Euskal literatura/Idazle multzo berezia
Euskal Herrian egindako literaturaren historian oso balio handiko narratzaileak, olerkariak, dramaturgoak, prosagileak ... aurkituko ditugu, baina hauen obra, nolabait, itzalean geratu da beren belaunaldiko beste izen handi batzuen azpian. Hauek dira beste autore batzuk, eskolako liburuetan erraz aurkitzen ditugun eta “klasikotzat” har ditzakegun haien aldean.
Beste autore batzuk, autore berriak
aldatuEuskal Herrian egindako literaturaren historian oso balio handiko narratzaileak, olerkariak, dramaturgoak, prosagileak ... aurkituko ditugu, baina hauen obra, nolabait, itzalean geratu da beren belaunaldiko beste izen handi batzuen azpian. Hauek dira beste autore batzuk, eskolako liburuetan erraz aurkitzen ditugun eta “klasikotzat” har ditzakegun haien aldean.
Ondoren datozen orrialdeetan jasota daude bere garaiko irakurleen artean tokia lortu duten berrogei inguru autore euskaldunen biografia-azalpenak. Joandako garaiak aurkituko ditugu batzuetan, eta baita oraina ere beste batzuetan, autore berrien zerrenda garrantzitsua baita; izan ere, moda galkorren gainetik, hispaniar eta frantziar literaturen izen handienen artean kokatu dira XXI. mendearen hasiera honetan.
Gerra baten osterako letrak
aldatuGerra zibilak eta haren ondorioek hainbat belaunaldi markatu zituen, eta ukitu berezia eman zion, berrogeiko hamarkadatik hirurogeiko hamarkadara bitarteko literaturari. Gabriel Celaya, Blas de Otero, Luis Castresana edo Ignacio Aldecoaren obra zertzelada ikaragarri haien oinordekoa da, oinordeko sumindu edo existentzialista, gehienetan. Beste hainbeste esan dezakegu hemen gogoratzen ditugun autoreei buruz, bizitzea fortunatu zitzaien une historikoa literaturaz adierazteko zein beren bizitzen baitan kokatzeko modu ezberdinengatik bereizi baitziren.
Jazinto Mikelarena' (Bilbo, 1891- Paris, 1962). Mikelarena abizena “¡Qué país, Miquelarena!” esaerari lotzen zaio. Izan ere, pasadizo gaiztoak dioenez, on Jose Maria Pemanek horixe esan zuen bere letretako lankidearekin putetxe batean topo egitean. Esaldi hau eta beste ezin ezagunago bat, “maitasun bakarra dago heriotza artekoa: azkena” dioena, gatz eta graziaz beteriko antologia guztietan agertzen dena, “27ko beste belaunaldikoa” zen bilbotar umoretsu eta kirolzale honen literatur lanetik geratzen zaizkigun bakarrak dira.
Jazinto Mikelarenak El Pueblo Vascoren erredakzioan ikasi zuen lanbidea, eta Excelsior egunkari nazionalista zuzentzera iritsi zen 1924tik 1930era bitartean. Mundu osoan zehar ibili zen, eta bidaiotatik atera zuen bere lehen liburuetarako lehengaia, satirikoa sarri. Lehen liburuok El gusto de Holanda eta ...pero ellos no tienen bananas izan ziren. Madrilera jo zuelarik, kirol-informazioan murgildu zen, ABCrentzat lan eginez, eta Campeón astekariaren arduradun. Stadium liburuak (1934) jaso zituen espainiar kirol-kazetaritzaren lehen maisu handia izandakoaren kronika eta futbol kontakizunak.
Herrikide zuen Juan Telleria musikari gipuzkoarrarekin zartzuela berritzaile bat konposatu zuen, El joven piloto, eta baita Cara al Sol himno falangista ere, nahiz Jazintok berak soilik bi lerroren egiletzat jotzen zuen bere burua: “Volverá a reír la primavera” eta “que en España empieza a amanecer”. Madrilen Gerra Zibilean zehar izandako esperientzia testu latzetan jaso zuen: Cómo fui ejecutado en Madrid eta Unificación (1937). Radio Nacionalen fundatzailea eta lehen zuzendaria izan zen. Gerra amaitzean iruzkin graziaz beteen eta lotsagabekeriaren gustua berreskuratu zuen, eta Espainian gerra ostean argitaratutako lehen umore liburua atera zuen: Cuentos de humor. Serrano Suñerrekin zituen aldeen eraginez, estatua utzi eta Europan zehar ibili zen, prentsako korrespontsal gisa. Bere egunak Parisen amaitu ziren, 1962ko abuztuan bere burua metrora bota zuenean.
Jose Artetxe (Azpeitia, 1906Donostia, 1973). Santiago Aizarna kazetari eta idazleari entzuna diot bere maisu Jose Artetxek zioela “idazteko artea ezabatzen jakitea” dela. Izan ere, Artetxe hitzaren bitxigile izan zen, eta inprimatutako hizkiaren eskulangile. Era guztietako liburuak idatzi zituen, nahiz eta bere obra irakurrienak Gipuzkoako pertsonaia historiko handien literatur biografiak izan ziren: Ignazio Loiolakoa, Elkano, Legazpi, Urdaneta eta Lope Agirrerena. Artetxeren bideko konstante bat gerrak eragindako urradura sakona da, prosa hunkigarria erabiliz bere barrenetik atera baitzuen El abrazo de los muertos lanean (1970). Hil ostean (1977) argitara atera zuten haren Un vasco en la postguerra (1936-1966) egunkaria. Artetxeren kazetari lanak eta eskaini zizkigun kontakizun laburrek, aipatuarekin batera, idazle lanbideari zintzo eta betebetean eskainitako bizitza baten ondarea utzi digute. Hala, gerraosteko euskal letretan erreferentziatzat hartu beharra dago, zalantzarik gabe.
Jose Mª Areilza (Bilbo, 1909Madril, 1998). Diplomatikoa, politikoa eta letra gizona. Literatur Sari Nazionala eskuratu zuen 1941ean. Mutrikuko Kondeak idatzitako obra emankorrean zehar, Euskal Herriak garrantzi berezia du, bai pertsonaia historikoen bidez bai gure herri eta bailara, urtaro eta tradizioen deskribapenen bidez, hauek beti gardenak baitira, klasikoak, azorindarrak iaia; prentsan argitaratu zituzten, eta gero bi antologiatan bildu: Prosas escogidas (1986) eta Paisajes y semblanzas (1988). Bere literatur dohainen erakusgarri ere utzi zuen Siete relatos (1987) eta La regata y otras historias (1992) narrazio-bildumetan.
Jesus Mª Arozamena (Donostia, 1918-1973). Autore emankor eta literatur estilista bikaina, hainbat generotan eginiko lanen kalitateagatik nabarmentzeko modukoa. Biografia historikoa jorratu zuen, Zuloaga, el pintor, el hombre (1963), Jesus Guridi (1967) eta José Maria Usandizaga y la bella época donostiarra (1969) azalpen biografikoen bidez. Donostiak, bertako kronikagile ofiziala izan zen, liburu hunkigarriak sortarazi zizkion: San Sebastián, biografía sentimental de una ciudad (1963); Donostia, capital de San Sebastián (1964); San Sebastián, excursión escolar por el ayer y el anteayer de nuestro pueblo (1967), Jose Berruezorekin batera, eta Viejas canciones donostiarras (1971). Ikusentzunezko arteetan ere jardun zuen bere idazle lanbideaz, hainbat gidoi eginez zinerako eta antzerkirako. Espainiako Egileen Elkartea izeneko erakundearen kontseilari delegatu eta zuzendari nagusi ere izan zen.
Karmele Saint Martin (Iruñea, 1895-Donostia, 1989). Bere izena Maria del Carmen Navaz Sanz zen, baina bere literatur nortasun kementsuarentzat ezizen egoki bat aukeratu zuen, egokia inondik ere bere frantseste dotorearentzat. Adinez gerra aurreko belaunaldikoa izan arren, berandu hasi zen idazle-kontuetan, berrogeita hamarreko hamarkadan, Donostian, eta bertan laurogeita hamar urtetik gora zituela zendu zen arte jende askoren mirespena eta maitasuna izan zuen. Karmele Saint Martin maisutasunez mugitzen zen narrazio laburrean, eta fabulagile handi baten baliabideak zituen “narrazio hauetan irudimena da nagusi, balio gutxiko apaingarririk gabe. Eredua dira, inondik ere, kontakizunetan irudimenaren gainbehera sumatzen ari garen garai hauetan”, –idatzi zuen Luis Rosalesek–, eta hala oso sari ospetsuak eskuratu zituen, esaterako, Doncel saria Después de milagros (1967) lanarekin eta Leopoldo Alas Saria Con suave horror (1968) izenekoaz. Hauen atzetik, hurrena etorriko ziren, guztira hamabost liburu: Señoras de piso (1968), El servicio (1969), El perro Milord (1971)... 1975ean irakurle berriak bildu zituen, sorginen unibertsoari buruzko ipuin-bilduma bikain bati esker: Nosotras las brujas vascas. Julio Caro Barojak egin zion hitzaurrea. Honetan eta beste obra batzuetan, Las seroras vascas (1976) izenekoan, esaterako, emakumeak euskal gizarte tradizionalean duen eginkizuna ikuspegi zabal batez eta topikoei aurre eginez aztertzen du. Saint Martinen izena sarri ikusten genuen aldizkarietan: Blanco y Negro, La Estafeta Literaria, Triunfo, nahiz egunkarietan: Ya eta La Voz de España.
