Euskal literatura/Literatura Nafarroan
Literatura Nafarroan: Egileen errepaso historiko laburra
Ba al da berezko nafar literaturarik, edo egokiagoa litzateke literaturak Nafarroan izan duen garapen eta historiaz hitz egitea? Bada nahikoa argi dagoela dirudien gauza bat, eta zera da, hots, Erreinu Zaharraren historiak, une historiko zehatzak, ohiturek eta bertako jendearen izaerak, mota guztietako literaturatan muineraino sartzen den mundu-ikuskera ematen dutela.
Sarrera
aldatuHitz egin al daiteke nafar literaturaz? Ba al da berezko nafar literaturarik, edo egokiagoa litzateke literaturak Nafarroan izan duen garapen eta historiaz hitz egitea?
Hau ez da garrantzia handiegirik duen kontua, izan ere, guztia nafar literatura kontzeptuari dagokion abiapuntuaren eta definizioaren araberakoa baita.
Hala eta guztiz ere, bada nahikoa argi dagoela dirudien gauza bat, eta zera da, hots, Erreinu Zaharraren historiak, une historiko zehatzak, ohiturek eta bertako jendearen izaerak, mota guztietako literaturatan muineraino sartzen den mundu-ikuskera ematen dutela.
Ondoko lerroetan, Nafarroako literatura horren, edota nafar idazle, olerkari, saiakeragile edo antzerkigileen sailkapen eta azterketa egiten saiatuko gara.
Literaturaren hasiera Nafarroan
aldatuSan Eulogiok, IX. mendearen erdialdera nafar zenobio hainbatetan zehar egin zuen bidaian, beste hainbat gauzaren artean nafar monasterioetako ikas giroa eta bertako liburutegiak goraipatu zituen. Azken hauetatik zenbait kodize interesgarri kopiatu zituen. Haiek latinez idatzirik zeuden, jakina; hizkuntza honetan hasten da Nafarroako literatur historia, eta bizirik iraungo du gainera nafar erromantzea azaldu aurreko mendeetan.
Erromantzez idatziriko lehen neurtitzei dagokienez, hiru idazleren lanak aipatu behar dira: tuterar olerkari judutarra zen Yehudá ha Levírena zen jartxa bat, alde batetik; idazle honek bere lanak hebraieraz eta arabieraz idatzi zituen. Beste idazlea, “Tuterako itsua” ezizenaz ezagutzen zuten, eta honek moaxaja edota arabiar olerki batzuen azken neurtitzak idatzi zituen. Bi idazleok XI. eta XII. mende artean bizi izan ziren, halaber, Abraham ibn Ezra, Tuterako beste judutarra. Azken honek olerkiak eta astronomia, matematikak eta filosofiari buruzko lanak egin zituen.
Zertxobait beranduago, bete betean XII. mendean bizi izan zen Tuterako Benjamin izenekoak, nahikoa ezaguna zen Bidaien Liburua edo SéferMasa’ot idatzi zuen. Azken bi idazle hauek hebraieraz idatzi zuten, eta Tuterako arabiar zein judutar komunitateen sendotasun erakusgarri dira.
Adibide txiki hauez gainera, erromantzez idatziriko lehen testuak, normala den bezala, garai hartako gertaera aipagarriak kontatzen dituzten, esate baterako, Orreagako Kantuaren testu epikoak. Kantu hau nafar erromantzez dago idatzirik, eta gure eskutaraino iritsi dira XIV. mende hasieran transkribatutako 100 neurtitz.
Ez dago ahazterik garai hartan Nafarroak joerarik handiena Bortuz Bestaldeko lurretaranzkoa zuela, eta boterea zuten etxeak lehenik Champagnekoa eta ondoren Evreuxkoa izan zirela. Horiek horrela, ez da harritzekoa Nafarroak Frantzian indarrean zeuden korronte literarioekin bat egin izana. Lehen garai horretakoak dira Cansó de la Crozadako testuak; hauetan, Tuterako Guilhem edo Gillermok, 1210 aldera eta proventzeraz, albigensiarren kontrako gurutzadetan gertaturiko hainbat pasadizo kontatzen ditu.
Errege bezala baino ezagunagoa izan zen trobadore bezala Champañako Teobaldo IV.a kondea, 1234 eta 1253 urteen artean Nafarroako erregea izan zena. Dantek, gizon handien artean hautatu eta buon re tebaldo izena jarri zion. Oil hizkuntzaz idatziriko hainbat kanturen egilea izan zen; hauetako batzuk bere erregetza garaian idatzi zituen, bertan azaltzen diren zenbait aipamen historikotatik ondoriozta daitekeen moduan.
Zertxobait beranduago, baina XIII. mendean oraindik, Tolosa edo Toulouseko Guilhem Anelierek, La guerra civil en Pamplona idatzi zuen. Proventzal edo okzitanieraz idatzitako olerki luzea da, nahiz eta nafar erromantzearen eragina baduen. Olerki honetan, Santxo VII.a Indartsuaren, Teobaldoren zein Enrique I.aren erregetzak errepasatu zituen. Bereziki, zernahi gisaz, Navarreriako gerra eta 1276ko beronen suntsiketa deskribatu zituen.
Guillem de Machaut XIV. mendean azaltzen da; nahikoa ezaguna zen musikari eta olerkari hau Evreuxko Carlos II.aren zerbitzura lanean hasi aurretik ere. Azken honentzat Jugement du Roi de Navarra idatzi zuen 1349an, eta Confor d’ami 1356an, Juan el Bueno Frantziako erregeak Carlos preso hartu zuenean.
Berez, literatur erreferentzia ez izan arren, garrantzi handikoa da Nafarroan Foru Nagusian nafar erromantzez XIII. mendearen erdialdera jasorik dagoen lege pribatiboen bilduma. Era berean, genero historikoak gailurra Erdi Aroaren amaiera aldera jo zuen, Carlos, Vianako Printzeak 1454. urte aldera idatziriko Nafarroako Erregeen Kronikarekin.
