Euskal literatura/Gerraostea
Lasagabasterren iritziz, 1946an euskal eleberrigintzan aldi berri bat hasi zen: erbesteko nobela. Gerraostean argitaratutako lehenengo liburua Telesforo Monzonek idatzi zuen. Geroago «katakonbetako belaunaldia» zeritzan horretako poetarik handiena Salbatore Mitxelena izan zen. Aldizkariak gerraosteko kezka literario, kultural eta politikoak adierazteko bide izan ziren. Jon Etxaideren nobelagintzak euskal literaturaren aldi ilun bat argitu zuen. Nemesio Etxanizek onartzen du berea poesia sozialetik urrun zegoela. Koldo Mitxelena euskal letren azken urteotako idazle garrantzitsuenetako bat zen.
Errepublika garaiko poetekin euskal literaturak bere historiako aldirik garrantzitsuenetako bat bizi izan zuen, baina gerra zibilak poeta talde hartan jarritako itxaropen oro zapuztu zuen.
Taldeko literatoek errepresio gogorra jasan zutelarik –Lauaxeta fusilatu egin zuten, Aitzol bezala, Orixe erbestera joan zen, aurrena Frantziara, ondoren Erdialdeko Amerikara–, euskal literatura berriro ere erbeste bikoitz bati loturik gertatu zen: frantsesa eta amerikarra. Gerra amaitu eta laster Buenos Airesko Ediciones Vascas eta Mexikoko Pizkundia argitaletxeek Hegoamerikan egindako literatura argitaratu zuten.
Guatemalan, Jokin Zaitegik Euzko Gogoa sortu zuen 1950ean, eta aldizkari horrek gerraoste hurbileko euskarazko lanak eman zituen argitara, gerraren aurreko eta ondorengo talde poetikoen arte-zubi bihurtuz.
Nobela
aldatuLasagabasterren («Euskal nobelaren...», 1981, 362) iritziz, 1946an euskal nobelan aldi berri bat hasiko da: erbesteko nobela. Alabaina, egile berak bi ohar egin zituen berehala, aldi berri horren izaera xehatuz: erbestea ez da nobela argitaratzen den tokia baino, eta ez nobela barruko auzi bat, honek kostunbrista izaten jarraitu baitzuen. Iritzi hori, era berean, xehatu beharrekoa da agian.
Antonio Irazusta
aldatuAmerikako erbestean hiru nobela argitaratu zituen. Horietako biren egilea Jose Antonio Irazusta da: Joanixio eta Bizia garratza da (1946 eta 1950). Bere aurreneko nobelak amaiera zoriontsua du, eta soldaduska egiteari uko egiteagatik Argentinara joandako emigrante baten pasadizo arazorik gabeak kontatzen ditu.
Bigarren nobela Argentinan erbesteratu izatearen esperientzia autobiografikoan oinarritu zuen. Irazustak, folletoi nobelan errotutako idazlea izan arren, nobela landuago bat paratu zuen, sinboloekin, sarritan teknika ahaztarazten dutenak. Biribilagoa eta amaiera zoriontsurik gabea, ideien aldetik, bigarren nobela hau lehenengoa baino aberatsagoa da. Protagonista triste hiltzen da, eta tristezia hori, finean, erbesteak eragindako saminaren irudia da. Egileak kontatzen duena bere esperientziari, ezagutu zituen pertsonei loturik dago beti. Irazustak modernitatearen arrasto batzuk utzi zituen, eta ironia zein umorea ez zitzaizkion arrotzak.
Jose Eizagirre
aldatuJose Eizagirreren (1881-1948) Ekaitzpean (1948) nobelak kontatzeko era modernoago bat agertzen du. Gaurkotasun handiko gaia –nobela gerra zibilari buruzko da–, «azkenengo gure gudate izugarriaren zipriztin beltzak mendimendian izkutatuta dagon baserri bateraño nola iritsi diran» eta lanaren erdi nobela eta erdi antzerki izaera ekintza begiesten deneko etxe batean garatzen dira. Nobela osoan zehar fokalizazioa eta perspektibismoa baliatzen ditu, eta horrek egilea elkarrizketa dramatikoki aurkeztera eramaten. Narratzailerik ezak pertsonaiei protagonismo handiagoa ematen die. Nobelaren dohain nagusietako bat manikeismorik eza da ziur asko.