Alvaro de Laiglesia (Donostia, 1922 - Manchester, 1981). Alvaro de Laiglesiaren biografia estuestu lotuta dago La Codorniz hogeita hamarreko hamarkadan zehar zuzendu zuen aldizkariari. Gerraosteko Espainia autokratiko eta abaildu hartan, La Codorniz, bere surrealismo alaiaz, irteerabalbula bat izan zen, eta bertan umore inkonformista eta ikaragarri dibertigarri bat sortu eta hazi zen.
De Laiglesia, zalantzarik gabe, XX. mendean gehien irakurritako umoristetako bat izan da. Bere lehen pausoak Donostian bertan eman zituen, artean mutiko bat besterik ez zela, La Ametralladora aldizkariko erredaktore gisa; hau borroka eta umorezko argitalpen berezi bat zen, Miguel Mihurak zuzendua Gerra Zibilaren urteetan. 1942an Sobietar Batasunera joan zen Dibisio Urdin harekin, gerrako korrespontsal gisa, eta itzuli zenean Mihurak La Codornizen zuzendaritza laga zion. Aldizkariko laguntzaileen esanetan, Alvarorekin berrikuntza iritsi zen, baita halako posibilismo bat ere: “Alvarok egiaz erakutsi zigun gauza serioak eta dogmatikoak arinki hartzen. La Codornizen umorearen espiritua aldatu zuen eta, hura bazterrean utzi gabe ere, eguneroko gauzetara hurbilagotu zuen, eta kazetaritzara, garai horietan ezezagun zitzaigun hats kritikoaz, zuzen eta zorrotz batzuetan, surrealismoaren zelofanaz bildurik beste batzuetan”. De Laiglesiak erredaktatu zituen azal sonatu haien artean, halako poz berezi batez gogoratzen dute hau zioena: “Almohadín es a almohadón lo que cojín a X. Nos importa tres X que nos cierren la edición”. Kazetari lanaz gain, berrogei liburutik gora argitaratu zituen, eta hainbat komedia komiko ere estreinatu zituen; gehienetan eskainitakoa izan zen El caso de la mujer asesinadita, Miguel Mihurarekin batera idatzi zuena, 1946an.
Literatur berrikuntza
aldatuOraingo lerrootan estilo, asmo eta belaunaldi desberdineko sei idazle bilduko ditugu. Dena den, elementu komun bat badute, letren munduan bere obren bidez bide berriak erakutsi izana, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera. Urte horietan kazetaritzak, saiakerak eta filosofiak bat egin zuten, literatur eginkizunaren kontzeptu zabalago eta aberatsago batean.
Jose Luis Olaizola (Donostia, 1927). Prestakuntzaz abokatu, lanbidez eleberrigile, produktore eta zineko gidoilari. Honen literatur lana oso da zabala, genero guztiak hartzen baititu iaia, baita sari pila galanta lortua ere: La guerra del general Escobar (Planeta Saria 1983), Cucho (Barco de Vapor Haur Literatur Saria, eta Parisko Gran Prix de l’Académie des Lecteurs), El cazador urbano (Prix Littéraire de Bourran, Bordele). Planicion (Sevillako Ateneo Saria 1976), Olaizolak bere Donostiako haurtzaroa gogoratu zuen. Euskarara itzulitako obrak ere baditu: Boni Martinen istorioa. Haur eta gazteei zuzendurik dago bere ekoizpenen zati handi bat, eta ukitu historikobiografikoa duten eleberriak asko dira: Francisco Pizarro, Juana la Loca, El Cid, Bartolomé de las Casas, Santa Teresa… La puerta de la esperanza saiakerak, Vallejo-Nájera doktorearekin batera idatziak, milioi erdi ale saldu ditu.
Jose Maria Mendiola (Donostia, 1929). Jonás y la gruta lanarekin Café Gijón Saria irabazi zuenean ezagutu genuen, 1958an, eta 1962an bere tokia hartu zuen hispaniar letretan, Muerte por fusilamiento eleberriaz Nadal Saria eskuratzean. Geroago helduko ziren Irun Hiria Saria, Las dimensiones del cuerpo humano (1970), eta Puente Colgante Saria, Con un ratón en la mano (1973) lanengatik. Urte batzuetan atseden moduko batean izan ostean, gazte literaturan murgildu da betebetean, hauxe baita, berak dioenez, bere “benetako bokazioa”: El temblor de los monstruos (1997), El cementerio de los ingleses (1998)... Mendiolak bere literatur lanarekin batera lanbide karrera bikaina egin du enpresa pribatuan. Esparru honetako eskarmentua El Diario Vasco egunkariaren ekonomiari buruzko orrialdeetan erabili zuen; honetan, gainera, liburu kritikak ere egiten zituen.
Raúl Guerra Garrido (Madril, 1935). Bere garaiarekin konprometitutako idazlea, sentsibilitate handiko eta kontzientzia etikoz hornitutako gizakia. Gerra Garridok dagoeneko hogeita hamar urte badaramatza bere obraren bidez euskal gizartearen kontraesanak azaldu nahian. Bere lehen eleberrian bertan, Cacereño (1969) izenekoan, hirurogeiko hamarkadako industrializazioan betebetean sartutako etorkinen integrazio zailaren kontuari ekin zion. Ay! (1972) eta Hipótesis (1974) literatur lanabesaren heltze prozesu baten mugarriak dira, eta heltze hau erabat gauzatu zen 1976an, Lectura insólita de “El Capital” lanaz Nadal Saria eskuratu zuenean. Liburu honetan bahiketa baten historia kontatzen du, hainbat narrazio mailetan egituraturik, eta Eibain herria, idazlearen zenbait fikzio kokatzen diren irudimenezko herria, lehen aldiz agertzen zaigu. Azterketa soziopolitiko berekoak dira La costumbre de morir (1980), La mar es mala mujer (1987) eta batez ere La carta (1990), eleberri bikain eta berrargitaratua, ez ordea inoiz behar adina irakurria. Guerra Garrido finalista izan zen 1984ko Planeta Sarian, El año del wolframekin. Azken aldi honetan Castilla en canal (1999), El otoño siempre hiere (2000) eta Miento (2001) argitaratu ditu; azkeneko honetan fanatismo politikoaren aurka jo du gogotik, irakurleari, bide batez, erronka ludiko bat botaz.
Fernando Savater (Donostia, 1947). Filosofo eta idazlea, Madril eta Euskal Herriko unibertsitateetako irakaslea, iaia literatur genero guztiak hartzen dituen obra monumental baten arduraduna. Eleberrigile gisa 1981ean hasi zen, Caronte aguarda lanarekin, eta Diario de Job (1983), El dialecto de la vida (1985) eta El jardín de las dudas izan zituen jarraipen; azkeneko hau Voltaireren epistolario apokrifoa zen, eta Planeta Sarian finalista izan zen 1993an. Antzerkia ere landu du, gehienetan giro klasiko eta ukitu mitologikoz hornitutako piezak eginez: Juliano de Eleusis (1981), Vente a Sinapia (1983), El último desembarco (1987), Guerreo en casa (1992). La tarea del héroe saiakerak Literatur Sari Nazionala jaso zuen 1981ean, eta Ética para Amador (1990), hainbat hizkuntzatan argitaratu eta berrargitaratua, gaztelaniaz eginiko etikako eskuliburuetan mundu-mailan arrakasta handiena lortu duena da.
Juan José Benítez (Iruñea, 1946). Informazio Zientzietan Lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean. 1972an La Gaceta del Norteren erredakzioan sartu zen, eta bertan erne zitzaion gai ezkutuen eta eguneroko bizimoduko arkanoenganako interesa. Ufologiari obra gehien eskaini dion europar autoretzat hartua bada ere, eta hauei erantsi behar, gainera, Caballo de Troya narrazio sorta, izugarrizko arrakasta lortu baitu, Juanjo Benitezi ez zaio “idazle” esan diezaioten gustatzen. Berak bere burua kazetaritzat du, eta “gizakiaren gainean diren misterioei” buruzko ikerlaritzat.
