Itsasoko kultura/Itsasoaren oihartzunak bertsolaritzan

Ekaitzak galdutakoak itsasotik aterata portura noiz iritsiko zain egotea biltzen du argazkiak.

1912ko enbata

aldatu
 
1912ko galernaren oroimenez.

Kantauriko itsasgizonen oroitzapenean

Hauxe litzateke euskal bertso sail honen izenburua “Kantauriko itsasgizonen oroitzapen bat”, eta egileen izena, berriz, azken bertsoak esaten digu:

...orra amasei bertso
oraingo berriyak
Fermin Imaz’ek eta
Txirritak jarriyak.

(Hona hemen hamasei bertso berriak, Fermin Imazek eta Txirritak jarriak.)

Bertsolari hauek 1912ko abuztuaren 12ko enbata izan zuten inspirazio iturria, hain zuzen ere, ehun eta berrogeita hamar bat euskal arrantzaleren galera eragindakoa.

Orduko egunkariek eman zuten informazioa bertso paperetakoa baino handiagoa izan zen; datuak bildu eta ordenatuz gero, nahikoa litzateke tragedia haren kontakizun luze eta hunkigarria idazteko. Alberto Risco apaizak La galerna izeneko eleberrian eman zuen haren bertsioa. Baina, nirea bertsoak aurkeztea eta azalpenak ematera baino ez da izango, nire ustez, hobeto islatzen baitute herriaren bihozmin sakona. Horra hor laugarrena:

Abuztuko
amairugarrena,
guretzat argitu dan
egunik txarrena;
izan zagun kupira
denak alkarrena,
gogoratu utsarekin
lertzen zait barrena,
au da paraderua
kantabritarrena!

(Abuztuaren 13a izan zen guretzat inoiz argitu zen egunik txarrena. Izan dezagun elkarrenganako gup ida. Gogoratze hutsak hausten dit barrena. Hura zen Kantauriko marinelen bukaera tristea!)

Abuztuaren 13ko horretan ez dago data okerrik, izan ere, 12aren ilunabarrean lehertu zen enbatak biharamun osoan artean haserre eta indarrean ziharduen, eta orduantxe irauli zituen itsasontzi haietako asko.

Hurrengo bertsoak bermeotarrak ditu hizpide, ehun eta sei gizon ito baitziren. Herri txiki batean hainbeste hil-dakok eragin zuen negar garratza nabarmentzen dute bertsolariek, eta min dute; hau da, aitarik edo senarrik gabe eta mundu honetako babesik gabe gelditutako haurren eta amen mina.

Eun da amaseikua
Bermeo bakarra,
aurten ez dute izan
suerte ederra;
erri txiki batentzat
ai ori negarra!
Aurrak aita falta du
ta amak senarra,
badaukate anparo
on baten bearra!

Horixe adierazi zuen handik egun gutxira egunkarietan azaldu zen eskelak:

El ilustre Ayuntamiento de la M. N. y M. L. Villa de Bermeo, las 62 viudas, los 205 huérfanos y los 98 padres que han perdido a sus hijos...

Bermeoko ia ontziteria guztia itsasoratua zen 12aren goizean, handik egun gutxira, San Roke egunerako arrantzatik lehorreratzeko asmoz. Ondarroan, aldiz, arrantzale gehienak lehorrean ziren, egun horretantxe zen Santa Klara eguna ospatzen. Hala, lehen herri horretako ehun itsasgizon baino gehiago hil ziren eta, bigarren herrikoak, hiru baino ez. Batzuk galdu zituenak berak salbatu zituen besteak.

Zazpigarren bertsoak Jainkoari beren biziaren kontua eman ziotenen kopuru ematen du; ehun eta berrogeita hiru ziren, eta haien aldeko otoitza eskatzen zaie bihotza duten guztiei.

Eun da berrogei ta iru
omen dira danak,
arrantzalietatik
ondatu diranak,
gure Jaungoikuari
kontua emanak;
guk egin biar degu,
bizirik geranak,
aientzat erregutu
biotza duanak.

Bertso sailaren lehen erdiak gogoeta orokorrei ematen die leku, aurkezpenean agertutako bertsoek bezala. Ondoren datoz Daniel Eskurtzari, enbata hartatik bizirik irtendako itsasgizonik ezagunenari, eskainitako hiru bertsoak. Hona hemen haietako bat:

Egur biren gañian
gizon bat jarriya,
ai, zer ote zan aren
orduko larriya!
Lagunak bera jun ta
estadu urriya,
ez da Donostiyara
errez etorriya
ikusi du birian
ixtilu gorriya.

(Egur biren gainean zegoen gizon bat eseria. Huraxe zen egoera larria! Lagunak hondoratuak zituen eta ataka estuan zegoen bera. Asko kostata iritsi zen Donostiara; neke galantak jasan ondoren bidean!)

Lekeitioko Daniel Eskurtza hori, San Nikolas arrantzontziko patroia, hogeita hemeretzi urteko gizona eta bost seme alaben gurasoa zen. Zortzi gizonek osatzen zuten tripulazioa. Enbata lehertu zenean, haizeak masta eraitsi zien eta, orduan, masta beste egur bati lotuta gurutze bat moldatu zuten.

Gauerdian haizeak ontzia irauli eta ontziaren gila zerura begira zuela jarri zuen. Zortzi arrantzalek lortu zuten ur gainera irtetea eta egurrei eustea.

Hura gertatu eta berehala, haizeak eta olatuek ontzia zutitu zuten. Haietako lauk igeri eginez harrapatu nahi izan zuten, baina haizeak azkar urrutiratu zien. Harrapatzea zaila zutelakoan, atzera itzuli nahi izan zuten, baina berandu zen. Ez ziren egurretara iritsi eta itsasoak irentsi zituen lauak.

Bizirik irtendako beste marinel bat mastaren sokan nahastu zen eta hura ere ito egin zen.

Hiru gelditu ziren: Eskurtza, hemeretzi urte zituen Felix Laka, eta Fidel Bengoetxea, hogei urte zituena. Denborak aurrera egin ahala, azken bi horiei indarra ahultzen hasi zitzaien. Eskurtzak animatu egiten zituen; hala pasa ziren hamabi ordu, 13 eguerdia zen: otoitzen bat esan, elkarri barkamena eskatu, elkar agurtu eta... gazteenak itxaropena galtzen hasi ziren. Eskurtzak adorea ematen zien, ordurako itsasoan galdutakoen bila irtenak izango ziren baporeen itxaropenaz.

Felix Lakak ezin izan zion gehiago eutsi eta askatu egin zen egurretik, eta Fidel Bengoetxeak gauza bera egin zuen, beste bi ordu igarota.

Eskurtza bakarrik gelditu zen itsasoaren erdian; indarrean zegoen, baina egarriak eta logaleak eraso zioten. Urik ez irensteko, zamarrez tapoia egin eta ahoan sartu zuen, eta, ez loak ez hartzeko, aparailuaren txirrika kokotsaren parean, azpian, gelditzeko moduan jarri zen, loak hartzean, kokotsak txirrikaren kontra jotzean oinazeak esna zezan.

