Euskal literatura/Poesia garaikidea

Belaunaldi poetiko garbirik ez da nabari, helburu estetiko berdintsuak, antzeko jarrera ideologikoak eta pareko molde estetikoak dituzten talde poetikoak badiren arren. Mirande eta Arestiren poesia bihurri eta erradikalaz gain, klasiko dei genitzakeen poeta helduen sorkuntza-lanak irakur daitezke: Iratzeder, Lekuona eta Gandiaga. Lasa, Lete eta Artze sinbolismoaren eta konpromisoaren artean dabiltza. Atxagak abangoardia poetikoa ordezkatzen du.

Aitzinsolasa

aldatu

Azkenaldian sortutako euskal poesiari buruzko ikuspegia behar adina landu gabe dago. Hortaz, orrialde hauetan egingo dugun hurbilketa ezinbestean behin-behinekoa izango da.

Lehenengo arazo horri beste bat gaineratzen zaio. Izan ere, belaunaldi poetiko garbirik ez da nabari, helburu estetiko berdintsuak, antzeko jarrera ideologikoak eta pareko molde estetikoak dituzten talde poetikoak badiren arren.

Poesia sozial eta estetikoaren, edo poesia politiko eta estetikoaren arteko banaketa poetak bereizteko modu partzialegia da. Nolanahi ere, eraginkorra izan daiteke gaur egun ere Euskal herrian poesia konprometitua, politikoki konprometitua egiteko premiaren inguruko eztabaida pilpilean dago-eta. Dena den, poesia politiko bat proposatzen dutenen aurrean, gero eta gehiago dira poesia autonomoa eskaintzen duten ahotsak.

Euskal poesia aztertzerakoan, bereizketa estrukturalisten balioa nahiko erlatiboa da. Abiapuntu egokia litzateke Octavio Pazek poesia modernoa aztertzeko proposatzen duen bereizketa: poesia analogikoaren eta poesia ironikoaren artekoa, alegia. Alabaina, auzia areago korapila daiteke, analogiara gerra aurreko poesiaren jarraitzaile diren mugimendu postsinbolisten bidez nahiz Gabriel Arestiren poesian jasotzen den utopia sozialistaren bidez hel baitaiteke. Ironia, berriz, Miranderen nihilismoak, Bernardo Atxagaren jarrera dadaistek edo, jarrera biak agertzen dituen Arestiren adibide beti naroa aipatzearren, Elioten irakurketek elikatzen dute.

Hori dela eta, egokiena mugimendu estetikoak elkarrengandik bereizita aztertzea litzateke, eta euskal lirikaren garapena azken urteotako gertakari ezberdinak bilduko dituen modu batean aurkeztea.

Mirande eta Aresti

aldatu

Jon Mirande (1925-1972) eta Gabriel Aresti (1933-1975) gaur egungo euskal lirikaren guraso dira.

Jon Mirande

aldatu
 

Parisen jaioa, gurasoak euskaldunak zituen arren, Mirandek euskal literaturan erabateko ironia sartu zuen, bitxia bada ere hizkuntza sinbolista batez adierazia.

Baudelaire eta Nietzscheren jarraitzaile, ideologikoki –politikoki, baina kulturalki badanik ere– faxismotik hurbil eta, aldi berean, euskal nazionalismo primitibo baten sustatzaile, antidemokrata eta anarkiarako joeraduna, Jon Miranderen poesiak hainbat gai jorratu zituen.

Haren kredo estetikoa aitortzen zuen elkarrizketa batean, Mirandek dio poesia metafisiko bat lortu nahi duela, hau da, bere baitan tesi filosofiko bat gordeko duen poesia.

Izan ere, bere poema batzuk tesi filosofikoen «ilustrazioak» dira, batik bat Nietzscherenak, Spengler ere biziki miresten zuen arren.

Nolanahi ere, Miranderen ideologiari bere pentsamoldea gidatzen duen kristautasunaren aurkako sineste sakona dario. Kristautasunaren kultur balioen ukazio horrekin batera beste hainbat ideiarekiko atxikimendua agertu zuen, hala nola kristautasunaren aurreko kulturekiko, eta zehazki erromatarren aurreko kultura zeltaren mitologiarekiko, lilura, edo sexu askatasunaren aldarrikapena.

