Euskal literatura/Neoklasizismoa
Aita Larramendiren ondarea deitu ohi dena euskal literaturaren bilakaera ulertzeko funtsezkoa da. XVIII. mendeak euskarazko bi antzerki-lan elkarrengandik sobera ezberdinak eskainiko dizkigu: Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna (Acto para la Nochebuena) eta Peñafloridako kondearen El borracho burlado. Joan Antonio Mogeli esker landu du euskal literaturak literatura neoklasikoa. Mogel bera garaiko jendearekiko bere harremanei eta bere belaunaldiko literaturarekiko harremani erreparatuz aztertu behar da.
Aita Larramendiren obra (1690-1766)
aldatuAita Larramendiren ondarea esan ohi dena funtsezkoa da euskal literaturaren bilakaera ulertzeko. Aita Larramendi jesuita zen eta euskara arautzeari ekin zion lehena izan zen. Bere El Imposible Vencido. Arte de la lengua bascongada (1729) eta Diccionario trilingüe (1745) lanak oinarri harturik, zenbait euskal idazlek jarraituko zuen arau multzo bat ezartzeko baldintzak ezarri zituen. «XVIII. mendearen bigarren erdian eta XIX. mendearen lehenengoan Gipuzkoan eta Bizkaian sortzen diren dozena pasa idazleek Aita Larramendiren eragin nabarmena agertzen dute» (Villasante, 1961, 144).
Joseba Lakarrak (1985, 949) adierazi bezala, Aita Larramendik funtsezko bi ekarpen egin zituen:
- Euskara hizkuntz onartua izatea lortu zuen, hari estatusa igoz, eta
- hiztegian erregistro jaso bat ezartzeko baldintzak bermatu zituen –Sarasolak, 1986, 203215, garbiro agertzen duenez.
Aurreneko puntuari dagokionez, Euskal Herrian tradizio kritiko bitxi bat ezagutu da, zeren eta euskararen prestigioa apologisten eskutik goratu izan ohi baita. Arrazoiketen kalitatea nolabaitekoa da, baina, Lakarrak adierazten duenez, giroak eragindakoak ziren. Apologia sarritan zentzugabeei bide emanez, Larramendi euskara patois bat ez dela frogatzen saiatu zen.
Apologiaz, bestalde, burutu zituen jarduerak justifikatu ahal izan zituen: gramatika eta hiztegi bat argitaratzea. Apologia, bada, hizkuntzaren gaineko lan praktikoa moldatzeko jarrera baliagarria zitzaion.
«Ezin dugu ahaztu herri hizkuntzen apologiek XVI. mendeaz geroztik gure inguruan bete zuten funtzioa, latinak mendebaldeko kulturan izan duen gailentasun ia erabatekoaren aurrean hizkuntza bat –eta, ondorioz, herri bat– duintzeko ahaleginean aurrez eman beharreko ezinbesteko urratsak baitira. Beraz, Larramendik urrats hori eman beharra zuen, horretarako euskararen antzinatasuna, nobleziaren seinale, egiaztatzeko frogak aurkeztuz, euskara perfekzioaren adierazgarri ziren arau gramatikalen multzo batera murritz zitekeela, eta hizkuntzak edozein gai jorratzeko hiztegia –aberastasunaren seinale– biltzen zuela erakutsi nahi bazuen» (Gómez, 1991,29).
Bigarren gaia korapilatsuagoa da inondik ere. Jakina den moduan, Larramendik bere obran neologismo ugari sartu zuen.
Kritika klasikoaren (Mokoroa, Ibar, 1935) iritziz, jarrera horrek hizkuntza purismo ulertezin batera eraman zuen, eta Sabino Aranaren joera garbizaleak lagundu zuen. Kritiko horien esanetan, halaber, bere obran agerian diren neologismo eta etimologiek euskararen aurka idazten zuten polemistak zirikatzen zituzten.
Lakarra eta Sarasolaren lanei jarraiki, badirudi neologismoek xede zutela kultur hizkuntza bat, XVIII. mendean eguntzen hasia zen kultura moderno eta zientifikoa transmititzeko egokia eratzea.
Jesulagun honen ekarpenik handiena, alderdi askotatik, ondoko idazleei utzi zien hizkuntz arautu eta normaldu batekiko kontzientzia da. Egileek idazterakoan bazuten nori begiratua, Sarasolak dioen bezala, irakurle multzo bat zuten, kultur elite osatu bat.
Bere lanak erlijiozko idazkeraren sorkuntzan eragin handia izan zuen, batik bat bere ordenaren barruan, bertako kide baitziren Mendiburu eta Kardaberaz. Eragin hori, gainera, Mogelen obrara hedatu zen, batez ere azken idazle horrek termino abstraktuak behar zituenean. Larramendiren eraginak XIX. mendean jo zuen goia, idazleek beraiek sortutako erregistro jasoaren premia antzematen dutenean, behin gai erlijiosoak utzi eta literaturan aszetismoarekin zerikusirik ez duten gaiak jorratzean.
