Prentsa, irratia eta telebista/Egunkariak eta aldizkariak/Aldizkariak

Euskal kultura

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Gaur egun, aldizkariaren kontzeptu tradizionala azterketa sakonetan sarturik dabil. Ziur asko urte gutxi barru aldizkariak paperean ez dira inprimatuko, eta molde elektronikoan baino ez dira banatuko. Trantsizio aldi honetan, bi garaien arteko unean, egokia dirudi Euskal Herriko aldizkarien egoera zein izan den eta zein den errepasatzea, aniztasunak lantegi hau biziki eragozten duela jabeturik. Aldizkariak aurkezterakoan egindako sailkapena halabeharrezko samarra da, baina aldizkari bakoitzaren eduki-aniztasunak egituraketa zurrunak egitea galarazten du. Nolanahi ere, aurkezpen honekin aukera izango dugu argitalpenen mundu zabalera hurbiltzeko.

Aurkezpena

aldatu
 
Yakintza.

Azken urteetan, informazio idatziaren industria aldaketa sakon batean murgildurik dabil, bi gertakizunen ondorioz. Bata ekonomikoa da, enpresen kontzentrazioa; eta bestea teknologikoa, edizioen teknologia merkatzea eta, aldi berean, paperik gabeko transmisiorako euskarri berriak garatzea.

Kontzentrazioa begien bistakoa zaio kioskora hurbildu eta salgai dauden aldizkarien erdia baino gehiago dozena bat argitalpen taldek ateratzen dituztela egiaztatzen duen edonori. Eskaintza zabala eta anitza da, baiki, baina lehia itxurazkoa baino ez da, ekimen pribatu txikiek nahikoa irakurle erakarri eta biziraupena bermatzeko aukera oso murritzak dituzten merkatu batean. Euskal kulturaren esparruan, gauzak ez dira oso ezberdinak. Korporazio handiek (Grupo Correo, Sud Ouest, Diario de Navarra) hedapen handiko aldizkariak dituzte merkatu nazionalean: ekonomikoak, aisialdiko eta bidaietakoak, informazio orokorrekoak. Beheragoko maila batean daude, urteak joan ahala eremu espezializatuetan aldizkariak sendo ezarri dituzten zenbait argitaletxe. Sailkapen honetako hirugarren taldea osatzen dute kioskoko merkatuaren borroka desorekatuan parte hartzeari uko egiten dioten eta irakurlearekiko harreman zuzen eta hurbilago bat nahi duten elkarte, asoziazio eta «frankotiratzaileek» sustatutako hainbat aldizkarik. Talde aparteko bat osatzen dute bestela bizirauterik ezingo luketen sektore publikoak bultzatutako argitalpenek: zientifikoak, kulturalak, euskarazkoak eta abar.

Gaur egun, aldizkariaren kontzeptu tradizionala sakonean berraztertzen ari da. Ziur asko urte batzuk barru aldizkariak paperean ez dira inprimatuko, eta molde elektronikoan banatuko dira soilik. Hautabide horrek, gastu ekonomikoa eta are ekologikoa arintzeaz gain, aldizkarien argitalpena demokratizatzea eta horien moldeak aniztea posible egingo du, eta aldi sortzaile berriek eremu gero eta zabalagoa den bat aberastea ahalbidetuko du.

Trantsizio aldi honetan, bi garaien arteko unean, egokia dirudi Euskal Herriko aldizkarien egoera zein izan den eta zein den errepasatzeak, aniztasunak lantegi hau biziki eragozten duela jabeturik.

Aitzindariak, XIX. mendea

aldatu

Bigarren Karlistada amaitzean, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako foruak murriztu egin zituzten, erreinuaren «batasun konstituzionalaren» mesedetan. Ondorioz, kontzientzia euskaltzalea piztu, eta hainbat argitalpen agertu zen, horien bidez bertako intelligentsiak «herri honi dagokion orotan hedatzen diren errakuntza ikaragarriei» –Fermin Herranek adierazi zuen moduan, Revista de las Provincias Euskaras fundatu zuenean– aurre egin nahi baitzien.

Beraz, mendearen azken bi hamarkadetan ezin konta ahala aldizkari euskaltzale sortu ziren, eta horien bidez euskal ikasketak berpiztu: Iruñean Arturo Campionen Revista Euskara, Donostian Jose Manterolaren Euskal Erria, Gasteizen aipatu Revista de las Provincias Euskaras, eta Baionan Eskualduna.

Aipatutako guztien artean garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Revista Euskara de Navarra izan zen. Nafarroako Euskal Elkartea izenekoaren hilabetekaria zen, bere xedea zen «hizkuntza, literatura eta historia euskal nafarra mantendu eta hedatzea, legeria ikastea eta herriaren ongizate moral eta materiala bermatzen saiatzea». Aldizkariaren eta Elkartearen atzean Arturo Campion Nafarroako euskaltzaletasunaren patriarka zegoen. Sei zenbaki argitaratu ziren 1878tik 1883ra; batik bat literatura jorratzen zuten, euskaraz eta gaztelaniaz; duela urte batzuk Eusko Ikaskuntzak berrargitaratu zuen bilduma osoa. Revista Euskara-k, betiko ukitu erromantikoaz, etorkizuneko euskal nazionalismoaren nortasun ikur sinboliko, mitologiko, folkloriko eta historiko kulturalen ezarpena bultzatu zuen.

Gasteizen, 1878an berean, Fermin Herran abokatuak, liberal foruzaleen Tertulia Vitorianako kideak, Revista de las Provincias Euskaras sortu zuen. Hamaboskariak 1889ra arte bere biziraupena segurtatu zuen, Aldundien laguntzari esker. Iruñea eta Donostiako izenkideek bezala, Gasteizko aldizkaria kolore ugariko magazin bat zen, eta han landu baitziren historia, kronikak, artea, kondairak, berriak, bidaiak...

Fermin Herran berak Bilbon zuzendutako Revista de Vizcaya hamaboskariak ere (1885 1889) joera kulturazale bera izan zuen; aldizkarian idazle jardun zuten, besteak beste, Miguel Unamunok, Sabino Aranak, Clarín-ek edo Antonio Truebak. Revista Euskara ren Donostiako ordezkaria, Jose Manterola folklorista, mugimendu horri lotu zitzaion Euskal Erria, Revista Vascongada-rekin, herrialde mailako zenbait erakunderen eta Nafarroako Euskararen Elkartearen beraren babespean. Aldizkariak Euskal Herriko tradizio herrikoiak, historia eta literatura zabaldu zituen 1880 eta 1918 bitartean, joera foruzaleko pentsamendu politikoaz –«euskalerriako» izenekoa izan zena– gaindi. Euskal Erria-k irudigile bikain bat izan zuen: Angel Pirala.

Iparraldean

aldatu
  • Eskualduna

Joera ezberdinekoa baina aurrekoen ahaide da euskal apaizek sortutako Baionako Eskualduna «journal basque français» delakoa.

  • Le reveil basque

Gehienbat euskaraz idatzitako Le Réveil Basque-k hedatutako ideia errepublikar berriei aurre eginez, Eskualduna-k euskal kulturaren apologia egin zuen, 1887az geroztik, joera katolikoa azalduz.

Eskualduna desagertu ondoren, Le Réveil Basque aldizkariak nagusitasun osoa izan zuen, eta hainbat urtez Iparraldeko euskarazko komunikabide bakarra izan zen. Francoren estatu kolpearen alde agertzeaz gain, okupazio garaian jarrera lotsagarria erakutsi zuen, Hitler en diskurtsoak euskaraz argitaratu zituelarik. Mundu gerra amaitzean, aldizkaria itxi egin zuten.

  • Herria

Hutsunea betetzeko, 1994an Lafitte Abadeak Herria sortu zuen, Alejandro Sota eta Telesforo Monzonen laguntzaz, oraindik ere astero argitaratzen den astekaria, eta astean 3.000 ale inguru saltzen ditu. Gai kultural eta politikoak jorratzen ditu, hizkera argi, lau eta laburrez, irakurle asko erakartzeko egokia.

  • Euskaltzale

Ez dezagun ahaztu, ordea, osoki euskaraz idatzitako lehen aldizkaria Euskalzale izan zela, Resurrección Mª Azkue argitaratua, 1898 eta 1899 bitartean; nolanahi ere, gobernuaren aginduz artikulu guztiak itzuli egin behar izaten ziren.

XX. mendeko aldizkariak

aldatu

Arturo Campionek 1907an Euskal Esnalea Elkartea sortu zuen, «Gora euskara maitagarria!» goiburuarekin. Hurrengo urtean, Tolosan, Euskal Esnalea argitaratzeari ekin zitzaion. Aldizkaria euskal literaturaren komunikabide nagusia bihurtu zen, argitalpenak orotariko gai eta auziak jorratu arren, euskara hizkuntza jaso homologagarria bihurtzeko ahaleginean.

  • Euskal Herriaren alde

1911n Euskalerriaren Alde agertu zenean, Euskal Esnalea haren literatur gehigarria bilakatu zen. Euskalerriaren Alde kultura sustatzeko erakunde bat ere izan zen; 1911tik aurrera euskal festa ospetsuak antolatu zituen, eta idazleen belaunaldi berri baten jaiotza bultzatu zuen. Hura, 1931n desagertu zen.

  • Euskera

Euskaltzaindiak Oñatiko Eusko Ikasketen Lehen Biltzarraren ondotik sortua, 1920az geroztik bere argitalpen ofiziala editatu zuen: Euskera, “Euskaltzaindiaren Lan eta Agiriak”. Urteetan barrena –1936 eta 1953 bitartean geldirik egon zen aldian izan ezik–, aldizkariak euskal hizkuntza eta literaturari buruzko eta erakunde akademiko honi buruzko kontsulta eta ikerketarako behar beharrezko materialak pilatu ditu.

  • Argia

Iparraldeko Eskualduna eredu hartuta, 1921ean Argia agertu zen Donostian, euskal hiztunei bertako komunikabide bat eskainiz. Argia-ren atzean, besteak beste, Gregorio Mujika zegoen, Euskal Esnalea eta Euskalerriaren Alde-ko zuzendari izandakoa. Historialariek adierazi dutenez, Argia-k hizkera estandar bat bermatzeko meritua izan zuen, eta horrek irakurlegoa ugaritu zion, astean 10.000 ale saltzen zituelarik –garai hartan, El Liberal edo Euzkadi-ren antzeko egunkari handiek 25.000 ale inguru saltzen zituzten. Argia k, gainera, «hasieratik egiazko mass media bilakatu zuten orotariko baliabide tipografiko eta grafikoak erabili zituen» (J. Diaz Noci). Gerra Zibilaren aurreko urteetan, Argia-k inprimatzeko prozedura modernoak sartu zituen, besteak beste, kalitate handiko argazkiak erreproduzitzeko errotograbatua; hari esker hurbildu zen Life edo Paris Match aldizkari grafikoen eredura.

  • Gure Herria

Gure Herria-ren lehen alea 1921ean inprimatu zen, halaber, Baionako izen bereko Elkartearen kultur aldizkariarena. Blazy apaizaz gain, bultzatzaile nagusietako bat Ainxuberro fundatzailea izan zen, beste batzuen artean, 1925az geroztik zuzendaria eta 1950eko berragerpena ahalbidetu zuena, hamaika urteko isilaldiaren ondoren. Argitaratzeari 1976an utzi zion.

  • Yakintza

Euskalerriaren Alde eta Euskal Erria-ren oinordeko zuzena Yakintza izan zen. Idazle- eta irakurle-belaunaldi berri bat jaso zuen 1933az geroztik, Ariztimuño, «Aitzol» apaizaren gidaritzapean. Nazionalismo sabindarraren hurbileko argitalpen honek 21 zenbaki editatu zituen, Gerrak bizia erauzi edo kendu zion arte, zuzendariari erauzi zion moduan.

Gerraostea

aldatu

Matxinatuak 1939an irabazle suertatu zirelarik, euskal aldizkariak –salbuespen urri batzuetan izan ezik– galaraziak izan ziren, eta editore gehienek «barne erbestea» jasan zuten edo atzerrira alde egin zuten, beren lanari ostera ekiteko. Erlijiosoen erakundeen bitartez baizik ez ziren ernatu, astiro eta herabeki, garai batean oparoa zen kultura euskaldunaren agerraldi berriak: Tolosako aita frantziskotarren Anaitasuna 1945az geroztik, Zornotzako karmeldarren Karmel 1951z geroztik, Olerti izeneko bere Euskal poesiaren Koaderno bikainarekin, edo Jakin.

  • Jakin

Jakin-ek, 1956az geroztik Arantzazuko frantziskotarrek argitaratutako erlijio-aldizkariak, 1967an aldi berri bati ekin zion, luze gabe agintari frankistek debekatu zuten arren. Juan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean, Jakinek itzala du euskal argitalpenaren munduan. Liburu formatuaz eta euskaraz sortu zen, hiruhilabetekari, baina 1989tik aurrera bi hilean behin argitaratzen da.

Bitxikeria gisa, atal honetan izenbururik gabeko aldizkari bat aipatuko dugu, argitaratzaileen siglez ezaguna: EMBOR (Manuel Egileor, Bordazale eta Jose Mª Errazti). Kultura eta gai politikoak jorratu nahi zituen, bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta horrexegatik debekatu zuten agintariek. Hala ere, bederatzi zenbaki banatzea lortu zuten, 1961eko urtarriletik 1964ra bitartean.

Euskalduntza

aldatu
  • Aizu

Duela hogei urte baino gehiagotik AEK-k Aizu! “Euskarazko Oinarrizko Aldizkaria” argitaratzen du, euskalduntzea, sustapena eta alfabetatzea helburu. Batik bat euskara ikastek diharduten ikasleei zuzendutako hilabetekari bat da, eta informazio orokorra, elkarrizketak zein orotariko erreportajeak eskaintzen ditu. Testuak hobeto ulertzeko hiztegi txiki bat ere eskaintzen du.

  • Zutabe

Zutabe agertu zen 1983an, HABE-ren Euskararen Hizkuntza Zerbitzua, didaktika-ko lehen hiztegia. Hizpide lau hilabetekaria erantsi zitzaion 2001etik. Hizkuntza eta beraren ikaskuntza ditu gai nagusiak.

  • Habe

Bestalde, bada ikasle helduei zuzendutako hilabetekari bat: Habe, “Euskaraz ari garenon aldizkaria”. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak 1992az geroztik argitaratzen du denbora pasako aldizkari hau, ikasleentzat informazio interesgarria ere eskaintzen duena.

  • Euskaltzale

Gure helburua aldizkari guztiak xeheki aipatzea ez denez, zerrenda labur hau Euskaltzale, Euskaltzaleen Kazeta rekin osatuko dugu. Argitalpen horrek euskarak gizartearen esparru ezberdinetan, osasungintzatik unibertsitatera, duen tratamendua aztertzen du.

Folklorea paperean

aldatu
  • Bertsolariya

Gipuzkoako Errenteria herrian, Xenpelar handiaren jaioterrian, bertsolari buruzko euskarazko astekari bat argitaratu zen 1931tik eta 1932ra bitartean: Bertsolariya. Guztira 54 zenbaki zabaldu zituen. Berriki, 1991n, lekukoa Bertsolari aldizkariak hartu du, Zarautzen Bertsozaleak Kultur Taldeak argitaratu eta Joxean Agirre kazetariak zuzendurik. Hiruhilabetekari honek, euskara hutsekoa eta paperaren kalitatean, diseinuan eta argazkietan itxura zaindukoa, bertsolarien alderdi ezezagunenak erakusten ditu, elkarrizketa eta erreportaje gizatiarren bidez.

