Euskal literatura/Ahozko literatura
Ahozko literatura herri xeheak sortu eta ahoz, ez letra idatziz, hedatzen dena da. Herri xumeak, eta ez kultur eliteek, sortutako literatura dela onartzen da eta balio estetikoa duten ahozko jarduerak ekoizten dituen kultura herrikoiaren barruan. Beraz, herri-jakituriaren, folklorearen, ahozko produkzioa litzateke.
Atariko eztabaida bat
aldatuAhozko produkzioaren izendapena. Jorratuko dugun gai honen azterketa ahozko produkzioa izendatzeko erabili behar den izendapenari buruzko eztabaidarekin hasten da beti.
Gai honen izen orokorra «Ahozko tradiziodun literatura» da, eta izen horrek letrarik gabeko objektura dakar letraren kontzeptua. Horregatik, eta egun burutzen ari diren ikerketei jarraiki, nahiago dut «ahozkotasuna» izena.
Alabaina, eta gaia aletzen hasi aurretik, merezi du bi izendapen horiek eta bien arteko aldeak azaltzea.
Izan ere, «ahozko tradiziodun literatura» terminoa zehaztugabea da eta, doidoi harturik ere, herri literaturaren genero ez tradizionalak ez ditu barnean sartzen. Hortaz, «ahozko tradiziodun literatura» hizpide dugunean zertaz ari garen argitzen saiatuko gara.
Ahozkoa eta literarioa. Kontzeptu horietako bi –literatura eta ahozkoa– kontrajarriak bezala agertu izan dira tradizio kritiko jasoan. Horrek, ordea, ez luke hirugarrenaren eraginkortasuna ezkutatu behar: «tradizioa», zeren eta kontzeptu hori ahozkotasunari buruzko ikerketa berrien ekarpenaren oinarrian baitago.
Ahozko literatura herri xeheak sortu eta ahoz, ez letra idatziz, komunikatutakoa da. Herri xumeak sortutako literatura dela onartzen da, eta ez kultur eliteek, balio estetikoa duen ahozko produkzioak ekoizten dituen herri kulturaren baitan. Beraz, herri-jakituriaren, folklorearen, ahozko produkzioa litzateke.
«Literatura» hitzak bere baitan «littera», «letra» kontzeptua duen arren, adiera zabalago bat onartzen da, ahozko produkzio estetikoarena, herri produkzioak ahozkoak baitira, ez letrazkoak. Horri dagokionez, Paul Zumthorek (1991, 25) honela definitzen du «literario» eta «ahozko» denaren arteko ezberdintasuna: «Hemen “literario” dena duela bi mendetik hona hartu dituen konnotazioez ulertzen dut: instituzio bat, balio espezializatu, etnozentriko eta kulturalki sistema inperialista bat».
Hain urrutira heldu gabe, esan daiteke Erromantizismo garaian «literaturaren» –«kultura jasoaren» ekoizpen idatzi gisa– eta «ahozko literaturaren» –herri xehearen ekoizpen gisa– arteko mugak lausotzen hasi zirela. «Gizarte batzuetan bi kultur tradizio bizi ziren: eskolatutako gutxi batzuen «tradizio handia», eta gainerakoen «tradizio txikia» (Burke, 1991, 62). Izan ere, nahikoa litzateke literaturak bi adiera dituela pentsatzea: bata hertsia, letrari lotua, eta bestea zabala, hizkuntzaz (idatzia zein idatzi gabea) ekoitzitako estetikari lotua.
Haatik, idatzia eta ahozkoa agerraldi hain ezberdinak direla kontuan izanda, gaur egun, eta batez ere Ipar Amerika aldean, «ahozkotasuna» hobesten da, «ahozko literaturaren» gainetik.
