Euskal literatura/Berpizkundea, barrokoa eta klasizismoa
Euskarazko lehenengo liburua Mosen Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae poesia-bilduma laburra da. Joannes Leizarragak euskaratu zuen lehena da Testamentu Berria eta idazkera jasoa agertzen du. Axularren Guero aszetikako tratatu bat da; bere oparotasunak, edo, are barrokismoak, prosari erritmo zinez bizkorra eragiten dio. Joannes Etxeberri bere garaian jakintsua izategatik zen famatua; tamalgarria da prosarik idatzi ez izana. Arnaut Oihenartek molde herrikoiak berariaz saihestu izan ditu eta neurkera, kontzeptu zein erreferentzietan poesia jakintsua egiteko gogoak gidatu zuen.
Berpizkundea
aldatuBernat Etxepare (1545)
aldatu«Euskarazko lehenengo liburua Mosen Bernat Etxepare Eiheralarreko erretorearen Linguae Vasconum Primitiae poesia-bilduma laburra da, 1545ean argitaratua, Bordelen» (Mitxelena, 1960, 45). Mitxelena irakasleak modu horretara aurkeztu zuen lehenengo euskal idazlea. Aurkezpen hori argitaratu zenetik gaurdaino, nabarmen aberastu da Etxepareren bizitza eta obrari buruzko ezagutza.
Bizitza eta gertakari historikoak
aldatuBizitza. Etxepareren biografiari buruzko ikerlanak bere bizitzako pasarte batzuk, batik bat, bere kartzelaratzearen ingurukoak, ezagutzeaz baino ez dira arduratu.
Noiz jaio zen misterioa zaigu. Eiheralarreko erretore zela argitaratu zuen liburuko hitzaurrean adierazi zuelako dakigu. Aitzol Etxepare Eiheralarren jaio zelakoan dago, eta, haren ustez, 1480 edo 1490 inguruan jaio zen. Hari buruzko lehenengo berria 1518koa da, ordurako Eiheralarreko erretore zelarik. Seguruago dakigu, ordea, Donibane Garazin artzapez izan zela, egoera politikoa gogorra zen garai batean (Alzola, 1962, 311).
Historia. Gaztela eta Aragoiko erregeek Nafarroa inbaditu zutenean, haien alde agertu izana izan zen haren bizitza baldintzatu zuen gertakaria. Badakigu Erregeen aldekoek Etxeparek Donibane Garaziko artzapez jarrai zezan nahi zutela. Nafarroako Joan II.a erregek hiria hartu zuenean, Etxeparerenak egin zuen. Preso egon zen, Mosen Bernat Echeparere cantuya poema autobiografikoan agertzen duen bezala. Bere sinadura 1533ko Sinodoko estatutu batzuetan agertzen da, eta 1559an Orreagako kapituluak irekitako kalte eta irainei buruzko dokumentu batean bere izena irakur daiteke, izen horren identitatearen gaineko zalantzak dauden arren.
Obra. Testu poetiko bat da bere obra. Guztira hamasei poema eta 1.159 lerro; 595 lerro hiru poema, erlijiozkoak dira; 403 lerro hamar poema, erotikoak; 102 lerro ditu kartzelaratzearen lan autobiografikoak, eta euskara goresten duten bi lan laburrek, berriz, 40 eta 19 lerro (Alzola, 1962, 315).
Etxepareren testuaren argitalpenen gainean eztabaida bat bada edo, egokiago esanda, bazen. Altunak (Versificación..., 1979) poetari eskainitako bere tesian igarri zuen, zuzen igarri ere, 1545ko argitalpena, guganaino ale bakar baino heldu ez den argitalpena, ez zela bakarra, eta aurretik bazuela beste argitalpen bat.
Altunak honako froga hauek aurkezten ditu:
- Bertso batzuen neurrian irregulartasunak agertzen dira, neurkerari begira nahiko kodifikatua dagoen liburu batean. Altunaren iritziz, bertso faltsu horiek ez dira Etxeparek idatziak.
- Inprimatzeko baimenean, inprimatzaileak Erregeari erregutzen dio berea ez den beste argitalpen baten salmenta debeka dezala. Nolanahi ere, adierazpena lausoa da, inprimatzailea azkenean egin ez zen beste argitalpen bati buruz ari baitzitekeen, eta ez egiaz egindako bati buruz.