Hala igaro zuen asteartea, egun eta gau, eta argitu zuen eguna. Orduan begiztatu zituen Eskurtzak ontzi ba-tzuk. Oihu egin zien indar guztiz, baina aurrera jarraitu zuten entzun gabe, eta berriz iritsi zen gaua.

Eskurtzak aparailuaren soketan jarriak zituen oinak, estriboetan bezala.

Hilaren 15eko egunsentian, ostegunean, Donostiako Mamelena baporeko tripulazioak oihu batzuk entzun zituen laguntza eske. Arreta jarri zuten, eta halaxe zen. Gizon bat begiztatu zuten itsasoan, gurutzean jarritako egur batzuei besarkatuta, burua eta besoak mugitzen zituela. Txalupa bat jaitsi eta jaso zuten hara. Goizeko seiak ziren. Berrogeita hamasei ordu igaro zituen Eskurtzak itsasoarekin borrokan.

Donostiako itsasgizon guztiak harrituta zeuden Eskurtzarekin, egurrak nolako trebeziaz lotu zituen ikusita eta haren iraupen garaiezinaz jabetuta.

Makilak gurutze forman jartzeak honako hau iradoki zien Imazi eta Txirritari:

...itxaso sagradua
ur guziyen buru,
ark ere gurutzia
e rrespetatu du.

(...itsaso sakratuak, ur guztien nagusi denak ere, gurutzeari izan dio errespetua.)

Nahiz eta seigarren bertsoan esaten zaigun Gipuzkoako biktimak ez zirela gutxi izan, kopurua ez zen Bizkaian adinakoa izan, askoz txikiagoa baizik.

Orkolaga apaizari zor zitzaion aldea. Orkolaga, lehenik, bikario izan zen Zarautzen eta, ondoren, Igeldoko behatokiaren fundatzailea, enbatak iragartzen jakin zuen lehen gizona.

Orduko hartan ere ordu batzuk lehenago iragarri zuen enbata, eta haren abisua kostako herri guztietan zabal-du zen Gipuzkoan eta, arrantzaleek fede itsuz sinesten ziotenez, ia denak gelditu ziren lehorrean.

Imazek eta Txirritak bi bertsotan goraipatzen dute Orkolaga. Hona hemen bietako bat:

Ai, gure biyotzeko
Aita Orkolaga,
beraren eskutikan
ez gaitzala laga!
Orain bezela zaitu
eguna ta gaba,
berriz itxaso ortan
ez gaitezen traba,
bedorren talentua
gauza biarra da!

(Aita Orkolaga, gure bihotzekoa, ez gaitzazu eskutik utzi. Zaindu orain bezala eguna eta gaua, ez gaitezen gal itsaso horretan. Zure adimena beharrezkoa zaigu eta.)

Urte batzuk beranduago gertatu izan balitz, biktima kopuru ez zen bera izango. Baina, artean gure arran-tzaleak belaz eta arraunez irteten ziren, eta enbatak bere gogara hondoratzen zituen.

Hau esan zidan behin gizon batek: aspalditxotik zuen gogoan bertso sail horren egileak, Imaz eta Txirrita, igande goiz batean Errenteriako parrokiako eskaileretan jarri eta kantuan nola hasi ziren, nola bertsoak kanta-tzen hala inprimarazi zituzten bertso haien bertso paperak saltzen.

Hori eginez herri poetaren edo bertsolariaren aparteko eginbeharra betetzen zuten: herriaren sentimenduei ahotsa jartzea; kasu jakin hartan euskal kostalde osoaren nahigabea, agian inoiz ezagutu den tragediarik handiena adierazten zuten.

1909ko enbata

aldatu
 
Salbamendu-eszena baten brontzezko estatua eta erliebea Mariren oroigarrian, Donostiako portuan.
 
Mariren estatua Zumaian.

1909ko maiatzaren 24a zen. Arratsaldeko hiru eta erdiak aldera, Orkolaga apaizak, Igeldoko behatokiaren fundatzaileak, presako abisu hau helarazi zuen bertatik:

Eguraldi nahasia dator, erne ibili enbatarekin!

Egun haietan arrantzaleak bokartaren arrantzaldian zebiltzan. Batel handi batzuk erabiltzen zituzten horretarako eta lauzpabost gizon ontziratzen ziren bakoitzean. Ilunabarrean itsasoratzen ziren eta goizean itzultzen.

Gaueko bederatzi eta erdietan lehertu zen enbata, portu guztiak hutsik zeuden garaian. Hona hemen zer dioen gaur irakurleari eskaini nahi diogun bertso saileko lehen bertsoak:

Maiatzaren ogeita
laugarren arratsian,
galerna bat sartu zan
modu zorrotzian;
urrengo egunian
kontu txarrak zian,
txaluparen granorik
etzala etxian,
zer pena izango zan
askon biyotzian!

Sareak botatzen harrapatu zituen enbatak arrantzale asko. Presaka jaso edo bertan behera utzi behar izan zituzten; branka lehor aldera jarri eta, mastan bela txikia besterik ez zutela, itzulerako bidea hartu zuten, hil edo biziko leian. Halakoetan, Getarian babestu ohi ziren eta gau hartan ehun eta berrogeita hamar porturatu ziren, hogeita hamarren bat bapore txikiz gain; ontzi gehienak Ondarroa, Lekeitio eta Mutrikukoak ziren.

Artean egin gabeak ziren portuko handitze lanak eta lekua falta zen, horregatik, itsasontziak bat bestearen gainean jarri behar izan ziren, nolabait esateko.

Ondarroa izan zen herririk kaltetuena. Urte hartako bokartaren denboraldian, egun bakar batean sei mila arroba bokarta deskargatzera iritsiak ziren portu horretan. Horregatik arrantzale guztiak itsasoan ziren, eta haietatik hamahiru hil ziren. Hona hemen haien izenak: Ebaristo eta Jose Domingo Garramiola, aita semeak; Endika Badiolaurreta, Feliciano Egurrola, Santiago Badiola, Jose Manuel Imaz, Joakin Alkorta, Polikarpo Mutriku, Domingo Urkiri, Joan Andres Berridi, Eustakio Illoro, Lukas Urresti eta Ruperto Olano. Egunkariek, zerrenda ematerakoan, Jose Manuel Imazen izenaren ondoan honako hau erantsi zuten: ... de32 años, versolari; deja madre viuda.

Bertsolari tituluari buruz ohartarazpen bat egin nahi genuke: badirudi egunkariei izenak ematerakoan, herriko jendeak ezin izan zuela ahaztu Imazen dohaina, haren galtzea deitoratzeko arrazoiak bi izan balira bezala.

Jose Manuel Imaz horren hainbat bertso orri edo paper aurkitu ditut. Eta haietako batean dago honako ber-tso hau:

Guretzako mundua
txit dago laburra,
guztiok badakigu
il biar deguna
Noiz da nola eztakigu
badator eguna...

(Mundu hau motza izango da guretzat. Denok dakigu hil behar dugula, eta hur da, nahiz ez dakigun ez nola, ez noiz izango den.) Antza denez bazuen gizagaixoak bere heriotzaren halako susmo ilun bat.

