Euskaldunak Munduko Itsasoetan zehar XIV - XVI. mendeak/Itsasoko Historiak/Urdaneta
Urdanetaren kontakizuna Loaisa – Elkanoren espedizioa
aldatuGarai hartan Villafranca de Orian –gaur Ordizia– jaio zen Urdanetak Ternuako bidea jarraitu izan balu, oso bestelakoa zatekeen haren bizitza eta anonimaturik osoenean galduko zen. Beste bidea hartu zuen hark, abenturarena, eta horregatik Indietako Kontseiluaren aginduz idatzi zuen «de la Armada e viaje que llevó el Comendador Loaisa a los Malucos», 1537ko urtarrilaren 26an Valladoliden aurkeztu zuen obra.
Adierazgarria da izenburua «La relación que Andrés de Urdaneta hace a vuestra Sacra majestad de la Armada que vuestra majestad mandó para la especería con el Comendador Loaisa el año de quinientos e veinte e cinco». Elkano hil zeneko bidaia zen, eta Urdanetak sinatu zuen haren testamendua. Harrotasunez, nola ez, hasiko zuen kontakizuna!
Irteera
aldatuLuzeak izan ziren prestaketak, nabigazioaldi horretan ezinezkoa izango zen hornigaiak eskuratzea eta aurrez dena pentsatu beharra zegoen. Abuztuaren 14an abiatu ziren.
Ekinozio‑lerroan itsasontzi portugaldar batekin egin zuten topo hilabete eta erdi nabigazioan zeramatela. Tiroren bat, hitzak, kortesiak... Espainiarako eskutitzak, izan ziren bai gorabeherak! Aurrera egin zuten bidean, aurkako haize, barealdi eta haize falta eta guzti.
Urriaren erdialdera ikusi zuten San Mateo irla eta han, ekinozio azpian, ur edangarria bildu zuten. Pinguinoak hil zituzten, arrain handi eta eder bat jan ere egin zuten, baina esteetako gorabeherak eragin zizkien eta bizirik ez zirela irtengo uste izan zuten. Brasilgo kostaldean aurrera egin zuten, Rio de la Plata igaro eta menpean hartu zituen ekaitz batean Capitana itsasontzia begien bistatik galdu zuten, beste itsasontzi bat atzean gelditu zen. Eta Santa Cruz deritzon parajera heldu ziren.
Itsasarteko igarobidea
aldatuJuan Sebastian Elkano zen Itsasartearen bila paraje haietatik barrena lehendik ibilia zen bakarra. Elkanoren itsasontzian kapitainen batzarra egin zen, kontziente ziren Itsasartea igarotzeko berandu zebiltzala. Uharte batean, gurutze baten azpian, ohar‑eskutitz bat uztea erabaki zuten, esanaz aurrera zihoazela sardinen uharteetara sutako egurra egin eta ura hartzera. Itsasartea igarotzea zen obsesioa, gaur egungo mapetan ikusi hutsak izua sortzen duen pasabide hura zeharkatzea, labirinto baten antzekoa baitzen. Baina, utz diezaiogun Urdanetari hitz egiten!
Loaisaren interesen arabera aukeratutako kapituluak –Madrilen auzi batean aurkeztu ziren 1540eko urtarrilaren 4an– Loaisa Komendadorearen heriotzarekin ixten dira. Gaixorik eta hil zorian zen Elkanoren oinorde izan zen Loaisa ordu batzuetan kapitain jeneral gisa.
Urdaneta kontalari
aldatuGrazia badu Urdanetak kontalari moduan. Ekintzetan oinarritzen da eta zehaztasuna du hark kontatutakoak. Kontakizunean protagonistak elementuak dira: haizea, hotza, ekaitza; eta maila txikiago batean, oso euskaldunona den soiltasun batez, den guztiari aurre egiten zioten gizonak. Ez du lirismorik, ez paisaiaren deskribapenik, literaturan usu den dramatismorik. Ekintza da epika, ez kontakizuna.