Altunak, batez ere aurreko frogaren sinesgarritasuna oinarri harturik, beste argitalpen bat egin zela ondorioztatu zuen.
Oihenartek, Rouenen, 1565 baino lehenago, beste argitalpen bat egin zela esan zuen.
Egile bat bi korronteren artean
aldatuEuskal kritikan topiko hedatuenetako bat da Bernat Etxepare eta Juan Ruiz Hitako Artzapezaren artean antzekotasun nabarmenak daudela.
Antzekotasunak hauek lirateke:
a) Neurkera: Etxeparek erabilitako sistema errima bakarra cuaderna viaren antzekoa da,
b) biografian ere antzekotasunik bada, bi egileok preso egon baitziren,
c) bi egileon testuetako maitasunaren ikuskera berbera dela esan ohi da; egokiagoa litzateke, ordea, antzekoa dela esatea,
d) Mariaren gaia, bekatariaren eta Salbatzailearen arteko mintzaide gisa, antzera agertzen dute bi egileok.
Konparaketa sistema hori, ordea, ahula da. a) argudioak errima hartzen du kontuan, baina ez neurria; b) argudioak obran eraginik ez duen kointzidentzia bat jaso besterik ez du egiten; c) argudioa ez da sinesgarria, bi egileon ikuskera maitasunaren gaian nahikoa ezberdina baita, antzekotasunik topa daitekeen arren; d) argudioa da, beharbada, bi egileon mundu-ikuskera dela antzekotasun nabarmena bakarra.
Erdi Aroko gizona. Jon Juaristiren (Literatura..., 1987, 31 eta hur.) iritziz, Etxepare Erdi Aroko idazlea da, trantsiziokoa dela ere aitortzen duen arren, baina bere ikuspegia defendatzeko bestelako argudioak erabiltzen ditu:
a) Etxeparek bere obra kantatzeko idatzi zuen, ez irakurtzeko. Juaristik ondorioztatzen duenez, «ez dirudi Etxepare ahozko eta kirografia lanen arteko errotiko ezberdintasunaz jabetzen denik».
b) «Aldi berean, maitasun sakratu eta profanoaz gozatzeko gonbiteak berehala ekartzen du gogora Hitako Artzapeza. Izan ere, Etxeparek horretan, eta beste hainbat planteamendutan, Juan Ruizen ikuspegi berbera du», beste planteamendu horiek aipatzen ez direlarik.
Errenazimentuko gizona. Literaturaren ikuspegitik, Etxepare Erdi Aroko idazletzat hartzen duen iritzi horrez gainera, beste batzuk hartu behar dira kontuan, zeren eta bitxia bada ere, begiratutako erreferentzietan bere garaiko gizon errenazentista bezala erakusten duten datuak itzalpean agertzen baitira, edo aipatu ere ez dira egiten. Eta daturik bada, hala nola:
1) Inprentari garrantzi handia ematen dio, eta hori nekez izan liteke Erdi Aroko ezaugarri bat.
2) Etxeparek bere hizkuntza goresten du, haren garrantzia latinarenarekin alderatuz. Jakina denez, Errenazimentuaren oinarrietako bat da herrihizkuntzak kultur baliabidetzat onartzea.
3) Morroiari soldata zor zaioneko planteamendua gizarte errenazentistaren ezaugarri bat da.
4) Etxeparek, Ama Birjina Unibertsoaren erdigunean kokatzen badu ere, testu batzuetan gizona jartzen du ororen erdigunean.
5) Etxepareren erlijiotasuna Erdi Aroko pentsaera batetik ote dator, edo pentsaerakorronte ortodoxo batetik?
6) Eztabaida horren ardatz nagusietako bat idazketarekiko erlazioa da. Euskal literaturaren historian, auzia alderantziz aurkeztu ohi da. Hau da, Etxepare eta ahozkotasunaren arteko erlazioz hitz egiten da. Jakina da bere lanak kantatuak izateko egin zirela. Jakina da, halaber, bere bertso batzuk tradizio bihurtu zirela, kanta biltzailea izan zitekeela ere esan izan du inork; Altunak poeta herrikoia esaten zion, bertsolariekin alderatuz.
Hori guztia oso ongi dago, baina txanponaren ifrentzua ikustea falta zaigu.
