolea duen estiloan.

Iñigo Aranbarri. Koldo Izagirrek bezala, Iñigo Aranbarrik (1963) ere kalitatezko poesia idatzi du. Bi poema libururen egile, Joanes Poisson (1986) eta Dordokak eta elurrak, Aranbarrik, Celanen bideari lotuta, espresionismoari hainbeste zor dion poesia hermetiko bat landu du, analogien mundu bat sortzeko, dortokak erresistentzia senaren sinbolo eta elurrak laster asko galtzen ari den mundu bat irudikatzen dutelarik.

Irudien sorkuntza. Aranbarriren poesia irudiak sortzeko ahalmenagatik nabarmentzen da. Egileak liburu osoan zehar agertzen diren irudiok esanahi sinboliko koherentez kateatzen ditu. Sintaxia ere deigarria da, eta paralelismoa eta metaketa medio irakurlea irudimen itsugarri baten korridoreetan barrena gidatzen du.

Aranbarriren obran, irudiak sortzeko ahalmenari gaineratzen zaio mundu sentikorrak sortzeko gaitasuna, eta bere hizkera sinbolistak joera agertzen du osagai sentikor eta dotoreenganako.

José Luis Otamendi. Jose Luis Otamendi poeta talde horren hurbilekoa da, eta lan ugari argitaratu du. Bere lehenengo lana, “Egunsenti biluzia” (1980), Ustelan argitaratu zuen. Ordutik aldianaldian poesia liburuak moldatzen ditu.

Hasiera batean bere obra minimalista, surrealismotik gertukoa eta irudian oinarritua bada ere, Lur bat zure minari (1995) azken liburuan poesiaren ikusmolde espresionista bat agertu du, poetaren bihozminari babesa emango dion lurraren inguruko egitura semantiko egoki bat paratuz. Maitasun eta tragediazko poema, oraingoz azkena duen lan horrek erakutsi digu, hasierako poesiaren sentimentalismotik urrundu nahi duen eta adierazpide heldu baten bila dabilen poeta.

Poeten multzo askotariko bat. Aurreko lau multzoek, zailtasunekin bada ere eta leku faltagatik ezarri ez ditugun loturen bidez, nolabaiteko koherentzia agertzen dute, baina 80ko hamarkadan jardundako poeten zerrenda ez da hor amaitzen. Gainbegiratu azkar honetan beste zenbait poeta ere aipatu beharra dago, obra luzea dutelako nahiz beren hizkuntzaren kalitateagatik edo estiloaren lanketagatik interesa piztu dutelako. Nortasun sendoko poetak izan arren, arrazoi ezberdinak medio ez dute lan poetiko identifikagarri bat argitaratu, edota beren obra aztergai dugun garaian poesia garatu zeneko zirkulu handietatik kanpo gauzatu dutelako.

Patxi Ezkiaga. Poesia-lan oparoa Haize hurbila (1992) liburuan bildu duen Patxi Ezkiagaren (1943) obra aipatu gabe, 80ko hamarkadako euskal poesiaren edozein azterketa osagabea litzateke. Patxi Ezkiaga irakasleak poesia anglosaxoia eta iparramerikarra miresten du. Sinbolismotik eta abangoardiatik urrun dagoen tonu epiko eta narratibo bat gailentzen da haren obran.

Poemen tonu deskriptiboak bigarren irakurketa bat ahalbidetzea du xede, egilearen sorkuntzarako gaitasun eskerga aberastuz. Ezkiagak poema luzeak, erritmo limurtzaileak maite ditu, eta bere burua igarle gisa dakusa, ikuspegi hori mitoen sorkuntzako poetika batekin osatzen duelarik.

Tere Irastortza (1961). Obra luzea duen egilea da. Bere liburuak Gabeziaren khantoreak bilduman jaso ditu. Tere Irastortzaren poesia, akaso errazkeriak eragindako nagikeriagatik, intimista dela esan ohi da. Horrela balitz, intimitate transzendentea dela esan beharko litzateke. Izan ere, egoki eta zuzenagoa litzateke Irastortzaren poesia Valenterenaren ildoan jartzea, intentsitatearen poesia baten baitan. Hemen ez gara «isiltasunaren poesia» definitzen hasiko, baina poesia mota horrek, nolanahi ere, Becketten poetikarekin eta absurduarekin zerikusi handiagoa du.