Inprentaren agerpena. Errenazimentua
aldatuAro berriaren, Errenazimentuaren hasiera-ikurra izango den inprentaren agerpenak, bat egin zuen Nafarroa bere independentzia galtzera eraman zuten gerrate banderizoen une historiko harekin. Nolanahi ere, horrek ez zuen eragotzi, azken Albrettarren bultzada medio, 1490. urte aldera Iruñera Arnaldo Guillén de Brocar inprimatzailea bizitzera joatea.
Beranduago, XVI. mendean, gaztelar zein frantziar eremuetan zatikaturik zegoen Nafarroan, hainbat inprimatzaileren moldiztegiak sortu ziren Iruñean bertan, bai eta Lizarra eta Tuteran ere. Bien bitartean, frantziar Nafarroan Margarita Nafarroakoa erreginaren moduko pisu handiko pertsonak sortzu ziren; aipagarria da azken honek idatzitako Heptameron (1546). Aipamen berezia merezi du era berean Bernat Decheparek, hauxe baita euskaraz idatziriko lehen olerki liburuaren egilea, Linguae Vasconum Primitiae (1545) izenburua duenarena, hain justu ere.
Nabarmentzeko modukoa da, XVI. mendean zehar, baina Pirinioen alde honetan, Jerónimo de Arbolanche tuterar olerkari epikoa; berak idatzia da Las Abidas (1566), giro bukoliko erabatekoan giroturik dagoen maitasun olerki luze eta eruditua.
Oso bestelakoak dira Frai Diego de Estellaren lanak, berau Urrezko Mendeko autore mistikoaszetiko garrantzitsuenen artean onartua; hainbat lan idatzi ditu gazteleraz eta latinez. Cascanteko Pedro Malón de Chaidek era berean Las Conversiones de la Magdalena idatzi zuen 1586an. Lan honen bidez, literatura mistikoaren alorrean gailurra jotzea lortuz.
Idazle barrokoak
aldatuGauzak behar bezala esateko, barrokoaz hitz egitean arte plastikoez soilik ari baldin bagaitezke ere –arkitektura, eskultura eta pinturaz, eta gehienera jota musikaz–, kontrarreformako espirituak sarturiko arteaz ari garela, balio duela esan daiteke, estilo hau nagusi zen garai bereko –XVII. mendea, eta XVIII.eko zati bat– adierazpen kultural orori erreferentzia egiteko.
Kontu bitxia da garai hartan ezagunak ziren nafar idazleen zerrenda zein laburra den egiaztatzea, Nafarroan inprenta zein hedaturik dagoen ikusita, zenbat tailer ibiltari dauden kontuan hartuta eta hainbat monasterio zein komentutan dauden inprenta ugariak egonda eta idazlan kopuru handia argitaratzeko modua dagoela jabetuta.
Jose Sarabia Larriva, militar eta idazleak, lan liriko bakarra idatzi zuen, Canción Real a una mudanza, sail horretako lanik onenetarikoetakotzat har daitekeena, hain justu ere; 1628an argitaratu zen lehen aldiz. Olerkirako gaitasun handia erakutsi zuen beste idazlea Tafallako Miguel de Dicastillo kartusiarra izan zen; beronek, Miguel de Mencos goitizenarekin 1637an Aula de Dios, cartuja real de Zaragoza idatzi zuen.
Eta sail honi amaiera emateko, bereziki aipatzeko modukoa da euskaraz idatziriko goi-mailako beste lan bat, hots, Urdazubiko Pedro Axularrek idatzitako Gero. Lan hau 1643an argitaratu zen.
Erromantizismoa eta “Asociación Éuskara”
aldatuNafar letrentzat, XVIII. mendea, funts handirik gabeko mendea izan zen, eta apenas sortu zen gutxieneko sonadun idazlerik. Gutxi horietako bat Cristóbal María Cortés y Vitas (1740-1804) izan zen; bera har dezakegu lehen nafar antzerkigiletzat. Saria ere jaso zuen Madrilen Atahualpa (1784) izeneko bere tragediagatik. Nagusiki genero historikoa landu zuela esan daiteke, eta horrez gainera, bere garaian itzal handiko olerkaria izatea lortu zuen.
Bere ideia ilustratuengatik batetik, eta gainean dagoen erromantizismoa eratuz joango delako bestetik, oso pertsonaia interesgarria izango dena Manuel Pedro Sánchez Salvador y Berrio, (1764-1813) olerkaria da. Berau hainbat olerki bukolikoren zein Noche Fúnebre entzutetsuaren egilea da. Azken honetan, 1787an Zangoza erabat suntsituta utzi zuten uholdeen kontakizun zuhurra egiten du.
Konbentzioaren (1793-1795) kontrako gerratearekin, XVIII. mendearen amaierak, eta XIX.aren hasierak Independentziaren gerratearekin, Foruen etengabeko ahultzea ekarri zuten, eta joera honek bere horretan segi zuen Isabel II.aren gobernu liberalean zehar. Horrek guztiak indar absolutisten indartzea ekarri zuen, eta hauek, erlijioa eta forua ikurtzat hartuz, armetara jo zuten lehen gerrate karlistan (1833-1840). Honen guztiaren emaitza, Nafarroak erreinu izaera galtzea, eta Nafarroa zein Baskongadetako eskubide foralak murriztea izan zen. Beranduago beste bi altxamendu karlista ere izan ziren, 1846an eta 1872an.
Egoera gogor honek, euskal-nafar hizkuntza, literatura eta historia gorde eta hedatzea helburu zuen mugimendu kultural zabala sortzea eragin zuen. Literaturaren alorrean erromantizismoan koka daitekeen mugimen hau “Asociación Éuskara”ren bidez bideratu zen; elkarte horretako kide izan, edota beronen inguruan ibili ziren makina bat nafar idazle.
Horien artean ezagunena Francisco Navarro Villoslada (1818-1895) olerkari, kazetari, antzerkigile eta, batez ere, eleberrigile erromantikoa izan zen. Berak idatziak dira Doña Blanca de Navarra (1845) eta Amaya o los Vascos en el siglo VIII (1877) eleberri historikoak.