  • Txistulari

Euskal folkloreari buruzko argitalpen klasikoa da Txistulari. Txistua gainbehera betean zegoen, jada aipaturiko 1918an, Eusko Ikasketen Lehen Biltzarra burutu aurretik. Musika-tradizio ia galdua zuen, eta baita eskulangintza bera ere. Oñatiko bilera historikoan botatako oihu asaldagarriaren ondotik, Euskal Herriko Txistulari Elkartea (Asociación de Txistularis del País Vasco Navarro) osatu zen, eta horrek ahalbidetu zuen txistuaren ernaberritzea. Elkarteak aldizkari bat atera zuen, 1928an, Txistulari, musika-tresna hori sustatu eta ezagutarazteko. Erredakzioak zenbait aldiz aldatu zuen egoitza 1936ra bitartean. Donostian kokatu zen 1955ean hasitako bigarren aldian.

  • Dantzariak

Dantzariak, “Euskal Dantzarien Biltzarrak” Aldizkariaren 1995eko 52. zenbakia izan zen azkena. Donostian sortu zen, 1970ean, aldian behingo argitalpenekin eta gaztelaniazko zein euskarazko testuekin. Zenbait dantzen partiturak eta koreografien deskribapenak eskaintzen zituen.

Euskal hizkuntza eta literatura

aldatu

Kardaberaz Manuel Lekuona poligrafo gipuzkoarraren zuzendaritzapean, 1924an euskarazko kultur aldizkari garrantzitsu bat jaio zen Gasteizen: Kardaberaz, “Euskereak burua jasotzea Jaungoikoak nai du”. Gerra Zibilari jarraitu zitzaion nahitaezko isiltasunaren ondoren, berriz 1972an eratu zen, Idazleen Elkartearen babesaz eta berriro ere Manuel Lekuona zuzendari zuela. Urtekaria zen.

  • Hegats

Euskal Idazleen Elkarteak Hegats, “Literatur Aldizkaria” argitaratzen du, Donostian. Formatu handian 1989an agertu zen, monografiekin, hainbat euskal idazleri eskainitako zenbaki bereziekin; irudiduna da. Zenbait atal ditu, hala nola Kritikabideak eta Literaturbideak, eta beste herrialdeetako egileen lanak beren jatorrizko hizkuntzan jasotzen ditu.

  • Susa

Beste literatur aldizkari interesgarri bat Susa izan zen. Donostian, 1980ko urtarrilaz geroztik, ehun orrialde trinko eskaintzen zituen, formatu txikian baina gerora handituan. «Literatur aldizkari» moduan agertu arren, interes anitzak zituen eta kulturaren alorra osoki hartzen zuen, beti ere euskaraz. Susa-ren 33 zenbakiak irakurtzen dituenak hasierakoetan Joseba Sarrionandia, Jon Kortazar edo Koldo Izagirreren izenak topatuko ditu, eta azkenekoetan Harkaitz Cano, Xabier Ganzarain, Josu Goikoetxea, Lierni Ibargutxi edo Asier Serranorenak, beste zenbait poeta eta narratzaileen artean. Honen biziraupena 1994ra artekoa izan zen, aldian behingo argitalpenez. Honen baitatik sortu zen Susa argitaletxea.

Sarean

aldatu

Euskonews & Media. Eusko Ikaskuntzako Euskomedia Fundazioak ostiralero editatzen duen aldizkari elektronikoa da. Doan bidaltzen da, posta elektronikoaren bidez, eta astero hainbat gai sozial, kultural, antropologiko, historiko, artistiko... jorratzen ditu. Zenbaki guztiak elkarrizketa batekin hasten dira, eta zenbait atal finko ditu, irratiko tertulia batez gainera. Hilean behin ale berezi bat argitaratzen du, monografikoa. Astero 15.000 irakurle inguru ditu http://www.euskonews.com atarian.

Arteak eta letrak

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Hermes, Vértice, Jerarquía, Champa, Pregón, Río Arga, Egan, Véteres, Kurpil y Kantil, Ustela, Gaiak, Oh! Euzkadi, Pott, Cloc, Zurgai, Maiatz, Arbola, Pérgola, Bilbao, Pamiela, Pasajes, Elgacena, Kultura, Texturas, Nosferatu, Zehar, Artez, Deabruak, Horizontale, Armiarma.

Kultur aldizkariaren eredu bat

aldatu
  • HERMES (1917-1922)

Hermes aldizkaria kultur aldizkari bikainaren eredu gisa sartu da historian. Ekimen nahikoa interesgarri hau Jesus Sarria abokatu nazionalistari eta Ramon de la Sota ontzi-industrialariari zor zaie. Aldizkariak XX. mendearen bigarren erdialdean Euskal Herrian gauzatu zen kultur berrikuntza islatzen du.

Nazionalismoa eta sozialismoa agertzean, gizartearen egitura politikoak apurtzen ari ziren garai batean, Hermes-ek diferentzia balio positibotzat ikusarazten asmatu zuen, eta bere orrialdeetan garaiko artista eta intelektual bikainenak bildu zituen, joera ideologikoak alde batera utzita. Dohain hori bera izan zuten gaur egun bizirik dirauten beste kultur ekimen batzuek ere: Julio Urkijoren Revista Internacional de Estudios Vascos eta Eusko Ikaskuntza. «Guretzat –zioten Hermes-ko editoreek– euskaldunak baino ez daude. Euskaldunaren gure kontzeptutik kanpo ez dago euskaldun izateari uko egiten dion hura besterik».

Editoreek Hermes, elokuentziaren eta komunikazioaren jainkoa, hautatu zuten aldizkariak euskal kulturaren berpizkundeari egin nahi zion ekarpena agertzeko sinbolotzat. Diseinu grafikoaren arduraduna Aurelio Arteta pintorea izan zen, eta testuak idazle gazteek paratzen zituzten, 98ko Belaunaldi euskalduneko hiru maisuen –Unamuno, Baroja eta Zuloaga– eragina jasotako Europa zale petoek. Zenbaitek «17ko Belaunaldia» izena eman izan die: Mourlane Mitxelena, Sanchez Mazas, Joakin Zuazagoitia, Ramon Basterra, Jose Felix Lekerika edo Juan de la Encina arte-kritikari handia, ezizenez Ricardo G. Abascal zena.

Hermes Bilboko kultur geografia estuaz haratago hedatu eta Madrilera heldu zen, estimazio handiz irakurtzen baitzen. Arrakastak behartuta, 1918 eta 1920 bitartean hilabetekaritik hamaboskarira pasa zen. Bien bitartean, gailentzen ari zen bizkaitartasunak aldizkarian gero eta indar handiagoa hartu zuen, eta horren ondorioz kolaboratzaile baliotsuenetako batzuk galdu zituen. Baina 1921ean aldizkariak berreskuratu egin zuen bere izaera literario eta artistiko aratza, ikuspegi asko unibertsalago batzuei lotuta: frantses eta ingelesezko literatur testuak itzuli ditu, hala nola, Chesterton, Salvador de Madariaga edo Eugenio d’Ors bezain izen itzaltsuei bide eginez, eta irakurleei Hispanoamerikako literatura aberatsa hurbilduz. Aldizkaria hain ospetsu bihurtu zen, ezen Oxford eta Cambridge ko unibertsitarioek artikuluen zenbait itzulpen izango baitituzte, oin hau jarririk: «Hermes bere eremuan munduko aldizkari onenetako bat da».

Jesus Sarriak bere buruaz beste egin zuen, 1922ko uztailaren 27an. Harekin jaio zen Hermes eta harekin hil: «Aldizkariaren bizialdi laburra nahikoa ederra izan zen, baina bukaera tristea, oso tristea», laburbildu zuen Alejandro de la Sotak.

Sabino Arana Fundazioko hausnarketarako organoak Hermes izena hartu du, “Pentsamendu eta historia aldizkaria” / “Revista de pensamiento e historia” azpitituluaz.

Kultura frankismo garaian

aldatu
  • Vértice

Literatura frankista, bere mailarik gorenean, Donostian hasi zen nagusitzen, 1936an, Vértice, “Revista Nacional de la Falange” aldizkariarekin. Bertan zorroztu zituzten beren lumak, baioneten gisan, hainbat idazle falangista ospetsuk: Dionisio Ridruejo, Eugenio Montes, Josep Pla, Eugenio D’Ors, Manuel Aznar, Pedro Lain, Jacinto Mikelarena… «Hitzaldi politiko sutsuak eta gerrako berri eta argazki militarrak agertu arren, Vértice-n tonu literario eta artistikoak nagusitzen dira, kolaboratzaileen balio intelektualari esker», adierazten du Félix Maraña idazleak.

  • Jerarquía

Gerra egun haietan jaio zen, halaber, Jerarquía, “Revista Negra de Falange”, Jose Antonioren jarraitzaileek hain maitea zuten estetika mussolinitarraren azalean ageri zenez. Angel Maria Pascual eta Rafael Garcia Serrano nafarrek idazle bikain baina gatazkak basati bihurtutakoen tropel bat gidatzen zuten: Agustin Foxa, Gimenez Caballero, Luis Rosales, Jose Mª Peman, eta Vértice-ko ohiko kolaboratzaileak, hierarkia ideologikoki eta materialki lotuta baitzegoen.

  • Champa

Vértice-ren oinordeko gisa eta joera doktrinal berari eutsiz, Bilbon zenbait aldizkari argitaratu ziren, Sindicato Español Universitario delakoaren kontrolpean. Interesgarriena, askogatik, 1951 eta 1955 bitartean argitaratzen jardundako Champa izan zen. Aldizkariaren aniztasunaren adierazgarri da bertan idatzi zuen idazle-multzoa: Sanchez Mazas eta Alfonso Sastre, Luciano Rincon eta Damaso Alonso, Manuel Chiapuso anarkista eta Rafael Morales. Horacio Martinez Prieto Errepublikako ministro ohi anarkistak Champa-ri buruz esan zuen gerraostean Bilbon egindako aldizkari onena izan zela.

  • Pregón

Frankismo nafarraren kultura ofiziala, bere muga ziztrinekin, Pregón-en islatu zen, ia erregimenak adina iraun zuenarekin: 1943tik 1977ra. Iruñeko kulturaren eta gizarte bizitzaren irudi papalote bat eskaintzen zuen, gorespen nazional katolikorako joeraz eta literaturari begiratu mozoloa emanez, nahiz eta txepelkerien artean garaiko idazle saiatuenen testuak agertzen ziren.

  • Río Arga

Pregón-en agonia betean, idazle horietako batzuek Río Arga sortu zuten, 1976tik aurrera nolabaiteko ospea izandako poeta nafar guztiak hartu dituen txoko poetikoa. Bizirik dirauen euskal kultur aldizkaririk zaharrena da.

  • Egan

Urte latz haietan, Bilbon jaio baina Donostian bizi zen Jose Migel Azaola intelektualak literatur aldizkari elebidun bat argitaratzeko burutazioa izan zuen, erregimenak debekatu gabeko kultur erakunde euskaltzale bakarraren babesean: Euskalerriaren Adiskideen elkartea. Egan izena zuen, eta lehen zenbakia 1948an atera zen. Euskal kultura aberasten duten korronte oro barne hartzen zuen aldizkaria, Egan izan zen Errepublika garaitik euskarazko sorkuntzari bultzada handia eman zion lehena, han idazle nahikoa ezberdinek idatzi zutelarik, hala nola Blas de Oterok, Manuel Lekuonak, Gabriel Celayak, Gabriel Arestik edo Luis de Castresanak.

  • Véteres

Aipatu beharra dago, halaber, Gipuzkoan idazle berrien prestakuntzan izan zuen eraginagatik, Véteres aldizkaria, berrogeiko hamarkadaz geroztik Jesulagunen Ikastetxeko Ikasle Ohien San Ignacio Zirkuluak argitaratua; izan ere, aldizkaria «Donostia Hiria» ipuin lehiaketaren antolatzaile zen.

Trantsizio garaiko ekimenak

aldatu

Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, kultur aldizkariek goraldi handia izan zuten Estatu osoan. Kasik ez zen hiri edo barrutiko bururik, poeta, narratzaile eta marrazkigile talderik ez zuenik, argitalpen literario baten inguruan bilduta eskuarki iraupen motz samarra izanik, ia beti formalki zaindua, askotan kalitate dezentekoa, baina ia beti boluntaristagoa, eraginkorra baino. Agertu/desagertu ziren argitalpenen anabasan, hemen hautaketa labur eta arbitrarioa egin dugu.

  • Kurpil eta Kantil

Arteei eta letrei dagokienez, hirurogeita hamarreko hamarkadak Kurpil eta Kantil-ek bete zituzten, ezberdinak izaki, lantalde bakar eta gogo sortzaile berbereko bi aldizkari. Formalki interesgarriak eta literatur nahasketaren aldetik anbizio handikoak, biek ala biek poesia, antzerkia, musika, kritika, elkarrizketa... biltzen zituzten. Aldizkarian izen ospetsuak ziren Raul Guerra Garrido, Jorge G. Aranguren, Rafael Castellano, Pablo Antoñana, Ramiro Pinilla, eta hasberriak tartekatzen ziren, eta Kantil en zenbaki bakoitzean irudiak artista ezberdin batek jartzen zituen, besteak beste, Jorge Oteiza, Ricardo Ugarte eta Carlos Sanzek Zalantzarik gabe, Gipuzkoak izan dituen azken literatur aldizkari handiak.

  • Ustela

Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek sortu zuten Ustela, 1975 eta 1976 bitartean hiru zenbaki baino eman ez zituen literatur aldizkaria, baina formatu eta diseinuan agertutako izaera apurtzaileagatik gogoangarria. Bere garairako aski aurreratua, poesia, antzerki minimalista eta ipuina jorratzen zituen. Zenbaki bakoitzak izenburu ezberdina zuen: Panpiña Ustela, Zorion Ustela! eta Mermelada Ustela.

  • Gaiak

Leopoldo Zugaza nekaezinak, gure herrian hainbat kultur aldizkariren sustatzaileak, Gaiak atera zuen 1976an, euskarazko eta gaztelaniazko zientzia eta kultur aldizkaria. Durangon argitaratzen zen, hiru hilean behin, eta sustatzaileen artean Jose Luis Zumeta zegoen. Sorkuntza eta ikerketa euskaldunen heziketa zientifiko eta humanistikoaren zerbitzura, hainbat gai lantzen zituen, hala nola filosofia, erlijioa, hizkuntzalaritza, zientzia hutsak, zientzia aplikatuak, geografia eta historia, eta arte ederrak. Lau zenbaki atera zituen, azkena Gernikako bonbardaketari buruzkoa, hainbat egileren testu eta irudien antologia jasotzen zuena: Alberti, Arrabal, Basarri, Guinovart, Lete, Monzon, Neruda, Otero, Picasso edo Ruiz Balerdi.

  • Oh! Euzkadi

Gehienbat euskaraz idatzia, hizkuntza zainduan, eta gaztelaniazko ukitu bakan batzuekin, Oh! Euzkadi 1978an agertu zen, triptiko handi baten moldean eta garai hartako beste argitalpen batzuen aurrean moderno samarrean. Apurtzaile eta berritzailea, garaiko arauak hausten zituzten izenburuekin, laborategi esperimental moduko hark 1983ko martxoaren 15a arte baizik ez zuen iraun, baina geroago zinean eta literaturan nabarmendu diren hainbat egileren lan interesagarri ugari utzi zituen: Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Ibon Sarasola, Ramon Etxezarreta, Ramon Saizarbitoria, Juanba Berasategi portaden ilustratzaile, Jabier Agirresarobe argazkilari eta Joxean Muñoz maketagile zirela.