Haren arrebak esan zidan Jose Manuel eta beste lagun bat egur bati heldu eta hari eutsita egon zirela aldi batez, eta lagun horrek, ahultzen ikusita, honela animatzen zuela: Eutsi, Joxe Manuel, eutsi! Baina, hark hau erantzun ziola: Ezin! Ezin! Egurra askatu eta desagertu egin zela.

Hau dio gure saileko beste bertso batean:

Ondarroa da asko
kastigatu dana
fameli orietan
bada naiko lana
zierto badakit gaizki
egongo dirana
anparatu nitezke,
jaunak al derana,
askok bezela banu
nundikan emana.

(Ondarroak nozitu du zigorrik handiena. Huraxe bai familia haien zoritxarra! Gauza ziurra da babesgabetasunik handienean gelditu direla. Hara, jaunak, baliabide guztiz lagunduko nituzke, askok bezala, izango banu nondik emana.)

Bere pobreziaz hala mintzo zaigun hau Fermin Imaz bertsolaria da, alegia, bertsoaren egilea. Arrantzale izana zen bere bizitzan, aldi batez; horregatik ukitu zuen hain sakon itsasoko beste tragedia horrek.

Bertso horiek orri soltetan, bertso paperetan idatzi ziren; baina, zoritxarrez bakar bat ere ez da gure eskuetara heldu. Zortzi bertso jaso nituen, nahiz eta batzuk osatu gabeak izan, Donostiako eskarmentu handiko arrantzale Inazio Carril —Luis Carril ezagunaren semea— eta Inazio Aizpuruaren ahotik.

Jasotako bertsotan hirugarrena ironia barra min eta trufari batez bukatzen du.

Itxaso sagradua
dalako meriyo,
makiña batel negar
egiñazten diyo,
berriz ere ezin izan
gindezke ba fiyo,
alperrik astia da
orren kontrariyo,
ito diranak ez dute
jan bearrik geyo.

(Makina bati negar eginarazten dio itsaso sakratuak! Ez gintezke berriz hartaz fida; aurka egitea ere alferrik li-tzateke. Ito direnek ez dute jan beharrik gehiago...)

Gorde diren bi bertsoak Orioko ontzidiko bi arrantzaleei buruzkoak dira. Hauek ziren itota hil zirenak: Altzako Jose Inazio Beretarbide eta hamaika urteko Antonio Illarramendi.

San Antonio txalupan itsasoratu ziren, Jose Antonio eta Joan Jose Manterola aita semerekin batera. Txalupa irauli eta haiek ito egin ziren eta aita semeak Gasterrenekan kostaratzea lortu zuten.

Hamaika urteko mutikoa Jose Antonio Manterolaren iloba zen, eta osabak kostalderantz zeramala olatu batek kendu zion. Horixe da egunkarietan esandakoa, baina aipatu bi arrantzaleek eman zidaten bertsioa bestelakoa da; hau da, oraindik aipatzeko ditugun bertsoen hurbilagokoak.

Esan zidatenez, hiru ziren txalupan zihoazenak, Manterola aita semeak eta mutikoa. Etsi zutenean ezingo ziotela ontziari eutsi enbataren erasoaren kontra, bietako batek mutikoa bizkarrean hartu eta igerian abiatu omen ziren. Ez ziren, nonbait, kostatik oso urrun. Hala ere, berehala ulertu zuten ezinezkoa zela hara iristea.

Atzera bira egin zuten eta txalupara itzuli ziren; hari lotuta utzi zuten mutikoa. Osotu gabe dagoen bertsoak hau dio:

Salbatuko etzuela
zutenian etsi,
txalupari lotuta
omen zioen utzi...

(Etsi zutenean ez zutela salbatuko, txalupari lotuta utzi zuten.)

Berriro murgildu ziren itsasoan, baita lehorreratu ere, Orioko Talaigaña mendiaren ipar hegiko Itxaspe baserriaren inguruan, Oria ibaiaren bokaletik gertu.

Oriora iritsi eta berehala bapore txiki bat prestatu zuten, mutikoaren bila joateko.

Beste marinelek Manterolatarrei galdetzen zioten bidean.

—Nun utzi dezute?

Haiek, orduan, besoa luzatuz erantzuten zuten:

—Or laga degu!

Baina, ez zuten ezer aurkitu, ez txaluparik, ez haren arrastorik.

Hau kontatzen du bertso horietako batek:

Baporia artuta
ziranian erten,
beste lagun guziak
galdetzen zioten
utzitako korputza
la aber nun zuten;
besua luzatuta
ziyon erantzuten,
saiatu ziran bañan
billatu etzuten.

Beharbada, enbatak kostako haitzen kontra jo eta txikituko zuen txalupa!

Ikarak harrapatzen du bat, mutiko gizagaixo haren heriotza irudikatzean: txalupari lotuta, gau beltzean bakarrik eta itsaso haserrearen nahierara, olatu ez hain krudel batek hil zuen arte…

Hau irakurtzean, norberak erabaki beharko du nori sinetsi: egunkariei ala aipatu arrantzaleei eta Fermin Imazen bertsoei.

Honako hau dio beste bertso batek:

Arrantzalia dabil
peligro aundiyan,
ardiyak otsuakin
bezala mendiyan;
ezer ez dute izan
joan dan aspaldiyan,
gogorra pasatu da
oraingo aldiyan,
artzeko modukuak,
dira memoriyan.

(Arrantzalea beti dabil arriskuan, mendiko ardiak atsoarekin bezala. Ez zen halako zoritxarrik aspaldian, baina oraingoa ikaragarria izan da, gogoan gordetzeko modukoa.)

Azken pentsamendu honetan antzeman daiteke zerk bultzatzen zituen bertsolariak, garai hartan batez ere, beren bertsoak osatu eta argitaratzera.

Itsasoan galduak Zumaian (1878)

aldatu

Euskal herri poesiaren alorrean aurkitu dugun eskuizkribu bildumarik joriena Tolosako Facundo Adurriagak jasotakoa da. Adurriagari “besamotza” deitzen zioten txapel lantegian lanean ari zela eskuineko besoa gal-dua zuelako. Horregatik, ezkerreko eskuaz idaztera beharturik zegoen.

Bilduma horretan itsasoan galdutakoei buruzko hamabi bertso daude, eta deitura bat bukaeran: Manterola. Izen hori egilearena balitz, bertsolari ezezaguna litzateke.

Urtarrilaren 8an, goizean, arrantzara irten zirela dio hirugarren bertsoak. Baina, ekaitza sartu zen mendebal-detik justu tretzak bota eta jasotzen ari ziren garaian. Urak denak hondoratu ez zituenean!

Ilbeltzaren eguna zortzigarrenian,
arrantzara atera ziraden goizian;
gero tenpestade bat mendebal aizian,
trezak bota ta altxatzen asi ziranian,
milagroz etzituben danak sartu urpian.

