Donostiako toponimiaren arabera, 1672an Gorostiaga izenez azaltzen da Igeldoko baserrien zerrendan. 1820an, berriz, Gorostidi moduan, eta 1860an Gorostegi izenez ere azaltzen da.

Baserri honetan topatzen dugun lehenbiziko familia hiru anai-arrebak osatzen zuten. Haien bestelako daturik ez dugu lortu. 1849. urtean, Martina Elizegi Aranburu azaltzen zaigu etxearen jabe moduan. Martina honek seme bat izan zuen, gerran hil zena.

Gerora, Biorreta Txiki baserriko familia etorri zen bertara bizitzera: Alejandro Etxebeste Aristegieta eta Manuela Berridi Otegi bikotea, beren seme- alabekin. Biorreta Txiki baserrian bizi aurretik, Amezketa Bordan eta gero Kamio baserrian bizi izan ziren. Sei seme-alaba izan zituzten: Antonio, Sebastian, Beltxora, Alejandro eta Bittor Etxebeste Berridi (seme baten izena ez dugu lortu). Antonio semea gerran hil zen, eta beste seme bat ere gazterik. Familia hau apopilo etorri zen Gorosti baserrira. Anai-arrebak batera eta bestera sakabanatu ziren; eta baserrian Sebastian Etxebeste Berridi gelditu zen. Sebastian Mutegi baserriko Josefa Etxabe Arrutirekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten: Patxi, Mari Karmen, Jose Mari, Manuel, Agustin eta Jose Etxebeste Etxabe.

Sebastianek, baserriko lanaz aparte, beste leku batzuetan ere lan egin zuen: Garagardotegian,

Calzados Tellon (militarrentzako botak egiten) edota Polleroenean. Ukuiluan, sei bat behi eta txekorrak izaten zituzten; baita txerriren bat eta behorrak ere. Baratzako lana ere egiten zuten, batez ere etxerako.

Sebastianek eta bere lagun batzuek ahari bat erosi zuten koadrilan, eta harekin ahari-apustuetan ibiltzen ziren batera eta bestera. Inguruan famatua izan zen.

Nafarroa aldetik zenbait urtez artzainak etortzen ziren Gorosti baserrira, artaldearekin negua pasatzera. Lehenbizikoz, Pedro Balda izeneko artzaina etorri zen Ihintzatik. Ondoren, Joxe Balda, aurrekoaren iloba. Honekin urte pare batez Bengoetxe baserriko Kandido Arrillaga aritu zen, morroi lanean. Gerora, Betelutik Balda anaiak etorri ziren; hasiera batean, Gorosti baserrian egoten ziren, geroago Etxeberrira joan ziren eta, azkenik, Bengoetxera. Artzainek, baserriko terrenoak erabiltzearen truke, baserriko familiari zerbait ordaintzen zioten. Mamia eta gazta ere egiten zuten, bertan egoten ziren boladan.

1954an baserria erosi zioten Martina Elizegi Aranbururi. 1969an, obra egin eta baserria handitu zuten, beste solairu bat emanda, eta etxebizitzak osatu zituzten. Mari Karmen eta Jose anai- arrebak gelditu ziren bizitzen, bakoitza bere familiarekin.

Gaur egun ere familia horiek bizi dira baserrian. Animalia ugari dituzte: ardiak, behiak, zaldiak, ahuntzak... Ardi-esnearekin mamia eta gazta egin izan dute; baratzeko lana ere, dezente. Zenbait sagarrondo dituzte eta sagardoa egiten dute etxerako.

Iturria: Mari Karmen Etxebeste Etxabe