Donostiako toponimian, Perus baserriaren XIX. mendeko aipamenetan izen desberdinak azaltzen dira, urte batzuetan: 1831. urtean, Peruz izenez; 1844an, Peretzu moduan; eta 1884an, Oporto ere agertzen da.

Baserri honetan topatu dugun lehenbiziko familia ezeizatarrena da. Familia horretako seme bat Josefa Antonia Tolosa Urretabizkaiarekin ezkondu zen. Bi seme-alaba izan zituzten: Joakin eta Anttoni Ezeiza Tolosa. Josefa Antonia alargun gelditu eta Gaintzako Daniel Olanorekin ezkondu zen. Bikote berriak hiru seme-alaba izan zituen: Josefa, Juana eta Juan Jose Olano Tolosa. Daniel harrobiko lanetan aritu zen; etxeko idi-parearekin, harrobian eta beste baserri batzuetan ere bai.

Juana Olano Tolosa alaba gelditu zen etxean eta, XX. mendearen erdialdean, Zizurkilgo Joxe Pastoriza Cachorekin ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Jose Juan, Maria Jesus, Joakin, Dani eta Xabi. Baserrian bospasei behi izaten zituzten, eta baita idiak eta txekorrak ere. Baratzeko lan asko egiten zuten. Esnea saltzera, hasiera batean, Donostiara joaten ziren; gerora, Gurelesara. Beltxina izeneko astoa ere bazuten, esne-karraioan laguntzen ziena. Eta arrokatik lapa eta lanperna asko biltzen zuten, saltzeko.

Edateko ura Bustinzuri baserriaren pareko iturritik ekartzen zuten. Baserrian ferra-lekua zuten, eta inguruko baserrietatik etortzen ziren bertara animaliak ferratzera: Agiti, Bustinzuri...

1974 inguruan, obra egin eta taberna-merenderoa jarri zuten, eta hainbat urtean lan asko egin zuten. Udan, Agititxabaleko arroketan ere postua jartzen zuten, eta han izozkiak, ura, zerbeza... izaten zuten salgai.

Gerora, baserria saldu egin zuten, eta gaur egun beste familia bat bizi da han.

Iturria: Jose Juan Pastoriza Olano