Manuel Leguineche (Arrazua, Gernika, 1941). Espainiar kazetaritzako handienetako bat. Bere espezialitatean maisu nagusia da, abenturazalea eta diplomatikoa aldi berean, eta estilo pertsonal bereziaz eta sedukzio indar handiz hornitua. Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustun, eta bere prestakuntza Frantzian amaitu zuen. Colpisa eta Fax Press berri-agentzien fundazioan parte hartu zuen. Bidaien artean, espainiar kazetaritzako sari guztiei distira ateratzea egokitu zaio, hauek bildu baititu: Sari Nazionala, Urrezko Luma, Cirilo Rodríguez, Godó, Julio Camba, Ortega y Gasset... Ziur asko berak ere ez du jakingo zenbat liburu –ezinezkoa zenbat artikulu– argitaratu dituen, lanbide honi eskainitako berrogei urtetik gorako epean. Baina editoreei jaramon eginez gero, arrakasta handiena lortu duten tituluak hauek dira: Adiós, Hong Kong, Annual, 1921, El viaje prodigioso, La felicidad de la tierra, Yo pondré la guerra eta Los topos. Mus jokoari buruzko bi liburu –oso dibertigarri eta zorrotzak, inolaz ere– ere idatzi ditu: La ley del mus eta Mus visto. Hau, azken batean hordagoko kazetaria dugu.
Euskaldun bat Estatu Batuetan
aldatuRobert Laxalt (Alturas, Kalifornia, 1923). Ingelesez idazten duen autorea den arren, Robert Laxaltek ohorezko tokia du euskaldunon literaturan. Izan ere, Estatu Batuetara XX. mendearen hasieran joandako Iparraldeko artzain baten semea da, eta euskaldunak Ipar Amerikako literaturan sartu ditu, gizartetalde gisa. Bere libururik ezagunena Sweet Promised Land (Dominique, 1957) da, fresko handi bat berau bere familiak Mundu Berrian toki bat aurkitzeko burutu borrokari buruz. In a Hundred Graves (Ehunka hilobitan, 1972) eta Child of the Holy Ghost (Espiritu Sainduaren alaba, 1992) lanak Laxaltek hirurogeiko hamarkadan zehar hainbat euskal herritan izandako esperientzia pertsonaletik sortu ziren.
David Río irakaslearen bitartez jakin dugu Laxalten literatur lana ez zela Renon (Nevada) 1959an Mendebaldeko Lehen Euskal Jaiaren ospakizunetik oso urrun ibili, ezta euskal kulturak kontinentean lortutako bultzadatik ere; izan ere, honek guztiak Euskal Ikerketen Egitarau bat sortarazi zuen Nevadako Unibertsitatean, 1967an. Meritu hauek guztiek Urrezko Danborra eman zioten, besteak beste, Laxalti, 1986an.
Bere literatur produkzioa, estilo-maila handiko hamabost bat lanez osatua, eta ezaguna eta behar bezalako esker ona jasoa bada ere batez ere Ipar Amerikako mendebaldean –A Cup of Tea in Pamplona (Kafea hartzea Iruñean, 1985) eta The Basque Hotel (Euskal Hotela, 1989) Pulitzer Sarian finalistak izan ziren–, haren liburuetako bi baino ez daude gure artean itzulita: A Cup of Tea in Pamplona, euskaraz Kafea hartzea Iruñean (1986) izenburua duena, eta Sweet Promised Land, euskaraz Dominique (1988) izenburupean argitaratua, eta gaztelaniaz, berriz, Dulce tierra prometida (2000) moduan.
Amaitzeko, pozarren egiaztatu behar dugu Laxalten lorratzean euskal jatorriko idazle belaunaldi berri bat sortu dela, eta bizimodu amerikarrean erabat integraturik dauden arren, bere obretan gogo bizi eta sendoa erakusten dutela Euskal Herriarekin lotzen dituzten kultur sustraiei eusteko. Hauxe dugu Frank Bergon edo Monique Laxalt Urzaren, Roberten alabaren, kasua, besteak beste.
Beste esparru poetiko batzuk
aldatuOlerkia orainaz kargatutako arma bat da: barkamena eskatu behar badugu ere parafrasiagatik, ez dugu modu hoberik eta zehatzagorik topatu Euskal Herrian, gaur egun, olerkari multzo sendo baten ahotsa entzuten dela adierazteko; gaztelaniaz eta euskaraz ari dira, asonantea edo kontsonantea jorratzen dute, eta gure izatearen errealitate sarritan laua betetzen ari dira estetika, lirika, etika eta drama ñabardurez. Honako aukera honen xedea aurreko ataletan dagoeneko jasotako bertsogile handien zerrenda osatzea besterik ez da.
Jorge Oteiza (Orio, 1909). Bere bizitzako ibilbide luzean zehar, Jorge Oteiza, mundu osoan zehar eskulturaren berritzailetzat hartua, era askotako diziplinetan murgildu da, esaterako, filologian, antropologian, filosofian, pedagogian, zinean, musikan edo bertsolaritzan. Jakinduria hau guztia munduikuskera batean bildu du, eta interpretazio eskema propio eta berezi batean bide batez. Era berean, poesia funtsezko arte adierazpen bihurtu du: “Zertarako balio du nire poesiak? Jainkoarekiko borroka bat inkomunikatzeko –espazio sagaratu bat, denborarik gabe– (Teomaquias)”.
Juan Larrearen poesia surrealistaren eraginpean, Vicente Huidobroren ultraismotik ere edan zuen, harekin harremana izan baitzuen hogeita hamarreko hamarkadako Amerikan, eta Cesar Vallejoren aztarna ere antzematen zaion, Jorge Oteizaren poesiak, lengoaiaren desokupazioaz, gizakiaren “espirituzko osatzerantz” jotzen du, bere lau dimentsioko kreazio horietako baten luzapentzat –“nire azken eskulturetatik hitzak ateratzen zirela antzeman nuen / amaiera zela sentitu nuen / halaz nire eskultura lengoaia motel eta garestitik igaro nintzen / lengoaiaren ekonomia honetara”.
Alderdi guztietatik begiratuta aparta den liburu batek jasotzen du Oteizaren antologia poetikoa, Androcanto y sigo (1954) lanetik hasi eta Teomaquias (1986) izenekora helduz; liburu hau Existe Dios al Noroeste (1990) da. Geroago Itziar elegía y otros poemas (1992) argitaratuko zuen, bere emazte Itziar Carreñori eskainitako omenaldi gisa.
Jorge G. Aranguren (Donostia, 1938). Adonais Saria jaso zuen, 1976an, De fuegos, tigres, ríos lanagatik, eta urte berean Villa de Bilbao izenekoa El cielo para Bwanarekin. Urte biribila izan zen, prosan zein bertsoan zehar sormen-indar berberaz moldatzen den oso idazle oso honentzat. Lehenago, 1968an, La selva, las lágrimas y cuatro poemas levemente desesperados lanarekin nabarmendua zen, olerki sorta honek Gipuzkoa Saria eman baitzion, eta hiru urte geroago Irungo Hiria Saria eraman zuen, alor berean, Largo regreso a Itaca y otros poemasekin. Zehatz-mehatz aritzeko inolako asmorik gabe, aipatu beharko dugu hala ere Jorge G. Aranguren finalista izan zela 1981eko Nadal Sarian, En otros parques donde estar ardiendo eleberriarekin. 1989ra arte eginiko olerki obra osoa urte horretan bertan argitaratu zuen EHUk, ele bietan, Fuego lento / Gar mantsoa izenburupean.
Carlos Aurtenetxe (Donostia, 1942). Carlos Aurtenetxeri lehenbiziko olerki liburua Caja de silencio izenekoa Jorge G. Arangurenek jarri zion inprentan, 1979an, honek zuzentzen zuen Ancia bildumaren baitan. Kantil aldizkarian hainbat olerki eta narrazio argitaratu ostean, laurogeiko urteen hasiera aldean Euskal Herriko hiru poesia sari nagusien jabe izan zen: Irungo Hiria Pieza del templorekin bildu zuen, Blas de Otero saria Figuras en el friscorekin –sari hauek biak 1982an–, eta Alonso Ercilla, 1983an, Las edades de la noche-rekin. Carlos Aurtenetxe donostiarrak, berak aitortzen duen moduan “munduak eragiten didan min neurrigabe honek bultzatuta” ari baita literatur lanetan, oso olerki obra trinkoa du gaztelaniaz eta frantsesez, eta gehien-gehiena Palabra perdida / Galdutako hitza (1990) antologian jasota dago. Geroago La casa del olvido eta Jorge Oteiza, la piedra acontecida olerki-bildumak argitaratu ditu.