Bere nortasun ikaragarria hainbat arlotan –politikan, kazetaritzan, historian, hizkuntzalaritzan, antropologian eta literaturan– hedatu zuen beste idazlea Arturo Campión Jaimebón (1854-1937) izan zen. Bere ibilbide pertsonala errepublikazaletasun federaletik, federal kutsuko abertzaletasun epelerainokoa izan zen; azken epe horretan, bere ideiak “Jainkoa, Foruak eta Euskalerria” terminoekin laburbildu daitezke. Euskaraz eta gazteleraz idatzi zuen; azken hizkuntza honetan idatzitakoen artetik aipatzeko modukoak dira bere hiru eleberriak, hala nola, D. García Almorabid. Crónica del siglo XIII (1889), Blancos y Negros (1898) eta La bella Easo (1909).
Juan Iturralde y Suit (1840-1909) izan zen Campionen ideia berak zabaltzen lan ugari egin zuen beste gizon bat. Hainbat arlotan nabarmendu zen, baina, batez ere kazetaritzan, ipuin, elezahar zein tradizio-bilketan, eta arte-historialaritzan.
Aurrekoak bezain ezaguna ez izan arren, Hermilio Olóriz Azparren (1854-1919) jauna, garaiko kulturgintzako pertsonarik nagusietakoa izan zen; artikulugile zorrotza, historialaria, eta antzerkigile zein olerkari erromantikoa. Bere idazlanik ezagunenak, dibulgaziozko La Cartilla Foral (1894) eta Breves nociones geográficas de Navarra para instrucción de los niños (1902) izan ziren. Horrez gainera, hainbat olerki eta ikerketa historikoko hainbat lan ere argitaratu zituen, hala nola, Navarra en la guerra de la Independencia. Biografía del guerrillero Don Francisco Espoz y noticia de la abolición y restablecimiento del Régimen Foral (1910).
Berezitan berezia da José Yanguas y Miranda (1782-1863) jaunaren kasua; goitik behera konstituzio liberalaren aldekoa izan arren, erro abertzaleduna zen, eta Foruen defendatzaile sutsua gainera. Ohitura eleberri eta artikulu ugari idatzi zituen, baina legelari eta historialari lanetan nabarmendu zen, batez ere. Berak idatziak dira Diccionario de los fueros y leyes de Navarra (1828), Diccionario de antigüedades (1840) eta beronen Adiciones (1843).
Isabeldarra izan zen beste idazle bat dugu Joaquín Ignacio Mencos y Manso de Zúñiga (17991882). Bere garaian ospea lortu zuen olerkari erromantiko honek, hainbat lan interesgarri utzi zizkigun, hala nola, El cerco de Zamora (1831) –idazlan honek Hizkuntza Akademiaren saria jaso zuen–, eta El Príncipe de Viana (1835) izenburupean argitaratutako erromantze-bilduma.
Iragan hurbila
aldatu“Asociación Éuskara”k eragindako lehen belaunaldiaren ondoren, Eladio Esparza Aguinaga (1888-1961) da nafar literaturaren baitan azaltzen den XX. mendeko lehen idazlea. Kazetaria eta eleberrigilea izan zen nagusiki, nahiz eta antzezlan zein saiakera batzuk ere idatzi zituen. Bere lehen lana Junto a las nieblas (1911) izenekoa izan zen, baina ezagunena Nere (1928). Altxamenduaren ondoren –gogoratu beharra dago gertaera honen alde egin zuela Diario de Navarra egunkariko bere erredaktoreburu postuaz baliaturik–, Blanca de Navarra (1942) idatzi zuen, hain justu beranduago lan biografiko bilakatu zuena.
Félix Urabayen Guindo (1883-1943) errepublikazalea Toledon egin zen eleberrigile. Han, Irakasle Eskola Normaleko katedradun izan zen 1911tik 1936ra bitartean. Hiri honi beroni eskaini zizkion bere eleberrietatik hiru: Toledo: Piedad (1920), Toledo la despojada (1924) eta Don Amor volvió a Toledo (1936). Bere beste kuttuna Nafarroa zen; herrialde honi beste trilogia hau eskaini zion: El barrio maldito (1925), Centauros del Pirineo (1928) eta Bajo los robles navarros. Azken hau hil baino zertxobait lehenago idatzi zuen, baina ez zen argitaratu 1965ra arte.
Saiakera eta foilletoia ere bere baitan hartzen dituen Urabayenen lana prosa fin eta atseginekoa dela esan daiteke; paisajista bikain eta liriko sakona dela erakusten digu.
Urabayen alde batera utzita, XX. mendearen 60ko hamarkadara artean nafar literaturaren alorrean nagusi izan ziren gainerako idazleek, gutxi-asko frankismoak indarrean jarritako erregimenarekin bat egin zuten; horrek ez du esan nahi haien literatur merituak eta nafar letrei egindako ekarpenak onartu behar ez direnik, inolaz ere.
Manuel Iribarren Paternáin (1902-1973) izan zen horietako bat; bere garaian ezagun samarra izan zen olerkari eta antzerkigile gisara, nahiz eta zenbait eleberri, saiakera zein kazetaritzaartikulu ere idatzi zituen.
Romance (1943) eta A mi madre (1945) sonetoek sariak eskuratu zituzten olerkien sailean; El capitán de sí mismo (1951) eta El misterio de San Guillén y Santa Felicia (1964) lanek antzerkiarenean. Bere eleberriak ohiturazkoak direla esan daiteke, bestak beste, San hombre. Itinerario espiritual (1943) nabarmentzekoa.
Beste Iribarren bat, Jose Maria (1906-1971) izan zen garai horretan irakurle gehien zituen idazlea. Egun ere bere lan linguistiko eta ohiturazkoetara jo ohi da. Sona eta ospea eman zizkioten liburu etniko zein ohiturazkoenen artean Batiburrillo navarro (1943), Navarrerías. Álbum de variedades (1944) eta batez ere De Pascuas a Ramos. Galería religioso-popular-festiva aipa daitezke. Honekin batera esan beharra dago gaurko egunean bizi-bizirik dirauten liburuak direla bere Vocabulario navarro (1952) eta bere Adiciones (1953), bai eta El porqué de los dichos (1962) ere. Guztiz interesgarriak dira era berean Mola gudalburuari buruzko bere lan historikoak –gogora dezagun Iribarren Molaren beraren idazkari partikularra izan zela–, Espoz y Mina gerrillariari buruzkoak, bai eta Pamplona y los viajeros de otros siglos (1957) ere.