Horri dagokionez, Walter J. Ongek (1987, 2O) adieraziko du: «Erudituengan testuen nagusitasuna hain da erabatekoa, oraino ez baitira gai izan ahozko artea bere horretan, idazketa aipatu gabe –kontzienteki nahiz inkontzienteki–, modu eraginkorrean, eta are gutxiago dotoreziaz, ulertzen lagunduko duten kontzeptuak sortzeko. Eta hori, idazketa sortu aurretik milaka urtez garatu ziren arren ahozko molde artistikoak, logikoa denez idazketarekin inolako loturarik ez zutenak».
Definizio baten bila
aldatu«Ahozko literatura» kontzeptuari buruzko hainbat definizio eman dira. M. Eliadek, adibidez, «inoiz inoren ahotik irten eta herriak gorde duen» produkzio estetikotzat definitu zuen.
Oro har, “ahozkotasuna litzateke ahozko produkzioa, balio estetikoa ematen dioguna, ahoz transmititu dena eta herrian dirauena eta errepikapen bakoitzean birsortzen dena”.
Edonola ere, proposatutako definizioak arazoak ditu bere baitan, neurtzen erraza ez den kontzeptu bat, balio estetikoa, duelarik oinarrian. Baina, bestalde, ahozkotasunak atxikirik ditu hainbat kontzeptu bereiztezin, ahozko tradiziodun literaturaren esanahia ulertzeko deskribatu behar direnak.
Tradizioa eta transmisioa
aldatuFrancis Lee Utley-k (DUNDES: The Study Of Folklore, 1965) literatura folklorikoa kontzeptu hauen bidez definitzen du: ahozkoa, transmisioa, tradizioa, biziraupena, komunala.
Utleyrentzat transmisio eta tradizio kontzeptuek esanahi bera duten arren, transmisioa kontzeptu orokorragoa dela pentsa daiteke, eta tradizioak, berriz, transmisio diakronikoa esan nahi duela.
Biziraupen terminoak testu fosilduen kontserbazioa esan nahi du Utleyrentzat. Ahozkotasunaren kontzeptu modernoan, testuak aldakorrak dira, transmisio ekintza bakoitzean aldaerak eman daitezke. Komunal hitzaz, Utleyk testuen sorkuntza komuna adierazi nahi zuen. Hipotesi horren aurrean, egun Menéndez Pidalena hobesten da; hark egile kolektibo tradizional eta diakroniko bat dagoela proposatzen du, jatorrian komunikatzen duen testu ez-tradizionala bat, baizik eta egile jaso edo erdi jaso batena.
Ahozko literaturari buruzko ikerketa modernoetan, arreta eta konturik handiena erakarri duen kontzeptua tradizioarena da. Izan ere, ahozkotasunaren fenomenoa ulertzeko funtsezko kontzeptua da.
Tradizioak ahozko literatura bizirik mantentzen du, transmisio jarraikien kate bat osatuz.
Liburu ezagun batean, Jan Vansinak (1967, 33) tradizioa honela definitzen du: «Ahozko tradizioak iragana mintzagai duten kontatutako testigantza guztiak dira. Definizio honen arabera, ahozko tradizioak soilik, hau da, mintzatu eta kantatutakoak, har daitezke kontuan». Paragrafo horretan, Jan Vansina kontraesankor agertzen da, zeren eta, tradizioa deskribatuko duela agindu ondoren, egiaz «ahozko tradizioez» ari baita.
Zehaztasun handiagoz, Zumthorek (1991, 33) idatziko du:
«Performancea –liburuaren itzultzaileak termino hori irudikapen hitzarekin parekatzen du, ahozko produkzio gisa uler daitekeen arren– mezu poetikoa aldi berean hemen eta orain transmititzen eta hautematen deneko ekintza konplexua da... Performancea logikoki –baina, egiaz, ez beti– zenbait eragiketa desberdinen une erabakigarria da. Nik bost zenbatzen ditut, nolabait esatearren poemaren existentziaren faseak direnak. 1. produkzioa, 2. transmisioa, 3. harrera, 4. iraupena, 5., oro har, errepikapena [...] Problemaren datuen sinplifikazio erlatibo horrek bere ondorioetako bat du justifikazio metodologikoa; izan ere, poesiaren ahozko transmisioa (2 eta 3 eragiketak) eta ahozko tradizioa (1,4 eta 5 eragiketak) bereiztea ahalbidetzen du, gertakarien historiak egiten duen moduan».