Maitasunezko poemak ere idatzi zituen, horietako batzuk pedofiliaren apologiak. Poemak aldizkarietan argitara eman ziren, berriki liburu batean jaso direlarik.

Formari dagokionez, aliterazioa eta erritmoa, estetika sinbolistaren ezaugarririk behinenak, gailentzen dira, irudi distiratsuak, ideiak adierazteko kontzeptismoaren tankerako hizkera laburra, hitzen hautaketa dotorea, eta hainbeste zor dion Baudelaireren gogorapen etengabea uztartzen dituen mundu batean.

Gabriel Aresti

aldatu
 

Egile honek bestelako poeta baten irudia eskaintzen du, sendo eta irmoa, profeta den poeta, euskal poesia sozialari ekin zion lehena. Alabaina, hasierako irudi hori, hedatuena ere badena, ez da bere obra osoa, aldakorra eta askotarikoa, deskribatzeko baliagarria.

Gabriel Arestik poesiari buruz duen ikuspegia honako puntu hauetan laburbil daiteke:

  1. Arestik gauzen muina, sentitzearen eta pentsatzearen sakoneko funtzioa aurkitu nahi du.
  2. Hausnarketa hori gizartearekiko harremanak definitzen duen testuinguru batean burutzen da, egileak poesia testuaren eta errealitatearen arteko harreman gisa definitzen duelarik. Poetaren funtzioa, Arestiren arabera, herriari jakinarazi ahal izango zaion egia praktiko bat, ez metafisikoa, boterea nahiz dirua kritikatuko dituena aurkitzea da. Horregatik, gizarteak poeta baztertu egin zuen, eta hura outsider bat bihurtu zen, gizartearen estatusa zalantzan jartzen ez duen laureatus poetaren aurrean.

Bere obra poetiko soziala irizpide horietan oinarrituko da. Arestirengan, ordea, gutxienez hiru aldi poetiko aurki daitezke.

  1. Aldi sinbolista bat, lehenengoa. Lan nagusia Maldan behera da eta T.S. Elioten eragina nabarmentzen zaio.
  2. Poesia sozialaren zikloa, Euskal Herria eta Harria hitzekin jokatzen duten liburuekin.
  3. T.S. Elioterako itzulera, haren Lau kuartetoak itzultzen dituelarik.

Maldan behera (1959) liburu sinbolista da. Poema handi bat da, 21 poema, 222 ahapaldi eta ia 2.000 lerrotan egituratua. Zenbaki horiek simetria lortzeko asmoa agertzen dute, itxia den poema baten sorkuntzan.

Poemak gizakiak historian zehar egin duen bidaia sinbolizatzen du. Euskal kritikaren historian poemaren esanahiari buruzko bi bertsio eman dira.

Ibon Sarasolaren iritziz, poemak supergizon baten zibilizaziozko abentura kontatzen du, modu horretara Nietzschek Arestirengan izan zuen eragina agertzen utziz. Testuaren kontakizuna gizakiak zibilizazioaren aurrean egin duen ibilbidearen istorio sinboliko bat bihurtzen da (Sarasola, 1979, 1099).

Istorioaren protagonistak gizonaren bilakaeraren lau aldi zeharkatzen ditu. Lehena gizakiaren aurrekoa da, bigarrena historiaurrea, hirugarrena artzaintzaren aldia, eta azkena gizartearen jaiotza.

Maila apalago batean, Arestik euskal lirika omentzen du, bere lau poema luzeri lau euskal poeten izenak jartzen baitizkie. Adiera horretan, poemak euskal lirikak historian barrena jarraitutako bilakaera adierazten du.

Jon Juaristik, deskribapen hori baliatuz, zibilizaziorako bidaiari beste esanahi bat ematen dio. Bere iritziz, bidaiaren zentzua negatiboa da, izenburuak gaztigatzen duen legez, eta Arestirentzat, Elioten ildotik, gizona gizartera, hau da, hirira, iristea lugorri batera iristea da (1988, 120).