  • Pott

Garai bertsuan, aipatu egileetako batzuk aritzen ziren Donostian eta aurrekoen gisan euskaraz argitaratutako beste literatur aldizkari batean ere: Pott, literaturako tailer esperimental hartan parte hartu zuten izen ugarien laburdura. Sei zenbaki atera ziren 1978 eta 1980 bitartean, formatu ezberdinez eta honako izenburu honekin: Pott bandaren berriemailea, Pott bandaren blaga, Pott bandaren braga, Pott bandaren praka, Pott bandaren plaga eta Pott bandaren ‘pott tropikala’. Espezia ugariz egindako plater haren sukaldari izan ziren Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Manu Ertzila, Joseba Sarrionandia edo Jimu Iturralde, eta haiei gaineratuz joan zitzaizkien Pablo Antoñana, Iñaki Uriarte, Jose Luis Merino, Jabier Agirre Gandarias, Koldo Izagirre, Miguel Sanchez Ostiz eta Jon Kortazar, eta Juan Karlos Egilleor marrazkigilea.

  • Cloc

Trantsizioa probokazio ugari ernatu zituen aldi apurtzailea izan zen. Horien artean, komunikabide moduan zarata handia atera zuen Cloc, “Revista de Arte y Desarte”, Donostian errotu eta Nafarroa, Bartzelona, Zaragoza eta Madrilen adarrak zituen aldizkari literario kultural subertsiboa. Abentura urratzaile hartan bildu ziren gaur egungo literatur kritikak estimazio handian dituen bi nobelagileren biografia gazteak: Fernando Aranburu eta Alvaro Bermejo.

  • Zurgai

Zurgai, “Euskal Herriko Olerkarien Aldizkaria, Poetas por su pueblo” 1979tik dago martxan. Kultur eta literatur izaerakoa, Pablo Gonzalez de Langarikak zuzentzen du, eta leku handia uzten die gai monografikoei eta poeta jakinen ikerketari.

  • Maiatz

Iparraldeko testuinguru sozial, politiko eta kultural ezberdinean, 1982aren hasieran mendearen amaiera/hasierako argitalpen garrantzitsuenetako bat jaio zen: Maiatz. Luzien Etxezaharreta izan zen, Iparraldeko idazleen belaunaldi berri batekin (Manex Lanathua, Aurelia Arkotxa, Eñaut Etxamendi, Mayi Pelot, eta abar) harremanetan jarrita, testuak aurkezteko sorkuntza eremu berri honen sustatzaile nagusia. Luzienek hitz hauekin adierazten du: «Zalantzarik gabe, idazteko gogo irmoa zegoen. Baina sentitzen genuen, halaber, literatur mundu berri bat sortzeko nahia, herriaren egoera berriari lotua, ematen ari ziren gizarte aldaketa garrantzitsuei jarraiki».

Bi hamarkada baino gehiago daramatza Maiatz-ek Iparraldeko egile euskaldunen lanak argitaratzen, alabaina 1990az geroztik baino ez du lortu Institut Culturel Basque ren diru-laguntza. «Ez dio axola –dio Etxezaharreta Gure Irratia ko kazetariak–. Gure euskarri nagusia idazteko gogoa da».

80ko hamarkadako aldizkariak

aldatu
  • Arbola

Hermes en eragina XXI. mendera luzatu da kasik, besteak beste, German Yanke kazetariak zuzendutako Arbola (1986 1987) aldizkarian islatuz, honek lotsarik gabe bere burua Jesus Sarriaren aldizkariaren jarraitzaile aitortzen baitu. Formatu handian eta kalitate oneko zuri beltzean, Bizkaiko Aldundiak ordaindua, tokikoari ihes egiten dion joera kulturalaz, Arbola «urte haietan Euskal Herrian agertu zen kultura hutseko, eta jakintza alor arteko, lehen aldizkaria» izan zen (Felix Maraña).

  • Pérgola

Zuzendari berak sortu zuen Pérgola segidan, oraingoan Udalaren babesaz, eta 1988 eta 1991 bitartean 26 zenbaki atera zituen.

  • Bilbao

Udalak Bilbao argitaratzen du 1987az geroztik, informazio, historia eta sorkuntzako aldizkari ederra. Egitura bikainekoa, hiriaren ondare historikoa, adierarik zabalenean, berreskuratzeko iturri zoragarria da.

  • Pamiela

Nafarroara salto eginez, Pamiela dakarkigu gogora, Iruñeko Auzolan liburu-dendako apalen artean sortutako aldizkaria. Argitaletxe garrantzitsu baten hazitegi izan zen 1984az geroztik, gaur egun erabat bermatua eta lan literario eta historikoetan espezializatua. Pamiela literatur aldizkariak, 1983tik 1990era, 15 zenbaki argitaratu zituen, horietako batzuk monografikoak eta eskuarki kultur eduki zabalekoak, asmo berritzaile baten baitan.

  • Pasajes

Pasajes en buru Miguel Sanchez Ostiz egon zen, 1985 eta 1987 bitartean ateratako zortzi zenbakietan. Aldizkari trinkoa, despistatuei aukerarik ematen ez ziena, Pasajes Príncipe de Viana Erakundeak mantentzen zuen, baina horrek ez zion literatur ekumenismoa ahultzen, lehen zenbakia Maria Zambranorekin hasteak edo Ezra Pound eta Juan Peruchori monografikoak eskaini izanak egiaztatzen duten moduan. Jose Maria Romera kritikoak definitzerakoan Nafarron egindako literatur aldizkari bikainena zela zioen.

  • Elgacena

Lizarrako aldeak kultur periferia izaten jarrai ez zezan, Elgacena sortu zuten 1982an bi poetak, Angel de Miguelek eta Jose Ramon Corpasek, urteak joan eta urteak etorri Euskal Herriko letren eta arte plastikoen izenik behinenak biltzen dituen aldizkaria.

  • Kultura

Arabako kulturak elikatzen zuen, bere aniztasun osoan, Kultura, Foru Aldundiak argitaratua 1981 eta 1987 bitartean (hamaika zenbaki), eta bigarren aldi batean, 1990tik 1993ra (sei zenbaki). Aldizkariaren orrialdeak irakurrita, historiari, zuzenbideari, arteei eta letrei buruzko ikerlan interesgarriak topatzen ditugu.

  • Texturas

Texturas, “Nuevas dimensiones del texto y de la imagen” aldizkariak, 1989tik, euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuak jasotzen ditu, eta ikuste poemak, poesia diskurtsiboa, kontakizun laburrak, artikuluak eta, atal nagusi moduan, monografia bat, hautatutako pertsonaiaren eta haren lanaren argi-ilunekin. Formalki Gasteizen izan diren aldizkarien artean interesgarriena da, Angela Sernari eta EHUko letra frantsesen departamentuko beste zenbait pertsonei esker.

Ikus-arte eta arte eszenikoen aldizkariak

aldatu

Literatur aldizkariekiko grina pasa zen. Orain, bizirik dirautenak eta sorberri direnak alde batera utzita, ikusteko arteari buruzko aldizkarien sarrera oldartsuarekin kultur argitalpenen mundua aniztu egin da.

  • Nosferatu

Donostiako Kulturako Udal Patronatuak, 1989az geroztiko maila handiko zineari buruzko monografien bilduma bat argitaratzen du: Nosferatu, zineklubaren izena ere badena. Izan ere, zinema-kritikari itzaltsuek kolaboratzen duten argitalpen honek zineklubak ziklo moduan antolatutako programazioa osatzen du.

  • Zehar

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arteleku “Arte Garaikideko Zentroak” Zehar-eko orrialdeak eskaintzen ditu arte munduaren eta gizartearen arteko zubi, truke eta eztabaidarako eremu zabal baten bitartez. Gainera, inguruko eta nazioarteko kultur jarduera garaikidea dokumentatzen du.

  • Artez

1997tik, Artez, “Revista de las Artes Escénicas / Arte Eszenikoen Aldizkaria” argitaratzen da Elorrion, Carlos Gil Zamorak zuzendutako hilabetekaria. Gizarteari euskal sorkuntza eszenikoa hurbiltzea du xede, kultur esparru guztietatik eta genero guztietan: antzerkia, dantza, musika eta ikus entzunezkoak. Ikuskizunen zerrenda bat eskaintzen du, eta bekei, liburuei eta lan eskaintzei buruzko informazioa. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago. Antzerkia sustatzeko egin zuen lanagatik 2001eko Txema Zubia Saria irabazi zuen.

  • Archivos de la Fotografía

Jada aipatutako Leopoldo Zugazak Archivos de la Fotografía zuzentzen du, aldizkaria agertu zenean bere iritziz behar bezala islatu gabe zegoen eremu bibliografiko bat osatzeko asmoz sortua. Argazkigintzaren historiari buruzko azterlanak argitaratzen ditu, ikerketa eta testuen berreskurapena sustatzen ditu, eta argazkigintzarekin zerikusia duten ekitaldiei buruzko berri laburrak eskaintzen. Horrez gain, aldizkariaren argitaratzaile den Zarauzko Photomuseum aren jardueren berri ematen du.

Aldizkariak interneten

aldatu
  • Deabruak

Alber Vazquez en adibideak Sorkuntzako kultur aldizkarien etorkizuneko bilakaera argi lezake. Deabruak 1998an hasi zen argitaratzen, shareware-n banatzen zen literatur koadernoa; hau da, alea doan jasotzen zen eta, behin aztertu eta gero irakurleak interesgarria irizten bazion, erosi egiten zuen; bestela, hartzailea alea deuseztatzera behartuta zegoen.

  • Horizontale

Alber Vazquez errenteriarrak, 2002ko urriaz geroztik, kolaborazio eta laguntzarik gabe, Horizontale argitaratzen du, formatu digitalean eta doan banatzen duen aldizkaria. Hedapen eta aldian behingo argitalpen aldakorrak ditu, eta edukiak (testuak, irudiak eta diseinua) editoreak berak egiten ditu osoki.

http://www.deabruak.com/horizontale

  • Armiarma

Bestalde, Armiarma webgunea, Proyecto Ibiñagabeitia gunetik XX. mendeko Euskal Herriko hainbat kultur eta literatur aldizkari deskarga daiteke:

- Gernika (1945-1953)

- Euzko Gogoa (1950-1959)

- Olerti (1959-1995)

- Igela (1962-1963)

- Ustela (1975-1976)

- Pott (1978-1980)

- Oh! Euzkadi (1979-1983)

- Susa (1980-1994)

- Xaguxarra (1980-1981)

- Idatz & Mintz (1981-2001)

- Maiatz (1982 ...)

- Stultifera Navis (1982-1983)

- Pamiela (1983-1993)

- Txistu y Tamboliñ (1983-1993)

- Kandela (1983-1984)

- Korrok (1984-1989)

- Ttu ttuá (1984 1985)

- Txortan (1984-1985)

- Porrot (1984-1990)

- Plazara (1985-1992)

- Literatur Gazeta (1985-1989)

- Zintzhilik (1986-1994)

- Enseiucarrean (1986-1999)

- Mazantini (1991-1993)

- Garziarena (1992-1994)

- Zantzoa (1996-1998)

- Vladimir (1997-2000)

- Garziarena Berria (1997-1998)

http://www.armiarma.com/andima

Diasporako argitalpenak

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Aldizkariek funtsezko zeregina Amerikako erbeste urrunerako bidea hartu zuten haiek akuilatu eta animatzea izan zuten lotura sendo. Trantze hartan, argitalpenak denbora-pasa nahiz heziketa- edo informazio-tresna baino gehiago ziren, eta deserrituen elkarteko lotura sendo bihurtzen ziren. Izan ere, letra idatziak atzerriratuak beren tradizio eta ideal berberak zituen elkarte bateko kide sentiarazten zituzten, jaioterritik hain urruti egonik ere.

Aitzindariak

aldatu
  • Laurak Bat (Uruguai)

Montevideoko Club Literario Artístico Uruguayo-ren egoitzan, 1876ko Gabonetan osatu zen Laurak Bat elkartea, lau euskal herrialdeetako «etorkinak babestea» eta emigrazioaren seme alaben heziketa orokorra eta beren kulturaren ezagutza partikularra bultzatzeko helburua zuena. Diasporako lehen euskal elkarte hura 1.114 bazkide izatera heldu zen, Uruguaien milioi erdi pasa biztanle baino ez zegoenean. Laurak Bat, “Revista de la Sociedad Vascongada de Montevideo” aldizkariaren adierazpenek eragin itzela izan zuen1877az geroztik, Ekialdeko Errepublikaren gizarte bizitzan.

  • Laurak Bat (Argentina)

Uruguaiko herrikideen ekimenari jarraiki, 1877ko martxoan Buenos Airesen bizi ziren 13 gazte euskaldunek Argentinako Laurak Bat sortu zuten, baina zenbait hilabete geroago bere Revista de la Sociedad Vascongada de Buenos Aires atera zuten. Buenos Airesko Laurak bat-ek ia mende bat iraun zuen, nolabaiteko erregulartasunez. Centro Laurak Bat 1973an, El hogar de los vascos hilabetekariak ordezkatu zuen.

  • Kalifornian

Los Angelesen bizi ziren euskaldunek herri-aldizkari bat sortu zuten 1885 bezain urte goiztiar hartan, Escualdun Gazeta, eta 1893az geroztik Califoniako Eskual Herria' jarraitu zitzaion, eta geroago Eskual Herria.

  • La Vasconia

Baina, akaso Gerra Zibilaren aurreko Amerikako diasporaren aldizkaririk interesgarriena La Vasconia, “Revista ilustrada euskaro americana” izan zen, Francisco Grandmontagnek eta Jose R. Uriarte tipografoak Buenos Airesen sortua, 1893an. Bederatzi urtez, euskal jatorriko idazleak historia, literatura, artea eta tradizioei buruzko ezin konta ahala artikulu argitaratu zituen La Vasconia edo La Baskonia-n, 98ko Belaunaldiko kazetari bikainetakoa izatearen ospea ekarri ziotenak. Grandmontagne 1902an Donostiara bizitzera etorri bazen ere, bere aldizkariak 1943 arte jarraitu zuen argitaratzen.

Erbestea eta argitalpenak

aldatu
  • Euzko Deya

Bilbo erori ostean, 1937 erdialdera, erresistentzia politiko eta kulturala Iparraldera aldatu zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritza eratu, eta honek 1936ko azarotik Euzko Deya argitaratu zuen Parisen. Lau hizkuntzako aldizkari hura 1940an Wehrmacht-a Parisen sartu arte banatu zen, ondoren euskal agintariak Estatu Batuetara joan beharrean izan zirelarik.

Eta Buenos Airesen, 1939ko maiatzetik 1975eko abendura, hau da, diktadurak iraun zuen denbora guztian, Euzko Deya-ren 668 zenbaki inprimatu ziren, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaren bozeramaile gisa; 1943tik 1971ra La Voz de los Vascos en México goiburuko aldizkari bat argitaratu zen Mexikon.

  • Basques

New Yorken, Manuel de la Sotaren zuzendaritzapean, Basques, “Bulletin of the basque delegation in the USA” argitaratu zen, Jose Antonio Agirrek, Jon Bilbaok eta Anton Iralak idatzirik.

Aldizkariek funtsezko zeregina Amerikako erbeste urrunerako bidea hartu zuten haiek akuilatzea eta animatzea izan zuten lotura sendo. Trantze hartan, argitalpenak denbora pasa nahiz heziketa edo informazio tresna baino gehiago ziren, eta deserrituen elkarterako lotura sendo bihurtzen ziren. Izan ere, letra idatziaren bidez atzerriratuak beren tradizio eta ideal berberak zituen elkarteko kide sentitzen ziren, jaioterritik hain urruti egonik ere.

Gernika-tik Eusko Gogoa-ra

aldatu
  • Batasuna

Txileko Santiagon, Bernardo Estornes Lasak zuzendu zuen Batasuna, “Revista de Divulgación Vasca”, 1941az geroztik.

  • Euzkadi

Geroago, Euzkadi aldizkaria argitaratu zen, Manuel Irujo, Jesus Galindez eta Mariano Estornesen babesaz. Caracasko Euskal Zentroak izen bereko aldizkari bat atera zuen, 1942 eta 1950 bitartean 70 zenbaki argitaratuz.