Tradizioa komunitatean gorde den produkzio mintzatuaren formalizazioa da. Transmisioa ez da errepika ez litekeen igorle eta hartzailearen artean mezu estetiko bat komunikatzea soilik.
Horrek ahozko literaturari buruzko ikerketentzat garrantzi handiko ondorio bat dakar: ahozko literaturan bi forma ezberdin daude: tradizionala, gero transmititzen dena, komunitateak bere egiten duen ura, eta ez tradizionala, behin baino egiten ez den komunikazio estetiko edo poetikoa, jatorrian errepikatzen ez dena, denboraren joanaz tradizio bihur litekeen arren.
Herri literatura eta ahozko literatura. Ildo horretatik, herri literatura eta ahozko literaturaren arteko funtsezko aldea ondoriozta daiteke.
Jon Juaristik, argitaratu gabeko lan batean bereizi egiten ditu herri literaturaren kontzeptua, termino orokorrena –zenbait egilek, Joaquín Marco barne, literatura inprimatu edo kordelekoa aipatzeko erabiltzen duen arren– eta ahozko literaturaren kontzeptua, euskarri inprimaturik baliatu gabe transmititzen dena eta literatura folkloriko gisa ere izendatzen duena. Eta literatura folklorikoaren baitan tradizioko literatura eta ez tradizionala bereizten ditu.
Literatura tradizionala ahozko transmisioaren bidez komunitatean diakronikoki gordetzen da.
Literatura ez tradizionala, bestalde, komunikatzeko ekintza bakar moduan transmititzen da. Errepikapenik eta tradiziorik ez du. Bertsolaritzaren fruitu ugari genero horretan sartzen dira: behin kantatuak izateko sortzen dira soilik. Genero horren barruan euskal pastoralak sar daitezke, ez dira eta tradizio bihurtzen –ez dira osorik memorizatzen, ikasten eta errepikatzen.
Transmisioa. Bereizketa horrek beste arazo bat dakar: herri literaturaren transmisioa ahozkoa izan daiteke, edo bestelako komunikabideen bidez eman daiteke: inprenta orri hegalariak –euskararen kasuan, bertso paperak–, edo «colportage» literatura, edo, gaur egun, irratia edo diskoak herri literatura transmititzeko euskarri bilaka daitezke.
Ildo horri lotuz, Walter J. Ongek (1987, 20) idatzi zuen: «Lehen mailako ahozkotasuna» deitzen diot idazketa edo inprimaketa ezagutzen ez dituen kultura baten ahozkotasunari. «Lehen mailakoa» da goiteknologiaren kultura honetako «bigarren mailako ahozkotasunaren» aldean, non ahozkotasun berri bat garatzen baita, bizirik eta martxan egon daitezen idazketa eta inprimaketaren mende dauden tresna elektronikoen bidez, hala nola telefonoa, irratia eta telebista».
Paul Zumthorek ere bereizketa hori bera egin du (1991, 37): «balizko egoeren aniztasun erabatekoa irudizko lau moldera murriztea proposatzen dut:
- «lehen mailako» ahozkotasun batbateko bat, edo «purua», «idazketarekin» harremanik gabea: azken hitz horretan xeheki kodetuta dagoen eta hizkuntza batean adierazi ahal den sinbolozko ikuste-sistema oro barnean hartzen dut;
- idazketarekin batera bizi den ahozkotasun bat, bizikidetza motaren arabera bi eratara joka dezakeena: ahozkotasun misto bezala, idatzitakoaren eragina kanpoan geratzen denean, partzialki eta atzean, edo bigarren mailako ahozkotasun moduan, idazketatik abiatuta (bir)sortzen dena, erabileran eta irudimenean idazketa ahotsaren balioei nagusitzen zaieneko testuinguru batean; [...]