Lirika
aldatuTelesforo Monzon
aldatuGerraostean argitaratutako lehenengo liburua Telesforo Monzonek (1904-1981) idatzi zuen. Urrundik (1945) poesia liburua, gaiaren arabera proiektu bikoitz bat agertzen duena –bake oroitzapenak, gerra oroitzapenak–, erromantizismoaren ildotik abiatzen den poema-bilduma bat da, geroago kostunbrismo ironikoa eta denbora galduarekiko, bake garaiarekiko nostalgiarik erabatekoena islatzen zuelarik. Liburu honetako poema-multzo batek inpresionismoaren bidea hartu zuen, gerra aurreko estetikak miatutako bideei jarraituz. Egileak proiektua alde batera utzi zuen, eta gerrako oroitzapenak argitaratu beharrean bigarren poesia liburu bat argitaratu zuen, Gudarien egiñak (1947), ukitu espresionista zuten doktrinazko poema-bilduma.
Salbatore Mitxelena
aldatuZalantzarik gabe, geroago «katakonbetako belaunaldia» deitu izan zen horretan poetarik handiena Salbatore Mitxelena (19111965) zen. Saiakeragile bikaina, Salbatore Mitxelenak 1949an Arantzazu. Euskal fedearen poema argitaratu zuen. Poema epikoa, Arantzazuko monasterioari eta Euskal Herriko historiari buruzkoa. Hirugarren zatia, “Bizi nai” izenekoa, ez zen 1955era arte argitaratzerik izan; Guatemalan argitaratu zen.
Poema handi bat idatzi izanak Salbatore Mitxelena gerra aurreko korronte sinbolistaren baitan kokatzen dute, Orixeren Euskaldunak eman zuen korronte berean. Mitxelenarengan osotasunaren eta, tradizio erromantikoaren arrimuan, herriaren eta honen azpiko historiaren bilaketa antzeman daiteke. Mitxelenaren lanean literatur korronte horren hainbat ezaugarri nabari dira, hala nola literatura tradizionalaren pisua edo argumentuaren eta testuko metaforen irakurketa sinbolikoa, baina egileak beste pentsaera-korronte batzuetatik edan zuen, halaber, bereziki existentzialismotik.
Hasteko, bere obratik gerra aurreko literaturaren berezko baikortasuna desagertu egin zen. Lanaren izenburua anbiguoa da: hasiera batean, badirudi erlijioarekin zerikusia duela; III. atalean sartu ondoren, ordea, fedea zentzu historikoan garaitutako herri baten piztueraren itxaropena da. Kontuan izan behar da Mitxelenaren porrota volksgeistaren sentipenetik eta ezkortasunetik, agoniatik jaiotzen dela; edo, Ibon Sarasolak (1976) adierazi duen bezala, «heriotzaren aurreko obsesiotik», obsesioa ez baita barrukoa eta pertsonala, herriaren gainekoa baizik. Salbatore Mitxelenak existentzialismoaren agoniazko sentipena berea ez zen alor batera aldatu zuen: nazioaren edo herriaren arlora.
Unamuno ongi ezagutzen zuen Salbatore Mitxelenak herriaren eta hizkuntzaren agoniaren mezu bakar hori ia etengabe adierazi zuen bere obran (Azurmendi, Mitxelena...,1977. XLVII). Bitxia bada ere, egileak irtenbide boluntarista bat, kristau erroak dituena, eskaintzen zuen. Errealitatea igarri eta deskribatzeko ezkortasunarekin batera, Mitxelenak, datu historikorik eman gabe, piztueraren itxaropena proposatzen du. Euskal Herriak jasandako heriotza-probaren ondoren, piztueraren etorrera eta izen berri bat iradoki zituen, iniziaziozko ibilbide guztietan oztopo guztiak gainditu ostean gertatzen den moduan.
Aldizkariak
aldatuAldizkariak gerraosteko kezka literario, kultural eta politikoak adierazteko bide izan ziren.
Euzko Gogoa
aldatuJokin Zaitegik Guatemalan sortutako Euzko Gogoa aldizkariak literatur mugimendua bideratu zuen (Vélez de Mendizábal, 1981 eta 1991, Intxausti, 1979, a eta b). Bere oinarrizko helburua zen kultur mundu modernoa adierazteko gai izango zen kultur hizkuntza bihurtzea euskara, praktikan haren kultur eremua Humanitateen alorrera mugatu bazen ere. Oinarri ideologiko eta kulturalak gerra aurreko mugimenduan zituen, eta aldizkariaren sortzaileak askotan parte hartu zuen, Euskal Poesiaren Eguneko lehiaketa batean irabazle gertatu zelarik.