Nolanahi ere, zalantzarik gabe Etxeparek bere bertso idatziak inprimatzeko ematen ditu. Badakigu modernitatea (ArièsDuby, 1991) idazketarekiko erlazioagatik definitzen dela, eta horrek, era berean, Estatuarekiko erlazio ezberdina zekarrela, eta baita erlijioarekiko ere, pribatua bihurtzen baita.
Etxepareren biografiak argitzen digu honek Estatuarekin zuen harreman tirabiratsua. Agiriek gizon bertutetsu eta letradun gisa deskribatu zuen (Urkijo, 1907).
Erlijioari dagokionez, bere Kristaua Dotrina irakurtzen hastea nahikoa litzateke konturatzeko Etxepare orokorrean ez zaiola jendeari zuzentzen, entzule bakoitzari bananbanan baizik.
Idazketari begira, ezaguna da idazketa teknikak harreman autobiografiko eta analitikoak bultzatzen dituela.
Errenazimentua ez da berez aro baten antzera hartu behar, baizik eta modernitatearen garapenean tirabira kontrajarriekiko garai modura. Nire iritziz, Etxeparek bere liburuan ez du Erdi Aroaren eta Errenazimentuaren arteko tirabira pertsonal edo kontserbadore bat jasotzen, baizik eta modernitatearen garapenean gizartearen beraren baitan zegoen tirabira.
7) Tonua Erdi Arokotzat jo daitekeen arren, ene ustez, testuen egituraketak, gerora hitz egingo dugun egituraketak, eskuartean duen materiala kanon bati jarraituz, arrazionalizatzen eta antolatzen duen gizon bat agertzen du.
Ohar horiek guztiek bakarra dute xedea: Etxepare gutxienez Errenazimentuko korronte kontrajarrietan txertatutako trantsizioko idazletzat aurkeztea.
Etxepareren obra poetikoa
aldatuNeurkera. Badirudi Etxepare eta eztabaida beti elkarrekin doazela. Haren balioa eztabaidagai izan da, hau da, Erdi Aroko edo Errenazimentuko izaera ote duen ez ezik, azken eztabaida bere obra poetikoan ziurtzat jotzen zen neurkerari buruzkoa da. Patxi Altunaren tesiak (1979) Etxepareren ebakera-neurkera abiapuntu harturik aztertu zuen. Bigarren mailako poemak alde batera utzita, Etxepareren corpusa barneko hiru etenen bidez 4/4/4/3 antolaera silabikoa agertzen duten 4 lerro eta 15 silabako ahapaldi errima bakarreko poemek osatua dago.
Hori egiaztatu ondoren, Altunak Etxepareren hizkeraren ezaugarriak ikertu zituen, aurrez Lafonek (1951) egindako lana osatuz.
Jon Juaristik iritzi hori zalantzan jarri zuen: «Linguae Vasconum Primitiae lanean forma metriko nagusia hamasei silabako tetraforo errima bakarra da, hau da, Libro de Miseria de Omne lanaren idazle anonimoak eta, ziur asko, Berant Erdi Aroko kleropoesiazko beste lan batzuetan erabilitako berbera. Etxeparek errima oxitonoak nahiago ditu. Etxepareren berezitasun hori dela-eta, fonologikoki euskal azentuari ez baitagokio, zenbait ikerlek gure lehenengo idazleak hamabost silabako (8//7) bertso bat, literatura erromanikoetan bitxi samarra, erabiltzen zuela ondorioztatu zuten –ondorioztapen okerra, nire iritziz. Azkenean, Etxepareren bertso gehienak hamasei silabako eredu oxitonoari (8//7+1) jarraitzen zaizkio» (Literatura..., 1987,35).
Altunaren erantzunak «¿Son hexadecasílabos...», 1991. Hain luze jo zuen, ezen iritsi aurretik arrapostua jaso baitzuen (Juaristi, «De metrica...,»1990).
Altunak, bere artikuluan, Juaristik bere hipotesian eskainitako arrazoi eta datuak aztertu zituen, Etxepareren bertsoetan 15 silaba ikusten zituen, Oihernarten testigantza bereziki nabarmenduz.
Juaristi, bestalde, hamasei silabako ereduaren defentsari lotuko zaio, arreta Etxeparek gertuko zuen tradizio erromanikora erakarriz.