Gabeziak (1980) bere lehenengo liburua desilusioaz, zerbait falta izateaz aritu zen, gabeziara hurbiltzeko modu gisa. Osin berdeko kantoriak (1987) liburu sortzerakoan, berriz, poesia japoniarraren eragina, Iseko kantak lanarena bereziki, nabarmena da. Tere Irastortzak xehetasunei eta gauza txikiei arreta berezia eskaini izan die beti, eta adierazpide hori, ikuspegi pertsonal eta existentzial batetik, adierazpen poetikoaren indarrean eta filosofiarako hurbilketan islatu da. Adierazpen poetikoa indarraren sentimendu bilakatzen da. Zatiketaren poesia bat da, egilearen sorkuntza eremu kuttunena instantea balitz bezala, instantea eta indar handiko adierazpidea.

Joxerra Garzia. Joxerra Garziak (1953) alderdi filosofikoa jorratzen du, poesia ironikoago eta tradizio herrikoitik gertukoago bat landuz.

Patziku Perurena. Patziku Perurenaren (1959) poesigintzaren ardatz nagusia tradizio herrikoa da. Egileak, bere alter egoak diren pertsonaiak medio, irudian eta tradizio herrikoien mota ezberdinen elaborazio formalean oinarritutako obra poetiko bat egin du. Bestalde, tradizio lirikoan ematen den erlazio ilogikoak irudimen handiko obra poetiko bat agertzeko esparru zabala eskaintzen dio.

Luis Berrizbeitia. Luis Berrizbeitiaren (1963) poesigintzaren funtsezko bi ezaugarriak poesia herrikoiaren eragina eta hizkuntzaren ikusmolde barroko bat dira. Bi poema liburu dotoreren egile da: Zoperna Jenerala (1987) eta Eremu karroinduak (1992). Klasikoen irakurketaren eraginez, egileak gutxik bezalako estilo aberatsa agertzen du. Berrizbeitiaren kultismo eta kulturalismoak bere poesia nolabaiteko hermetismora lerratu dute. Egile honek, bestalde, nazionalismoarekin engaiatutako poesia bat jorratuko du, poema narratiboen eta alegien moldean.

Luigi Anselmi. Azkenik, Luigi Anselmi, Luis Gutiérrez Larrearen ezizena, aipatuko dugu. Egile honek Elioten ironia gogorarazten duen obra poetiko bat burutu du, eta Katulo eredu harturik bere poesia hedonismo berritzailez hornitu du.

Hemen amaitzen da demokrazia hasi berria zenean agertu ziren idazle ugarien zerrendari egindako gainbegiratu azkarra.

Narratiba 80ko hamarkadan

aldatu

Intrigaren itzulera. Narratibari buruzko ikuspegi orokor hau hiru multzo handiren inguruan burutuko dugu, azken hamar urteotako euskal literaturaren sarrera moduan.

Aurrena, Pott taldearen inguruan sortu ziren egileak aztertuko ditugu, esaterako, Joseba Sarrionandia eta Jose Mari Iturralde.

Bigarrenik, Joan Mari Irigoienen nobelagintzaz arituko gara, egile hori, bere ibilbidea 70ko hamarkadan hasi ondoren, 80koan indar betean sartuko baita.

Hirugarrenik, 80ko hamarkadan jaio eta etorkizunera hedatzen ari diren joera berriak ikertuko ditugu.

80ko hamarkadako narratiban, poesian bezala, aniztasuna da nagusi. Urte horietan intriga itzuliko da, kontatzea –eta ez esperimentatzea– atzera modan egongo da.

Pott taldeko kideak

aldatu

Joseba Sarrionandia. Joseba Sarrionandiak (1958), erromantizismo etsitu batetik, gaur egungo gizakiaren arazoez hausnartzen du. Bere narrazio bildumek –Narrazioak (1983), Atabala eta euria, (1986), Ifar aldeko orduak (1990)– irakurle ugari liluratu dute. Joseba Sarrionandiaren narrazioak fantasiazko literaturaren tankerako filosofia bat dute abiapuntu gisa, baina egileak filosofia horri ñabardura berriak eransten asmatu du.