Tretzak bertan behera utzi eta etxera abiatu ziren, irauli ez irauli. Bidearen erdia eginda, hondoratzera zihoan Zumaiako txalupa bat topatu zuten eta ahalegin guztian jardun zuten laguntzen.

Trezak bertan utzita etxera abiyan,
jira bira egiñik guztiak iya iyan;
gero pasa zitzaien bidian erdiyan.
zumaiar txalupa bat zegon desgraziyan,
bai sokorritu ere elegin guziyan.

Zumaiako arrantzontzi horretako tripulazioa —hogei gizonezko— eraman zuen ekaitzak herrestan uretara. Agustin Andonegik zazpi atera zituen, bere burua galtzeko arriskuan jarrita.

Ogei lagun zituben tripulaziyuan
zumaiar txalupa orrek galduta itxasuan,
Agustín Andonegi bere aziyuan
naiz berea ibillirik iya iya galduan
zazpi artu zituben al zuben moduan.

Ez da esaten Agustin Andonegi hori nongoa zen, baina antza denez, arrantzontzi salbatzaile hartako patroia zen; Mutrikukoa beharbada, hangoa baita deitura hori.

Bertsolariak biziki goraipatzen du Andonegiren eta bere tripulazioaren ausardia. Ekaitzak zerbait lagundu baliote, ez ziratekeen hamahiru gizon haiek itoko.

zerbait lagundu izan baziyon denborak,
etziraden itoko amairu gizonak.

Denborale harekin ez zen samurra hurbiltzea, gogotik saiatuta baziren ere, ezin salbatu. Oihu egiten zieten denek: hartu gu ere! Bihotza lehertzen zieten oihu haiek, baina ezin izan zioten lagundu.

Iñola arrimatu ezinda salbatu,
alako egualdiya zitzaioten sartu.
danak oyuka: «Arren, jaunak guri artu!
Aien antziz biyotzak ziraden urratu,
bañan iñola ere ezin anparatu.

Beste bertso batean azaltzen da arrantzalearen bizimodu gogorra, lanbide ez desiragarria eta irabazietan nekeza, Jainkoari eskatuz bedeinka zezala berriz itsasoa.

Ai, arrantzaliaren bizi penosua!
Ofiziyu ori ez da inbidiosua,
oien irabaziya ain da kostosua,
gure Jaungoiko maite amoriosua,
arren, bedeinka zazu berriz itxasua.

Bertsoetan ez da esaten zein urtetan izan zen hondoratze hura. Zumaiara jo genuen bisitan; Teodoro Bikuña erretorearen etxean deitu genuen, zoritxar haren berri jakin nahirik, eta, hala, gure nahia azaldu genion.

Teodoro erretoreak ez zuen tragedia haren berririk, eta zerbait jakin nahirik batzuei eta besteei galdezka jardun ondoren, ez zuen aurkitu inor zerbait zekienik.

Bertsoak berak ematen zizkigun arrastoak eta ez genuen haiek jarraitu beste biderik: urtarrilaren 8an gertatu zen; Zumaiakoa zen hondoa jo zuen arrantzontzia, eta hogei arrantzaleetatik zazpi salbatu ziren eta hamahiru ito.

Teodoro erretoreak parrokiko liburutegiko hildakoen liburu bat hartu zuen eta urtez urteko urtarrilaren 8ak begiratu genituen.

Berehala aurkitu genuen bila genbiltzana, zazpigarren liburuan, 53., 54. eta 55. orrietan. Hona hemen lehen idazpena:

Día ocho de enero de mil ochocientos setenta y nueve, habiendo ido a la pesca de besugo la lancha nombrada de San Jose, de esta villa de Zumaya, con veinte personas, se ahogaron trece, de las cuales una era don Francisco María Vidaurreta, de estado soltero, de edad de cuarenta y tres años cumplidos, natural y parroquiano de esta mismo villa, e hijo legítimo de don José Agustín, ya difunto, y de doña Magdalena Olaizola, natural y parroquiana de esta dicha villa y el o la once de este mismo mes se hicieron los funerales en esta iglesia parroquial según el ritual romano y firmé D. Francisco de Echaniz vicario».

Berdin berdinak dira gainerakoen idazpenak, datu pertsonaletan izan ezik. Hona hemen beste arrantzaleen izenak:

- Frantzisko Maria Zubia, hogeita bi urtekoa, ezkongabea, Zumaiakoa.
- Manuel Ignazio Gómez, hogeita zortzi urtekoa, ezkongabea, Zumaiakoa.
- Jose Felipe Amilibia, berrogeita zazpi urtekoa, ezkondua, Itziarkoa.
- Jose Etxabe, berrogeita zortzi urtekoa, ezkondua, Zumaiakoa.
- Juan Antonio Egaña, hogeita bost urtekoa, ezkondua, Zumaiakoa.
- Jose Luis Agirrezabalaga, hogeita hamabi urtekoa, ezkondua, Zumaiakoa.
- Ignazio Esteban Etxabe, hemeretzi urtekoa, ezkongabea, Zumaiakoa.
- Jose Maria Aizpurua, berrogei urtekoa, ezkongabea, Zumaiakoa.
- Julian Romualdo Eizagirre, hemeretzi urtekoa, ezkongabea, Zumaiakoa.
- Torkuato Erroke Azkue, berrogeita hamar urtekoa, ezkondua, Askizukoa.
- Sebas Amas, berrogeita hamar urtekoa, ezkondua, Zumaiakoa.
- Frantzisko Iraundegi, berrogeita hamar urtekoa, alarguna, Zumaiakoa.

Eguna eta urtea jakinez gero, garai hartako Diario de San Sebastián egunkaria begira daiteke. Agidanean, egunkari hori egunez egiten zen eta arratsaldez saltzen.

Horregatik, urtarrilaren 8an, egun berean, itsasoaren egoera ikusita, Mutrikuko kofradiako arrantzontzien kez-ka agertu zuen eta adierazi, itsaso zabalera irtenak zirela denak, eta Zumaiako arrantzontzi bateko hogei gizonetatik sei besterik ez zirela lehorreratu. Hilaren 9ko albistea zen galduak zirela Ondarroako patroi bat eta Lekeitioko arrantzontzi bat, sei gizonekin batera.

Hilaren 10ean zabaldu zuen berria, Noticiario Bilbainotik kopiatuta: San Migel arrantzontzia galdu zen, bedera-tzi marinelekin, eta Jesus eta Maria, hemeretzirekin; bi biak Lekeitiarrak ziren. Bizkaiko Foru Aldundiak hamar mila erreal eman zituen itsasoan galdutakoen familientzat.

Hilaren 12an, Santanderko La Voz Montañesa kopiatuz, eman zuen berriaren arabera, Suancesko arrantzontzi bat galdu zen, hamabi edo hamahiru gizonekin.

Datu horien guztiek markatzen zutenaz baliatuta, Zumaian itsasoan galdutakoei buruzko bertsoak argitaratu ziren 1978an, arrantzaleen bizimoduari buruzko bertso herrikoiak biltzen zituen, Arrantzaleen bizitza liburuan.

