Euskal literatura/Euskal kanona

Ez da erraza euskal literaturan kanonaz hitz egitea, hastapenetan argitaratutako literatura gutxi baitzegoen. Aita Larramendik, bere Diccionario trilingüe (1745) lanaren hitzaurrean, aurretik argitaratu ziren eta ezagunak zituen euskal liburuen berri eman zuen. Azkuek bere Diccionario eta Morfología lanetarako iturriak biltzen dituenean, egileen kanon bat zerrendatzen du. Villasantek eta Mitxelenak, 60ko hamarkadatik aurrera, Euskal Literaturaren Historia bana idatzi zuten, idazle eredugarrien kanona behin betiko osatuz.

Literatura idatzia, Errenazimentuak herri hizkuntzei eragindako bultzadaren babesean sortua, Linguae Vasconum Primitiae lanarekin hasi zen, Bernat Etxeparek 1545ean argitaratutako poesia-bilduma. Datan susmatzen den bezala, bigarren argitalpenari edo bigarren inprimaketari dagokion ez dugu eztabaidatuko. Nolanahi ere, gure iritziz, kritikak ez du gai hori behar beste argitu.

Testu horri jarraitu zitzaion Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Ionnes Leizarraga abade kalbinistak 1571ean Arroxelan argitaraturikoa.

Hainbat aszetika, erlijio eta poesiazko lanek erakutsi zuen, XVII. mendean, euskal literaturaren garapena. Garai hartan argitaratu zen Pedro Agirre, Axularren Gero (1643), Fr. Luis Granadakoaren La Guía de pecadores abiapuntu harturik, gero eta nabariagoa denez.

Arnaut Oihenart Zuberoako abokatu eta sindikoaren obra poetikoa –behar adina aintzat hartu gabea– ekarri zuen, halaber, XVII. mendeak. Egile berak “Bi Euskal Herrien berria, bai Iberiako eta bai Akitaniakoarena” argitaratu zuen, latinez.

Lau izen horiek osatzen omen dute bi mendeotako idazleen muina, baina ez dira bakarrak, jakina. Ibon Sarasolak adierazi bezala, XX. mendera bitartean oso literatur liburu gutxi argitaratu zen. Dena den, irizpide hori literaturaren ikusmolde garbizale baten ondorio da; izan ere, liburu aszetikoak, didaktikoak eta literatura hain aparte ez zeuden garaian, estetikatik eta literaturatik hurbilago zeuden. Edonola ere, hautatzeko askorik ere ez dago.

Corpus Literarioaren lehen azterketak

aldatu

Larramendi. Literaturan material eskasa dugun arren, goiz hasiak ziren literatur ekoizpenari buruzko ikerketak eta tradizioaren balioespenak. Arnaut Oihenart abokatuak, bere Art poétique lanean, Lapurdiko apaiz bati 1665ean bidalia eta 1967ra arte argitaratu ez zena, haren Poésies basques (1657) baino lehenago egindako poesia aztertu zuen.

Zehatz esateko, Oihenartek, bere sustrai humanistak eta klasizistak oraindik ikertu gabe dituenak, Erroman erabiltzen zenaren antzeko sistema poetiko bat aldezten zuen, eta Etxepareren testuak gutxiesten, primitiboak eta landugabeak zirelakoan. Oihenartek proposatzen zuen poesia jasoaren azentua eta errimaren garrantziari buruz teorizatu zuen, latinezko, frantsesezko, gaztelaniazko eta italierazko poetikaren azentua eta errima ikertu ondoren.

Oihenart. Aita Larramendik, XVIII. mendean, bere Diccionario trilingüe (1745) lanaren hitzaurrean, aurretik argitaratu ziren eta ezagunak zituen euskal liburuen berri eman zuen.

Ondotxo dakit lehen bi hurbilketa horiek ezin daitezkeela kanonaren azterketa gisa hartu, baina horietan, eta, batez ere, Larramendiren zerrendan, testuaren lehen balioespen bat agertzen zen ordurako. Axular eta haren Gero lanaren lexikografia-iturri eta euskal erretorika prosaren eredutzat aipatzen hasi zen. Irakurleen artean ere liburuak harrera ona izan zuen, bigarren argitaraldi bat ere egin zuelarik, lehenaren ondotik.

Filologiaren sorrera

aldatu

Wilhelm Von Humboltdek, XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasiera bitartean, hainbat bidaia egin zituen Euskal Herrira eta, horren ondorioz, Europako zenbait filologok euskarari eta hizkuntza honen ekoizpen idatziari buruzko interesa agertu zuten.