Bere obran bi gai multzo nagusi daude: kondairazko narrazioak edo narrazio historikoak, egitura berriak gai harturikoen inguruan; eta gai hiritarrei buruzko narrazioak. Bi eremuotan Sarrionandiak narratiba lirikoaren tankerako hizkera xahu eta sentikorra erabiltzen du.

Joxemari Iturralde. Joxemari Iturralderen prosak ibilbide bertsua egin du. Dudular (1983) narrazio laburren bilduma, exotismoa eta underground itxurako narrazioak uztarturik, argitaratu ondoren. Pic nic zuen arbasoekin (1985) lanean prosarekin esperimentatzeko ildoari jarraitu zitzaion, eta, azkenik, Izua hemen nobelan aurreikuspenak berretsi zituen.

Modernitatearen eta erroaren, anonimatuaren eta nortasunaren arteko gatazkan murgilduta dagoen gizonaren istorioak Iturralderen munduarekiko kontzientzia sakonaren erakusgarri bikaina dira.

Joan Mari Irigoienen obra. Joan Mari Irigoienek 70ko hamarkadan jada zenbait lan argitaratu zituen arren, 80koan bere ahotsa bermatuko du, bere bi nobela handiren argitalpenaz: Poliedroaren hostoak (1982) eta Udazkenaren balkoitik (1987). Bi lan horietan Joan Mari Irigoienek gure herriaren konplexutasuna irudika lezakeen obra bat moldatzeko grina agertu du.

Liburu horiek nobela historikotzat har badaitezke ere –bata XIX. mendearen ingurukoa, bestea frankismoaren historiakoa–, Irigoienen estiloak badu berezi egiten duen zerbait. Egileak miresmena agertu du Hego Amerikako nobelaren «errealitate liluragarria» jasotzen duen teknikarekin eta, ildo horretatik, Euskal Herriko zenbait familiari buruzko nobelaibaiak idatzi ditu, modu horretara gure historiaren gorabeherak jasoz.

Irigoienen nobeletako tonua lirikoa izan ohi da, batzuetan idilikoa den iraganarekiko nostalgikoa, modernitateak bere haurtzaroko paisaian eragindako zauriaren ondoriozko mina islatzen duelarik. Alabaina, tonu liriko hori arkitektura moldeko egiturak eta diseinu simetrikoa agertzen dituzten lanetan txertaturik dago, eta egitura horiek, nire iritziz, testuei freskotasuna kentzen diete.

Dena den, egileak egitura horiek ekar lezaketen manikeismoa baztertu egiten du bere obrak transmititu nahi duen konplexutasunarekin, eta bere narratibak eremu dialektiko zabalak deskribatzeko gaitasuna erakusten du.

Babilonia (1990) liburuan iraganarekiko nostalgia eta euskal mito tradizionalen lilura gailendu dira. Osagai horiek errealitate liluragarri bat bezala aurkezten dira, finean baserri giroko nobela bat, egile honek lanik helduen eta salduenetako bat, paratuz.

Azken joerak

aldatu

Lur ongarritua. Azken urteotako narratibaren askatasunak era askotako genero eta estiloak lantzen dituzten idazleak eman ditu. Aurkeztera goazen ikuspegi orokor hau 80ko hamarkadako narratibaren gainbegiratu azkar bat baino ez da.

Beste garai bat, telebistaren eta euskararen irakaskuntza bizi izan duten ahotsak dira. Hizkuntzaren inguruan esperientzia traumatikorik ez dute, berori eskolan ikasi dute, eta, nolabait, hizkuntza normaldua ezagutu dute; arauak menderatzen dituzte… beraz, erregistroekin jolastu behar dute. Esan beharra dago, hala ere, euskara ez dagoela gizarteko maila guztietan, eta idazleek gabezia horri aurre egin behar diote. Batzuetan euskaraz inoiz ematen ez diren egoerak euskaraz jarri behar dituzte.

