Euskaldunak Munduko Itsasoetan zehar XIV - XVI. mendeak/Itsasoko Historiak/Amerika
Euskaldunak Kolonen aurkikuntza gogoangarrian
aldatuAmerikako egitasmoa Hegoaldean garatu zen, gure portuen eskumenetik urrun, eta, gainera, ez zen abentura tentagarria salerosketak itsasoz egiten eta tratu seguruetara jotzen zuenarentzat. Denborak aurrera egin ahala, Amerikaren benetako aurpegia agertzen hasi zen eta horrek tentatu zituen itsasgizonak, baina horretarako urteak igaro behar izan zuten. Hala ere, lehendik euskaldunak Hegoaldean ibiliak zirenez, gure lurreko gizonik ez zen falta Kolonen laguntzaileen nominetan. Bada esaten duenik Bizkaian eraikitakoa zela hiru karabela historiko haietako bat, tamainaz handiena, Santa Maria, hain zuzen.
Itsasgizonei dagokienez, baditugu zenbait lan, batetik Alice Gould‑en pazientzia itzeleko ikerketa monografikoak, bestetik Yon Bilbaoren Vascos en Cuba (Buenos Aires, 1958) obra eta S. Ispizuaren lana, Los vascos en el descubrimiento de América.
Lehen bidaia
aldatuJatorriz euskaldunak izan behar zuten haiek, Hegoaldean finkatuak edo harremanak zituztenak, izan ere, Kolon itsasontziak alokatzera Palos portura joan zen dirua eta errege‑pribilegioak hartuta. Pinzontarren ekarpena izan ziren bi karabela txikiak, La Pinta eta La Niña. Juan de la Cosak, Santa Maria –tamainaz handiena zen– karabelaren jabe eta itsas maisua zenak, hartu zuen konpromisoa.
Bizkaitarrak tripulazioan
aldatuBada auzi zahar bat maisu honen jatorriaren eta nongotasunaren gainean (Santoñakoa ala Bizkaikoa), Juan Vizcainorekin identifikatzen baitzen, edo Juan de la Cosa kosmografo sonatua zen kantabriar edo bizkaitarrarekin. Haren Santa Marian azaltzen dira Kolonen lehen bidaiako marinelen nomina‑zerrenda luzatzen duten bizkaitar apurrak.
Santa Mariak hondoa jo zuen Navidad portuan, eta han gelditu ziren bizkaitarrak zoritxarreko heriotza aurkitu zuten.
Zerrendan lehenbizi Chachu kontramaisua zen, Catalina Debakoaren semea eta beharbada lekeitiarra. Ordainketen Eskuliburuan, 1515eko azaroaren 15eko datan esaten du 18.520 marabedi kobratu zituela Martin Perez de Liconak, Chachuren amaren izenean, kontramaisuari zor zitzaion soldata‑kontzeptuan. Chachu Indietan hil zela esaten da «en el primer viaje que se descubrió la isla Española».
Perez de Licona bera arduratu zen beste herrikide bizkaitar batzuen soldata jasotzeaz ere, hala nola, Martin de Urtubiarena eta Domingo upelgilearena. Domingo Antxia hori Ispasterkoa ote zen, eta Martin Urtubia, aldiz, Natxituako itsasmutila?
Lekeitioko Domingo bat ere azaltzen da, Maria de Bizkarraren semea, arotza beharbada. Bizkaitar batek ixten du nomina, Erandioko Lope itsas arotzak; honek arreba zuen Mariza de Areizti eta Sevillan haren soldata erreklamatu zuen Martin de Fano prokuradorearen bitartez. Santa Marinak hondoa jo zuen Navidad portuan eta han gelditu ziren bizkaitarrak tragikoki hil ziren.
Gipuzkoarrak tripulazioan
aldatuPinzontarren La Pintarekin loturik agertzen dira Gipuzkoarrak.
Juan Martin de Azoke debarra zen, Pedro eta Juan de Arraes aita‑semeak bezala. Oraindik izendatu gabe ditugu Juan Ruiz de la Peña eta Domingo de Bermeo izeneko beste bat.