Kanonari dagokionez, Filologiaren bultzada XIX. mende bukaeran nabarmendu zen, urte horietan garatu baitziren Louis Lucien Bonaparteren euskalkien gaineko ikerketak eta Van Eysen lanak.

Alabaina, kanona egiaz Bibliographie de la langue basque (1891) lanaren argitalpenarekin zertu zen. Huraxe zen ordura arte euskaraz argitaratutako dena biltzeko lehenengo saialdia eta, ikuspegi positibista batetik, historian zehar argitaratutako lanek izandako harrera agertzen zuen. Horri dagokionean Pedro Agirre “Axular” nabarmentzen zen; izan ere, haren inguruan idazle talde bat bildu zen, bere lanaren sustatzailea, «Sarako eskola» izenarekin.

Bildumak

aldatu

Oro biltzeko grina hori literatur ekoizpenaren beste alderdi batean ere islatu zen. Aita Jose Antonio Uriartek nahiz Jose Manterola liberalak garaiko poesia bildu nahi izan zuten, Espainian argitaratzen ziren bildumen antzera, han egile baten lan guztiak edo garai jakin batek emandako literatura guztia argitaratzen baitziren.

Jose Antonio Uriartek Poesía Bascongada. Dialecto Vizcaíno lanean –1840 eta 1869 hil zen urtearen bitartean egindakoa, baina 1986an argitaratua– bere garaikideen olerkiak –haietako asko argitaragabeak– bildu nahi izan zituen, osotasun-asmoa agertzen zuen album moduko batean.

Testuan fraideak ezagutzen zuen oro bildurik dago. Hasierako asmoari jarraituz, bizkaieraz hutsean idatzitako olerkiak hartu eta kopiatzen zituen, modu horretara 600 orrialdeko liburukia osatuz. Eragin murritzeko bilduma horretan bi egile aipatzen ziren kontuan izan beharreko eredu gisa: Jose Antonio Mogel eta Eusebio Azkue XX. mende hasierako Resurrección Maria Azkue poligrafoaren aita.

Jose Manterola. Jose Manterolaren Cancionero Vasco-k (1877-1880) antzeko helburua zuen, alegia, euskalki, garai eta genero orotako euskal olerki-bilduma bat argitaratzea. Nahas-mahas horrek idazle garaikide baten literatur ospea areagotu zuen, bildumagile eta argitaratzaile Indalenzio Bizkarrondo “Bilintx”-en balioaz oharturik. Idazle horrek, orri solte eta hegalarietan argitaratzen zuen poesia apalaz, euskal hizkuntzara erromantizismo sentimental baten eragina ekarri zuen.

Nahas-mahas horri esker, kanonean sartu ziren egile garaikideak, eta literatoen balioa hartu zuten.

Urkijo, Azkue eta Euskaltzaindia

aldatu

Urkijo. Euskal literatur kanonak, XX. mendearen hasieran, artean hizkuntz eredu gisa jokatzen zuen, eta haren finkapena bi lagunen eskutik iritsi zen. Euskal kulturan itzal handiko bi pertsonaia ziren: Julio Urkijo eta Resurrección Maria Azkue.

Urkijo jaunari zor zaio Revista Internacional de Estudios Vascos (1907-1936) (egun ere argitaratzen da, Eusko Ikaskuntzaren eskutik) aldizkari bikainaren argitalpena, testu literario klasikoak argitaratzen zituena: Axularren Gero, Linguae Vasconum Primitiae, Oihernarten poemak eta atsotitzak, 1596ko Refranes y sentencias...

Hitz batean, aldizkaria, liburu klasikoen argitalpen fidagarriak biltzeaz gain, euskal hizkuntzaren klasikoen zerrenda taxutuz corpus bat osatzen ari zen.

Azkue. Bestalde, Resurrección Maria Azkue jauna poligrafia lan garrantzitsua burutzen ari zen, ahozko literaturaren bildumak argitaratuz,esate baterako, Euskal Izkindea (1891) zeritzan euskal gramatika, Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-1906), Morfología vasca (1923), eta Cancionero vasco eta Euskalerriaren Yakintza (1935-47).