- eta, azkenik, mekanikoki baldintzaturiko ahozkotasuna eta, beraz, denboran edota espazioan atzeraturikoa».
Dena den, badirudi «ahozkotasuna», edo «literatura folklorikoa», edo «herri literatura», Europa Modernoan herri xehearen ahozko ekoizpen estetikoa izendatzeko kontzeptua dela, eta kontzeptu horren baitan bi molde bereiz daitezke: ahozko tradiziodun literatura, baladak, poema lirikoak, narrazioak, –«tradizionalak izango dira «betidanik» herriaren oroimenean, idatzizko laguntzarik gabe, gordetzen diren eta denboran zehar bizi direnak» (Biguri, 1990, 64)– eta batbatean transmititutako literatura, bertsolaritza eta pastoralak, tradiziorik gabea –horrek ez du esan nahi genero herrikoiak ez direnik–, transmisioak idatzitakoarekiko mendekoa baitirudi, batik bat pastoraletan eta, neurri txikiagoan, bertsolaritzan nabari daitekeenez.
Tradizio asmatua. Tradizioaren kontzeptuari «tradizio asmatuarena» erantsi zaio (Eric J. Hobsbawm 1988, 1325). Kontzeptu hori, ordea, gizarte modernoak aztertzeko baliagarria gerta badaiteke ere, ez dirudi gizarte «tradizionalen» alorrean hain eraginkorra denik: «En aquest sentit la «tradició» de distinguir clarament del «costum» que domina las anomenades societats «tradicionals»» (Hobsbawm, 1988, 14).
Gure ikerketa alorretik bereizten duen beste ezberdintasun bat ere bada: tradizio asmatuek ezin dute ahozko objektuak izan, baizik eta ideologikoak eta sozialak.
Nolanahi ere, «tradizio asmatuaren» kontzeptua baliagarria gertatzen da ahozkotasunean aditu denari alor horretan tradizio ezberdinak daudela gogorazteko. Adibidez, badirudi gaur egun euskal ahozkotasunaren alorrean, bertsolaritza dela nagusi, eta baita genero tradizional beraren baitan ere, esaterako, euskal baladen bilakaeran aldi ezberdinak bereiz daitezke.
Ahozkotasunaren erretorika
aldatuAhozkotasunak berariazko arau erretorikoak garatu ditu. Horietako gehienak oroimenaren gidari eta laguntzaile dira batik bat, Ongek adierazten duen moduan, oroimenean gordetzen ez den hura ezinbestean galdu egiten da. «Ahozko kultura batean, ezagutza, behin eskuratuta, etengabe errepikatu behar zen, bestela galdu egiten zen-eta: jakintzarako funtsezkoak ziren pentsamenduaren eredu arautu eta finkoak» (1987,32).
Ezaugarriak
aldatu1. Ahozkotasunaren erretorikaren ezaugarri nagusia bere izaera arautua da, formulen, izaera semantikoa duten esaldien, erabilera, kontakizuna irudikatu ahal izateko ezinbestekoak. Baladez aritzean ikusiko dugunez, ahozko literaturan formulak «hitzen» parekoak dira. Formula horiek testua gogoratzeko lagungarriak dira. Baladetan formulak badira, eta hobeto ikertutako beste hainbat, hala nola ipuin herrikoiak hasi eta amaitzeko formulak.