Itsusiak direla esango su patagoniarrez. Kalifikatzaile bitxia! Motz eta labur aipatzen ditu itsasoa, pinguinoak, itsas lehoiak, elurteak eta zuhaiztiak, ibaiak eta portu naturalak. Txaneleko arrantzak, itsasontziak nahiz batelak berreskuratzeak garrantzi eta pisu gehiago du. Ez dute aztoratzen, ez heriotzak ez huts egiteek. «Murió», «se anegaron», «no los vimos nunca más». Zenbait unetan amaieraren larria bizi izan zuen, «galtzea» hitzaren bidez adierazten du, eta orduantxe tximista batek bezala argiztatzen du Jainkoaren oroitzapena, ohikoa ez den esamoldez: Jainkoarren, errukia!
Juan Ladrilleroren espedizioaren kontakizunetik
aldatuUrte batzuk gerora Juan Ladrillerok balentria errepikatu zuenean, haren Relación lanean lurralde berak aurkituko ditugu, eta antzeko larrialdiak sufrituko ditu. Haren Relación hartan –bide batez esan dezagun, Miguel Goizueta eskribauak sinaturik zegoen– lurraldeak eta jendeak lasaikiro deskribatzen ditu, muinoetatik jaisten diren haize «refriegas infernales» haiek «nos hacían ser santiguadores y aun decir las letanías». Larrialdi horietako batean, urtarrilaren 13an, haizeteak kable bat eten zuen, «en quien después de Dios confiábamos». Bukaera zirudien.
Huraxe bai adierazpide ederra, halako larriune batean! Aipa dezagun ez zaio edertasunik falta egileak berak Costa del Mar Oceano lanean, hasi Valdiviatik eta Magallanes itsasarteraino –biak barne– egiten duen deskribapenari ere. Ez du harridurarik ezkutatzen Itsasarteko mendilerro elurtuen, elur‑jauzi izugarrien eta –artean izenik gabeko– izozmendi galanten aurrean. Erne jartzen du nabigatzailea, kostatik aparte joan dadin.
Urdanetak Itsasarte ikaragarria igaro zuen, baina Ozeano Bareak geldiarazi zuen. Molukak uharteetan hamar bat urte gelditu zen, portugaldarrei aurre egiten, bere herritar Martin Iñiguez Karkizanorekin. Lisboatik barrena itzuli zen Espainiara, ihes egitea lortuta. Ez zituen gorde, ordea, nabigazioari eta itsasbideei buruz zekarzkien paper interesgarriak. Horren guztiaren berri eman zuen Indietako Kontseiluan eta Espainia Berrirantz (Mexikora) itsasoratu zen, eta han Agustindarretan sartu zen 1553an. Historiak, alabaina, beste balentria handi batera deitu zuen, Tornavueltako bidaiara.
Itzulera
aldatuAnaia Andres Urdanetaren joan‑etorria Mexiko - Filipinak - Mexico
aldatuHala ere, Elkanorenaren ondoren, garrantzirik handieneko itsas balentria Anaia Andres Urdaneta gipuzkoarrarena da, 1526an bere sinadura Elkanoren testamenduan jarri eta 1553ko martxoaren 20an Agustindarretan profesa egin zuenarena.
Esperientzia handia lortu zuen, Ozeano Barean hamar urtean zehar, haize, itsasaldi eta legoetan. Nobizio‑maisu erretiratu bilakaturik, penaz jakiten zituen zenbait ontzidiren porrot zalapartatsuak, Filipinetatik Mexikora itzulerako bidaia aurkitu nahian gertatzen zirenak; beste modurik ez baitzuten Ekialde Urrun hartan Koroaren perla haren –7000 uharteren– zaintza ziurtatzeko.
Itzulerarik gabeko bidaia
aldatuHain zuzen ere, Garzia Loaisaren espedizioak (1525), Elkano bezala, saiakera hartan hil bazen ere, Molukak, Palau eta Filipinak uharteen arteko anexioa egiteko bidea ireki zuen, baina urte asko pasa ziren itzultzeko bidaia erregularizatu baino lehen. Saavedra, Grijalva eta Villalobosen erabateko porrot galantek egiteke uzten zuten itzulerako balentria, Mexikoko Mendoza eta Belasko erregeordeak hala kezkarazi zituenak.
Villalobosek 370 gizonekin izandako porrotaren ondoren (1542), eta Bernardo de la Torre eta Iñigo Ortiz de Retesen beste bi saioren ostean (1544 5), galduak ziruditen itzulerako aukera guztiak, eta Mexikoko hedapena geldiarazia.