Uzta. Duela oso gutxi Xabier Mendiguren Elizegi idazleak artikulu batean «63ko uzta» bat badela defendatu du, eta uzta horretan bere burua, Pako Aristi eta Juan Luis Zabala sartu ditu. Edonola ere, proposamen horrek onartzen du balizko «uzta» horretako kide bakoitzak joera estetiko ezberdinak dituela. Dena den, proposamen narratibo berri baten adierazgarri da.

Baserrigiro beltzeko nobela

aldatu

Azken hamarkadaren ezaugarrietako bat da kostunbristek deskribatutako baserri-mundu idiliko horri buelta eman eta nobeletan baserrigiro beltza agertzea. Beltza bi adieretan: primitiboa, eta nobela beltzaren giltzarrietako batzuekin.

Pako Aristi (1963), berak inoiz esan duen bezala Ipar Amerikako kazetaritza berriaren eraginpean eta itxura batean Anagramako Nuevas narrativas bildumaren irakurle amorratua izaki, han aurki daitezke bere maisuetako batzuk; nobelen ziklo batean –Kcappo (1985), Irene (1987), Krisalida (1990)– baserri-munduaren ikuspegi gaizto bat garatu du, hots, indarkeria eta sexua gailentzen diren ikuspegia.

Ibilbidea profesionala egitera bideratua dagoen idazle honen funtsezko ezaugarri bat da narrazioaren erritmo bizia. Pertsonaien bizitzen heterodoxiak mundu arruntaren aurkako beste mundu bat agertzen du. Neorruralismoaren bereizgarri bat duelarik antiintelektuala izatea, idazle honen prosan ere joera berbera nabari da.

Ordainetan, nobela horiek ia berehala bereganatua zuten irakurleria.

Errealismo sinbolikoa

aldatu
 

Inazio Mujika. Inazio Mujika Iraolak landazaletasun berriarekin duen lotura bakarra azalekoa da: testuak garatzen direneko ingurunea.

Izan ere, Azukrea belazeetan (1987) ipuin-bilduma Gipuzkoako barrualdeko landa-eremuan lekuturik dago. Mujika Iraolarengan, ordea, deskribatutako errealitatea –errealismo fantastikoko arauen arabera landua– garaiotako desorekaren metafora bihurtzen da; testuan agerikoa da mundua gobernatzen duen arrazoi ilogikoa bilatzeko grina.

Verismoak literatur estrategia bezala, prosaren edertasunak –azpian Juan Rulforen eredua eta maisutasuna–, metafora eta alegoria bitarteko, pertsonaien ekintzei eta babesgabetasun sentipenari zentzu unibertsala emateko nahia adierazten du. Tokian tokiko plantamendutik haratago doan narratiba da beraz, egilearen heldutasuna islatzeaz gain irakurlearentzat erakargarria dena.

Nobela gordina

aldatu

Neorruralismoaren planteamenduak, bere verismoan, bere berehalakotasunean –egun tamalez etenda– kontrajartzen zaizkio honako liburu hauek idatzi dituen Juan Luis Zabalaren (1963) narratibari: Zigarro ziztrin baten azken keak (1985), Ahanzturaren artxipielagoa (1987), Gertaerei begira (1988) eta Kaka esplikatzen (1989).

Esperimentazio berria. Hasieran esan dugu 80ko hamarkadak intriga berreskuratu zuela. Horrek esperimentazioari uko egitea ekar dezake, zenbait kasutan gertatu den bezala, batik bat hitz horrekin 60ko eta 70eko hamarkadetan, nobela berriaren bideari jarraiki, burutu zen esperimentazio narratibo eta estrukturalaz ari bagara.

Esperimentazio bestelako bati ekingo zaio, ordea, 80ko hamarkadan, nobelan narratibitateari uko egitea ardatz duen hizkuntza, nobela abstraktua, gordin edota poemaren tankerakoa egiteko. Haria bat bakarra da, eta nobelak iradoki egiten du, deskribatu baino areago.

Juan Luis Zabala. Juan Luis Zabala korronte horretan sar daiteke. Gainera, Literatur Gazeta aldizkarian Handkeri buruz idatzi zuen lana ez da ahaztu behar, testu horretan bere egiazko poetika agertzen baitu.