Dokumentuaren bestelako irakurketa batek Juan de la Plazari sorlekua Palosen edo Deban jartzen dio. Lehen bidaiako gizon‑kopuru osoa irizpenen arabera aldatzen da eta ez dakigu denen izenik. Haietatik dozena bat izan zitezkeen euskaldunak, eta izen ezagunekoak zazpi edo zortzi? Bost bizkaitar izan ziren itzuli ez zirenak, Navidadeko gotorlekuan hil ziren, ez ordea arazoak sortu gabe aurretik. Honela dio Las Casas‑ek:
Eta Diego Enriquez de Arana, Navidadeko aguazil gisa gelditu zena, Koloni maitale zuen Beatrizek bere Arana abizena jarri zion seme bat eman zionaren lehengusu edo anaia ote zen? Arana abizenaren adarrak ugaria dira Kordoban aspalditik finkatuak: Diaz de Arana, Rodriguez de Arana, Enriquez de Arana; antzinatik diren bezalaxe Ibarraren adarrak Jaenen, Kordoban eta Salamancako Fuenteginaldon. Kordobarrak ziren delako Aranak, nahiz eta zalantzarik gabe euskal jatorrikoak izan.
Bigarren bidaia
aldatuAtlantikoaren bestaldean lurra –uharteak– bazirela egiaztatuta, horren bermeaz prestatu zuten Kolonen bigarren bidaia 1493ko irailerako.
Iñigo de Artietaren Armada
aldatuEz du inor askok jakiten Errege‑Erreginak Alfontso de Quintanillari mandatua eman ziotela Bizkaiko Jaurerrian ontzidia antola zezan bigarren bidaia egiteko, oraingoak ez zuen besteak bezainbesteko arriskurik. Bidaia horren prestaketa‑lanetan Juan de Arbolantxa armadoreak eta Iñigo Artieta Itsas Jeneralak parte hartu zuten.
Labairuren esanetan, Antxo Lopez de Ugartek sei itsasontzi harrapatu zituen, eta 172 arma‑gizon, 18 txalupa‑mutil, 4 marinel eta 8 morroi. Ekainaren 15ean egin zuten haien alardea.
- Capitana izeneko itsasontzian ontziratu zen Iñigo Artieta.
- Baina, ontzidi hari beste norabide bat eman zitzaion.
Arbolantxaren ontzidia
aldatuUztailean beste bost ontziren alardea egin zuten, beste tripulazio batekin, Juan de Arbolantxak antolatuak ziren. Gorabehera asko ezagutzen ditugu Bermeon uztailaren 12an desfilatu zuen ontzidi hartaz.
- Perez de Izolaren ontzian, bere ontziko kapitan lanetan Juan de Balzarekin zihoanak, bere semea zeraman maisu, Esteban de Akorda kontramaisu, Juanot pilotu, eta gainerakoak bizkaitarrak: Fagaza, Arostegi, Otaola, Martin de Plentzia, Juan de Arteaga.
- Juan Perez de Loiolaren itsasontzian ehun eta berrogei gizon, berrogei marinel eta laurogei arma‑gizon ontziratu ziren.
- Horrelatsu gertatuko zen Martin Perez de Fagaza eta Juan Perez de Amezketaren ontzietan zein mila tonaje eta hirurehun bat pertsona zituen Iñigo Artietaren karabela handian.
Halaber, ontziengatik ordaindutako alokairua eta haietan zihoazenen soldatak ezagutzen ditugu. Kapitan jeneral gisa zihoan Artietari mila marabedi ordaintzen zitzaizkion urtean, berrogei mila bere pilotuari, bederatzi mila kirurgialariari, sei mila kaperauari nahiz marinel bakoitzari eta hiru mila tronpetei.
Horrez gainera, kapitainen zinak ezagutzen ditugu, kapitain jeneralaren eta Errege‑Erreginaren zerbitzura jartzeko konpromisoari buruzkoak.
Norako aldaketa
aldatuUztailean Cadizera zihoazen sei hilabeterako. Baina, hain zuzen ere zinaren bidezko Errege‑Erreginen zerbitzuak beste norabide bat hartu zuen eta, Amerikara joan beharrean, Hegoaldera joan ziren «partir a pasar allende al Rey moro de Granada, y a otros que pasaban a Africa con él».
Teorian bederen, nahikoa denbora bazuten Kolonen bigarren bidaian joateko, urte hartako irailean abiatzekoa baitzen, baina beste eskakizun batzuk medio, destinoa aldatu egin zitzaien. Bizkaiko Armada Cadizen eta Itsasartean gelditu zen, eta hantxe beste alarde bat egin zuen 1494an.