Milman Parryren tesiak, zeina «hexametroa eratzean erabilitako hitzen eta hitz moldeen hautaketarekiko mendekotasuna» (Ong, 1987, 28 y ss, Adam Parry, 1971, XIX) definitzen lehena izan baitzen, frogatu zuen ahozkotasunak berezko arauak dituela. Horrela, Homerorengan metroak hitzen erabilera baldintzatzen zuen. Adituen arabera, epiteto homerikoa ahozkotasuna moldatzeko lehenengo formula izan zen, eta ikerketarako ildo berriak zabaltzen zituen. Parryren aurkikuntzak ondorio garrantzitsuak ditu: Homerok, gaur egungo hainbat poeta herrikoiren antzera, material aurrez fabrikatuak baliatzen zituen eta komunikazio ekintza bakoitzean eguneratzen zituen, «Homerok zati aurrez fabrikatuak batu zituen» (Ong, 1987, 30). Formula horiek gai halaber errepikakorren gainekoak ziren.
2. Ahozkotasunaren baliabide estilistiko nagusietako bat da hirukoizte formula dei daitekeena: gertakariak, pertsonaiak, esaldiak, objektuak hiru aldiz agertzen dira.
3. Parry abiapuntu harturik, ahozkotasunari buruzko ikerketak atera duen ondorio garrantzitsuenetako bat «egitura irekiaren» kontzeptuaren ingurukoa da.
«Sorkuntza tradizionala testuaren transmisioan emandako eraldatze jarraikien emaitza da» (Juaristi, d/g, 14). Horren arabera, kanta bat errezitatzen edo abesten den bakoitzean, errezitatzaileak egitura mental bat, testuaren eskema argumentala, «oroimenaren sintesi» modura deskriba daitekeena, hitzez eguneratzen eta birsortzen du» (Alan Bold).
Aldaerak. Adierazpen horri ñabardura bat gehitu beharko litzaioke. Errezitatzaile herrikoi batek ez du testuaren «eskema» bat ikasten, linguistikoki antolatutako testu bat baino. Horrek ez du esan nahi, ordea, testu zaharren birsorkuntzarik ematen ez denik. Errezitatzaile batek berberak ere ez du testu bat birritan hitzez hitz errepikatzen. Aldaketak eta aldaerak ematen dira, testua bi faktoreren eraginpean dagoelarik: errezitatzailearen asmamena eta hartzailearen presioa. Bertsolariek batzuetan formula bat bera erabiltzen dute, eta aldaera bakarra jardunean ari diren herriaren izenari dagokio.
Ahozko literatura tradizionalean, errezitatzaileak, edo narratzaileak, ahoz antolatutako testu bat ikasten du, eta testu horri aldaketak egiten dizkio. Eskema irekien memorizazioa, batik bat, literatura folkloriko ez tradizionalean ematen da. Adibidez, «pastoralier» deitutakoak eskema argumental lauso bat ikasi ohi zuen, eta ondoren eskema hori dramatikoki moldatzen zuen. Edonola ere, literatura tradizionalean aldaerak ez dira «mikroegitura estilistikoa» delakoan soilik gertatzen; baladen bertsio urrunak ezagutzen dira, egitura narratiboa, eta baita esanahia ere, sakonki aldatua izanik, balada beraren aldaera direnak.
Ahozkotasunaren psikodinamika
aldatuAhozkotasunaren erretorika bat bada, ahozkotasunaren psikodinamika bat badelako da. Hitz batez, ahozkotasunak birsortzeko beste aukerarik ez duelako. Orrialde hauetan gertutik jarraitzen ari gatzaizkion Ongek (1987, 38 eta hurrengoak) gogorarazten duen moduan, ahozkotasuna teknologia bat da: errealitatea interpretatzeko modu bat, munduari aurre egiteko tresna bat.
Idazketa ezagutzen ez duten ahozko kulturetan kultura idatzi batean hezitakoek nekez uler ditzaketen ahozko hainbat baliabide agertzen dira.