Eleberri horiek, zenbaitetan obsesio baten istorioak, tonu bakarrekoak eta erabat trinkoak izaten dira, ez da errealitatea imitatzen, pertsonaiak hondogabeak dira, batzuetan trazu bat soilik, behin eta berriro gogora ekarria; sinboloak funtsezkoak dira, bere lehenengo nobelako zigarrokina bezala, nobelaren eta hizkuntzaren mugak esploratzen dira. Narratzaileak orojakile bilakatzen dira eta hizkuntzak iradoki egiten du, erreferentziala izan gabe.

Joera horren baitan sar liteke, akaso, Felipe Juaristiren Arinago duk haizea, Absalon.

Literatura hiritarra

aldatu

Literatura-mota horren beste ezaugarri bat ipuinek nobelen aldean duten gailentasuna da. Kontakizun horietako asko hirietan kokatuak daude, eta hiriko mundua deskribatzen dute, zenbaitetan euskaraz hitz egiten ez den ingurune batean, eta idazleak modernitatearen gertuko mundu bat islatu nahi du. Atxagaren erakargune bat Obaba zen, bestea Hanburgo. Eta idazle askok beren kontakizunak hirietan lekutzen dituzte. Egia da ipuina horretarako egokia dela, bere egituragatik eta espazio murritzak zein pertsonaia laburrak baliatzeko aukera eskaintzen duelako.

Ipar Amerikako narratibaren eragina eta kostunbrismo hiritarra. Literatura-mota horren baitan bi joera bereizi behar dira: Ipar Amerikako narratibaren eta errealismo zikinaren eragin nabarmena duten lanak, batetik, eta kostunbrismo hiritar bat jorratzen dutenak, bestetik.

Bide bikoitz horri lotuko zaizkio, besteak beste, Xabier Mendiguren Elizegiren (1964) Hamalau (1992), Arantxa Iturberen Ezer baino lehen (1992) edo Hasier Etxeberriaren Mugetan (1989).

Egile batzuek narratibaren aurrean jarrera epikoa agertzen dute, eta horren adibide da Edorta Jimenezen Atoiuntzia. Beste zenbait egile kontsumo literaturan sar daitezke.

Ikuspegi errealistak. Beste batzuetan, hala nola Iñaki Mendiguren (Haltzak badu bihotzik) eta Hernández Abaituaren (Etorriko haiz nirekin) kasuetan, mundu modernoa errealismo ukitu batez hornituko da, eta bide horretatik landuko dira, besteak beste, homosexualitatea edo Euskal Herriko indarkeriaren gaia. Nobelari buruzko ikuspegi errealista hori garbiagoa da Hernández Abaituarengan.

Egile eta testu gehiago erants daiteke, jakina, baina honen tankerako sarrera moduko ikerketa batean baliagarri suertatu dira, gainbegiratu orokor batean, hemen aipatutakoak azken urteotako euskal literaturaren bide ezberdinak agertzeko.

Bibliografia

aldatu
  • ALDEKOA, I.: Joseba Sarrionandiaren poesia: Itxaso gartzelatua. Hegats, 1, 1989, 59.
  • ELKOROBEREZIBAR, M.A.: Literaturgintzarako plataformak, Jakin, 49, 1988, 2142.
  • IZAGIRRE, K. : Mudos blues de la nada. Susaren eranskina, 25, 1617.
  • LANZ: J.J.: Bernardo Atxaga o la literatura como ilustración. El Urogallo, 1990ko abendua1991ko urtarrila.
  • ——————: La luz inextinguible. Ensayos sobre literatura vasca actual. Siglo XXI, Madril, 1993, 8093.
  • MARKULETA, G.: Joseba Sarrionandia: Haizea eta Burdinaren dialektika. Zurgai, 1991ko abendua, 2831.
  • Poetas de los 70. Zurgai aldizkariaren ale monografikoa, Bilbo, 1989ko abendua.
  • Poesía vasca hoy. Zurgai aldizkariaren ale monografikoa, Bilbo, 1991ko abendua.
  • SARASOLA, I.: A modo de introducción a la literatura vasca in ATXAGA, B.: Obabakoak. Ediciones B, Bartzelona, 1989.
  • XX. mendea. Hegats aldizkariaren ale monografikoa, 4, 1991.