Iruin
Gaur egunean Iruin izenez ezagutzen dugun baserria, dakigunaren arabera, Igeldoko zaharrenetakoa da. Haren lehen aipamena 1695ekoa da, eta Irigoyen izenez azaltzen da, baita Yruón ere. Herriaren behealdean kokatua dago, itsas aldera. Baserriak alde batean arku erromaniko bat du.
Bi etxebizitza zituen. Donostia aldeko zatiaren lehenbiziko nagusia Oliden sendia izan zen. Gerora, Gaztaintxabaleta baserritik etorrita, Isabel Martikorena Ezeiza eta Zapatari Berri baserriko Migel Olasagasti senar-emazteak jarri ziren bizitzen, beren familiarekin. Zortzi seme-alaba izan zituzten: Martina, Maria, Josefa, Dolores, Patxi, Joxe, Domingo eta Rita Olasagasti Martikorena. Urte batzuk pasatuta, Amoene baserrira aldatu ziren. Geroago, Jose Joakin Lizarazu bizi izan zen.
Beste aldean, Etxebeste sendia bizi izan zen: Inazio Etxebeste eta Merzedes Aristi Olaizola. Lau seme izan zituzten: Jose Mari, Jose Luis, Jesus eta Lukas Etxebeste Aristi. Lukas gazterik hil zen. Baserrian Jose Mari gelditu zen. Belabieta Azpi baserriko Pepi Iradirekin ezkonduta, hiru seme- alaba izan zituzten: Mari Mertxe, Jose Mari eta Maria Jesus. Pepiren anaia ere, Nikolas Iradi, bertan bizi izan zen. Nikolas bertsozalea zen oso; herriko jaietan askotan aritu zen bertsotan, San Joan eskean ere bai...
Ukuiluan bizpahiru behi eta haien txekorrak izaten zituzten, eta oiloak. Zelai asko zutenez, belar-metak egiten zituzten. Baratza etxerako bakarrik, eta hura gobernatzen, lanean, Pepi aritzen zen, batez ere. Jose Mari aita udaletxean ibili zen kimikari-lanean; kamioiarekin baserriz baserri esnea biltzen ere bai. Hasiera batean, Iñaki Etxebeste ilobak laguntzen zion esnea Gurelesara eramaten eta kontuak egiten. Geroago, alabek ere lagundu izan zioten. Esnea biltzen Orio aldeko baserrietara joaten zen, Benta ingururaino. Kamioian beste hainbat joan-etorritan ere ibili zen, hala nola, garagardotegitik baserrietara garagar-pulpa ekartzen, ganaduari pentsu moduan emateko.
Gaur egun, Jose Mari semea bizi da baserrian, bere familiarekin; haren arrebak ere, Mari Mertxe eta Maria Jesus, baserrian bizi dira. Ez dira baserri-lanean aritzen.
Iturria: Mertxe Etxebeste Iradi