Miguel Sánchez Ostiz (Iruñea, 1950). “Esan nezake poesia egitea, niretzat, ezagutze ariketa bat izan dela”, aitortzen du Miguel Sánchez Ostizek La marca del cuadrante lanaren hitzaurre autokritikoan; lan hau, 1979tik 1999ra bitartean eginiko olerki lanaren antologia bat da. Dagoeneko zortzi eleberri eta prosa eta memoriatan dozenatik gora ale eginak dituen autore honen poesiako lehen urratsak 1968an izan ziren, “konpultsibo bezain ordenarik gabeko modu batez”, “orduan ikaragarri zitzaidan inguru batetik ihes egiteko modutzat”. Lehen ahalegin haiek guztiek bat egin zuten Pórtico de la fuga (1979) lanean, Félix Marañak esan moduan “animu egoera zeharo sortzaile baten egiazko inbentario” denean alegia. Jose Mª Ucelay pintorearen obrak inspiratuta, Crónica fabulosa del capitán Don José Miguel de Amasa (1981) agertu zen; hurrenak Travesía de la noche eta El viaje de los comediantes lan laburrak izan ziren. Barne-paisaia ikaratu baterako konposizioak, literatur maila izugarri altukoak, De un paseante solitario (1985) eta Reinos imaginarios (1986) dira. Hiriak eta bere gauek literatur mamia eskaintzen diote El otro sueño del caballero (1988) eta Invención de la ciudad (1993) prosa poetikozko bakarrizketari.
Sánchez Ostizek autore gisa eleberria eta genero memorialista baditu ere lehentasun, olerkia lantzen segitu du, Carta de vagabundos, 1994, Aquí se detiene, 1999, “iruzurrak tokirik ez duen eta egiaz propioa den lengoaia bat sortzeko modu pribilegiatu” gisa.
Julia Otxoa (Donostia, 1953). Euskal poesiaren barnean, gaztelaniazko poesiaren emakumezko ahotsik bizienetako bat da. Hegaldi lirikoko idazlea, bere garaiko eta bere espazioko errealitatearekiko loturak inoiz eteten ez dituena; bere obran giza izaerarekiko konpromiso sakona adierazten du, gizakia bizitzazko absolututzat ulerturik. “Ahots laburra, estu eta trinkoa, kontzentratu eta zuhurra, tenplu bakarra onartzen duena, Naturarena”. Horrela definitu du Mercedes Roffe olerkari eta editore argentinarrak.
Julia hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldean topatu genuen, Composición entre la luz y la sombra (1978) irakurtzeko eskaini zigunean. Hurrengo hamarkadan heldu ziren Luz del aire (1982) Rikardo Ugarte eskultorearekiko elkarlanean, Cuaderno de Bitácora (1985) eta bere lehen Antología poética (1988) izenekoa. Cartas a Mr. Gardener olerki sorta Brasilen argitaratu dute, portugesez eta espainolezko ele biko edizio batean (2002); bere beste obra batzuk italierara itzulita daude. Azken urteotan Julia Otxoak haur narrazioa jorratu du (El bosque de las zanahorias, 1997; La canción de Mister Popoff, 1998; Cuentos de la abuela luna, 1999; El sueño de Hakam, 2000). Azpimarratzekoa da, halaber, Antología de microficciones (2000), Galería de hiperbreves (2002) eta Sea breve por favor (2002) lanetan jasotako prosa laburren kalitatea.
Arte adierazpenean berezko eskuzabaltasunez ari den pertsona izaki, Julia obra askotariko baten sortzaile gisa doa bizitzan zehar, eta adierazpen poetikoa eta saiakera, narrazioa eta haurren ipuinak, kritika, kronika eta arte plastikoak ukitzen ditu. Izan ere, ahalegin hauetan guztietan sentimendu bat bera dago, “funtsean baliabide filosofiko komun batean oinarritua, eta existentziaren itzulpenean berbera den sentsibilitate poetikoan bildua”, horrelaxe definitu baitzuen Santiago Aizarnak. Idazle, kazetari eta kritiko honek beronek “fintasun moral hori” azpimarratu du Julia Otxoari buruz aritzean, ze “bere eskuetatik ateratzen den guztia aureola berezi batez, giza ikasgai batez inguratzen ahalegintzen da, bere metafora, metonimia eta bestelakoen bidezko errealitatearen kalamuki harrigarri bat iruten eta bordatzen duen aldi berean”.
Iñaki Ezquerra (Bilbo, 1957). Poeta, kazetari, saiakeragile eta narratzailea. Euskadiko Literatur Saria hirutan lortu du, El zumbido eleberriarekin 1983an, La ciudad de la memoria olerki sortarekin 1984an, eta Museo de reproduccionesekin 1991n, faltsifikazioari buruzko tratatu poetikoa berau, non kopiaren egiazkotasun apala errebindikatzen duen. Casi anónima sonríes da 1996an argitaratutako olerki-bildumaren izenburua, eta Otra ribera 1999koa. Joaquin Marco kritikariak Iñaki Ezquerraren olerkigintzari buruz hau idatzi du: “Eguneroko begirada –nostalgiaz eta dramatismorik eza gertatu gabe– inspirazio-iturri bihurtzen badaki (...), eta badaki deserrotzea erakusten, kontraparadisu artifizial baten kontakizunean geratzen den lengoaia poetiko baten bidez. (...) Bere bertsoen argi eta itzalen atzean, irakurleek poeta bat aurkituko dute, eta hau ez da sarri gertatzen”. Azkenik, gehi dezagun Ezquerra oso kontakizun liburu original baten egilea dela (La caída del caserío Usher), eta kritikari eta koordinatzaile lana egiten duela El Correoren literatur atalean.
Marifeli Maizkurrena (Londres, 1962). Filologia Hispanikoan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean, kazetari, irratiko gidoilari eta diseinugile grafiko gisa aritu da lanean. Eusko Jaurlaritzaren Alonso Ercilla Sarian akzesit bat lortu zuen 1986an, Los otros reinos lanarekin, eta 1989an saria bera eraman zuen, Una temporada en el inviernorekin. Bitartean, Los cantos del dios oscuro y otros poemas (1989) argitaratu zuen. Errekonozimendu handiko olerkaria, irakurria eta saritua da. Gainera, Baezako Antonio Machado saria du Tiempo (1992-1999) olerki sortagatik, Banco Central-Hispanoren Hispano de Plata saria (1991) eta Planeta De Agostiniren Literatur Saria Adiós a doña Laura (2000) eleberriari esker.
Kepa Murua (Zarautz, 1962). Nortasun itzeleko poeta, nonbait kokatzeko ahalegin ororentzako iheskorra. Dioenez, “Bizitza, poesia bezala, inozentzia basatia besterik ez da”. Siempre conté diez y nunca apareciste (1999) lanarekin Kepa Murua etorkizun handiko gaztetzat agertu zen, sakontasun bitxiko poetika hatsez horniturik. Kritika espezializatuaz berehala jabetuko zen. Abstemio de honores, Un lugar para nosotros (2000), Cavando la tierra con tus sueños, Cardiolemas (2002) hurrena sortutako lanak dira, interesgarriak guztiak. Bereak dira, halaber, Luke aldizkari birtualaren fundazioa eta Bassarai argitaletxearena. Prestakuntzaz musikologoa izaki, bere poesian musika harremanez osatu substratu garrantzitsua sumatzen da, Rafael Coloma kritikoak azalera atera duen moduan.
Eli Tolaretxipi (Donostia, 1962). Filologia ingelesean lizentziatua. Hamarkada bat baino gehiago darama olerkiak argitaratzen Euskal Herrian bertan zein kanpoan. Itzultzaile gisa bereak ditu Sylvia Plath, Elisabeth Bishop, Adrienne Rich edo Ramón Saizarbitoriaren hainbat lan. 1999an bere lehen olerki liburua argitaratu zuen: Amor muerto, Naturaleza muerta.
- * *
…eta beste sei
aldatuOlerkari-bilduma honek –egileak garbi aitortzen du laburlaburra dela, telegrafikoa iaia, eta osatu gabea–, ezin du bazterrean utzi egungo euskal olerkigintzaren beste zenbait izen, nahiz espazio kontuak direla eta aipatu besterik ez ditugun egingo: José Fernández de la Sota bizkaitarra, kultur kazetaria eta olerkaria, bere errepertorioa 2001ean argitaratu zutena Lugar de Paso izenburupean; Javier Agirre Gandarias (Bilbo, 1941), hamar bat liburu eta Parisen bizi den olerkari nafar Frantzisko Xabier Irazoki, Zokik, hitzaurrea eginiko bilduma bat, Soles / Eguzkiak (1992) dituena; Pedro Ugarte (Bilbo, 1963), honi buruz geroago arituko baikara narratzaile eta eleberrigile gisa; Amalia Iglesias (Bilbo, 1962), 1984ko Adonais sariaren irabazlea eta Madrilen De Libros aldizkariaren arduraduna; edo Menchu Gutiérrez, Donostian bizi den madrildarra bera.
Dramaturgoak eta komediografoak
aldatu“Inprimatutako” generoetatik oso bestela, antzerkirako idatzitakoa soil-soilik eszenara heltzen denean gauzatzen da. Horregatik, antzerkiko autorea izugarri baldintzatuta dago egokitzen zaion testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoaren arabera. Zentsurako berrogei urteek eta Euskal Herrian antzerki egitura profesionalik ezak –duela oso gutxi arte behintzat ez da izan horrelakorik–, ez dute gure artean dramaturgo eta komediograforik ager zedin erraztu, eta loratutako gutxi horiek berehala abiatu izan dira Madril aldera.