Hilabete gutxi batzuen ondoren, 1979ko Urteberritan, Teodoro Bikuñaren eskutitz bat jaso nuen; hau zioen:

Urtarrillaren 8an itsasoan ito ziren Zumayako 13 mariñelen eungarren urte muga dala ta, egiteko degun asmoaren berri emanez atera ditugun orriak bialtzen dizkizut.

(Le envío las hojas que hemos sacado para anunciar los actos programados para el día 8 de enero, centenario de la muerte de los trece marineros de Zumaya que se ahogaron el el mar).

Orri haietan, ziklostilez egindakoetan, hamabi bertsoak zeuden kopiaturik, itsasoan galdutakoen izenak ematen zituen eta eliztarrak gonbidatzen, itsasoan hildako zumaiarren arimen alde, urtarrilaren 8an ilunabarreko zortzietan ospatuko zen mezara.

Sentitu nuen ezin joan izana! Ondoren jakin nuenez, meza garaian hondoratze haren bertsoak abestu omen ziren.

1878ko enbata

aldatu

Kantauri kostaldeko enbatarik negargarriena suertatu zen 1878ko hura. Bi informazio iturri ditugu eskura, zori-txar haren zirriborro bat trazatzeko: Noticiero Bilbaino egunkariaren orrialdeak eta egile ezezagun baten hamabost bertsoz osatutako bertso sail bat, Tolosako Facundo Adurriagaren eskuizkribuzko bilduma jorian jasoa.

Apirilaren 20an, Ostegun Santu egunean, aipatu egunkariak dio: eguna argitu zuen,

con una bellísima y dulce temperatura, verdaderamente primaveral, reinando una ligera brisa del Nordeste que convidaba a los pescadores a salir a dedicarse a sus faenas de pesca y a bogar por el líquido y dormido elemento hasta alta mar. Así es que casi todas las lanchas pescadoras de nuestros puertos salieron al alborear... Pero sobre las once y media de la mañana varió el viento, empezando a soplar el Sur, aunque suavemente y así continuó hasta la una menos cuarto, hora en que de una manera inesperada, sin señalarlo el barómetro, una manga de viento huracanado del Noroeste se dejó sentir con extraordinario ímpetu, descendiendo de tal modo y tan repentinamente la temperatura que no hubo intervalos graduales entre el calor y el frío. En los tres cuartos de hora que aproximadamente duró tan violento temporal, ¡cuántas lágrimas, cuánto luto ha sembrado en nuestras costas!

Halako zoritxarrik ez zen egundaino ezagutu, bertso sail ezezagunak dioenez. Itsasoa bere mugetan kabitu ezinik zebilela zirudien. Hura zen haizearen eta uraren indarra! Bere kasa baretu artean, ezin inork errenditu.


Desgraziarik orrelakorik
sekulan ez da aditu,
itxaso ori asarretuta
neurrian ezin kabitu;
nere kristauak, aiziak eta
urak indarrak baditu,
aplakatutzen dan arte bera
iñork ezin errenditu.

Ekaitzak kostalde osoa erasan zuen: esan diteke Donostiatik Santanderra bitartian.

Bermeoko laurogeita hamabost arrantzale hil zituen; haietatik hogeita hamar kale berekoak ziren; berrogeita zazpi, Elantxobekoak; hogeita hamabost, Colisdreskoak; hamabost Santanderkoak; zortzi gutxienez, Lekeitiokoak eta, beste batzuk, zenbat izan ziren ez dakigunak, Ondarroakoak, Mutrikukoak, Donostiakoak, Algortakoak...

Italica baporea Castro parean harrapatu zuen enbatak. Itsasoa estaltzen zuen lainoa argitu zuen istant batean, arrantzontzi bat ikusi zuten iraulita, eta gainean hiru gizon eskuak altxatuta, laguntza eske. Ansotegi jaun kapitainak adorezko oihu batzuk egin eta ontzia abortzatzeko agindua eman zuen, salbatzera joateko. Tripulazioa gogotik saiatu bazen ere, haizeak ez zien utzi. Hiru gizon haiek aita semeak ziren.

Beste bertso batek dio ezin daitekeela inor hola hola itsasora. Nabigatzaileak arriskuz inguraturik egon ohi dira. Han hemenka oraingoa bezalako kalteak eginak izanagatik ezingo du inork konturik eskatzera joan al-katearekin.


Ai, itxasora ez dadukagu
edozein moduz juaterik,
an dabiltzanak jeneralian
daude peligroz beterik,
egiten badu emen edo an
modu ortako kalterik
ez dauka iñork alketeakin
justizia egiterik.

Kostako herrietan, zenbait egunez ez zen entzuten alargun eta umezurtz gelditutako emakume eta haurren negar eta intziriak besterik: ume txikiak eta andreak gizona galdu zaienak.

Itsasoak, bitartean, itsasertzera jaurti zituen gorpuak eta hondoratutakoen arrastoak.

Berehala jarri zen abian hildakoen familientzat laguntza eskatzeko kanpaina.

Bizkaiko Foru Aldundiak eman zion herri mailako izen emateari hasiera, mila erreal jarrita. Uste izatekoa da Gipuzkoakoak ere antzera jokatu zuela, nahiz eta probintzia hau zoritxarrak gutxiago zigortua izan.

Noticiero Bilbaínok ere bere zerrenda ireki zuen eta erredakzioak ehun errealen ekarpena egin zuen. Eta Espainia osoan doako funtzio adina laguntza emate antolatu ziren.

Madrilen, urrian egin zen Price zirkuan, Alfontso XII.a eta Mercedes Erregina bertan zirelarik, ikuslegoak oihuka eskatu zion Iparragirreri eszenatokira jaisteko, eta goialdeko eserlekutik bizkarrean ekarri eta hantxe abestu zuen Gernikako Arbola, eta ondoren erregeen palkora igo zen.

Gero, bertsolariari, bertso batzuk idazteko eskatu zioten, argitaratzeko: esan didate ager ditezen ipiñitzeko bertsuak. Agindua gogoz egin zuen hark, bere irakurle eta entzuleei adieraziz, nolako karitatezko obra egingo zuten laguntza emanaz: zer obra ona egingo duen zerbait laguntzen dienak, eta haien alde otoitz eginez: oraziyo guk egin dezagun aientzat mundu onetan, Jaun zerukoak lorian har zitzan: Jaun dibinuak artu ditzala zeruko glori aietan

Horrez gain, albiste interesgarri bi eman zizkigun: lehena, hamabi urte lehenago ere itsasoa haserretu zela: orain amabi urte omen zun piska bat alborotua eta, bigarrena, hirurehun urte bazirela antzeko beste zoritxar bat gertatu zela: orain irureun urte omen zan gertaera au lenago, idatzirik gelditu zena: bañan paperan ipiñi zuten, neroni leitua nago.

Orduan ere arrantzale asko galdu ziren eta salbatu zirenak hain gelditu ziren eskarmentatuak, non ez zuten handik aurrera arriskutan jarri nahi izan; horregatik, ez zen arrainik ekartzen eta kale gorriek uzta gutxi ematen zutenez, Galiziatik etorri ziren arrantzaleak.