Ezaugarriak. Ahozkotasunaren psikodinamika bat definitzeko ahaleginean, Walter J. Ongek ezaugarri hauek aipatzen ditu:
1. Ahoskatutako hitza botere gisa. Lapurren kobazuloko atea irekitzen duen Aladinoren esaldi magikoa ahozko mundu batean hitzaren balioespenaren metafora zehatza da. Hizkuntza auzokoen jokabidea eta naturaren joana aldatzen duen ekintza modu bat da. Horregatik atxikitzen zaizkie hitzei ezaugarri magikoak: hitzek osatu, sendatu, alaitu... egiten dute; hitz batean, izenek gauzei boterea ematen diete.
2. Oroimenaren garrantzia. Ahozkotasunaren munduan, jakiteko modu bakarra oroitzea da, oroimena bizirauteko tresna bakarra da. «Batek oroit dezakeena daki», dio Ongek. Testurik gabeko kulturak oroituz bizitzea beste erremediorik ez du, ahaztutakoa ordezkaezina baita. Kanta bat gal daitekeen modu berean gal daiteke janaria maneatzeko modua ere edo sua piztekoa. Horregatik da hain garrantzitsua oroimena, literatur sorkuntzarako ez ezik, biziraupenerako ezinbestekoa baita.
Formulak, oroimenaren prozesuari lagunduko dion edozein osagai, oroitzeko beharrezkoak dira. Horregatik dira ahozko literaturak hain errepikakor eta formulez beteak.
3. Adierazpide bat. Bi irizpide horiek abiapuntu harturik, ahozkotasunak berariazko adierazpide bat sortzen du, segidan laburki deskribatuko duguna.
4. Sintaxia. Ahozkotasunak perpaus pilatu eta koordinatuak hobesten ditu, mendekoen aldean.
5. Metaketa hobesten da, analisiaren aldean. Oroimenari laguntzen dion formula bat da, formulak sarritan ez baitira hitzak, hitz multzoak baizik: paralelismoak, antitesiak edo epitetoak.
6. Adierazpide oparoa. Ahozkotasunaren adierazpidea erredundantzia da, aldiz, idatziarena lineala izan daiteke. Ahozko komunikazioak itzulinguruak nahiago ditu, diskurtsoaz eta adimenaz kanpo ezer ez baitago, eta, esana behin ahoskatu ondoren desagertu egiten delarik, bere pentsakizuna astiroago adierazi behar du.
7. Kontserbadoreak eta tradizionalistak. Ezagutza galzorian dagoenean, ahozko kulturak kontzeptuen errepikapenari denbora asko eskaini behar dio. Horrela ikasten zen Erdi Aroko eskoletan, hain justu. Ezagutza gordetzen espezializatutako zaharrenganako begirunea hor datza. Idazketak, berriz, berritasunaren eta arestiko aurkikuntzaren alde egiten du.
8. Esperientziatik hurbil. Idazketak errazten duen kategoria analitikorik ezean, jakintza eta honen komunikazioa bizipenetatik gertu daude. Ahozko kulturek zerrendarik ez dute: genealogiak harreman pertsonalen kontakizunak dira. Horrexegatik, ahozko kulturetan ofizioak ikasteko trataturik ez dago, ofizioa egunetik egunera ikasten baita, beste pertsonen hurbilean.
Esperientzia hain garrantzitsua delarik, ahozko literaturak metonimia sarritan erabiltzen du: zehatza dena abstraktu denaren bidez izendatzen, edo sentimenduen bidez; azken finean, objektuari izena ematen zaio barnemundura heltzeko.
9. Agoniazko ñabardurak. Ahozko literatura hilzorizalea da, borrokak maite ditu. Izan ere, ahozko agerpen ugari desafioak dira. Igarkizunak ez dira jolas soilak, entzuleari desafio egiteko erak ere badira. Euskal Herrian bertsolarien arteko desafioen tradizio luzea dago. Bestalde, ahozko produkzio asko bi aurkarien arteko borrokaldi baten inguruan egituratzen dira, horren adibiderik garbiena: pastorala.