Poesia proventzala. Neurkeraren gaineko eztabaida horiek egiteke dauden beste azterlan batzuk zokoratu dituzte. Horietako bat Etxepareren obran poesia proventzalaren osagai ba ote diren argitzea da. Lafonek jada Etxeparek trobadoreetatik edan bide zuela adierazi zuen arren, ikerketa ildo horri ez zaio inor lotu, bere obran gorteko maitasunaren topikoak agertzen badira ere.
Estilo bikoitza. Etxepareren obran estilo bikoitza nabari daiteke, nire iritziz balizko errealismo batetik eta baita ahozko poesiatik ere urrutiratzen duena.
Ispiluaren metaforaz ari naiz, eta ahalezkoen erabileraz. Etxeparek bere poemetako pertsonaiak maitasun kontzeptu bat gauzatzeko aukera ditu, kontzeptu hori, nire iritziz, ordenaturik agertzen da. Ispiluaren metaforak, lan honetan egoera dramatizatu bati dagokiona erakuts dezake poetak, egoera ezberdinak eskaini nahi dituela. Testu honetan, ispilua batzuetan maitasun topiko, literario bat adierazteko modu bat da.
Baldintzazko eta ahalezko esaldien erabilerak –adibidez Amoros sekretuki dena poeman– batetik, irrealtasunezko, eraikuntza mental eta sorkuntzazko baten sentipena indartzen du, eta, bestetik, testua silogismora hurbiltzen dute, jakina denez, idazketaren garrantziaren egiaztapen bat baita.
Egitura. Liburuan lau gai nagusiak ordenaturik aurkezten dira: erlijiozko poemak, maitasunezkoak, presondegikoa, hizkuntzaren aldeko poema.
Alabaina, Etxepareren maitasun-poemen azterketa estruktural bat eginez gero, ezaugarri komun bat aurkitzen dugu:
III. (Amorosen gastiguya) eta IV. (Emazteen fabore) poemek testuan funtzio bikoitza dute. Batetik, Etxeparek maitasunari buruz duen «teoria» orokorra erakusten dute, eta, bestetik, maitasun mundutarra eta jainkotiarra bereizten dituzte. V. (Ezkonduyen koplak) eta VI. (Amoros sekretuki dena) poemek maiteari maitasuna aitortzen ez dion maitale bat erakusten dute, eta IX. (Potaren galdatzia) eta X. (Amorez errekeritzia) poemetan, berriz, maitaleak maiteari bere asmoak agertzen dizkio. Ispilu gisa jokatuz, VII. (Amorosen partitzia) eta VIII. (Amorosen jelosia) poemek aitortu gabeko maitasun batek ekar ditzakeen ondorioak agertzen dituzte: maitearengandik urruntzea eta horregatik pairatzen den jeloskortasuna. XI. (Amorosen disputa) eta XII. poemek bigarren balizkoaren ondorioak erakusten dituzte.
Ispilu egitura horrek agertzen duenez, Etxeparek maitasunari buruzko iritzi negatiboa dauka. Egileak testua funtsezko bi irizpideri jarraiki antolatzen du: maitatzeko erak eta maiatzeko eren ondorioak.
Estiloa. Sarritan Etxepareren poesia primitiboa dela esan izan da. Adjektibo horrek batzuetan adiera negatiboa izan ohi du, eta beste batzuetan, berriz, esanahi positiboez hornitzen da (Sarasola, 1976, 39).
Primitibismoa. Primitibismoa ezaugarri estilistiko jakin batzuetan antzeman daiteke: neurkera monotonoa, aliteraziorik eza, erritmo errepikakorra, zamalkadurarik eza eta konparazioarekiko joera, metaforaren gainetik.
Deskribatzailea. Dena den, Etxepareri hainbat dohain aitortu zaizkio, hala nola «maiteminduen arteko harremanen deskribapen soil eta zehatza, bere laburrean hain aberats eta anitza» egiten duen poeta izatea (Mitxelena, 1960, 47).
Joannes Leizarraga
aldatuJoannes Leizarraga, Testamentu Berria euskaratu zuen lehena, bi arrazoigatik aipatuko dugu hemen:
- Protestantismoaren garaikidea. Hau literaturekin zerikusirik ez duen arrazoia da: egilearen eta bere obraren bitartez protestantismoaren hedapena aztertu ahal eta behar da. Gai hori abiapuntu harturik, Europan kontzientzia librearen eta pribatutasunaren garapena iker daiteke.