José María Bellido (Donostia, 1922-1992). Idazle-lanetan narrazio laburretan hasi zen El acuerdo de Zubieta, (Espelunca Saria, 1963), baina antzerkian nabarmendu zen alegoria kritikoen autore gisa, Brechten epika didaktikoaren eraginpean, eta umorea eta tragedia maisuki nahastuz. Cuando termine la guerra (1945), El hombre que se fue (1949), El baile (1951), El pan y el arroz, o geometría en amarillo, Escorpión (1962), Fútbol (1963), El día sencillo, Tren a F (1964), Los relojes de cera (1967), Tres individuales (1969), Ecce caos (1969) eta Solfeo para mariposas (1969). Hirurogeita hamarreko hamarkadan Bellidok estilo komertzialagoa jorratu zuen –Rubio Cordero (1970)–, arrakasta handia lortuz Milagro en Londres (1972) komediarekin. Bere hurrengo piezak ez ziren hain onak izan: Esquina a Velázquez (1975) eta Patatús (1986). Eleberri bat ere argitaratu zuen: Disparos en el Bidasoa (1978).
Ignacio Amestoy (Bilbo, 1947). Konpainia profesionalek estreinatutako hamarretik gorako obren egilea da. Ignacio Amestoy Trantsizioko edo Laurogeiko Belaunaldikoa da –Manuel Gómez García historiagileak eman zion izena–; hauek izan ziren bere obrak zentsuraren oztoporik gabe estreinatu zituzten aurreneko autoreak. Denbora luzean zehar Bilboko Ekonomia Zientzien Fakultateko zine eta antzerki arduraduna izan zen, eta Nafarroako Unibertsitatean Informazio Zientzietako lizentziatura atera zuen. 1990az geroztik Literatura Dramatikoari buruzko eskolak ematen ditu Madrilgo Real Escuela Superior de Arte Dramático (RESAD) izenekoan. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, 1982ko Lope de Vega saria, Ederrarekin lortua, eta 2001eko sari bera Chocolate para desayunar lanarekin; hau Jardiel Poncelari eskainitako umorezko omenaldi bat da, haren mendeurrena zela eta. Obra historikoen sortzaile nabarmena izaki, Violetas para un Borbón Espainiako erregeak protagonista dituen tetralogia baten lehen pieza bat da. 2001ean Madrilen aurkeztu zuen bere La zorra ilustrada komedia, Felix Mª Samaniegoren Karlos III.aren gorteko ibilaldiak jasotzen dituena.
Amestoyren dramaturgiaren zati bat bere jaioterrian kokatzen da. Geroa eta Gasteiz taldeekiko lankidetzatik Doña Elvira, imagínate Euskadi, Durango, un sueño, 1493, Betizu. El toro rojo, Gernika, un grito, 1937, eta Pasionaria. ¡No pasarán! obrak atera dira. Prentsan eta telebistan kazetari lana egin du, eta Madrilgo Komunitateko hainbat kultur erakunderen kudeaketan ere zenbait ardura izan ditu.
Borja Ortiz de Gondra (Bilbo, 1965). Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide lizentziatura eta Madrilgo RESADen Zuzendaritza Eszenikoari dagokiona lortua. Autore elebiduna da, gaztelaniaz eta frantsesez egiten baitu, eta Marqués de Bradomín (1992 eta 1995) eta Calderón de la Barca (1997) sariak eskuratu ditu. Dozena erdi bat obra ditu estreinatuta eta argitaratuta, eta beste hainbeste oraindik argitara atera gabe. 1998an A distance estreinatu zuen Frantziako Nîmesen, eta hurrengo urtean Centro Dramático Nacional delakoak Dedos (Vodevil negro) izenekoa aurkeztu zuen; obra hau, halaber, Buenos Aires, Mexiko eta Grenoblen ere aurkeztu dute. Autore europar zenbaiten itzulpenak ere egin ditu, esaterako, Vaclav Havel, Lars Kleber, Carlo Goldoni, Sarah Kane, Joe Orton eta abarrenak. Zuzendari-laguntzaile gisa lan egin du Parisko Comédie Française, Théâtre de l’Odéon eta Théâtre de la Collinen, Centro Dramático Nacionalen, Centro Nacional de Nuevas Tendencias Escénicasen eta Madrilgo Teatro de La Zarzuelan, besteak beste.
Rafael Mendizábal (Donostia, 1940). Arniches eta Alfonso Pasoren miresle, Mendizabalek antzerki komikoan ziharduen talde bat zuzendu zuen, gaztetan, Donostian. Laurogeiko hamarkadan komediografo gisa hasi zen lanean, eta Rafaela Aparicioren konpainiak obra bat estreinatu zion, Mi tía y sus cosas hain zuzen. Harrezkero etengabe ari da lanean: Mañana será jueves, La noticia, Uña y carne, La abuela echa humo, Feliz cumpleaños, señor ministro, ¿Le gusta Schubert?, Contigo aprendí, Gente guapa, gente importante… Rafael Mendizabalek bitan irabazi du Donostia Saria, bere espezialitatean. Bere komedien arrakastaren giltza zera da, eguneroko arazoei gaurkotasunez beteriko aipuez heltzen diela, eta karteletan eskarmentu handiko aktoreak indar handiko aktore gazteekin elkartzen dituela. Mendizabalek berak produzitzen ditu bere muntaiak, eta horietako gehien-gehienak bere jaioterrian estreinatu ditu.
Literatura femeninoaz
aldatuEmakumeek eginiko literatura fenomeno berria da, harrigarria, izugarri berritzailea. Talentu handiko emakumezko idazle-sorta handi batek, sentsibilitatez bete eta kulturaz gain eginek, harri eta zur uzten gaituzte beren kalitatezko obren bidez, eta sariak bildu eta liburutegietara joateko ohitura dutenen arreta bereganatzen dute. Euskal Herritik atera dira, edo Euskal Herrian idazten dute, besteak beste Marie Darrieussecq, Lucia Etxebarria, Espido Freire edo Paloma Díaz Masek.
Paloma Díaz Mas (Madril, 1954). Gasteiza EHUn Literatura eskolak emateko 28 urte zituela iritsi zen, eta hemen lortu du literatur gaitasun handiko egile gisa kontsakratzea. Bere aurreneko pausoak obra harrigarri eta liluragarri batez egin zituen, Biografías de genios, traidores, sabios y suicidas según antiguos documentos izenekoaz alegia, argitaratzera heldu ez zen eleberri pare bat idatzi zuen, eta 1983an Anagrama argitaletxearen I. Herralde Sarian finalera iritsi zen, El rapto del Santo Grial lanarekin. Ondoren ipuin aukera bat eskaini zigun, Nuestro Milenio izenekoa, eta honen bidez Narrazio Sari Nazionalean finalista izan zen 1987an; bidai-liburu bat izan zen hurrena, Una ciudad llamada Eugenio (1992) izenekoa. Azkenean, 1992an Herralde Saria eskuratu zuen El sueño de Venecia eleberriarekin; honetan Madrilgo auzo baten historia kontatzen du, XVII. eta XX. mendeen artekoa, eta harrituta uzten du irakurlea, garai desberdinetako lengoaien eta konbentzio literarioen polifoniagatik. Lanean zazpi urte eman ostean, La tierra fértil (1999) da bere azken literatur eraikuntza –monumentala gainera–, obra koral bat, XII. mendeko Katalunia hartzen duena eszenatoki. Kultura hispaniarjudutarrean aditua, Paloma Díaz Masek saiakera garrantzitsu bat eskaini dio gai honi: Los sefardíes: Historia, lengua y cultura.
Lucia Etxebarria (Bermeo, 1966). Lucia Etxebarriaren irudi literarioa nortasun probokatzaile, erronka zale, konbentzioak hausteko prest dagoen baten emaitza da, bere emakume gorputzaren gaineko subiranotasun erabatekoa erakusten duen batena. Lucia izaki konplexua da, kontraesankorra, sailkaezina, sorgintzen eta tokiz kanpo uzten zaituen bere obraren antzekoa. Literaturan 1997an agertu zen, Amor, curiosidad, prozac y dudas eleberriarekin, eta hurrengo urtean Nadal Saria eskuratu zuen Beatriz y los cuerpos celestes eleberriarekin; eleberri honetan laurogeita hamarreko hamarkadako gazteria du gai, eta bere belaunaldikoek behin eta berriz jorratutako alorretik ihes egiten ez badu ere, Luciaren prosak oso egitura eta tonu bereziak eskaintzen ditu. Prentsa nazionalarekin izandako gorabehera etengabeek, autoreak matxistatzat jotzen duen prentsa horrek gaizki tratatzen duela baitio, kontraste handia egiten du Frantziak eskaini dioten harrera izugarriarekin. De todo lo visible y lo invisible –Una novela sobre el amor y otras mentiras– lanak eleberri arloko Udaberri Saria irabazi zuen, Espasa Calperena, 2001ean. Geroxeago olerki liburu bat argitaratu zuen, Estación de infierno, hasieran kritikak oso ongi jarria bera, baina plagio salaketari aurre egin beharra eragin ziona.