  • Gernika

Aztergai dugun garaian barrena, Gernika goiburuko –basakeriaren sinbolo unibertsala izan zen eta den hiri martiria– zenbait argitalpen izan ziren, Panaman (1943), Donibane Lohitzunen (1945, 1948), Baionan (1975)...

Horien artetik, edukietan aberatsena “Instituto Vasco de Extensión Cultural” Gernika-rena izan zen, berrogeiko hamarkadan intelektual multzo batek osatua, euskaldunen arteko elkar-ulertzea bultzatzeko.

Rafael Pikabea editore irundarrak, Gerra aurretik Donostiako El Pueblo Vasco-ren eta Novedades aldizkariaren editorea izan zenak, Parisen zuen inprimategiari etekina atereaz, Institutuak 1945eko urrian bere aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu zuen. Erredakzioan parte hartu zuten Isidoro Fagoaga tenore eta idazle gipuzkoarrak, Aita Barandiaranek, Lacombek eta Orixek.

Pikabea hiltzean aldizkariaren jarraipena arriskuan zegoen, eta Isidoro Fagoagaren nekaezintasunari eta aurrezkiei esker 1948an Donibane Lohitzunen berragertu zen, Gernika. Cahiers Collectifs de Culture Humaniste izenburuaz. Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez, aldizkariak «euskal humanismo herrikoiaren zerbitzura» zegoela adierazten zuen, eta azalean Iparragirreren «Eman da zabal zazu» neurtitz ospetsua agertzen zuen. Fagoagak bere aldizkaria itsasoaz bestaldera eraman zuen, bere liberalismo ezagunaren aldarrikapen garbi moduan, eta Buenos Airesen argitaratzen jarraitu zuen, 1953ra arte.

  • Euzko Gogoa

Ordenarekin desadostasun politikoak zituelako abituak utzi zituen Jokin Zaitegi jesulaguna izan zen Euzko Gogoa nahikoa garrantzitsuaren arduradun nagusia. Aldizkaria Guatemalan argitaratu zen 1949tik 1955era eta geroago Baionan, 1956tik 1959ra. Koldo Mitxelenak 1977an hau idatzi zuen: «Euzko Gogoa Aitzolen eta haren belaunaldiaren obrari jarraitzen zaio, baina, halaber, etorkizuneko ibilgailu ere bada: gerraosteko belaunaldi berriarekiko ezinbesteko zubia. 1920ko Euzko Deia alde batera utzita, Euzko Gogoa erabat erlijio-joera ez duen eta edukiz nahiz nortasunez maila ona agertzen duen euskarazko lehen aldizkaria da. Jauzi kualitatibo bat ekarri zuen, Elbira Zipitriak gerraosteko lehen ikastola sortzean emandakoaren antzekoa; horretan zalantzarik ez dago».

Mitxelenaren esanetan, Zaitegik bere diru guztia aldizkarian xahutu zuen, eta Orixeri idaztetik soilik bizitzeko aukera eman zion. Filologo handiak hau ondorioztatu zuen: «Gerraosteko lehen aldi hura Euzko Gogoa-k markatuko du, eta horrek, era berean, bigarren aldi bat egon dadin ahalbidetuko du».

Gaur egungo hiru aldizkari

aldatu
  • Elgar

Frantziako hiriburuan,1934ko udatik argitaratzen da Elgar, “Journal des Basques de Paris” hilabetekaria. Formatu txiki eta orrialde gutxikoa izanik ere, euskal erkidegoko kideen arteko komunikazioa eta harremanak errazten ditu. Testuen %10 eta %20 artekoa euskaraz argitaratzen da.

  • Euskaldunak-Los Vascos

Juan de Garay Fundazio Eusko Argentinarrak euskal kulturako gai orokorrak jorratzen dituen lau hilabetekari bat ateratzen du. Euskaldunak Los Vascos fundazioko kideen artean doan banatzen da, eta harpidetza interesdun ororentzat zabalik dago.

  • Euskal Etxeak

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak hiru hilean behin Euskal Etxeak argitaratzen du, mundu osoan barrena barreiatutako euskaldunen jardueren berri emateko.

Erakundeen aldizkariak. Zientzia eta pentsamendua

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Eusko Ikaskuntza, Príncipe de Viana, Sancho el Sabio, Aranzadi,
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea,
Euskal herriko unibertsitatea, Nafarroako unibertsitatea,
Nafarroako unibertsitate publikoa, Deustuko Unibertsitatea.

Erakundeen aldizkariak

aldatu

Eusko Ikaskuntza

aldatu
  • Anuario de Eusko Folklore

Eusko Ikaskuntza 1918an fundatu zen, Oñatin egindako Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarrean, eta bere lehen argitalpena 1921ean Jose Migel Barandiaranen babesean Gasteizen sortutako Anuario de Eusko Folklore izan zen. Gizartearen Laborategi Etnologikoaren (Laboratorio de Etnología de la Sociedad) aldizkari gisa, Eusko Folklore: materiales y cuestionarios aldizkariarekin batera. Lehen aldian, 14 liburuki argitaratu ostean, argitalpenak Eusko Ikaskuntzaren patu berbera nozitu zuen: Gerra Zibila heltzean jarduera etetea, Jose Migel Barandiaran eta haren kolaboratzaileak erbestera abiatu zirelarik.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, 1955ean, Anuario beregain hartu zuen, eta 1981 bitartean 17 liburuki atera zituen. Eusko ikaskuntzak argitalpena berreskuratu zuen, 31. zenbakitik aurrera, 1988an Jose Migel Barandiaranen Fundazioari utzi zion arren, fundaziorako ondasun moduan. Anuario de Eusko Folklore-k etnografiaren gaineko ikerketak jasotzen ditu batik bat, eta bildumak euskal kultura tradizionalari buruzko material baliotsuenetako bat osatzen du.

  • Jakintza eta Ikuska

Barandiaranek, Gasteizko Seminarioan jada 'Gymnasium aldizkari zientifiko eta literario bat zuzendu zuelarik, Iparraldeko erbestean beste bi argitalpen zientifiko abiarazi zituen: Eusko Jakintza, “Revista de Estudios Vascos”, hilabetekari hirueleduna (1947 1958), eta Ikuska, “Giza ikaskuntza”, euskaraz, ikerketa antropologikoari buruzkoa (1946 1951).

  • Revista Internacional de los Estudios Vascos

Eusko Ikaskuntza baino lehenago sortu zen, gerora haren baitako izango zen arren, Revista Internacional de los Estudios Vascos, 1907an Julio Urkijok sortua. Lehen aldian estimazio handia izan zuen, batez ere hizkuntzalaritzaren alorrean. Lau hamarkadaz baino gehiagoz isilik egon ondoren, 1983an RIEVek bere ibilbide berriari ekin zion, Julio Caro Barojaren zuzendaritzapean, sei hilabetekari gisa eta egitura berrituaz. Antropologoa hiltzean, ordu arteko koordinatzaile Juan Garmendia Larrañaga jarri zen buru, 1996 eta 1997an. Gaur egun, Gregorio Monreal Zia zuzendari duela, RIEV etapa berri batean sartu da, bere nazioarteko izaera azpimarratu nahi baitu, ingelesezko lanak argitaratuz.

  • Sailetako koadernoak

1982an, Eusko Ikaskuntzak koadernoen bilduma bat abiarazi zuen, Atal zientifiko bakoitzean ikertzaileek burututako azterlanak eta alorreko lanak ezagutarazteko. Seriean antolatutako argitalpen horietan zenbaki monografikoak ere badira, non ekitaldien aktak, omenaldiak eta ikerketako bekak jasotzen baitira.

- Azkoaga, Gizarte zientzia eta ekonomia saileko koadernoa
- Azpilcueta, Zuzenbide saileko koadernoa
- Fórmula, Fisika Kimika eta Matematika saileko koadernoa
- Ikastaria, Hezkuntza saileko koadernoa
- Ikusgaiak, Zinematografia saileko koadernoa
- Isturitz, Prehistoria Arkeologia saileko koadernoa
- Jentilbaratz, Folklorea saileko koadernoa
- Mediatika, Komunikabideak saileko koadernoa
- Musiker, Musika saileko koadernoa
- Naturzale, Natur Zientziak saileko koadernoa
- Oihenart, Hizkuntza eta Literatura saileko koadernoa
- Ondare, Arte Plastikoak eta Monumentalak saileko koadernoa
- Osasunaz, Medikuntza saileko koadernoa
- Vasconia, Historia Geografia saileko koadernoa
- Zainak, Antropologia Etnografia saileko koadernoa

  • Eleria

Eleria, “Euskal juristen aldizkaria” 1996an jaio zen, bai unibertsitatean eta bai praktiken munduan euskaraz egiten den zuzenbidea bultzatzeko.

Eusko Ikaskuntza wedgunean bere fondoko artikulu guztiak (7.000 baino gehiago), argitalpenen aurkibide osoak eta, jada bere osotasunean, Ondare, “Arte Plastikoak eta Monumentalak saileko koadernoak” bilduma. Guztira, orotariko gaiei buruzko 140.000 orrialde baino gehiago dira.

http://www.euskomedia.org

Príncipe de Viana erakundea

aldatu
  • Príncipe de Viana

Príncipe de Viana aldizkaria 1940an sortu zen, Príncipe de Viana Erakundearen organo ofiziala. Lau hilean behin argitaratzen ditu arte, historia, dokumentazio, literatura, hizkuntzalaritza, bibliografia eta abarri buruzko testuak. Hilean behin euskara sustatzeko gehigarri bat eskaintzen zuen 1966 eta 1983 bitartean, 159 zenbaki eman zituena.

  • Cuadernos

Etnologia eta etnografiaren gaineko argitalpenen gabeziari aurre egiteko, 1969an Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra sei hilabetekariaren lehen zenbakia agertu zen.

  • Fontes

Urte horretan jaio zen, halaber, Fontes Linguae Vasconum. Studia et Documenta, euskal filologia eta hizkuntzalaritzari buruzko lau hilabetekaria.

  • Trabajos

Arkeologia, historiaurrea, protohistoria eta antzinako historiako gaietan espezializatuta dago 1979tik urtean behin argitaratzen den Trabajos de Arqueología Navarra aldizkaria.

  • Suplemento

Azkenik, 1981ean Suplemento de Ciencias sortu zen, hainbat alorretako lanak – natur zientziak, geografia, medikuntza, geologia eta abar– biltzeko xedeaz. Suplemento de Ciencias Sociales izena hartu zuen 1998tik aurrera. Urtekaria da.

RSBAP eta Aranzadi

aldatu

Erreinuko lehen elkarte zientifikoa Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan zen. Azkoitiko Insausti etxean jaio zen, 1764ko abenduaren 24an.

  • Egan

Jada aipatu dugu Azkoitiko «zalduntxoek» Egan bultzatu zutela, gerraosteko kultur basamortuan lore bihurtutako argitalpen biziki garrantzitsua.

  • Boletín

Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País 1945az geroztik argitaratzen da, hasieran hiru hilean behin eta 1974tik aurrera sei hilabetean behin.

  • Munibe

Buletinaren Natur Zientziei buruzko gehigarria zen Munibe, Aranzadiko Zientzia Taldeak 1949az geroztik argitaratua, eta gerora elkarte zientifiko independente gisa eratuko zena. Aldizkariak, urtean behin 300 orrialde baino gehiago eskainiz, Aranzadiko kideen zein kolaboratzaileen lan eta ikerketak biltzen ditu, eta nazioartean ospe handia du.

Bi zatitan banaturik dago 1985az geroztik: Munibe “Antropologia eta Arkeologia” eta Munibe “Natur Zientziak”.

  • Elhuyar

Adiskideen Elkarteko beste kimu bat da Elhuyar, 1974an jaiotako hiruhilabetekaria. Donostiako Injinerutza Eskolan sortutako izen bereko Kultur Elkartearen bozeramaile bihurtu zen, 1985ean. Elhuyar, “Zientzia eta Teknika”, euskarazko aldizkari zientifiko eta akademiko guztien aitzindaria da.

Antropologia–Arkeologia–Espeologia

aldatu
  • Estudios de arqueología

Arabako Foru Aldundiko Kultura Kontseiluak Estudios de Arqueología Alavesa argitaratzen du, liburu formatuan. 1963az geroztik, aldian behingo maiztasunaz, eta Arabako lurraldearen ondare arkeologikoa ezagutaraztea du helburu.

  • Ohitura

Erakunde berak ateratzen du Ohitura, “Revista de Estudios de Etnografía Alavesa”, Arabako herriei buruzko ikerlan etnografikoak jasotzeko 1987an sortua.

  • Ankulegi

Antropologia du aztergai bakarra Ankulegik. “Gizarte Antropologia Aldizkaria/Revista de Antropología Social” argitalpenak, 1994az geroztik izen bereko Euskal Antropologia Elkarteak argitaratua. Bere mintzagai nagusiak ikerketa antropologikoaren arazo teoriko eta metodologikoak dira. Antropologiari buruzko ikerketetan interesa duen ororentzat topaleku –eztabaida, lankidetza eta lanerako gune– izan nahi du.

  • Kobie

Bizkaiko Espeleologia Taldeak 1969an, Kobie eman zuen argitara, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz. Laurogeiko hamarkadatik aurrera askotariko gaiak jorratzen ditu: natur zientziak, kultur antropologia, arte ederrak, etnografia, paleontropologia, eta abar.

  • Karaitza

Donostian, Euskal Espeleologoen Elkargoak Karaitza argitaratzen du. Urtekaria da, eta espeleologiaren tratamendu zabal eta askotarikoa eskaintzen du, lurraren erraietako argazki eta irudiak ere aurkeztuz.

Beste zenbait erakunderen aldizkariak

aldatu
  • Baionako museoaren buletina

Baionako Euskal Museoak, 1924an, Bulletin du Museé Basque argitaratzeari ekin zion, Bigarren Mundu Gerraren kariaz utzi ziolarik. Hirurogeiko hamarkadan berpiztu zen, hiruhilabetekari izateko. Gaur egun, aldizkariaren arduradunak Museoaren Adiskideak dira.

  • Sancho El Sabio

Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioak Sancho el Sabio, “euskal kultura eta ikerketako aldizkaria” sustatzen du. Urtekaria 1991 eta 1997 bitartean, gaur egun bi urtetik behin argitaratzen da. Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldera sortutako Boletín de la Institución Sancho el Sabio-ren jarraipena da.

Caja Vital Kutxa-ren babesaz, aldizkariak zinez euskalduntzat jotzen du Euskal Herriari buruz edozein gairen inguruan hausnartzen duen idazle ororen obra eta produkzioa, edukia eta ikuspegi ideologiko edo kulturala alde batera utzita. Horrez gain, unibertsitateko ikasleen eta adituen belaunaldi berriei beren ikerketen emaitzak aurkezteko aukera eman nahi die. Zenbaki bakoitzean, Sancho el Sabio-k arte, historia, hizkuntza, literatura, zuzenbidea, soziologia eta abarri buruzko ikerlanak jasotzen ditu.

  • Lurralde

Lurralde da Andrés de Urdaneta Euskal Institutu Geografikoaren Ikerketa eta Espazioko aldizkaria. Donostian, 1978az geroztik argitaratua, geografia eta ingurugiroari buruzko artikuluak biltzen ditu. Bere esparru nagusia, bakarra ez bada ere, Euskal Herria eta honen ingurunea da.

  • Bat

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” izan zen Bat, “Soziolinguistika eta Glotodidaktika Aldizkaria”-ren zuzendaria. Euskal Kulturaren Batzarrak argitaratzen du argitalpena, 1990ean sortua, aldian behingo argitalpenez.