Azkuek, bere Diccionario eta Morfología lanetarako iturriak biltzen zituen bitartean, egileen kanon bat zerrendatzen zuen, hitzak sartu edo adibideak eskaintzeko baliagarri zitzaion kanona zen. Egile horien artean nagusiak jada aipatu ditugu eta hemen ez zen aldaketa handirik gertatu. Idazleok oinarri harturik, pixkanaka irudi bat osatu zen, hizkuntzaren aita eredugarri moduan aurkezten zituenekin, haien esamoldeak eta sintaxia imitatu behar zirelarik, literatur estilo koherente bat lortzeko.

Euskaltzaindia. Euskaltzaindia 1918an sorrerarekin, hizkuntzaren maisutzat hartutako egileei buruzko ikerketak segurtatu eta bermatu ziren. Maisu horien artean Axular da aipatu beharrekoa, eta honi laster gaineratu zitzaion Leizarraga, Testamentu Berriaren itzultzailea. Berea hizkera arkaikoa izanik, XVI. mendean aditz-sisteman zenbait aldaketa jasan zituen hizkera, lehen irakurraldi batean ulerterraza ez dena, usteen arabera, zalantzan jartzeko modukoa da haren hizkuntza-eredu.

Literatur kritikaren hastapenak

aldatu

Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren Biltzarraren (1918) ondoren, euskal literaturaren sorkuntzari batasuna eta sistematizazioa eskainiko dioten oinarri kulturalak indartu egin ziren.

Euskaltzaleak'. «Euskaltzaleak» elkartearen sorrerak literatur proiektuei beste bultzada eman zien. Literatur talde berriaren sorreran Jose Aristimuño “Aitzolen” (1896-1936) ekarpena funtsezkoa gertatu zen. Aitzolek literaturaren berrikuntzan oinarritutako euskal gizartearen Errenazimentua aldezten zuen. Berrikuntza horren funtsak poesia epikoa ezagutaraztea errraztu zuen.

Garai hartan sortu ziren poetak –Jose Maria Agirre “Lizardi” eta Esteban Urkiaga “Lauaxeta”– ereduari hitzez hitz ez bazitzaien lotu ere, “Aitzolek” idazleei beren lanak ezagutarazteko argitaratze moduak –argitalpenak eta aldizkariak– eta gizartera hedatzeko aukerak eskaini zizkien, batik bat literatur lehiaketen eta berak zuzendutako literatur kritikaren bidez.

Lizardi, Lauaxeta eta Orixe. Jose Mª Agirre “Lizardi” eta Esteban Erkiaga “Lauaxeta” poetek poesia lirikoa, eredu sinbolista eta modernisten hurbilekoa eta Unamunoren kutsu existentzialistek ukituaren proposamena egiten zuten; Nikolas Ormaetxea “Orixe”ren Euskaldunak lanarekin hezurmamitu zen, berriz, epika nazional baten proiektua, gerra aurreko poeten triunbiratua osatuko zuena.

Testuinguru horretan, poetek kanon pertsonal bat sortu zuten, tradizioa testu berriak sortzeko euskarri gisa interpretatu zen. Euskal poeta sinbolistek, espainiar, frantses eta ingeles idazleez gain, euskal poesia irakurtzen zuten tradizioa eta modernitatea uztartzeko. Horrela, beren testuen kontzeptismo eta laburtasunean Oihenarten eragina nabari daiteke.

Gainera, poetek kanon landua agertu zuten, literatur berrikuntzaren aldeko zaletasun handirik agertzen ez zuen gizarte batean, gutxiengo baten gustukoa zen lirikak lekurik ba ote duen galderaren eztabaida garratzean murgildurik zeuden garaian. Lizardik bere aurreko Emeterio Arrese eta Koldo Jauregi “Jautarkol” proposatu zituen lirika jasoa sortzeko eredutzat.

Une horretan poetek tradizio idatzia eta ahozko lirika uztartu zituzten. Ahozko lirikak XIX. mende osoko euskal poesian izan zuen eragina agertzen da, eta nola edo hala euskal poesiaren historia osoa kutsatzen du.

Sorkuntzako nobela, euskaraz oso berandukoa izan da, lehenengo egilea Domingo Agirre apaizaren eredu kostunbristan hormaturik egon zen. Izan ere, haren lan kostunbristak eta estilo erretorika zaleak 50eko hamarkadan ondo sartu arte eredu izan ziren.

Hizkuntzaren normalkuntza

aldatu
 

Euskaltzaindiaren Sorreraren Berrogeita Hamargarren Urteurrena zela eta, euskararen proiektu batu bat aurkezteko asmo zaharrak bultzada nabarmena jaso zuen.