Liburua, bere esanahi eta estiloagatik, itxia eta konplexua da. Hala ere, Aurelia Arkotxak (1991) bere azken ikerlanean poemaren egitura nahiz bere esanahi sinboliko eta mitikoa argitu ditu.

Harri eta herri (1964) liburuarekin Arestik poesia soziala landu zuen, eta Euskal harria (1967) eta Harrizko Herri Hau (1971) lanekin ildo horri jarraitu zitzaion.

Hiru liburu horietan, Arestik ni erromantikoaren ordez giza kontzientziak esnaraziko dituen poeta-profeta baten ahotsa agertuko du. Mailu moduan erabiltzen duen bere poesiaz gehiengoari gizarte balioak erakutsi nahi dizkio, eguneroko bizitzako hizkera zuzen eta kasik prosaikoz, gizakiak esplotatzen dituen gizarte baten gaizpideak salatzen dituen bitartean.

Liburuok Blas de Otero, Gabriel Celaya edo Angela Figueraren eragina ezagun dute. Hala ere, liburu horietan Arestik, salaketa sozialaz gain, Euskal Herria ikusi eta poetizatzeko modu berri bat agertzen du. Gernikako arbolarekin identifikatu ohi den herri hori harri bihurtuko da, historiaurrearen sinbolo, antzinako aldi hartan, itxura batean, euskal gizarte berdintasunezkoa eta zoragarria zelarik.

Liburu horietako testuetan poesia sozialaren ezaugarririk ohizkoenak agertzen dira, besteak beste, egunerokotasuna, erretorikaren arbuioa, paralelismoa eta errepikapena eta osagai erretoriko soilen erabilera. Batzuetan, ordea, estereotipoa guztiz zuzena ez dela frogatuz, Arestik, Blas de Otero eta beste hainbat poeten modura, bere mezu soziala soneto eta poema dotoreen bidez adierazi zuen.

Arestiren poesia sozialak imitatzaile ugari izan zuen. Poeta berriek poesia konprometitua eta, luze gabe, euskal nazionalismoaren alde egingo duen poesia nazionalista bat moldatu zuten.

Iratzeder, Lekuona eta Gandiaga

aldatu

Poesia bihurri eta erradikal horrez gainera klasiko dei genitzakeen poeta helduen sorkuntza-lanak irakur zitezkeen. Hiru poetok antzeko estetika, belaunaldia eta erlijiozko heziketa dute. Gerra aurretik jaiotako poeta hauek abiapuntu duten sinbolismoaren premisak jarraitu dituzte, sortzaile zorrotzak diren heinean beren obran bilakaerarik eman den arren.

Iratzeder

aldatu

Jean Dihartze, Iratzeder, (Donibane Lohitzune, 1920-) hiruetan sinbolistena da. Lirika musikala jorratu zuen, Lizardirenaren tankerakoa. Bere obran lirika deskribatzaile eta sentikor baten ezaugarriak islatzen dira. Egileak duen tradizio frantsesarekiko loturaren eraginak –euskal tradizioaren eraginaz gain, zati baitu– poemak ahots ezberdinez janzten zituen, agian Claudelen esperientzia poetikoaren gertukoa, neurtitz luzeez, eta pentsamenduaren zolitasunak adierazpide poetiko finez, Mende Amaierako «herri txikiaren» poesia gogorarazten duena ezkutatzen duela.

Deskribatu zituenen artean, gai nagusietako bat irudimenezko indar handiko poemak ematen dituen Izadiaren kotenplazioa da, eta horretan Erromantizismoa dakar gogora. Baliteke jorratzen dituen gaiak originalak ez izatea, baina egileak ikuspegi pertsonalak eransten dizkie.

Lekuona

aldatu

Joan Mari Lekuonaren (Oiartzun, 1927-) bilakaera interesgarriagoa da. Hark lantegi poetikoa moldatzeko erabiltzen duen zorroztasunak liburuak idazten hasi aurretik goitik behera pentsatu eta egituratzera eramaten zuen. Bestalde, paradoxikoa badirudi ere, estetikaren abenturazale zen, beti bere munduikuskera konplexua adierazteko esaeretan.

