Baserri honen izena 1566. urtean azaltzen da, lehenengo aldiz, Donostiako toponimiako Igeldoko baserrien zerrendan, Yturrieta izenez. 1776an, Yturrieta Zarra. Jose Enea izenarekin ere ezagutu izan da baserri hau; haren horma batean ikus daiteke izen hori. Baserri zaharrenetako bat da. Martikorena sendia bizi izan zen aspalditik. Juandegi baserriko Tomas Martikorena, esate baterako, bertan bizi izan zen, bere familiarekin. Gerora, Arrillaga-Etxebeste sendia azaltzen da baserri honetan.

Martikorenatarren sendian topatu dugun lehenbiziko bikotea Paskual Arrillaga Zatarain eta Josefa Martikorena Elosegik osatua da. Badakigu gutxienez seme bat izan zutela: Jose Mari; agian, gehiago. Jose Mari Arrillaga Martikorena semea Lorentxa Sagardia Urkiarekin ezkondu zen. Zortzi seme-alaba izan zituzten: Luis, Manuel, Joxe, Mateo, Isabel, Frantziska, Maria Luisa eta Lorentxa Arrillaga Sagardia. Ama, Lorentxa alabaz erditu zenean, hil egin zen; eta handik 40 egunera, aita. Familia hura han bizi zen garaian, konpondu egin zuten baserria, eta Josenea izena eman zioten, 1896. urtean. Garai hartan abere asko izaten zuten ukuiluan: idiak, behiak, oiloak, oilaskoak, konejuak... Baratzeko lana ere egiten zuten, baina ia dena etxerako.

Luis Arrillaga Sagardia gelditu zen baserrian. Ignazia Etxebeste Etxebesterekin ezkonduta, sei seme-alaba izan zituzten: Ignazio, Maria, Isabel, Mateo, Joakin eta Luis Arrillaga Etxebeste. Luis aita, 36 urte zituela, egun batean bere idi parea hartuta mendira joan zen, han istripua izan eta hil egin zen. Emaztea haurdun zegoen. Maria eta Mateo anai-arrebak gelditu ziren baserrian, etxebizitza banatan.

Iturrietako amona Ignazia egunero, Bordako Joseparekin batera, Donostiako Bretxako azokara joaten zen, oinez, barazkiak eta esnea saltzera. Ignazik xextera beti buru gainean eramaten zuen; Josepa, berriz, astoarekin joaten zen. Haize handiko egun batean, Ignazi etxera bueltan zetorren, xextera buru gainean zuela; autobusa pare-parean gelditu zitzaion, gidariak sartzeko esanez, baina Inaxik, oinez joatea nahiago zuela-eta, aurrera segitu zuen, haizeari aurre eginez, oker-oker eginda.

Maria Arrillaga Etxebeste Lapabide baserriko Migel Martikorena Usategietarekin ezkondu eta alaba bat izan zuten: Lourdes Martikorena Arrillaga. Migelek Lizarriturri lantegian lan egiten zuen, oinez joaten zen egunero, goizean goiz abiatuta.

Mateo Arrillaga Etxebeste Soraluzeko Mariasun Eguren Oregirekin ezkondu zen. Alaba bat izan zuten: Idurre Arrillaga Eguren. Mateo igeltsero lanean aritu zen. Ukuiluan ganadu pixka bat izaten zuten.

Bi familiak Pontia iturrira joaten ziren gobada egitera, Iturritxo baserriaren parean zegoena, bidearen beste aldean.

Iturria: Idurre Arrillaga Egaña