Mariñel asko ito omen zan
besteak bildur da larri,
arrisko,ortan berriz geiago
ez omen zuten nai jarri;
gero arrairik ateratzen ez,
kalean kosetxak urri,
Galiciatik arrantzaliak
berriak ziran etorri.

Ezin dezakegu jakin zer enbatez eta zer immigrazioz ari den.

Orioko balea (1901)

aldatu
 
Orioko balea
 
Zorigaiztoko enbataren oroitzapena.

1901eko maiatzaren 14an, goizeko bederatzietan, arrantzontzi batzuk sardinez beteta Donostiara zetozela, balea bat ikusi zuten, sudur zuloetatik bi ur zurrustada botatzen.

Arrantzaleak, inori ezer esan gabe, beste batzuek aurrea hartuko zioten beldurrez, sardinak lehorrean utzi eta azkar jo zuten arpoiez hornitzera.

Baina, baporeetako bat, Mamelena izenetako bat, hamar eta erdietan iritsi zen, Zumaiako parean balea bat ikusi zuela esanez. Hamar ontzi itsasoratu ziren orduan, hamaikana gizon zituztela. Arraunean ordu eta erdi zeramatela, Getariara hurbildu ahala, Oriako itsasadarretik bost txalupa irteten ikusi zituzten, portutik milia batera zirkuluerdi bat osatzen. Oriotarrek ere ikusia zuten balea, nonbait, eta donostiarrei aurrea hartu zioten.

Balea, handia izanik ere, azkar mugitzen zen. Han zebilen joan etorrian, hondarra harrotuz eta murgilduz, zorriak zituen eta haiek bota nahi zituen.

Aundiya bazan ere
azkarra ibilliyan,
bueltaka an zebillen
jun da etorriyan,
ondarra arrotubaz,
murgill igeriyan,
zorriyak zeuzkan eta,
aiek bota naian.

Oriotarrak hornituak zetozen, arpoiez, dinamitaz eta sokez.

arpoi ta dinamitak
eta soka pila,
aguro ekartzeko
etzan jende illa...

Hona hemen patroien izenak: Manuel Loidi, Manuel Olaizola, Eustakio Atxega, Gregorio Manterola eta Zesareo Uranga.

Antilla hondartzan jo zuen hondoa baleak eta oriotarrek itsaso aldetik inguratu zuten. Izan ere, zenbait arran-tzale balearentzat, otsoarentzat ehiztari onak bezalakoxe.

Otso zarari parada artzeko
eiztari onak biar dira,
zenbait mariñel bale kontuban
berriz alakoak dira...

Beldurgarriak ziren balearen salto eta marruak.

Baliak egindako
salto ta marruak
ziran izugarri ta
ikaratzekuak...

Zortzi arpoi bota zizkioten, eta seik jo zuten balea eta hil.

Haiek ziren bibak eta txaloak!
legorretik bazan txalo ta
biba edo deadarrik...

Lotu zuten eta arraunen poderioz ekarri zuten balea eta, marea aurka izanagatik, eguerdirako Oriora iritsiak ziren.

Sokaz amarratua
jarririkan zagan,
jendia arraundian
gogotik asi zan;
baña maria kontra
naiko lana bazan,
ala ere eguardiko
balia erriyan zan.

Mundu guztia han bildu zen ikustera. Hamabi metro zituen luzean, hamar metro gerri biran eta isatsa lau metro zabalean; hegal bi zituen alboetan eta bizar ilara bi ahoan, orraze moduan.

Amabi metro luze,
gerriya amar lodi,
buztan pala lau zabal,
albuetan pala bi;
ezpañetan bizarrak
beste illera bi,
orraziak bezela
ain zeuzkan ederki.

Begi txikiak eta ikaragarria zuen ahoa, handia, irekitzean bi metrora iristen zena, eta azala, berriz, gomazkoa zirudiena.

Begi txikiyak eta
abo txit aundiya,
obeto esateko
ikaragarriya;
metro bi zabaltzen zan,
au da bai egiya,
larru guziya goma,
ura animaliya!

Arrantzale batzuek ziotenez, gure kostaldean harrapatu zen balearik handiena zen. Eta zenbaiten ustez, Fran-tzia iparraldetik egun batzuk lehenago itsasoratu zen balea ontzidi batek hegoaldera uxatua izan zen.

Oriotarrek zenbait egunez jendaurrean jartzea erabaki zuten, herritik gertu zegoen arrapala batean.

Gauza ikusgarritzat
egun batzuetan
erriyaren ondoan
arranplan egon zan...

Azkar zabaldu zen balea harrapatu eta Orion ikusgai zegoelako albistea; mila eta bostehun eta bi mila pertsona artean heldu omen ziren ikustera, eta urrunetik batzuk. Oriotarrek bi erreal kobratu zuten sarrera, eta guztira mila pezeta inguru bildu zituzten.

urrutitikan ere
jendia etorri zan,
milla pezetaraño
diruba bildu zan.

Enkante publikoa egin zuten ondoren, sei mila erreal eskatzen zuten hasieratik. Baina ez zen eskaintzarik egin eta koipetarako urtzea erabaki zuten; hala, kalitate hobereneko hiru ehun arroa atera zituzten eta zazpi mila errealeko irabaziak eskuratu, enkantean lortuko zena baino gehiago.

koipe biurtu eta
aren oliyoa
irureun arrua zan
klase onekoa;
zazpi milla errial
aren baliyoa,
errematia baño
protxu obekoa.

Balea 1.200 arroakoa zen, eta beste 200 bazituen mingainak eta barrenak, tinako sei pezetan soroetarako ongarri gisa saldu zirenak. Balearen bizarrak berriz 120 durotan saldu ziren. Hegal handiak ere saldu ziren, eta hezurrak, berriz, garbitu eta gorde egin ziren. Beraz, gastu guztiak ordainduta, lau mila pezetako irabazi garbia atera zen, artikulu hau egiteko baliatu dugun bertso sail baten arabera, eta hamahiru mila erreal, beste baten arabera.

Hauxe izan zen, gure ustez, gure arrantzaleek hil zuten azken balea. Euskaldunek harekin itxi zuten beren historiaren kapitulu bat, gure zenbait marinel herritako armarrietan jartzeraino, mendeetan zetazeo horien a-tzetik eta harrapatzen hainbeste jardun zutenena. Horrexegatik, garrantzi handia dute azken balea honi buruz gorde diren bi bertso sailek: hogei bertsoz osatuak nahiz bederatzi bertso dituenak.

Lehena da ezagunena, eta bertso paper batean aurkitu dugu, hain zuzen ere, Elustondo Zarautz moldiztegi tipografikoan egindako batean. Joakin Aldabe herri bertsolari edo olerkariak, Beran jaio eta urte luzeetan Orioko sakristau izan zenak egin zituen. Beste argitalpen bat, Errenteriako Makazaga moldiztegian egindako orri bat, moldiztegian bertan eman ziguten. Ibaizabal astekariak ere argitaratu zuen sail hori bera 1903ko maiatzaren 31n; eta Zirikiain Gaiztarrok ere sartu zuen Los vascos en la pesca de la ballena lanean.