Aldizkarian euskarari beste bultzada bat emango zioten egileak idazten hasi ziren, hala nola Jon Mirande edo Gabriel Aresti, Orixe kolaboratzaile iraunkorra baitzen.
Aldizkari horren eragina ezin da gutxiesgarria. Garaiko euskarazko ia literatur lan guztiak koordinatzeaz gain, aldizkarian nazionalismoaren ideologia berria dei litekeena hezurmamitu zen, ideologia hori beste eremu eta aldizkari batzuetan ere taxutu zen arren.
Txema Larrearen (d/g) arabera, gerraostean euskaltzaletasunak eta erradikalismoak pixkanaka bat egin zuten, funtsezko lau auziren inguruan: euskara euskal nazionalitatearen ezaugarri bereizgarri gisa; erlijio katolikoaren eta, batez ere, estamentu katolikoei kritika, Euskal Herriaren espainiartzean kolaboratzaile izatea leporatzen zitzaielarik; indarkeriaren babes gero eta agerikoagoa askatasuna lortzeko bide bezala, garaiko estatu antikolonialen adibideari jarraiki, Israel, Algeria eta Kretarena zehazki, Irlanda ere gogoan izanik; azkenik, kultura berritzeko erabili beharreko euskararen estiloari buruzko eztabaida bat ireki zen, denborak aurrera egin ahala normalizazioari eta euskara batuari bide egin ziona.
Egan taldea
aldatuEgan aldizkaria Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratzen zen, ideologia politiko ezberdineko hiru pertsonen gidaritzapean: Arrue, Irigarai eta Koldo Mitxelena, eta bere inguruan 50eko hamarkadako literatur taldea osatu zuten hainbat idazle bildu zituen. Literatur aldizkari elebiduna zen sorreran, baina luze gabe euskara hutsean agertzen hasi zen. Une hartan (1954), hiru zuzendariek agiri bat argitaratu zuten, «Asmo Berri» izenburuarekin:
- Lehenik, gaurkotasuna zuten kultur gaiekiko aldizkari bizi bat egin nahi zuten.
- Taldearen lanean oinarrizkoak dira bi xede: modernitatearen giltzarriak bilatzea eta hizkuntza egokitzea, kultura jasoa adierazteko gai izan dadin.
- Aldizkaria moldatzerakoan alderdi garrantzitsuak izan ziren, halaber, kalitatea eta askatasuna.
Nobela
aldatuJon Etxaide (1920-1998)
aldatuBatez ere nobela historikoa eta legendazkoa jorratu zituen arren, Jon Etxaideren obrak luze aritzeko ematen du, bere nobelak euskal literaturaren aldi ilun bat argitu zuelako, eta narratzaile ofizioa profesionaltasunez eta zorrotz hartu zuelako. Etxaideren jarduera artistikoaren bereizgarri dira estiloarekiko ardura, berori ia zurrun bilakatzeraino, eta nobela historikoak herriari bere arimaren oroitzapena itzultzen ziolako ziurtasuna.
Joanak joan (1955), nobela historiko batez haratago, idazle miretsi bati eginiko omenaldia da; hain zuzen ere, Pierre Topet, Etxahunena, XIX. mendeko Zuberoako Barkoxe herrikoia, hagiografia-moldez kontatzen duelarik haren mundualdi gorabeheratsu eta erromantikoa. Obra horretan Jon Etxaidek iniziaziozko nobela bat idatzi zuen. Batzuetan argumentu soilegiz eta kasualitatea askatasun handiz baliaturik, heroiaren bilakaera kontatzen ahalegintzen da, bazterkeriatik onarpen sozialera, erlijio-esperientzia baten bidez. Irakurlea ohartzen da esperientzia horren bilbaduraren baitan Deus ex machina gisa jokatzen duela. Egilearen ideologia tradizionalista istorioari erantsi nahi dion irakaspenean nabari da: Jainkorik gabe, gizona anabasa hutsean murgiltzen da. Teknika primitibo, kasik naif hori erabiltzen duen idazlearen gainetik, ordea, Etxaide idazle dotore gisa agertzen da.