Ángel María Pascual Viscor (1911-1947), kultura-maila handiko idazle eta kazetaria, oso gaztetandik hasi zen hainbat egunkari zein aldizkaritan idazten. 1936an Arriba España izeneko egunkaria sortu zuen beste batzuekin batera, eta hor egin zuen lan 1947an hil zenera arte, hasiera beretik Falange Españolako kide izan zen Pascualek.
Eugenio D’Orsen pentsamendu eta estetikak eragin handia izan zuten Pascualengan; berau Iruñeko, hots, “hirugarren ordenako hiriburuko” –izaera hau inork baino hobeto azaltzen zuen bere kazetaritzaartikulu zein marrazkietan–, kronikari argia izan zen. Lehen aipatutako artikulu horietako zenbait, hurrenez hurren 1963an eta 1987an argitaratutako Glosas a la ciudad eta Silva curiosa de Historia liburu marduletan azaltzen dira.
Artikulu-bilduma horiez gain, interesgarriak dira oso honako lan hauek, hala nola, bizirik argitaratutako olerkia, prosa eta antzerkiaren arteko literatura fantastiko bitxia den Amadís (1943), eta hil ondoren argitaratutako Capital de tercer orden (1947), espainiar olerki sozialaren aurrekaria izan zena, eta Catilina, una ficha política (1948). Azken lan honi buruz, Pascualek desilusio baten historia zela esan zuen.
Espainiako gerra zibilaren garaiko azken nafar idazlea Rafael García Serrano (19171988) dugu; idazle eta kazetari honek gai bat erabiltzen du ia beti bere lanetan: gerra zibila. Bere idazlanik ezagunenen artean daude La fiel infantería (1943) eta Plaza del Castillo (1951) eleberriak. Horietan Sanferminetan zein 1936ko uztailaren 18an Iruñean zein giro zegoen islatu zuen.
Horrez gainera olerkari, ipuinlari eta gerra zibila zein bizitza militarra oinarri zituzten zenbait filmetako gidoilari ere izan zen.
Oso bestelakoa da Ángel Martínez Baigorri (1899-1971) olerkariaren mundua. Lodosan jaio, 1917an Jesusen Konpainian sartu, 1933an apaiztu eta hiru urte beranduago Nikaraguara joan zen. Orduz geroztik Amerika erdialdeko hainbat herrialdetan bizi izan zen, Nikaraguan, El Salvadorren, Mexikon eta berriz ere Nikaraguan, 1971ean hil zenera arte. Unibertsitatean aritu izan zen lanean Literatura eta Estetikako irakasle gisa, eta zenbaitek nikaraguar olerkari gisara ere hartzen du, herrialde horretan idatzi baitzituen bere idazlanik gehienak.
Martínez Baigorriren olerkiaren iturriak, espainiar urrezko gizaldiko olerkaririk onenak dira, bai eta Juan Ramón Jimenez edo Paul Clodel bezalako olerkariak ere. Hiru gai nagusi lantzen ditu: nikaraguar eta espainiar teologikofilosofikoak. Hainbat olerki-liburu idatzi zituen Baigorrik; horiek denak Nafarroako Gobernuarena den Vianako Printzea Erakundearen Poesías completas liburukietan bildu ziren 1999an.
Azken belaunaldiak
aldatuJoan den mendeko 60ko hamarkadaren azken aldera, Nafarroak aldaketa ugari bizi izan zituen politika- zein gizarte-mailan. Ordura arte zerion apaiz zein militar kutsuko probintziaren hiriburu izateari uzten hasia zen, eta giro zein kezka berriak nagusitzen hasi ziren hiriko kultur giroan.
Kezka hauen helmuga eta abiapuntu izan ziren 1972ko Iruñeko Topaketak; topaketa hauen bidez hiriak erabat zabaldu zizkien ateak garaiko abangoardiei.
Literatur munduan ere, literaturari berari arnas berria eman eta aurreko aldiari amaiera eman zioten izen berriak sortu ziren.
Literatur generoak
aldatuOlerkia
aldatuRío Arga. Olerkiaren alorrean nabaritu zen berrikuntza, 1963az geroztik Niza kafetegian bildu ohi ziren olerkariek bultzatuta. Bilera horietatik atera zen Nafarroan egiten zen olerkia zabaltzeko baliagarri izango zen aldizkaria sortzeko ideia. Horrelaxe jaio zen Río Arga 1976an; lehenik Angel Urrutiak zuzendu zuen, eta ondoren Jesus Mauleonek.
Aldizkari honen 25 urteko ibilbidean, bere orrialdeetan honako idazle hauen lanak argitaratu dira, besteak beste: Urrutia zein Mauleonen olerkiak, eta Salvador Muerza, Jesus Gorriz Lerga, Víctor Manuel Arbeloa, Fernando Luis Chivite, Carlos Baos Galán, Jose Luis Amadoz, Angel Amezketa, Fermin Anzizar zein Juan Ramon Corpasenak.
Río Argaz gainera, badira beste aldizkari batzuk Nafarroan olerkiaren hedatzea ekarri dutenak – edukian olerkia soilik edo literatura zutenak orokorrean–, baita hainbat sari eta lehiaketa ere, idazle berriak ezagutarazteko baliagarri izan direnak.