Urdanetaren goratzarrezko erretratua
aldatuErregearen belarrietara iritsi zen Urdanetaren sona. Ez da harritzekoa. Esteban Salazar kartusiarrak bere Discursos sobre el Credo (Barcelona 1591) lanean ezohiko goratzarre bat eskaintzen digu agustindar bilakatutako gipuzkoarrari eskainitakoa, non ez baita jakiten haren erlijiozkotasunak eta apaltasunak, edo, kosmografo eta nabigatzaile dohainak egiten duen distira gehiago. Honela dio:
Zeinek uste zuen halako goratzarre mamitsu eta betea aurkitu behar zenik Kredoari kartusiar batek egin zion azalpen batean? Goierriko gizon irmo eta jakintsu bezain hitzetan zuhur horrek eginikoa zen, non artean garaitu gabeko zailtasunen aurrean zioen Filipinetatik Mexikora ez itsasontzi bat, baizik orgatxo bat ekarriko zuela. Harenak harropuzkeriak ez zirela honengatik dakigu: Nueva Españako erregeordearen bidez iritsi zitzaizkiolako Felipe II.ari hitz eta agintzariok. Handia izango zen ezustekoa, nobizio‑maisu ezkutatu eta nautikako abenturetatik urrutiratu hark hartu zuena, Erregearen beraren eskutitza jasotzean!
Valladoliden sinatua dago eskutitza. Valladolidetik pasa zen Urdaneta hogei urte lehenago, 1536an, Garzia Loaisaren 1525 espediziotik Ozeano Bareko uharteetan hamar urte igarota itzuli zenean. Lisboatik barrena iritsi zen, bere nabigazioko mapa baliosoak kendu eta kartzelaren mehatxutik ezkutuka ihes egin zuen hartan.
Koroari Valladoliden eman zion inork ebatsi ezin zionaren berri: Moluketako eta Ginea Berriko ibilbidea aurkitu izana eta hari buruzko informazioa,hain zuzen. Baina Enperadorea Tunezeko jardunaldian zen; Goleta eta berriek ez zuten oihartzunik izan, nagusia falta denean, marinelek ezer gutxi dezakete. Alferrikako luzamenduez asperturik, Mexikora itzuli zen Urdaneta.
Egia da Antonio Mendoza erregeordeak Mendebaldeko uharteetara joateko prestatzen ari zen Armadaren jeneral izendapena eman nahi izan ziola, Jaliscon bere zaldiarekin amildegitik jautsi berria zen Pedro Alvarado Guatemalako Adelantatua ordezkatzeko. Baina, Urdanetak ustekabeko norabidea eman zion bere bizitzari eta Mexikon abitua hartu zuen Agustindarretan 1553an.
Mendebaldeko uharteetarako bidaia
aldatuOrain Erregea berak eman zion berriro ontziratzeko agindua, bai baitzekien urruneko uharte haietako informazioa eta paraje haietako itsasketaren ezaguera bazuela «y ser buen cosmógrafo».
Enpresak interes zientifikoa eta geografikoa zuen, Erregeren zerbitzurako zen eta saria eskaintzen zion zerbitzu harengatik. Horrez gain, fraide berriarentzat amu egokia zen, Jainkoa zerbitzatzeko izango zen, hau da, misio‑helburua izango zuen. Pertsona bera Erregek aukeratu izanaz Grijalva bere garaikideak Historia de México lanean idatzi zuen:
Erregeordeak eta Ordenako Probintzialak bultza zuten Urdaneta erronka hura onartzera. Haizea aldatu zitzaion berriro bere bizitzako iparrorratzean: Urdaneta izan zen prestaketa‑lan guztien arima, eta Erregeordeak unean uneko irizpen guztietan laguntzen zion.
Lehenik, Navidad portuan bi itsasontzi eraikitzen hasi zen, eta bere ekimenez eta haren zuzendaritzapean galeoitxo bat eta patatx bat ere eraiki ziren. Behin itsasontzien eraikuntza aurreratu samarra zegoela‑eta, enpresa hartako kapitain jenerala hautatzeaz pentsatzen hasi ziren. Behin eta berriz bildu eta zenbait izen proposatu ziren; azkenik, Urdanetak esanda, Zumarragako bere herritar Miguel Lopez Legazpi aukeratu zuten.