Jon Etxaidek nobela historikoa eta kondaira erromantikoa landu izanak, foruen legitimitatea defendatu izanak, ez du esan nahi egilea nobela historikoa, azken batean, errealitatearen metafora baino ez dela jabetzen ez denik.
Gorrotoa Lege (1964) testuinguru ideologiko horren baitan idatzi zuen. Horregatik, Euskal Herriko Erdi Aroko gerra zibilak jasotzen zituen nobela hori gerra zibilaren transposizio moduan irakurri behar da, eta anabasak dakartzan ondorioei buruzko hausnarketa moduan.
Obra hori da idazlearen nobelarik hoberena, dokumentazio historikoa gutxi-asko zehaztasunez baliatzeaz gain, ideologia tradizionalista bat sinbolo bilakatzen asmatu zuelako: legea ez maitasunezkoa, baizik eta gorrotozkoa denean, kaosa gailentzen da.
Nobela tradizionala jorratu zuten, halaber, gaur egun ere ildo bereari eusten dioten Eusebio Erkiaga eta Agustin Zubikarai (1914) idazleek ere.
Lirika
aldatuNemesio Etxaniz (1899-1982)
aldatuObra poetikoa, lehenik Egan aldizkarian (1953, 1955) argitaratua, Lur berri bila (1967) bilduman jaso zen.
Kontuan izan behar dira bi datu haren obra ulertzeko: Etxanizek berak handinahirik ez du bere obra balioesterakoan, eta berea poesia sozialetik urrun dagoela onartu zuen, eta ohartu, laster gainditu eta ahaztua izango zela.
Horixe bera gertatu zen, ez Nemesio Etxanizen poesiaren kalitateagatik ordea, herri honen memoria historiko eskasagatik baino. Bere obra etikoa eta pertsonala da, errealitate historikoaren aurreko jarrera gisa eta artean poesian eragina zuen gerra aurreko idealismoa zalantzan jartzen zuelako. Lizardiren miresle gartsu izan arren, Etxanizek proposamen idealisten balioa zalantzan jartzen zuen, eta zenbaitetan Lizardiren hizkuntzaren parodia egiten, kasik.
«Argia zikin zetorren
ametsak ziren ausi».
Jarrera kritiko horrekin, egilea existentzialismora, desengainuaren poesiara eta sexualitate pertsonal baten adierazpenera hurbiltzen da.
Ungarettiren itzultzaile, Etxanizek kreazionismoaren zenbait poema gogora ekartzen ditu, poemaren inprimatze fonikoaren eta testuingurutik ateratze semantikoan oinarritutako poemetan.
Bere poemen beste ekarpen batzuk dira ahapaldien haustura eta neurtitz librearen erabilera.
Saiakera
aldatuKoldo Mitxelena (1914-1987)
aldatuKoldo Mitxelena izan zen euskal letren azken urteotako idazle garrantzitsuenetariko bat. Hizkuntzalari ospetsua, euskal filologiako eskolaren sortzailea, euskara batuaren, hau da, euskara normalduaren moldatzaile nagusia izan zelako ekarri dugu hona.
Alabaina, hizkuntzalaritza edo filologiari buruzko hausnarketez gain, bestelako saiakera lanik ere egin zuen, betiere, estilo fina erakutsiz. Euskal literaturari buruzko hausnarketak –gogoangarrienak Euskal literaturaren etorkizuna (1951) eta Asaba zaharren baratza (1960) dira– Egan aldizkarian argitaratu ziren, eta oraindik orain Euskal lan guztiak (1988) izenburuaz berrargitaratu dira.
Mitxelenaren funtsezko ideia euskal tradizio klasikoa berreskuratu eta berori prosa moderno bat garatzeko egokitzea zen. Euskal literatura klasikoaren ezagutzaile sakon, Mitxelena tradizioaren baliabide estetikoak bildu eta orainaldira egokitzen zituen idazle trebea zen.
Bere prosa dotorea printzipio ia neoklasiko horren zein errealitatearen ikuskera ironiko berezi baten emaitza da. Proposamen garbizale edo neologisten nahiz abangoardisten aurrean, Mitxelenak hizkuntzaren eta honen historia-ezagutza sakona balioesten du euskara berritzeko hautabide gisa. Proposamen horren azken maila Orotariko euskal hiztegia lanaren argitalpena da.