  • Eguzkilore

Kriminologiako Euskal Institutuak Eguzkilore aldizkarian adierazpide bat du, bere irakaskuntza eta ikerketa-lanaren osagarri eta laguntzaile. Izenburuak euskal baserrietako ateetan eguzkiaren irudikapen eta gaitza uxatzeko jartzen den sinbolo tradizionala ekartzen du gogora. Aldizkariaren lehen zenbakia 1976ko urrian argitaratu zen, baina 1987an bermatu zen urtekari gisa. Irakurleari ikerketa teoriko eta enpirikoari buruzko ikerketak eskaintzen dizkio, eta Antonio Beristainek zuzentzen duen Institutuan egiten diren dibulgazio-lan jasoak, jardunaldiak, biltzarrak, ikastaro monografikoak, mintegiak, eta abar.

Pentsamenduko aldizkariak

aldatu
  • Cuadernos de Alzate

Cuadernos de Alzate, “Revista Vasca de la Cultura y las Ideas” pentsamenduko euskal aldizkarien klasiko bat da. Miguel Unamuno Taldeak sortu zuen, 1984an, «adimenaren, itxaropenaren eta bakearen aldeko proposamen», eta gaur egun Madrilen egoitza duen Pablo Iglesias Argitaletxeak editatzen du, bi urtean behin.

Aholkularitza Batzordean askotariko joera politikoa duten intelektual progresista itzaltsuak daude, «Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak ezarritako demokraziaren arauak onartzea beste mugarik gabe, eta demokrazia espainiarraren barruan Euskadiren proiektu nazionalarekiko leialtasuna, berariaz onartua, beste konpromisorik gabe».

  • Bitarte

Jabier Mina idazlea da 1993tik Donostian argitaratzen den Bitarte, “Revista de Estética y Antropología” lau hilabetekariaren zuzendari eta bultzatzaile nagusia.

  • Talaia

Soziologoak, ekonomistak edo idazleak hurbildu dira Talaia-ren orrialdeetara, izen bereko fundazioaren eztabaidarako aldizkarira. Hausnarketaren ildoari lotuta, oro har, gizarte garaikideak eta bereziki euskalduna arduratzen eta kezkatzen duten gai guztiak jorratzen ditu. Liburu tankerako formatuaz, lehen zenbakia 1997an atera zen, zuzendari-lanean Kepa Aulestia zuela.

  • Saioa.net

Fundazio horrek berak babesten du Saioa.net, “ideien ataria”. Atarian pentsamenduaren alorrean Euskadin egiten den guztia eskaintzen da, eta gure herritik kanpoko material-sorta bat jasotzen da gaikako hemeroteka moldean, eta komunikazioa zein ideia eta ezagutza-trukea bultzatzen du.

Saioa.net atariaren bitartez honako argitalpen hauen harpidedun egiteko zein horiek erosteko aukera dago:

- Bakeaz, Bakerako Ikasketa Zentroaren bihilabetekaria. Honek argitaratzen ditu, 1998az geroztik, defentsaren ekonomiari, segurtasun politikari, bakerako hezkuntzari, ekologiari eta abarri buruzko lanak.
- Bitarte
- CDD: ikerketa, esperientzia, mintegi eta abarri buruzko bibliografia eta berri laburren buletina, drogamenpekotasunaren alorrean.
- Círculo de Empresarios Vascos, argitalpenak
- Cuadernos de Trabajo de Hegoa: Nazioarteko Garapen eta Lankidetzari buruzko Ikaskuntzen Institutua.
- Eguzkilore: Kriminologiako Euskal Institutua.
- El escéptico, arrazoia eta zientzia sustatzeko aldizkaria, Pentsamendu Kritikoaren Aurrerabiderako Elkarteak argitaratua.
- Emakunde, Emakumearen Euskal Institutuak argitaratutako hiruhilabetekaria.
- IDHPA (Instituto de Derechos Humanos Pedro Arrupe), Deustuko Unibertsitateak 1997an sortua.
- Inguruak
- “Miguel Sánchez Mazas Katedra”, zientzia eta teknikaren sorrera eta egiturari zein horiek gizakia eta gizartearengan duten eraginari buruzko auzien gaineko elkarrizketa politikoa bultzatzeko sortutako katedra.
- Talaia
- Theoria
- Zehar
- Zer
- Zerbitzuan: Dokumentazio eta Ikasketen Zentroaren aldizkaria, 1972an sortua eta ongizatearen alorrean dokumentazio eta ikerketa jardueretara emana.

http://www.saioa.net

Unibertsitateko aldizkariak

aldatu

Nevadako Unibertsitatea

aldatu

Renon lekututako Nevadako Unibertsitateko Basque Studies Program-ek Newsletter, “A publication of western studies center” argitaratzeari ekin zion, 1968ko azaroan. Seihilabetekari hau doan banatzen da, eta ingeleseko testuek aipatu unibertsitate iparramerikarrean euskal kulturaren gainean burutzen diren ikerlanak biltzen ditu. Aldizkariaren sorreran William A. Douglass dago, Estatu Batuetan euskal ikasketen bultzatzaile nagusia.

Euskal Herriko Unibertsitatea

aldatu

Hastapenetan, «Julio de Urkijo» Euskal Filologiako Mintegia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko atal bat zen. 1967an, Koldo Mitxelena eta Manuel Agud mintegiko Anuario-ren buru jarri ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoa baitzuen. Bost urte baino gehixeagoz Eusko Ikaskuntzaren eskuetan egon ondoren, Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urkijo EHUrena da egun, eta euskal filologia, hizkuntzalaritza eta literaturako ikasketei buruzko argitalpenik aktibo eta dinamikoena da.

  • Cursos de Derecho

Gasteizko Cursos de Derecho Internacional zuzenbidezko nazioarteko auzien gaineko hausnarketara emandako argitalpen erregular apurretakoa da, eta ikerlari nazionalak zein atzerrikoak biltzen ditu. Urtekaria da.

  • Ekaia

Ekaia, “Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Aldizkaria” osorik euskaraz idatzitako eta heziketa zientifikoa duten irakurleei zuzendutako dibulgazioko seihilabetekaria da. Ekaia k zientziaren eta teknikaren alorrean euskararen estandarizazioa bultzatzen du, eta alor horietan euskara erabiltzeak sor ditzakeen auziak jorratzen ditu.

  • Fabricart

Fabrikart, “Arte, Tecnología, Industria, Sociedad” arte plastikoetan, arkitekturan eta injinerutzan aplikatutako arlo industrial, mekanizista eta teknologikoetako ideiak, kontzeptuak eta ikonografia biltzen dituen nazioarteko argitalpen bat da.

  • Gogoa

Gogoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuak euskaraz argitaratzen du.

  • Guineana

Guineana, “Revista de Botánica”. Botanikako gaiei buruzko argitalpena, zenbaki bakoitzean hedadura handiko monografiak eskaintzen dituena.

  • Historia contemporánea

Historia Contemporánea. Tuñon de Lara irakasleak 1988an sortua. Historia garaikide sektorial eta orokorrari buruzko ikerlanak jasotzen ditu, Euskal Herriko alderdi historikoei arreta berezia eskainiz. Seihilabetekaria da.

  • Journal

Nazioarteko kalkulu bibliometrikoen arabera, The International Journal of Developmental Biology Espainiako argitalpen zientifiko, tekniko eta mediko guztien buru dago. Garapenaren biologia aztertzen duen aldizkari honek zenbaki erregularrak eta zenbaki berezi monografikoak ditu. Kalitate bikaineko paperezko edizioaz gain, bertsio elektronikoan ere eskuragarri dago (http://www.ijdb.ehu.es).

  • Lan Harremanak

Lan munduaren inguruko hausnarketa ezaren hutsunea betetzeko, EHUk Lan Harremanak, “Revista de relaciones laborales” sustatzen du.

  • Inguruak

Euskal unibertsitate publikoaren Soziologiako fakultateari argitalpen garrantzitsu bat zor diogu, jada desagertua baina oraindik ere irakurria: Inguruak, “Soziologia eta Zientzia Politikoaren Euskal Aldizkaria / Revista Vasca de Sociología y Ciencia Política”. Lehen zenbakia 1986ko abenduan atera zen, eta azkena bost urte geroago.

  • Skribuak

Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologiako Departamentu berak eztabaida gune berri bat du: Skribuak Working Paper. Helburuak ditu eztabaidarako materialak sortzea eta aniztasun metodologikoa praktikan jartzea.

  • Tantak

Tantak, “Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Aldizkaria”. Hezkuntzari buruzko seihilabetekaria, osoki euskaraz idatzia eta irakaskuntza maila guztietako euskal hezitzaileak nahiz irakasleak hezteko eskoletako ikasleei bereziki zuzendua.

  • Theoría

Theoría, “Revista de Teoría e Historia y Fundamentos de la Ciencia” EHUko aldizkari ospetsuenetako bat da. Madrilen jaio zen, 1952an, Miguel Sanchez Mazas irakaslearen ekimenez, baina 1985ean egoitza Donostian duen Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofiako Fakultateko Zientziaren Logika eta Teoriaren Departamentuko Zuzenbidezko Logika era Informatikaren Analisi Zentroak bereganatu zuen. Aldian behin argitalpena, batik bat gaztelaniaz eta ingelesez argitaratzen du, baina baita beste hizkuntzetan ere, eta bere aztergaiak Logika, Zientziaren Filosofia eta Historia, Hizkuntzaren Filosofia eta Zientzia Kognitiboa dira. Lau hilean behin ateratzen da, eta Jabier Etxeberria irakasleak argitaratzen du.

  • Veleia

Veleia, “Revista de Prehistoria, Historia Antigua, Arqueología y Filología clásicas”. Instituto de Ciencias de la Antigüedad/Antzinate Zientzia Institutoa k argitaratzen du, 1984az geroztik, Gasteizen. Urtekaria da, eta, liburu tankerako formatuaz, aldizkariaren hirurehun orrialdeetan irudirik ez da ageri. Artikulu generikoak baztertu gabe, Euskal Herriari eta inguruko eremuei buruzko gaiei arreta berezia eskaintzen die.

  • Zer

Azkenik, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak Zer seihilabetekaria ateratzen du. Azpitituluak dioenez, “Komunikazio Ikasketen Aldizkaria” da.

Deustuko Unibertsitatea

aldatu

Argitalpenen Departamentuaren helburua da Deustuko Unibertsitatearen ikerketa eta irakaskuntzako lana hedatzea. Ildo editoriala, XIX. mendearen amaieran hasia, ikasketa humanistikoetan oinarriturik dago. Ikerlan zientifikoak, unibertsitateko adar eta irakasgai ezberdinak hartzen dituzten bildumetan, antolaturik daude, eta gaztelaniaz eta euskaraz argitaratzen dira.

  • Zuzenbidea

Zuzenbideko arloak lankidetzako zuzenbideari buruzko Lankidetzako Ikaskuntzen Urtekaria argitaratzen du, eta honen osagarri den Boletín de la Asociación Internacional de Derecho Cooperativo.

Zuzenbide europarraren alorrean, bi urtetik behin Cuadernos Europeos de Deusto argitara ematen da.

Aldizkakotasun bera dute Estudios de Deusto azterlan sozio-juridikoek eta giza genetikari buruzko Revista de Derecho y Genoma Humano aldizkariak.

  • Ekonomia

Ekonomiako eta enpresako ikasketak egiten dituztenek Boletín de Estudios Económicos eta Estudios Empresariales eskura dituzte.

  • Humanitateak

Juan Plazaola irakasleak 1975ean sortu zuenetik, Mundaiz-ek itzal handia du literatur kritikako aldizkarien artean.

Beste hainbeste esan daiteke literatura, hizkuntzalaritza eta historiari buruzko Letras de Deusto hiruhilabetekari dezente entzutetsuaz.

Euskal Filologia eta Literaturako ikasle eta irakasleen Batzordeak Enseiukarrean urtekaria ateratzen du.

Deustuko Unibertsitateak Ediciones Mensajero-rekin hitzarmena du, bere argitalpenak merkaturatzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

aldatu

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bost aldizkari bildumek izenburu berarekin argitaratzen dira, Juan Huarte San Juanen izenarekin, hain zuzen. Huarte mediku eta humanista 1529an jaio zen, Nafarroa Beherean, eta Errenazimentuko zientziaren obra gailen bat idatzi zuen: “Examen de Ingenios para las Ciencias” (1575). Bildumek Unibertsitateko irakasle eta ikasleek egindako testuak jasotzen dituzte, eta hauek dira:

- Huarte de San Juan. Derecho.
- Huarte de San Juan. Filología y Didáctica de la Lengua.
- Huarte de San Juan. Geografía e Historia.
- Huarte de San Juan. Psicología y Pedagogía.
- Anales de Derecho. Colección Huarte de San Juan.

Nafarroako Unibertsitatea

aldatu
  • Anuarios

Anuario Filosófico aldizkariak zientziaren alorreko lankidetza eta komunikazioa bultzatzeko tresna izan nahi du. 1967az geroztik etenik gabe argitaratzen da, 335 egile espainiar nahiz atzerritarren ikerketak jasoz, 500 ikerlan eta 600 aipamen baino gehiago eskainiz. Lau hilabetekaria da. Zenbaki gehienak monografikoak dira, 1992az geroztik, eta bi urtetik behin gai ezberdinekiko zenbaki bat argitaratzen du. Horrez gain, monografia filosofikoen serie bat editatzen da, Cuadernos de Anuario Filosófico izenburuaz.

Anuario de Historia de la Iglesia Nafarroako Unibertsitateko Teologiako Fakultatearen Elizaren Historiako Institutuaren urtekaria da, 1992az geroztik argitaratzen delarik.

Nafarroako Unibertsitateko Europa Taldeak Eurobox hilabetekaria argitaratzen du, Europako Batasunari buruzko informazio eguneratua hedatzeko helburuaz. Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, enpresariak eta erakunde publikoak ditu xede.

Nafarroako Unibertsitatearen beste zenbait argitalpen:

- Anuario de Derecho Internacional
- Bit a Bit (Internetez)
- Cauces de Intercomunicación
- Comunicación y Sociedad
- Cuadernos de Arqueología
- Cuadernos Doctorales/Canon Law,
- Día a Día desde la Clínica Universitaria
- Entrada Este (Ekonomiako Fakultatea)
- Estudios sobre educación.
- Excerpta et dissertationibus in Sacra Theologia
- Fidelium Iura Humana Iura
- Ius Canonicum
- Lecturas Filosóficas
- Limo (Boletín del Laboratorio de Investigación y Multimedia en Humanidades)
- Memoria de Proyectos de Arquitectura
- Noticias de la Clínica Universitaria
- Nuestro Tiempo
- Persona y Derecho
- Publicaciones de Biología. “Serie Botánica”
- Publicaciones de Biología. “Serie Zoología”
- Redacción
- Revista de Edificación
- Revista de Medicina
- Rilce
- Scripta Theologica
- State Ecclesiastical Law
- Vida Universitaria

Argitalpen politikoak

aldatu

Joan Agirre Sorondo

La Lucha de Clases, Euzkadi Socialista, Bizkaitarra, Euskalduna, Baserritarra, Euzkadi, La Patria, Aberri, Gipuzkoarra, Napartarra, Arabarra, Euzko Deya, Eusko Gastedija, Aberri, Nacionalista, Acción Vasca, Tierra Vasca, Gudari, Lan Deya, Enbata, Ekaitza, Zutik, Hautsi, Erri, Euskadi Obrera, Azkatasuna, Hemen eta Orain, Iraultza, Kika, Hitz, Hemendik, Herria Eginez, Ezpala eta Garaia.

Karlismoa

aldatu

Euskal esparruan, karlismoa izan zen lehen mugimendu politikoa, prentsa idatzia limurtze eta propagandaren zerbitzura jarri zuena. Lehen Karlistada 1931n hasi zenean, karlistek komunikabide bat sortu zuten, Boletín Oficial del Ejército, bigarren gerran El Cuartel Real izena hartu zuena.