Bien bitartean, Agustindarrak beren misiolari‑taldea prestatzen ari ziren: Urdaneta, anaia Martin Rada iruindarra, teologo, matematikari, astrologo eta kosmografoa; anaia Diego Herrera, anaia Andres Agirre, anaia Lorenzo Jimenez edo San Estebangoa eta anaia Pedro Ganboa. Oso demokratikoki aukeratu zuten beren nagusi izango zen anaia Andres Urdaneta, Ordenako Definitorioak berretsitako izendapena. Audientziak Indioen Babesle titulua ere eman zion. Hamaika ezusteko ikusteko zegoen!
Besteak beste, Ontzidiaren helmuga. Urdanetaren ametsa zen espedizioa Ginea Berria aurkitzera eramatea. Baina, bidean ireki ziren plegu itxiko aginduetan Filipinetako uharteak ziren helmuga, Mexikoko Errege Audientziaren aginduz.
Ontzidia 1564ko azaroaren 21ean abiatu zen Navidad portutik. Bidaian, lehenak izateko irritsak eraginda, San Lukas patatxak ihes egin zien.
Barbuda uharteetan zeuden urtarrilaren 9an, eta Lapurren uhartean 22an, non bertakoak han harri eta zur eginda ikusi zuten Urdanetak beren hizkuntzan hitz egiten ziela, Ozeano Barean iragandako urteetan ikasitakoan.
Otsailaren 13an ukitu zituzten Filipinetako lehen uharteak.
Beranduago iritsi ziren Cebura. Bidaiaren lehen xedea egina zegoen, errazena bestalde, ezagunena zelako. Eta bigarrena eta garrantzizkoena, ezezaguna, itzulerakoa?
Urdanetaren proiektua
aldatuZehatz‑mehatz ezagutzen dugu gipuzkoar agustindarraren proiektua. Eskuetan izan ditut kaligrafia ederrez idatzitako orriak, jatorrizkoak, Urdanetak egitasmoa luze‑zabal adierazten dituenekoak. Dokumentu harrigarria da, non Urdanetak itsasoko gaietan duen trebetasuna eta esperientzia, gauza orokorretan bezala xehetasunetan, goi‑mailetan egiten baitu distira.
Itsasontziak eraikitzen ziren ontziolez arduratuz hasi zen. Navidadeko portua kaltegarria zen, biztanle urriko ingurunea zuen hark eta Mexiko eta Veracruzetik urruti zegoen. Ontziolak beste portu batera eramatea komeni zen. Ofizialei ongi ordaintzen bazitzaien ere, ez zuten joan nahi izaten Navidadeko portura osasunagatik eta janariak urri bezain garesti zirelako (ardoa, olioa etab.). Marinelak berdin gaixotzen ziren ontziratu baino lehen nahiz gaixorik ontziratzen baziren, zeharkaldian hiltzen. Urdaneta Acapulcoko portura lekualdatzearen aldeko agertu zen; handia, osasuntsua, arrantza‑leku on segurua zen eta ur onak ez ezik egurretan oparoa baitzen, eta horrez gain «tierra razonablemente poblada», Mexiko, Veracruz eta Teguantepec gertu zituena. Mexiko ederki ezagutzen zuen Urdanetak.
Acapulcon ahalbideak eta abantaila naturalak izanda ere, beharrezkoa zuten eskulan trebatua. Bertako langile gutxi saiatzen ziren lanbideak ikasten, hala nola arozgintza, istingaketa, sokagintza, tornugintza edo errementaritza. Urdanetaren proposamena izan zen lanbideak ikastera behartzea «mancebos que andan hechos vagamundos» haiek: mulatoak, mestizoak nahiz beltzak, edo Errege Ogasunak erositako esklabo beltzei ere irakasteko lanbideak.
Espainiatik hornitu behar ziren erasorako nahiz babeserako armak, bolbora, nitroa, sufrea, bular‑oskolak, buru‑babesak, bular‑babeski sareak, kableak eta sokateria, brea, bikea, galipota, oihalentzako olanak, bernoak, iltzeteria eta burdina pila.