Muga beroak (1973) bere lehenengo liburuak liburuki bakar batean han eta hemen argitaratutako poemak bildu zituen. Poemak hiru literatur korronteren ondorio dira: hastapenetako erromantizismo sentikorra, tarteko engaiamendu humanista eta azkenaldiko surrealismoa.

Gaur egun, Joan Mari Lekuona ahozko literaturaren ikertzaile entzutetsu moduan da ezaguna. Literatura mota hori izan zen, hain zen ere, bere poesiaren lehenengoetako maisua, zeren eta poesia tradizionalaren baliabideekiko joera baitu, hala nola aliterazioak, paralelismoak eta sustrai herrikoia duten irudiak.

Europako poesia garaikidearen eragina egilearen surrealismoan ikus daiteke. Baliteke Joan Mari Lekuonarena surrealismo arina izatea, nahi bada surrealismorik leunena, Nerudarengandik eta, akaso, Ocatavio Pazen lirikatik hartua. Liburuaren azken zatia erreferentzia teluriko batek zeharkatzen du. Zati horretan Lekuona bere obra orohartzailea taxutzen hasiko da, hau da, liburu halaber orohartzaile batean xede bakarra duen obra poetikoa: giza nortasunaren adierazpena.

Hasieran, bere liburuak adierazten du gizona materiaren –lurra, airea, ura, sua-- eta espirituaren arteko dialektikaren emaitza dela. Liburuko poemaren ardatz nagusia gizon burutuaren osagai gizatiartuen kontrajarpena da.

Bere bigarren liburua, Ilargiaren eskolan (1979), zalantzarik gabe euskal literatura garaikidean mugarri da. Liburua bi testu ezberdinek osatzen dute, eta bien artean Oihu ilunak espiralean nabarmenduko genuke. I. Bergmanen Oihuak eta hasperenenak filmean inspiratua, poema-bilduma hermetiko eta surrealista da, metaforen kateaketan oinarritua. Liburuak gizakiaren esentziari buruz hausnartzen du, eta filmeko emakumezko lau protagonisten gorputza du gai nagusi. Gizakia genero moduan gorpuztasunaren eta arimaren arteko dialektika gisa aurkezten da, keinua adierazpide delarik, gorpuzduna mezu, gorputza zentzu. Poesiaren objektua, kasu honetan logela, gorputza, adatsa, eskua, begirada, ikuspuntu ezberdinetatik begiesten da, poeta misterioan kanpoaldetik sartzen delarik, poema deskriptibo baten moldez, segidan deskribatutako objektuaren irakurketa sinboliko bat eginez eta, amaitzeko, aztergai den osagaiaren marrazki estilizatu bat gauzatuz.

Joan Mari Lekuonaren poesia honela laburbil daiteke: surrealismoa formetan, klasizismoa adierazleen eta egitura paraleloaren antolamendu ordenatuan, eta aurkakoak uztartzeko ahalegina.

Oraingoz azkena duen liburuan, Mimodramak eta ikonoak (1990) izenekoan, poema-bildumen sorkuntzari ikuspuntu berri bat ematen saiatuko da. Ilargiaren eskolan lanean hizkuntzaren ikuspuntu musikal eta entzumenezko bat gailentzen bada, oraingoan ikuspuntua intelektuala da, eta ikuspuntu horretatik entzuteko ez, baizik eta isiltasunean irakurria izateko poesia bat sortuko da. Poesia tradizionalaren eragina oraindik ere handia den arren, Joan Mari Lekuonak berori aliterazio mailatik haratago garatuko du. Mimodrama, mimo eta ahotsaren nahasketa, Jousse ahozkotasunean adituak ahozko literatura definitzeko erabiltzen zuen terminoa da.