Karlistek, bi mendetako historia luzean, egunkari garrantzitsuak eta aldizkari ugari izan zituen kontrolpean: Ausarki, Boina Roja, Carlistas, La Cruzada Española, Chapel Zuri, Tradición Vasca, El Fuerista, El Jaimista, Montejurra, Insurgencia, La Esperanza –aldizkari hori noiz aterako zen jakitea kasik ezinezkoa zen, ezen, goiburuan zioenez, «gogoak ematen digunean aterako da»–, Informacion Mensual, eta, gaur egun, El Federal.

Sozialismoa

aldatu
  • La Lucha de Clases

Alfonso C. Saiz de Valdivielso euskal prentsaren historialariak adierazi duenez, «Madrilgo El Socialista-ren atzetik –alderdiaren organo ofiziala–, La Lucha de Clases Espainian izandako egunkari zahar, serio eta borrokalariena izan da.

Han aritu ziren estatuko idazle sozialista garrantzitsuenak. Indalecio Prietok ere han idatzi zuen bere lehen artikulua, eta Miguel Unamunok, ezizenarekin edo inizialak jarriz, 1904ra arte lanak bidaltzen jarraitu zuen». La Lucha de Clases en zaildu zen Tomas Meabe idazlea, «mistiko gorria», aldi batez zuzendaria ere izan zena. La Lucha de Clases 1894tik 1937ko ekainaren 16ra bitartean bizi izan zen.

  • Euzkadi Socialista

Diktadurako urteetan, Euskadiko batzorde sozialista nagusiak eta Langileen Batasun Orokorra (UGT) sindikatuak Euzkadi Socialista argitaratzen zuten, hilabetekari ibiltari bat, baliabide gutxirekin Toulouse, Bordele eta Mexikon inprimatzen zena.

Nazionalismoa

aldatu
  • Bizkaitarra

Sabino Arana euskal nazionalismoaren fundatzailea bere ideiak hedatzeko komunikabideak sortzeari buru belarri lotu zitzaion, XIX. mendeko azken hamarkadan. Aurrenekoa Bizkaitarra hilabetekaria izan zen, eta 1893tik 1895eko iraila bitartean iraun zuen, gobernuaren aginduz galarazi zuten bitartean. Elebiduna zen, eta bere editore eta idazle Arana Goiri anaien ikuspegitik garaiko auzi politikoen berri ematen zuen. Bizkaitarra-k erlijioaren eta euskaldunen etsaiak gupidagabe erasotzen zituen, baina baita erabat erlijio-joerakoak eta foruzaleak ziren euskaldun batzuek ere, bizkaitarrismoak areriotzat zituenak: Donostiako Euskal Erria aldizkariarekin zuten harremanagatik euskalerriako zeritzonak; horietaz jardunak gara lehenago.

  • Euskalduna Baserritarra

Joera posibilistako nazionalistak, euskalerriakoak, 1896az geroztik Euskalduna astekariaren inguruan bildu ziren, 1909ra arte EAJren adar liberalaren bozeramaile gisa biziraun zuelarik.

Bizkaitarra bortxaz itxi eta urte eta erdira, Sabino Aranarekin batu zen Teofilo Guiard, elkarrekin Baserritarra ateratzeko. Astekari horrek, bere aurrekoaren oztopoak gainditzeko, joera aranistak ezkutatu zituen, eta foruzale euskalerriakoen aurrean neurritsuagoa agertu zen.

  • Euzkadi, La Patria, Patria eta Aberri

«Euzkadi» neologismoa, Aranak 1896an asmatua, behin betiko bermatu zen 1901ean, izen bereko aldizkaria agertu zenean. Hasiera batean zientziak, arte ederrak eta letrak zituen gai nagusiak, baina luze gabe eduki erabat politikoetara lerratu zen. Sabino Aranak berak, 1910era arte Euzkadi zuzendu zuenak, La Patria sortu zuen 1901ean, baina 1903an Patria izena hartuko zuen, eta 1906an Aberri.

  • Gipuzkoarra, Napartarra, Arabarra

Nazionalismoa Bizkaian baino beranduago sartu zen gainerako euskal probintzietan, eta, masa-mugimendua bihurtu aurretik, prentsa idatzia lehenetsi zuen jarduera-eremutarako. Alderdi sabindarraren lehen aldizkariak izan ziren: Gipuzkoarra (1907 eta 1913 bitartean), Napartarra (1911 eta 1918 bitartean), eta Arabarra.

  • Euzko Deya, Euzko Gastedija

Euzko Deya hilabetekaria, 1916tik EAJrena eta bigarren aldian (1921 1923) Euzko Gastedija-rena, euskal prentsaren historian sartu da; nolabaiteko garrantzia izan zuen eta erlijioaren eragin bakarra ez zuen euskara hutseko lehen aldizkaria izan zen.

  • ABERRI

Hogeiko hamarkadako nazionalismo erradikalaren zatiketari aberriano izena eman zitzaion, bere aldizkariaren izenburuari jarraiki. Aberri “Eusko Gaztediren organoa” izan zen, 1916tik eta 1920ra bitartean, eta EAJ Aberriren bozeramailea, 1921ean Comunión Nacionalista-k aipatu taldea egotzi zuenetik. Comunión ekoek beren ideiak Euzkadi-ren bitartez hedatzen zituztenez, 1923an nazionalista ortodoxoek Aberri egunkari bihurtu zuten. Primo de Riveraren estatu kolpearen ondotik, egunkari berria debekatu egin zuten. Komunion eta aberrikoek, 1930ean, «Bergarako besarkada» propioa eman zioten elkarri, Gipuzkoako herri horretan, Eusko Alderdi Jeltzale bakar batean bilduz.

  • Nacionalista, Acción Vasca, Tierra Vasca

Alabaina, beste zatiketa bat ere gertatu zen, talde ez konfesional eta apur bat ezkerreko batek alderdia uztean: Eusko Abertzale Ekintza (AEA)/Acción Nacionalista Vasca (ANV). AEAk bizitza laburreko bi astekaritan hedatu zituen bere ideiak, Nacionalista, Acción Vasca, Tierra Vasca egunkaria moldatu arte. Egunkari ona zen, joera progresista eta intelektualekoa, ez baztertzailea, «nazionalismoaren iritzi egurastu eta liberalena ordezkatzen zuena», Saiz Valdivielsoren esanetan.

Faxistek Bilbo hartu ondoren, Tierra Vasca Baionara aldatu zen, eta han, Juan Carlos Basterraren zuzendaritzapean, 16 zenbaki inprimatu ziren, 1946 eta 1947 bitartean. Egunkariaren lehen zuzendari izandako Jose Olivares Larrondo “Tellagorri”k Buenos Airesen ardura nagusia hartu zuen ostera, 1956an. Eusko Abertzale Ekintzaren organoaren 231 zenbaki argitaratu ziren erbestean, 1975eko irailera arte.

  • Gudari

Orobat, Eusko Alderdi Jeltzaleak Europan eta Amerikan barrena barreiatutako aldizkari bat mantendu zuen diktadurako berrogei urteetan: Gudari. Bilboko Eusko Gaztediren jardueren berri ematen hasi zen, 1936ko azaroan, eta 1937ko martxoan, Lauaxeta zuzendari zuela, «Euzko Gudaroztea ren astekari grafikoa» bihurtu zen. Gerraren bilakaerari buruzko berriak eskaintzen zituen, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Gudari-ren 67 zenbaki atera ziren Caracasen 1961 eta 1974 bitartean, Euzko Gaztedi/Resistencia Vasca ren eskutik. Zuzendariak izan ziren Alberto Elosegi eta, 1969az geroztik, Iñaki Anasagasti.

  • Lan Deya

Eusko Langileen Alkartasuna/Solidaridad de Trabajadores Vascos sindikatu kristau demokratak 1933ko abendutik 1937ko ekainean Euskadin Gerra amaitu zuen arte –urte horretako otsailean egunkari bilakatu zen– Lan Deya bere informazio sindikaleko organoari eustea erdietsi zuen, eta gerora ere inprimatzen jarraitzea lortu zuen, bai barne erresistentziaren barruan bai erbesteko edizioetan, Biarritz, Baiona eta Caracastik.

Enbata-tik Zutik-era

aldatu
  • Enbata

Hirurogeiko hamarkadaren hasieran, adiskide euskaltzaleen talde batek, hala nola Ximun Haran, Mitxel Labeguerie, Pierre Larzabal eta abarrek Enbata mugimendua sortu zuen, Europa batu baten baitan zazpi euskal herrialdeen federazioa, Frantzian euskal departamentu bat eta euskararen onarpena hizkuntza ofizialtzat bultzatzeko xedeaz. 1964an, Etxeberri Aintxart Enbatako hautagaia Baigorriko herrian zinegotzi hautatu zuten. Baina taldea erradikalizatu zelarik, Mitxel Labegueriek eta sektore oso batek Enbata utzi zuten, desadostasuna argudiatuz, «ez helburuen gainean, metodoen gainean baizik». Izan ere, nazionalista iraultzaileen aurrean jatorriko ideal kristau demokrata ahuldu egin zen. Enbata aldizkariak, 1961z geroztik argitaratzen zena, 1968an, ETAri zenbaki monografiko bat eskaini zion. Zenbait debeku-abisu jaso ondoren, 1974ko urtarrilean mugimendua legez kanpo utzi zuten, eta urtebete baino gehixeago igarota astekaria desagertu egin zen. Enbata gaur egun ere argitaratzen da, eta batik bat harpidetzaz banatzen da. Edukiaren %15 inguru euskaraz idatzia da.

  • Ekaitza

Baionako rue des Cordeliers berean Ekaitza izeneko beste astekari batek du egoitza. Informazio politikozko aldizkarien merkatuan Enbata ren lehiakiderik handiena da.

  • Zutik

Berrogeita hamarreko hamarkadan mugimendu iraultzaile modura antolatu ondoren, ETAk Zutik sortu zuen, erredakzioa erbesteko euskal nazionalismoaren hainbat gunetan –Bilbo, Caracas, Mexiko eta Argentina– izango zuen argitalpena. ETA V. eta ETA VI.aren arteko lehen zatiketa 1970ean gertatu zen, eta alderdi bakoitzak bere Zutik aldizkariari eutsi zion, norberak bere burua jatorrizko espirituaren zilegizko oinordekotzat harturik.

  • Hautsi

ETAren fronte kulturalak, 1972an, Hautsi hiruhilabetekaria sustatu zuen Donibane Lohitzunetik, eta 1975ean aldizkariaren ardura «polimiliek», V. Asanbladako ETA politiko militarrak hartu zuten. Hautsi k adierazi zuen, 1981ean amaitzen den azken aldi horretan, «Estatutua independentzia eta sozialismoaren aldeko urrats bat dela».

Euskal ezkerra

aldatu
  • Erri

Klandestinitateko urte gogorretan, Euskadiko Alderdi Komunistak, Errepublika garaian Erri aldizkari elebiduna argitaratu zuenak, ekintzarako ahalmen handia agertu zuen, eta ekintza horien artekoa zen liburuxka, paskin eta aldizkari ugariren argitalpena.

  • Euzkadi Obrera

Euzkadi Obrera ezkutu samarrean baina erregulartasunez atera zen. Aurrena hilabetekaria eta 1972az geroztik hamaboskaria, gaztelaniaz eta euskaraz idatzita zegoen, eta 1957 eta 1977 bitartean Bilbon zein Parisen inprimatu zen.

  • Azkatasuna, Hemen eta Orain

Azkatasuna (1969) hilabetekaria ere elebiduna zen, eta indar dezentekoa, 1973tik aurrera Hemen eta Orain teoriko, politiko eta kulturaleko aldizkaria modura.

  • Iraultza

Ezkerreko Komunisten Erakundea (EKE) Iraultza argitaratzen hasi zen, 1976an, aldian behingo argitalpenez. Euskadiko Mugimendu Komunistak (EMK) beregain hartu zuen aldizkaria, 1980an. Lehen zenbakiak aurrekari zuzena izan zuen Zer Egin? aldizkariaren hamargarren urteurrenaren inguruko kolaborazioak jasotzen zituen.

  • Kika

EMK-k eta LKI-k bat egin ostean, Hika jaio zen 1991n, formatu handiko hilabetekaria. Euskal Herriari nahiz nazioarteari buruzko gai politikoen gainean dihardu, eta kultur gaiei zein gastronomiari eskainitako atalak ere baditu. Bere ezaugarri nabarmenenak jarraipena, erregulartasuna, akabera formala eta testuen aniztasun eta kalitatea dira. Ez da argitalpenera mugatzen, eta aldian aldian hitzaldiak eta biltzarrak antolatzen ditu.

  • Hitz

Euskadiko Ezkerraren Hitz aldizkariak (1979-1984) borroka politikoari buruzko hausnarketa proposatzen zuen, euskal ezkerraren ikuspegitik. Aldizkariak uneoroko xeheki eta sakonean aztertzen zituen gai interesgarriak, NATO-n sartzea edo Abortuaren legea, kasu.

  • Hemendik

Hemendik argitalpenak 1992an hartu zuen txanda. Bere zikloa oso laster amaitu zen, Euskadiko Ezkerrak PSE EErekin bat egin ostean.

  • Herria Eginez

Herri Batasuna legez kanpo utzi zutenean, 2002ko martxoan, desagertu zen Herria Eginez, bederatzi urte iraun zuen hilabetekari elebiduna.

  • Ezpala

Ezpala-k bizialdi laburragoa izan zuen eta hamahiru zenbaki plazaratu zituen 1996 eta 1999 bitartean. Ezker abertzalearen aldizkaria zen, Donostian hiru hilean behin argitaratua, batik bat euskaraz, nahiz eta gaztelaniazko eta frantsesezko testuak ere eskaintzen ziren.

  • Garaia

Garaia berragertu zen 2001aren hasieran, bere bigarren aldian, «kontrainformazio eta formazio fronte bat sortzeko xedeaz, zure aberastasun kultural eta politikorako nahiz eguneroko bizitzaren borrokarako baliagarri izango zaizkizun kritika eraikitzaileekin, irakurleen iritziekin eta gaiekin». Euskaraz eta gaztelaniaz idatzia, komikiak, informazio-artikuluak eta historia biltzen ditu.

Informazio-aldizkariak

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Novedades, Vida Vasca, Azul y Blanco, Gran Vía, Lar, Euskal News Magazines, Punto y Hora, Berriak, Garaia, Ere, Argia, Zeruko Argia, Goiz Argi, Saski Naski, Eguna, Hemen, Zabalik eta Putz.

  • Novedades

Espainian argitaratutako lehen astekari grafikoa Novedades, “Revista Semanal Ilustrada” izan zen, Rafael Pikabeak Donostian argitaratua, 1909 eta 1916 bitartean. Bigarren aldi batean Bilbora aldatu zen, hogeiko hamarkadaren amaieran.

  • Vida Vasca

Hermes kalitateko literatur aldizkariaren eredu den bezala, Vida Vasca gai anitzekiko aldizkari grafikoaren eredu da. Lehen aldiz Bilbon argitaratu zen, 1924an, baina Gerra Zibilaren ondorioz erredakzioa eta zuzendaritza Gasteizera aldatu ziren. Heliodoro Gonzalez ideologia monarkiko eta liberaleko editoreak argitalpenaren estiloan bere arrastoa utzi zuen. Aldizkari koloreanitza eta tradizionala zen edukietan, publizitate ugarikoa, estetikoki erakargarria.

“Revista Regional Española (Turismo de las Provincias Vascongadas y Navarra)” azpititulua zeraman aldizkarian guztia eta ia guztiak kabitzen ziren. Gai anitzekiko aldizkaria, orrialde bat informatiboa, hurrengoan zezenei buruzkoa, poetikoa segidan eta ia beti artistikoa, Jose Arrue eta Hombrados Oñatibia irudigileen lanari esker. Urtean behin argitaratzen zen, eta banaketa bikaina zuen, doanekoa, hiriko gizarte bizitza pil pilean zegoen leku orotan. Argitalpenak 1981era arte iraun zuen.

