Iturritxo
Donostiako toponimian Yturricho izenarekin azaltzen da baserriaren lehen aipamena 1841ean. Etxea Iturritxo iturriaren goialdean kokatuta dago. Topatu ditugun haren lehen nagusiak Iraola familiakoak dira.
Hasiera batean, bi etxebizitza ziren: Haietako batean, Txoxa baserriko Iraola sendia bizi zen. Beste aldean, Juana Iradi Iraola eta Gaztaintxabaleta baserriko Jose Mari Martikorena bikotea jarri zen bizitzen. Alaba bat izan zuten, Josefina Martikorena Iradi. Hasieran, Gaztaintxabaleta baserrian bizi izan ziren; baina, gerora, hura saldu eta Iturritxora etorri ziren. Ondoren, 1894an, baserrian obra egin eta eraikina bost etxebizitzatan banatu zuten. Bolada batean hogei bat lagun bizi izan ziren bertan.
Jose Marik harrobian lan egiten zuen. Zazpi bat langile zituen lanean. Harrobitik ateratako harriarekin Donostiako San Martin kalean dagoen epaitegiko eraikina altxatu zuen. Idiekin eta behiekin makina bat joan-etorri egin zuten, harria garraiatzen. Gazterik hil zen. Juana Iradi Iraola, senarra hil ostean, Errezilgo Frantzisko Oiartzabalekin ezkondu zen; seme bat izan zuten: Jose Mari Oiartzabal Iradi. Bizimodua ateratzeko, ganadu pixka bat jarri zuten: behiak, txekorrak, konejuak... Baratza asko landu zuten. Juana bera joaten zen, esnea eta barazkiak saltzera, Donostiako San Martin merkatura.
Josefina Martikorena Iradi Jose Luis Olidenekin ezkondu eta alaba izan zuten: Rosa Mari Oliden Martikorena. Josefina etxeko lanean eta baratzean aritzen zen; Jose Luis, berriz, txofer, Igeldoko autobusean, baita kamioilari eta Donostiako erresidentzian zaindari moduan ere. Gaur egun, Rosa Mari bizi da, bere familiarekin, eta baratza pixka bat egiten dute. Etxearen zati bat landetxe moduan jarria dute, Rosa Mariren familiaren ardurapean.
Juana, Josefina eta Rosa Mari, etxeko hiru emakumeak (amona, ama eta alaba) Iturritxoko iturrian makina bat arropa garbitutakoak dira. Donostiatik asto gainean igotzen zuten arropa.
Jose Mari Oiartzabal Iradi semea Irene Galparsororekin ezkondu zen, eta semea izan zuten: Aitor Oiartzabal Galparsoro. Irenek denda batean egin zuen lan urte askoan; eta Jose Marik, kamioilari. Donostiako Zapatari auzoan bizi dira.
Iturria: Rosa Mari Oliden Martikorena