Liburuak bi zati ditu. Lehenak, gaueko sinboloz betea –kobazuloa, bakardadea– indarkeriaren eta heriotzaren aurreko kontzientzia tragiko gisa jokatzen du. Bigarren zatian gai herrikoiak, egutegiko erritoak, eta Barandiaran eta Oteiza omentzeko poetika ageri da, eta izadiko sinboloen irakurketa berri bat taxutzen du. Finean, liburua adimenaren ibilbide moduan aurkezten da –ikuspuntu intelektuala hortik datorkio–, egileak Euskal Herriari buruz duen ikuskeraren eta bere heziketa pertsonalaren laburpen gisa.

Gandiaga

aldatu

Bitoriano Gandiagaren (Mendata, 1928-2001) obra poetikoak bilakaera pertsonal aipagarri bat islatzen du. Bere obra hastapeneko poemen inpresionismotik azkenekoen kreazionismora lerratu da, poesia sozialetik igaro ondoren introspekzio pertsonalera.

Elorri (1962) du lehen liburua, Espainiako poesia inpresionistatik edaten duena (Juan Ramon eta 27ko belaunaldiko zenbait poeta) esperientzia pertsonal baten berri emateko.

Hiru gizon bakarka (1974) bigarren liburuaz poesia sozialera hurbilduko da. Oteiza Arantzazun apostoluak zizelkatzen ari den une berean jaioko zen lan hau. Liburuak, bere biluztasunean, Oteizaren obrari asko zor dio. Hitzak harri, argitasun eta sendotasun poetiko bihurtu nahi du. Bibliak eta Arantzazuko monasterioaren tradizioko poetek (S. Mitxelena) behar adina eredu eskaintzen diote egileari. Liburua Euskal Herriak bere biziraupenaren aurrean sentitzen duen larritasunari buruzko hausnarketa existentziala da.

Liburu horretan, Gandiagak zinez arrakastatsua gertatu den irudi bat erabiltzen du, Euskal herria txakolinarekin, ardo heldugabearekin alderatzean. Liburuaren bigarren argitalpenean (Gandiaga, 1991) eta hausnarketa pertsonal batean (1991), poetak liburua zein egoeratan sortu zen gogorarazten du, eta bere obra poetikoari buruzko hausnarketa egiten.

Bere hirugarren liburuan, Uda batez Madrilen (1977) izenekoan, hiriaren ikuspegi bat eskaintzen da, baserritar baten begi apalen argitan. Asmo espresionista du, eta liburuaren orrialdeek hiri handiaren deshumanizazio eta masifikazioa jaso nahi zituzten. Gandiagak, hiri handia ulertzeko ahaleginak eginagatik, akaso ez zuen haren esentzia atzematerik lortu.

Denbora galdu alde (1985) liburuak poetaren egoera pertsonala islatzen du. Prosa poetikoaren eta poemen arteko nahasketa, liburua introspekzio ahalegin ankerra da, psikoanalisiaren hurbilekoa. Gandiagak zuzenean agertzen duen krisi pertsonala prozesu malenkoniatsu baten ondorio izan daiteke, zeren eta egilea izan zitekeenaz eta izan denaz penatzen baita. Laburbilduz, idazlea existentzialismoaren irizpide klasikoetara itzultzen da. Alabaina, testuaren izaera pertsonalagatik zaila da jakitea liburuak elaboraziotik zenbat duen eta zenbat autobiografia hutsetik.

Sinbolismotik konpromisora

aldatu

Mikel Lasa

aldatu

Arestiren poesia sozialak euskal letretan errotu eta hedatu baino lehen, poeta gazte batek, Mikel Lasak (Donostia, 1938...), obra bat argitaratua zuen. Bere Poema bilduma (1971) lanean Baudelaireren eragin handia nabari zen. Izan ere, Lasaren poesietako gaiak hein handi batean aipatu poetarengandik hartuak ziren. Paradisu galduen bilaketa, nostalgia, denboraren joana, giro dekadenteekiko lilura, itsasoak, euriak, objektuak deskribatzerakoan nabari ñabardurek giro atsegin eta sentsual bat sortzen baitute. Mikel Lasak bere ikuspegi objektiboaren fintasuna nabarmentzen duten hitzak baliatzen ditu.