- Idazkera jasoa. Literaturaren ikuspegitik, Leizarraga euskaraz idazteko erregistro jasoa sortzen ahalegindu zen lehenengo egile gisa aztertu behar da. Horretarako euskalki ezberdinetako hiztegiaren hautaketa egin zuen, arkaismoak gorde zituen, hitz aldagaitza aldatzeko gatazkan murgilduta dagoen itzulpen bati dagokion moduan, eta aditz-sistemaren bidez erregistro jaso bat sortzen saiatu zen.
- Hizkuntza-mailako ezaugarriak. Egileari buruzko ikerketa filologikoak garatuago daude. Adibidez, Patxi Altunak «Leizarragaren morfosintaxiaz...», 1980, idazlearen hizkuntza-mailako ezaugarriak laburbildu zituen. Ezaugarri horien artean honako hauek nabarmen daitezke: kultismoaren garrantzia, iraganaldi buruturako egungo subjuntiboa baliatzea, helburuzko perpausetan aditz laguntzaileei tzat atzizkia eransten zaie, testuan gaur egun ohikoa den bigarren pertsonaren forma pronominala sarri agertzen da, hiperbatona beste ezaugarri jaso moduan, konpletiboak la atzizkiarekin egiten dira, eta ez na atzizkiarekin...
Barrokoa
aldatuTestuinguru orokorra
aldatuForma berezia emango dioten bi gertakari historikok baldintzatuko dute XVII. mendeko euskal literatura: fenomeno semiotiko izenekoak.
Lehengo fenomeno semiotikoa. Trentoko Kontzilioak euskal literaturan izan zituen ondorioetan datza. Mitxelenak (1960, 59) idatzi zuen bezala, «historia modernoan gertakari batek Euskal Herrian eragin sakona izan badu, hori Trentoko Kontzilioa da. Kontzilioaren ondoren eta ondorioz, gero ohiko bilakatu den identifikazioa gertatu zen euskaldunaren eta Katolizismoaren artean ».
Egia da Trentoko Kontzilioak herrian eragin handia izan zuela, eta geroago haren ikasbideak XVII. mendeko erlijiozko testuetan jaso zirela. Bi galdera egin daitezke, ordea: identifikazioa Trentoko Kontzilioak ala pentsamolde ortodoxoaren korronte batek ekarri zuen? Eta bigarrena, erlijiozko literaturak ez ote zuen erreformaren aurka garbi agertu zen literatura barrokoaren eragina islatuko, Trentoko Kontzilioarena adina?
Bigarren fenomenoa, literarioagoa, idazle-talde bat osatzea da, Sarako eskola izen hartu zuen taldea. Hizkera ulerkor burgestua eta literatur kontzientziaz idazten duen apaiz multzo batek osatua zen eskola.
Euskal literaturaren garapenerako funtsezkoa izan zen Sarako eskolaren eraketa. «Sarako taldearen obraren garrantzia ulertu ahal izateko kontuan izan behar da taldeko erlijiosoak ez zirela apaiz ezikasiak» (Sarasola, 1976, 44). Eskola hori hondoko idazleok osatu zuten, luzeago aztertuko ditugun Axular eta Etxeberriz gain:
- Materre, Doctrina christiana (1617) baten egile frantziskotarra.
- Gasteluzar, jesuita, Eguia Catholicac (1686) lanaren egilea, neurtitzetan paratutako asmo ortodoxo garbikoa.
- Joan Haranburu: Debozino escuarra (1635).
- Arginaratz, lan aszetiko baten egile, Avisu edo exhortacione probetchosac bekhatorearentzat (1641), eta kristauikasbideko neurtitzak ere idatzi zituena.
Prouveau, Philotea (1664) lanaren itzultzaile, eta euskara-frantsesa hiztegi baten egile (Villasante, 1961, 69 eta hur.).
Aipamen labur hau mugimenduaren indarraz eta garrantzi kuantitatibo zein kualitatiboaz jabetzeko baliagarria gerta daiteke. Mugimenduak gainera, irakurle talde bat zuen inguruan.