Larramendik Euskal Herriaren erregimen berezia defendatu zuen, eta horrek garaiko foruzaleen estimazioa erakarri zion. Korronte foruzalea Sabino Aranaren nazionalismoaz ordezkatua izan zenean, ordea, Larramendiren obrari buruzko estimazio iraungitzen hasi zen.
Antzerkia
aldatuEuskarazko bi antzerki-lan eskaini zizkigun XVIII. mendeak, elkarrengandik nahikoa lan ezberdinak.
Lehenik, Pedro Ignacio Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna aipatu behar da, ahozkotasunaren alorrekoa.
Bigarrenik, Peñafloridako Kondearen El borracho burlado lana dugu, eszena herrikoiak agertu arren, antzerki frantsesa imitatzen baitu.
Pedro Ignacio Barrutia (1682-1759)
aldatuPedro Ignacio Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna XVIII. mendeko euskal literaturari buruzko bibliografian gehientsuen ikertutako lana da. 1750. urtearen inguruan idatzi eta 1897an argitaratu zuen, ortografiaz egokituta.
Obrak balioespen positiboak jaso zituen, batez ere Gabriel Arestik hari buruz egindako azterlanean, fikzioa eta errealitatea, argumentuzko espazioak eta egiazkoak nahasten zituen obratzat hartua izan zelako, nolabait antzerki modernoa iragarriz (Aresti, 1959).
Lanaren balioari buruzko eztabaidaz gain, Arestik zalantzan jarri zituen hainbat alderdi, hala nola autoretza (Aresti, 1965), lanaren izaera herrikoia argudiatuz. Arestirentzat, Barrutia haren sinaduraz kopia bat izenpetu zuen eskribaua izan zen, baina ez lanaren benetako egilea. Mitxelenak dioen bezala, aurkakoa frogatzen ez den bitartean, eta Arestik ez du frogatzen, sinadurak obraren egilea Barrutia dela bermatzen du.
Lana Erdi Arotik heldutako gabonetako antzerki barroko eta herrikoian sakon errotutako Gabonetako Auto bat da (Lakarra, 1983). Erlijiozko antzerki erromanikoarekin duen lotura (Hess, 1976) hain da bistakoa non modernotasunaren gaineko ezein iruzkinek zentzu handirik ez baitu.
Garbi dago Barrutiak ez dituela Espazioa, Denbora eta Tonuaren unitateak gordetzen, ez eta pertsonaiarena ere, zenbaitetan testu batzuk drama antzezten duen antzezleari zuzentzen baitzaizkio, eta ez pertsonaiari. Mitxelenak idatzi zuen bezala (1960, 106) «ekintza, hein batean, bikoitza da, eta baita pertsonaiak ere. Iragana eta oraina, sakratua eta profanoa, Belen eta Arrasate gurutzatzen eta nahasten dira, artifizio trebe bezain xume batez». Baliabide hori herri-antzerkitik zetorren, zeren eta eguneratzeen eta umorezko baliabideen bidez mezu didaktiko bat zabaltzen baitzuen. Barrutiaren obrak ez du, beraz, Pirandellorekin zerikusi handirik, inoiz biak alderatu izan badira ere.
Nolanahi ere, Barrutiak bere obra zabaldu zien barroko espainiarreko pertsonaia eta rolei, Erdi Aroko tradiziotik urrunduz.
Obrak, bere aldeko argudio nagusia, avant la lettre modernotasuna alegia, galdu badu ere, Graziosoaren konbertsioa kontatzekorakoan agertzen duen xalotasun, errealismo eta freskotasuna ditu bere alde.
Xabier Maria Munibe, Peñafloridako Kondea (1723-1785)
aldatuEuskalerriaren Adiskideen Elkartearen fundatzaileak bi lantxo utzi zituen euskaraz.
Lehenengoa, Gabon Sariac, ezizenez argitaratu zuen, eta XVIII. mendeaz geroztik Euskal Herri osoan barrena hedatuko den Gabon kanten korrontearen barruan koka liteke.
Euskarazko antzerkiari egingo zion bigaren ekarpena El borracho burlado opera elebiduna izan zen. Lan hori antzerki neoklasikoaren adibide argitzat jo zen, bi arrazoirengatik: hiru unitateen –denbora, espazioa eta ekintza– araua gordetzen du eta nobleziak herritar soilen hezkuntzaz arduratu behar zuela defendatzen du.
Bi froga horiek agerikoak izanik ere, Jon Juaristik trantsizio-lan bat dela uste du, argumentuan agertzen dituen eszena herriko samarrengatik, hala nola emazteak jipoitutako senarrarenagatik, eta Tirso de Molinarekiko erlazioagatik (Zfr. Juaristi, 1987, 63 eta, batez ere, «El borracho barbudo...», 1986): «Argumentuak zein izenburuak Tirsoren Los tres maridos burlados gogorarazten digute» (1987, 63).
Joan Antonio Mogel (1745-1804)
aldatuIngurune historikoa
aldatuEuskal literaturak esan daiteke Mogeli esker landu duela joera neoklasikoa. Mogel bera bi ikuspegi ezberdinetatik aztertu behar da: garaiko jendearekiko bere harremanak eta bere belaunaldiko literaturarekiko harremanak ikertuz.