Mexikon egoki hasi zen kalamu‑hazkuntza, baina galdu egin zen, irtenbiderik eman ez zitzaiolako eta komeni zen hazia bidaltzea. Agabea (pita), kalamuaren ordezko landare indigena mendebaldean landatzea komeni zen.
Espainiatik iristekoak ziren itsasaldien mapak, orratzak, anpoilak, kandela‑hariak, astrolabioak, baleztatxoak eta, horiez gain, komenigarria zen Mexikora itsasaldien mapak egiten abila zen norbait bizitzera etortzea.
Etortzekoak ziren bonbarda gidari eta itsas jende onak ere, itsasontzien gidaritzan eta itsasaldietan jakitunak. Ofizialei dagokienez (arotzak, errementariak, zerratzaileak, istinkariak, sokagileak), Mendebaldeko Portuetara –Bareako kostaldera– joatea onartzen ez zutenentzat, Urdanetak honako hau proposatu zuen
Azkenik, iradokizun hau egin zuen: Acapulco inguruan zura izateko zuhaitz‑landaketak egitea komeni zen. Eta itzuliko zela hain ziur zegoen, non, espediziorako prestatzen ari zirenez gain, itsasontzi berriak egin eta prest egon zitezela iradoki zuen «cuando nosotros fuéremos de vuelta en esta Nueva España». Urdaneta abilezia berezia zuen antolatze‑ eta planifikatze‑gaietan.
Itzulerako arazoa
aldatuLehiakideak edo imitatzaileak izan zitzakeen horretan. Ez, ordea, enpresa osoaren funtsezko puntuan: itzulera, Ozeano Barea, Ekialdetik Mendebalderako zeharkaldia.
«La navegación que, con el ayuda de Dios, a mí me paresce que debemos hacer...»
Honela hasten du 1561ean idatzitako txostenaren zati nagusia.
Lehenik harantzako bidaia prestatzen du, uhartez uharte, haiei buruzko ohar bitxiak jasoz, eta bi egitasmo lantzen ditu, irteera data desberdin posibleen arabera, urria edo azaroan eta urtarrilean burutzekoak.
Bigarren aukera «derechamente en busca de Nueva Guinea» joatea zen, ordurako kostaldea margoturik azaltzen baitzen «en las cartas modernas que han venido a esta Nueva España», hurrengo urtearen azaroa aldera Filipinetara (1562) iristeko. Barealdiak saihestu beharrekoak ziren «en tiempo de los equinocios». Urtarrilean ere irteterik ez bazegoen, martxora arte itxaron eta bestelako ibilbide bat hartu beharko zen, Txina eta Japonera hurbilduko zena.
Nolanahi ere, harantzako bidaia guztiak balditza bat zuten, ahal zen egoera klimatiko hoberenean egitearena «podernos aderezar para la vuelta», eta eguraldi ona Lapurren uhartetik bertatik aprobetxatzea, ez Filipinetatik, nahiz eta uharte haietara «a fuerza de brazos» iritsi behar bazen ere. Lehengo porrotak presente zeuden Urdanetaren gogoan: «Si no hacemos así, podría ser que nos acesciese lo que a los pasados».
Atzerapen eta itxarote luze haiez gain, beste eragozpen batzuk sor zitezkeen: arrek ontziak hondatzekoa; portugaldarren etsaigoa; eta Urdanetak sakontasun psikologiko handiz deskribatzen dituen beste arazo batzuk:
Artikotik igarotzea
aldatuItsasgizon zaildua bezain zuhurra zen lurrean Urdaneta, bolbora barril baten leherketan aurpegia erretako gizon honek ez du xehetasunik galtzen. Eta txostenaren azkenerako utziko du garrantzi txikikoa ez den hauxe: Mexikon esaten zenez, Mendebaldeko itsasoranzko igarobidea aurkitua zuten frantsesek «por entre la tierra de los bacallos». Cartier‑ek (1534 6) lortu zuen San Lorenzo ibaian aurrera joaten; urte asko pasa ziren Chaplain eta Brulé‑k ibai horretan bertan aurrera egiteko, Huron, Michigan eta Superior lakuetara bitartean. Urdaneta kezkatzeko, Ipar Artikotik barrena Ozeano Barearen alde banatako kostaldeetara zihoan igarobide bati buruzko berriak egiak ala gezurrak ziren? Berak dioenez, Pedro Melendez sonatuak zerbait bazekien horretaz; baina hartaz arduratzen da, Espainiatik egia ala gezurra zen jakin nahi dutelako da, eta, lehena baldin bazen, igarobide hartaz hitz egin eta zaindu egin behar zelako. Urdaneta azkar konturatu zen aurkikuntza horren garrantzi estrategikoaz, eta Erregeari aholkua ematera iritsi zen: norbait izendatu behar zen «plática y experimentada en las cosas de la mar e tierra e celoso del servicio de Dios y de Vuestra Majestad»; bere ustez, Pedro Melendez izan zitekeen hori.