Olerkari ezagunak. Ezagunak diren, eta XX. mendean zehar nabarmendu diren olerkarien artean, aipamen berezia merezi dutenak dira, esaterako: Angel Urrutia (1933-1994) bere Los ojos de la luz (1990) lanarekin, baita hil ostean, 1999an, argitaratu zen Antología poética ere; Jesús Górriz La vidriera (1991) eta Memorial del gozo (1994) lanekin; Charo Fuentes Con un papagayo verde (1990) obrarekin; Juan Ramón Corpas Diván del daño y de la llama (1990) lanarekin; Jesús Mauleón Salmos de ayer y de hoy (1997) emaitzarekin; Ángel de Miguel Jardines de música oculta (1995) obrarekin; Alfredo Díaz de Cerio Primera voz (1967), Manual de soledades (1987), Campos de ceniza (1998), Paisaje con pájaros grises (1999), Donde callan los árboles (1999), Jardín de arena (1999), Claro silencio (1999), Los Ojos que te miran, los labios que te cantan (2000) lanekin; Carlos Baos Galán, Alguien atravesó la madrugada (1990), Con más poder que el tiempo (1996) eta Tanto y ningún prodigio (2000) lanekin; Iñaki Desormais (Ignacio Ochoa de Olza), Cinerario de risas ardientes (1991), Tauromaquia (1994), Antología del desamparo (1995) eta El yelmo de Mambrino (1998) obrekin; Alfonso Pascal Ros, Supe de ti tu incertidumbre. Los poemas del apátrida (1990), Nocturnos sin protocolo/Tirones (1991), La quema de Van Gogh y otras visiones (1992), Modales de los cuerpos desolados/De tí impaciencias (1993), Los vínculos del verdugo (1993), De aquellos mares, estos sueños (1993), Primera reunión (1995) –bere lehen bost olerkiliburuen antologia–, Modus faciendi (1999) eta Noches bajo mares (2000) multzoarekin; Manuel Martínez Fernández de Bobadilla Redonda soledad de arena y cielo (1990) De púrpura y otoño (1995) eta Fuegos de la Navidad (1998) hirukoarekin; José Javier Alfaro Memoria del olvido (1991), Sonetos a cuatro voces (1994), –liburu hau Victoriano Bordonaba, Esteban Buñuel y Juan Colinorekin batera idatzi zuen–, Magiapalabra (1996) eta Asfalto y piel (1999) lanekin; Marina Aoiz, lurrari eskainitako bere trilogiarekin: La risa de Gea (1986), Tierra secreta (1991) eta Admisural (1998); Juan Manuel Sánchez Estévez Desde el alba con sombras (1990), Aunque es de barro todo (1992) eta Destino de la niebla (1994) hirukotearekin, Roberto Simón A sueño lento hierve el alma (1990) eta Tierra poseída (1997) lanekin, Ramón Irigoyen –greziar idazleen itzultzailea ere badena–, Cielos e inviernos eta Los abanicos del caudillorekin, eta Miguel Sánchez Ostiz Invención de la ciudad (1993) eta La marca del cuadrante (2000) idazlanekin.
Belaunaldi gaztea. Kontua da, aurrez aipaturiko olerkari zerrenda luze horri, gazteagoak diren eta nafar olerkigintzari etorkizun oparoa ziurtatuko dioten belaunaldi berrietako hainbat eta hainbat olerkari gehitu behar zaizkiola. Horien artean leudeke, esaterako, Carmen Gonzalez Lage, Luis Arbea, Julia Guerra, Xavier Santakiteria, Iñaki Alvero, Iñaki Armendariz, Javier de Navascués, Javier Olivar, Javier Velaza, Amaya Sanz, Maite Pérez Larrumbe, Ramon Eder, Luis Villafranca, eta abar luze bat.
Eleberria
aldatuAntoñana. Pablo Antoñana da, zalantza izpirik gabe, aurreko belaunaldiko prosalaririk onena; literatur mundu pertsonal baten sortzaile, eta ondorengo belaunaldien maisu da oraindik ere. Bere lehen eleberriekin sari ugari eskuratu arren, 80ko hamarkadara arte ez zitzaion hain merezia zuen arrakasta iritsi. Onarpen-puntako honen gailurra 1996ko Vianako Printzea Saria eskuratzearekin etorri zitzaion.
El capitán Cassou bere lehen eleberria, 1959an idatzitakoa, argitaratu gabe egon da 1993ra arte. Ondorengo lanarekin, No estamos solos-ekin Sésamo saria irabazi zuen 1961an –baina, 1963an eman zen argitara. La cuerda rota finalera iritsi zen 1962ko Nadal sarian. Nekez uler daitekeen arren, ez zen 1995era arte argitaratu. Azken eleberrien izenburuak El Sumario (1964), Pequeña crónica (1975) –Donostia Hiria Saria irabazia, 1973an– eta Relato cruento (1979) –eleberrien sailean, 1977an, Nafarroa Saria irabazi zuena– dira. Hainbat ipuinliburu ere argitaratu ditu, hala nola, Patrañas y otros extravíos (1985), Botín y fuego y otros relatos (1985), La vieja dama y otros desvaríos (1993), –hemen bere lehen eleberri laburra azaltzen da–, Extraña visita y otras historias (1999) eta Último viaje y otras fábulas (2000), testu historiko bat Noticias de la Segunda Guerra Carlista (1985) eta hamaika kazetari-artikulua.
Cabodevilla. Garai berekoa da José María Cabodevilla; apaiz honek San Josecho a lápiz idatzi zuen; ustekabeko galanta eman zuen idazlan honekin, estilo aldetik arina eta ironikoa baita oso, gizatasunez betea, eta bestetik argi utzi baitzuen literatura, literatura ona, ebanjelioko mezua zabaltzeko bide gisara erabiltzeko bere nahia. Beste hamaika liburu ere baditu asmo berarekin idatziak. Horien artean dago El pato apresurado o apología de los hombres (1970) izenekoa; beronen narrazioaren egiturari dagokionez, oso berezia dela esan daiteke, oinarrian aingeru batek 26 gizon zein emakumeri buruz egindako beste horrenbeste txosten baitauzka.
Sánchez Ostiz. Iruñearen irudia den Umbría izeneko hirian bere mundu pertsonala sortu eta kokatzen duen beste nafar eleberrigile handia Miguel Sánchez Ostiz da; honek Antoñanak bezala, 2001eko Vianako Printzea Kultura saria eskuratu du.
Horrez gainera, olerkiak, kazetaritzaartikuluak eta saiakerak ere idatzi ditu; baina batez ere eleberrigile delako ezagutzen da. Berak idatziak dira Los papeles del ilusionista (1982) –Elaberrien sailean Nafarroa saria–, El pasaje de la luna (1984), Tánger bar (1987), La quinta del Americano (1987), La gran ilusión (1989) –eleberrien sailean, Herralde saria, baita Euskadi Literatur saria ere–, Las pirañas (1992), Un infierno en el jardín (1995), La caja china (1996), No existe tal lugar (1997) –Kritika saria– eta La flecha del tiempo (2000), bere azken lana.
Bidaiei buruzko artikuluak ere idazten ditu, eta Iruñeari buruzko Pamplona (1994) izeneko liburugida baten egilea ere bada.