Maria Darrieussecq (Wiiurtennsee, Holanda, 1969). P.O.L. argitaletxe frantsesarentzat eginiko sintesi autobiografikoan kontatzen duenez, Marie Holandan jaio zen, han bere gurasoek gazta-lantegi bat zeukaten-eta. Bi urte zituen familiaren enpresak porrot egin zuenean, eta Lapurdira etorri ziren, bertakoa baitzuen ama. Baiona da, beraz, bere “adopzioko herria”, eta bere literatur dohainak modu goiztiarrean erakutsi zituenekoa 1982an Ville de Bayonne Narrazio Saria eskuratu zuenean. 1996an Truismes (Marranadas) agertu zen; eleberri honetan neska bat txerri bihurtzeko eraldaketa kontatzen du, Kafkaren bertsio berrikusi eta gaurkotu bat eginez, eta guztia Nabokoven ironia zorrotzaz hornituz. Marie literatur fenomeno bihurtu zen 27 urte besterik ez zuela, mundu-mailan –kritiko batek esan zuen “munstro txiki zoragarria” zela–: Marierena da azken mende erdian frantsesezko letretan izandako lehen eleberririk garrantzitsuena, 300.000 ale saldu baititu Frantzian, eta beste hainbeste gaztelaniara itzulita; guztira 30 hizkuntza baino gehiagotara zabaldu da. Argudio hauek guztiek aukera ematen dute autorea kontsolatzeko, izan ere liburu hau sutan zela idatzi omen zuen: “Ez zait bizi naizen gizartea atsegin. Guztiak sumintzen nau”. Segurtasun handiz eta baliabidez gainezka, Marie Darrieussecq obra sendosendoa eratzen ari da, besteak beste Naissance des fantômes (1998), Le Mal de mer ( 1999), Précisions sur les vagues (1999), Bref séjour chez les vivants (2001) eta Le Bébé (2002) tituluez.
Espido Freire (Bilbo, 1974). Filologia ingelesa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta literatur jardueren animatzaile gisa nabarmendu zen. Bere lehen eleberria Irlanda (1998) izan zen, eta kritikak harrera ona egin zion, asko eman dezakeen autore baten lehen lana izanik. Donde siempre es octubre (1999) lanarekin arrakasta izan zuen atzera. Bere hirugarren eleberria Melocotones helados izan da, eta honen bidez eleberriko Planeta Saria jaso zuen 1999an; Espido da Jose Manuel Larak sortutako sariaren historia luzean izandako saridun gazteena. Geroago Primer amor (2000) atera zuen inprentatik, eta Diabulus in musica (2001); obra honetan garbi ikusten da eleberrigileak musikaren munduarekin duen harreman estua, batez ere antzinako musikarekin. Poesia liburu batek, Aland la blanca (2001) eta bulimiaren aurkako lekukotasun gordin batek, Cuando comer es un infierno (2002) izenburua duenak, erakusten digute Espido idazle poliedrikoa dugula.
Kritikariek azpimarratu egin dute Espidoren historiak irudizko tokietan gertatzen direla, eta errealitatea pertsonaietara mugatzen dela, eta hauen sentimendu eta emozioetara. Izan ere psikologikoa, pertsonaien unibertso animikoa da bilbotar honen obra elikatzen duen substantzia, “malenkoniaz eta pesimismoz ere betetako inguru batean, batzuetan errealitateari eta existentziaren zentzuari buruzko hausnarketa baterako, esplizitua baino gehiago inplizitua den hausnarketa baterako aukera ematen badu ere, eleberriaren bilbearen anekdota-maila hutsetik harantz ere joanez” (Jesus Mª Lasagabaster).
Luisa Etxenike (Donostia, 1957). Zuzenbidean lizentziatua, baina betebetean literaturan murgildutako emakumea, literatura baita, berak dioenez, “esateko askatasun handia”. Bi kontakizun-bilduma argitaratu ditu –La historia de amor de Margarita Maura (1986) eta Ejercicios de duelo (2001)– eta bost eleberri; hauetan emakumezkoak dira protagonista, pasio, desleialtasun eta hausnarketa inguru batean. Literatura garden eta bizia: “Eleberriak idazten ditut ipuinak idatziko banitu bezala, intentsitateari erne, tentsioari erne”. Silverio Girón (1986) eta Querida Teresa (1988) lanen ondoren, Efectos secundarios lanarekin (1996) halako errekonozimendu bat lortu zuen. Azkeneko hau maitasun lesbikoari buruzko historia bat da, hiruko suntsipenez osatua, eta idazkera ezin finago batez josia guztia. Gero Etxenikek leiho bat, aukera bat eman zigun sexuabusuen eta pedofiliaren gaiari buruzko hausnarketa egin dezagun El mal más graverekin (1997). Gaur arte eman duen eleberri onenak, Vino (2000) izeneko eta Arabako Errioxan kokatu horrek, ardoa hartzen du oroimenaren metaforatzat. Bere hurrengo eleberria, Los peces negros, berehala ikustea espero dugu, antzerki lan batekin batera. Luisa Etxenikek euskal prentsan kolaborazioak egiten ditu, literatur tailerrak bizitzen ditu, eta urterourtero Donostian antolatzen diren emakumezko idazleen arteko topaketak koordinatzen ditu.
Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949). Itzultzailea, gidoigilea, aktorea eta euskal historiarekin eta kulturarekin liluratutako emakumea. 1992an Euskal Leyendak argitaratu zuen, eta honetan erakutsi zuen lehenengoz narrazio magikorako eta giroak berreraikitzeko dohaina. Baieztapena bere lehen eleberriarekin iritsi zitzaion: La calle de la judería (1998), lerro hauek idazten ari diren unean dagoeneko hamar edizio atera dituena. Las torres de Sancho agertu zen, 1999an, nafar erresuma zaharrari eskainitako omenaldi partikular gisa, eta 2000ko apirilean hirugarren eleberriak, La herbolera izenekoak, Euskadiko Zilar saria jaso zuen; Durangon girotua, Anboto mendi mitikoaren magalean, La herbolerak sorginkeria leporatzen dioten emakumezko petrikilo gazte baten tribulazioak deskribatzen ditu. XIV. eta XV. mendeetako bandokideen gerrak ere tentazio handia ziren Toti Martinez de Lezearen irudimenarentzat, eta hala 2001ean Señor de la Guerra jarri zigun liburudendetan, fresko handi bat eskainiz ganboar eta oinaztarren arteko gorrotoari buruz, Arrasateren erreketa izanik apoteosirako elementua.
Mila Beldarrain (Donostia, 1951). 1994an Oría, la sultana vascona agertzean, Almantzorren maitale, alHakam II.a hiltzean buru eta Cordobako azken kalifaren ama izandako emakumeari buruzko eleberri bihurtutako biografia baita, irakurketa probetxuzkoz betetako eta estilo kementsua landutako autore bat aurkitu genuen. Petriquillaren pertsonaiaren eta XVIII. mendeko Espainiaren inguruan, bere hurrengo eleberriak osatu zituen: Petriquilla, Graciosa y el Verdugo negro (De San Sebastián a Madrid en diligencia) (1995) eta El examen (Petriquilla en Madrid) (1997). Urrezko urteetako giro donostiarra da Kursaal, la ruleta misteriosa (2000) izenburukoaren esparrua.
Cloc kinta
aldatu“Surrealistak behar ditugu arte berrikuntza antolatzeko”: horixe zioen Gipuzkoako prentsan 1978an agertutako iragarki batek. Eta ez zen txantxa bat. Edo, hobeto esatearren, txantxa bat zen, oso serioa ordea. Antigua auzoko hiru ikasle, Donostiako Versalles kulturalen eta berauen ileordetzarren aurkako Iraultza piztu nahi zutelarik, gero Cloc taldearen hozi deitu haren arduradunak ziren; esperientzia literario eta kultural bitxia izan zen Trantsizioaren urteetan Gipuzkoan, eta adarrak izan zituen Nafarroan eta Madrilen. Abentura hausle hartan bat egiten dute oraingo literatur kritikak estimatuen dituen eleberrigileetako biren gazte garaiko biografiek, Fernando Aranburu eta Alvaro Bermejo baitziren.