Itzulerako balentria
aldatuCebun utzi genuen Urdaneta, bere zereginaren lehen zatia amaitu zuenean. Hara iristean, itzulerako espedizio‑buru absolutu bilakatzen du ezkutuko idatzi itxi batek. Ahalmena eman zion horrek itsasontziak, gizonak, datak eta ibilbideak aukeratzeko.
Abenturarako San Pedro itsasontzia eta berrehun gizon aukeratu, eta zortzi hilabeterako elikagaiak eta berrehun upelen ur‑horniketa egin zuen. Itsasontziaren buru Felipe Salzedo zen, Legazpiren iloba bat.
Lurraldea ezagun baina ordura arte iritsi gabeko hartara 1565eko ekainaren 1ean itsasoratu ziren. Atzean gelditu zen Legazpi, bere herritarra –bien jaioterriak kilometro gutxiko tarteak bereizten ditu: Zumarraga eta orduko Villafranca de Oria edo gaurko Ordizia–. Beste zazpi urtez bizi izan zen Legazpi, uhartediaren konkistan guztiz murgilduta, izen on bat eskuratzen «el más pacífico de los conquistadores». Biek dute bakoitzak beren herrian estatua bana. Joan den mendearen hasieran Zumarragako eskolaumeek –gure amak nire kontatu eta kantatzen zidan– kopla batzuk abesten zituzten; hona hemen hasiera besterik gogoratzen ez zaidan kopla eta bere musikatxoa: Jakina, horrela Zumarragan abestuko zuten. Zeren eta zehatzagoa dirudi Urdaneta izatea Legazpiren laguntzaile izan nahi zuena eta harantzako espedizio‑buru izendapenean eragin zuena.
Itzulerakoan bakarrik aurkitu zen, bidaia penagarri batean. Barazki‑hornidurak eginak izan arren, eskorbuto izugarria agertu zen marinelen artean. Urdanetak fraidearena, erizainarena eta pilotuarena ere egin behar izan zuen. Itsaso zabalean harrapatu zituen heriok. Pilotu bat hil, eta gaixorik zegoen bestea. Ez zuen lo askorik egiten Urdanetak, ontzia gidatzean gain, norabideak, haizeak eta uhaitzak idatzi behar baitziren.
Azkenik, abenduaren 18an, San Salbador uhartea begiztatu zuten Mexikon, kostalde amerikarreko lehen lurraldea. Itsasertzetik, Navidaden gelditu gabe, Acapulcora iritsi zen. Hain zeuden marinelak akiturik, ez zuten aingurak botatzeko eta jasotzeko ahalik!
Urriaren 8a zen. Ozeano Barea menderatzen lau hilabete eta zortzi egun behar izan ziren. Balentria egina zegoen. Urdaneta 42 graduko paraleloraino igota, gerora hamarkada askotan Manilako galeoiak errepikatu zuen ibilbidea hasia zegoen.
Mexikon jai‑giro eta harrera on egiteko egunak ziren. San Lukas patatxaren kapitainak, nabigazioa hasi orduko ihes egin zuenak, aditzera eman zuenez, hondoratuak ziren beste hiru itsasontziak. Legazpiren mezuekin eta bere esperientzia preziatuarekin Espainiara abiatu zen Urdaneta, Felipe II.a informatzera. San Lukaseko kapitaina denen agerian gelditu zen, sariztatua izango zela uste zuena, bere iruzurrezko jokabide eta kontakizunagatik.