Sentimendu nagusietako bat afektibitatea da, Mende Amaierakoaren antzeko estiloz adierazia, hau soilagoa den arren. Bere poesiaren xarma eguneroko bizitzarenak izan arren indar iradokitzaile handia duten elementuen inguruan ehundutako sinbologian datza.

Poesia sinbolista horrekin batera badira beste mugimendu poetiko batzuk, poesia sozialaren uniformetasuna urratzen dutenak. Aipagarriak dira, adibidez, Ibon Sarasolaren poesia, poesia sozialaren aurrean ironia erabiltzen duena, edo intimismoa eta maitasunezko ukituak agertzen dituen Arantza Urretabizkaiarena.

Luze gabe, poesia sozialak nazio-proiektu baten balioekin engaiaturiko poesia konprometituaren joera erakutsiko du.

Xabier Lete

aldatu

Poeta horien artean aipatu beharra dago Xabier Lete (1944-), bilakaera interesgarria izan zuen idazlea. Egunero orduen gurpilean (1968) lehenengo liburua poesia sozialaren gertukoa da, kontzientzia politiko handiko mezu poetikoak zuzenean adierazten dituelarik.

Bilakaera poetiko sakon baten ondoren, Bigarren poema liburua (1974) izeneko bere bigarren liburuan hizkera estetikoago bat agertzen du, kontzeptismoaren irmotasunean eta forma poetiko herrikoietan oinarriturik, bertsolarien moduan.

Liburu horretan, halaber, sinbolismo zantzuak erakusten ditu. Letek ironia eta iseka baliatzen dituen eszeptizismo erabateko bati metafora eta irudienganako atxikimendua eransten dio.

Jose Antonio Artze

aldatu

Jose Antonio Artzeren (1939-) poesia ere frankismo bukaerako urte zalapartatsuetan nabarmendu zen horietakoa izan zen. Poeta anitz eta abangoardiakoa, Artzek ez du poesiaren alderdi bakarra jorratzen, eta hainbat joerari lotuko zaio beti. Esperimentazio abangoardistagatik deigarria gertatzen da haren lehen poesia liburua.

Isturitzetik Tolosan barru (1969) liburuak irudia eta hitza uztartzen ditu, eta pop arteak hitz poetikoan duen eraginarekin jokatzen zuen, samurtasuna eta ironiaren, lohikeria eta poema sentikorraren artean mugituz. Hitzen soinuarekin esperimentatzen zuen tramankulupoemak, poema fonikoak moldatzeko, baina, bestalde, haikuaren, Japoniako ahapaldi labur eta indar handikoaren xarmak liluratzen zuen. Dualtasun hori bere ibilbide poetiko luzean barrena mantendu da.

Hurrengo liburuetan ere esperimentazioa zein literatura eta pinturaren arteko hurbilketa landuko ditu. Ortzia lorez, lurra izarrez (1987) bere azken liburuan, berriz, eite filosofikoa duen poesia batera itzuliko da, oximoronarekin, aurkakoen sintesiekin jokatuz, ekialdeko erlijioen eragina agertuz, ying-yangaren ideiaren inguruan hausnartuz.

Abangoardia poetikoa

aldatu

Bernardo Atxaga

aldatu

Euskal poesia ulertzeko oinarrizko liburu bat argitaratu zen 1978an. Bernardo Atxagaren Etiopia lanaz ari gara, dadaismoa eta espresionismoa lagun, ironiaren aldarrikapen bat baita. Etiopia Utopiaren antisinboloa da, haren mozorroa, haren aurkakoa.

Poesia ulertzeko modu berri horren talde esanguratsuenetako bat Bilbon sortu zen, Bernardo Atxagaren (1951) inguruan. Pott taldeak literatura konprometitu ofizialari ihes egin nahi izan zion, eta literatur esparruaren autonomia defendatu zuen. Etiopia euskal Herriko gerra aurreko garaitik euskal poesiak jarraitu duen ildoan eten nagusietako bat da. Era berean, gaur egun egiten ari den euskal lirikari berritu handia eman zion.