Mogelen harremanak hiru mailakoak dira: jarraitzaile zaion Larramendirekin, lankide izango duen Hunboldtekin, Euskalerriaren Adiskideak Elkarteko jauntxoekin, haien elkarteko kide aktiboa baitzen. Harreman horiek Mogel bere garaiko gizartearen erdigunean kokatu zuten, gizarte horren kontzientzia garbia agertuz.
Mogelek garaiko literaturarekin dituen harremanak, ordea, ezberdinak dira. Literaturaz duen kontzeptua neoklasikoa da, literaturaren autonomia ez duelako xede, irakurleen heziketa baizik. Bigarrenik, bitxia da ikustea prosan idatzitako bere lanik garrantzitsuenean, Peru Abarcan alegia, hiru arau-unitate neoklasiko gordetzen dituela, elkarrizketen arteko elipsietan salbu. Bere obraren bereizgarri nabarmenak dira, azkenik, Errenazimentuaren eragina eta garaiko neoklasizismorik kontzienteenean kokatzen duten kontzepzio didaktikoa.
Peru Abarca
aldatuMogelek 1802an idatzi zuen euskal literaturan ospea emango zion lana. Peru Abarcaz ari gara, jakina. Baserritar zakar baten eta bizargin irtirin baten arteko elkarrizketa jaso du lanak, euskararen bikaintasuna eta edozein gai jorratzeko haren egokitasuna frogatzen duelarik. Horri dagokionez, obrak literaturara aldatu zuen Larramendik frogatu nahi izan zuena, hau da, euskara edozein egoera eta eremu, zientifiko nahiz erlijiosoa, adierazteko gai zela.
Eskuarki esan ohi da Mogelek, Erregimen Zaharraren zale, bere obran gizarte tradizional bat, gizarte eraldaketek zokoratua, defendatzen duela. Akaso Mogelek beste ondorio ezkorrago bat azaleratu nahi duela onartuko beharko litzateke: Euskal Herriko agintarien euskara-maila. Horretarako, eta haientzat, hizkuntzaren maisu bat aurkezten du: bere hizkuntzaz kultura bat agertzeko gai den baserritarra. Beste kritikari batzuentzat, berriz, lanak gizaki primitibo on bat aurkezten zuen, Frantziako ilustrazioko primitiboaren antzera.
Mitxelenak 1960an miresmena adierazi zion liburuari: «Euskal literaturako libururik entretenigarriena izateaz gain, interes zientifiko handienekoa ere bada, garaikoa, hizkuntz, usadio eta teknikari buruz berri ugari ematen duelako» (108).
Liburua nobela bat ote zen ere eztabaidatu zen. Mitxelena nobela tankerako saiakera bati buruz mintzo da, baina gaur egun obra nobela bat ez dela onartzen da. Mogel berak solasaldi gisa definitu zuen gaztelaniazko hitzaurrean. Bere ereduetako bat Luis Vives izan zen. Gaur egun lana ez da nobelatzat hartzen. Nolanahi ere, Mogel intriga egitura bat paratzeaz arduratu zen, solasaldiak entretenigarriak izan zitezen eta irakurlearentzat interes narratiboa izan zezaten. Solasaldiek, bestalde, iradoki baizik egiten ez diren hilketa saialdi bat eta poliziaren itaunketa bat ezkutatzen dute.
Diez Ezquerraren tesiek (1982) obra fikziolana denik baztertu dute. Egile horren iritziz, testuaren funtzio nagusia metalinguistikoa da, Jakobsonen eskemari jarraiki, eta, ondorioz, nobela bat dela esateak ez du zentzurik.
Alegiak
aldatuJoan Antonio Mogel izan zen euskaraz alegiak idatzi zituen lehena. Ziur asko zalduntxo ilustratuen adibideari lotuz –Samaniego kasu– Mogelek eskolaumeen heziketarako zenbait alegia moldatu zituen. Egile horrek euskal alegilarien multzo bati bide eman zion (Zenbait egile, 1991), besteak beste, Bizenta Mogel bere iloba, Aita Zabala eta Iturriaga aipa daitezke.
Alegia horiek Mogelen neoklasizismoarekiko atxikipena erakusten dute, literaturaren ikuspegitik ez ezik, baita generoaren praktikatik ere.
Mogelen poemetan nabari daitezke, besteak beste, adierazpenean argitasuna, poema ulertua izateko moduan moldatzea, apaingarri gisa sentsibilitate fina edo barrokoaren kontrakoa den poesia-ikuskeratik.
Poemak klasizismoaren neurri erretorikoei jarraituz idazten dira. XVIII. mendeko euskarazko poesiaren adibide apurretakoa, Mogelen poesiaren ezaugarri estilistikoak dira: erretorikarako joera; alegien egituran antolaketak duen garrantzia; mintzaeraren eta “egoki esanaren” kontzeptua; anplifikazioa, hiperbatonaren ugaritasuna, galdera erretorikoaren presentzia eta metaforarik eza... (Kortazar, «Mogelen...», 1987, 1323).