Bizkaitarrak bigarren bidaian
aldatuBizkaiko Armada ez zen joan, baina euskaldun batzuk parte hartu zuten Kolonen bigarren bidaian:
- Lope de Olano eta Martin Zamudio pilotuak,
- Sebastian de Olano hartzailea,
- eta beste gizon hauek, Fernando de Gebara, Luis de Arteaga, Bartolome Salzedo, Miguel de Muntxaraz eta Francisco de Garai.
Kolon 1496an itzuli zen.
Hirugarren eta laugarren bidaiak (1498 eta 1502)
aldatuEsplorazio eta ziurgabetasuneko urte horietan, gure merkataritzako ontzidiarentzat Amerika ez zen erakargarri, Iparreko merkataritza‑tratuetan ohitua baitzegoen. Mendearen azken hamarkada horretan, euskal itsasontziak Iparreko portuetara joaten jarraitu zuten, nahiz eta frantses piraten mehatxua gero eta handiagoa izan. Horrek Errege‑Erreginak behartu zituen Flandesko merkataritza‑ontziek zituzten ontzi armatuen babeserako agindu zaharrak gogoratzera. Artieta Gaetako itsas blokeoan zebilen, Napoliko kostaldean, eta beste batzuk pirateria eta errepresalia‑jardueretan zebiltzan.
Hirugarren bidaia
aldatuDena dela, euskal abizenak agertzen jarraitzen dute Kolonen hirugarren bidaiako tripulazioan ere: Lope de Olano, Pedro de Araba, Pedro de Ledesma, Martin de Arriaran, Bernardo de Ibarra.
Kolon kateaturik itzultzeak eta hispaniarren barruko gatazka hasiberriak zirela medio, abentura amerikarra itsasoko balentria baino gehiago eta ohiko merkataritza trafiko normala baino zerbait desberdinago bilakatu zen.
Laugarren bidaia
aldatuLaugarren bidaian Santiago Pedro de Ledesmak pilotatu zuen Capitana ontzia. Getariako Juan Oikinaren Vizcaina ontzia bidaian galdu zen. Marinelen nominan bizkaitarrak eta gipuzkoarrak azaltzen dira:
- Martin de Fuenterrabia, Vizcainako kontramaisua;
- Martin de Arrieta, upelgilea;
- Domingo Vizcaino eta Domingo de Arana, itsas arotzak;
- Machin, arotza;
- Pedro de Maia eta Martin de Atin, marinelak;
- Diego de Portugalete, Juan Zamudio, Martin de Larriaga, Bartolome de Alza, Pascual de Anzuriaga, Anton Txabarria eta Antonio de Artze, itsasmutilak;
- Cheneko, morroia
- eta Gonzalo de Salazar, tronpeta.
Marinelak, abenturazaleak eta jende saiatua
aldatuDenak nahasten dira itsas enpresa horietan, itsasontzietan egiten direnez, nautikoak deitzen zaienetan: itsasgizonak –maisuak, pilotuak, itsasmutilak edo txoak–, gerra‑gizonak, artisauak –arotzak, istinkariak, upelgileak–. Nola bereizi marinela abenturazaleetatik eta konkistatzaileetatik?
Nola izendatu behar ditugu hauek?:
- Adrian de Muxika, Pedro de Gamiz eta Diego de Escobar, Roldan alkatearekin batera Amerikako lehen biran protagonista izan zirenak; - edo Indiako Anacaona erreginaren alaba printzesarekin lehen aldiz ezkondu zen Herrando de Gebara.
Edo jatorriz euskalduna zen Luis de Arriaga, Isabel Erreginagandik 200 gizon kolono ezkondu bost urterako eramateko ezkontza‑hitzarmen bat lortu zuena (1501) eta euskaldunen fidagaiztasunagatik porrot egin zuena?
Hortuño de Bertendona, Bilboko hargina, La Españolara joan zena, eta, Francisco de Garai, Amerikan harrizko etxea eraiki zuen lehena eta Jamaikako gobernadorea izan zena?
Yon Bilbaok birmoldatu duen zerrendaren arabera, uhartean aberats eta merkatari gisa finkatu ziren beste asko eta asko?
Urte horietan, Amerika ez zen gure Nabigazioaren eta gure marinelen alderdi bat baizik. Europa zen antzezleku ohikoena. Bistakoa denez, Amerikara euskaldunak itsasontzietan joan ziren, baina ezin nahas ditzakegu haien eta gure marinelen historia.