Liburua ulertzeko izenburuak gordetzen duen hitzjokoa ulertu beharra dago. «Etiopia» egileak bazter utzitako «Utopia» hitzaren alderanzketa da. Izan ere, Bernardo Atxagarentzat mundua egiazko Etipia den Utopiaren mozorro horretan definitzen da: paradisutik egotzitako mundu bat. Formaren ikuspegitik, ahots poetikoa berritu egiten da, poetak abiapuntu dituen tradizioak ere –espresionismoa, dadaismoa, umorea–, berritu egiten direlako. Egilearen hitzetan, irratiko ahotsak jainkoaren ahotsa ordezkatzen duen inspirazio iturri.

B. Atxagak berriki bere poetikaren giltzarrietako batzuk argitu ditu. Funtsezko bi ideia daude: sinboloaren eta metaforaren mania poetikoaren askapena, gaga eta aldrebeskeria medio, eta poesiaren eta I zenbaki irudikariaren (1en erro karratua) arteko paralelismoa, gaiaren araberako mintzaira berezi bat eragiten duena. «Poesia antzeko zerbait da», adieraziko digu egileak, «isilik dagoen ororen gainean hitz egitea ahalbidetzen digun ezinezko zerbait».

Azken esaldi horrek gertatua garbi erakusten du. Poeta sinbolistek jainkoaren ahotsa adierazi nahi zuten. Etiopiak, berriz, ahotsik ez duen hura, isilik dagoen hura komunikatu nahi du. Isiltasunaren, ezerezaren aurrean, Etiopiak izua eskaintzen du.

Liburu horretan B. Atxagak dena esanda dagoela egiaztatu izanak ernarazitako absurduaren eta isiltasunaren poesia bat proposatu zuen; kontua hizkuntzaren mugaraino heltzea zen.

Liburuko lehenengo poemak jada argi erakusten du egileak idealismoaren irizpide kontzeptual eta estetikoak baztertu dituela. Eta baita greziarren unitatea ere. Bere edertasunaren idealari buruz Wittgensteinek egiaren gainean idatzi zuen berbera esan daiteke: «Egia deitzen dugun hori probableena dena besterik ez da».

80ko hamarkadako poesia

aldatu

Etiopiaren osteko poesia, 80ko hamarkadakoa, bi joeren artean dabil: bestelako poesia intimista, egoerak deskribatzen dituen poesiaren gertukoa, espresionismoaren ondarea bere egiten duena, eta, konprometitua deituagatik, argi eta garbi poesia politikoa dena.

Nolanahi ere, iruditzen zait bi korronte horiek funtsezko puntu batzuetan bat datozela:

  • Errealitatearen ikuspegi subjektiboan.
  • Hizkera poetikoarekiko arduran.
  • Poemen eklektikotasunean.

Zalantzarik gabe, oinarrizko dirudien auzi batean ez datoz bat: lehenek, batez ere, literaturaren autonomia aldarrikatzen dute, eta bigarrenek, berriz, konpromisoaren premia ezinbestekoa nabarmentzen dute.

Lehenik eta behin, autonomia kontzeptuak zer esan nahi duen argitu behar dugu. Izan ere, ez da erabateko autonomia defendatzen, baizik eta poesiak eta testuek berezko legeak dituztela eta lege horiekin errealitatearen barrutik errealitatea sor daitekeela.

Bigarren jarrerak, berriz, konpromiso hitza erabiltzen du poesia politikoaren ordez. Lehenengoak literatura manamendu politikoekiko askea dela onartzen badu, bigarrenak literatura gizartearen eskariei erantzun behar dien gizarteko produktu bat dela argudiatzen du.

Historia aztertzeko ikuspegian ere ez datoz bat. Poeta konprometituek oraindik ere tonu epikoheroikoa baliatzen dute, eta historiaren garapenaren aurrean baikortasun marxista bat agertzen dute; intimistek, aldiz, historia ezkortasunez irakurtzeko joera dute. Azken horiek samurtasuna inguruko mundu ankerrari ihes egiteko bidea dela proposatzen dute, eta konpromiso nazionalistak prozesu historikoaren ikuspegi kolektibo bat aurkezten du.