Euskal ontzi arkitektura/Itsas giroko agerpen bat ikusgai


Itsas giroko agerpen bat ikusgai

José Manuel Susteta

Eliza askotan, itsasontzien irudiak ageri dira zintzilik, zin egiteko oroigarri moduan. Irudi horien lekukotasuna oso baliotsua da, zalantzarik gabe, itsasertzeko euskaldunen langintzen berri ematen baitigu. Ezin baita ahaztu, gainera, Euskal Herrian hainbat mendetan bizibide eta diru-iturri nagusietakoak izan zirela ontzigintza eta merkataritza-ontzien eraman-ekarriak.

Horrez gain, Pasaia aldean bada bestelako bitxikeriarik.

Pasai Donibaneko Gurutze Santuaren Basilika txikiaren sartaldeko aurpegian bada LINTXUA esaten dioten ate bat. Harkantoi edo txoko berezia da ate hori, babesleku ezin hobea ekaitzak astintzen duenerako. Eguraldia txarra zenean, han babestu ohi ziren itsasontziak noiz agertuko talaian zain zeudenak; izan ere, pauso gutxira ageri da handik porturako sarrera.

Atearen zenbait tartetan itsasontzien irudiak daude zizelez ezarriak, gehienak XVIII. mendekoak eta bakarren batzuk XIX. mendekoak. Zin egiteko oroigarri moduan jarriak izan daitezke, baina baita zerbait eskatzeko ere. Izan ere, itsasgizonen artean aspaldiko ohitura izan da, nork bere sinadura idazterakoan, itsasontziaren irudia egitea.