10. Enpatiazkoak. Kantariaren eta entzuleen artean identifikazio nabarmena dago. Euskal Herrian, bertsolarien adibidea hurbilekoa dugu.
11. Homeostatikoak. Inguruko gizartea aldatu ahala, ahozko testuak ere aldatu egiten dira. Gaurkotasunik gabeko oroitzapenak galdu egiten dira. Orainaldi jarraitu horretan arkaismoak agudo desagertzen dira. Horrek ez du, ordea, soilik hitzetan eragiten: deskribatutako egoerak orainaldiko errealitatearen arabera aldatuz doaz. Horri dagokionez, Ongek Nigeriako Tiv herriaren kasua aipatzen du. Herri horrek bere genealogiak aldatu ditu, komunitatean ematen diren auziak ebazteko baliagarri gertatzen diren arren. Duela berrogei urte, genealogia horien erregistroak aski ezberdinak ziren. Tiv herrikoek esan zuten erregistro idatziak oker zeudela.
12. Egoeraren araberakoa, abstraktua baino. Pentsamendu kontzeptual oro berez abstraktua bada ere, ahozko kulturetan kontzeptuak egoeraren araberako testuinguruetan erabili ohi dira. Horrela, Luria errusiar ikertzaileak, 19311932 urteetan Uzbekistango pertsona analfabetoen artean burututako inkesta batean frogatu zuen ahozko kulturan pentsamendua gurea bezalakoa dela, baina kategoria ezberdinetan jokatzen duela. Luriaren arabera, ahozko kulturan pertsonek ezaugarri hauek agertu zituzten:
12.1. Forma geometrikoak horiei objektuen izenak emanez identifikatzen dira: platerak izendatzen du borobila, adibidez.
12.2. Objektuak egoeraren arabera sailkatzen dira, eta ez kategorien arabera. Adibidez, pertsona analfabetoei –«ahozko» pertsonak, argitzen du Ongek– lau gauza aurkeztuta: «mailua, zerra, aizkora, enborra», pertsona horiek ez zuten erreminta ez-erreminta oposaketa ikusten, eta egoeraren araberako pentsamenduari eusten diote.
12.3. Ahozko kultura bizi duten gizabanakoek pentsamendu silogistiko eta ilatiboaz jokatzeko eragozpenak agertzen dituzte.
12.4. Objektua definitzeko zailtasunak. Adibidez, Luriak zuhaitz bat definitzea eskatzen zuenean, erantzun ohikoena hauxe zen: «Hortxe duzu bat, begira ezazu».
12.5. Nork bere burua azter zezala eskatzean, elkarrizketatuak larritu egiten ziren. Batek, nor zen galdetu ziotenean, erantzun paregabea eskaini zuen: «Neure bihotzaz zer esan dezaket nik? Beste batzuei galdetu. Haiek nitaz hitz egin diezazukete».
Ahozko generoak
aldatuAhozko literaturaren edozein bildumak haren baitan zenbait literatur genero bereizten ditu. Eskuarki, behin literaturaren kontzeptua ahozkotasunera aldatuz gero, hiru literatur genero nagusi aipatzen dira: narratiboa, lirikoa eta dramatikoa.
Genero narratiboan kontakizun tradizionala –ipuinak, istorioak– eta baladak zein erromantzeak, azken horiek poema narratiboak barnean hartu ohi dira.
Genero lirikoan kanta liriko herrikoiak eta paremiologia biltzen dira.
Genero dramatikoan inauterietako antzezpenak eta Gabonetako autoak sartzen dira.
Genero ez tradizionalen artean euskal tradizioaren baitako bi aipatu behar dira: bertsolaritza –narratiboa, dialektikoa nahiz lirikoa izan daitekeena– eta pastoral-antzezpenak.