  • Azul y Blanco eta Gran Vía

Informazio argitalpenen eta argitalpen orokorren azaleko errepasatze honetan aipatu beharrekoa da Azul y Blanco, 1907 eta 1912 bitartean Bilboko burgesiak estimazio handiz irakurtzen zuen hilabetekari ilustratua. Asmo berbera zuen 1956 eta 1960 bitartean atera zen informazio grafikoko Gran Vía astekariak ere.

  • Lar

Donostian, Jose Migel Azaolak –Egan literatur aldizkariko editore gisa aipatu dugu jada– Lar, “Revista para la familia” bultzatu zuen berrogeiko hamarkadan, eta hogei hilabeteko bizialdia izan zuen.

  • EUSKAL NEWS MAGAZINES

Francoren erregimena amaitzean, prentsaren mundua erabat aldatu zen. Errealitatea pertzepzio ezberdinez eta jarrera kritikoz interpretatzen zuten komunikabide berriak agertu ziren, muturreko eskuin espainiarrak 1939az geroztik zuen monopolioa urratuz. Itolarri luze eta mingarri bat leuntzeko ihesbide moduan, Euskadin, 1976 eta 1979 bitartean, informazio orokorreko lau astekari (news magazines) eta bi egunkari jaio ziren. Segidan aipatu astekariak izango ditugu hizpide.

  • Punto y Hora

Punto y Hora de Euskal Herria 1976ko apirilean sortu zen, Le Monde-ren antzera erredaktoreen elkarte gisa antolaturik, «askatasun osoa lortzeko ahaleginean, zeinaren baitan kazetariek irizpide propioak jarraitzen baitzituzten, elkarrizketa sakonak, analisia eta eztabaidak eskainiz». Bigarren zenbakian «scoop» grafiko bat (lehen berria) erdietsi zuen, urte horretako Montejurra karlistako istiluekin. Pistola zeraman «gabardinako gizonaren» argazkiak mundu osoan barrena hedatu ziren. Aldizkaria Egin egunkariaren editore zen Hernaniko Orain S.A.k erosi zuen, 1980an. Hamar urte geroago desagertu zen.

  • Berriak

«Euskal Prentsaren Urtea» adierazpena egin zen urte berean, 1976an, heldu zen kioskoetara Berriak, “Semanario vasco de información”-en lehen zenbakia. Sustatzaileak kazetaritzaren hamar profesional izan ziren, eta ehun pertsonak baino gehiagok mantendu zuten ekonomikoki. Berriak Euskal Herrian «talde-kazetaritzaren» lehen esperientzia izan zen. Urte bereko abenduaren 9an 16. zenbakia, azkena, atera zen.

  • Garaia

Izenarekin jolasean, Garaia astekariak bere lehen zenbakiaren azalean hitz-joko bat egin zuen, «Bazen/Bada Garaia», eta bere burua «herriak behar duen astekaria egiteko prest dagoen euskaldunen talde bat» definitu zuen. Donostian 1976 eta 1977an argitaratutako astekariak hainbat gai jorratzen zituen, hala nola kronika politiko eta sindikala, tribuna irekia, euskal kultur bizitza, nazioarteko informazioa, emakumeen gaiekiko orrialde bat, eta Estatuko gainerako nazionalitateei buruzko atal bereziak.

  • Ere

Estatutuaren gaineko erreferendumaren kanpaina betean, 1979ko irailean, jaio zen Ere, Donostiako beste astekari bat. Bere aurkezpenean iragartzen zuenez, «gure ideiak agertzea alferrikakoa iruditzen zaigu: gure egintzengatik, gure hitz idatziengatik, ezagutuko gaituzue. Aurretiaz onberak izan zaitezte». Ere bi urte geroago itxi zen, eta, bere esperientziari begira, Euskal Herriko informazio orokorreko aldizkariei patu beltza iragartzen zien: «Astean behingo argitalpena egunerokotasunaren erritmoak berak gainezkatzen du, batak bestea gainezkatzen duen gertakarien gurpil biziki bizkorra, bakoitza, bere horretan, ikusgarria gerta daitekeen arren».

Euskarazko aldizkariak

aldatu
  • Argia
 
Argia.

Argia merkatura itzuli zen 1980ko urrian. Osoki euskaraz argitaratutako astekariak 1919an zuen jatorria, urte horretan aita kaputxinoek Zeruko Argia sortu zutelarik. Aldizkaria 1936 eta 1953 bitartean galarazia, eta ostera 1961 eta 1962 bitartean, hamarkada hartan euskaltzaleen erreferentziako aldizkari bilakatu zen. Zeruko Argia, 1976an, informazio orokorreko astekari bihurtu zen.

Azken krisiaren kariaz, 1979an, erlijio-elkarteak proiektua utzi zuen, ordurako esku hartze eskasa baitzuen, eta horrela birjaio zen Argia, formatu modernoaz, egitura profesionalaz eta albiste politikoen presentzia handiagoaz. Gaur egun, Argia-k irakurle kopuru egonkorraz dirau, eta webgune aski interesgarria du, bere fondo editoriala barne hartzen duena. Kontsultak egiteko:

www.argia.com

  • Goiz Argi

Hedapen herrikoi handi samarraz eta aurkezpen xumeaz, baina eduki politiko garbi eta originalak agertuz, Goiz Argi “Burujabetzaren alde” aldizkaria eztabaida politiko eta kulturalen muinean egon zen, batik bat 70eko eta 80ko hamarkadetan. Gaur Interneten bizirik dirau, helbide honetan: www.goizargi.com

  • Saski Naski

Saski Naski hilabetekari zen 1980an jaio zenean, baina zenbait urte geroago, 1999ko azaroan, arazo ekonomikoak medio, tirada urteko laura murriztea erabaki zuen. Euskaraz argitaratua, Donostian, euskal munduaren inguruko gaiak lehenesten zituen.

Kanpaina bat antolatu zuten 1980ko urte horretan euskarazko bost aldizkari nagusiek, hala nola Argia, Anaitasuna, Jakin, Saski Naski eta Herriak, «Euskal prentsarik gabe ez dago Euskal Herririk» ikurrizpean. Elebakartasuna bultzatzeaz gain, helburua aldizkari bakoitzerako lau mila harpide lortzea zen. Helburu handinahiegia zen, gero egiaztatuko zenez. Euskarazko kazetaritzak behera egin zuen nabarmen, eta zulotik ateratzeko urteak behar izan zituen.

  • Eguna eta Hemen

Laurogeiko hamarkadaren amaieran, Eusko Jaurlaritzak bi astekari sortzeko lehiaketa publikoa iragarri zuen: Iparragirrek, Deia-ren editoreak, Eguna jarri zuen merkatuan, eta Orain-ek, Egin zeraman enpresak, berriz, Hemen. Lehenak 2.500 ale inguru saltzen zituen, eta Hemen-ek 3.500. Aurreikuspenek bakoitzari astero 10.000 aleko salmentak ematen zizkietelarik, hilabete gutxiren buruan laguntza publikoa kendu zitzaien, eta biak desagertu egin ziren.

  • Zabalik

Grupo Correo k atera zuen 2000ko azaroaren 27an Zabalik, Nerea Azurmendi kazetariak zuzendutako euskarazko astekari bat. 88 orrialde eta 20.000 aleko tiradarekin abiatu zen, eta euskal kultur eremu osoan barrena hedatu zen.

  • Putz

Merkatura heldutako azkenetako aldizkaria Putz bihilabetekaria da. Apokaliftin Elkarteak, Donostian kulturaren munduari bizitasun apur bat emateko sortua, abiarazi zuen. Erakargarria da, diseinuagatik eta argazkiak eta beste zenbait osagai grafiko baliatzen dituelako, eta elkarrizketak, bidaiak, gastronomia, sexologia eta aisia eskaintzen ditu, gaurkotasun politikoa duten gaiez gain.

Bidaia, natura, turismoa, aisia

aldatu

Turismoa gure herri eta hirientzat industria probetxugarri bat bezala estimatzen hasi zenean, bisitariak erakarri eta horiei informazioa emateko argitalpenak jaio ziren. Horrela sortu ziren San Sebastián urtekari ilustratua, 1931tik 1969ra argitaratu zena; Zarauz playa de moda eta haren segidako Zarauz, Reina de las playas; edo, hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadan, Vizcaya turística, bakar batzuk aipatzearren.

Garaiak aldatu egiten dira, irakurleen nahiak aldatzen diren bezala, baina garbi dago gaur egun handia dela turismoari, txangozaletasunari eta bidaiei buruzko aldizkarien eskaria. Nahikoa da edozein kioskora hurbiltzea, denbora pasa horien gaineko eskaria izugarria dela egiaztatzeko.

Toulousetik, Milan Presse argitaletxeak Pays Basque Magazine ateratzen du hiru hilean behin. Euskal Herri beti eguzkitsu eta berde batean, aisialdiaz gozatzeko ezin konta ahala gomendio eta proposamen egiten dira. Ale bakoitzak hiri, bide, paisaia eta ibilbide jakinetako dossier handi bat eskaintzen du.

Euskal Herria, “Montaña, cultura, naturaleza, viajes” 2002aren amaieran sortu zen. Hasierako zenbakietan gaiak senderismoa eta bide berdeak, euskal hiriak, mendi garrantzitsuenak eta kostaldea dituzten orrialde bereziak paratu zituen. Hori guztia, asmo garbi batekin: «ongi pasaraztea, harriaraztea, sakontzea, gure bazterrik kutunenak ezagutzea, gure bizimoldeak erakustea, etorkizunari ilusioz begiratzea». Ongi idatzia eta bikain aurkeztua, Euskal Herria Sua-ren produktua da, tankera horretako argitalpenetan espezializatutako argitaletxearena, alegia, mendia, natura eta kulturari buruzko El Mundo de los Pirineos sustatzen baitu, halaber. Argitalpen-mota horretan ohikoa denez, mendiko ibilbideak erakusten ditu, koloretako argazki handiekin.

Azkenik, Iparraldean La Semaine du Pays Basque dute, argitalpen berritzaile, kultural eta freskoa. Frantsesez idazten da, noizean behin euskaraz idatzitako artikuluren bat izan ezik, eta ostiralero apaletara heltzen da, eduki asko samar eta irakurlego nahikoa anitzari irekia. Aldizkariak bostehun aste baino gehiago egin ditu.

Erlijio-aldikariak

aldatu

Joan Agirre Sorondo

EUSKAL HERRIAN, erlijiozko prentsak eragin handia izan du, produkzioa bezain sendoa. Ordena erlijioso, erlijio-eskola, -institutu eta -zentroen babesean argitaratutako aldizkariak banan-banan aipatzea ia ezinezkoa litzateke. Beraz, hemen horietako batzuk baino ez ditugu aipatuko, eta aurreko ataletan aipatu aldizkariei gaineratu beharko zaizkie.

  • Mensajero

Aspaldikoa zelako eta euskal etxeetan harrera handia zuelako, Mensajero, “Revista popular, familiar, cristiana” aparteko kasua da Euskal Herriko aldizkako argitalpenen historian. Deustuko jesulagunen El Mensajero del Corazón de Jesús aldizkaria Bilbon hasi zen inprimatzen, 1883. urtean. Mensajero argitaletxe garrantzitsua jaio zen, 1915ean. Berrogeita hamar orrialdetan, hilero –abuztuan izan ezik– gaurkotasuneko gaiak –ez erlijioari buruzkoak soilik– lantzen ditu. Mende erdiz baino gehiagoan (1910 1961), El Mensajerok denbora pasako gehigarri bat zuen, De bromas y de veras, «irakurketa serio nahiz alaiekin» hilabetekaria, eta berrogeiko hamarkadan Favores del Hermano Gárate izenekoa gehitu zuen.

  • La Avalancha

Bizitza luzeko beste aparteko kasu bat La Avalancha aldizkariarena da. Hamaboskari ilustratua, Biblioteca Católica Propagandista integristak 1895az geroztik argitaratzen zuen, Iruñean. Arazo ekonomikoek behartuta, 1950ean desagertu zenean, La Avalancha 1.312 zenbakira heldua zen.

  • Aranzazu

Aranzazu harpidetzak familiaren bitartez eta belaunaldietan barrena berritzen dituen erlijiozko aldizkari horietako bat da. Arantzazuko frantziskotarrek idazten dute, Oñatin, 1921az geroztik, eta gaztelaniaz nahiz euskaraz. Azken aldian euskal elizaren eta mundu osoan barreiatutako misiolarien egoerari buruzko informazioa, pertsonaia ospetsuen gaineko berri laburrak, gaurkotasuneko kronikak eta iruzkinak, Andre Mariaren kontakizunak, eta Estatu espainiarrean burutzen diren erlijio mailako ekitaldien berri ematen du.

  • Anaitasuna

Anaitasuna aldizkaria, Tolosako Aita Frantziskotarrek 1953an sortua, beste nonbait aipatu dugu jada. Aldizkakoa, «hirugarrendarren maisua» erlijioari buruzko gaien euskarazko argitalpen bat zen, zenbait literatur kolaborazio zituena, han hasi zen Bernardo Atxaga delako bat.

Diaz Noci irakasleak dioenez, «euskal komunikabide guztietatik, akaso Anaitasuna aldizkaria izan zen 60ko hamarkadaren amaieran, euskararen aldaera batua egin berritan, hura erabiltzea erabaki zuen lehena. Euskara batuan idatzitako lehen testuak 1970ean agertu ziren Anaitasuna-n, eta hori arrisku bat eta aurrerapauso bat zen aldi berean, Xabier Kintana eta Gabriel Arestiren lanak ezagutzera eman zituzten, eta, gainera, ortografia berria, aski eztabaidatua, itsumustuan onartu zuten».

Ildoa aldatu zuen 1976an, eta aski politikoa bihurtu zen. Zuzendaritza Juan Mari Torrealdaik hartu zuen eta, hurrengo urtean, fundatzaileek aldizkaria langileen enpresa batzordearen esku utzi zuten. Beren burua abertzale eta sozialista bezala definitzen zuten. Argitaratzeari utzi zion 1983an, eta kazetarien zati handi bat Argia-n txertatu zen.

  • Karmel

Oraino argitaratzen dena Karmel da, Larreako karmeldarren formatu txikiko euskarazko aldizkaria. Karmen’go Argia izenez hasi zen, 1931n. Hamabost urteko etenaren ostean, 1951n Karmel izenarekin atera zen. Aita Onaindiak zuzendutako gehigarri poetiko bat, Olerti, argitaratzen zuen 1959 eta 1969 bitartean, hiru hilean behin. Gaur egun, Karmel-ek gaurkotasuneko kultura, gizarte eta elizako gaiak zein iritzi artikuluak eskainiz jarraitzen du.

  • Iratzar!

Iratzar! (1976/78). Euskal Erlijiosoen aldizkaria. Lazkaoko aita beneditarrek euskaraz argitaratutako urtekaria da.

  • Herria 2000 Eliza

«Kristau-elkarteen eta bere burua eliz herrikoia deritzonari lotua sentitu duen pertsona ororen adierazpide eta topaleku izateko» xedeaz jaio zen 1978an Herria 2000 Eliza, Euskadiko Kristauen Asanbladaren ekimen politiko eta erlijiozkoa. Honen orrialdeetan euskal gizartean planteatzen diren gai nagusiak aztertzen dira, gizartea eraldatzeko ikuspegi batetik.

  • Jaunaren Deia

Erlijioa aztergai duten aldizkarien artean, Jaunaren Deia teologiko eta pastoralena da, pentsamolde zabal batekin. Euskaraz egindako erlijiozko hausnarketaren eta erlijio-hizkuntza bat moldatzearen eredu da.