Pedro Axular (1556-1644)
aldatuBizitza
aldatuAxular Nafarroako Urdazubin jaio zen. Salamancan egin zuen batxilerra, eta 1596an Tarben ordenatu zen apaiz. Sarako erretore kargua eskuratuta, bere jakinduriagatik eta bokantzagatik (zehaztasunagatik) sona hartu zuen.
Bere lan bakarra, Guero, 1643an argitaratu zuen. Aszetika tratatu bat da, bekatariaren konbertsioa helburu, damua gerorako ez dela utzi behar argudiatuz.
Barrokismoa eta Barrokoa Axularrengan
aldatuAxularren barrokismoaz jardun zuen lehena Sarasola izan zen: «Axularren oparotasunaz asko hitz egin izan da, baina oparotasun horren funtzioaz ez da ezer esan. Oparotasun, edo, hobeto, barrokismo hori ulerterraz eta adigarri izateko moduan baliatzen du, eta, aldi berean, bere prosari erritmo zinez bizkorra eragiten dio» (1976, 46).
Estilo kontua da, Sarasolak hizpide duen barrokismo hori. Izan ere, Axularren estiloa Errenazimentutik datozen prosa barrokoaren funtsezko bi ezaugarriri emandako garrantzian oinarritzen da: bi atalen eta, batez ere, hiru atalen erabilera. Sarasolak aipatutako erritmoa mezua esaldi progresibo eta ez progresiboen antolaeraren emaitza da. Jakina denez, esaldi progresiboetan trinkotutako mezua sarritan mintzaeraren apaingarri gisa baliatzen den testuinguru ez progresiboak indartzen du. Ikuspegi horretatik, Axular erretorikan oinarrituta xeheki aztertuz gero, bere teknikak sobera desestaliko lirateke (Letamendia, 1977).
Teknika klasiko horiek ez dira esaldiaren moldaera mugatzen, ahapaldien egituraketa ere baldintzatzen dutelarik. Nolanahi ere, egitura hori ez da inola ere arraroa: lege orokorra, narrazio eredugarria, ondorio praktikoa.
Alabaina, barrokismoa jarrera intelektual eta moral baten isla besterik ez da: barrokoa, fedeari, egiazkoari alegia, eta erreformari kontrajarria, emandako garrantzia.
Axularren testuak aitortzaren bidez bekatariaren bihurtzea du xede. Tesi hori kontzientzia librearen aurkakoa da (Maravall, 1990). Jon Juaristik «urre eta intsentsu» mendeen isla da (Literatura...,1987, 43).
Guero eta haren argitalpenak
aldatuGarai historikoan egindako sei argitalpenek Axularren obrari emandako garrantzia egiaztatzen dute. Argitalpen bakoitzak, ordea, Axularrek berak aipatu arazo bati aurre egin behar izan dio. Hasiera batean, badirudi bere planteamenduak bi zati zituela. Lehenengoan utzikeriak bekatariengan eragiten zituen kalteak agertu nahi zituen, eta bigarrengoan salbamenerako bideak erakutsi.
Bigarren zatia baino ez dugu ezagutu. Argitaratzaile batzuen iritziz, hala ere, obra osoa argitaratutako horren barruan zegoen, ordenarik gabe baina. Horrela autorearen lana zuzentzea justifikatzen zuten.
Aurreneko edizioa 1643an argitaratu zen. Bigarrenak, datarik gabe argitaratua, lanaren izenburua aldatu zuen, hari Gueroco guero izena jarrita, itxura batean lehenengo argitalpenetik bereizteko. Hirugarrena 1841ean eman zen argitara, eta Aita Intxauspe arduradunak egoki iritzi zion ordenaz argitaratu zuen, Axularrek bere liburuari ezarri nahi izango ziokeen «jatorrizko» plana lortzeko (!).
RIEV aldizkari sonatua lehenengo edizioari lotu zitzaion, lana 1911an argitaratu zuenean. Manuel Lekuonak 1954an paratutako argitalpena medio, Axular euskararen batasunerako eredu gisa hartua izan zen. Azkenik, 1964 eta 1976ko azken argitalpenez Aita Villasante arduratu da (Villasante, 1972). Axularren aditu honen iritziz, Guerok jatorrizko planaren lehenengo zatia jasotzen du, lan horretan bigarren zatirako aipatu gaiak ez baitira jorratzen.