Fernando Aranburu (Donostia, 1959). Bere lehen sormen aldia poesiak zurgatu zuen: El librillo (1981), Ave sombra (1981). Baina 93an jada, Euskal Herriko Unibertsitatean, Bruma y conciencia izenburupean bere literatur obraren antologia bat argitaratu zuen, 1977 eta 1990 bitartean eginikoarena. Honetan prosa-bilduma bat ere bazen: El artista y su cadaver (2002an bereizirik berrargitaratu zuten). Alemanian zelarik gaztelaniazko irakasle gisa laurogeiko hamarkadaren hasieratik, Aranburuk, bosturteko batean zehar, bere lehen eleberria eraiki zuen, eta batbatean hispaniar letren idazleen artean etorkizun oparoenetakoa duen autore bat ikusi genuen: Fuegos con limón zen lan hau (1996), eta Ramón Gómez de la Serna saria eraman zuen. Galdutako denboraren bere bilaketa partikular horretan, Aranburuk oroimen pertsonaleko materialak hartu eta zimendu horien gainean fabulaziorako dohain apartak zabaltzen ditu. Fuegos con limónen Cloc La Placa bihurtzen da, iraganaren berrasmatze batez hain zuzen, eta umore ironiko, zorrotz eta ankerrez blaitutako eleberri bat eratzen du goitik behera.
1999an No ser no duele ipuin-bilduma argitaratu zuen eta, hurrengo urtean bere bigarren eleberriak, Los ojos vacíos (2000) izenburua duenak, Euskadi Saria eman zion. Eleberri heldua da, espainiar pikareskaren tradizioan sartua; honi buruz Santos Sanz Villanueva kritiko ospetsuak hau idatzi du: “Los ojos vacíos fabularen itsaso liluragarrian sartzen zaituen eleberri mota horretakoa da, eta azalerara itzultzen zaituenean bizitzari esangura berri eta sakonagoa ematen dion esperientzia batez aberasturik ateratzen zara. Anekdotaren plazeragatik, bere mezuaren intentsitateagatik eta bere eraiketaren egokitasunagatik, hau oso liburu garrantzitsua da, irakurtzea merezi duen horietakoa”.
Alvaro Bermejo (Donostia, 1959). Alvaro Bermejoren sorkuntza-ibilbidea eta aspaldiko lagun Fernando Aranbururena zeharo bestelakoak dira; izan ere, literaturari buruz dituzten ulekerak ere erabat desberdinak dira. Oso gaztetatik, Bermejo obra eta sariak ari da metatzen, eta dagoeneko ez Euskal Herriko, baizik eta estatu osoko idazlerik sarituenetako bat dela esan dezakegu: Irun Hiria Eleberri Saria, Donostia Hiria Ipuin Saria, Eusko Jaurlaritzaren Pio Baroja Eleberri Saria lau aldiz, Euskadi Saria, Francisco Avellaneda Antzerki Saria, Ciudad de Salamanca Eleberri Saria, Felipe Trigo Eleberri Saria eta, 2001ean, Sevillako Ateneo Saria, La piedra imán lanagatik.
Alvaro Bermejok, 43 urte dituela, narrazio liburu bat du (La torre de Casandra) eta zortzi eleberri, kazetari lan neurrigabeaz gain inondik ere. Sugestio-ahalmen handikoak izanik, bere eleberri konplexu eta ederrak, trinkotasun etiko handikoak, iaia beti ongi deskribatu eta definitutako testuinguru historiko batean mugitzen dira –historialari denaren prestakuntza antzematen zaio–, non irakurritakoaren denborak irakurlearen denboraren metafora edo isla gisa funtzionatzen duen argi samar.
Aurkezpen labur honetan ezin dugu azaltzeke laga Bermejoren hizkuntzaren kalitatea, urte asko baitaramatza bere lanabesa hobetzeko eguneroko ahaleginean, behar duen adierazpenindar eta oroitzapengaitasun guztia lortzearren. Estilo-konpromisoa oso handia da, hain handia ezen Balzacen aitorpen bat bere egin baitezake: “Nire bizitzaren historia nire eleberrien historia da”.
La piedra imán lanarekin, narrazio honetan XIX. mendeko Kubako familia saga baten gainbehera kontatzen du, Alvaro Bermejo heldutasunera iritsi da. Sevillako Ateneo saria jaso duen eleberria proiektatzen den esparrua ere historikoa da, nahiz eta ez den “eleberri historiko konbentzional bat, nire obran magiak funtsezko eginkizuna du eta. Bizitza magia da, eta nire obran horixe adierazten ahalegintzen naiz”, adierazi du donostiarrak.
Azkenak
aldatuNahiz eta laurogeita hamarreko hamarkadara arte ez ziren literatur osagarrietan agertu, beren bizitzaren laugarren hamarkadako orriak betetzen eta, sarritan, gaztegaztetatik literatur sariak pilatzen ari diren pertsonak dira. Ikusentzunezko zibilizazioaren kume, hauen lerroak ikusten diren bezala irakurtzen dira, eta irudiaren mitoei buruzko erreferentziaz gainezka daude.
Fernando Marías (Bilbo, 1958). Batxilergoa amaitzean zinea ikastera joan zen Madrilgo Informazio Zientzien Fakultatera, eta han bizi da. Gidoigile gisa hainbat telebistasail ditu, baita bideo profesionalak eta publizitate-zinema ere. Barbastro Eleberri Saria irabazi zuen 1991n La luz prodigiosarekin, hurrena Esta noche moriré izan zen, eta eleberrigile gisa Nadal Sarian kontsakratu zen, 2001ean, El niño de los coroneles lanaz. Zinea eta honen inguruko guztia sumatzen dugu Fernando Maríasen literatur orrialdeetan zehar, eta lan askoren narrazio-elikagaia dira, esaterako, El vengador del Rif edo Los fabulosos hombres película lanena. Páginas ocultas de la historia telebista-sailaren historia sortarazi zuten historiak ere argitaratu dira.
Pedro Ugarte (Bilbo, 1963). Ugarteren kasua sormen handiko gizon baten kasua da, bizitzak, bere gorabehera kapritxozkoetan zehar, ez zegokion tokian kokatu zuen batena, alegia. Patu horren aurka jo nahirik jaio ziren bere lehen obrak: Incendios y amenazas (1989) eta El falso fugitivo (1991) poema-sortak; eta Los traficantes de palabras (1990), Noticias de tierras improbables (1992) eta, bereziki, Manual para extranjeros (1993, 2001ean berrargitaratua) lanetan bildutako ipuin zoragarriak. Bere lehen eleberriak, Los cuerpos de las nadadoras izenekoak, Herralde Sariaren finalera eraman zuen, eta Euskadiko Literatura Saria eman zion. Harrezkero, Pedro Ugarte erreferentzia ukaezina da euskal letretan. Historia de Bilbao ere argitaratu du, eta hainbat hedabidetan ohiko zutabegilea da.
Antonio Altarriba (Zaragoza, 1952). Antonio Altarriba zaragozarrak Frantses Literaturako katedra bat du Gasteizko EHUn. Ignacio Aldecoa ipuin saria irabazi eta gero, Arabako argitaletxe txiki batean bere lehen eleberria argitaratu zuen: El filo de la luna (1994). Baina jendearen artean ezagun egin zuen obra Cuerpos entretejidos izan zen, munduko kulturetako sentsualtasun, erotismo eta sexuari buruzko kontakizun sorta luzeluze bat; honek La Sonrisa Vertical sariaren VIII. edizioa eman zion 1996an. Obra bietan, eta baita Contratiempos hurrengoan ere, Altarribak ikusteko sen boteretsua erakusten digu, hizkuntz sorkuntzan, argazkian, bideoan eta komikian berdin agertzen den sentsibilitate plastiko bati dagokiona bera.
Juan Manuel de Prada (Barakaldo, 1970). “Euskal idazle” kategoria Euskal Herriarekiko harremana Barakaldon jaio izana beste ezer izan ez duen bati jartzea beharbada gehiegizkoa den arren (haurtzaroa eta nerabezaroa Zamoran eman zituen), baimena eman diogu geure buruari pixka bat etxerantz biltzeko ingurukoa, autore berrien zerrenda honen amaieran jasotzearren, “eleberri gaztearen booma” delakoaren buru gisa, hain zuzen ere. Juan Manuelen lehen liburuak, Coños (1995) izenekoak –honen titulua Gómez de la Sernaren Senos gogoratzen digu izugarri–, jendea harri eta zur utzi zuen, eta baita kritika zorrotzena ere, irudimen ausarta erabiltzeagatik eta lengoaia modu zoragarrian baliatzeagatik, eragin probokatzailea izateaz gain, inondik ere. Sortutako itxaropen guztiak ongi asko gauzatu ziren El silencio del patinador kontakizun liburua agertu zenean (1995) –amets anker eta zentzugabeen galeria bihurria da–, bere belaunaldiko idazleen zerrendan buruan jarri baitzuen.
Arturo Pérez-Revertek 1996an esan zuen “beharbada azken hogei urteotako espainiar eleberririk onena” Las máscaras del héroe dela, XX. mendearen hasierako Madrilgo bizitzari buruzko esperpentoa berau, bohemia, anarkismo, bazterketa eta bortizkeriaren bidez itxuratua. Eleberri honek, egileak berak zioenez, “ez du egia aurkitu nahi, egia birsortu baizik”.