Koldo Mitxelenak 1968an txosten luze bat aurkeztu zuen, batasunaren oinarriak zehazten zituelarik. Proposamenak hautatzeko garaian, gaitasunari dagokionean inolako zalantzarik sortzen ez zuen Mitxelenak literaturaren tradizio klasikoan oinarritutako arauen proiektu bat hobetsi zuen. Arauaren oinarri gisa gipuzkera lapurtera proposatzean, Mitxelenak Axular eta haren Gero batasunaren funtsezko osagai bihurtu zituen. Horretan Axularren lanean espezialista zen Aita Luis Villasanterekin bat zetorren.

Lapurdikoa ez zen, ordea, proiektua osatzen zuen literatur tradizio bakarra. Mitxelenak literatur aldaeren deskribapenean lan egin zuen, eta, modu horretara, klasikoen kanona osatzerakoan, lehentasunezko tokia zuten XVIII. mendeko Bizkaiko –Juan Jose Mogel– eta Gipuzkoako –Larramendi eta Mendiburu– literatur tradizioen sortzaileek.

Euskal literaturaren bi historia eta beste hainbat jarrera

aldatu

Bestalde, 60ko hamarkadatik aurrera, Villasantek eta Mitxelenak Euskal Literaturaren Historia (Historia de la literatura vasca) bana idatzi zuten, euskaraz idatzitako material guztia bildu, eta lantegi horretan arreta berezia jarriz XVI., XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan. Horrela, idazle eredugarrien kanona behin betiko osaturik geratu zen.

Egia da idazle batzuek, besteak beste, Gabriel Aresti poetak, arauan aldaketa nabarmenak egiteko proposamena egin eta aipatu zutela, egilearen poesiaren zenbait alditan, Leizarragak Testamentu Berriaren itzulpenean erabilitakoa idatz zedin hobetsi zuela. Jarrera hori lapurtera klasikoa lehenesteko proiektuarekin bat zetorren, hizkera jasoena zelakoan. Saialdi horretan ez zen bakarrik jardun, Federico Krutwig euskaltzaina izan baitzuen lagun.

Derrigorrezko hezkuntzan ikasketak euskaraz egiteko aukerak, Euskal Filologiako karrera sortzeak eta horretarako programak lantzeak, proposamenari beste bultzada bat eman zion, eta hari jatorrian bezalaxe heldu zaio, aldatzeke.

Euskal Filologiako ikasketen programetan, hemen behin eta berriro aipatu diren idazleen zerrenda agertzen da: Etxepare, Leizarraga, Axular, Oihenart, Larramendi, Mendiburu, Mogel eta, horiez gain, hain ezagunak ez diren arren, egungo arauaren sorreran eragin txikiagoa izan zuten beste hainbat gramatikari, poeta eta idazle, filologiaren ikuspegitik aztertzen direnak.

Kanon partikularrak

aldatu

Idazleei dagokiena da beste arazo bat. Euskal idazleek badute kanon partikularrik? Jakina. Batzuetan egoerari, orainari gehiegi lotutako kanona da.

Jose Luis Alvarez Enparanzaren narratibak 60ko hamarkadako irakurleak irabazi zituen bere nobelagintza existentzialaz, 70ko hamarkadan Ramon Saizarbitoriak esperimentalismoaz eta, nouveau roman mugimenduarekiko hurbilketaz, erakarri zituen moduan, edo Atxagak 80ko hamarkadan bere prosaren kalitateaz eta bere narratibak lortutako oihartzunaz; 90eko irakurleen idazle nagusitzat hartzen da Sarrionandia.

Poesian, Jon Mirande eta Gabriel Aresti irakurri baino gehiago goraipatzen dira.

Eta oraindik ez zen gerra aurreko poeten distira itzali, eta Lizardi eta Lauaxetaren oroitzapena urteurren eta omenaldiez –duela gutxi ospatu da Jose Aristimuñoren eta Lizardiren jaiotzaren mendeurrena– berritzen da.

Idazle talde batek, Anjel Lertxundiren inguruan bilduta, idazle klasikoen literaturan murgiltzea proposatu zuen, horretarako zenbait kontakizunen pasarte bilduz. Ekimen horrek idazle klasikoenganako interesa piztu nahi zuen, filologiaz haratago, hizkera klasikoarekiko begikotasuna agertuz, literatur estiloaren sortzaile den neurrian. Proposamena azken saialdia da, testu erlijioso ilunen azpian literatur osagaiak gorde dituzten hainbat idazle gehitzeko kanonari.