Joannes Etxeberri
aldatuJoannes Etxeberri Ziburukoa entzutetsua zen bere garaian, berea zuen jakinduriagatik. Deboziozko hiru liburu idatzi zituen neurtitzetan, Manual devocionezcoa (1627), Noelac (1630?) eta Eliçara erabiltceco liburua (1636). Horietan kristau batek jakin beharreko egiak erakusten zituen, eta Gabonkantak. Egile honek prosan idatzi ez izana tamalgarria da, Oihenart eta Mitxelenak adierazi zutenez.
Klasizismoa
aldatuArnaut Oihenart (1592-1667)
aldatuBizitza
aldatuZuberoako Maulen 1592an jaio zen Oihenart garai klasikoko euskal poeta interesgarrienetakoa. Bordelen Zuzenbidea ikasi zuen, eta Nafarroako Parlamentuan abokatu izan zen.
Oihenarten literatur lan bakarra O[hienarte]ren gaztaroa neurtizetan izeneko liburua da. Lan horretan zenbait emakumeren deskribapenean oinarritutako maitasun-poemak, elegia bat eta erlijiozko kanta batzuk biltzen ditu. Edonola ere, egile honek baditu argitaraturik lan gehiago. Esaera zaharren bilduma bat egin zuen, aita Lafittek aurkitu eta argitaratutako bat, L’Art poétique basque izenekoa idatzi zuen, eta, azkenik, historiako lan bikain bat egile da: Noticiae utriusque Vasconum....
Oihenarten obra poetikoa
aldatuBere poemei dagokienez, bi ikerketa nagusi egin dira:
a) Neurkera (Altuna, «Mas sobre la versificación...», eta «Ohienarten...», 1979, b eta c).
b) Bere obraren balioespen orokorra. Mitxelenak (1960, 76), adibidez, adierazi zuen «ez zela poeta, bertsogile izugarri trebea baizik». Sarasolaren (1976, 124) esanetan, «egun bere poemen balioa gutxiesteko joera badago ere, onartu beharra dago bere konbentzionalismo eta artifizialtasunaren azpian lorpen poetiko bistakoak sumatzen direla».
Euskal poeta sinbolistek Oihenarten obra poetikoa eredutzat hartu zuten. Jon Juaristik eskaintzen dizkion lerrootan estimazio hori nabari daiteke: «izatez eta ofizioz literato izanaren kontzientzia garbia duen bere garaiko idazle bakarra» (1987, 52).
Altunak («¿Son hexadecasílabos...», 1991, 105) auzi honi buruz esandakoen laburpen bat egiten du, non Juaristiren berotasunari iritzi epelagoekin tartekatzen baitzaizkio.
c) Barrokoa eta klasizismoa Oihenartengan. Bere bertsoen estimazio orokorra edozein dela ere –finean interpretazio pertsonalen baitakoa izanda–, Oihenarten obra barrokotzat jotzean adostasuna dagoela dirudi. Uste hori bere estilo kontzeptistan oinarritzen da, hainbesteraino ezen figura erretorikoen erabileran Quevedorekiko antzekotasunak ere aurkitu izan baitzaizkio. Mitxelenak horrela definitu zuen bere obra: «molde herrikoiak berariaz saihesten ditu eta neurkera, kontzeptu zein erreferentzietan poesia jakintsua egiteko gogoak gidatzen du» (1960, 75).
Kontzeptu hitza erabiltzean, Mitxelenak Oihernaten poesiari buruz pentsatzen zuena agerian utzi zuen. Jon Juaristik, bestalde, bere iritzia ozen adierazten du: «Barrokoko gizona, gustuko zituen eraikuntza eta molde bitxiak, eta neologismo ugari sortu zuen» (1987, 51).
Puntu horretan, niri iritziz, hainbat auzi aztertu behar dira, barrokoarekiko bere atxikipena zalantzan jartzeraino. Lehenik eta behin, Oihenart klasizismoa erruz darion arte poetiko arau-emaile baten egilea da. Bigarrenik, bere lan historikoan aipatutako idazleen artean, bere eredu-bide zirenak, ez da idazle barroko espainiarrik agertzen, eta bai, ordea, idazle klasiko, errenazentista eta klasizista frantsesak. Hirugarrenik, Oihenarten kultur harremanak frantsesak direla pentsatu behar da, eta segidan Frantziako XVII. mendea barrokoa edo klasizista ote den ikertu beharko litzateke. Laugarrenik, kontuan izan behar da «molde bitxiak» eta kontzeptuak ez direla soilik barrokoaren ondare, edo, bestela esanda, eragin klasikoaren ondorioz daude barrokoan.