Hidalgo. Kazetaria eta arrakasta handiko eleberrigile emankorra dena, Manuel Hidalgo da; bere lehen lana, El pecador impecable, 1986an argitaratu zuen. Ondoren beste makina bat ere idatziak ditu, azkena 2000n argitaratutako Días de agosto delarik.
Beste eleberrigile batzuk. Beste nafar eleberrigileak txiki samar gelditzen dira Antoñana eta Sánchez Ostizen aurrean, baina badira idazle interesgarriak, hala nola, aurrez aipaturiko Jesús Mauleón, El tío de Jaimerena, Osasuna se traduce la salud eta El senador Villanueva lanen egilea; Serafín Senosiáin olerkaria El cuerpo tenebroso eta El espejo invisible lanena; Daniel Vidaurreta, La Mañueta, El espejo de la sirena, eta La noche del insumiso obrekin; Javier Mina eta bere Más la ciudad sin tí eta La defección de Búnkol; Germán Sánchez Espeso La mujer a la que había que matar eta No dejéis el cuchillo sobre el piano; Pedro Lozano Bartolozzi, Némesis o el sueño de la razón, Pemmican eta El polipasto noticioso; Fermín Goñi bere Y en esto llegó Fidel eta Las mujeres siempre dijeron que me querían lanekin; Emilio Echavarren Músicos-ekin, eta abar.
Eleberrigile berriak. Azken urteotan, eleberria landu duten nafar idazle berriak azaldu dira, besteak beste, Javier Eder, Fernando Chivite, Eduardo Gil Vera, Javier Gúrpide, Maria Markotegi, Javier Rodrigo, Cristina Aznar, Ana Rioja, Felipe Cambra, Patxi Irurzun, Juan Jose Domínguez, Felix Guerrero, Pedro Pastor, Jose Luis Rodríguez Plaza, Araceli Arana Díaz de Cerio, Helena Goñi…, esaterako.
Eleberri historikoa. Eleberriaren baitan, geroz eta indar handiagoa hartzen ari den saila historikoa da; arlo honetan nabarmendu daitezkeen idazleak Caballo de Troya liburuaren egilea den Juan José Benítez; Javier Díaz Huder, Nadie vio muerte tan bella, Todavía estoy vivo eta Un rey de extraña nación lanen egilea; Victoriano Bordonaba, Muza, rey del Ebro edo Blanca Sanz, Viaje a la Gascuña, La bella vizcaína, Los hijos de Munia eta Aquellas costas de Inglaterra lanen egileak dira. Azpigenero horretan kokatu izan dute beren akzioa gazteagoak diren Javier Gúrpide, Iñigo de Miguel, Pedro Pastor eta Ignacio del Burgo idazleek.
Kontaketak, ipuinak. Nafar idazleek asko landu izan dute ipuin zein kontaketen generoa. Ugari dira kontaketa eta ipuinliburuak argitaratu dituzten sona handiko olerkari eta eleberrigileak. Hauen artekoak ditugu Antoñana, Sánchez Ostiz, Hidalgo, Ramon Irigoyen, Angel de Miguel, Juan Ramon Corpas, Pedro Lozano Bartolozzi, Iñaki Desormais, Emilio Echavarren, Fernando Chivite, José Javier Alfaro, Victoriano Bordonaba, Juan Gracia, Miguel García Andrés, Jesús Carlos Gómez, Juan Arbeloa eta Ernesto Maruri.
Haur eta gazteentzako literatura. Nafar idazle asko dira era berean haur zein gazteentzako literatura egin dutenak; ezagunenak aipatzearren, hortxe ditugu Lucía Baquedano La casa de los diablos, Los bonsais gigantes lanekin, Ramon García Domínguez Renata toca el piano, estudia inglés y etcétera, etcétera, etcétera, ¡Por todos los dioses! eta Renata juega al príngate, al balón y etcétera, etcétera, etcétera obrekin eta Jesus Ballaz El muñeco que anunció la Navidad, ¡No te rindas, Orestes! eta Turno de noche liburuekin.
Antzerkia
aldatuOso urruti gelditzen dira lehen nafar antzerki-idazleak eta hauen lanak; horietatik lau aipatzearren, hauek hautatu ditugu: Cristóbal María Cortés y Vitas (1740-1804), bere Atahualpa tragediarekin Madrilen saritua izan zena, Navarro Villoslada (1818-1895), Herminio de Olóriz (1854-1919) edo Arturo Campión (1854-1937).
Esan beharra dago Nafarroa ez dela nabarmentzen antzerkigintzari egin dion ekarpena dela-eta, nahiz eta nahikoa ezagunak diren abesbatzentzako egitura eta erlijiozko ukitua duten hainbat lan, hala nola, Pasión de Andosilla, Misterio de Reyes de Sangüesa edo Misterio de San Guillén y Santa Felicia de Obanos; azken hau Manuel Iribarrenen lana da.
Honez gainera aipatu beharra dago badirela XX. mendearen lehen erdian egiten ziren antzezpenei buruzko berriak; hauetan nafar egileen lanak antzezten ziren. “Ateneo Navarro” elkartea zen ekintza hauek bultzatzen zituen erakundeetako bat; bere egoitzan antzeztu zen esaterako 1934ean Juaristi medikuaren El coloquio de las edades; Círculos carlistas izenekoetan ere, beste hainbaten lanen artean Ignacio Baleztenaren lanak antzezten ziren Furri contra Campiñari, El ópalo de los duques de Petrogrado, eta beste.
Iruindarren antzerki zaletasunaren aurrekari garrantzitsua, aita Karmelok sortutako Tirso de Molina antzerki taldea izan zen; talde honek hainbat lan taularatu zituen 1949-1959 hamarkada horretan, horien artean aita Karmelok idatzitako hainbat.
Amadís de Gaula, Valle Inclan eta El Lebrel Blanco-ren moduko antzerki taldeen sorrerarekin, handituz joan zen herriaren antzerkizaletasuna, eta idazle berriak ere azaldu dira; azken hauen artean aipagarria da Patxi Larrainzar; berak idatziak dira Carlismo y música celestial, Navara sola o con leche, Utrinque roditur eta Bardo de Izalzu.