La tempestad lanarekin, 1997ko Planeta Saria irabazteaz gain, nazioarte-mailan kontsakratu zen. The New Yorker aldizkari ospetsuak Europako 35 urtez azpiko sei idazle garrantzitsuenen artean kokatu zuen. Bere azken liburua, Las esquinas del aire. En busca de Ana María Martínez Sagi, testu hutsaren plazerean murgilarazten gaituen beste literatur parrastada bat da.
Letretako jendea
aldatuAraba
aldatuJose Luis Pasarín (1940). Leopoldo María Paneroren adiskide eta laguntzailea, Pasarín olerkari sendoa da, liburutegietan sarrera 1983an Versos para un pueblo lanarekin egin zuen poeta. Bere obra garrantzitsuena, gaur artean, De la luz enajenada. Haikus izenekoa da, 1993koa.
Iñaki Ortubai (1961). El Correoren orrialdeetan Ortubai kronista ezohiko gisa agertu zen, bere luma zorrotzaz beti. Testu horuiek bildu zituzten gero Cronicón y monsergas de una ciudad sin cuento lanean. Pio Baroja Saria irabazi zuen 1991n, bere Enredos pelirrojos eleberriarekin.
Amado Gómez Ugarte (1956). Gasteiz Hiria eta Donostia Hiria narrazio sariak irabazita ditu. Informatikako lizentziatu hau ipuin idazle dotorea da eta bat baino gehiago euskaratuak daude dagoeneko. Duela gutxi atera da bere azken obra: El vuelo de la mariposa (2002).
Bizkaia
aldatuJavier Bengoetxea (1919). Adonais Poesia Saria eskuratu zuen 1955ean, Hombre en forma de elegía lanarekin. Izugarrizko domeinua duen autorea, bai adierazpen-baliabideei dagokienean bai konposizio-teknikei dagokienean. Bere piezetako batzuek gure gizartearen alderdi batean bizi den intolerantzia salatzen dute.
Antonio Mentxaka (1921). Cuadernos para el Diálogoren fundatzailea –hau argitaletxe enblematikoa izan zen trantsizio aurreko urteetan–, eta El Sitio izeneko elkartearen presidentea Bilbon. Mentxakak hainbat eleberri ditu idatzita: El camino de Roma, Bandera negra, eta, baita ipuinak eta memoria liburu bat ere, Las horas decisivas (1992).
Jose Luis Merino (1931). Arte kritikoa, bibliofilo amorratua eta osooso prosa berezi baten egilea, baita lanen izenburuetan bertan erabiltzeko ere: ¿Alguna vez hablaron los caballos?, Le doy galletas para saber dónde le cae la boca.
Mario Angel Marrodán (1932). Olerkaria, arte kritikoa eta saiakeragilea, bibliografia trinkoa eman duena. Dagoeneko hainbat sari eskuratu ditu bere olerki sorten bidez, eta hauetako batzuk beste hizkuntza batzuetara itzulita daude. Bere belaunaldiko poesiaren antologia nagusietan dago.
Amezaga, Elias. Grafomano sailkatu ezinekoa, euskal kulturaren entziklopedista, autoreen zerbitzuko autore –eskuzabaltasun izugarriko pertsona, alegia–, ez dago ukitu ez duen generorik. Bere biografiak harritu egiten gaitu hainbat daturengatik, esaterako: 1960ko Madrilgo kultur basamortuan, Bertolt Brechten lan baten adaptazio bat estreinatu zuen, eta aitzindari izan zen hau espainiar antzerkian.
Juan Ramon Gómez Nazabal (1938). Artista kementsu eta gogoetan murgildutako gizakia. Nazabalek sariez kontatzen ditu bere fikzioak: El estanque moruno (Guria Saria), Niña Olvido (Gipuzkoa Saria), Equipaje de arena (Puente Colgante Saria), El señuelo (Irun Hiria Saria).
Mauro Zorrilla (1945). Herralde Eleberri Sarian El regreso de Simón lanarekin finalista izan zen, 1985ean, eta 1988an Eusko Jaurlaritzaren Pio Baroja sarian aipamen bat lortu zuen, Lumpen SA lanarekin. Zorrillak bere literatur lanetan antzerkia, zinea, poesia eta kazetaritza jorratu ditu.
David Barbero. Kazetaritzan ardura handiko karguak izan ditu, antzerkirako obrak idazten zituen bitartean; hauek, dena den, bide luzeagoa egin dute literatur epaitegietan eszenatokietan baino. Un hombre muy enamorado, Gambito de dama eta La vida imposible de Marilyn bere lanak dira.
Eduardo Apodaka (1952). Ohiko olerkaria euskal literatur aldizkarietan. Opera omnia jaso zuen, 1991n EHUk argitaratutako ele biko edizio bikainean: Introducción a la tierra / Lurrerako atari gisa.
Gipuzkoa
aldatuMiguel de Amilibia (1901-1982). Diasporako idazlea, kazetari eta literatur lan handi eta bizia egina, olerkia, saiakera historikoa eta ekonomikoa eta biografia ukituz, berrehun liburu ingururen itzulpenekin batera.
Cecilia G. Guilarte (1915-1989). Oso modu goiztiarrean trebatu zen tolosar hau gerra aurreko gipuzkoar prentsan. Gerra ondoren Mexikora erbesteratu zen, eta hantxe izan zen 1964 arte. Bere literatur lanaren lekukotasuna utzi zigun hainbat eleberri, narrazio-liburu eta antzerkirako piezatan.
Jose Mª Gonzalez Castrillo, Chumy Chúmez (1927). La Codornizen egindako umorista. Umorezko obrak idatzi ditu: Una biografía, El libro de cabecera eta baita zine eta telebistarako gidoiak ere. Yo fui feliz en la guerra eleberrian parodia ukituz marrazten du bere haurtzaro donostiarra.
Angel Garcia Ronda (1939). Bortizkeria politikoari buruzko hausnarketak biltzen ditu abokatu donostiar honek literatur ahaleginean; bi eleberri baititu: La levadura (1979), eta Garibaldi está cansado (1987).
Jose Acosta Montoro' (1930). Kazetari eta literatur kritikoa, antzerki eta eleberri idazlea, kazetaritzaren teorilaria eta hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako gipuzkoar bizitza kulturalaren animatzaile handia.
Jose Mª Agirre Alcalde (1932-1979). Autore abangoardista, oso musika eta gastronomi kronika pertsonalak argitaratzen zituena gipuzkoar prentsan. Bere hil osteko obra, Malabata Gless, Marokoko kartzeletan igarotako esperientzia beldurgarri batean oinarritutako eleberri bat da. Bere buruaz beste egin zuen, bizitzan eta letretan porrot egin zuelako uste sendoa hartuta.
Rafael Agirre Franco (1937), urte askoan zehar Donostiako CATen arduraduna eta euskal kirolaren eta tradizio ludikoen arloko aditua. Erregularki argitaratzen ditu bidai liburuak, ipuinak eta eleberriak, hauetako azkena politika-fikziozko bat, Alkatesa izenburua duena.
Rafael Castellano (1943). Euskal letren heterodoxoa, La Codornizen: Tiemble después de haber reído, euskal prentsan eta zinean kolaboratzailea. Gai politikoak eta kulturalak ozartasunez eta ironiaz jorratzen ditu eleberrietan: La viuda, Los anafroditas eta saiakeretan: Erotismo vasco, Vascos heréticos....
Francisco Javier Gil Díez-Conde' (1953). Antzerki autorea, hainbat sari eta estreinatutako zazpi obra dituena. Bere piezek jai-ukitua dute eta Valle Inclán gogorarazten dute, eta umore beltzez hornituta daude.
Iparralde
aldatuEduardo Manet. Antzerkiko autore eta eleberrigile bikaina, Kuban jaio zen baina frantziar nazionaltasuna eskuratua du. Euskal Herria da bere inspirazio-iturria, argi ikusi ahal izan dugun moduan bere azken bi liburuotan: D’amour et d’exil (1999) eta La sagesse du singe (2001).
François Aillet. Euskal olerkaria, Europako iparraldean bizi dena. Euskaraz eta frantsesez idazten du. Honen berri zehatza izateko, irakur ezazue Kaïku haïku (1999).
Marie-Josée Basurco. Belaunaldi berriko narratzailea. Bi narrazio lan aipagarri ditu: L’Exilée eta Retour d’exil.
Florence Delay. Baionarra, Académie Françaiseren kide. Etxemendi lanarekin (1990), euskal testuinguruko obra berau, François Mauriac saria eskuratu zuen.
Jacques Dufilho. Medikua eta arrakasta handiko idazlea. Docteur, un cheval vous attend lanak Baigorrik XX. mendeko azken laurdenean zehar izan dituen aldaketak kontatzen ditu, eta Hayrak euskal emigrante baten Amerikako bizipenak deskribatzen ditu.
Michel Oronos. Euskaltzale sonatua eta euskal idazlea den honek 1994an bere kontura argitaratu zituen Baigorriren eta Euskal Herriaren iragan eta orainari buruzko bi liburu, La Noce basque izenburuaz. Lan hauek, gaur egun, ezinbesteko erreferentzia dira.