  • Egutegi-sortak

Argitalpen multzo bat badago, ezinbestean urtekaria izan behar duena: egutegi-sortak. Data bakoitzeko orri bat daukate, egunero kentzen dena.

Arantzazu-koa eta Jesusen Bihotza-rena ezagunak dira, eta lehen orain baino gehiago. Aldizkako erlijiozko argitalpenen barruan sartzen baditugu, edukiek urtea donesten dutelako eta egutegien filosofiak denboraren erabileraren zentzu moral bat gordetzen duelako da.

  • DONEJAKUE BIDEA

- Donejakuetar jarduerak. Gipuzkoako Santiago Bideen Adiskideen Elkarteko Aldizkaria / Actividades Jacobeas. Boletín de la Asociación de Amigos de los Caminos de Santiago en Gipuzkoa.

- Bourdon (Bulletin de liaison des Associations Régionale et Départementales des Amis de Saint Jacques en Aquitaine)

- Codex. Arabako Santiago Bideen Adiskideen Elkarteko Aldizkaria / Boletín de la Asociación de los Amigos del Camino de Santiago de Álava.

- Donejakuetar postetxea. Nafarroako Santiago Bideen Adiskideen Elkarteko Bihilabetekaria/Boletín bimensual de la Asociación de Amigos del Camino de Santiago en Navarra.

Kirol-aldizkariak

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Excelsior-Excelsius, Pyrenaica, Marca, Kirol-gehigarriak, Club, Mutxo, Pilotari

Hastapenak

aldatu

Kirol prentsaren hastapenak honako argitalpen hauetan daude: Sport Vasco (Bartzelona, 1911), Los Deportes, “Revista Ilustrada de Sport” (Bilbo, 1915), Sportsman astekaria (Bilbo, 1923), Guipúzcoa deportiva y aristocratica, “Revista Ilustrada de Deportes, Turismo y Gran Mundo” urtekaria (Donostia, 1926).

  • Excelsior, Excelsius

Kiroletako lehen euskal egunkaria Excelsior izan zen (Bilbo, 1924). Jabier Gortazarrek argitaratu eta Jazinto Mikelarena kazetari bizkaitarrak zuzendua, egunero 20.000 ale saltzen zituen. Nazionalismoaren barne borroken ondorioz, jabetza aldatu zuen 1931n eta Excelsius bilakatu zen. Gerra Zibilaren etorrerarekin desagertu zen.

  • Pyrenaica

Pyrenaica. Euskal Mendizaleen Federazioaren hiruhilabetekaria, 1926az geroztik Bilbon eta orain Tolosan ateratzen dena. Mendiaz interesatutako irakurleei zuzendua, senderismoari eta eskaladari buruzko erreportajeak, xeheki markatutako ibilbideak, aisialdirako proposamen ezberdinak eta informazio orokorra eskaintzen ditu, argazki eta mapa ugariz lagunduta.

  • Marca

Prentsa espainiarrean gehien saltzen den egunkaria, Marca, Donostian jario zen 1938an, Gerra Zibil betean, «Kirolen Astekari Grafiko» moduan. Madrilera aldatu zen 48 zenbaki atera ondoren, 1939ko abenduan, eta Mugimenduaren Kateko eguneroko prentsaren barruan sartu zen.

  • Mundo Deportivo

Ibilbide luzeko kirol egunkari bat da, eta egunero Euskal Herriko edizio bat ateratzen du.

Kirol gehigarriak

Estatuko lehen egunkari falangistak, Iruñeko Arriba España-k, kiroletako astekari bat atera zuen 1945az geroztik: Stadium.

  • Sprint, “Semanario Deportivo Vasco Navarro” (Madril, 1952).
  • Meta, “Semanario Gráfico de los Deportes” (Bilbo, 1952 1953).
  • El País Vasco Deportivo, “Revista Anual Ilustrada” (Donostia, 1954).
  • Frontón, “Revista Informativa de la Pelota” (Iruñea, 1968).
  • Norte Deportivo (Iruñea, 1968).
  • Estadio, bi astean behingoa (Bilbo, 1969 1970).
  • Pilota, “Revue de la Federation Française de Pelote Basque”, bihilabetekaria (Baiona, 1970).
  • Kirolak, “Revista Deportiva del País Vasco” (Donostia, 1972 1975).
“Revista de Información Deportiva” (Bilbo, 1971).
  • Club

Euskadi eta Nafarroako Automobil Klubak 1987az geroztik, Club hilabetekaria argitaratzen du bere bazkideentzat. Automobilaren erabiltzaileentzat gai interesgarriak jorratzen ditu, eta azken nobedadeen berriak, bidaietako erreportajeak eta elkarrizketak eskaintzen ditu.

  • Mutxo

Mutxo. Pilota aldizkaria, ez oso lodia baina kirol horretaz bakarrik arduratzen dena, bere aldaera ezberdinetan: esku pilota, erremontea eta zesta punta, eta Europa zein Amerikako pilota jarduerak.

  • Pilotari

Euskal Herriko Pilota Federazioak Pilotari argitaratzen zuen Oñatin (1990). Bigarren aldi batean, 1994az geroztik, tabloide formatuan eta aldizkari tankerako paperez agertzen zen. Gerora formatua murriztu egin zen, eta kolorea sartu, beti ere kalitateari eutsiz.

Satirikoak, umorezkoak, komikia

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Comictiva, El Chimbo, El Danzarín, El Mentirón, El Ruido, Euskadi Sioux, Hordago, Ipurbeltz, Kili-kili, La Ametralladora, La Trinchera, Napartheid, TMEO.

Isabel II.ak, 1868ko iraultzaren ondoren, tronua galdu zuenetik 1876ko Errestauraziora bitarteko aldi horretan, satira politikoa irakinaldi betean zegoen. Aldizkariak eta egunkariak sortu ziren edonon, oro har bizialdi laburrekoak, eta garaiko politikarekin umorea eta burgesia berriaren usadioekin satira egiten zuten.

  • El Mentirón

Gure artean, Tertulia Vitoriana ko adiskideek grina bereziz heldu zioten kazetaritza trufariaren generoari. Ricardo Becerro de Bengoak 1868-1869 biurtekoan, El Mentirón sortu, zuzendu eta moldatu zuen.

  • El Danzarín

Esperientzia hura errepikatu egin zuen, Fermin Herranekin batera, El Danzarín, “Chismografía dominguera” argitalpenean.

  • El Chimbo

Bigarren Karlistada amaitu berritan, 1876ko abuztuan, Anselmo Guinea apartak umore bilbotarreko astekari bat sortu zuen: El Chimbo. Azpitituluan iragartzen zuen: «Astero hegaldatuko da, edo egoki irizten dionean».

  • El Ruido

Bilbotik atera gabe, hamar urte baino gehiago (1900-1911) iraun zuen –datu nahikoa harrigarria, prentsa-mota hori, esan denez, iraupen laburrekoa izan ohi baitzen– astekari satiriko bat bazen: El Ruido, “Petardo dominguero con mucha sal y salero”.

  • La Trinchera, La Ametralladora

Donostian, Gerra Zibil betean, Migel Mihura komediagileak La Trinchera zuzendu zuen, gerora La Ametralladora “El semanario de los soldados” izenekoa. Aldizkariak frogatu zuen gerra egoeran ere umorea, eta kalitatekoa, egin daitekeela. Aldizkaria zenbait hamarkadaz diktadorearen agindupekoei arnas apur bat eman zien La Cordoniz mitikoaren aitzindari zuzena izan zen. La Ametralladora-ko kolaboratzaile izan ziren Tono, Edgar Neville, Alvaro de la Iglesia edo Enrique Jardiel Poncela aparta.

  • Hordago!

Gerraostean broma eta alaitasun gutxi zegoen arren, Marc Legasse idazlearen Gastibeltzako karabinak ahaztezinaren egilearen adimen nekaezinetik aldizkari satiriko politiko bat atera zen Donibane Lohitzunen, 1946an: Hordago! “Bulletin des Muslari consacré aux touristes, Kaskoinak, Beharri motzak et Zazous”.

  • Euskadi Sioux

Kioskoak astindu zituen ezohiko paper baten agerpenak, 1979ko otsailaren 1ean. Azalari berari anarkismoaren usain nahastezina zerion, eta izenburua trazu handiz ageri zen: Euskadi Sioux. Ziur asko Trantsizio garaiko aldizkaririk ausartena, «bere eite grafiko eta estilografikoagatik», eguneko gai politiko eta kulturalak umorez eta ozartasunez jorratzen zituen, neurrigabekerian jausi gabe. Aldizkariaren tonu orokorrak, ordea, ez zuen beste\zenbait gairen tratamendu serioa eragozten. Argitalpena Antxon Olariaga eta Juan Carlos Eguilleor marrazkilariek egiten zuten, eta erredakzioan Rafael Castellano “Falete” eta Garikoitz Zabala zeuden; lehen zenbakian iragarri zuten moduan «iraun behar zuena iraungo zuela» oso gutxi iraun zuen.

Duela urte batzuk Euskadi Sioux-i buruz Bilbon egindako erakusketa baten kariaz, Juan Carlos Eguilleorrek adierazi zuen: «Herri honetan, oraindik ere osatu gabea den nolabaiteko postmodernitateaz hitz egin badaiteke, edo ez, uste dut Euskadi Sioux-ek, horretarako asmorik gabe, ekarpenik egin zuela, anitza eta mestizoa bultzatzen zituen heinean, itxia eta dogmatikoaren aurrean».

Euskadi Sioux osoa sarean dago: www.euskadisioux.org

Haurrentzako komikia

aldatu
  • Kili kili

Kili kili haurrentzako aldizkarien aitzindaria da, 1966an jaio zelarik. Jose Antonio Retolazaren ardurapean, Bizkaitik Euskal Herri osora hedatzen da. Bere helburua eskolako haurrei euskarazko magazin bat eskaintzea izan da. Askotariko edukiak ditu, hala nola komiki zerrendak, txisteak biñetetan, kirol edo kulturako berri hautatuak, lehiaketak, eta hizkuntza irakasteko atal txikiak.

  • Ipurbeltz

Euskal Herriko komikirik zaharrena Ipurbeltz da. Julen Lizundia, Anjel Lertxundi, Antton Olariaga eta Jon Zabaletaren ekimenez 1977an aldizkari didaktiko moduan sortua, komiki tradizional bat bezala hasi zen, baina gerora haurren partaidetza bultzatu zuen, ipuinak argitaratuz. Hilabetekari honen bertuterik onena irakurle multzo handi bati zabalik egotearena da. Erein ek argitaratzen du.

Helduentzako komikiak

aldatu
  • TMEO

TMEOk, 1987az geroztik, barregarri eta adeigabeak bizitza modernoaren gertakari guztiak txantxetan hartzen ditu, Euskal Herrian nahiz mundu osoan zehar. Urte batzuk lehenago Gasteizen argitaratutako Hamelin fanzinearen oinordekoa, TMEO bi hilabetean behin ateratzen da, besteak beste, Mauro Entrialgo –Herminio Bolaextra eta Ángel Sefija ren sortzailea–, Alvarez Rabo eta Mikel Valverde eta beste egile ospetsuen lanekin.

  • Napartheid

Napartheid 1988an sortu zen, euskaraz eta Nafarroatik, erresuma zaharreko kaskarkeria, itxurakeria eta kontserbadorismoa irrigarri aurkezteko. Aldizkariak arrakasta handia izan zuelarik, Euskal Herri osoan zehar agudo hedatu zen, eta «Napartheid» etiketako produktuak ugaritu egin ziren. Kantitatea eta kalitatea, eskatologiarako joera eutsiezinak gorabehera.

  • Comictiva

Bilboko COMICtiva argitarapen proiektu interesgarri bat izan zen, eta handik atera zen Euskal Herriko Komiki Sortzaileen lehen Elkartea. COMICtiva fanzine moduan agertu zen, 1994an, Bilboko Udalaren diru-laguntzari esker, baina laguntzak ez zuen askorik iraun. Jendea gogaitzen jarraitu ahal izateko, Natxo Allende, Borja Crespo, Alex de la Iglesia eta enparauek merkatuan tarte bat aurkitzeko modua egin zuten, publizitatea txertatuz eta banaketako sare on bat ezarriz. COMICtiva komunikabide nazional handietara heldu ziren zenbait marrazkilariren lorbidea izan zen.

Tokiko prentsa

aldatu

Joan Agirre Sorondo

Prentsaren munduan, azken urteotako gertakari deigarrienetako bat udalek edo herrietako gizarte edo kultur taldeek argitaraturik tokiko aldizkarien eztanda izugarria izan da. Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldera bildutako datuek diotenez, aleko irakurketa maila 2,5 irakurlerena da; horren arabera, gure herrian 600.000 pertsona inguruk irakurtzen dute aldizkari mota hori.

Kultur gertakari garrantzitsu bat

aldatu

Prentsaren munduan, azken urteotako gertakari deigarrienetako bat udalek edo herrietako gizarte edo kultur taldeek argitaratutako tokiko aldizkarien eztanda izugarria izan da. Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldera bildutako datuek diotenez, aleko irakurketa maila 2,5 irakurlerena da; horren arabera, gure herrian 600.000 pertsona inguruk irakurtzen dute aldizkari mota hori.

Aldizkari gehienak elebidunak dira, euskara gaztelania, baina elebakarren kopurua handitzen ari da. Azken horiek ditu aztergai Joxemari Muxikak, Eusko Ikaskuntzaren Mediatika. Komunikabideen Koadernoa-ren 9. zenbakian argitaratutako ikerlan batean.

Euskarazko prentsaren bizitasun handiaren adierazgarri, 1960 eta 1999 bitartean 237 aldizkari argitara eman dira, eta horietatik 179k bizirik diraute.

Eskuarki, euskal tokiko aldizkariak astekari edo hamaboskariak dira, A4 formatukoak, doan banatzen dira, eta diru-laguntza publikoez finantzatzen dira, publizitatearen diru sarrera osagarriarekin.

  • Eibar aldizkaria

Aldizkari zaharrenetako bat, eta oraindik argitaratzen dena, Eibar, “Revista de un pueblo” da, berrogeita hamarreko hamarkadan Pedro Celaya apaiz dinamikoaren ekimenez sortua.

Hasieratik, euskarak leku nabarmena izan du. Gaurkotasuneko berriak ematen zituen, herriaren argazki memoria, pasadizo herrikoiak eta gertakarien historia nahiz herriko seme eredugarrien istorioak berreskuratzen zituen. Gerora, edukien formula hori ohikoa izan zen herriko aldizkarietan.

  • Arrasate Press

Euskarazko lehen aldizkari tokikotzat hartutakoa jaio zen 1993an, Arrasate Press, doaneko astekari bat, egunkarien formatu eta paperean egina.

  • Federazio bat

Hamarkada horretan berrogeita hamar inguru izan dira Arrasateko aldizkariak hasitako ibilbideari lotu zaizkionak, eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa sortu da. Federazioak Euskal Herriko 36 aldizkari biltzen ditu, hilean guztira 160.000 aleko zabalkundea dutenak; aldizkariak bidalketa pertsonalizatuaz banatzen dira.

Aldizkarien erdia baino gehiago, eta baita irakurleak ere, Gipuzkoan bizi dira. Finantzaketa diru-laguntzen eta publizitateko diru sarreren –aldizkari bakoitzak bere espazioaren herena publizitatea txertatzeko gordetzen du– bitartez lortzen da. Aipatu federazioaren datuen arabera, aldizkari horien tirada orokorra 100.000 ale ingurukoa da, eta irakurle kopurua, berriz, 300.000 ingurukoa. Kopuru horiek neurriz gainekoak balira ere, bistakoa da aldizkari tokikoak gertakari garrantzitsu samarra direla euskal kulturaren jardueraren barruan.