Teatro Estable eta Escuela Navarra de Teatro 1980 eta 1986an sortu ziren eta beste hainbat antzerki talderi esker eutsi dio bizirik Nafarroan antzerki zaletasunak. Moldaketa eta sarri taldetarako lanak zirenak antzeztu izan dituzte; gutxi dira, ordea, Nafarroan sortu diren autore berriak. Carlos Ansó, Don Quijote o el sueño de Cervantesen egilea da salbuespenetako bat.
Kazetaritza-literatura
aldatuEz da atzo goizeko kontua tokian tokiko egunkariek literatur artikuluak modu berezian zaintzea –eta zenbait kasutan mimatzea ere–; hori horrela izanik, astekako artikuluetarako zein eguneroko zutabeetarako idazlerik onenak fitxatzen saiatzen dira. Luzea da oso egunkari horietan bikain idazten duten kazetarien zerrenda, hala nola, Fernando Pérez Ollo, Jose Manuel Iriberri, Jose Antonio Iturri, bai eta idazleena ere: Sánchez Ostiz, Pablo Antoñana, Juan Ramon Corpas, Víctor Manuel Arbeloa, Jose María Romera, Tomas Yerro, Aingeru Epaltza, Javier Mina, Fernando Chivite, eta beste zenbait.
Ez da harritzekoa, beraz, noizean behin artikulu-bilduma diren liburuak kaleratzea; horren adibide ditugu El árbol del cuco, Las estancias del Nautilus, Palabras cruzadas eta El vuelo del escribano, Miguel Sánchez Ostizek idatziak; Patrañas y otros extravíos, Botín y fuego, Pablo Antoñanarenak; Sanfermines a vuela pluma, Jose Miguel Iriberrirena; Sobre Daniel y otras cosas de menor importancia eta La guerra del sofá, Manuel Hidalgorenak, eta Juego de palabras, Jose Maria Romerarena.
Bidaia eta tokien literatura
aldatuEz dira asko bidaia edo tokien literaturara hurbiltzen diren literatoak, bigarren mailako literatura, edota besterik gabe dibulgaziozkoa delakoan. Hala eta guztiz ere, Benjamín de Tudelaren SéferMasa’ot liburuaz geroztik, ez dira gutxi lan horri heldu dioten goi-mailako idazleak.
Gure ingurumari honetan ere badira horren adibideak, asko ez izan arren. Batzuk beren herrialdea, beren hiria, bertako jendea modu irreal, baina aldi berean errealean deskribatzen dute; hain da hori horrela, non tokia zein den berehala asma baitaiteke. Horren adibide ditugu Antoñanaren Yoar errepublika, Sanchez Ostizen Umbría, edo Ángel de Miguelenak diren Anales de la catedral-república de Arravan-eko, zein Estellas, unicornio y carbunclos-eko Estella.
Beste batzuk monografia, glosaliburu, bidaia edo gida bidez egiten dute. Hortxe ditugu esaterako Leoncio Urabayen bere Biografía de Pamplona-n, Ángel María Pascual bere Glosas a la ciudad-en, Miguel Sánchez Ostiz, 1994an idatzi eta oso ezaguna ez den Pamplonako gidan, Ignacio Aranaz Pamplonarion, edo Iñaki Desormais Adios Pamplona-n.
Beste adibide batzuk Jose Javier Uranga eta Bardenas Reales bere liburua; Juan Ramon Corpasen Paisajes y relatos, –idazle honek bere goi-maila literarioa Guía de Navarra-n eta Curiosidades del Camino de Santiago-n erakutsi du–, Victor Manuel Arbeloa, zeinak, bidaia-liburu gisara Por Navarra-ko hainbat liburuki argitaratu baititu, Viaje al poniente idazlanean Donejakue Bidaiaren Nafarroako zatia deskribatzen duen Valentín Redín, Daniel Vidaurreta eta bere Viaje a la sierra de Guara eta Javier Pagola; azken honek Navarra por mil caminos liburuan, bidaia hori egiterakoan bizi izandako pasadizoak sentiberatasun handiz kontatzen ditu.
Literatur argitalpenak
aldatuNafar literaturaren baitan garrantzi handikoak dira aldizkari espezifikoak, halaber, sari eta lehiaketak. Ukaezina da literatur adierazpide eta sorkuntzarako bide eta pizgarri funtsezkoak direla.
Aldizkariei dagokienez, une honetan badira batzuk literaturaren sugarrari bizirik eusten diotenak.
Río Arga. Aspaldikoena eta sona handienekoa Río Arga olerki aldizkaria da. Lehen alea 1976an argitaratu zen, eta bere xedea, orduan Nafarroan abangoardiako olerkari talde baten kezkak bideratzea zen. Lehen zuzendaria Ángel Urrutia Iturbe izan zen, eta kargu horretan aritu zen 1976tik 1983ra arte. Orduz geroztik zuzendaritzan aritu direnak Jesus Mauleón, Tomás Yerro, Juan Ramon Corpas eta Victor Manuel Arbeloa dira.
Pamiela. 1983an azaldu zen Pamiela aldizkariaren lehen alea. Honen xedeak bi ziren: batetik liburuaren lagunak informatzea, kritikatzea eta pedagogikoki janztea, eta bestetik Auzolan liburutegia eta haren bezeroen arteko komunikazioa ziurtatzea. Pamiela aldizkariaren 15 zenbaki kaleratu dira, horietatik batzuk monografikoak, eta horietan landu diren arloetako batzuk, liburuei buruzko kritikak, elkarrizketak, istorioak, humore grafikoa eta komikiak dira. Baina, 1990 aldera desagertu egin zen.
Pasajes. Pasajes aldizkariak bizitza labur baina bizia izan zuen (1985-1987). Zortzi zenbaki argitaratu ziren; lehen laurak Miguel Sánchez Ostiz eta Serafín Senosiainek zuzendu zituzten, eta azken laurak, aldiz, Sánchez Ostizek editorialeko kontseiluarekin batera. Literatura hutsezko aldizkaria izan zen; bertan idazle nafarrek zein nazionalek idazten zuten, eta horrez gainera, nazioarteko literaturako zenbait autoreren hainbat lan original ere argitaratu ziren.
