Iranguren
Donostiako toponimiaren arabera, Igeldoko baserrien zerrendan lehen aipamena 1178koa da; 1815eko data ere aipatzen da. 1865ean Irangon izenez azaltzen da. Garai batean, Martikorena sendiarena zen. Aldi berean Donostiako Gros auzoko hiltegi zaharraren jabeak ere baziren. Eraikinaren leihoak ikusita, pentsa daiteke gerra garaian puntu estrategikoa izango zela, leiho txikiak baitzituen. Herri lurren inguruan dago kokatua.
Zelestino Segurola, ezizenez San Joan artzaina, eta Maria Garmendia bizi ziren Irangurenen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Pantxika, Jose Antonio eta Katalin Segurola Garmendia. Ukuiluan behi bururen bat eta, batez ere, ardiak izaten zituzten. Gazta egiten zuten. Zelestino, aurretik, Marabieta baserrian morroi egon zen. Baratza ere bastante egiten zuten: artoa, babarruna, arbia...
Zelestino baserri ondoan eserita egoten zen, artoa aletzen eta, era berean, ardiak zaintzen. Egun batean herriko bi gazte ehiztarirekin iskanbila izan zuen. Ehiztariak oilagorretan edo erbi eta konejutan ibiltzen ziren. Haien zakurrak Zelestinoren ardiak aztoratu zituen eta, ondorioz, haserre aldia izan zuten. Ehiztariek sekulako egurra eman zioten Zelestinori, eta hilda zegoela pentsatuta utzi zuten lurrean. Zelestino, ahal zuen moduan, arrastaka goiko bideraino irten zen, eta handik Iturrietaraino ekarri zuten. Handik, Felixen autobusa hartuta, sorospen-gelara eraman eta bertan egon zen osatu bitartean.
Xatene baserriko Jose Mari Kruz noizean behin kartak eramatera joaten zen Irangurenera. San Joan artzainak, batzuetan, amarik gabe geratutako arkumetxoren bat izaten zuen, eta Jose Mariri eman eta honek biberoiarekin hazten zuen Xerraiene baserrian. Arkumea mendian libre ibiltzen zen, baina Jose Marik deitu eta biberoia erakutsiz gero, berehala inguratzen zen etxera.
San Joan artzaina igandeetan mezetara etortzen zen, eta askotan erlojua gelditu eta hurrengo egunera arte ez zen etxeratzen. Taberna eta festa-giroa asko gustatzen zitzaizkion.
Guardia zibilak asko ibiltzen ziren herrian jira eta bira, herriko kuarteletik, eta maiz joaten ziren Iranguren baserrira. Zelestinok, ohituraz, San Juan egunean arkume bat ematen zien urtero.
Urteak pasa eta Oiartzunera joan ziren bizitzera. Gaur egun baserria ia dena erorita dago, pareta batzuk besterik ez dira gelditzen zutik.