Ibaizabal aldizkariaren arabera Arrasateko Florentino Abarrategi zen lan horren egilea. Baina, ez dakigu zertan oinarritzen den baieztapen hori egiteko orduan, bertsoetako euskara ez baita eskualde hartakoa.

Bestalde, 1964ko otsailaren 13an, Basarrik La Voz de España egunkarian argitaratutako artikuluan, hau zioen:

Según uno de los que tripularon en el lance la trainera de Achaga, los versos fueron compuestos por un sacerdote, natural de Orio apellidado Orbegozo. Ejercía su ministerio en Zumaya.

Orioko Gregoria Ibargoienek, bertso paper bilduma oparoa eman zidanak, hark ere horixe bera zioen, bertso horiek apaiz batek idatzi zituela, alegia. Baina ez zekien haren izena.

Bigarrena, berriz, V. Iraola moldiztegi eta litografia lantegian egin baziren ere, ez dakigu egilearen izena.

Lehenengo bertsoek, baleari egindako erasoa eta heriotza kontatzen dutenak, hirugarren pertsonan idatzita daudenez, uste izatekoa da bertsolaria ez zihoala balea harrapatu zutenekin traineruan. Baina, laugarren bertsoaren azken zatian, balea kairaino herrestan eraman zutelako berria ematen hasten denetik, pluraleko lehen pertsonan hitz egiten du, bera ere bertan zela eta ziur asko Oriokoa zela aditzera emanaz.

Azken bertsoak ematen du Oriok urte hartan egin zituen balentria handien berri: alde askotan aziyo aundik egiña da aurten Oriyo. Agian, balentria haietako bat da, Manuel Olaizola —balearen harrapaketan buru ibili ziren bost haietatik bat— patroi zuela, oriotarren tripulazioak Donostiako estropadetan bandera irabazi izana. Baina, orduan, bertso hauek ez ziren iraila bitartean paratu! Eta, hori gutxi balitz bezala, oriotarrek asmatu zuten benetan gauza zaila eta meritu handikoa egiten: saldu ostean, baleari etekina ateratzen.

1901eko ekainaren 6an, Udaleko aktan idatzirik dagoenaren arabera, bost patroiek eskari bat egin zioten Udalari: beraientzat eta beren marinelentzat eman ziezaiotela merienda bat egiteko diru laguntza; izan ere, baleak etekin handia eman baitzien ez Udalari soilik, baita ostalari eta tabernariei ere.

Udalbatzak, bilkura berezi batean, Frantzisko Aiestaran alkatea buru, eta Kalisto Arin, Jose Maria Salsamendi, Antonio Mutiozabal, Antonio Maria Loidi, Jose Manuel Aristegi eta Juan Sagarna jaun zinego-tziak bertan zirela eginikoan, aurreikusi gabeko gastuen atalburutik ehun pezeta ematea erabaki zuen, aho batez.

Gauza zaila izango da pezetaren balio gutxitzearen adibide argiago bat aurkitzea: gaur egun ogitarteko bat erosteko lain ez den diru kopuruaz, mendearen hasieran hirurogei arrantzaleei jaten emateko adina zen.

Ez dakigu noiz egin zen merienda hori. Baina, aipatzen ari garen bertso sailak gertakarien ondoren eginak izan baziren, zalantzarik gabe, merienda ostean kantatuko zituzten. Lehen bertso saileko bertsoak herrian txertatuak daude eta Orion sarritan entzuten direla ere ziur esan dezakegu.

1854ko balea

aldatu

1878an harrapatutako balea zela eta, Getaria eta Zarautz aurrez aurre jarrita 1879an egin zen auzian, zergatik ez dakigularik, hainbat lekukori galderak egin zitzaizkien, hain zuzen ere, 1854an hil zuten beste balea bati buruz. Haien aitorpenak eta bertso batzuk gai berari buruz esaten dutena kontuan hartuta, antzeman dezakegu gertariak nola gertatu ziren.

Donostiako uretan, 1854ko urtarrilaren 17an, balekume bat agertu zen Zurriola aldean. Hiru arrantzontzi irten ziren harrapatzera. Haietako baten patroia zen Jose Manuel Ezenarro, 1879ko deklaratzaileetako bat.

Bertsoetan azaltzen denez, Luis Gaiztoak sartu zion lehen arpoia; Luis Gaiztoak emanik lenengo arponada; Jose Karamelok bigarrena, Jose Karamelok bigarren kolpian.

Baina, 1879ko epaiketaren arabera, Nikolas Olaizolak sartu zion lehen arpoia, eta Luis Sukiak bigarrena, nahiz eta Luis Gaiztoa izan zitekeen, Azkuek bere Cancionero popular vascon hartaz hau baitio: fue un ondaroés que vivió en Fuenterrabía hace unos 65 años. Baleari odola zerion, bizkarretik behera: baliari odola bizkarra betian.

Kontxa aldera jo zuen, harrapatzaileen ontziak herrestan zituela.

Bat batean agertu zen balea handiago bat, aurrekoaren ama seguruenik, eta arrantzaleen ontzien eta balekumearen erdian sartu zen, hura lotzen zuten amarrak eta estatxak hautsita.

Hala, ordurako hila zegoen balekumea hondora joan zen: ondora joan zitzaigun balia bil zanian.

Luze zihoan eta, berriro ur gainera ez zela azaltzen ikusita, gaua iritsi zenean, marinelak joan egin ziren, nekatuta: etxera etorri giñan agiri etzanian.

Baina, bi zelatari jarri zituzten kaian gora, balekumea ur gainera igotzen ote zen ikusteko.

Bare igaro zen gaua. Baina eguna argitu baino lehentxeago, berriro azaldu zen; Orduan Getariako ontzi bat etorri zen, berari heldu zion eta atoian jarri zuten eramateko: getariarrak artu azaldu zanian.

Zelatariak laster joan ziren haren berri ematera. Donostiako txalupa bat irten zen Getariarren atzetik, eta, harrapatuta, balekumea itzularazi zioten.

Getariarrek, gehiago izanik, erantzun hau eman zioten: epailearen indarrak erabakiko zuen auzia.

Hartan, Donostiako beste bi txalupa heldu ziren euren kexuekin; baina Getariarrek ezezkoan zeuden.

Haietakoren bat kontrarioei arpoiez mehatxu egitera ere iritsi zen: petxutikan sartuko ziola arpoia.

Baina, Luis Gaiztoak, mehatxua bete zezala esanaz, bularra azaldu zion: petxua zabalduta Luisek sartzeko.

Donostiarrek Getariarren amarrak eten, beraienak lotu eta balekumea Ondarreta hondartzaraino garraiatu zuten, Getariarren ontzia atzetik zutelarik.