Elgacena' Lizarran jaio zen 1982an Ángel de Miguel eta Juan Ramón Corpasen kezken ondorioz, Lizarra inguruko idazle ugarien topagune izateko. Hasiera hasieratik herri horretako eta beronen inguruko hutsune kulturalari aurre egiteko tresna izan da. Horrek ez du esan nahi bertako aldizkaria denik soilik; Nafarroako zein Euskal Herri guztiko idazle zein marrazkilari –bere ezaugarririk nagusietakoa da hau– onenek esku hartzen dute bertan.
Lizarrako aldizkaria sortu zen urte berean jaio zen Tafallan Sombra de Poetas izenekoa, literaturarekiko zaletasuna zuten gazte batzuek sustatuta. Hasiera batean herrian bertako olerkariei soilik zuzendutako aldizkari izateko sortu zen, baina laster hasi ziren kanpoko olerkari, marrazkilari zein idazleak ere esku hartzen; horrekin batera, aldizkariaren egiteko nagusietako bat ordurako ahantzirik zeuden nafar idazleak berreskuratzea ere bazen.
Luces y sombras. Izen berria hartu zuen 1990tik aurrera, Luces y sombras alegia, eta bere ahaleginak kultur ekintzak sustatzera zuzenduko ditu. La higuera izeneko olerki liburu-bilduma jarri zuen abian 1991ean, eta 1994ean María del Villar Berruezo olerki sariketa antolatu, Tafallako Udalarekin batera.
Lucanor. Bada aldizkari bat, Lucanor, protagonista bakartzat ipuina duena. Luis Martín Nogales eta Jose Luis Gonzálezek sortu zuten 1988an, eta horren xede nagusiak bi dira: batetik, ipuina kritikoki aztertzea, literatur generoa den aldetik, eta sormena bestetik. Bere orrialdeetan, orain arteko zenbakietan, bai eta gaurgaurkoetan ere, espainiar ipuingilerik onenen lanak aurki daitezke.
Traslapuente. Nafarroako literatur munduan azaldu den azken aldizkariak Traslapuente du izena. Tuterako aldizkari honen azpitituluak zera dio: Nafar Erriberako Literatur Aldizkaria. 1990ean sortu zen, beste hainbaten moduan Tuterako olerkari talde batek eginiko hamaika bileraren fruitu. Honen asmo nagusia Erriberako sormen poetikoaren oinarri sendo izatea baldin bada ere, nafar zein espainiar idazleek, bai eta narraziogileek ere idazten dute bertan. Horrez gainera, Erriberan antolatzen diren kultur ekintzen berri ere ematen du. Tafallan bezala, Traslapuente ere olerki liburuen bilduma egiten hasi da.
Sariak eta editorialak
aldatuAldizkariez gainera, argi dago literatur sariek eta lehiaketek garrantzi handia izan dutela idazle askoren bilakaeran eta sendotasunean.
Horrela, bada, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak 1977an sortutako hiru lehiaketek, Navarra, eleberrian, Arga, olerkian, eta Salvador, euskarazko literaturarenean, nafar irakurlegoari autore askoren lanaz gozatzeko aukera eman diote. Autore horietako batzuk aipatzearren, hauek hautatuko genituzke: Antoñana, Aranaz, Mauleón, Sánchez Ostiz, de Miguel, Vidaurreta, eta abar narratzaileen artean; Baos Galán, de Miguel, Corpas, Arbeloa, Vitoria, Céspedes, eta abar olerkarien artean, eta Iturbide, Zabaleta, Alberbide, Gil Bera, Perurena, Epaltza eta beste hainbat euskaraz idazten dutenen artean. Sarion azken deialdia 1993an egin zen, hein batean bere gain hartu baitzituen Nafarroako Gobernuak bere Literatur sormen eta hedapenerako Sariarekin.
Urte batzuk lehenago, 1973an, Tudela hiria ipuin lehiaketa antolatzen zen. Bertara, nafar ipuingilerik onenak aurkeztu izan dira. Gauza bera esan daiteke olerkia saritzeko tuterar herriak antolatzen duen izen bereko lehiaketaz; 1985ean sortu zenez geroztik nafar olerkaririk onenak pasa dira bertatik.
Honekin batera esan beharra dago Tuterako Udala-Castel Ruiz Kultur Guneak Nafarroa ipuin sariketa antolatzen duela 1993az geroztik.
Berezitan berezia da zinez Agoizko Bilaketa Kultur Taldea elkartearen kasua, oso biztanle gutxiko herria izan arren, olerkari zein narratzailerik onenak biltzen jakin izan baitu 1985az geroztik antolatu izan dituen hainbat literatur lehiaketetan, hala nola, urte horretan bertan sortutako Tomás Fermín de Arteta saria narrazioan, 1986ko Villa de Agoitz saria olerkigintzan eta 1987ko Francisco Indurain saria, idazle gazteentzako letretan.
Beste olerki sari bat, Iruñeko udalak 1990ean sortu zuen Ciudadela izenekoa da. 1997an izen berria hartu zuen, hala nola, Iruñeko gazteentzat gaztelerazko literatur lehiaketa, bi arlo saritzen zirelarik: olerkia eta narrazio laburra. Iruñeko Udalak berak 1985az geroztik euskarazko literatur lehiaketa bat ere antolatzen du idazle gazteentzat, narrazio laburren, olerkien eta bertso paperen modalitateetan.
Azkenik, Atarrabiako Udalak Pedro de Atarrabia narrazio lehiaketa antolatu zuen 1989an.
Sari hauekin batera, funtsezkoa izan da era berean zenbait argitaletxe nafarren lana; hor ditugu, esate baterako Vianako Printzea Erakundea eta bertako Argitalpen Zerbitzua, Pamiela aldizkariaren inguruan sortutako izen bereko argitaletxea, bai eta literaturarik onenaren zerbitzura lan bikaina egin duten Hierbaola Ediciones, narrazio-lanak argitaratzen dituena eta Medialuna olerki-lanak argitaratzen dituen argitaletxea, biak txikiak.
Beren katalogoetan literatur lanak ere badituzten beste nafar argitaletxeak Diario de Navarra-ko Ediciones y Libros, Mintzoa eta Txalaparta dira.