Oihenarten poemak irakurtzerakoan, nabari da bere poetikaren funtsa dela adierazkortasuna: bere kontzientzia artistikoaren kezka nagusiak esatea eta esandako hori nola esan. Egia da mintzaera hori silogistikoa dela eta, zenbaitetan, kontzeptista. Izaera kontzeptual hori, ordea, ez zaio ezinbestean barrokoari lotzen, batik bat kontuan izanik Oihenarten testuek egituran orekarako joera dutela, gehiegikeriak bazter utzita.
Nire iritziz, bada, baliagarria litzateke Oihenarten izaera klasizista aztertzeko ikerketa ildo bati atxikitzea.
d) Euskal poetikaren iraultzaile. Kritika bat dator, halaber, Oihenart euskal poetikaren iraultzailetzat hartzerakoan. Lehenagoko lanen kritikari gupidagabea, Oihenartek euskarazko poesigintzaren gainean teoria berritzaile bat proposatu zuen. Errima oxitonoak ez zituen gogoko, eta forma jaso –«jakintsuak» Mitxelenaren hitzetan– erromanikoetara hurbiltzea proposatu zuen. «Bertsogintza tradizionalaren lehenengo etsaia Oihenart da, «bertso maskulinoen» arerio, eredu bitxien gertuko jarraitzaile» (Mitxelena, 1960, 67).
Oihenarten poesiaren ikerlan bati begira
aldatuOihenarten obra poetikoaren ezaugarriei buruzko lanik ez da oraino egin. Segidan doazen oharrak testuaren irakurketa formal batean oinarriturik daude.
Neurkera da Oihenarten poetikan gehien ikertu den alderdia (Altuna, «Oihenarten...», 1979).
Estiloaren ikuspegitik, errima aberatsetarako eta kategorialetarako joera nabarmen daiteke, zeren eta horrek egilearen izate klasizista bermatzen baitu. Bestalde, Oihenartek biko errimatuak oparo erabili izana, akaso esaera zaharren gogorapenean, ez da oraindik aztertu.
Ikuspegi formaletik, bere diskurtsoaren ezaugarri nagusiak aliterazioak, anafora eta paralelismoei diskurtsoaren egituratzaile moduan emandako garrantzia, galdera erretorikoa eta zamalkadurak dira.
Egituraketa. Poemak logikari jarraituz egituratzen dira, hiru alderdiri erreparatuz:
- denborazko diskurtsoa,
- irizpide logikoa, adibidez, «Joanaren betheginzarrea» maitearen deskribapenean goitik beherako kanonari eusten dio,
- eta lehenago/gero oposaketa, poemetan nabarmentzen den oinarrizko oposaketa semantikoa –emakume maitatuak arbuiatutako desira– indartzen duen kontrako jarrera.
Osagaiak. Egilearen tonu jasoa biltzen duen estiloa hainbat osagaik moldatzen dute, hala nola alegoria, kontzeptu eta hitz jokoak –Oihenartek poemak maitearen izena oinarri hartzen duen hitz joko batez hasteko joera agertzen du–, metaforak eta pertsonifikazioak.
Diskurtso hori guztia bere poemetan behin eta berriro errepikatzen diren bi ideia hezurmamitzeko baliatzen du: emakumearen irudiaren idealizazio neoplatonikoa eta nahiak ase ezinak egileari eragiten dion etsipena.
Kontrapas
aldatuHeuskera, ialgi adi kanpora!
Garaziko errria
benedika dadila;
Heuskarari eman dio
Behar duyen thornuya.
Heuskara,
Ialgi adi plazara!
Bertze jendek uste zuten
Ezin skriba zateyen;
Orai dute phorogatu
Enganatu zirela.
Heuskara,
Ialgi adi mundura!
Lengoajetan ohi intzan
Estimatze gutitan;
Orai aldiz hik behar duk
Ohoria orotan.
Heuskara,
Habil mundu guzira!
Bertzeak oro izan dira
Bere gohien gradora;
Orai hura iganen da
Bertze ororen gainera.
Heuskara!