Lehorrera salta zuten bai batzuk, bai besteak. Arpoiak sartuta zituen artean balekumeak. Donostiarrek gal-dera bota zuten, alegia, ea norenak ziren arma haiek; hara inguratu zen jendetza zen lekuko, eta getariarrak isilik gelditu zirenez, hantxe erabaki zen auzia. Jose Manuel Sereno izeneko batez hitz egiten dute bertsoek: hark eman zituen ukabilkadak, ez zeini ez noiz eman zizkion adierazten ez direnak, Getariatik ere entzun omen ziren, eta horregatik jendearen miresmena irabazteaz gain, famatua egin zen.

Jose Manuel Serenok
indarrak baditu,
aren zartarakuak
Getariak aditu;
jente guztia orduan
omen zan arritu,
izugarrizko famak
ark ekarri ditu.


Ondarretan jarri zuten balea erakusgai. Getariatik ere etorri zen jendea ikustera, baina ez zitzaien sartzen uzten sarrera ordaindu gabe.

Getariari oriek
etziran izutzen,
Antiguora juanda
balia ikusten;
pagatu gabetanik
etzinen uzten,
sartu baño lenago
bi txanpona zuzen.


Bertso hauek azaldu ziren gorago aipatutako epaiketan, 1879koan, zarauztarren abokatuak honako hau esan zueneko hartan:

... Podríamos tal vez ofrecerles para su solaz y divertimento alguno de los ejemplares de un gracioso romance vascongado a que dio margen la ocurrencia, castigo único que por medio del brazo secular de sus coblakaris acostumbra a imponer este grave, severo y morigerado país a los que fundan una rídicula vanagloria en el prurito de engalanarse con ajenas plumas...

Donostiako Akuarioan bada gorderik balekume horren litografia bat, Donostiako Litografía de Gordon Hermanos en lanean, Monedero sendagilearen oharrez eta haren gidaritzapean egina. Hona hemen han ematen diren neurriak: luzean, hogeita sei oin eta bederatzi ontza; gerribueltan, hamasei oin eta bost ontza; garaieraz, sei oin...

Eta epaiketak beste berri interesgarri bat ematen digu; hau da, 1854a baino lehen Kantauri itsasoan, Higer lurmuturretik Matxitxakora bitartean, harrapatutako azken balearena: fue por los marineros de Zarauz a principios del presente siglo, y estuvo expuesta y fue exhibida y utilizada en la playa o arenal del mencionado puerto de Zarauz.

Deklaratzaileak, ordea, gertakari haren begizko lekukoak ezin zitezkeen izan. Horregatik, esan zuen haietako batek que tenía oído que sucedió asi, pero no lo sabe con certeza.

Zoritxarrez, baliatu ditudan bi informazio iturriak, ezagutzen ditudan bakarrak, auzilarien arteko baten al-dekoak dira. Bestearen deklarazioa falta da; hots, balantza berdinduagoa utziko zukeen Getariarrena.

Haurtzaroan gure amari —donostiarra zen bera— entzun izan nion bere aurrekoen garaian balekume bat hil zutela arrantzaleek; baina balea handiago bat, ama izan zitekeen bat agertu zela eta ahal bezainbat hurbiltzen zela balekumearengana, berarekin eraman nahiez bezala, eta egiten zituen marruak hiriko jende askok en-tzunak zituela. Inola ere, 1854ko balekume hori bera da. Horregatik, atsegin handia izan da niretzat baieztapen hori familiako tradizio batean aurkitzea.

1 Milla hederatzi eunda
lenengo urtean,
Mayatza‑ren amalau
garren egunean:
Oriyoko erriko
barraren aurrean
balia agertu zan
beatzik aldian.

2 Aundiya bazan ere
askarra ibilliyan
bueltaka an zebillen
junda etorriyan
ondarra arrotubas
murgill igeriyan
sorriyak zeuzkan eta
arek bota naiyan.

3 Baña sorri mantzuak
egin zuten junta
gerra egin bear zala
baliaren kontra:
naiz gogor arraskatu
ez utzi, aguanta,
odola txupatubas
muturra sartuta.

4 Sorri azko zeukan da
azkure buruban
argatik ondarretan
arrazkatzen zuan:
ala ere sorririk
kendu ezin zuan
baliaren indarrak
baliyo etzuan.

5 lkusi zutenian
ala zebillela
beriala juntziran
treñeruen billa
arpoi ta dinamitak
eta soka billa
aguro ekartzeko
etzan jende

6 Bost treñero juan ziran
patroi banarekin
jende bizkor bikaiñ
guztiz onarekin
Manuel Olaizola
eta Loidi‑rekin
Uranga, Achaga ta
Manterola‑rekin.

7 Bost txalupa ayetan
jun ziran gizonak
arraunian dirade
sendo ta txit onak ez
dirade balian
kontra lo egonak
dinamita ikusi
suben an zegonak.

8 Baliak egindako
salto ta marrubak
ziran izugarri ta
ikaratzekuak!
atzera eragin gabe
ango arriskubak
arpoiyarekin ill zuten
an ziran angoak!

9 Bost txalopa jiranda
erdiyan balia
gizonak egin zuten
bai naiko pelia:
ikusi zutenian
ill edo itoa
legorretikan bazan
biba ta txaloa

10 Sokaz amarratuta
jarririkan zagan
jendi arraunian
gogotik asi
baña maria kontra
naiko lana bazan
ala ere eguardiko
balia erriyan zan.

11 Ikuste gauza zan
ura legorrian
osorik zaguala
ill dako egunian:
itxura galdu zuan
gero egonian.
mermatu ta txikitu
bigundu zanian.

12 Amabi metro luze
gerriya amar lodi
bustan pala lan zabal
albuetan pala bi
españetan bizarrak
beste illera bi
orraziak bezela
ain zeuzkan ederki.

13 Begi txikiyak eta
aho txit aundiya
obeto esateko
ikaragarriya:
metro hi zabaltzen zan!
au da bai egiya,
larru guziya goma
ura animaliya!

14 Gauza ikuzgarritzat
egun batzuetan,
erriyaren ondoan
arranplan egontzan:
urrutikan ere
jendia etorri zan.
milla pesetaraiñon
diruba bilduzan.

15 Errematian gero
jarri zan saltzeko,
sei milla errialian
almoneratzekò:
iñork etzuan artu
balia ezertako
baña baliyo zuan
koipe biurtzeko.

16 Koipe biurtu eta
aren oliyua
irureun arrua zan
klase onekoa:
zazpi mila errial
aren baliyua
errematia baño
protxu obekoa.

17 Gorputzez zan milla ta
berreun arrua
beste berreun
ta tripa barruak
gutxi janez etzegon
batere galdua
sei pesetan
izan zan salduba

18 Eunda ogei duroz
balean bizarrak
aguro zaldu ziran
bere egaltzarrak
garbitu ta gordiak
dauske esurtzarrak
kontu aundiyarekin
lodita medarrak.

19 Egindako gastubak
pagaturik danak
laubat milla peseta
gelditu diranak:
ondo gozabitzate
Oriyotar danak
zayatu diralako
emandiye jaunak.

20 Gertatuba jarri det
egiyaren alde,
au orrela ez bada
jendiari galdi
biyotzes posturikan
atzegintzu gaude
biba Oriyotarrak
esan bildur gabe.