Erregeari zuzeneko informazioa emanda, lurreko handinahirik gabe, Urdaneta Mexikora itzuli zen eta Filipinetara ere itzuli nahi izan zuen misiolaritzara. Hirurogei urte zituela amaitu zuen bizitzako bidaia.
Munduari emana zion bira, Espainiatik Mexikora itzuli zen, Ozeano Barea bi norabideetan zeharkatu zuen erraza baitzen, eta, azkeneko aldiz, errutinazko bidaian Atlantikoa, norabide bikoitzean.
Atlantikoa gurutzatzea
aldatuDiego Alzegaren joan‑etorria (1584‑5)
aldatuEgutegian egiaztatu dezakegu Nueva Españako Ontzidiaren jeneral hondarribiar bat atzetik duela. Aspaldi ezarria zen legez, lehen ikusi dugun bezala, bidaia honen garapena eta egutegia. Alzegak errutinaz betetzen du. Haren berri ematea motza eta telegrafikoa da, ez da inola ere xehetasunezko nabigazioko koaderno bat.
Sanlucar de Barrameda‑San Juan Ulua zen harantzakoan bidaiaren itsasbidea. Ekainaren 11tik irailaren 10era, hiru hilabete guztira. Cadiz, Dominika, Mari Galante, Puerto Rico, Ocoa, Santiago Kubakoa, San Juan de Ulua: porrota izan zen, itsasontzi galera eta guzti.
San Juan de Ulua‑Sanlucar de Barrameda izan zen itzulerako bidaia, Habanatik barrena, eta horretarako lau hilabete behar izan ziren, 1585eko maiatzaren 19tik irailaren 22ra. Aurretik bi itsasontzi bidali zituzten azaroan eta otsailean berri emanaz. Honela dio kontakizun laburrak:
Bidaiaren beste kontakizuna (1574)
aldatuBadugu bidaia beraren beste kontakizun bat, hamar urte lehenagokoa, testu xehe eta biziagoz eskutitz moduan idatzi zena: haize erauntsia da protagonista. Esaerak dion eran «la experiencia es madre de la ciencia» Alzegak ere ikasi zuen ikasgaia eta haren berri ematen du, aurkako baldintza klimatikoak aurreikusten diren heinean, alferrikako arriskuak saihets daitezen. Ikus dezagun haren eskutitza, beharbada Indietako Kontseiluari zuzendu ziona.
Ontzidiko jeneral baten eskutitz neurritsua zen. Horixe izana baitzen urte askotan, Sevillan hil zen arte. Marinel bikainen zerrendan agertu ohi da, esandakoa beste xehetasunik eman gabe. Oroitzapenerako abizen bat eta askoz gehiagorik ez da gorde. Hori dela‑eta, haren eskutitz bat aurkitzea profil zehatzago eta gizatiarrago bat ematea da, hezur‑haragiz janztea. Jenerala ez zen informazioa ematen zuen bakarra, bidaia hartan bere ondoan zegoen Perez Olazabal bergararra, 1588an Ontzidiko Jeneral kargua hartu eta itsasoan 1602an hil arte oinordekotzan izan zena. Hark ere eman zion Kontseiluari bidaia beraren berri, xehetasun handiz eta zabal; baina ez dugu haren eskutitza sartzeko lekurik.
Haize erauntsia
aldatuHitz berria eta bitxia, elementu klimatiko bitxi eta beldurgarria izendatzeko, Ontzidi bat guztiz garaitu eta mastak eraisteaz gain, gizonaz haraindiko ahaleginak eskatzen zituena, eta are handiagoak, gauaren iluntasuna hurreratu ahala. Eta haize erauntsiaren ondoren arazoak: teknikoak deskargan, merkantzien galerak, arropenak batez ere, euri‑jasa tropikal haien ondorioz. Ondoren, eskaintza‑ eta eskari‑legearen marea ezegonkorrak, salmentak errazten edo zailtzen zuenak. Eta diruaren amua: Amerikan asko zenez, Erregearentzat eta partikularrentzat kopuru handitan zetorrena. Ederki mintzo da, argi eta garbi, gure Olazabal. Ofizio‑mutil ona izan zen.